Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6535

AGINDUA, 2010eko abenduaren 15ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena; 2010-2011 ikasturteko Abelino Barriola sarirako dei egiten duena.

Hezkuntzaren eginkizun nagusietakoa izan ohi da, jakina denez, eskola-umeen irakurmena landu eta testu idatziak ahoz adierazten erakustea.

Hizkuntzaren ahozko adierazmena bat-bateko mintzamenez mamitzen da nagusiki. Hala ere, garrantzitsua da gaztejendeak behar den erraztasunez, ebakera zuzenez eta doinuera egokiz irakurtzen jakitea.

Behar hori are nabarmenagoa da jendaurreko erabilera-eredu zuzenak aski mugatuak dituzten eremu urriko hizkuntzen kasuan: hor sartzen da, bete-betean sartu ere, euskararen egoera.

Belaunaldi berriek euskaraz egiten ondo jakingo badute, boz goran prestu irakurtzen jakin beharko dute, besteak beste. Eta ondo irakurtzen, bistan denez, eskolan ikasi beharko dute nagusiki.

Irakasleen zeregina eta eragimena funtsezkoa da alor honetan: garrantzi handia du, alegia, irakasleak umeen irakurmen-lanketari zenbateko atentzioa eskaintzen dion eta zer-nolako irakaspidez baliatzen den.

Euskara jendaurreko komunikabideetara (irrati-telebistak, megafoniazko azalpenak e.a.) zabaltzen ari den honetan, bestalde, aski nabarmen agertzen ari da euskal belaunaldi berrien boz gorako irakurmena asko hobetu daitekeela. Hobekuntza-bideak huts-hutsik eskolaren esku ezin utz badaitezke ere, eragile nagusi eta garrantzitsua izan daiteke berau.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, behar honetaz jabeturik, xede hori lortzen lagunduko duten baliabideak indartu nahi ditu.

Honen haritik,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- 2010-2011 ikasturteko Abelino Barriola sarirako deia onartzea, agindu honen eranskinean zehazten diren oinarri-arauen arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011 urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotearen edo ez egotearen mende geratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Oinarri-arauek jardunbide kontuan begiz jo gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.

Bigarrena.- Interesatuak deialdia eta oinarri-arauak inpugnatu ahal izango ditu, bai eta horien ondorioz Administrazioak egin ditzan egintza oro ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioko Legean ezarritako epean eta eran.

Hirugarrena.- Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hurrengoan sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 15a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA

OINARRI-ARAUAK

1.- 2010-2011 ikasturteko Abelino Barriola irakurmen eta deklamazio-lehiaketa jakinarazten da. Deialdi honen zenbatekoak ezin izango du 77.000 euroko kopurua gainditu.

2.- Helburu bi ditu Abelino Barriola sari-lehiaketak:

Euskaraz irakurtze eta deklamatze kontuan emaitza hoberena lortzen duten ikasgelei berariazko saria eskaintzea.

Deialdiaren helburu diren emaitzak lortzeko ahalegin berezia egin eta saria irabazten duten taldeen irakasle arduradunei berariazko saria eskaintzea.

3.- Lehiaketa honetan 2010-2011 ikasturtean hurrengo atalean zehazten diren mailetako ikasgelek parte hartu ahal izango dute.

Ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuaren 50. artikuluko 5. artikulua aldatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera jarritako auziren batean sartuta dabiltzanek. Horren ondorioz, diru-laguntza eskatu nahi dutenek zinpeko aitormena aurkeztu beharko dute, artikulu horretako inolako auzitan sarturik ez daudela ziurtatuz.

4.- Eskola-umeen maila eta eredu desberdinak kontuan izanik, zazpi multzotan banatuko dira Abelino Barriola sari-lehiaketara aurkez daitezkeen ikasgelak:

A eredua LMHko 5. eta 6. maila Sari 1

A eredua DBHko 1. eta 2. maila Sari 1

B eredua LMHko 5. eta 6. maila Sari 1

B eredua DBHko 1. eta 2. maila Sari 1

D eredua LMHko 3. eta 4. maila Sari 1

D eredua LMHko 5. eta 6. maila Sari 1

D eredua DBHko 1. eta 2. maila Sari 1

Lehia multzo horietako bakoitzean jokatuko da eta ez parte-hartzaile guztien artean. Esan nahi baita, A ereduko LMHko 5. eta 6. mailakoak eredu eta maila berekoekin alderatuko direla. Berdin-berdin beste sei multzoetako bakoitzean.

5.- Sari-lehiaketaren zazpi arlo horietarako epaimahai bakarra izendatuko du Hezkuntzako sailburuordeak. Ondoko erakunde edo esparru hauetariko ordezkari bana izango du epaimahai honek:

Euskaltzaindia. Erakunde honen ordezkaria izango da epaimahaiburu eta berak erabakiko du botu-berdinketa gertatzen bada.

EITB (Euskal Irrati-Telebista).

Berritzeguneetako hiru Hizkuntza Normalkuntzako Teknikari.

Euskal deklamazio-alorrean berariazko itzala duen jakitun bat.

Euskara Zerbitzuko bi kide, hizpidez baina boturik gabe (hauetariko bat idazkari).

Epaimahaia sortzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan agindutakoari jarraituz, bermatu egingo da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela.

6.- Epaimahaiak honako puntuok izango ditu kontuan:

a) ikasgelak dira aztergai, ez banakako ikasle hau edo hura. Batez bestean ongien irakurtzen edota deklamatzen dakien ikasle-taldea sarituko da, beraz.

b) euskara batuan zein literatura euskalki batean idatzitako testuak aukeratu ahal izango dira irakurgai (ikus 9. oinarri-arauan ezinbesteko eta aukerako testuen zehaztasunak).

c) irakurmen eta deklamazio-maila hoberen hori zein taldek duen neurtzeko, ondoko irizpideok izango dira gidari:

Abiadura handiegia saihestu egin behar da. Testuaren ezaugarriei lotuta erabaki behar da mantsoago ala bizkorrago irakurri, baina inoiz ere lasterregi egin gabe. Alboratu egin behar da zenbat eta arinago irakurri orduan eta hobe delako ustea.

Irakurtzen arituko ez balira bezala irakurtzen saiatu behar dute ikasleek: sinesgarritasuna, testua sentitzea, testua irakurtzen gozatzea... Adin eta ezaugarri jakin horietako ikasleak izanik irakurle, beraiek sentitzeko moduko testuak aukeratzeak emaitzak asko hobetu ditzake arlo honetan.

Isiluneak egin beharra dago. Isiluneak testuak eskatu ahala eta behar den bezala egiteak asko hobetzen du emaitza, goian aipaturiko sinesgarritasuna lortze aldera.

Euskararen fonetika-legeak eta ebakera-arauak ahalik eta ongien errespetatu behar dira, erdal interferentziak ahal den neurrian ezabatuz. Beraz, eta besteak beste, «yeismo»ari aurre egingo zaio eta tz/ts/tx fonemen ebakera zuzena berariaz zainduko da.

Erdal doinuari eta batez ere haren eraginez azentuak azkenaurreko silaban jartzeko joerari itzuri egiten saiatu behar da.

Euskararen doinuera egokia, berdin du euskara batuan edo euskalkiren batean idatzitako testua irakurri, oso bereziki zaindu beharko da: aho-hizkuntzaren mintzamolde jatorra izango da patroi eta eredu (ez zen = etzen ...); beraz, euskal hiztun onen ohiko erabilerari egin behar zaio kasu.

Naturaltasuna eta, kasuan kasuko testuaren arabera, enfasi-indarra kontuan hartzekoak dira orobat. Galdera markak normalean ez dira behetik gorako doinuan amaitzen. Harriduretan ere joera artifizialak saihestu egin behar dira inondik ere.

7.- Lehiaketa honetan parte hartzeko orria irakasleak bete behar du, ikasgelaren izenean.

8.- Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak dioena betez, parte hartzaileak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari baimena ematen dio, eskabidean jasotako datuak bere informatika-fitxeroetan sar ditzan. Parte-hartzaileak, datuetara sartzeko, datuak aldatzeko eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi badu, Hezkuntza Sailburuordetzara jo dezake: Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.

9.- Ikasturtearen lehen eta bigarren hiruhilekoan burutuko da irakurmen- eta deklamazio- lanketa. Lanketa horren ondorio gisa, bere ikastaldearen grabazio bat egingo du irakasleak kasetean edo CDan; CDa mp3 edo audio formatoan grabatu behar da eta kasete edo CD hori, parte hartzeko orriarekin batera bidaltzeko epea, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik 2011ko martxoaren 3ra artekoa, egun hau barne, izango da. Eskabideak helbide honetara zuzendu behar dira (Eusko Jaurlaritza-Hezkuntza Saila, Euskara Zerbitzua, Nolega atala, Barriola, Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Gasteiz). Bestela, epe horren barruan Zuzenean Zerbitzuaren edozein egoitzatan autrkeztu daiteke: Bilbao (Gran Via, 85 - 48011); Donostia-San Sebastián (Andia, 13 - 20003); Vitoria-Gasteiz (Ramiro de Maeztu, 10 behea - 01008), edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezartzen den edozein administrazio-gunetara ere eraman ahal izango dira.

10.- Grabazioa egiteko honako testu hauek irakurriko dira, ordena honetantxe:

a) Ezinbesteko testua: antzerki zati bat, pertsonaia adinbat ikaslek esana (III. eranskina).

b) Taldeak berak aukeratuko dituen hitz lauzko bi irakurgai, beste 2 ikaslek irakurriak; LMH 3-4 mailakoentzat bi ipuinetatik hartuak eta LMH 5-6 eta DBH 1-2 mailetakoentzat bi eleberritatik hartuak.

c) Taldeak berak aukeratuko dituen bi olerki, beste 2 ikaslek irakurriak.

11.- Grabazioak honako ezaugarriok izan behar ditu:

Ikasgela bereko esatari hoberenen grabazioa izango da.

Gehienik 6-8 minutu iraungo du grabazio osoak, tarteko isilaldiak barne, eta isilaldi hauetako bakoitza gehienez 15 segundokoa izango da.

Grabazioaren hasieran ikasgelaren izengoitia entzungo da (urtetik urtera izengoitia aldatu eta leku edo toponimia erreferentziak saihestu egin behar dira). Izengoitiaren ondoren, irakurgai bakoitzaren aurretik, kasuan kasuko ikaslearen zenbakia.

Gutxienezko kalitatea izan beharko du grabazioak (ahotsak garbi entzun eta ulertzeko moduan).

12.- Aipatutako izengoiti berberori eta parte hartzen den kategoria (A-LMH 5-6, A-DBH 1-2, B-LMH 5-6, B-DBH 1-2, D-LMH 3-4, D-LMH 5-6 edo D-DBH 1-2) beste ezer ez da azalduko kasetean edo CDan, bi lekutan idatzita (kasetean edo CDan ezabatzen ez den tintarekin idatzita eta kutxaren bizkarrean).

13.- Kasete edo CD horrekin batera gutunazal itxi bat bidali behar da. Gutunazal horrek kanpoko aldean eta ageri-agerian hauxe bakarrik behar du idatzita:

Izengoitia.

Kategoria: A-LMH 5-6, A-DBH 1-2, B-LMH 5-6, B-DBH 1-2, D-LMH 3-4, D-LMH 5-6 edo D-DBH 1-2.

Barruan, berriz, bi orri:

Honi erantsitako parte hartzeko orria (II. eranskina) behar bezala beteta.

Beste orri bat ikasgela osoaren zerrenda zenbakituarekin, grabazioan entzuten diren ikasleen izen-abizenak azpimarratuta.

Kasetea eta gutunazal itxia sobre handiago baten barruan bidaliko dira. Agindu honen 8. oinarri-arauan zehazten da nora eta noizko.

14.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak akatsen bat, zehaztasun-faltaren bat edo erantsi beharreko dokumentu baten falta antzematen badu aurkeztutako parte-hartze orrian, bidaltzaileari horren berri emango dio eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzendu eta beharrezko dokumentuak aurkezteko, eta adierazi egingo dio, hori egin ezean, parte-hartzeari uko egiten diola ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluari jarraiki ebazpena eman ondoren.

15.- Sariak honako hauek izango dira:

Zazpi ikasgela hoberenentzat (kategoria bakoitzeko bana, normalean) Ipar Euskal Herrirako 3-4 eguneko bidaia. Bidaia horretara ikasgela osoak joango dira, ez bakarrik grabazioan entzuten diren ikasleak.

Bi sari berezi.- Epaimahaiak urtero bi ikastetxe sarituko ditu. Lehiaketa honetan aurreko urteetan eta aurtengoan izandako partaidetza edo merezimendu bereziak sarituko dira atal honetan. Ikastetxe hauek ere aurreko pasartean aipatzen diren beste zazpi ikastetxek duten sari berbera izango dute. Ondoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak bi sari hauen izendatzeko:

Aurreko urteetan parte hartze nabaria izana.

Urte honetako parte hartzea.

Saria irabazteko finalisten artean egon izana.

Ikastetxearen egoera soziolinguistikoa.

Betiere ikastetxea da sariaren onura jasotzen duena eta berau saria zein ikasle talderi (gela bat) eskainiko zaion erabakiko duena.

Saria irabazten duen ikasgela bakoitzeko irakaslearentzat astebete inguruko bidaia. Euskaldunok bezala bere hizkuntza indarberritzen saiatzen ari den edo ahozkotasunean ibilbide luzea egin duen herrialde batera egingo da bidaia.

16.- Ikastetxe bakoitzak nahi adina kasete edo CD aurkez ditzake lehiaketara, baina ikastetxe bakoitzeko gela bakarrak jaso ahal izango du saria. Epaimahaiak ikastetxe bereko ikasgela bat baino gehiago jotzen badu irabazle, gorengo mailari emango zaio. Besteari/besteei zegokien saria, dagokion kategorian hurrena geratu den beste ikastetxe bateko ikasgela bati egotziko zaio.

Multzoren batean kaseterik edo CDrik aurkezten ez bada edo aurkeztutako lanek epaimahaiaren ustez multzo horretarako gutxienezko mailarik ez badute, kasuan kasuko saria eman gabe utzi ahal izango da. Multzo batean eman gabe utzitako saria beste multzo batean eman ahal izango da, hartarako merezimendurik duenik badago.

17.- Aurkeztu diren kaseteetako edo CDetako irakurle onenekin CD bat argitaratuko da; CD horri ahalik eta zabalkunde handiena emango zaio eta ikastetxeetara eredu gisa bidaliko da. CD honen esplotazio eskubideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hartzen ditu bere gain edozein lege eraginen aurrean.

18.- Epaimahaiak sarien ebazpen-proposamena helaraziko dio Hezkuntzako sailburuordeari eta honek hartuko du Ebazpena deialdia argitaratzen denetik hasi eta sei hilabeteko epean EHAAn argitaratuko du.

Aipaturiko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, bere kasetea edo CDa ez dela saritu ulertu behar du parte-hartzaile orok.

19.- Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.

20.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak beharrezko neurriak hartuko ditu deialdi hau mamitzeko.


Azterketa dokumentala