251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6534
AGINDUA, 2010eko abenduaren 15ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena; 2010-2011 ikasturteko Urruzuno literatura-lehiaketarako dei egiten duena.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ikasten ari diren gazteen artean euskara sustatzeko tresna baliagarria dela uste du literatura-sorkuntza lana. Hori dela eta, ikasmaila horietako gazteek langintza horretarako pizgarri eta bultzagarri gisa hartu eta euskara beren gogoeta eta sentimenduak adierazteko tresna moduan landu dezaten, zera
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.- Urruzuno Literatura-lehiaketarako deialdia onartzea, Agindu honen eranskinean zehazten diren oinarri-arauen arabera.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011 urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotea edo ez egotearen mende geratuko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Oinarri-arauek jardunbide kontuan begiz jo gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.
Bigarrena.- Bide administratiboa agortzen duen Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, dagokion aretoan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Hirugarrena.- Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 15a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
I. ERANSKINA
OINARRI-ARAUAK
1.- Bigarren Hezkuntzako 2011ko Urruzuno Literatura-lehiaketarako deia egiten da. Deialdi honen zenbatekoak ezin izango du 43.000 euroko kopurua gainditu.
2.- Deialdi honetan 2010-2011 ikasturtean Bigarren Hezkuntzan diharduten eta hurrengo ataletan zehazten diren mailetako ikasleek soilik hartu ahal izango dute parte.
Ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden erakundeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dira Agindu honetan araututako lehiaketara aurkeztu zigorrak ezarritako aldian.
3.- Ikasle horien artean bi kategoria bereziko dira: B gaztetxoentzat (DBHko 3. eta 4. mailak) eta A gazteentzat (Batxilergoetako 1. eta 2. mailak edo Erdi Mailako Heziketa Zikloak).
4.- Literatura-lanek orijinalak, aurrez saritugabeak, argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izan behar dute, nahiz prosaz nahiz poesiaz, bertso paperak barne, betiere Euskaltzaindiak onartuta dauzkan ortografia eta gramatika arauak betez; bestelako literatura-saririk irabazi gabeak izan behar dute. Gaia librea izango da.
5.- Egileak lanaren paperezko alea eta ordenadore-disketta edo CDa aurkeztu behar ditu. Lan hauek «Times New Roman 12» edo «Arial 10» letra tipoa gutxienezko erreferentzia izango dute neurriari dagokionean. Lehen orrialdean soilik lanaren izenburua, egilearen izengoitia, arloa eta kategoria jarriko dira, dena ere letra larriz, egilea nor den ager lezakeen aztarrenik gabe. Lanarekin batera eta gainean izengoiti bera beste ezer ez daukan sobre itxi baten barruan erantsita doan parte hartze orria (II. eranskina) bidali behar da.
6.- Lanen neurriak hauek izango dira:
Prosa:
B kategoria: 4000-12000 karaktere, 1,5eko lerroartearekin (2 eta 6 orrialde bitartean 12ko hizkiarekin).
A kategoria: 5000-15000 karaktere, 1,5eko lerroartearekin (3 eta 8 orrialde bitartean 12ko hizkiarekin).
Poesia:
B kategoria: gutxienez 50 lerro (Olerki bat baino gehiagoz osa daitezke).
A kategoria: gutxienez 75 lerro (Olerki bat baino gehiagoz osa daitezke).
7.- Ikastetxe berean lehiaketan parte hartu nahi duen ikasle kopuru handia egonez gero, ikastetxeko bertako literatura-irakasle edo departamentuak aurre-aukeraketa egin eta onenak bidaltzea komeni da.
8.- Guztira 20 sari izango dira, kategoria bakoitzean 10: 5 prosa lanik onenentzat eta 5 poesia lanik onenentzat.
9.- Sari bakoitzak honako hauek izango ditu barne: 10 egun inguruko bidaia, bidaiako norbere gastuetarako 300 euro eta oroigarria. Ikasle batek sari bat baino gehiago irabaztea suertatzen bada, sari bati dagokion bidaia eta bidaiako norbere gastuetarako dirua jasoko du soilik; bere aukera saririk gabe geratu den lanik onenaren egileari emango zaio.
Halaber, azken urteotan ikasleak lehiaketa honetan parte hartzera bultzatu eta lagundu dituzten ikastetxeak saritu nahian, honetan nabarmendu diren bi ikastetxek bidaia eta oroigarri bana jasoko dute. Ikastetxeek eurek izendatuko dute bidaiara joango den irakaslea.
Bidaiariek laguntzaile izango dute bidaia osoan zehar euskal idazle bat. Aukera eman nahi zaie irabazleei idazle honekin gertuko eta zuzeneko harremana izateko. Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean idazle gazte hauen aurrerabiderako literatura-tutoretza bideak aztertu nahi dira.
10.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lanen bilduma gisa, Sagastiberri sailean.
11.- Idazlana, dagokion disketta edo CDa eta parte hartzeko orria bidaltzelko epea, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik 2011ko martxoaren 3ra artekoa, egun hau barne izango da. Eskabideak helbide honetara zuzendu behar dira (Eusko Jaurlaritza-Hezkuntza Saila, Euskara Zerbitzua, NOLEGA atala, Urruzuno, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Bestela, epe horren barruan Zuzenean Zerbitzuaren edozein egoitzatan aurkeztu daiteke: Bilbao (Gran Via 85 - 48011); Donostia-San Sebastián (Andia 13 - 20003); Vitoria-Gasteiz (Ramiro de Maeztu, 10 behea - 01008), edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezartzen den edozein administrazio-gunetara ere eraman ahal izango dira.
12.- Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak dioena betez, parte hartzaileak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari baimena ematen dio, eskabidean jasotako datuak bere informatika-fitxeroetan sar ditzan. Parte-hartzaileak, datuetara sartzeko, datuak aldatzeko eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi badu, Hezkuntza Sailburuordetzara jo dezake: Donostia kalea 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.
13.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak akatsen bat, zehaztasun-faltaren bat edo erantsi beharreko dokumentu baten falta antzematen badu aurkeztutako parte-hartze orrian, bidaltzaileari horren berri emango dio eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzendu eta beharrezko dokumentuak aurkezteko, eta adierazi egingo dio, hori egin ezean, parte-hartzeari uko egiten diola ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluari jarraiki ebazpena eman ondoren.
14.- Hezkuntzako sailburuordeak idazlanak aztertu eta sariak nori eman proposatzeko epaimahaia izendatuko du. Epaimahaia sortzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan agindutakoari jarraituz, bermatu egingo da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela.
15.- Idazlan onenak zein diren erabakitzeko, ondoko irizpideok izango ditu kontuan epaimahaiak:
Idazlanaren arintasuna eta lotura.
Hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna.
Sorkuntza eta irudimena.
Testuaren ezaugarri literarioak (irudi literarioen erabilera...).
16.- Epaimahaiak sarien ebazpen-proposamena helaraziko dio Hezkuntzako sailburuordeari eta honek hartuko du Ebazpena deialdia argitaratzen denetik hasi eta sei hilabeteko epean EHAAn argitaratuko du.
Aipaturiko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, parte hartzaileek ezin izango dute inola ere ulertu sarituak izan direnik. Aipaturiko epaimahaia literatura eta/edo irakaskuntzan nor diren euskal kulturaren munduko bost kidek eta Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuko bi lagunek osatuko dute.
17.- Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.
18.- Aurkeztutako lanek epaimahaiaren ustez gutxienezko mailarik ez balute, sariak eman gabe utzi ahal izango dira. Hala gertatzen bada, kategoria edo arlo batean eman gabe utzitako sariak beste kategoria edo arlo batean adjudikatzea erabaki dezake epaimahaiak, beste horretan saria merezi duten bost lan baino gehiago baldin badaude.