Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6533

AGINDUA, 2010eko abenduaren 15ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikastetxeetako Ulibarri programak 2011-2012 ikasturtean izango dituen gehienezko diru-baliabideak, programan sartzeko eta jarraitzeko baldintzak eta ikastetxe bakoitzak programarako izango dituen dedikazio-orduak zehaztuz.

Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuak (abenduaren 31ko EHAA) Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa arautzen du. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako Hizkuntza Normalkuntzako Proiektuen garapenean partaide diren eragileen elkarlanak osatzen du programa: Administrazioa, ikastetxeak eta bestelako instantziak.

Aipatu Dekretuaren 5.2.b artikuluak zera dio: Ulibarri programan dauden ikastetxe kontzertatuek diru-laguntza jasoko dutela Hizkuntza Normalkuntzako ardura teknikoa hartzen duen irakaslearen dedikazioa estaltzeko.

Bestalde, zera dio Dekretuak 12. artikuluaren lehen pasartean: programan sartzeko eskabideak baloratzeko irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren Agindu bidez ezarriko direla.

Hortaz, Ulibarri programak eta 2011-2012 ikasturtean bertan arituko diren ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira batetik eta, bestetik, programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzat prozedura eta baloratzeko irizpideak ezarri behar dira Agindu bidez.

Horren guztiaren haritik,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Ekitaldi ekonomiko honetan, Ulibarri programan ari diren ikastetxe kontzertatuei diru-laguntzak esleitzeko ondoko zenbatekoak erabiliko ditu gehienez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak:

a) Ikastetxe berriak sartzeko 100.000 euro.

b) Lehendik daudenen jarraipenerako 1.800.000 euro.

Atal honetan zehaztutako gehienezko zenbatekoa gehitu egin daiteke, guztira eskatutakoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bestelako diru-laguntza programetan agortu gabe geratutako aurrekontuzko baliabideak eta beti ere berauen ebazpenak ebatzi aurretik. Horrelakoetan, jendaurrean agerian jarriko da aldakuntza Hezkuntzako sailburuordearen Ebazpenaren bidez.

2. artikulua.- 2011-2012 ikasturterako Ulibarri programan sartu nahi duten ikastetxeek programa hau arautzen duen 323/2003 Dekretuaren 10. artikuluan zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte, eta berariazko eskabidea egin 2011ko martxoaren 1a baino lehen.

3. artikulua.- Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren 13.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, Ulibarri programan ari diren ikastetxeek, non eta programa uzteko berariazko eskaera egiten ez duten, 2011-2012 ikasturterako luzamendua izango dute. Hala ere, aurreko artikuluan zehaztutako epearen barnean, programan jarraitu nahi duten ikastetxe kontzertatuek berariazko diru-laguntza eskabidea aurkeztu beharko dute 2011-2012 ikasturterako.

4. artikulua.- Abenduaren 23ko, 323/2003 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, aholku-emaileek irizpena eman beharko dute proiektu berrien gainean. Horren ondoren irizpen hauek aztertu eta bateratuko ditu, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako balioespen-batzordeak eta dagokion taula jarraipen-batzordeari helaraziko dio.

Taula horrek ondoko irizpideak erabiliz sailkatuko ditu izangaiak:

1.- Normalkuntza proiektua bera. Gehienez 0,60 puntu.

a) Ikastetxearen errealitatera egokitutako proiektua da. Diagnostiko sakonean oinarritzen da. Eragin-esparru garrantzitsuenak hartu ditu aintzakotzat, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun nahikoa bermatzen du (0,60).

b) Ez da bete-betean ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa ez da hain sakona. Eragin-esparru gehienak aintzakotzat hartu baditu ere, gabeziak antzematen dira, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun-arazoak ekar ditzake epe luzera (0,40).

c) Aurkeztutako proiektuak zuzendu beharreko gabezia larriak ditu. Ez da ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa eskasa da, eta elaborazioak berak hutsune nabarmenak ditu (0,20).

2.- Proiektuaren garapenaren egoera. Gehienez 0,3 puntu.

a) Diagnostikoa egin eta proiektua elaboratzeaz eta adosteaz gain, urteko normalkuntza-plana ezarria du ikastetxeak dagoeneko. Normalkuntzako Batzordea eta teknikaria izendatu dituzte eta euren funtzioak erabat eragingarriak dira. Diseinatutako jarduera normaltasunez ari da gauzatzen (0,30).

b) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa egoki gauzatu baditu ere ikastetxeak, proiektuaren ezarpena hasierako fasean dago. Plana garapenerako abiapuntuan dago (0,20).

c) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa burutu baditu ere ikastetxeak, fase hau ezin dugu amaitutzat eman; dokumentu horiei osatu, berrikusi eta konpondu beharra sumatzen zaie oraindik (0,10).

3.- Proiektuak eraginpean dituen ikasleak. Gehienez 0,10 puntu.

Horretarako, ikastetxearen gela-kopurua 0,001 zenbakiaz biderkatuko da. 100 gela edo gehiago dituzten ikastetxeak gehienezko puntuazioarekin sailkatuko dira hortaz.

4.- Aurreko hiru irizpideetan izandako puntuazioaren batura, gutxienez 0,41 puntukoa izan beharko dute ikastetxeek, Ulibarri programan onartuak izateko.

5.- Puntuazioan bat datozen ikastetxeen kasuan, ikasle-kopuruak finduko du hirugarren balorazio irizpidea. Laugarren dezimal moduan ezarriko da hori, ikastetxeen hurrenkera txikienetik handienera. Gela- eta ikasle-kopurua Sailaren estatistika ofizialean erabaki-proposamena egiteko garaian dauden azken matrikula-datuetan oinarrituko da.

Balioespen-batzordeak igorritako datuetan oinarrituz, dagokion puntuazioa esleituko dio Jarraipen-batzordeak eskabide bakoitzari eta, lortutako puntuazioaren arabera eta beheranzko hurrenkeran, izangaien zerrendak osatu eta onarpen-proposamenak egingo ditu. Honetarako desberdindu egingo dira publikoak direnak eta ez diren ikastetxeak.

Aurrekontuak jarritako bitartekoak kontuan izanik, abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren arabera Hezkuntzako sailburuordeak ebatziko ditu eskabideak.

5. artikulua.- 323/2003 Dekretuaren V. eta VI. kapituluetan ezarritakoaren arabera, ikastetxe bakoitzari dagokion ordu dedikazioa finkatuko da. Horretarako hiru egoera desberdin aztertuko dira:

- Hezkuntzako sailburuordearen 2010eko azaroaren 26ko Ebazpenak (Abenduaren 20ko EHAA) ezarritako ordu-dedikazioa da, 2011-2012 ikasturtean bertan agertzen diren ikastetxeei esleituko zaiena.

- Aipatu Ebazpenean ebaluatuak izan ez diren ikastetxeen kasuan, ikastetxearen neurrian oinarritutako irizpidea erabiliko da 2011-2012 ikasturtean.

- Agindu honetara bilduz, dagokion Ebazpenaren bidez, Ulibarrin sartzen diren ikastetxeen kasuan, ikastetxearen neurrian oinarritutako ordu dedikazioa esleituko zaie.

Ordu-esleipenerako, ikastetxearen neurrian oinarritutako irizpidea erabiliko den ikastetxeen kasuan ondoko tarteak erabiliko dira:

- 3 ordu-liberazio 1-8 gela arteko ikastetxeentzat.

- 6 ordu-liberazio 9-19 gela arteko ikastetxeentzat.

- 9 ordu-liberazio 20 gelatik gorako ikastetxeentzat.

6. artikulua.- 323/2003 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari datak egokitzeko ematen zaion ahalmena erabiliz, Agindu honi dagokion Ebazpena hartu eta EHAAn jakinaraziko du sei hilabeteko epean, Agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Aipaturiko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ez dela aintzakotzat hartu ulertuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011 urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotearen edo ez egotearen mende geratuko da agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Bide administratiboa agortzen duen Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, dagokion gelan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 15a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala