Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6532

AGINDUA, 2010eko azaroaren 24koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza eta DBH (1. eta 2. zikloak) egiten ari diren ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena. 2010-2011 ikasturtea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, irakaskuntzaren zerbitzu osagarri modura.

Zerbitzu horrek zenbait ibilbide barne hartzen ditu; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikastetxera dagoen distantzia, ibilbide hori egiteko behar den denbora eta ikasle kopurua.

Zenbait ikasle ez dira egokitzen aipaturiko ibilbide horien ezaugarrietara; horregatik, beharrezkoa da egunero ikastetxera joan ahal izateko alternatiba bat bilatzea. Bada, alternatiba hori, ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdiaren bidez, joan-etorri horien kostua ordaintzea da.

Horretarako da, beraz, ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdia.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Deialdiaren xedea.

Ikastetxe publikoetan 2010-2011 ikasturtean Haur Hezkuntzan (2. zikloa), Lehen Hezkuntzan eta DBHn (1. eta 2. zikloak) matrikulatutako ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdia egitea.

2. artikulua.- Deialdiaren kudeaketa.

Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritza da.

3. artikulua.- Diru-baliabideak.

1- Aurreko artikuluan adierazitako xedea betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako beren beregi ezarritako aurrekontu-kredituak erabiliko dira. Deialdi honetarako, zehazki, 1.374.430 euro erabiliko dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan emango diren laguntzek, guztira, ezingo dute aipatuta zenbatekoa edo zenbateko horren eguneraketa gainditu, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketen araubidearekin bat etorrita, eta, hala dagokionean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera. Horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

2-Esleitutako kreditua agortuz gero, sailburuordetza eskudunak ebazpen administratiboa emango du. Ebazpen horretan aipatutako kreditua zer egunetan agortu den zehaztuko da, eta EHAAn argitaratu beharko da.

4. artikulua.- Betebeharrak.

1.- Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza eta DBH (1. zikloa) egiten ari diren ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte deialdi honetaz baliatu ahal izateko:

a) 2010-2011 ikasturterako ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea.

b) Eragin-eremuaren arabera ikasleari dagokion ikastetxera joan beharra izatea.

c) Doako garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

d) Joan-etorri horren beharra izatea ikasleak bere herrian ikastetxe publikorik ez duelako, edo, izanda ere, plazarik ez duelako; kasu horretan, eragin-eremuaren arabera dagokion ikastetxe publikoan egon behar du eskolatuta. Bestela, hizkuntza eredua dela eta, etxetik gertuen duen eragin-eremuko beste ikastetxe publiko batera joan beharra izatea.

e) Ikastetxea 2 km edo gehiagora egotea (oinez joanda). Etxetik ikastetxera -edo ikastetxetik gertuen dagoen geltokira- dagoen tartearen arabera egingo da distantziaren kalkulua.

f) Salbuespen gisa, ikastetxe itundu batean eskolatuta egotea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hala aginduta, ikaslea bizi deneko eragin-eremuan bere hezkuntza-mailari eta hizkuntza ereduari egokitzen zaion ikastetxerik ez egoteagatik.

g) Ikastetxe itundu batean eskolatua egotea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Eskolatze Batzordeak hala aginduta.

2.- DBHko 2. zikloko ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte deialdi honetaz baliatu ahal izateko:

a) 2010-2011 ikasturterako ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea.

b) 2010eko abenduaren 31n 18 urte baino gehiago ez izatea.

c) Eragin-eremuaren arabera ikasleari dagokion ikastetxera joan beharra izatea.

d) Doako garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

e) Joan-etorri horren beharra izatea ikasleak bere herrian ikastetxe publikorik ez duelako, edo, izanda ere, plazarik ez duelako; kasu horretan, eragin-eremuaren arabera dagokion ikastetxe publikoan egon behar du eskolatuta. Bestela, hizkuntza eredua dela eta, etxetik gertuen duen eragin-eremuko beste ikastetxe publiko batera joan beharra izatea.

e) Ikastetxea 4 km edo gehiagotara egotea (oinez joanda). Etxetik ikastetxera -edo ikastetxetik gertuen dagoen geltokira- dagoen tartearen arabera egingo da distantziaren kalkulua.

g) Salbuespen gisa, ikastetxe itundu batean eskolatuta egotea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hala aginduta, ikaslea bizi deneko eragin-eremuan bere hezkuntza-mailari eta hizkuntza ereduari egokitzen zaion ikastetxerik ez egoteagatik.

h) Ikastetxe itundu batean eskolatua egotea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Eskolatze Batzordeak hala aginduta.

3.- Ezingo dira deialdira aurkeztu diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

5. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.- Ikaslearen etxetik ikastetxera zerbitzu publikoren bat egonez gero, horixe ordaintzeko izango da diru-laguntza.

2.- Ikaslearen etxetik ikastetxera zerbitzu publikorik egon ezean, diru-laguntza kalkulatzeko, 0,29 euro kilometroko ordainduko da eta, ibilbide hori motoan eginez gero, 0,15 euro kilometroko.

3.- Laguntza horiekin batera beste era bateko diru-laguntza edo laguntzak, -publikoak zein pribatuak-, eskuratu ahal izango dira. Deialdi honetan aurreikusitako helbururako beste laguntzaren bat jasoko balu onuradunak, horren zenbatekoa kendu egingo litzaioke laguntzari.

6. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Ikaslearen legezko ordezkariak eskabideak behar bezala bete beharko ditu, I. eranskineko ereduari jarraituz, eta ikaslearen ikastetxeko zuzendariaren aurrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan jasotako lekuren batean aurkeztu beharko ditu hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.- Ikastetxeek diru-laguntza hauetaz baliatu nahi duten ikasleen zerrendaren proposamena aurkeztuko dute, II. eranskinean ematen den ereduaren arabera beteta. Eskabide horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako batean aurkez daitezke. Laguntzak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzara bidaltzeko epea 10 egun naturalekoa izango da, 6.1 puntuan ezarritako eskaera-epea amaitzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

3.- Epe horretatik kanpo ere laguntzak eskatu ahal izango dituzte 6.1 paragrafoan ezarritako muga-dataren ondoren matrikulatzen diren ikasleek.

Eskabide horiek izapidetzeko prozedura eskabide arruntak izapidetzeko prozedura bera izango da. Edonola ere, 2011ko maiatzaren 30aren ondoren egindako eskabiderik ez da onartuko.

4.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena eskola-garraioa izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi horren arduraduna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritza izango da. Aurka egin, sartu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

7. artikulua.- Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.- Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

2.- Ordezkaritza horietako zerbitzu teknikoek eskabideak aztertu eta ebaluatuko dituzte, eta ebazpen-proposamena helaraziko diote Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari.

8. artikulua.- Diru-laguntzak ebaztea, jakinaraztea eta argitaratzea.

1.- Administrazio eta Zerbitzuen sailburuak sei hilabeteko epean ebatziko ditu aipatutako proposamenak, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, erreklamaziorik aurkeztu edo agindu honetako 6.3 puntuan adierazitako kasurik gertatu ezean. Horrelakorik egotekotan, 2010-2011 ikasturtea amaitu aurretik ebatziko dira proposamenak. Baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko nahikoa krediturik ez badago, eskabidea aurkeztu deneko dataren arabera ezarriko da lehentasuna.

2.- Jakinarazpena egiteko, ebazpenaren testu osoa argitaratuko da Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan, laguntza jaso eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendekin bat, eta laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduz. Hori guztiarekin bat, aldez aurretik inguruabar horri buruzko iragarkia argitaratu beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, aurreko paragrafoan adierazitako epearen barruan. Horretarako ezarritako epean ebazpen adierazirik argitaratzen ez bada, eskabidea baietsi egin dela ulertu behar da.

3.- Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

9. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzea.

Emandako diru-laguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten zentroetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Zentroek dena batera ordainduko diete ikasleei, deialdiari ebazpena emandakoan. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren aurrean justifikatu beharko du zentroak ordaindu izana, ordezkaritzak emandako aginduei jarraituz.

10. artikulua.- Diru-laguntzen kontrola.

Ondorio hauetarako, Lurralde Ordezkaritzek egokitzat jotako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete onuradunei.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunak betez informaziorik eskatuz gero, diru-laguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

Onuraduna zentrora joaten ez bada edo zentroan baja ematen badu, ikastetxeek Eusko Jaurlaritzako Diruzaintzari itzuli beharko diote emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, ordainketa eginda badago, zenbateko osoa edo justifikatu gabeko zatia itzul dezala eskatuko diote ikasleari.

Itzultzeko espedienterik irekitzen bada, abenduaren 27ko 698/1991 Dekretuko bigarren tituluari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du dekretu horrek.

Halaber, 2010-2011 ikasturtea amaitu baino lehen, diru-laguntzen zenbatekoa egunero edo astero ikastetxera joan beharrak sortu dituen gastuak ordaintzeko erabili direla justifikatu dezatela eskatuko zaie ikasle onuradunei.

Justifikazio-agiri horiek (txartelak, fakturak, zinpeko deklarazioa ibilgailu partikularra erabiltzen bada, eta abar) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero konprobatu ahal izateko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Agindu honetan arautzen ez direnetarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak -urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak- xedatutakoa aplikatuko da horren osagarri.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epearen barruan.

Bigarrena.- Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko azaroaren 24a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA

BANAN BANAKO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDI OROKORRA 2010-2011 IKASTURTERAKO

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

IKASTETXEAREN PROPOSAMENA

BANAN BANAKO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDI OROKORRA 2010-2011 IKASTURTERAKO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala