Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
6530

EBAZPENA, 2010eko abenduaren 15ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2011. urtean enpresei eta entitate pribatuei aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko diru-laguntzak emateko deialdia arautzen duena. Aholkularitza-enpresek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostiko bat eta berdintasun-plan bat egiteko laguntza teknikoa emango dute.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea, benetakoa eta eraginkorra, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren, kulturgintzaren eta gizartearen esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori, izatez eta zuzenbidez, bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Helburu horiek lan-eremuan lortu ahal izateko, enpresek eta erakunde pribatuek aktiboki parte hartu behar dute, alde batetik, emakumeek eta gizonek enplegua berdintasunez lortuko dutela eta lan-baldintza egokietan lan egingo dutela bermatzeari dagokionez, eta bestetik, euren produktuek eta zerbitzuek emakumeen zein gizonen beharrei eta interesei erantzuten dietela bermatzeari dagokionez.

Horrek duen garrantziaz jabeturik, eta ikusirik beharrezkoa dela diagnostikoa egiteko eta barneko berdintasun-plana ezartzeko enpresei laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa espezializatuak egotea, 2002. urteaz geroztik Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea aholkularitza-enpresei prestakuntza ematen eta horiek egiaztatzen hasi zen, Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin. Eta hori guztia burutzeko, homologazio-prozesu bat ireki zen, jarduteko planteamenduetan gutxienez eduki beharreko kalitate-maila eta homogeneotasuna bermatzeko. Une honetan, zenbait aholkularitza-enpresa homologatuk jada laguntza teknikoa eskain diezaiekete hala eskatzen duten enpresa eta erakunde pribatuei.

Ebazpen honen oinarri juridikoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2.m) artikuluan dago. Artikulu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitekoak dira, besteak beste, enpresa eta erakundeentzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurri batzuk ezartzea, horiek baliabide material eta ekonomikoz eta giza baliabidez hornitzeko, eta hartara, emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak, programak eta jarduerak egiteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ebazpen hau enpresa edo erakunde pribatuek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten sustatu eta laguntzeko sortu da, horrela enpresek laguntza teknikoa jasoko baitute emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai barne-antolaketarako bai eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetarako. Eta ebazpen honen bidez, hain justu ere, xede horretarako diru-laguntzak arautzen dira. Azaldutako helburu guztiak kontuan hartuta, diru-laguntzetarako deialdi hau arautuko dugu, publizitate-, lehia-eta objektibotasun-irizpideen arabera, eta 2010eko deialdiko edukiak osorik txertatuz. Beraz, eutsi egingo diegu honako hauei: onuradun bakoitzeko, diru-laguntza 10.000 eurokoa izango da, gehienez ere; langile-zerrenda osatzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako kotizazio-orrien bidez egiaztatu beharko dira; kendu egin da beste laguntza batzuekiko bateraezintasunaren betebeharra; eta azkenik, % 50eko muga ez zaie ezarriko ondasunak edo zerbitzuak ekoitzi edo banatzearen helburu nagusia irabazi edo haborokina lortzea ez duten irabazi asmorik gabeko erakundeei.

Azkenik, deialdi honi gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2011ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horrenbestez, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Ebazpen honen bidez enpresa eta erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautzen dira eta diru-laguntzetarako deia egiten da, 2011. urtean aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten. Aholkularitza-enpresek laguntza teknikoa emango dute emakume eta gizonen arteko berdintasunerako diagnostiko bat egiteko eta berdintasun-plan bat diseinatzeko, bai barne-antolaketarako, bai ematen dituzten zerbitzu edo produktuetarako.

2. artikulua.- Hautaketa eta diru-hornidura.

1.- Deialdi hau lehiaketa-prozeduraz ebatziko da. Ondorio hauetarako, lehiaketa izango da diru-laguntzak emateko prozedura, non aurkezten diren eskaerak alderatzen diren, 9. artikuluan finkatutako esleipen-irizpideei jarraituz eskaera horien arteko lehentasuna finkatzeko eta diru-laguntza irizpide horien arabera balioespenik onena lortu duten eskaerei soilik emateko.

2.- Erakundearen Aurrekontuetan ondorio horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-hornidura. Zenbatekoa, hasieran behintzat, laurogeita hamasei mila (96.000) eurokoa izango da.

2011ko laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).

3.- Eskatutako laguntza guztien zenbatekoa kontuan hartuta, artikulu honetan esandako zenbatekoa handitu egin daiteke, betiere eskabideei buruzko ebazpena hartu baino lehen, baldin eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontu-baliabideak geratzen badira. Gora-behera hori gertatuz gero, argitara emango da Emakundeko zuzendariaren ebazpen bidez.

3. artikulua.- Eskatzaileak.

Betekizun hauek konplitzen dituzten enpresa eta erakunde pribatuek eska ditzakete laguntzak:

a) Zuzenean edo zeharka enpresaren partaidetzarik edo kontrolik handiena administrazio publikoena ez izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egotea.

c) Gutxienez 10 langile eta gehienez 250 edukitzea.

d) 105/2004 Dekretuaren itzalpean, aholkularitza-enpresa homologatu baten laguntza teknikoa kontratatuta edukitzea edo kontratatzeko konpromisoa hartzea.

e) Zuzendaritzaren konpromisoa erakustea, alegia, prozesuarekin aurrera egingo duela harik eta enpresa edo erakundea emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasuna lortzeko erakunde laguntzaile bihurtzen den arte, 424/1994 Dekretuan ezarritako baldintzen arabera.

f) Zuzendaritzak prozesua dinamizatuko duen arduraduna izendatzea, erakundeko langileen artean.

g) Laguntzak izango duen eraginari buruzko txostena aurkeztea.

h) 2011. urterako lan-proposamena aurkeztea. Honako hauek jaso beharko dira:

- Diagnostikoan berrikusi beharreko alderdiak.

- Erabiliko den metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa.

- Emakume eta gizonen berdintasunaren inguruan sentsibilizatzeko/prestatzeko saioen programa (hamar ordu gutxienez).

- Ekintza-plana prestatzeko prozesua.

- Lantaldea.

- Kronograma.

- Aurrekontua.

i) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordainduta edukitzea.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

k) Sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala dutenek, zehapenean jartzen den aldian, ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak jasotzerik ez dute izango, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen itzalpean debeku horrekin zehatutakoek ere.

l) Laguntzen deialdi honetan, honako hauek ere ez dute parte hartzerik izango: diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dien zehapena duten pertsona fisikoek nahiz juridikoek eta laguntza horiek jasotzeko gaitasunik gabe uzten duen lege-debekuren bat dutenek.

4. artikulua.- Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.- Aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko izango da diru-laguntza. Aholkularitza-enpresek honako hauek egiten lagundu beharko die enpresei edo erakundeei:

a) Emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa, barne-antolaketari eta zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez,

b) Gutxienez 10 ordu ematea lan-munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan sentsibilizatzeko/prestatzeko eta horrek diagnostikoaren emaitza nagusienetan duen isla zein den erakusteko. Saio horrek diagnostikoa alderatzeko balio behar du, bai eta berdintasun-plana diseinatzeko oinarri izateko ere, eta, gutxienez, langile guztien lagin adierazgarri batentzat egingo da.

c) Berdintasun-plana diseinatzea enpresaren barne-antolaketarako eta zerbitzu edo produktuetarako.

2.- Laguntza teknikoa 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte eman dezaten kontratatuko dira aholkularitza-enpresa homologatuak.

5. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea 2011ko otsailaren 10ean bukatuko da.

2.- Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari bidali behar zaizkio (Manuel Iradier kalea, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz); bestela, administrazio-prozeduraren araudian aurreikusitako edozein bidez aurkez daitezke.

6. artikulua.- Eskabideak formalizatzea eta agiriak.

1.- Eskatzaileak I. eranskinean agertzen den eredua erabili beharko du eskabidea egiteko.

2.- Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Aholkularitza-enpresa homologatuak laguntza teknikorako egindako proposamena, 3. artikuluko h) atalean zehaztutakoari jarraiki.

b) Zuzendaritzaren konpromisoa, II. eranskinaren arabera.

c) Laguntzak ustez izango duen eraginari buruzko txostena.

d) Erakundeko pertsona bat barne-dinamizatzaile izendatzea, III. eranskinaren arabera.

e) Langile-kopuruaren egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez, TC1 eta TC2 ereduak, eskabidearen aurreko hilabetekoak.

f) Barneko lantaldearen osaera eta lantaldea osatzeko irizpideak.

g) Eskatzaileak ordezkatzeko ahalmena duela egiaztatzen duen agiria.

h) Ebazpen honetan araututako diru-laguntzen xede edo helburu bererako, beste administrazio publiko bateri edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horietatik jasotako diru-laguntza edo laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko zinpeko adierazpena. VII. eranskina.

i) «Datuen alta/Doakion Hirugarrena» inprimakia (VI. eranskina).

j) Estatutuen, eratze-agiriaren eta Identifikazio Fiskalaren Txartelaren fotokopia.

k) Ziurtagiri eguneratuak, gehien jota, diru-laguntza eskatu baino hiru hilabete lehenagokoak: batetik, eskatzaileak zerga-betebeharrak konplituta dauzkala egiaztatzen duena, Foru Ogasunak egina; eta, bestetik, hala behar denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak konplituta dituela egiaztatzen duena, Lurraldeko Diruzaintzak egina, edo, salbuetsirik egonez gero, salbuespena egiaztatzen duen agiria. Dena den, pertsona edo erakunde onuradunak gai honi buruz eskatzen zaizkion egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko ditu, diru-laguntza eman, justifikatu eta likidatzeko prozeduraren fase guztietan.

l) Eskabidea izenpetzen duenaren zinpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen itzalpean ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa). VII. eranskina.

m) Izenpetzailearen zinpeko adierazpena, egiaztatzeko entitate eskatzailea ez dagoela itzulketa-edo zehapen-prozeduraren baten baitan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, prozedura artean izapidetzen ari dela. VII. eranskina.

n) Eskabidea izenpetzen duenaren zinpeko adierazpena, egiaztatzeko erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapenik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere. VII. eranskina.

ñ) Esleipen-irizpideen arabera, proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak.

7. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartarazten zaio eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela, aurretiaz ebazpena eman ondoren, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraiki (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

8. artikulua.- Hautaketa Batzordea.

Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko; Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria: idazkari nagusia.

Epaimahaikideak:

- Generoaren arloko Plangintza eta Ikerketaren arduraduna.

- Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko teknikari bat.

- Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

- Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

- Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arduraduna izango da.

9. artikulua.- Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.- Diru-laguntzak esleitzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Proposamenaren kalitatea. 45 puntu, gehienez.

- Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, egutegiari, metodologiari eta aurrekontuari dagokienez. 15 puntu, gehienez.

- Berrikuntzak, eta proposamenaren eta erakunde-motaren arteko egokitasuna. 15 puntu, gehienez.

- Proposamena diagnostikorako eta planak egiteko metodologietara egokitzea. 10 puntu, gehienez.

- Proposamenaren kalitatea, oro har. 5 puntu, gehienez.

B) Lan-prozesuan Zuzendaritza inplikatzea eta erakundeko denetariko pertsonek parte hartzea. 20 puntu, gehienez.

- Erakundeak alor honetan duen ibilbidea. 10 puntu, gehienez.

- Lantaldearen konfigurazioa. 10 puntu, gehienez.

C) Eragin biderkatzailea. 25 puntu, gehienez.

- Lurraldean duen ezarpena (6 puntu, gehienez).

- Enpresaren tamaina (6 puntu, gehienez).

- Jarduera-eremua edo -sektorea. 6 puntu, gehienez.

- Gizarte-eraginerako diseinatutako jarduerak. 7 puntu, gehienez.

D) Askotariko bereizkeria jasaten duten emakumeen behar espezifikoak kontuan hartzea. 10 puntu, gehienez.

2.- Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

10. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.- Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu nahi den jardueraren kostuaren % 50 izango da, gehienez ere; eta onuradun bakoitzeko, 10.000 eurokoa, gehienez ere.

2.- Ehuneko berrogeita hamarraren muga ez zaie ezarriko ondasunak edo zerbitzuak ekoitzi edo banatzearen helburu nagusia irabazi edo haborokina lortzea ez duten irabazi asmorik gabeko erakundeei.

11. artikulua.- Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak izango dira helburu eta xede bererako ematen diren laguntza edo diru-laguntzekin, laguntzen izaera eta erakunde emailea edozein direla ere, baldin eta laguntza guztiak batuta egin beharreko ekintzaren guztirako kostua gainditzen ez bada, ez eta diruz lagunduko den jardueraren kostuaren % 50eko muga ere, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatzekoa denean.

12. artikulua.- Ebazpena.

1.- Eskabideak Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen adierazia eta arrazoitua emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari eta diru-laguntza nori eman eta nori ukatu zaion adieraziko du. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa edo erakunde onuradunei. Emandako diru-laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

2.- Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Epe horretan enpresa edo erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.- Ebazpenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da -diruz lagunduko diren enpresa eta erakundeak eta, bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita-, eta horretaz gain, ordezko erakundeen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko. Erakunde horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

13. artikulua.- Enpresa edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzen enpresa edo erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte, eta bereziki, honako hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean enpresa edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, diru-laguntzaren inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

d) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.

e) Barneko nahiz kanpoko jakinarazpen guztietan adierazi behar da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen finantzaketa egon dela diagnostiko-plana eta plana prestatzeko (IV. eranskina).

f) Prozesuaren hasieran, diagnostikoa eta plana egiteko asmoa jakinarazi behar zaie langileei, eta prozesuaren amaieran, diagnostikoaren eta adostutako planaren emaitza nagusienak.

g) Proiektua gauzatu bitartean egindako agirietan eta bukaerako memoria eta txostenetan hizkera sexistarik ez dela erabili ziurtatu behar da.

h) Enpresek Emakunderi jakinarazi behar diote langileen zenbaketan eragina duen aldaketa oro -langile-zerrendan egindakoak-, berdintasun-planen alorreko mugen ondorioetarako.

i) Erakunde eskatzaileak helburu eta xede berarako beste edozein administraziori edo erakunde publiko edo pribaturi eskatutako edo horietatik jasotako laguntzak adierazi beharko ditu, bai espedientearen hasieran, bai hori gertatzen den edozein unetan.

14. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.- Jarduerak gauzatu ondoren eta jarduera horien ondorioz izandako gastu guztiak, alegia, diru-laguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza; horretarako, 2012ko otsailaren 28a baino lehen -egun hori barne-, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Egindako diagnostikoa.

b) Berdintasunerako plana.

c) Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria: garatutako lan-prozesua eta lortutako helburuak deskribatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera; halaber, sentsibilizazio-saioko edo saioetako edukiak, partaideak eta horiek saioei buruz egiten duten ebaluazioa.

d) Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa eta laguntza teknikoa egiaztatzen duen jatorrizko faktura. Fakturetako edo agirietako gastuaren data ezin da izan 2011ko abenduaren 31 baino geroagokoa.

e) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu dela egiaztatzen duen agiria, 13.e) artikuluan eskatutakoari jarraiki.

f) Prozesuaren hasieran nahiz amaieran, langileei prozesu horren helburuak eta emaitzak jakinarazi izanaren egiaztagiriak, 13.f) artikuluan ezarritakoari jarraiki.

g) Laguntzaren eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena.

2.- Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko da diru-laguntzaren zenbatekoan.

15. artikulua.- Diru-laguntza emateko inguruabarrak aldatzea.

1.- Diru-laguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira -betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada- eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.

2.- Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso, aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du (kasu bakoitzaren arabera), eta behar izanez gero, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu.

16. artikulua.- Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira.

17. artikulua.- Itzulketa prozedura.

Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutako prozedurari jarraituko zaio emandako diru-laguntza itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko.

b) Alegazioak jaso edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bidez amaituko da prozedura. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Gehienez ere sei hileko epea egongo da aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura -artikulu honetan arautua- ebazteko eta jakinarazteko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraz, ebazpenaren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.- Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 15a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA SILVESTRE CABRERA.

I. ERANSKINA

ESKABIDEA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

KONPROMISOA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

DINAMIZATZAILEAREN IZENDAPENA

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN MARKAREN EZAUGARRIAK EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEA

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA

AURKEZTEN DIREN AGIRIAK

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA / ANEXO VI

DATUEN ALTA / DOAKION HIRUGARRENA

ALTA DATOS / TERCERA PARTE INTERESADA

(Véase el .PDF)

VII. ERANSKINA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala