251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
6515
354/2010 DEKRETUA, abenduaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueren hasiera eta bitarteko pertsonal eta materialetarako atxikimendurako baldintzak arautzen dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, bigarren xedapen gehigarrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua sortzen eta arautzen du zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, eta xedetzat du enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen erabateko garapenari laguntzea, eta gizarte- eta lurralde-kohesioari lagunduko dion lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen premiak asetzea, baita gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea ere, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu-politiken kudeaketaren bidez.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan hainbat erakundek garatu dituzten eginkizunak elkartzen dira, zehazki, honako hauek garatutakoak: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak (funtsean, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren bitartez), eta Egailan SA sozietate publikoak. Lanbide abian jartzeak, horrenbestez, enplegu-politiketara bideratutako gastu publikoaren administrazio-arrazionalizazioa eta eraginkortasun handiagoa faboratu behar ditu.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua sortu ondoren, eta Transferentzien Batzorde Mistoaren dagokion akordioa -enplegu-politika aktiboei buruzkoa- egin eta gero, ezinbestekoa da erakundeari dagozkion eginkizun eta eskumen guztiak gauzatzeko ardura duten langileak erakundeari atxikitzea.
Xede horrekin, adierazitako bigarren xedapen gehigarrian bildutako aurreikuspenen aplikazioa jasotzen du dekretuak; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Egailan SA sozietateko langileen artean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartutako eginkizunak zituztenak erakunde horretan txertatzeari buruzkoak dira arestian adierazitako aurreikuspenak. Aipatutako langileen artean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan txertatuko direnen barnean hartzen dira Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik datozen langileak. Langile horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari atxiki zitzaizkion, honako dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera: 289/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren subrogazioaren ondorio juridikoak zehazten ditu dekretuak, zehazki, erakundeak bere gain hartutako eginkizunei eta eskumenei dagozkion gaietan Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Estatuko Enplegu Publikoko Zerbitzuak eta Egailan SA sozietate publikoak aitortuta dituzten kontratu eta hitzarmenetan oinarria duten harreman juridiko subjektiboetan, eskubideetan eta betebeharretan. Orobat, espedienteak eskualdatzeko eta ondasunak esleitzeko (besteak beste) behar diren jardun guztiak ere biltzen ditu. Hori guztia, zerbitzuen jarraipena bermatzeko; izan ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo ditu zerbitzu horiek, jarduerak abian jarri ondoren.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren abiarazteak modu bateratu, integratu eta koherentean ematen dio jarraitutasuna Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Erkidegoko Administrazioak EAEn enplegu-politika aktiboen esparruan aurretik garatzen zuten jarduerari.
Horri guztiari jarraiki, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko abenduaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau,
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.- Helburua.
Dekretu honek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueren abiarazte ordenatua errazteko jomuga duten beharrezko administrazio-jardunak ordenatzeko xedea du.
2. artikulua.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduerari hasiera emateko eguna.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduerak 2011ko urtarrilaren 1ean hasiko dira.
II. KAPITULUA
PERTSONALA
3. artikulua.- Langileen araubidea jarduerak abiaraztean.
1.- Legeria aplikagarriari jarraiki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan hasiera batean txertatuko dira ondoren adierazitako erakundeetan Lanbidek bere gain hartutako eginkizunak izan zituzten langileak, lan-kontratudun langileak nahiz funtzionarioak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik transferitutako langileak, eta ondoren adierazten den dekretuaren dagokion eranskinean agertzen direnak: 289/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.
b) Egailan SA, Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Sozietatea.
2.- Funtzionarioen atxikimendua eta lan-kontratudun langileen subrogazioa dekretu honen hurrengo artikuluetan eta I. eranskinean ezarritako baldintzei jarraiki egingo dira. Nolanahi ere, Idazkaritza Nagusiak beharrezko egokitzapenak egin ahal izango ditu, zerbitzuaren ondoriozko premien arabera, eta kasu bakoitzean langileen lan-baldintzak arautzen dituen administrazio- edo lan-araudiak erabat errespetatuz.
4. artikulua.- Funtzionarioak atxikitzea.
1.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikitzen zaizkio, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko funtzionarioak izaki, Lanbidek bere gain hartutako eginkizunak esleituta dituzten langileak.
Langile horien zerrenda dekretu honen I. eranskinaren a) idatz-zatian xehatzen da, honako alderdi hauek zehaztuz: izen-abizenak, kidegoa, destinoa, enplegu-harremana, daukan lanpostua, daukan plazaren izena eta plaza zein egoeratan betetzen duen eta egungo administrazio-egoera.
Langile horiek Administrazio Orokorrarekin duten lotura ez da aldatuko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan sartzeagatik; horrela, Lanbideri atxiki aurretik zuten administrazio-egoerari eutsiko diote langile horiek.
2.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura atxikitzen dira, lekualdatu baino lehen zeukaten administrazio-egoerari eutsiz, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik Euskal Autonomia Erkidegora transferitutako langile funtzionarioak, ondoren adierazten den dekretuaren dagokion eranskinean agertzen direnak: 289/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.
Langile horien zerrenda dekretu honen I. eranskinaren b) idatz-zatian xehatzen da, honako alderdi hauek zehaztuz: izen-abizenak, destinoa, jatorrizko kidegoa eta eskala, enplegu-harremana, daukan lanpostua, daukan plazaren izena eta baldintza eta egungo administrazio-egoera.
3.- Aurreko puntuetan adierazitako funtzionarioek, zerbitzu-eginkizunean edo lanpostuari eusteko eskubidea sortzen duen egoeraren batean daudelako benetan ezein lanposturen titulartasunik ez badute, gaur egungo egoerari eusteko eskubidea izango dute. Orain Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan txertatuta dagoen lanpostura egoera hori amaitzean itzuli beharko dute adierazitako langileek.
4.- Bitarteko funtzionarioek loturari eutsiko diote titularra bere lanpostura itzuli arte, lanpostu hutsa erregelamenduari jarraiki betetzen denean, edota lanpostua amortizatzen denean, eta une horretan, Administrazio Orokorraren aldi baterako zerbitzuak emateko poltsan sartuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan nahiz jatorrizko administrazioan zerbitzuak ematen igarotako denbora guztia zenbatuz, aipatutako poltsetako baremazioa egiteko.
5.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikitako karrerako nahiz barneko funtzionarioen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzupeko funtzionarioen Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioa aplikatuko da.
5. artikulua.- Lan-kontratudun langileen subrogazioa.
1.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Langileen Estatutuaren 44. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lan-kontratudun langileen kontratuetan subrogatzen da, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik transferitutako langileak barne, ondoren adierazten den dekretuaren dagokion eranskinean agertzen direnak: 289/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera; eta baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartutako eginkizunen betearazpena esleituta duten Egailan SA sozietate publikokoak ere.
Langile horien zerrenda dekretu honen I. eranskinaren c) eta d) idatz-zatietan xehatzen da, honako alderdi hauek zehaztuz: izen-abizenak, enplegu-harremana, daukan lanpostua, kategoria, destinoa eta plaza zein egoeratan betetzen duen.
2.- Aldi baterako lan-kontratudun langileek erakundearekiko loturari eutsiko diote lan-kontratua iraungi arte, eta une horretan, Administrazio Orokorraren aldi baterako zerbitzuak emateko poltsan sartuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan nahiz jatorrizko erakundean zerbitzuak ematen igarotako denbora guztia zenbatuz, aipatutako poltsetako baremazioa egiteko.
6. artikulua.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko lanpostuen zerrenden onespena.
1.- Premiak aztertzeko dagozkion prozesuen ondoren eta plantilla onartu eta gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dagozkion lanpostuen zerrendak onetsiko ditu; zerrenda horiek egiteko, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako eta haren Erakunde Autonomoetarako oro har ezarritako irizpideei eta prozedurei jarraituko zaie, Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren dagokion aldez aurreko aginduzko txostena barne.
2.- Lanpostuen zerrenda horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, lanpostuak behin betiko beteko dira aplikatu beharreko prozedurei jarraiki, langileak funtzionarioak edota lan-kontratudunak ote diren kontuan hartuz, Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren dagokion aldez aurreko aginduzko txostena barne.
3.- Lanpostuen zerrendan bildutako ordainsari-kontzeptuak eta horien zenbatekoak Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzupeko langileentzat orokorrean ezarritakoen araberakoak izango dira.
7. artikulua.- Aldi baterako zerbitzuak emateko poltsak.
1.- Aldi baterako lan-kontratudun langileek erakundearekin duten lotura amaitzen denean, aldi baterako lan-zerbitzuak emateko poltsan sartuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako poltsan, hain zuzen.
2.- Nolanahi ere, eta aurreko guztiaz gain, aldi baterako lan-kontratudun langileak, jatorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko poltsaren batetik badatoz, eta Erakundearekiko lotura amaitzen bazaie, jatorrizko poltsan sartuko dira.
3.- Erakundeak antolatutako hautaketa-prozesuetatik datozen langileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako poltsetan sartu arte, berezko poltsen bitartez bete ezin diren langile-premiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta haren Erakunde Autonomoetan Aldi Baterako Zerbitzuak Emateko Langileak Hautatzeko indarreko Akordioan araututako lan-poltsetara joz beteko dira.
III. KAPITULUA
BESTE ALDERDI BATZUK
8. artikulua.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren subrogazioa aurretiaz zeuden harreman juridikoetan.
1.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik eta Egailan SA sozietate publikotik datozen eta bere gain hartuko dituen eginkizunen betearazpenari lotutako harreman juridiko subjektibo, eskubide eta betebehar guztietan subrogatzen da, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik datozen eta Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzen diren harreman juridiko subjektibo, eskubide eta betebehar guztiak barne.
2.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio esleitu zaizkion eginkizunei buruzko espedienteak ebaztea eta betearaztea, esparru horretan lehen ziharduten erakundeek hasi zituzten eta Lanbide erakundearen jarduerak benetan abiarazten diren egunean amaitzeke dauden espedienteak, hain zuzen ere.
Espediente horien entrega entrega- eta jasotze-akten bitartez formalizatuko da; Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Zerbitzuen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak eta Egailan SA sozietate publikoaren organo eskudunak (hurrenez hurren) sinatuko dituzte akta horiek erakundearen Baliabide Zuzendaritzarekin. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak hasi zituen eta amaitu gabe dauden espedienteen kasuan, erakunde horrekin hitzartzen diren terminoetan aginduko da horien entrega.
Paragrafo honetan xedatutakotik salbuetsita geratzen dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartutako eginkizunei buruzko gaiei dagozkien kontratazio-espedienteak, horiei dagokienez dekretu honen 9. artikuluan ezarritakoa beteko baita.
3.- Ekonomia eta Ogasun Sailak, hala dagokionean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beteko dituen eginkizunak egikaritzeko beharrezko baliabide ekonomikoen transferentziak egingo ditu.
9. artikulua.- Kontratazio-espedienteak.
1.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduerak hasteko datan izapidetze-fasean zeuden eta erakundeari esleitutako eginkizunekin harremana duen xedea duten kontratazio-espedienteei dagokienez, horiek hasi zituen organoak jarraituko du horien izapidetzea kontratua formalizatu arte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua horietan subrogatuz betearazteko ondorioetarako.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduerak hasteko datan kontratua dagoeneko formalizatuta zuten kontratazio-espedienteei dagokienez, horiek erakunde horretara bidaliko dira betearazteko.
2.- Kontratazio-espedienteen entrega entrega- eta jasotze-akten bitartez formalizatuko da, eta kasu bakoitzean organo eskudunek sinatuko dituzte. Akta horietan esanbidez jasoaraziko dira, hala badagokio, ordaintzeke edo kobratzeke dauden zenbatekoak.
3.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua artikulu honen indarrez aurreko kontratatzailearen posizio juridikoan subrogatu deneko kontratuek hasieran zeukaten izaera administratiboa edo pribatuarekin jarraituko dute, horiek erabat amaitu arte.
10. artikulua.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ondasun higiezinak.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 61. artikuluari jarraiki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikiko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko titulartasunekoak izaki hemendik aurrera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango dituen zerbitzu publikoaren eraginpeko ondasun higiezinak eta horien gaineko eskubideak, eta baita higiezin horietan kokatutako ondasun higigarri guztiak ere, dekretu honen II. eranskinean agertzen den zerrendaren arabera.
11. artikulua.- Nortasun korporatiboa.
1.- Dekretu honen III. eranskinean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erabiliko duen marka-irudia ikus daiteke, Eusko Jaurlaritzaren markarekin batera eta haren Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuan jasotako jarraibideak kontuan hartuz.
2.- Etorkizunean gai horren inguruan sar litezkeen aldaketak erakundeek sartuko dituzte, beti ere gai horren gainean aplikatu beharreko araudiak une bakoitzean aurreikusitako formaltasunei jarraiki.
12. artikulua.- Datu pertsonalen fitxategiak.
1.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartutako zerbitzuen erabiltzaileei buruzko datu pertsonalak jasotzen dituzten fitxategiak kudeatzeko ardura hartzen du, bereziki, batetik Estatuko Enplegu Zerbitzuak eta bestetik Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Langai Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez emandako bitartekotza-zerbitzuei dagozkienak.
2.- Fitxategietako titulartasun-baldintzak eguneratzeko, eta bereziki, bitartekotza-gaiari dagozkionak bateratzeko behar diren kudeaketa-lan guztiak egingo ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.
3.- Uneoro, informazioa konfidentzialtasunez tratatuko dela bermatuko da, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan araututako baldintzei jarraiki.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Administrazio Kontseilua.
1.- Dekretu hau argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita hamabost eguneko epean, Administrazio Kontseiluaren batzordekideak izendatzeko betebeharra duten (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuei jarraiki) sindikatuek eta enpresa-erakundeek titularrak, eta hala badagokio, ordezkoak izendatzeko dagozkien erabakiak hartuko dituzte, eta baita organoaren zuzendaritzan izendapen horiek jakinarazi ere. Idazkaritzak berehala jakinaraziko dizkio hautespen-erabakiak Enplegu eta Gizarte Gaien Saileko titularrari, Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkezteko eta bertan izendapena gauzatzeko.
2.- Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatuen gaur egungo ordezkagaitasunari jarraiki, Administrazio Kontseiluaren sindikatu-taldeko bost batzordekideen hasierako banaketa honako hau da:
1) Euzko Langileen Alkartasuna/Solidaridad de Trabajadores Vascos (ELA-STV): bi batzordekide.
2) Euskadiko Langile Komisioen Konfederazio Sindikalak (CCOO): batzordekide bat.
3) Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB): batzordekide bat.
4) Euskadiko Unión General de Trabajadores (UGT): batzordekide bat.
3.- Confebask Euskal Enpresa Konfederazioari dagokio enpresaburuen ordezkaritza osatuko duten batzordekideak izendatzea.
4.- Lehendakariak Administrazio Kontseilurako deialdia egiteko aukera izango du, beti ere berezkoak diren eta formalki izendatuta dauden batzordekideen kopurua bigarren deialdia egiteko behar bezala egiaztatzeko nahikoa bada, erakundearen estatutuetan horri dagokionez aurreikusita dagoenaren arabera.
5.- Lehen idatz-zatian ezarritako epea amaitu ondoren, sindikatuetako batek organoaren Idazkaritzan ez badu jakinarazi dagozkion batzordekideen izendapena, hutsik dauden lekuak izendapen-erabakiak jakinarazi dituzten erakundeen artean banatuko ditu Lehendakaritzak, bakoitzaren ordezkagaitasunaren arabera. Horrela, batzordekide berriak izendatzeko eskubidea duten sindikatuei jakinaraziko zaie erabaki hori, organoaren Idazkaritzan dagozkion izendapen-erabakiak jakinarazteko hamabost eguneko epea emanez.
6.- Zuzendaritza Nagusiaren eta Zerbitzu Zentraletako Zuzendaritzen ardura lehen aldiz hartuko duten pertsonen izendapenari dagokionez, dagozkion proposamenak aurretiaz jakinarazteko izapidea Administrazio Kontseiluan dauden gizarte-eragileei egingo zaie, eta hori jasota geratuko da.
Bigarrena.- Aurrekontuan aldaketak egiteko baimena.
Ekonomia eta Ogasun Sailari baimena ematen zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide publikoko erakundearen aurrekontuetan aldaketak egiteko, aldaketa horiek dekretu honetan araututako jardunen ondoriozkoak badira eta Administrazio Orokorraren aurrekontuko kredituekin finantzatzen badira.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko lanpostuak eta lanpostu horiek beteko dituzten pertsonak bilduko dituen zerrenda argitaratu arte, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Zerbitzuen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak laguntza eta babesa emango dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, esleitu zaizkion eginkizunak behar bezala gauza ditzan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Egailan SA sozietate publikoa iraungitzea.
Egailan SA sozietate publikoa iraungitzeko eta likidatzeko baimena ematen da.
Bigarrena.- Indarrean sartzea.
Dekretu hau 2011ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko abenduaren 22an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.