Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
6514

AGINDUA, 2010eko abenduaren 3koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren Zerbitzuaren emakidadunek 2011. urtean ezar ditzaketen tarifak arautzen dituena.

Apirilaren 4ko 60/2000 Dekretuan (martxoaren 16ko 48/2004 Dekretuak aldatua) arautu ziren ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzuaren emakidadunei izendatu ahal zaizkien eginkizunak, hau da, ibilgailu automobilen segurtasunaren arloko azterketak, izapideak eta kudeaketa.

Apirilaren 4ko 60/2000 Dekretuaren 7. artikuluan xedatzen denez, dekretu hori garatzeko xedapenetan aurreikusitakoak izango dira azterketa teknikoaren zerbitzuengatik ezarriko diren tarifak. Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoa ere kontuan hartu beharko da.

Apirilaren 4ko 60/2000 Dekretua indarrean sartu ostean, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko uztailaren 19ko Aginduak arau-testu berean batu zituen Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren arloan indarrean zeuden tarifa guztiak (2000-09-14ko EHAA).

Bestalde, tarifak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko abenduaren 2ko Aginduaren bidez eguneratu ziren azken aldiz. Izan ere, Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren Zerbitzuaren emakidadunek alor horretan 2010ean ezar zitzaketen tarifak arautu ziren agindu horren bidez.

Ondorioz, apirilaren 4ko 60/2000 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraiki,

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren Zerbitzuaren entitate emakidadunek, aldizka egin beharreko azterketak egiten dituztenean, ezar ditzaketen tarifak agindu honetako I. eranskinean jasotakoak dira. Eta ziklomotorrek azterketa teknikoak pasatu behar dituztenez gero, I. eranskineko 1. kategoriari doakion tarifa aplikatuko zaie.

2. artikulua.- Agindu honen II. eranskinean daude jasota Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren Zerbitzuaren entitate emakidadunek, erreforma garrantzitsuak arautu zirenetik egin beharreko azterketa teknikoak egiten dituztenean, ezar ditzaketen tarifak.

Erreforma garrantzitsuak hiru motatan sailkatu dira, ezarri beharreko tarifa hobeto zehaztu ahal izateko. Hona hemen sailkapena:

1. mota:

1.1.- Motorra aldatzea, eta haren ordez beste marka bateko edota beste mota bateko motorra jartzea.

1.2.- Ezgaituek erabili ahal izateko egin beharreko egokitzapenak, baldin eta gidatzeko managailuetan edota segurtasunean eragina izan dezaketen bestelako elementuetan aldaketarik egiten bada.

1.3.- Suspentsio-sistema aldatzea, M1 kategoriako ibilgailuetakoa izan ezik.

1.4.- Ardatz gehigarriak muntatzea edo ardatz bikoitzen (tandem) ordez ardatz hirukoitzak (tridem) ipintzea, edo alderantziz.

1.5.- Bastidorea edo egitura autosostengatzailea erreformatzea, baldin eta tamaina edo ezaugarri mekanikoak aldatzen badira, edo karrozeria guztia aldatzea, eta haren ordez beste ezaugarri batzuk dituen karrozeria ipintzea.

1.6.- Edozein kamioi aldatu eta brozel-kamioi, kamioi zisterna, kamioi isotermo edo kamioi hozkailu, kamioi garabi, kamioi traktore, hormigoi-kamioi, edukiontzi edo ibilgailuak eramateko kamioi bihurtzea.

1.7.- Ibilgailua auto-eskolako ibilgailu bihurtzea, motozikletak izan ezik.

1.8.- Ibilgailua ibilgailu blindatu bihurtzea, baita jatorrizko izaerara itzultzea ere.

1.9.- Karrozeriaren erresistentziari edo karrozerien barruko egokitzapenari eragin diezaioketen aldaketak: anbulantzia, hileta-ibilgailua, autokarabana edo, karrozeria autosostengatzailea bada, sabai jasoa ipintzea.

1.10.- Ardatza aldatzea eta beste ezaugarri batzuk dituena jartzea.

1.11.- Aplikazio jakin baterako prestatua dagoen N eta O kategoriatako ibilgailua aldatzea, eta haren egitura edo karrozeria aldatzeko eskatzen duen aplikazio baterako prestatzea.

1.12.- Ibilgailuaren kategoria aldatzea eragiten duten erreformak, betiere, 70/156/EB, 74/150/EB eta 92/61/EB zuzentarauetan edo 2140/1985 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

1.13.- Aipatu gabeko gainerako erreformak, aurrekoetan sar daitezkeenak.

2. mota:

2.1.- Motorra aldatzea, baldin eta motorraren ezaugarri mekaniko edo termodinamikoak aldatzen badira, baita jatorrizko egoerara itzultzea ere.

2.2.- Motorra tokiz aldatzea.

2.3.- Erregaiaren konbustio-sistema aldatzea, baldin eta aukera ematen badu ibilgailuak erabili ohi duen sistemaren ordez beste ezaugarri batzuk dituen konbustio-sistema erabiltzeko, edo baldin eta bata zein bestea erabiltzeko aukera ematen badu, baita jatorrizko izaerara itzultzea ere.

2.4.- Direkzio-sistema aldatzea.

2.5.- Bereizgailuak edo gurpilak muntatzea, baldin eta ez badituzte jatorrizko bereizgailuen eta gurpilen ezaugarri berak.

2.6.- Ardatzen arteko tartea edo hegada aldatzea.

2.7.- Onargarria den Gehienezko Masa Teknikoa aldatzea eta gutxitzea edo jatorrizko egoerara itzultzea ibilgailuan aldaketak eginez.

2.8.- Eserleku kopurua aldatzea, baldin eta kopuru hori ez badago jasota ibilgailu-motaren homologazioan eta, hala dagokionean, zutik joateko plaza kopurua aldatzea eta eserleku tolesgarriak gehitzea.

2.9.- Pertsonak garraiatzeko ibilgailua gauzak garraiatzeko ibilgailu bihurtzea edo alderantziz.

2.10.- Edozein kamioi aldatu eta kutxa ireki bihurtzea.

2.11.- Auto-eskolako aginteak desmuntatzea, motozikletatakoak izan ezik.

2.12.- Kamioi baten kabinaren kanpoaldeko tamaina, altuera edo tokia aldatzea, baita hasierako egoerara itzultzea ere.

2.13.- Sabaia jasotzea, baldin eta karrozeria autobastidore baten gainean muntatuta badago.

2.14.- Atoian eramateko tresnak ipintzea (kakoa, bola, bosgarren gurpila).

2.15.- Jasogailu hidraulikoak edo elektrikoak ipintzea, salgaiak kargatzeko.

2.16.- M1 kategoriako ibilgailuetako sabaia aldatzea.

2.17.- Erregai-ontzi osagarriak ipintzea, edo aldatzea.

2.18.- Arrapalak, jasogailuak edo bestelako sistema homologatuak edo UNE 26494 araua betetzen dutenak ipintzea, pertsonak errazago sartu eta atera daitezen.

2.19.- Ibilgailu motaren homologazioan sartuta ez dagoen trakzio-mekanismoa ipintzea.

2.20.- Ibilgailuaren eserlekuak kentzea mugikortasun urriko pertsonen gurpil-aulkiak oratzeko tresnak eta guneak ipintzeko, eta alderantziz.

2.21.- Gehienez ere 9 eserleku dituen ibilgailuan -gidariarena barne- eserlekuak aldatzea, eta nekazaritzako ibilgailuetan ibilgailu motaren homologazioan sartuta ez dauden beste batzuk ipintzea.

2.22.- Nekazaritzako traktoreetan ibilgailu motaren homologazioan sartuta ez dagoen gidariarentzako babes-egitura ipintzea.

2.23.- Nekazaritzako edo basogintzako traktoreetan, lanerako tresna edo makina laguntzaileak behin betiko instalatzea.

2.24.- Nekazaritzako edo basogintzako traktoreetan, atoian daramaten ibilgailurako balazta-agintea instalatu edo desmuntatzea.

2.25.- Motorra aldatzea, eta haren ordez beste aldaera bati dagokiona ipintzea, baita jatorrizko egoerara itzultzea ere.

2.26.- Ibilgailu motaren homologazioan sartuta dauden pneumatikoak kentzea eta haien ordez baliokide ez diren batzuk ipintzea.

2.27.- Taximetrodun taxien altak eta bajak.

2.28.- Bidearen zabalera aldatzea.

2.29.- Alboko edo atzeko estriboak, aurreko edo atzeko babeskiak edo ordezko gurpila atzeko atean jartzeko euskarriak ipintzea.

2.30.- Aipatu gabeko gainerako erreformak, aurrekoetan sar daitezkeenak.

3. mota:

3.1.- Balaztatze-sistema aldatzea.

3.2.- Motelgailua edo motor-balazta ipintzea, baita jatorrizko egoerara itzultzea ere.

3.3.- Eskuz erabiltzeko martxa-kutxaren ordez martxa-kutxa erdiautomatikoa edo automatikoa ipintzea edo alderantziz, edo martxa kopuru desberdineko kutxa ipintzea.

3.4.- Lineako azterketarik behar ez duten gidatzeko aginteak instalatzea eta desmuntatzea, pertsona ezgaituek erabili ahal izateko.

3.5.- Bereizgailuak desmuntatzea edo jatorrizko gurpilak jartzea.

3.6.- Ibilgailua hegadaren jatorrizko egoerara itzultzea.

3.7.- Onargarria den Gehienezko Masa Teknikoa gutxitzea edo jatorrizko egoerara itzultzea, ibilgailuan aldaketarik egin gabe.

3.8.- Eserleku tolesgarriak kentzea.

3.9.- Pertsonak edo gauzak garraiatzeko ibilgailua jatorrizko egoerara itzultzea.

3.10.- Motozikleta auto-eskola erabilerarako eraldatzea eta alderantziz.

3.11.- Atoian eramateko tresnak kentzea (kakoa, bola, bosgarren gurpila).

3.12.- Salgaiak kargatzeko jasogailu hidraulikoak edo elektrikoak desmuntatzea.

3.13.- M2 eta M3 kategoriatan sabaia aldatzea eta M1 kategorian jatorrizko egoerara itzultzea.

3.14.- Errepideko argiaren proiektoreak ipintzea edota kentzea.

3.15.- Jatorrizko bolantearen ordez bolante txikiago bat ipintzea, baldin eta bolante bien kanpoaldeko diametroen arteko tartea jatorrizko bolantearen diametroaren ehuneko 10etik ehuneko 15era artekoa bada; baita jatorrizko egoerara itzultzea ere.

3.16.- Erregai-ontzi osagarriak desmuntatzea.

3.17.- Norberaren erabilerako M1 eta N1 kategoriatako ibilgailuetan bidaiariak erraz sartu eta irteteko jasogailuak eta bestelako sistemak instalatzea eta horiek desmuntatzea edozein motatako ibilgailuetan.

3.18.- Arrapalak, jasogailuak edo bestelako sistemak ipintzea eta kentzea, zamalanak errazago egiteko.

3.19.- Ibilgailu motaren homologazioan sartuta dagoen trakzio-mekanismoa ipintzea eta edozein trakzio-mekanismo desmuntatzea.

3.20.- Mugikortasun urriko pertsonen gurpil-aulkiei eusteko tresnak eta eserlekuak jatorrizko egoerara itzultzea.

3.21.- Ibilgailu motaren homologazioan jasota ez dauden eserlekuak jatorrizko egoerara itzultzea.

3.22.- Nekazaritzako edo basogintzako traktoreetan, lanerako tresna edo makina laguntzaileak behin betiko desmuntatzea.

3.23.- Gidaririk gabe alokatzeko ibilgailuak edo autoturismoak klasifikatzea eta desklasifikatzea, baita salgaien zerbitzu publikoaren baja eta sailkapenetako bestelako aldaketak ere.

3.24.- Bederatzi plaza dituzten -gidaria barne- ibilgailuen eta adin txikikoen eta eskolako garraioaren altak eta edozein motatako ibilgailuen bajak.

3.25.- Alboko edo atzeko estriboak, aurreko edo atzeko babeskiak eta ordezko gurpilaren euskarria desmuntatzea.

3.26.- Argi dirdiratsu edo birakariak ipintzea edo kentzea.

3.27.- BGM (Baimendutako Gehienezko Masa) gutxitzea.

3.28.- Aipatu gabeko gainerako erreformak, aurrekoetan sar daitezkeenak.

Edozelan ere, multzo funtzional moldagarriren bat ipintzen bazaio ibilgailuari, hau da, «kit» bat ipintzen bazaio, eta hori ipintzeak aipatu erreformaren bat egin beharra badakar, erreforma horri dagokion tarifa bera aplikatuko zaio dena delako «kit» hori erregularizatzeko.

3. artikulua.- Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren Zerbitzuaren entitate emakidadunek 1. motako erreforma garrantzitsuengatik (proiektu eta ibilgailu-pisatzerik gabe) aplikatzen diren tarifak -2. artikulua- aplikatuko dituzte honako kasuetan: Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren txartel bikoitza ematen denean, baita matrikula aldatzen, ibilgailua historiko gisa katalogatzen, istripu bereziki larriak dituzten ibilgailuen ohiz kanpoko azterketa egiten eta bajan zegoen ibilgailua gaitzen denean ere.

4. artikulua.- III. eranskinean daude jasota Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren Zerbitzuaren entitate emakidadunek aplikatu beharko dituzten tarifak, honako hauek egiten dituztenean: batetik, Europako Batasunetik, Europako Ekonomiagunetik edo beste herrialde batzuetatik datozen ibilgailuak -matrikulatuak edo ez- matrikulatu aurreko izapideak eta azterketak egiterakoan; eta bestetik, kabinako txasis edo autobastidoreen gainean karrozeria jarri zaien ibilgailuei dagozkienak egiterakoan.

5. artikulua.- III. eranskinean daude jasota Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren Zerbitzuaren entitate emakidadunek aplikatu beharko dituzten tarifak, honako hauek egiten dituztenean: salgai arriskutsu eta galkorrak garraiatzeko ziurtagirien luzapenak egiteko azterketak, ibilgailuak pisatzekoak, bigarren faseko jatorrizko azterketak, aldiro-aldirokoak, taximetroak konpondu edo taximetroetan aldaketak egin osteko azterketak, adin txikikoen eta eskola garraioaren azterketa berezia, eta salaketa edo borondatezko eskabidea dela-eta egindako azterketa partziala.

6. artikulua.- Agindu honetako 1., 2., 3., 4. eta 5. artikuluetan ezarritako tarifek bigarren azterketa ere barne hartzen dute, bigarren faseko jatorrizko azterketak, aldizkakoak eta taximetroak aldatu edo taximetroetan aldaketak egin osteko azterketak salbu. Lehenengo azterketan aurkitutako akatsak konpondutakoan egiten da bigarrena. Lehenengo azterketa egiten denetik hilabeteko epean egin beharko da bigarrena.

Tarifek ez dute bigarren azterketa barne hartzen denuntziagatiko azterketa kasuetan edo borondatez eskatzean.

7. artikulua.- Ibilgailuaren titularrak azterketa ITV-IAT aztertokitik kanpo egiteko eskatzen duenean, eta hori posible denean, entitate emakidadunak joan-etorri gastuengatik 0,60 euro/km-ko kobratu ahalko du, eta gutxienez, 11,80 euro fakturatuko ditu egiten duen irteerako. Fakturak azterketa egitera joateko erabilitako ibilgailuaren eta mugitu diren ikuskatzaileen gastuak jasoko ditu, eta emakida-gune bakoitzaren barruan hurbilen dagoen ITV-IAT aztertokitik aztertu beharreko ibilgailua dagoen tokiraino fakturatuko da. Azterketa estazio mugikorren barruko ikuskaritza programazioaren barrukoa denean, ez da joan-etorria fakturatuko.

8. artikulua.- Agindu honetako tarifen eguneratzea urtero egingo da urriaren urtetik urterako KPI aldaketa aplikatuz. Eguneratutako tarifak hurrengo urteko urtarrilaren batetik aurrera aplikatuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

2011ko urtarrilaren 1etik aurrera indargabetu egiten da Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren Zerbitzuaren emakidadunek alor horretan 2010ean ezar ditzaketen tarifak arautzen dituen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko abenduaren 2ko Agindua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Industria Administrazioan eskumena duen zuzendariari ahalmena ematen zaio agindu hau eta aplikatu beharreko araudia interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak erabakitzeko, baita agindu hau garatzeko beharrezko diren xedapenak emateko ere.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean. Legezko ondorioak, dena den, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 3a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza

eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

I. ERANSKINA

ALDIZKAKO AZTERKETENGATIKO TARIFAK

Ibilgailu mota Tarifa (BEZa barne)

1. kategoriako ibilgailuak

(Motozikletak, ziklomotorrak eta motordun ibilgailuak, gehienez hiru gurpilekoak) 21,20 euro

2. kategoriako ibilgailuak

(Automobilak, koadrizikloak eta 3.500 kg-ra arteko BGMa duten salgaien ibilgailuak) 39,20 euro

3. kategoriako ibilgailuak

(3.500 kg-tik gorako BGMa duten salgaien ibilgailuak, eta pertsonak garraiatzeko diren ibilgailuak, bederatzi plaza baino gehiagokoak) 57,90 euro

Atoiak eta erdiatoiak 33,55 euro

Traktoreak eta nekazaritzako makinak 33,55 euro

Azterketen tarifetarako, koadrizikloak ibilgailu arintzat hartuko dira.

II. ERANSKINA

ERREFORMEN TARIFAK

Erreforma garrantzitsuen azterketa teknikoetan aplikatu behar diren tarifak jasotzen dira eranskin honetan. Tarifa horiei, gainera, beste tarifa bat aplikatuko zaie erreformaren izapideak egiteagatik.

Erreforma egitean ibilgailuaren masa edo ardatzen banaketa aldatzen bada, azterketa teknikoagatiko tarifaz aparte, pisatze-tarifa ere ezarriko da.

Erreforma bat egiteko proiektua aurkeztu behar denean, proiektua ikuskatzeagatiko tarifa ere ezarriko da.

Erreformak taximetroaren egiaztapen metrologikoa dakarrenean, egiaztapenari dagokion tarifa ere ezarriko da.

Ibilgailu mota Tarifa (BEZa barne)

1. mota 2. mota 3. mota

1. kategoriako ibilgailuak

(Motozikletak, ziklomotorrak eta motordun ibilgailuak, gehienez hiru gurpilekoak) 21,20 euro 10,60 euro 5,30 euro

2. kategoriako ibilgailuak

(Automobilak, koadrizikloak eta 3.500 kg-ra arteko BGMa duten salgaien ibilgailuak) 39,20 euro 19,65 euro 9,80 euro

3. kategoriako ibilgailuak

(3.500 kg-tik gorako BGMa duten salgaien ibilgailuak, eta pertsonak garraiatzeko diren ibilgailuak, bederatzi plaza baino gehiagokoak) 57,90 euro 28,95 euro 14,45 euro

Atoiak eta erdiatoiak 33,55 euro 16,75 euro 8,35 euro

Traktoreak eta nekazaritzako makinak 33,55 euro 16,75 euro 8,35 euro

Proiektua ikuskatzea 16,05 euro 16,05 euro 16,05 euro

III. ERANSKINA

BESTE AZTERKETA BATZUEN TARIFAK

Azterketa mota Tarifa (BEZa barne)

Salgai arriskutsuen edo galkorren garraio-ziurtagiriaren luzapena 2. mota + Izapideak

Izapidea 11,10 euro

Ibilgailuen pisaldia 14,20 euro

2. faseko jatorrizko egiaztapena, aldizkakoa eta taximetroak konpondu edo taximetroetan aldaketak egin osteko egiaztapena. 22,75 euro

Ibilgailuak matrikulatu aurreko azterketak 32,15 euro

Adin txikikoen eta eskola-garraioaren azterketa bereziak 23,50 euro

Denuntziagatiko edo borondatez eskatzen den zatikako azterketa 3. mota aztertutako kontzeptu bakoitzeko. 1. motako gehienezko tarifa

OHARRAK:

1.- Matrikulatu aurreko azterketagatiko tarifari, aldizkako azterketagatiko tarifa gehituko zaio, ibilgailuaren kategoriaren arabera, eta, kasuan kasu, garrantzizko erreformak erregularizatzearen eta pisatzearen izapideena ere bai.

2.- Eskola-garraioaren azterketa berezia ibilgailu astunei aplikatuko zaie, eta aldizkako azterketako tarifari gehituko zaio.

3.- Eskola-garraioko altako erreformetan eskola-garraioaren tarifa bera aplikatuko da, erreformakoari gehituko zaizkiolarik.

4.- Ibilgailu arinei, gehienetan taxiei, ez zaie aplikatuko eskola-garraioaren tarifa kasu hauetan: taxi bidezko eskola-garraioaren azterketa bereziak badira eta horiek ibilgailuren aldizkoarekin batera egiten badira; eskola-garraioari dagokiona bakarrik egiten bada aplikatu egin beharko da.


Azterketa dokumentala