Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
6512

6/2010 LEGEA, abenduaren 23koa, Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzkoa.

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 23ko 6/2010 Legea -Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzkoa- onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Instituzio publikoek herritarrekin duten komunikazioan bada oinarrizko eta funtsezko printzipio zuzendari bat, hain zuzen ere informazio egiazkoa eta objektiboa ematearen printzipioa; informazio hori mezu komunak orokorrean zabaltzera bideratuko da eta horren arabera antolatuko, aipatu instituzioek egiten dituzten zerbitzuak eta gauzatzen dituzten jarduerak ezagutzera emateko.

Informazioak zein komunikazioak berebiziko garrantzia hartu dute gaur egungo gizartean, halako moldez non botere publikoek herritarrei zuzentzen dieten mezu-jarioa nabarmen handitu den. Administrazio publikoen ekintza exekutibo horrek, «publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalak» izendapen orokorraren pean bildurik, berea ez besterena den xedea du: herritarrek beren eskubideak erabil ditzaten bideratzea eta beren betebeharrak bete ditzaten sustatzea, baliabide publikoen erabilera onerako desegokiak diren helburuak ezarri edo estali gabe. Jarduera horrek zailtasun tekniko nabariak ditu, eragin handia du gizartean eta kontuzko edukiak izaten ditu askotan; hori dela eta, jarduera horri zer esparru dagokion argi zehazteko, lege bat egin behar da.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 9.2 artikuluak euskal botere publikoei agintzen die herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilera egokia begiratzea eta bermatzea eta herritar horien askatasuna eta berdintasuna sustatzea, bai eta Euskal Herriko politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-arloetako bizitzan herritar guztien partaidetza bideratzea ere. Agindu hori bete dadin, botere publikoei dagokie aipatutako sustapena eta partaidetza bultzatzeko beharrezkoak diren mezuak helarazi eta zabaltzea. Hortaz, informazioa eta komunikazioa instituzioen betebehar bihurtzen dira; izan ere, zenbat eta egiazkoagoa eta objektiboagoa izan botere publikoen jarduketei eta zerbitzuei buruz ematen den informazioa, orduan eta eraginkorragoak izango dira herritarren parte-hartzea eta botere publikoen eginkizunen kontrol demokratikoa, eta hori oso garrantzitsua da sistema demokratiko baten kalitaterako.

Autonomia Estatutuaren 10. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du bere autogobernu-instituzioen antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan, barneko hauteskunde-legegintzan eta publizitatean. Administrazioen eta herritarren arteko informazio-harremanak antolatzera zuzentzen den eginkizun hori, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko maila instituzional guztietarako dago bermatuta; izan ere, autoantolatzeko ahala instituzio bakoitzak dituen oinarrizko erakunde-arauetan jasotzen da. Beraz, kontuan hartu behar den eduki-arau nagusia eta orobat eskumen-titulu behinena administrazio publikoen araubide juridikoarena da.

Helburu horiek betetzeko, lege honek, lehenik eta behin, ondo zehazten du publizitate eta komunikazio instituzionalaren xedea, eta garapen-gunea ezartzen du, zabal daitezkeen eduki eta mezuak zerrendatuz, eta halaber ezartzen du bere eremu subjektiboa, zein subjektu publikori zuzentzen zaion zehaztuta.

Bigarrenik, publizitate instituzionalaren edukiaren betekizunak ezartzen ditu, baita hark izango dituen debekuak ere -eta, horretarako, Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 29ko 29/2005 Legearen 4. artikuluan oinarri-oinarrizko debeku moduan biltzen diren debekuak jasotzen ditu-, betiere instituzioen arteko leialtasuna begiratuta, eta, aldi berean, beste instituzio, erakunde edo pertsona batzuen jarduera zalantzan jartzea eragozten du; herritar guztiek informazioa eskuratzeko aukera izango dutela bermatzen duten jokabide, euskarri eta mezuak bultzatzen ditu, eta ingurumenarekiko errespetua, berdintasunaren aldeko politikak eta komunitatearen gainerako balioak sustatzen ditu.

Hirugarrenik, arlo honetan egiten diren kontratuak esleitzeko irizpide nagusiak ezartzen ditu; eta jarduera hau hauteskunde-garaian erregulatzeko arauak ere ematen ditu, betiere indarrean dagoen hauteskunde-araudiari jarraituz.

Azkenik, publizitate eta komunikazio instituzionala lege honi jarraituz egingo dela ziurtatzearren, berme-sistema bat arautzen du, berariazko organo eta prozedura batzuk sortuz, euskal sektore publiko osoan lege honetan ezarritako printzipio orokor eta oinarrizkoak bete daitezen, bai eta sustatzen diren kanpaina zehatzetan duen aplikazioa ere, eta, halaber, bide bat arautzen da herritarrek lege-debekuen aurkako jarduerak bertan behera uzteko edo zuzentzeko eskaria egiterik izan dezaten.

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Legearen xedea.

Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta haren sektore publikoa osatzen duten erakundeek egiten dituzten publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalen araubide juridikoa ezartzea, edozein delarik ere kanpainok egiteko erabiltzen den euskarria.

Lege honen aplikaziotik kanpo geratzen da arau-xedapen, ebazpen eta egintza administratibo edo judizialak argitaratzea eta hedatzea, baldin eta hori lege-agindu bidez ezarrita badago, eta orobat geratzen da kanpo agindu horrek eragindako jarduera publikoei buruzko gainerako informazioa, bai eta merkatu-, industria-, edo merkataritza-jarduera bat gauzatzean egiten den publizitatea ere.

2. artikulua.- Legearen eremu subjektiboa.

1.- Publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalek lege honek agintzen duena izango dute araubide, kanpainak honako hauek eginak direnean:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta Administrazio instituzionala.

b) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu hori) 7. artikuluaren 4. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan zerrendatuta dauden erakundeak.

2.- Eusko Legebiltzarrari, haren mendeko organo eta mandatariei, batzar nagusiei eta gainerako euskal administrazio publikoei, foru- eta toki-administrazioei, haien partzuergoei eta bakoitzaren sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeei, aplikaziokoa izango zaie lege honetako I. kapitulua.

3. artikulua.- Kanpaina instituzionalen definizioa.

Lege honen ondorioetarako, hauek joko dira publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionaltzat:

a) Publizitateko kanpaina instituzionala: mezu edo helburu komun bat zabaltzera bideratu eta antolatutako jarduera oro, hartzaile askori zuzendua bada, ordaindutako edo lagatako publizitate-euskarria baliatzen badu eta 2. artikuluan aipatzen diren subjektuetako batek egiten edo sustatzen badu.

b) Komunikazioko kanpaina instituzionala: hertsiki publizitatekoak ez diren komunikazio erak erabiliz, 2. artikuluan aipatzen diren subjektuetako batek hartzaile askori mezu edo helburu komun bat zabaltzeko egindakoa.

4. artikulua.- Kanpaina instituzionalen betekizunak.

1.- Publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalak egin ahal izango dira honako helburu hauetakoren bat dutenean:

a) Herritarrei informazioa ematea legez dagozkien eskubide eta betebeharrez, instituzio publikoen funtzionamenduko alderdi garrantzitsuez eta gune eta zerbitzu publikoetara irispidea izateko eta gune eta zerbitzu horiek erabiltzeko baldintzez.

b) Hauteskunde-prozesurik edo herri-kontsultarik denean, herritarrak horretaz informatzea.

c) Arau-xedapenen edukiaren zabalkundea egitea, haien berritasunagatik eta gizartean duten eraginagatik neurri osagarriak beharrezkoak direnean herritarrek xedapen haiek ezagutu ahal izateko.

d) Enplegu publikoaren eskaintzen zabalkundea egitea, duten garrantzi eta interesagatik hala komeni denean.

e) Ordena edo segurtasun publikoko neurriak hartuko direla jakinaraztea, hartzaile askori eragiten dietenean.

f) Arriskuei aurrea hartzeko neurriak edo pertsonen osasunaren edo natura-ondarearen aurkako edozein eratako kalteak ezabatzen lagunduko dutenak iragartzea.

g) Sektore ekonomikoak babestea, batez ere kanpoan, produktuen merkaturatzea sustatzea eta inbertsioak erakartzea.

h) Euskal Herriko hizkuntzen eta ondare historiko, kultural eta naturalaren zabalkundea egitea.

i) Gizartearentzat garrantzia eta interesa duten programa eta jarduera publikoak jakinaraztea.

j) Lege honetako 2. artikuluan aipatutako erakundeek ematen dituzten zerbitzuak eta gauzatzen dituzten jarduerak sustatzea edo zabaltzea.

k) Balio eta printzipio konstituzionalen zabalkundea eta ezaguera sustatzea.

2.- Publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalak interes publikoko arrazoiak daudenean eta eskumen propioak erabiltzean bakarrik gauzatuko dira.

3.- Kanpaina instituzionalek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen lagunduko dute, gizartean dagoen aniztasun sozial eta kulturala errespetatuko dute eta haurrak eta nerabeak babestuko.

4.- Kanpaina instituzionalak bat etorriko dira beti hainbat printzipioren eskakizunekin, hala nola interes orokorraren, instituzioen arteko leialtasunaren, egiatasunaren, gardentasunaren, eraginkortasunaren, erantzukizunaren, eragimenaren eta gastu-zorroztasunaren printzipioen eskakizunekin.

5.- Publizitate instituzionalak gomendioak egiten dituzten edo lekukotasunak ematen dituzten pertsonak erabiltzen baditu, bai gomendioek bai lekukotasunek egia izan beharko dute abiapuntu, hala pertsonari nola edukiari dagokienez, eta, ondorioz, kasu errealak planteatuko dira edo, dramatizazioa baldin bada, hala dela jakinaraziko.

5. artikulua.- Debekuak.

1.- Ezingo da publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalik sustatu edo kontratatu kasu hauetan:

a) Kanpainaren helburua lege honetako 2. artikuluan aipatzen diren subjektuek lortutako helburuak edo haien kudeaketa-lorpenak nabarmentzea bada.

b) Kanpainak argi eta garbi kalte egiten badie beste botere publiko batek bere eskumenak baliatuta zilegitasun osoz egindako politika publikoei edo zeinahi jarduerari, edo halako politikak edo jarduera oztopatu edo nahaspilatzen baditu.

c) Kanpainak mezu diskriminatzaileak, sexistak edo printzipio, balio eta eskubide konstituzionalen aurkakoak badauzka.

d) Kanpainak zuzenean nahiz zeharka indarkeria edo ordenamendu juridikoaren aurkako jokabideak bultzatzen baditu.

2.- Publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalen aurkezpenak edo mezuek ezingo dute nahasbiderik eragin edozein alderdi politikok edo gizarte-erakundek erabilitako sinbolo, goiburu, ideia, esaera, diseinu edo irudiekin.

3.- Publizitate instituzionalak ez du errakuntzarik eragin behar, ez anbiguotasunagatik, ez datu ez-zuzenengatik, ez omisioagatik, ez beste ezerengatik.

4.- Ezingo da zabaldu argi identifikatzen ez den eta administrazio edo erakunde sustatzaile edo kontratatzailearen berariazko aipamenik jasotzen ez duen publizitateko kanpaina instituzionalik.

5.- Erabat debekatuta dago inolako publizitate ez-zilegirik erabiltzea publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionaletan, halako publizitatea Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorreko 3. artikuluan ez-zilegitzat jo direnen artean badago.

6. artikulua.- Eskuragarritasuna.

Publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionaletako informazio osoa eskuratzeko modua ezarriko da edozein eratako desgaitasunen bat duten pertsonentzat.

7. artikulua.- Ingurumena errespetatzen duten euskarriak sustatzea.

Lehentasuna emango zaie, betiere kanpainaren eraginkortasuna murrizten ez badute, ingurumena gehien errespetatzen duten euskarriei. Horretarako, baldintza hori berariaz jasoko da publizitateko kanpainak esleitzeko baldintza-agirietan edo eskaintzetan.

8. artikulua.- Bermeak.

1.- Antolamendu juridikoan aurreikusitako errekurtsoak baliatzeari utzi gabe, eskubide edo interes zilegiren bat daukaten pertsona fisiko nahiz juridikoek, bai eta erasanak diren edo eskubide eta interes zilegi kolektiboak defendatzeko legez gaituta dauden korporazio, elkarte, sindikatu eta talde eta erakundeek ere, eskatu ahal izango dute berehala bertan behera utz edo zuzen daitezela lege honetan jasotako debekuren bat hausten duten kanpainak, 4 eta 5. artikuluetan ezarritakoa urratu delako.

2.- Kanpaina bertan behera uzteko edo zuzentzeko eskaria, betiere, lege honi atxikitako administrazio publikoen antolaketa-arauek horretarako ezartzen duten organoan aurkeztuko da.

3.- Bertan behera uzteko eskaria publizitateko edo komunikazioko jarduera hasten denetik eskatu ahal izango da, eta jarduerak irauten duen bitartean. Zuzentzeko eskaria, ordea, jarduera amaitu eta ondorengo zazpi egun igarotzen diren arte egin ahal izango da.

4.- Artikulu honetako 2. paragrafoan aipatzen den organoak gehienez ere sei eguneko epean emango du ebazpena. Ebazpen hori bete beharrekoa izango da eta administrazio-bideari amaiera emango dio. Jarduera bertan behera utzi behar dela ebazten bada, iragarkia jarri duen organoak berehala utzi beharko du bertan behera. Jarduera zuzendu behar dela ebazten bada, ebazpena eman eta hurrengo zazpi egunetan egin beharko du zuzenketa iragarkia jarri duen organoak.

Egindako eskaria ez bada adierazitako epean ebazten, ezetsitzat hartu beharko da, eta interesdunek bidezko diren errekurtsoak jarri ahal izango dituzte.

5.- Kautelazko neurri gisa, eta interesdunak eskatuta, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatzen den organoak kanpaina behin-behinean etetea agindu ahal izango du, baldin eta 4. eta 5. artikuluetan jasotako arau-hausteen zantzurik sumatzen bada. Eskari hori ebazteko gehieneko epea bi egunekoa izango da, aurkezten denetik.

6.- Prozeduran zehar, Sailarteko Batzordeak bere ebazpena hartzeko beharrezko jotzen duen informazio guztia eskatu ahal izango die tartean diren erakundeei.

9. artikulua.- Kontratuak.

1.- Lege honek arautzen dituen kanpainei lotutako kanpo-kontratazioak aplikaziokoa zaien kontratazio-araudiaren bidez egingo dira, kontratuaren xedearen eta erakunde kontratatzailearen izaera juridikoaren arabera.

2.- Kontratuen esleipena bat etorriko da, betiere, printzipio hauekin: publizitatea, lehia, gardentasuna, konfidentzialtasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza.

3.- Kontratuen esleipena ikuspegi ekonomikotik onuragarriena den eskaintzari egingo zaio, kontratuaren xedeari zuzenean lotutako irizpide objektibo batzuei jarraiki.

4.- Kanpainaren berezitasun kualitatibo edo kuantitatiboengatik komeni bada, kontratuaren baldintza-agirietan jasoko da enpresa esleipendunek kanpainaren emaitzen jarraipena eta kanpainaren eraginari buruzko azterketa egin beharko dituztela.

10. artikulua.- Hizkuntzak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean zabalkundea duten edo egiten diren publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionaletan, euskara eta gaztelania erabiliko dira.

2.- Era berean, beste hizkuntza batzuk ere erabili ahal izango dira, jardueren xedearengatik edo horien zabalkunde-eremuarengatik beharrezkoa izanez gero.

11. artikulua.- Hauteskunde- eta erreferendum-prozesuak.

1.- Lege honetan arautzen diren eta hauteskunde, erreferendum edo herri-kontsultako prozesu baten barruan egiten diren kanpaina instituzionalak, gainera, beste lege batzuetan aurreikusitako araudi bereziaren arabera egingo dira, hala nola Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan, Erreferendum Motak Arautzen dituen urtarrilaren 18ko 2/1980 Lege Organikoan eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legean aurreikusitakoaren arabera.

2.- Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa gorabehera, lege honetako 2. artikuluan aipatzen diren botere publikoek eta erakundeek ez dute egingo publizitateko edo komunikazioko kanpaina instituzionalik, edo, hala badagokio, eten egingo dituzte horrelakoak, zuzenean eragiten dien hauteskunde-garaian. Hauteskunde-garaitzat hauteskunde, erreferendum edo kontsultarako deia egiten den egunetik bozketaren egunera bertara bitarteko denbora hartuko da. Eta, salbuespenez, honako kanpaina hauek egin ahal izango dira: interes publikoa babesteko edo zerbitzu publikoak behar bezala jarduteko ezinbestekoak izan litezkeenak.

II. KAPITULUA

PUBLIZITATEKO ETA KOMUNIKAZIOKO KANPAINA INSTITUZIONALAK EBALUATZEA, PLANIFIKATZEA ETA GAUZATZEA

12. artikulua.- Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea.

1.- Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea da lege honetako 2. artikuluaren 1. paragrafoan zehazten diren administrazio eta erakundeen publizitatearen eta komunikazioaren plangintzaz, laguntza teknikoaz, ebaluaketaz, koordinazioaz eta kontrolaz arduratzen den organoa.

2.- Berariaz, Sailarteko Batzordeak:

a) Administrazio-klausula berezien agirien eta klausula tekniko berezien agirien eredu-orri guztiak prestatu eta onartuko ditu, kontratu mota honetarako berariazkoak, nahiz eta, betiere, agiri horiek onartzea kontratazio-organoari egokituko zaion.

b) Kontratazioko espedientea hasi baino lehen, txosten bat egingo du, nahitaez eta behartze-indarrik gabe, 14. artikuluan aipatzen diren publizitateko eta komunikazioko ekintzei buruz. Txosten hori, gehienez ere, bost eguneko epean emango da.

c) Kanpaina instituzionalak ebaluatuko ditu, aurreikusitako helburuen eta haien eraginkortasunaren arabera.

d) Urteko txosten bat egingo du, eta bertan, aurreko urtean egin diren kanpaina instituzional guztiak jasoko dira, eta bakoitzaren zenbatekoa eta egindako kontratuen esleipendunak adieraziko dira. Txosten hori urte bakoitzeko lehenengo bilkura-aldian igorriko da Eusko Legebiltzarrera.

e) Gai honetan egokitzat jotzen dituen txostenak, iradokizunak eta proposamenak prestatuko ditu, beraren eskumen-eremuan sartzen diren subjektuentzat.

3.- Batzordeak ebatziko ditu 8. artikuluan aipatzen diren kanpainak bertan behera uzteko eta zuzentzeko eskabideak.

4.- Erregelamendu bidez erabakiko dira Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua.

13. artikulua.- Publizitate eta komunikazio instituzionalaren urteko plana.

1.- Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordeak, Eusko Jaurlaritzako sailetatik eta lege honetako 2. artikuluaren 1. paragrafoan aipatutako gainerako instituzio, organo eta erakundeetatik jasotako proposamenetan oinarrituta, publizitateko eta komunikazioko plan bat egingo du urtero, eta bertan garatu asmo dituzten kanpaina instituzionalak jasoko dira.

2.- Urteko planean zehaztu beharko dira, gutxienez, honako alderdi hauek: kanpaina bakoitzaren helburua, aurreikusten den kostua, gauzatze-aldia, erabilitako komunikazio-tresna eta -euskarriak, mezuen zentzua, hartzaileak eta eragindako organismo eta erakundeak.

14. artikulua.- Urteko planean aurreikusi gabeko kanpainak.

Salbuespenez, eta, ezustean sortutako arrazoiengatik, publizitate eta komunikazio instituzionalaren urteko planean aurreikusi gabe dauden publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalak egin beharra izaten denean, kanpaina sustatzen edo kontratatzen duen erakundeak Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordeari jakinaraziko dio, lege honetako 12. artikuluaren 2. paragrafoko a) idatz-zatian aurreikusitako ondorioetarako. Kanpaina horiek, betiere, lege honetan xedatutakoarekin bat etorri beharko dute.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Apirilaren 18ko 151/1989 Dekretuan sortutako Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordeak gauzatuko ditu lege honetako 12. artikuluan aurreikusitako eginkizunak eta eskumenak, harik eta bertan aurreikusitako erregelamendu-garapena egiten den arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren edo lege honetan ezarritakoaren kontrakoa dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Erregelamendu bidezko garapena.

Eusko Jaurlaritzak sei hilabeteko epean emango ditu lege hau garatzeko beharrezko diren erregelamendu-arauak.

Bigarrena.- Indarrean sartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 27a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.


Azterketa dokumentala