Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2010eko abenduaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Osasun eta Kontsumo Saila
6099

2802/2010 EBAZPENA, urriaren 29koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari gerentearen lanpostua betetzeko deialdi publikoa egiteko dena.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari gerentearen lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Nagusi honek. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenengoa.- Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari gerentearen lanpostua betetzeko ebazpen honen bitartez egiten den deialdira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeei atxikitako langile finkoak (funtzionario, estatutario nahiz lan-kontratuko langile finkoak) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nahiz bere erakunde autonomoetako funtzionarioak aurkeztu ahal izango dira. Hona hemen bete beharreko baldintzak:

1.- Unibertsitate-titulua eduki beharko dute.

2.- Administrazio- eta kudeaketa-lanetan esperientzia izan beharko dute.

Bigarrena.- Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentraleko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera 10 egun balioduneko epean. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.- Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eskabidearekin batera, honako hauek adierazten dituen curriculum vitaea aurkeztu beharko dute:

- Ikasketa-tituluak.

- Orain arte betetako lanpostuak.

- Lanbidean eta kudeaketa sanitarioan daukaten eskarmentua.

- Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.

Eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkez dezakete.

Laugarrena.- Deialdi hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea emango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 29a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JULIÁN PÉREZ GIL.


Azterketa dokumentala