Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2010eko urriaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

SPRI SA
4920

IRAGARKIA, «Ekintzaile» Programa aldatzeko dena.

2010eko urriaren 8an egindako bileran, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAk Ekintzaile Programaren Araudiko artikulu batzuk aldatzea eta beste batzuen numerazioa aldatzea erabaki zuen, zehazki, 3. artikulua (4. paragrafoa) aldatu, 4. artikulu berri bat sartu, 9. eta 11. artikuluen aldaketa eta numerazio berria, aurrerantzean 10. eta 12.a. Programa hori, 2010eko maiatzaren 11ko EHAAn argitaratu zen.

Aipatu artikuluotan egindako aldaketek honako idazketa izango dute:

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

4.- Onuraduna pertsona juridikoa bada, honakoak egiaztatu beharko ditu:

a) Helbide soziala edo erabaki-gunea EAEn edukitzea edota gutxienez jarduera zentro bat.

b) Sortu berria izatea, hau da, aurreko urteko urtarrilaren 1az geroztik sortua izanik programa hau aplika dakiokeen enpresa oro; esan nahi baita, 2010eko ekitaldiari dagokionez, 2009ko urtarrila 1az geroztik sortutako enpresa oro. Eta 2011ko ekitaldiari dagokionez, 2010eko urtarrilaren 1az gerotik sortutako enpresa oro; eta halaxe, programa honek indarrean dirauen artean.

c) Zor mugaeguneraturik ez izatea SPRI taldeko edozein elkarterekin, ez eta erakunde sustatzaile edo kolaboratzaileekin (hala onuradunak nola pertsona sustatzaileak edota loturik dauden sozietateak).

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

e) Zerga alorreko betebeharretan eta Gizarte Segurantzari dagokionetan egoera erregularizatuta edukitzea, indarrean dagoen legeriaren arabera eska daitezkeen mugen barnean.

f) 2.b artikuluan zehaztutako onuradunek ETE kalifikazioa izan beharko dute, hurrengo artikuluaren arabera.

4. artikulua.- ETEren definizioa.

Enpresa ertain edo txikiek, halakotzat hartzeko, Europar Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 Araudiaren I. eranskinean ezarrita dauden baldintzak bete behar dituzte, edo hura aldatu edo ordezten dituzten xedapenak. Eta araudi horretan indarrean diren beharkizunak hauek dira:

- 250 langile baino gutxiago izatea.

- Urteko negozio-bolumena ez izatea 50 milioi eurotik gorakoa, edo urteko balantze orokorra ez izatea 43 milioi eurotik gorakoa.

Beste batzuekiko lotua edo elkartua den enpresari dagokionez, enpresa-taldeak bete beharko ditu aipatu baldintzak. Eta aipatutakoaren ondorioetarako:

- Loturadun enpresatzat hartuko dira euren artean ondoko erlazio hauetariko bat badago: (i) enpresa batek baditu beste enpresa baten akziodunen edo bazkideen boto-eskubide gehienak; (ii) enpresa batek badu beste enpresa bateko administrazio-, zuzendaritza- edo kontrol-organoko kide gehienak izendatu edo errebokatzeko eskubidea; (iii) enpresa batek badu beste baten gaineko nagusigoa baliatzeko eskubidea, bigarren enpresarekin egindako kontratu bat edo enpresa horren estatutuetako klausula bat dela-eta; edo (iv) enpresa batek, beste bati elkartua edo akzioduna denak, kontrolatzen baditu bakarrean bigarren enpresa horretako akziodunen boto-eskubide gehienak, hain justu ere bigarren enpresa horretako beste akziodun edo bazkide batzuekin egindako akordioaren bitartez.

- Enpresa elkartutzat hartzen dira hauek: loturadun enpresa gisa sailkatu ezin direnak (goragoko paragrafoan esandako zentzuan), kasu honetan: enpresa batek (enpresa parte hartzailea) bakarrean edo beste batzuekin, beste enpresa baten (partaidetza-enpresa) kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiago duenean. Arau orokor horren aurka egin gabe, ez dira kontsideratzen enpresa elkartu: nahiz eta partaidetzaren % 25eko mugara ailegatu, ondoko inbertitzaile-kategoriaren baten badaude: (i) partaidetzako sozietate publikoak, arrisku-kapitaleko sozietateak, pertsona fisikoak edo pertsona fisikoen taldeak, arrisku-kapitalean inbertitu ohi dutenak (inbertitzaile probidentzialak) eta burtsako kotizaziorik gabeko enpresen funtsetan inbertitzen dutenak, betiere inbertitzaile probidentzial horien inbertsioa, enpresa berean, 1.250.000 eurotik gorakoa ez bada; (ii) irabazte asmorik gabeko zentro edo unibertsitateak; (iii) inbertitzaile instituzionalak, eskualde garapenerako funtsak barne; eta (iv) tokiko agintaritza autonomoak, urteko 10 milioi eurotik beherako aurrekontua izanik 5000 biztanletik behera badituzte.

Bestalde, ETEtzat ez dira hartuko ondoko enpresak: artikulu honetan zehaztu betekizunak konplitu arren, sozietateko kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 badu erakunde edo kolektibitate publiko batek edo gehiagok; salbuespena da enpresa elkartuei dagokienez aurreikusitakoa.

10. artikulua.- Maileguen ezaugarriak.

Gutxieneko zenbatekoa: 40.000 euro.

Gehieneko zenbatekoa: 180.000 euro.

Interes-tasa: Euribor sei hilabeterakoa, + 1,25.

Amortizazio epea: 7 urte.

Ezaldia: 2 urte.

Kuota hiruhilekoak, hiruhileko natural bakoitzaren amaieran.

Bermeak: Enpresa Proiektua gauzatzeko konpromisoa.

Irekiera- eta ikerketa-komisioa: batere gabe.

Xedatzea: proiektua gauzatu ahala erakunde kolaboratzaileak baimentzen duen heinean.

12. artikulua.- Laguntza-eskabidea aurkezteko epea eta modua.

1.- Eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa izango da, programa hau indarrean dagoen ekitaldi bakoitzean.

2.- Erakunde onuradunek EBZen bitartez aurkeztuko dituzte laguntza-eskabideak, eta EBZek banatuko dituzte eskabide-formularioak.

Laguntza prozesua abiarazi baino lehen aurkeztu behar dira eskaerak, 2.a) artikuluko laguntzen kasuan, eta inbertsioak egin baino lehen, 2.b) artikuluko laguntzen kasuan, kasu bakoitzerako mota egokiaren arabera. Salbuespenez, eta idazki hau argitaratzen denetik harako 30 eguneko epearen barruan, 2009-01-01etik hara laguntzak eskatu ahal zituztenek ere egin dezakete eskabidea, baldin eta garai hartan eskabiderik egin ez bazuten, eta 2.b) artikuluarekin bat etorriaz egin badute oraingo eskabidea.

Bilbao, 2010eko urriaren 8a.

Zuzendari nagusia,

TOMAS ORBEA CELAYA.


Azterketa dokumentala