205. zk., 2010eko urriaren 25a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Iragarkiak
SPRI SA
4918
IRAGARKIA, «Enpresen arteko lankidetza merkataritza arloan» programarena.
Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren Administrazio Kontseiluak, 2010eko urriaren 8an egindako bileran, «Enpresen arteko lankidetza merkataritza arloan» programaren araudia onartzea erabaki zuen. Hona hemen araudia, oso-osorik:
Euskadiko Merkataritza Egokitzeko 2015eko Planaren arabera, enpresen arteko lankidetza-programa Enpresa ardatz estrategikoaren programa garrantzitsuenetako bat da.
Planean jasotako lan-ildo horren helburu nagusia hauxe da: merkataritza arloari tresnak ematea, behar duten lekua, lehiakortasuna eta ekoizpena lor ditzan diharduen esparruetan. Horrela, arlo horrek garapen iraunkorra lortuko du, eta horrek, bide batez, zerbitzua hobetzea eta kontsumitzaileen asetasun-maila igotzea ekarriko du.
Gehienbat mikroenpresek osatzen dute Euskadiko merkataritza-sarea. Hala eta guztiz ere, zabalkunde urrikoak izatea egozten zaie, dituen ahulezia nagusietako bat delakoan. Atomizazio horrexek zailtzen du lehiakortasuna hobetzeko prozesuei ekitea.
Merkatariek enpresen arteko lankidetza-prozesuak abian jartzea beste biderik ez dute, lehiakortasunean abantailak lortuko badituzte, enpresa arloan duten lekua eta emaitzak hobetzeko, eta azken batean, kontsumitzaileen aurrean duten lekua hobetzeko ere bai.
1. artikulua.- Xedea.
1.- Programa honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza arloaren lehiakortasuna hobetu nahi da, enpresen arteko lankidetza bultzatuz. Horretarako, enpresa-sustapenerako tresnak sortu behar dira, bai eta merkataritza arloan sartzeko baldintzak eta prozedura arautu ere.
2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.
1.- SPRI SAk Enpresen Sustapen eta Garapen Eremuan horretarako ezarritako aurrekontu-dotazioetatik etorriko dira programa honen 1. artikuluan aurreikusitako helburua betetzeko baliabide ekonomikoak.
2.- Programa honen babespean 2010. urtean ematen diren diru-laguntzen zenbateko osoa gehienez ere 400.000 eurokoa izango da eta ez du gaindituko, orobat, kopuru hori eguneratu ondoren sortzen dena. Kopurua eguneratzeko, SPRI SAko zuzendari nagusiaren ebazpena beharko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaraturik.
3.- Programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta tarte txikiena izatea laguntza eskatzearen eta ematearen artean, eta horretarako, espedientea osorik den unearen arabera eta ordenatuki egingo da esleipena, eta ebazpen bidez ezezkoa emango zaie aurreko atalean zehaztutako laguntzen guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei.
4.- Hori dela eta, aipatutako zenbatekoa agortzen bada, agortze horrena jakinarazteko, SPRI SAko zuzendari nagusiak ebazpena eman beharko du non adieraziko baita zer egunetan agortu den, eta horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta SPRI SAren web orrian emango da argitara.
3. artikulua.- Erakunde onuradunak.
1.- Merkataritzako enpresa-erakundeak izango dira programa honetan jasotako laguntzen onuradunak, baldin eta gutxienez probintzia mailakoak badira. Erakunde horiek, enpresen arteko lankidetzan sustapen-tresnak sortzeko lanetan esperientzia duten elkarte kopuru adierazgarria osatuko dute.
2.- Erakunde onuradunek ondoko baldintzak bete behar dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia-jarduerarako zentroa edukitzea.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta edukitzea, bai eta SPRI SA taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharrak ere.
c) Honako egoera hauetako batean ez egotea:
- Diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin kontratuak egiteko debekurik edo gaitasun-gabetzerik ez izatea.
- Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
- Onuradun izateko baldintzak ez betetzea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50. artikuluan jasotako egoeraren batean egoteagatik; dekretu horren bidez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da.
- Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritakoari dagokionez, bateraezintasun-egoeraren batean ez egotea.
- Enpresa krisian ez egotea. Enpresa bat krisian egongo da, baldin eta krisian dauden enpresak egoera horretatik ateratzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruz Europar Batasunak eman dituen jarraibideen 9., 10. eta 11. paragrafoetan ezarritako irizpideak betetzen badira (2004ko urriaren 1eko EBAO, C244/C244/02); salbu eta krisi-egoera hori 2008ko uztailaren 1az geroztik izandako krisi ekonomiko eta finantzarioaren ondorioa baldin bada.
3.- Laguntza- eta- likidazio-eskabideak aurkeztu arte bete beharko dira laguntzen onuradun izateko baldintzak.
4. artikulua.- Jarduera diruz lagungarriak.
Merkataritza arloaren lehiakortasuna hobetzea helburu hartuta, enpresen arteko lankidetza-ekintzak garatzera bideratutako prozesuetako honako fase hauek izango dira jarduera diruz lagungarriak:
- Beharrizanen aldez aurretiko diagnostikoa egitea.
- Ezarpen Plana prestatzea, kontzeptu hauetakoren bat bilduko duena:
a) Lankidetza-tresnak ezartzeko aukerak identifikatzea, arloko enpresen lehiakortasuna hobetze aldera.
b) Aukerak hautatzea, halakoak baloratuz eta lehenetsiz.
c) Ezarpen horretatik sortuko diren etekin ekonomikoak kuantifikatzea.
d) Ezarpena planifikatzea, edukien, kostuen eta gauzatzeko epeen arabera.
- Ezarpen Planak gauzatzea; plan horiek enpresen arteko lankidetzarako tresnak sustatuko dituzte, hala nola, honako jarduera hauek:
a) Bezeroen leialtasuna lortzeko programak garatzea.
b) Produkzio-banaketako katean balio erantsia areagotzeko programak garatzea; hartara, salmenta-puntuaren errentagarritasuna hobetuko da, marjina komertziala handituz eta/edo salgaien errotazioa areagotuz.
c) Lankidetzaren arloan lehiakortasuna hobetzeko jarduerak diseinatu eta gauzatzea.
d) Sektorean sortutako hondakinen kudeaketa eta tratamendua hobetzeko ekintzak garatzea.
e) Nazioartekotzea sustatzeko ekintzak garatzea.
Diruz lagundutako proiektuak koherentzia orokorra izan behar du bai jardueraren diseinuan -beharrizanen diagnostikoa barne, halakorik balego-, bai proiektuaren garapen eta exekuzioan.
Jardueraren diagnostiko- eta planifikazio-faseen gastu hautakorra ez da izango diruz lagundutako zenbateko osoaren % 40 baino handiagoa.
Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izango da, proiektu eta eskatzaile bakoitzeko.
5. artikulua.- Gastu hautakorrak.
Honako hauek izango dira gastu hautakorrak:
1.- Kanpo-kontsultoretzako eta laguntza teknikoko gastuak, enpresak sustatzeko tresnen sorrerari dagozkionak.
2.- Erakunde onuradunaren barruko langileen dedikazio-gastuak, kanpo-kontsultoretzako gastuen % 25, gehienez.
Diru-laguntzen zenbatekoak esleitzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:
- Proiektuarekiko konpromisoa hartu duen enpresa kopurua. Proiektuan konprometitutako enpresen parte-hartze handiena duenak lortuko du puntuazio handiena, proiektuarekikoa alegia. Honakoa jotzen da enpresa konprometitutzat: proiektua martxan jartzeko ekonomikoki beste batzuekin parte hartzeko prest dagoena, eta, halaber, hartarako sortutako forma juridikoaren ondoriozko erantzukizunei aurre egiteko (15 puntu).
- Proiektuan konprometitutako enpresetan lanean diharduen langile kopurua. Idem. (15 puntu).
Lurralde historikoetan, proiektuan integratutako enpresen distribuzio orekatua. Enpresa parte-hartzaileetan, lurraldeekiko distribuzio-portzentaje onena egiaztatzen duten proiektuek izango dute puntuazio handiena (15 puntu).
- Egiaztatutako adierazleak aurkeztea. Azken buruko ebaluazioan jasotako adierazleen kopurua eta barietatea maximora hurbildu behar dira, hau da, diruz lagunduko den proiektuan proposatutako maximora, alegia. Proiektuari artez loturiko adierazle gehien egiaztatzen duten proiektuei emanen zaie puntuazio maximoa, baldin eta adierazle horiek Euskadiko Merkataritza Egokitzeko 2015eko Planean jasotakoak badira (15 puntu).
- Emaitza neurgarriak eta antzemateko modukoak, eta emaitzok zenbat denbora barru lortuko diren. Espero diren emaitzen izarietara gehien hurbiltzen diren proiektuek izango dute puntuazio maximoa (15 puntu).
- Bitartekaritza-erakundeen kaudimen ekonomikoa eta egiturazkoa. Gauzatu beharreko inbertsioaren eta fondo propioen arteko erlazioan, kaudimen handiena erakusten duten bitartekaritza-agenteek kudeatutako proiektuek izango dute puntuazio maximoa (10 puntu).
- Bitartekaritza-erakundeek demostratutako ibilbidea. Antzeko prozesuetan lidergoa egiaztatzen duten bitartekaritza-erakundeek gidatutako proiektuek izango dute puntuazio maximoa. Antzeko ezaugarridun proiektu burutuen kopuruarekiko proportzionala izango da puntuazioa (10 puntu).
- Generoarekiko oreka (5 puntu).
6. artikulua.- Gastu hautakorrei aplika dakizkieken baldintzak.
1.- Gastu hautakorrak baloratzeko, kontuan izango dira honako irizpideak:
a) Programa honen xede den lankidetza-jarduerari artez loturik egon beharko dute gastu hautakorrek.
b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, kontsultoretza-gastua gutxitu egingo da.
c) Gastu hautakorraren balorazioa hauxe izango da: aipatu kontzeptua dela-eta, erakunde onuradunak egindako ordainketa errealari dagokiona.
d) Ondokoak ez dira sekula hartuko gastu hautakortzat: fakturan jasanarazitako Balio Erantsiaren Zerga, programaren zabalkundea, komertzioetarako materialak prestatzea eta ekitaldiak burutzen diren aretoen alokairu-kostua.
7. artikulua.- Laguntza motak eta zenbatekoak.
1.- Diru-laguntzen bidez gauzatuko dira deialdi honen helburu diren laguntzak, betiere gastu hautakortzat jotzen diren kostuen % 100a.
8. artikulua.- Laguntzak eskatzea.
1.- Baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntzak jaso nahi badituzte, laguntza-eskabidea egin beharko dute, zehazki, programa honen «I. eranskinean» argitaratutakoa.
2.- Erakundea ordezkatzeko ahala duen pertsonak aurkeztu beharko du eskabidea, sinaturik, eta betiere SPRI SAren egoitzan: Urkixo zumarkalea 36-4., Bizkaia Plaza erakina, 48011 Bilbao.
3.- Laguntza-eskabidea arestian aipatutako helbidean aurkeztu beharko da, agiri hauekin batean:
a) Burutuko den jarduera diruz lagungarri mota, betiere haren hasiera eta bukaera datak zehaztuaz.
b) Diruz laguntzea nahi den proiektuaren aurrekontu zehaztua, non gastu hautakorrak jasotzen diren.
c) Erakundearen legezko idazkariaren erantzukizun-adierazpena, II. eranskineko ereduaren arabera.
d) Erakundearen legezko idazkariaren ahalorde notarialaren fotokopia.
9. artikulua.- Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.
Laguntza-eskabideak aurkezteko epea araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta, aurrekontua agortu ezean, araudia argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaletara amaituko da.
10. artikulua.- Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.
1.- Hiru kideko Batzorde Betearazle bat osatuko da laguntza-eskabideak ebaluatu eta ebazteko; horietarik bi, gutxienez, SPRI SAkoak izango dira, eta Sozietatearen Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu.
Batzorde horretako buru SPRI SAko zuzendari nagusia izango da, edo berak izendatzen duena, eta SPRI SAko teknikarien laguntza jaso ahal izango du.
Laguntza-eskabideak era ordenatuan ebaluatuko dira, espedientea osatzen den unearen arabera.
2.- Ebaluazioa egindakoan, Batzorde Betearazleak ebazpena emango du. Bertan, bi zerrenda emango dira: batean, diruz lagunduko diren laguntza-eskabideak jasoko dira, eman beharreko diru-laguntzaren zenbateko osoa zehaztuta; bestean, diruz laguntzekoak ez direla irizten zaien eskabideak jasoko dira.
Hori guztia programa honetako 2. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako aurrekontu-mugaketen araberakoa izango da.
3.- Ebazpenen banakako komunikazioa Batzorde Betearazleko idazkariak egingo du, eta zenbateko diru-laguntza ematen den, zein baldintza dituen eta diruz lagunduko den jarduera gauzatzeko zein epe dagoen adieraziko du; horrekin batera, jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein gorabehera ere zehaztuko du.
4.- Ebazpen hori emateko eta erakunde interesdunari jakinarazteko, gehienez ere 2 hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta. Epea igaro eta eskaera-egileari ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat joko da eskatutako laguntza.
5.- Lehen esandakoari kalterik egin gabe, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eman diren laguntzaren berri denek izan dezaten.
11. artikulua.- Laguntza likidatu eta ordaintzeko eskabidea.
1.- Jarduera diruz lagungarriaren plana amaitu, eta plan hori justifikatzeko ematen den hilabeteko epean, erakunde onuradunek araudi honetako III. eranskinean jasotako inprimaki-eredua erabili beharko dute.
Likidazio-eskabidea helbide honetara bidaliko da, zigilatuta eta erakundearen ordezkari izateko behar besteko ahalordea duenak sinatuta: SPRI SA, Urkixo zumarkalea 36-4, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao. Justifikatzeko dokumentu hauek erantsiko zaizkio eskabideari:
b) Egindako gastu hautakorrak justifikatzeko fakturen koadroa.
b) Proiektuaren gastu hautakorren fakturen fotokopia.
c) Jarduera-plana nola joan den zehatz-mehatz azaltzen duen memoria, egindako lanak behar beste egiaztatuta.
d) Erakundeak dagozkion zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.
e) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu-korrontearen titulartasuna erakunde onuradunaren izenari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzen duena.
2.- Ordaintzeko modua. Diru-laguntzak SPRI SAk formalizatu eta emango ditu: jarduera diruz lagungarri bakoitzeko, ordainketa bakarra egingo dio laguntzaren onuradunari, betiere likidazio-eskabidea eta aurreko paragrafoan adierazi diren justifikatzeko dokumentuak aurkeztu ondoren.
Nolanahi ere, jarduera diruz lagungarri modalitate bakoitzari emandako laguntzaren % 30eko aurrerakina eskatu ahal izango du erakunde onuradunak, SPRI SAk kasuan kasu ezartzen dituen bermeak eratu ondoren.
3.- Diruz lagundutako gastu hautakorra Batzorde Betearazleak laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzioan doituko da.
4.- Laguntzak ordaindu aurretik, SPRI SAk beharrezkotzat jotzen duen bestelako dokumentazio eta informazio oro eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari, proiektuaren inguruan.
5.- SPRI SAk 30 eguneko epean ordainduko dio diru-laguntza erakunde onuradunari, enpresak likidazio-eskabidean azaldutako agiri guztiak aurkezten dituenetik hasita.
12. artikulua.- Laguntzak metatzea eta mugak.
1.- Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak minimis edo garrantzia txikiko laguntzak izango dira, Europako Batzordearen 1998/2006 Erregelamenduari (EE) (2006ko abenduaren 28ko EBAO, L 379) eta Batasuneko Aldi baterako Esparruari (2009ko apirilaren 7ko EBAO, C 83) jarraiki.
Aurreko araudiarekin bat etorriz, erakunde onuradun berak ezingo du 500.000 eurotik gorako minimis laguntzarik jaso guztira, hain zuzen ere 2008, 2009 eta 2010eko ekitaldi fiskalak aintzat hartuz. Hortaz, programa honetan xedatutako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta, esleitutako laguntzari onuradunak aurreko hiru ekitaldietan eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren, muga hori gainditzen badu. Berdin izango da laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.
2.- Muga hori -edo programa honek zehazten dituen beste batzuk- gaindituz gero, soberako zenbatekoa murriztu egingo da programa honen arabera emandako zenbatekotik.
3.- Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautakor horien bidez gehienezko laguntza-mugak gainditzen ez badira.
13. artikulua.- Laguntza- edo likidazio-eskaera onartzea eta zuzentzea.
1.- Laguntza-eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo kapitulu honetan eskatutako dokumentazio osoa aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko eskatuko zaio erakundearen legezko ordezkariari, eta bestalde, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera egiteari uko egingo diola ulertuko dela, SPRI SAko Enpresa Eraldaketarako Departamentuak horixe adierazteko ebazpena eman ondoren, eta horixe jakinaraziko zaiola erakunde eskatzaileari.
2.- Aipatutako epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Betearazlearen idazkariak, ebazpen bidez, atzera egin dela deklaratuko du.
14. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.- Erakunde onuradunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 50. artikuluan xedatutakoaz gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hartara, laguntza esleitu izanaren jakinarazpena jasotzen denetik 15 eguneko epean erakunde onuradunak espresuki horri uko egiten ez badio SPRI SAren aurrean, laguntza onartu duela ulertuko da.
b) Zein jarduera-plan garatzeko esleitu den diru-laguntza, bada horrexetarako erabiltzea.
c) Emandako laguntzen inguruan beharrezko deritzen egiaztapenak egiteko aukera ematea SPRI Sari; eta, horretarako, eskatzen zaizkien informazio osagarri guztiak eman behar dituzte onuradunek.
d) Behin betiko fakturak -osatuak- artxibatu eta SPRI SAren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea bost urtez, gastu hautakorrak burutzen diren unetik aurrera.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen dioten informazio guztia ematea, betiere laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.
f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako -edo horiek emandako- laguntzen eta diru-laguntzen, edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri ematea lehenbailehen SPRI SAri.
g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den edozer arrazoi aldatu bada, horren berri SPRI SAri ematea.
15. artikulua.- Laguntzak emateko baldintzak aldatzea.
1.- Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen badira.
2.- Halaber, Batzorde Betearazleak luzapen bat eman dezake jarduerak gauzatzeko, baldin eta erakunde onuradunek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; kasu horretan, laguntzaren ordainketa ere atzeratu egin daiteke, emandako arrazoiek hori justifikatzen badute.
3.- Jarduerek, ezinbestean, laguntza-eskaera egindakoan aurkeztutako memorian jasotakoak izan beharko dute; hala ere, Batzorde Betearazleak jarduera horietan aldaketak egiteko baimena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunak, jarduerak amaitu aurretik, aldaketak erabat justifikatzen baditu eta jarduera horien izaera eta helburuak -programa honetan hasieratik ezarritakoak- aldatzen ez badira.
16. artikulua.- Ez-betetzeak.
1.- Erakunde onuradunek ez badute betetzen araudi honetan eta aplikagarriak zaizkien gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo laguntzak emateko ebazpenean ezar daitekeen baldintzaren bat, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute. Halakorik gertatuz gero, SPRI SAri itzuli beharko diote une horretara arte jasotako zenbatekoak eta legezko interesak. Beharrezkoa izanez gero, legezko ekintzak bideratu ahal izango dira, zenbateko horiek itzularazteko.
2.- Edozein kasutan ere, artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Gastu hautakorrak epe barruan ez justifikatzea edo Programan laguntza emateko eskatzen diren baldintzak ez betetzea.
b) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
c) Proiektua beste edozertara desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
3.- Ez-betetzearen egiaztapeneko espedientea abiaraztea, izapidetzea eta dagokion txostena igortzea SPRI SAri dagokio. Ez-betetzearen inguruko ebazpena emateko eskuduntza SPRI SAren zuzendari nagusiak izango du, Programaren Batzorde Betearazleak proposatuta.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Erakunde onuradunek programa honekin lotutako argitalpen eta sustapeneko jarduera guztietan zehaztu beharko dute SPRI SArengandik laguntza jaso dutela.
Bigarrena.- Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, emandako datu pertsonalak SPRI SAren erantzukizunpean dagoen «Laguntzak» izeneko fitxategi batean sartuko dira (SPRIren helbidea: Urkixo zumarkalea 36-4., Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbo).
Fitxategi horren helburua izango da SPRI SAn diseinatu eta/edo kudeatutako laguntza/diru-laguntzen espedienteak kudeatzea. Informazio hori eman ahal izango zaie, behar izanez gero, enpresa laguntzaileei, gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.
Datuak Babesteko Agentzia Espainiarrari fitxategi horren berri eman zaio, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko segurtasun-neurriak baditu.
Nolanahi ere, emandako datuetara sartzeko aukera dago, baita, behar izanez gero, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko aukera ere, betiere, adierazitako legean ezarritakoaren arabera. Horretarako, jakinarazpen bat bidali beharko zaio, idatziz, SPRI SAko Segurtasuneko arduradunari, helbide honetara: lopd@spri.es.
Hirugarrena.- SPRI SAren zuzendari nagusiari eskumena ematen zaio araudi hau gauzatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.
Bilbao, 2010eko urriaren 8a.
Zuzendari nagusia,
TOMÁS ORBEA CELAYA.
I. ERANSKINA
Laguntza Eskaria
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNEZKO AITORPENA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
Likidazio Eskaria
(Ikus .PDF)