Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2010eko urriaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
4910

AGINDUA, 2010eko irailaren 23koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko 2010eko ekitaldirako laguntzetarako (Lehiatu-Arrantza programa) deialdia egiten duena, 2010eko abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretuaren babesean.

Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko laguntzei buruzko 2010eko abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretuak (Lehiatu-Arrantza programa) arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen erregimena ezarri eta arautzen du, Europako Arrantza Funtsari (EAF) buruzko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduaren esparruan eta 2007ko abenduaren 13an Europako Batzordearen C(2007) 6615 Erabakiaren bidez onartutako Espainiako arrantza-sektorerako 2007-2013 EAF Programa Eragilearen esparruan.

Erregimen horrek enpresa txiki eta ertainei zuzeneko laguntzetan gauzatuko diren diru-laguntzak ematea ahalbidetzen du. Horri dagokionez, Mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/6/EE Gomendioak xedatutakoarekin bat datozen enpresak izango dira enpresa txiki eta ertainak; edo, kategoria horretan bilduta ez dauden enpresen artean, 750 enplegatu baino gutxiago dituzten edo 200 milioi euro baino gutxiagoko negozio-bolumena duten enpresak.

Adierazitako dekretu horren 14. artikuluak ezartzen duenez, urtero egingo da bertan ezarritako laguntzetarako deialdia; horrez gain, artikulu horretan biltzen den hainbat alderdi finkatuko da.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzari dagozkion Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jarritakoan, programetako diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi edo, hala badagokio, ezarri egingo dira eta, horrez gain, mugagabeko indarraldia eman zitzaien diru-laguntzetarako deialdia egingo da. Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legea onartu denez gero, beharrezkoa da deialdi hori egitea.

Horren ondorioz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Xedea.

Agindu honen helburua hau da: arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko 2010eko ekitaldirako abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretuan aurreikusitako laguntzetarako (Lehiatu-Arrantza programa) deialdia egitea.

Bigarrena.- Eskaerak aurkezteko epea eta eskaera-eredua.

1.- Abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretuaren babesean eskatzen diren laguntzen eskaerak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da agindu hau eraginkor egiten den egunetik aurrera.

2.- Dena den, epearen barnean aurkeztutzat hartuko dira eskaera 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztuta duten proiektuak.

3.- Eskaera-inprimakia Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Gasteizen duen bulegoan eskuratu ahal izango da -Donostia kalea, 1, 01010 Gasteiz- baita honako webgune honetan ere: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.

Hirugarrena.- Aurrekontu-kreditua.

1.- 2010eko ekitaldi honetan 4.700.000 euro bideratuko dira laguntza-programa hau finantzatzera. Abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretu horren xedea betetzera Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura bideratuko diren aurrekontu-kredituen zenbatekoa 2.638.261 euro da. Zenbateko horretatik, 2.020.796 euro 2010. urterako ordainketa-kredituari dagozkio eta 617.465 euro 2011. urterako konpromiso-kredituari.

2.- EAF Erkidegoko funtsari dagokionez, Espainiako arrantza-sektorerako 2007-2013 EAF Programa Eragilearen babesean, abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretu horren xedea betetzera bideratutako kredituen zenbateko zehatza 2.061.739 euro izango da. Zenbateko horretatik, 1.579.204 euro 2010. urterako ordainketa-kredituari dagozkio eta 482.535 euro 2011. urterako konpromiso-kredituari.

3.- Zenbateko hori eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik aldatu ahal izango da, betiere laguntza horiek ebatzi baino lehen Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzearen ondorioz agortu gabe geratutako aurrekontuaren arabera. Zirkunstantzia hori Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordearen ebazpen bidez emango da aditzera.

Laugarrena.- Inbertsioen iraupena.

Inbertsio eta gastuak urtebeterako edo hainbat urtetarako izango dira eta 2010eko nahiz 2011ko ekitaldiei lotuko zaizkie, abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoa bazter utzi gabe.

Bosgarrena.- Proiektu motak.

2010eko ekitaldian, abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako proiektu guztiak izango dira diruz lagungarriak.

Seigarrena.- Proiektuak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko irizpide objektiboak.

Abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako irizpide objektibo guztiak aukeratu dira laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, 1. paragrafoko m) idatz-zatian nahiz 2. paragrafoko e) idatz-zatian bildutakoak izan ezik.

Zazpigarrena.- Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntzak eskatzen dituzten pertsonek, eskaerarekin batera, abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztuko dute.

Zortzigarrena.- Diru-laguntza eman dakiokeen zenbatekoa.

1.- 7. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako diruz lagungarria den inbertsioa kalkulatzeko moduluaren zenbatekoa 620 euro/m² da.

2.- Eskatzaile bakoitzeko diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa 7. artikuluko 1. paragrafoaren i), j) k) eta l) idatz-zatietan aurreikusitako gastuetarako 30.000 euro da.

Bederatzigarrena.- Errekurtsoak.

Agindu honen aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hamargarrena.- Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko irailaren 23a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala