205. zk., 2010eko urriaren 25a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
4909
239/2010 DEKRETUA, irailaren 14koa, Igorre Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Antolamendurako Zati Plana behin betikoz onartzen duena.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamenduko Artezpideak -zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen babesean erredaktatu eta bideratu ziren- otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuz onartu ziren behin betikoz (otsailaren 12ko EHAA).
Artezpide horietan ezartzen dira Lurraldearen Antolamendurako Zati-Planak erredaktatzeko esparruak, zeinen artean Igorre Eremu Funtzionala baitago.
Lege horretako 2. eta 11. artikuluen arabera, Lurraldearen Antolamendurako Zati-Planak nahitaez landu beharreko lurralde antolamendurako tresnak dira. Horri dagokionez, artezpideen 22. kapituluko (aplikazio arauei buruzkoa) 7. paragrafoak ezartzen du oso dela garrantzitsua Lurraldearen Antolamendurako Zati-Planak ahalik lehenen aurkeztea, aipatutako artezpideen osagarri izan daitezen hirigintza- eta lurralde-irizpideak zertzerakoan, zeinen helburua izango baita udal-mailako planak era egokiagoan garatu eta, ondorioz, lurralde-koherentzia handiagoa bermatzea Arloko Lurralde Planak formulatzerakoan.
2.- Lurraldearen Antolamendurako Zati-Plan hau formulazio- eta bideratze-prozesu luze baten ondorioa da, zein Lurralde Antolamenduari buruzko Legeko 13. artikuluan aurreikusitakoa baita. Planaren faseak: Aurrerapena, Hasierako Onarpena, Behin-behinekoa eta Behin betikoa. Lurraldeko administrazio publikoek parte hartu dute (tokikoak, foru-mailakoak eta autonomikoak), baita eremu funtzional horretako gizarte-eragile anitzek ere.
3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeko 13.1 artikuluaren arabera Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari dagokie Igorre Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Antolamendurako Zati-Plana formulatzeko ekimena, eta horrek derrigorrezko egiten du bi administrazio horien arteko koordinazioa, jarduerok burutzerakoan sor daitezen funtzionalitate gabeziak saiheste aldera.
4.- Hori horrela, Plan horren erredakzioa kontratatzeko esleipena 2000ko abuztuaren 23ko Foru Erabakiz egin zen (2000ko irailaren 14ko BAO), eta, erredakzioari jarraipena egiteko, koordinazio mekanismoak ezarri ziren Bizkaiko Foru Aldundiko orduko Hirigintzako Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren artean.
5.- Lurralde Antolamenduari buruzko Legeko 12. artikuluari erantzuten dio Planaren edukiak, eta Lurraldearen Antolamendurako Zati-Planak jaso behar dituen zehaztapenak barnebiltzen ditu. Zenbait neurri ezarri eta jarduera-proposamenak egiten ditu Planak, zeinen helburu nagusia den Eremu Funtzionala bere osotasunean antolatzea.
6.- Arantzazu, Areatza, Bedia, Artea, Zeanuri, Dima, Igorre eta Lemoako udalerriak hartzen ditu bere baitan Igorre Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Antolamendurako Zati-Planak.
7.- Igorre Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Antolamendurako Zati-Planak 16 urteko epea du gauzatzeko, bertan jasoz biztanleriaren, enpleguaren, lur-okupazioaren, garapenaren eta beste ezaugarri batzuen aurreikuspena.
Eremu Funtzional honek oinarrizko lau unitate ditu. Bat: Arratiako harana, Arantzazutik hegoaldera. Kultura- eta natura-balore sendoei eutsi die, eta hirigintzako tipologia berriek zeharo eragin diezaiokete. Planean jasota dago hegoaldeko haranaren ezaugarri hori, eta dotazio xumeak aurreikusten ditu bertarako. Indusiko harana da beste unitate bat, zeinek Arratia hegoaldearekin zeozelango antza baitu. Igorrek osatzen du hirugarren unitatea, eta planean bere barne-egituraketa lortu gura da hirigintzaren aldetik. Bedia eta Lemoaren ondoren, premiarik gehien du bere ingurua berriztatu, berrindartu eta hobetzeko. Laugarren unitatea Bediak eta Lemoak osatzen dute. Lemoako saihesbideak hobekuntza nabarmenak ekarriko dizkio herriari, bai azpiegituren aldetik, bai horien ezaugarrien aldetik. Helburuak: alde batetik, herritarren bizi-kalitatea; eta bestetik, Lemoako Haitzaren eta Ibaizabal ibaiaren gaitasuna naturala bere onera ekartzea.
Planak asmoak sendoak dira: ondare naturala babestea; etorkizunean askotariko lanpostuak eskaintzea; ondare kulturalari balioa ematea; azpiegitura integratuen irudia; dotazio aberasgarrien utopia; eta eskalako herri-guneen aberats-guneen ametsa, zeinak arbasoen kulturaren oinordeko izango diren.
Honako hauek dira planaren helburu orokorrak:
a) Gaur egungo biztanleriari eutsi eta hazkuntza selektiboa indartu.
b) Lurra eraz erabili.
c) Haranaren barrualdeari balioa eman.
d) Garraio jasangarrirako joera.
e) Balore naturalak babestu.
f) Baliabide berriztagarriak erabili.
g) Ongizatea eta berrikuntza bultzatu.
8.- Lurralde Antolamenduko Artezpideetan zehaztutako lurralde-esparruaren barruan, plan honek, gainera, EAEko Administrazio Orokorreko sailek eta Bizkaiko Foru Aldundiko sailek sustatutako Alorkako Lurralde Planak barnebiltzeko ahalegina egin du. Alorkako Lurralde Plan hauek hartu dira kontuan:
- EAEko Errepideen Plan Orokorra.
- Bizkaiko Errepide Plana.
- EAEko Trenbide Sareko Lurraldearen Arloko Plana.
- EAEko Energia Eolikoaren Lurraldearen Arloko Plana.
- EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (Kantauriko Isurialdea).
- EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana.
- EAEko Jarduera Ekonomikoetarako eta Merkataritza Ekipamenduetarako Lurzoru Publikoa Sortzeko Lurralde Plana.
- EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.
- Etxebizitzaren Sustapen Publikorako EAEko Lurraldearen Arloko Plana.
- EAEko Nekazaritza-Basogintzako Lurraldearen Arloko Plana.
- EAEko Kultura Ondarearen Lurraldearen Arloko Plana.
9.- EAEko Lurralde Antolamenduari buruzko 4/1990 Legeko 12.3 artikuluan ezarritako agirietan zehazten ditu bere ildoak Planak.
10.- Besteak beste Antolamenduaren Arauak jasotzen ditu. Planak araugintzako izaera ematen dien xedapen eta proposamenak jasotzen dituzte arau horiek, eta dekretu honen I. eranskin modura datoz, argitaratuak izan daitezen.
11.- Ingurumen-Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren Azterlana ere erantsi zaio Planari. Ingurumenari buruzko arauetan xedatutakoa betez (apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginari buruzkoa; eta EAEko Ingurumena Babesteari buruzko 3/1998 Lege Orokorra; eta horien garapen arau-bidezkoa, hain zuzen ere, ingurumen eraginaren ebaluazio bateraturako prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua), dekretu honen II. eranskin gisara txertatzen da deklarazioa, ingurumen-aspektuak Planean txertatzeaz hartutako ebazpenari buruzkoa.
12.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak du eskumena Planaren behin betiko onarpena Jaurlaritzaren Kontseiluari igortzeko, Lurralde Antolamenduari buruzko Legeko 13.9 artikuluan jasotakoaren arabera.
13.- Jaurlaritzaren Kontseilua da, Lurraldea Antolatzeko Legeko 13.10 artikuluan ezarritakoaren arabera, organo eskumenduna Igorre Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Antolamendurako Zati-Plana behin betiko onartzeko.
Beraz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak halaxe proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko irailaren 14an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.- Behin betiko onartzea Igorre Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Antolamendurako Zati-Plana. Planaren Antolamendu Arauek dekretu honen I. eranskina osatzen dute; eta ingurumen aspektuak Planean txertatzeaz hartutako ebazpenari buruzko deklarazioak II. eranskina.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Lurraldearen Zati-Plana, zelan eta Lurralde Antolamenduari buruzko Legean ezarritakoari jarraiki hierarkia goreneko planeamendu-tresna den, termino berberetan lotuko ditu arloko eta udal-mailako planeamendu-tresnak, zeinek indarreko hirigintza-lege aplikagarrietan ezarritakoak baitira.
Ondorioz, lurralde- eta udal-planeamendua Lurraldearen Zati-Planari lotu eta bere edukiari egokituko zaio, eta erreferentzia izango da bertan jasotako zehaztapenak interpretatu eta aplikatzerakoan.
Bigarrena.- Lurraldearen Zati-Plan honen eranskinak Plana osatzen duten elementuak dira, eta araugintzako eta nahitaezko balioa dute, gainerako artikuluek bezalaxe.
Hirugarrena.- Egiturazko Egintzak eta Eragiketa Estrategikoak jasotzen dituzten fitxen edukia, fitxotan funtsezko balio loteslea ematen zaien aspektuez gain, artezpidetzat joko da, zein aintzat hartu eta bete egin beharko baita garapenean zehar.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa.- Lurraldearen arloko planak eta, halaber, planeamendu orokorreko eta udal-detaileko planak formulatu eta onartzeari buruzko prozeduretan, baita horiek berrikusi eta aldatzeari buruzko prozeduretan -betiere Lurraldearen Zati Plan honek indarra hartzean hasierako onarpenik izan ez bada- plan horiei dagozkien agiriak plan honetan jasotako zehaztapenei egokituko zaizkie.
Lurraldearen Zati-Plan honek indarra hartzerakoan indarrean dauden Lurraldearen Arloko Planak Planean xedatutakoari egokituko zaizkio, non eta ez den Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeko laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa.
Bigarrena.- Igorre Eremu Funtzionalaren barruko udalen -Plan Orokorrak formulatu, berrikusi edo aldatzeko prozesuetan sartutakoen- hirigintza agiriak -Plan honek indarra hartzerakoan hasierako onarpenik ez dutenak- plan honetan jasotako zehaztapenei egokitu beharko zaizkie.
Indarreko Hirigintzako Udal-Planeamendu Orokorra plan honetan xedatutakoari egokitu beharko zaio bi urteko epean, indarrean sartzen denetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabete igaro ondoren jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko irailaren 14an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
I. ERANSKINA
IGORREKO ESKUALDE EGITURAREN LURRALDEAREKIKO ZATI EGITAMUA
ANTOLAMENDU ARAUAK
ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.- Helburua.
Igorreko Eskualde Egituraren Lurraldearekiko Zati Egitamua (Igorreko EEren LZEa) lurraldea antolatzeko tresna da, eta eskualde Egituraren eredua eta egitura zehazten ditu; bertako udalerrietako Hirigintza Arauek eta Egitamuek, Lurralde Egitamu Sektorialek eta Eskualde Egituran eragina duten gainerako jarduketek bete egin beharko dute bertan ezarritakoa.
2. artikulua.- Araudia.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamua EAEko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeko (indarrean dagoena) 11. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera formulatu da.
2.- Halaber, Lurraldearekiko Zati Egitamua Euskadiko Lurralde Antolamendurako Jarraibideetan ezarritakoa garatuz eta aplikatuz formulatu da, eta jarraibide horiek Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak otsailaren 11n emandako 28/1997 Dekretuaren bidez onetsita daude.
3. artikulua.- Aplikaziorako lurralde eremua.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren aplikaziorako lurralde-eremua Igorreko Eskualde Egitura osoa da; hori Lurralde Antolamendurako Jarraibideek mugatzen dute eta I-01 Informazio Planoan («Egitamuaren Eremua») grafiaturik agertzen da.
2.- Lurralde Antolamendurako Jarraibideetako 20. kapituluko 4.2.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak otsailaren 11n emandako 28/1997 Dekretuaren bidez onetsitako jarraibideak), Igorreko Eskualde Egituraren barruan Arauotako I. eranskinean («Igorreko Eskualde Egituraren barruko Eremuak») jasotako udalerriak sartzen dira.
4. artikulua.- Indarraldiaren baldintzak.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren indarraldia mugagabea izango da; hala ere, aldi baterako programazioa izan eta aldaketak nahiz berrikuspenak egin ahal izango zaizkio, programatuak edo ez.
2.- Betearazpen Programa jaso behar izatearen kalterik gabe (lau urteko aldietan banatuta), Egitamuan jasotako xedapenen denbora-muga hamasei urtekoa da, eta hori, aldi berean, zortzi urteko elkarren atzeko bi fasetan banaturik dago.
3.- Lurraldearekiko Zati Egitamuan jasotako xedapenak baliogabetzeak, ezeztatzeak edo aldatzeak ez du eraginik izango gainerako xedapenen baliozkotasunean, baldin eta horietarikoren bat aplikagarria ez bada (baliogabetu, ezeztatu edo aldaturiko xedapenen bati lotuta egoteagatik edo horren mendekoa izateagatik).
5. artikulua.- Lurraldearekiko zati egitamuaren xedapenak betetzearen jarraipena.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren xedapenak edo aurreikuspenak zein mailatan betetzen diren ikusteko, lau urterik behin Memoria egingo da.
2.- Memoria Bizkaiko Foru Aldundiko sail eskudunak egingo du; hain zuzen ere, Lurralde Antolamenduaren arloan eskumena duen sailak, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako sail berberaren lankidetza eskatuko du.
3.- Memoria horretan xedapenak zein mailatan betetzen diren azalduko da, eta identifikaturiko ezegokitzapenak arintzeko edo aldatzeko behar diren proposamenak ere azalduko dira.
4.- Egin ondoren, Memoria Lurralde Antolamenduko Batzordera bidaliko da, hori jakitun gelditzeko.
6. artikulua.- Etetea, aldatzea eta berrikustea.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren indarraldia eteteko, EAEko Lurralde Antolamenduari buruzko 4/1990 Legeko 3. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamua berrikusi edo aldatu egin daiteke.
3.- Berrikustea Lurraldearekiko Zati Egitamu orokorrean aldatzea da, eta hori honako honen eraginezkoa izan daiteke:
a) Irizpide berriak hartzea, lurraldearen egiturari edo lurralde-ereduari dagokionez.
b) Lurraldearen egitura edo eredu horren gaineko eragina duten egoera berriak sortzea.
c) Gaitasuna agortzea.
Berrikusteak Lurraldearekiko Zati Egitamu osoa ordeztea eragin dezake.
Lurraldearekiko Zati Egitamua berrikusteko, bete egin behar da EAEko Lurralde Antolamenduari buruzko 4/1990 Legeko 13. artikuluan planeamenduko tresna hori formulatzeko eta onesteko ezarrita dagoen prozedura.
Nolanahi ere, zortzi urteko lehenengo fasea amaitu ondoren (indarraldia xehatuta duen fasea), Lurraldearekiko Zati Egitamua berrikusi egingo da.
4.- Berrikustetzat hartzen ez diren Lurraldearekiko Zati Egitamuaren gainerako aldaketa guztiak aldatzetzat hartuko dira.
EAEko Lurralde Antolamenduari buruzko 4/1990 Legeko 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege-testu horren 10.10 artikuluan ezarritakoa aintzat hartuz, Lurraldearekiko Zati Egitamua aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak ezarritako prozedura beteko da.
Lurraldearekiko Zati Egitamua aldatzeko, bete egingo da abenduaren 9ko 206/2003 Dekretuan ezarritako prozedura (EHAAko 185. zenb.).
7. artikulua.- Udal-planeamenduaren iturria.
1.- Lurralde Plan Partzial hau egiteko erabilitako iturria BFAren Garraio eta Hirigintza Saileko Planeamendu GIS izenekoa izan da. 2008ko martxoan eguneratua dago. Nolanahi ere, iturri horretako informazioa indarrean dauden udal-planeamenduetatik lortzen da eta hiru hilez behin eguneratzen da.
2.- Planeamenduaren GIS gutxi gorabeherakoa da, arau-dokumentu lotesle bakarrak egiaz onartzen direnak baitira. Paper euskarrian eginak egoten dira eta Udaletako, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako planeamendu artxibategietan aurkitzen dira. Aipatu dokumentuak elkarren artean homogeneotasunik gorde gabe idazten dira, beraz, udal-planeamenduak erantsiz ez da Bizkaiko lurraldearen informazio urbanistiko jarraitua eta koherentea lortzen. Hala, planeamendu desberdinak interpretatu behar dira, antzeko tratamendua emateko. Lan hori Garraio eta Hirigintza Sailak egiten du.
8. artikulua.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren barruko agiriak eta araudiaren irismena.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren barruan honako agiri hauek daude:
a) Informazio Planoak eta Ikerketak.
b) Egitamuaren Azalpen Memoria.
c) Betearazteko Programa, lau urteko etapatan xehatuta, eta Ekonomia eta Finantza Ikerketa.
d) Antolamendu Arauak.
e) Antolamendu Planoak.
f) Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Ikerketa.
g) Planeamenduko Eraginen Agiria.
2.- Igorreko Eskualde Egituraren Lurraldearekiko Zati Egitamuaren arauzko edukia, oro har, bera osatzen duten agiri guztietan jasotako xedapenen multzoak eratzen du.
Hala eta guztiz ere, arauzkoak eta lotesleak «Antolamendu Planoetako eta Arauetako» xedapenak dira.
Gainerako agiriak orientaziokoak, erreferentziakoak edo justifikaziokoak dira, eta beraz, lehen aipaturikoekin kontraesanik egonez gero, azken horiek nagusituko dira.
9. artikulua.- Interpretazioa.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuko arauak hitzez hitzezko idazketa eta testuingurua aintzat hartuta interpretatu behar dira, Memorian adierazitako helburuen eta xedeen arabera.
2.- Araudi grafikoaren eta idatzizkoaren artean kontraesanik egonez gero, dokumentazio idatzia nagusituko da.
3.- Agiri grafikoen arteko desadostasunik badago, xehetasun edo eskalarik handienekoa nagusitu egingo zaio txikienekoari. Hala eta guztiz ere, Antolamendu Planoak nagusitu egingo zaizkie gainerako guztiei.
4.- Nolanahi ere, eta Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 2ko 397/1999 Dekretuko 2.1.0 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskadiko Lurralde Antolamenduko Batzordeak Lurraldearekiko Zati Egitamuko xedapenak interpretatzeko ahalmena dauka.
I. TITULUA
LURRALDE EREDUAREN ZAHAZTAPENA
10. artikulua.- Igorreko eskualde egiturako lurralde eredua.
1.- Igorreko Eskualde Egituraren Lurraldearekiko Zati Egitamuko xedapenen (Araudi honetan jasotakoak) helburua, izan ere, proposaturiko lurralde-eredua garatzea da, eta horren xede nagusia Eskualde Egituraren antolamendu integrala eta integratua jasotzea da; aldi berean, udal-jarduketa ahalbidetuko da, horren autonomia kontuan hartuta, Lurraldearekiko Zati Egitamua garatzeko. Xedapenen artean honako hauek jasotzen dira:
a) Antolamenduaren helburuak zehaztea, lurraldearen oraingo egoera, egoera sozioekonomikoa eta bilakatzeko aukerak aztertuta.
b) Azpiegitura handiak euskarritzeko espazioak adieraztea, euren ezaugarriak aintzat hartuta.
c) Planaren eraginpeko eremurako edo zonarako interes komunekoak diren ekipamenduen kokalekua zehaztea.
d) Hirigintza-antolamenduak bete beharreko irizpideak, printzipioak eta arau orokorrak.
e) Birmoldatu, suspertu edo birgaitu behar diren espazioak zehaztea, horiek ez narriatzeko, edo desberdinak diren (neurri batean edo erabat) erabileretarako suspertu ahal izateko; halaber, horretarako garatu behar diren programak eta horiek gauzatzeko sustatu behar diren neurriak zehaztea.
f) Honako helburu hauetariko baterako erreserbatu beharreko lurzoru-azalerak kuantifikatzea:
- Babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea, sustapen publikoa zein pribatua dutenak, edo etorkizunean azken prezioa arauketa bereziaren bidez mugatuta eduki dezaketen beste edozein eraikitzea.
- Industria lurzoruaren sustapen publikoa, urbanizaturiko industrialdeak sortu ahal izateko.
g) Lurralde Antolamendurako Jarraibideetan jasotako xedapenak garatzeko behar diren irizpideak, arauak eta printzipioak.
2.- Lurralde-eredu horren laburpena «Ereduaren Laburpena» izeneko O-06 planoan dago grafikoki zehaztuta; eredua ezartzeko, helburu estrategikoak hartu dira aintzat, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren Memorian azaldutakoaren arabera, eta, horiek formulatzeko, Eskualde Egitura garatzeko beharrizanak hartu dira kontuan.
3.- Lurralde eredu hau, bestalde, oinarrizko baldintzatzat hartzen diren helburu hauen inguruan egituratzen da:
- Eskualde Egiturako biztanleria mantentzea.
- Egoitza-espazioa pilatzea.
- Igorreko Eskualde Egituraren berezitasuna mantentzea eta sustatzea, natura- eta paisaia-balioei dagokienez.
- Garraioen arteko intermodalitate erosoa eta eraginkorra lortzea.
- Bizikletaren eta oinezkoen ibilbideen erabilera sustatzea.
- Energia berriztagarrien aprobetxamendua bultzatzea.
- Biztanleriaren ekipamendu-beharrizanak betetzea.
- Narriaturiko espazioak suspertzea eta erabilera ezegokiak edo aukerakoak dituzten espazioak birmoldatzea.
- Landa-ondarearen eraikuntza-elementuak zaintzea eta balio historikoa edota kulturala duten espazioak birgaitzea.
4.- Igorreko Eskualde Egituraren Lurraldearekiko Zati Egitamuak, aintzat hartuta Lurralde Antolamendurako Jarraibideak eta Egitamuaren helburuak, honako eremu hauetan zatituta zehazten du lurralde-eredua.
a) Inguru Fisikoaren Lurralde Eredua.
b) Ezarkuntza Sistema.
c) Azpiegituren Lurralde Eredua.
d) Ekipamenduen Lurralde Eredua.
e) Esku hartzeko Estrategiak.
II. TITULUA
INGURU FISIKOAREN LURRALDE EREDUA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
11. artikulua.- Inguru fisikoaren definizioa.
1.- Inguru Fisikoa, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, Igorreko Eskualde Egituraren barruko lurzoru osoa da, lurzoru hori Egitamuan zehazturiko lurralde-eredua euskarritzen eta proiektatzen duen elementutzat hartuta.
2.- Esparru horri dagokionez, titulu honetan sailkatzeko moduko espazio bakartzat, indarreko planeamenduak hiri-lurzorura edo lurzoru urbanizagarrira atxikitzen ez duen espazioa soilik hartzen du LZEak, edo udal-planeamenduak azpiegituretarako nahiz sistema orokorretarako erreserbetara eta landagunearen irudira atxiki gabeko espazioa.
12. artikulua.- Antolaketa orokorra.
1.- Inguru Fisikoaren Antolamendu Orokorraren proposamena Lurraldearekiko Zati Egitamuaren Memorian azaltzen da.
2.- Babes edo lotura maila bereizten da, eremuaren balio naturalen arabera:
- Babes Handiko Lurzoruak.
- Gainazaleko Uren Babeserako Lurzoruak.
- Babeseko Lurzoruak.
3.- Babes mailaren arabera bilduta, antolamendu-kategoriak ezartzen dira:
a) Babes Handiko Lurzoruetan honako kategoria hauek bereizten dira:
- Babesturiko espazio naturalak.
- Zuhaitz bereziak.
- Landaredia autoktono interesgarriko eremuak.
- Gune hezeak.
b) Gainazaleko urak babesteko lurzoruek Gainazaleko Uren Babes kategoria osatzen dute.
c) Babeseko Lurzoruetan, honako kategoria eta azpikategoria hauek bereizten dira:
- Basokoa.
- Nekazaritzakoa nahiz abeltzaintzakoa eta landazabalekoa.
- Balio estrategiko handiko nekazaritzakoa eta abeltzaintzakoa.
- Trantsizioko landa-paisaia.
4.- Inguru Fisikoaren Antolamendu Orokorrerako proposamena, gainera, gainjarritako baldintzatzaileekin eta inguru naturaleko osagai aipagarriekin osatzen da.
5.- Antolaketako kategorien Antolamendu Orokorrerako proposamen grafikoa eta inguru naturaleko osagai aipagarriak O-01.A planoan jasota daude («Inguru Fisikoaren Antolamendua»).
Gainjarritako baldintzatzaileen antolamendu orokorraren proposamen grafikoa O-01.C planoan jasota dago («Inguru Fisioaren gaineko Eragin Sektorialak»).
II. KAPITULUA
ANTOLAKETA KATEGORIAK
13. artikulua.- Kontzeptua eta definizioa.
Lurraldearekiko Zati Egitamu honen ondoreetarako, antolamendu-kategoriak eremu homogeneoak dira, euren ingurumen-ezaugarrien arabera, eta bakoitzari erabilera batzuk esleitzen zaizkio, bertako baliabideen iraunkortasuna aintzat hartuta.
14. artikulua.- Erabileren eta jardueren arauketa.
1.- Erabilerak eta jarduerak matrize egokiaren bidez arautzeko, LAJekiko homologazioa ezarri behar da. Jarraibide horiek ezarritako bost erabilera motak hartzen dira oinarritzat: Ingurumenaren babesa, Aisialdia eta jolasaldia, Oinarrizko baliabideen ustiapena, Azpiegiturak eta Eraikuntza erabilerak, eta horiek zenbait erabileretan biltzen dira. Hala eta guztiz ere, baldintzatzaileak gehiago zehaztu behar izatearen ondorioz (erabilera eta jarduera batzuen garapenerako), LZEak azpibanaketa edo bereizketa ezartzen du horien barruan; bereizitako erabilera horiek zehazteko, analogia bat ezar daiteke, planifikazio sektorialeko gainerako tresnetarikoren batekin.
2.- Euren legeria sektoriala duten eremuak legeria horren arabera arautzen dira. Gainerako eremuetan, Arauotako X. eranskinaren barruko Antolamendu Matrizeek babeseko lurzoruetako erabilerak arautzen dituzte, eta erabileren sailkapen hauxe ezartzen dute, elkarrekiko loturaren araubidea aintzat hartuta:
a) Sustatua: kasuan kasuko lurzoruen berezko helburuari zuzenean lotuta dauden erabilerak; lurzoruen funtzionamendu egokirako lagungarriak dira.
b) Onargarria: udalak lurzoru hauen onargarritasuna edo debekua erabaki dezake.
c) Debekatua: Lurraldearekiko Zati Egitamuak berariaz onartzen ez dituen erabilerak.
3.- LZEak, gainera, erabilera jakinak onartu ezin izateko baldintzak ezartzen ditu:
a) Planeamendu orokorrak onargarritzat hartzen dituen erabilerak, udal-planeamenduan Sistema Orokortzat edota Toki Sistematzat kalifikaturiko lurzoruetan soilik garatu behar direnak. Erabilera horiek asterisko (*) batekin adierazita daude antolamendu-matrizeetan.
b) Planeamendu orokorrak onargarritzat hartzen dituen erabilerak, gauzatu ahal izateko eranskinean adierazitako mugak bete behar dituztenak. Erabilera hauek (1) batekin adierazita daude antolamendu-matrizeetan.
4.- Eskualde Egitura osoan debekaturik dago golf-zelaiaren erabilera, honako hau aintzat hartuta: ez da bateragarria lurzoru-baliabidea babestearekin; ur-kontsumo handia behar da mantenamendurako, Eskualde Egituraren barruan; aldatu egiten du Eskualde Egiturako ohiko paisaia; aldatu egiten du topografia, zelaiaren diseinura egokitzeko hirigintza-obrak egin behar izatearen ondorioz; gainera, kontuan hartu behar da bertako biztanleria-ataria.
I. ATALA
BABES LURZORUA
15. artikulua.- Kontzeptua eta definizioa.
1.- «Babes Handiko Lurzorua», Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, naturaren, ekologiaren, paisaiaren eta zientziaren nahiz kulturaren aldetik balio handia duten eremuek osatzen dute; eremuok garrantzi handikoak dira eta Eskualde Egiturako natura-ondare nagusia osatzen dute.
2.- Babes Handiko Lurzoruen barruan honako kategoria hauek sartu dira:
- Babesturiko espazio naturalak.
- Zuhaitz bereziak.
- Landaredi autoktono interesgarriko eremuak.
- Gune hezeak.
3.- Kategoria hauek «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan identifikaturik daude.
16. artikulua.- Babesturiko espazio naturalak.
1.- Babesturiko Espazio Naturalak, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, halakotzat izendatu direnak dira, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Euskadiko Natura Kontserbatzeari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legea edo horren ordezko legeria.
2.- Babesturiko Espazio Naturaletan esku hartzeko araubidea eta antolamendua, bestalde, legeria sektorial aplikagarrian eta honako hauetan ezarritakoak izango dira: adierazpen egokia eta planeamenduko tresnak, Baliabide Naturalen Antolamenduko Egitamua eta Erabili eta Kudeatzeari buruzko Egitamu Gidaria.
3.- Eskualde Egituraren barruan, Babesturiko Espazio Naturaltzat hartzen dira Gorbeiako eta Urkiolako Parke Naturalak, Eskualde Egituraren barruan duten zatian. Halaber, bi eremu horiek, natura-aberastasun handiagokoak direnez, Garrantzi Komunitarioko Lekuen (GKL) proposamenean jaso dira, Europako Natura 2000 Sarea osatzeko, 92/43/EEE Zuzentaruan edo Habitaten Zuzentarauan ezarritakoaren arabera; horrela, Garrantzi Komunitarioko Lekutzat izendatzearen eraginezko Europako araudi aplikagarriaren eraginpean gelditzen dira.
Honi buruz seinala daiteke badela Zadorrako Sistemako Urtegiak deritzan 2000 Natura sarea Erkidego-Intereseko Tokiko Eskualde Egituran. Ondorioz, Habitat zuzentarauan ezartzen denaren arabera, beharrezkoa izango da Eginkizun Aldeko plan eta proiektu guztien ebaluazio egokia egitea, ez dela harako tokiko kontserbazio-helburuetan kontuan hartzeko gauzarik benetan jakin ezik. LIC modura mugatutako eremuan Ibaien eta Erreken Ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak ezarritako babeserako legeei jarraitu zaie.
4.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Babesturiko Espazio Naturalen mugaketa jasotzen du eta hori grafikoki bat dator Garrantzi Komunitarioko Lekuen mugaketarekin («Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoa).
17. artikulua.- Zuhaitz bereziak.
1.- Zuhaitz bereziak izango dira, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, euren ezaugarri bereziak edo aipagarriak aintzat hartuta (tamaina, adina, historia, edertasuna, kokalekua, etab.) babes berezia behar dutenak, eta, hori ez ezik, honako hauen araberako adierazpen egokia ere jaso dutenak: EAEko Natura Kontserbatzeari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legea edo horren ordezko legeria.
2.- Zuhaitz berezien arloan esku hartzeko araubidea eta antolamendua, bestalde, legeria sektorial aplikagarrian ezarritakoak izango dira; legeria horrek mugatu egiten du babeserako esku-hartze araubidea, bai zuhaitz berezien kasuan eta bai horien babeseko periferia-zonan; zona horretan, berriz, zuhaitzon adaburuaren babes-eremua eta horren inguruko hiru metrora arteko zerrenda sartzen dira.
3.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren barruko Zuhaitz Berezien kategorian, Arauotako II. eranskinean aipatutakoak sartzen dira, eta horiek «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan jasota daude.
18. artikulua.- Landaredi autoktono interesgarriko eremuak.
1.- Landaredia Autoktono Interesgarriko Eremuen kategorian, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, espezie autoktonoen zuhaitz-multzoak sartzen dira: artadia, hariztia, pagadia eta urbazterreko landaredia garrantzitsua, Eskualde Egituraren barruan daudenak, balio handiko elementuak baitira ekologiaren eta paisaiarekin ikuspegitik begiratuta.
2.- Eremu horien mugaketa zehatza, izan ere, udaleko edo garapeneko planeamenduak zehazten duena izango da, eta horrek, azterketa egin ondoren, eremuen kokalekua adieraziko du; horren arabera, euren mugaketa eta, zenbait kasutan, babes-araubidea proposatuko ditu.
3.- Landaredia Autoktono Interesgarriko Eremuetako erabilera- eta jarduera-araubidea, bestalde, legeria eta araudi sektorial aplikagarriak ezarriko du (Baso Espezie Autoktonoen Araubide Bereziari buruzko 11/1997 Foru Araua); 10. artikulua aplikatzearen kalterik gabe, justifikaturiko zergatirik egon ezean, espezie horien kontserbazioa eskatu behar da, aurreikuspen urbanistikoak dituzten eremuetan.
4.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak orientabide modura Landaredi Autoktono Interesgarriko Eremuak identifikatzen ditu; horiek «Inguru Fisikoaren Antolamendua» deritzan 0-01.A planoan jasota datoz. Grafia bidezko eremuen mugatzea egiteko gure eskura dugun informazio bakarra hartu da abiapuntutzat; hala ere, antzinakoa izanik eguneratu beharra izan dezake; ondorioz, babes bereziak balio hori, udal plangintzan edota azterketa baten geroagoko garapen batek halakorik badagoela egiaztatzen duenean izango du bakarrik eta aipatu Foru Arauaren 1. artikuluan bildutako baso-espezieei dagokienez.
19. artikulua.- Gune hezeak.
1.- Kategoria honen barruan, erliebe oso lauko zonak sartzen dira, topografiaren aldetik sakonunea osatzen dutenak, hurbileko geografiari dagokionez; ekosistema oso irekiak, dinamikoak eta ingurumen-gorabeheren mendekoak dira, eta lotura handia dute inguruko sistemekin. Horiek euskarritzen dituzten eraketa geologikoek iragazkortasun nahikoa dute lurpeko ur-jario nahikoa ahalbidetzeko, eta euren gainean ibilgu iragankorrak edo iraunkorrak daude (zehaztasunik gabeak); horiek, uholdeak daudenean, estali egiten dute zonaren zati handia.
2.- Gune hezeetan esku hartzeko araubidea eta antolamendua, bestalde, legeria sektorial aplikagarrian ezarrikoaren eta hurrengo puntuetan adierazitakoaren araberakoak izango dira.
3.- I. taldeko gune hezeak, EAEko Zona Hezeen Lurralde Egitamu Sektorialean jasotakoak, Igorreko Eskualde Egituraren barruan daudenak, Gorbeiako Parke Naturalaren mugen barruan daudenez, parkeko irudiak berak arautzen ditu (Babesturiko Espazio Naturala).
4.- III. taldeko gune hezeak, EAEko Zona Hezeen Lurralde Egitamu Sektorialean jasotakoak, Igorreko eremu funtzionalean daudenak eta babes handia duen lurzorua taldean sartu gabekoak, udal plangintzaren esku jarri dira. Bertan ezarriko da, hala badagokio, araudia.
5.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Eskualde Egiturako gune hezeak identifikatzen ditu, Arauotako III. eranskinean jasotakoak; gainera, «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan I. taldekoak jasotzen ditugu.
II. ATALA
GAINAZALEKO UREN BABESA
20. artikulua.- Kontzeptua eta definizioa.
1.- Gainazaleko Uren Babes kategoriaren barruan, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, Igorreko Eskualde Egiturako ibilgu eta urtegi guztiak sartzen dira, sorburutik bokaleraino (beste eskualde-egitura mugakideren batean); baita EAEko Ibai eta Erreka Ertzen Antolamendurako LESean (egituratzeko eta zona-banaketa egiteko, ingurumen- edo hirigintza-osagaiaren arabera) ezarrita dauden gutxieneko distantziak aplikatzearen eraginezko babes-eremuak ere.
2.- Gainazaleko Uretan esku hartzeko araubidea edo araudi aplikagarria, horrenbestez, EAEko Ibai eta Erreka Ertzen Antolamendurako Lurralde Egitamu Sektorialean ezarritakoa izango da, baita legeria sektorial aplikagarria ere, eta errespetatu egingo dira LZEan ezarritako xedapenen eraginezko murriztapenik handienak.
3.- EAEko Ibai eta Erreka Ertzen Antolamendurako Lurralde Egitamu Sektorialean, babes-eremua ez da uniformea edo homologoa, eta beraz, esku hartzeko araubidea agiri horretan ezarritakoa izango da, aintzat hartuta tarte bakoitzerako ezarrita dauden araudi bereziak, bertan jasotako osagaien eta gainjarritako baldintzen arabera.
4.- EAEko Ibai eta Erreka Ertzen Antolamendurako Lurralde Egitamu Sektorialaren arebera, Azaleko urak babesteko kategoriak 200 metroko zabalera duen babeserako perimetro-banda izan behar du, uharken gehienezko maila normalari dagokion lerrotik neurtuta. Horri buruzko Plan Berezia idatzi beharko da, zehatz-meatz garatuko dituena EAEko Ibai eta Erreka Ertzen Antolamendurako Lurralde Egitamu Sektorialaren zehaztapenak.
5.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan identifikatzen ditu, gutxi gorabehera, Gainazaleko Uren Babeserako zonak.
III. ATALA
BABESEKO LURZORUA
21. artikulua.- Kontzeptua eta definizioa.
1.- Babes maila honetara atxikitako lurzoruak, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, «Babes Handiko Lurzoruak» kategorian jasota ez daudenak dira, eta bat datoz gehienbat basoko eta nekazaritzako nahiz abeltzaintzako erabilera duten eremuekin.
2.- Babes lurzoruak osatzen dituzten kategoriak eta azpikategoriak «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan grafiaturik daude, eta honako hauek dira:
a) Basokoa.
b) Nekazaritzakoa nahiz abeltzaintzakoa eta landazabalekoa.
- Trantsizioko landa-paisaia.
- Balio estrategiko handiko nekazaritza-abeltzaintzakoa.
3.- Udal-planeamendu orokorrak Lurralde Plan Partzial honen kategorizazio-proposamenak errespetatuko ditu eta landa-ingurunean «Ingurune Fisikoaren Antolaketa» 0-01.A planoan berariaz mugatutako lurraldean zonakatze-proposamen orokorrak garatuko ditu. Aipatu proposamenak bertan aipatutako erabilera orokorrekin lotuko ditu: baso-intereseko zonak eta nekazaritza eta abeltzaintzakoak nahiz landazabala, behar bezala justifikatutako zonetan bestelako tipologien esanahia alde batera utzi gabe.
4.- Eranskinean jasotako antolamendu-matrizeak babeseko lurzoruetako erabilerak eta jarduerak arautzen ditu, Arauotako «Erabileren eta jardueren arauketa» izeneko 14. artikuluan adierazitakoaren arabera.
22. artikulua.- Basokoa.
1.- «Basokoa» kategoriaren barruan, euren oraingo erabilera edo erabilera-bokazioa (malda, arriskuak, arroen babesa, etab.) aintzat hartuta baso-erabilerara bideratzen direnak sartzen dira.
Eremu horietatik kanpo gelditzen dira, bai behealdean eta landazabaleko aldean egonik horren elementu osagarriak diren basoak (beraz, nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilerekin konbinatzeko eta txandakatzeko modukoak direnak), bai baso-ahalmena izan baina baso autoktonoak okupaturik dauden eremuak.
2.- Helburua ez da nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilerak oraingo baso-eremuetara ez hedatzea, salbuespen hori mendiei eta basoko lurrei buruzko 3/1994 Foru Arauak arautuko bailuke.
3.- Baso-kategoriako erabileren eta jardueren araubidea, baita udal-planeamenduak jasoko duena ere, Arauotako eranskinean agertzen den erabilera-matrizearen ondoriozkoa izango da.
4.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan identifikatzen ditu baso-eremuak.
23. artikulua.- Nekazaritzakoa nahiz abeltzaintzakoa eta landezabalekoa.
1.- Nekazaritzako nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko kategoriaren barruan egongo dira, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, nekazaritza-erabilerarako gaitasunik handiena duten lurzoruak; horiei dagokienez, euren nekazaritza-gaitasuna, nekazaritza- nahiz abeltzaintza-jarduerak eta, horiekin bateragarriak izanik, nekazaritzako ekosistemen zein paisaien kontserbazioa bermatzen duten jarduerak mantentzea proposatzen da.
2.- Eremu desberdinen ezaugarri bereizgarriak eta Nekazaritzako nahiz abeltzaintzako eta basoko LESa aintzat hartuta, kategoria honen barruan bi azpikategoria daude: Trantsizioko Landa Paisaia eta Balio Estrategiko Handiko Nekazaritzakoa eta Abeltzaintzakoa.
24. artikulua.- Trantsizioko landa paisaia.
1.- Azpikategoria honen barruan, landazabaleko azpikategoriak edo eremuek (belardiek eta horiekiko mosaikoan dauden baso-unada txikiek osatutakoak) baino produkzio-gaitasun txikiagoko zona laboratuak sartzen dira. Landa-espazio hauetan nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak garatzen dira, baina lurzoruaren okupazioko eta ustiapeneko erabilera tradizionalak mantenduta.
Horien barruan, baserriko belardien ingurua sartzen da; izan ere, ikusmen-protagonismo handia kontuan hartuta, landazabaleko zona tradizionaletako paisaia-pertzepzioaren eragile nagusia da.
2.- Trantsizioko Landa Paisaia azpikategoriak erabilera- eta jarduera-araubidea, baita udal-planeamenduan jasotzen dena ere, Arauotako eranskinean agertzen den erabilera-matrizearen eraginezkoa izango da.
3.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan identifikatzen ditu Trantsizioko Landa Paisaiako zonak.
25. artikulua.- Balio estrategiko handiko nekazaritzakoa eta abeltzaintzakoa.
1.- Azpikategoria honen barruan, LAJetan adierazitakoaren arabera nekazaritza-erabilerarako gaitasunik handiena eta narriadura-prozesuekiko zaurgarritasunik handiena duten lurzoruak sartzen dira; halako lurzoruak ez dira jardueren euskarriak soilik, kontuan hartuta ezin direla berregin, urriak direla eta oinarrizko jardueretarako garrantzitsuak direla.
Honen barruan, nekazaritza- nahiz abeltzaintza-gaitasunik handieneko lurzoruak sartzen dira; baita, modernotasuna, errentagarritasuna edo iraunkortasuna aintzat hartuta, sektorerako estrategikotzat hartzen direnak ere, landaredia interesgarriko eremuak eta ezarkuntza berriak hartzeko gaitasuna duten eremuak izan ezik. Produktibitate handia aintzat hartuta, honako hauek sartzen dira barruan: I., II. edo III. motako lurzoruak eta alubioi-lurzoruak (sakonak, % 12tik beherako maldetan).
2.- Balio Estrategiko Handiko Nekazaritza eta Abeltzaintza azpikategorian, erabilera- eta jarduera-araubidea, baita udal-planeamenduak jasoko duena ere, Arauotako eranskinean jasotako erabilera-matrizearen eraginezkoa izango da.
3.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan identifikatzen ditu Balio Estrategiko Handiko Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zonak.
III. KAPITULUA
GAINJARRITAKO BALDINTZATZAILEAK
26. artikulua.- Kontzeptua eta definizioa.
1.- Gainjarritako Baldintzatzaileek erabilera baldintzatzen dute eta gainjarri egiten zaizkie Babes Eremuei edo beste lurzoru batzuei; gainera, Gainjarritako Baldintzatzaileen eraginpeko eremuetan jarduera batzuk garatzeko modua mugatzen dute, kasu bakoitzean sorturiko arrisku motaren arabera eta babes-irizpide bereziak aintzat hartuz.
Erabilera baldintzatzen dutenez (faktore jakinaren arabera), jarduerek eragin ditzaketen arriskuak ekiditeko beharrezko mugaketa gehigarriak baino ez dira ezartzen.
2.- Igorreko Lurraldearekiko Zati Egitamuak Gainjarritako Baldintzatzaile hauek ezartzen ditu («Inguru Fisikoaren gaineko Eragin Sektorialak» izeneko O-01.C planoan mugatuta):
- Urak Hartzeko moduko Eremuak.
- Akuiferoak Kutsatzeko Arriskua duten Eremuak.
- Eremu Higagarriak edo Higadura Arriskukoak.
27. artikulua.- Urak hartzeko moduko eremuak.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, urak Hartzeko moduko Eremuak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko (Kantabriar Isurialdea) Ibai eta Erreka Ertzen Antolamendurako Lurralde Egitamu Sektorialari buruzko abenduaren 22ko 415/1998 Dekretuan jasotako guztiak; baldin eta, euren kokalekua, erliebea eta ezaugarri topografikoak kontuan hartuta, urak hartzeko arriskurik badute, ohiko uholderik handienetan, 10, 100 eta 500 urteko itzultze-aldien arabera.
2.- Uholde-orbanen mugaketa, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibai eta Erreka Ertzen Antolamendurako Lurralde Egitamu Sektorialaren Aldaketatik lorturiko informazioan oinarritzen da. Aipatu dokumentua hasieran onartu zen 2007ko abenduaren 10ean, beraz, homogeneizatu egin dira lehendik dauden lanak (Uholdeen Prebentziorako Plan Integrala eta Ibai Autonomikoen Ikerketa Hidraulikoa); betiere, organo eskudunak aldatu egin dezake mugaketa hori, ibilguan egindako jarduketen ondorioz.
3.- Nolanahi ere, eremu hauetan esku hartzeko araubidea eta erabilerak honako muga hauetara egokituko dira:
- Jarduera sustatuak izango dira ibilguak eta hustubideak etetea nahiz ixtea ekiditeko neurriak ezartzeko gauzatzen direnak, baita pertsonen nahiz ondasunen gaineko kalteak aurreikusteko gauzatzen direnak ere.
- Jarduera onargarriak izango dira eraikuntzen edo azpiegituren instalazioa eta edozein motatako materialen (uren berezko dinamika oztopatzen duten materialak) pilaketa eragiten ez dutenak.
- Jarduera debekatuak izango dira sustatutzat edo onargarritzat berariaz jasota ez daudenak, edo eremua babesteko irizpidearekin bateragarriak ez direnak.
4.- Aurreko puntuan esandakoaren kalterik gabe, LZEak debekatu egiten ditu hirigintza-garapenak uholde-orbanaren barruan, 10, 100 eta 500 urteko itzultze-aldietan, eremu horiek edafologia-balio handia dutelako.
5.- Nolanahi ere, eta LZEan ezarritako murriztapenak errespetatuz, eremu hauetan esku hartzeko araubidea EAEko Ibai eta Erreka Ertzen Antolamendurako LESaren Aldaketan araututakoarekin osatuko da.
28. artikulua.- Akuiferoak kutsatzeko arriskua duten eremuak.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, Akuiferoak Kutsatzeko Arriskua duten Eremuak honako hauek izango dira: lurpeko akuiferoak kargatzeko funtzioa duten eta baliabide horien kutsadurarekiko zaurgarritasun handia duten eremuak.
2.- Grafiaturiko mugaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Ibai eta Erreka Ertzen Antolamendurako Lurralde Egitamu Sektorialetik hartu da. Hala eta guztiz ere, udal-planeamendu orokorreko eta garapeneko tresnek mugaketa zehatzagoa ezarriko dute, baita eremu hauetan esku hartzeko eta bertako erabileretarako araubidea ere, hurrengo atalean ezarritakoa errespetatuz.
3.- Nolanahi ere, eremu hauetan esku hartzeko araubidea honako muga hauetara egokituko da:
- Jarduera sustatuak izango dira eremuko ingurumen-balioak kontserbatzeko eta hobetzeko helburua dutenak.
- Jarduera onargarriak, izan ere, lurzorua kutsatu ahal dutenei lotutako edo horietatik eratorritako jarduerak izango dira, baldin eta lurpeko uretan kalterik ez sortzeko neurriak ezartzen badira.
- Jarduera debekatuak izango dira jarduera sustatutzat edo onargarritzat berariaz jasota ez dauden guztiak, edo eremuko babes-irizpidearekin bateragarriak ez direnak.
29. artikulua.- Eremu higagarriak edo higadura arriskukoak.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, Eremu Higagarriak edo Higadura Arriskukoak honako hauek izango dira: ezaugarri edafologikoak, plubiometrikoak, landaredikoak eta erliebekoak aintzat hartuta, higadura-fenomenoak jasateko arrisku handia dutenak.
2.- Grafiaturiko mugaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Ibai eta Erreka Ertzen Antolamendurako Lurralde Egitamu Sektorialetik hartu da. Hala eta guztiz ere, udal-planeamendu orokorreko eta garapeneko tresnek mugaketa zehatzagoa ezarriko dute, baita eremu hauetan esku hartzeko eta bertako erabileretarako araubidea ere, hurrengo atalean ezarritakoa errespetatuz.
3.- Nolanahi ere, eremu hauetan esku hartzeko araubidea honako muga hauetara egokituko da:
a) Honako jarduera hauek sustatu edo onartuko dira:
- Landare-estaldura mantentzea (batez ere, zuhaitzak), orain estaldura hori duten lekuetan, eta mozketa iraunkorra (arraseko mozketa saihestuz).
- Landare-estaldura sartzea eta zabaltzea (batez ere, zuhaitzak), hutsik dauden lurzoruen kasuan.
b) Jarduera debekatuak izango dira jarduera sustatutzat edo onargarritzat berariaz jasota ez dauden guztiak, edo eremuko babes-irizpidearekin bateragarriak ez direnak.
IV. KAPITULUA
INGURU NATURALEKO OSAGAI AIPAGARRIAK
30. artikulua.- Kontzeptua eta definizioa.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, inguru naturaleko osagai aipagarriek mugatu edo adierazi egiten dituzte ingurumenaren, naturaren eta ekologiaren aldetik balio handia duten gune interesgarriak, baita gai jakinean garrantzitsuak direnak eta, euren berezitasunaren eraginez, Eskualde Egiturako natura-ondarean integraturik daudenak ere.
2.- Halako guneetan, interes handiko espezieak, sistema geomorfologikoak eta beste ekosistema natural batzuk daude, eta horiek zehatz ikertu beharko dira; planeamendu orokorrak edo garapeneko planeamenduak eremua eta babes-ingurua mugatuko ditu, eta behin betiko antolamendua ere berak egingo du.
3.- Inguru naturaleko osagai aipagarriak «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan identifikaturik daude, eta, aldi berean, bi taldetan banatzen dira, euren berezitasunen arabera:
a) Interes geologikoa eta geomorfologikoa duten guneak.
b) Zuhaitz interesgarriak.
31. artikulua.- Interes geologikoa eta geomorfologikoa duten guneak.
1.- Interes Geologikoa eta Geomorfologikoa duten guneak izango dira, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, euren baldintza geologikoak eta geomorfologikoak aintzat hartuta babesa merezi duten eremuak; baita, arrarotasunaren, ikusgarritasunaren, edertasunaren eta berezitasunaren eraginez, Egitamuak ondare geologikoaren edo geomorfologikoaren barruko fenomeno adierazgarrienen aztarnatzat hartzen dituen eremuak ere.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak halako guneak daudela esan du; gune horiek ikerketa zehatza behar dute, eta planeamendu orokorrak edo garapenekoak, berriz, eremu horien eta euren babes-inguruaren mugaketa eta behin betiko antolamendua egingo ditu.
3.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Interes Geologikoa eta Geomorfologikoa duten Guneak identifikatzen ditu; horiek Arauotako IV. eranskinean aipaturik eta «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan identifikatuta daude.
32. artikulua.- Zuhaitz interesgarriak.
1.- Zuhaitz Interesgarriak izango dira, Lurraldearekiko Zati Egitamu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, Eusko Jaurlaritzaren 265/1995 Dekretuan halakotzat hartuta egon ez arren euren ezaugarrien ondorioz babesa merezi dutenak.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak halako zuhaitzak daudela esan du; gune horiek ikerketa zehatza behar dute, eta planeamendu orokorrak edo garapenekoak, berriz, eremu horien eta euren babes-inguruaren mugaketa eta behin betiko antolamendua egingo ditu.
3.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan jasotakoak hartzen ditu Zuhaitz Berezitzat.
V. KAPITULUA
INGURU NATURALAREN GAINEKO BESTE ERAGIN BATZUK: ERAUZKETA JARDUERAK
33. artikulua.- Erauzketa jarduerak.
1.- Eskualde Egitamuaren barruan diharduten harrobien jarduera indarreko legeria sektorial aplikagarriaren edo horren ordezkoaren bidez arautuko da: Meatzeei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legea, EAEko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurumen Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua nahiz berori garatu duen Araudia, eta erauzketa jardueren eraginpeko Espazio Naturala Suspertzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretua.
2.- Erauzketa jarduerak egitearen eraginpeko zonen eta beste erabilera batzuetarako erabil daitezkeen zonen mugaketa udal-planeamenduak egingo du, LAJetan adierazitakoaren arabera.
3.- Ingurumeneko eraginaren aitorpena duten harrobiek aitorpen horretan ezarritakoa bete beharko dute, bai harrobiak ustiatzeko eremua mugatzerakoan, bai horiek lehengoratzerakoan.
4.- Martxan ez dauden edo erabilerarik ez duten harrobiak, bestalde, erauzketa jardueren eraginpeko Espazio Naturala Suspertzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan edo horren ordezko legeren batean ezarritakoaren arabera suspertuko dira.
VI. KAPITULUA
INGURU FISIKOAREN BARRUKO EKINTZAK
34. artikulua.- Inguru fisikoaren barruko ekintzak.
1.- Igorreko Lurralde Plan Partzialak proposatutako lurralde-ereduak, kategoria desberdinei dagokien araudia aplikatzea alde batera utzi gabe, Ingurune Fisikoari lotuta hurrengo ekintzak sartzen ditu:
- Erabiltzen ez diren harrobiak suspertzea, espazio horien Ingurumen Hobekuntzarako, aurreko artikuluko 3. puntuan aipaturiko Dekretuan ezarritakoaren arabera.
- Igarobide Ekologikoen, Nagusien edo Eskualdekoen eta Bigarren Mailakoen Sistema Handia ezartzea (gomendiotzat), Igorreko Eskualde Egiturako balio ekologikoak mantendu ahal izateko.
- Igorreko Eskualde Egituran landaredia autoktonoko espezieak indartzea, Eskala Txikiko Igarobideak sortzeko gomendioa emanez.
- Ibai Igarobide Ekologikoa indartzea, ibilguaren eta ibaiertzen ingurumen-osagaiak kontserbatzeko eta suspertzeko.
2.- Ekintza horiek Egitamuaren memorian garaturik daude, eta «Inguru Fisikoaren barruko Ekintzak» izeneko O-01.B planoan identifikatzen dira.
VII. KAPITULUA
SARE BERDEA
35. artikulua.- Sare Berdearen definizioa.
1.- Igorreko Eskualde Egituraren Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, Sare Berdea biztanleentzat «lurraldearen iragazkortasuna» sustatzeko sistema integratua da; horri dagokionez, hiritarrek naturaz gozatzeko mekanismoak bilatuko dira, kasuan kasuko espazioen bokazioarekiko modu bateragarriak; besteak beste, paisaia kontserbatzeko jarduerak bultzatuko dira, baita paisaiaren behaketa eta sarbide publikoa ere; izan ere, paisaia lurralde-ondaretzat eta, aldi berean, baliabidetzat hartuko da.
2.- Sistema horrek honako elementu hauek ditu:
- Gainazalekoak.
- Linealak.
- Zehatzak.
3.- Igorreko Eskualde Egiturako Sare Berdearen sistema integratuko elementuen kudeaketa integratua egiteko, elementu horiek bi eremutan biltzen dira:
- Paisaiari loturiko Ibai Eremua: haranaren behealdeko maila.
- Eremu Naturala: haranaren goialdeko eta erdiko maila.
36. artikulua.- Pasaiari lotutako ibai eremua.
1.- Paisaiari loturiko Ibai Eremua, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, nekazaritzaren, uraren, paisaiaren eta kulturaren aldetik interesa duen udalerriz gaindiko eremua da; Ibaizabalen, Arratiaren eta Indusiren haran-hondoan zehar kokaturik dago, Igorreko Eskualde Egituran, eta aipagarriak dira bertako balio naturalak, kulturalak eta landatarrak.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Sare Berdearen sistema integratuko elementu hauek identifikatzen ditu Paisaiari loturiko Ibai Eremuan («Sare Berdea» izeneko O-01.D planoan grafiatuta):
a) Gainazalekoak:
- Haran-hondoko belardiak.
- Ibilgua eta ibaiertzak.
b) Linealak:
- Paisaiari loturiko ibai-ibilbidea.
c) Zehatzak:
- Ibilguari loturiko eraikinak eta instalazioak.
- Ibilguari loturiko kirol- eta jolas-ekipamenduak.
- Haran-hondoan kokaturiko zentro didaktikoak eta landa-inguruaren identifikaziokoak.
3.- Paisaiari loturiko Ibai Eremuaren antolamenduak errespetatu egin behar ditu Lurraldearekiko Zati Egitamuan ezarritako Gainjarritako Baldintzatzaileen Antolamendu Kategorien eraginezko mugak.
4.- LZEaren Sare Berdearen sistema integratuko elementuen proposamena, artikulu honetako 2. puntuan aipatutakoa, paisaiari loturiko ibai-eremu honetan, eraginpeko udalerrien udal-planeamenduak garatu ahal izango du, betiere inguru fisikoaren barruko balio naturalen kontserbazioaren eta horien gaineko gutxieneko esku-hartzearen printzipioa mantenduz.
5.- Balio natural handiko Paisaiari loturiko Ibai Eremu honetan, LZEak «Paisaiari loturiko Ibai Igarobidearen» proposamen integrala jasotzen du; gainera, esku-hartze ahalik eta txikienaren aldeko apustua egin eta «Paisaiari loturiko Ibai Ibilbidea» eskaintzen du; horrek, esku-hartze ahalik eta txikienarekin, biztanleriari inguru horretaz gozatzeko aukera ematen dio, eta udal-planeamenduei zenbait ekintza proposatzen die, horren balioa sustatzeko, paisaiara hurbiltzeko Sare Berdeko elementutzat; aldi beran, kontserbatu egiten du bere balio ekologikoa eta naturala. «Paisaiari loturiko Ibai Ibilbidea» bat dator, tarte batzuetan, Aukerako Mugikortasun Sarearekin, eta tarte horietan eginkizun bikoitza dauka, Sare berdearen barruko elementua eta, aldi beran, Aukerako Mugikortasun Ereduaren barruko elementua baita.
6.- Paisaiari loturiko Ibai Eremuan, eraginpeko udalerriek antolamendu integratua egingo dute, jarraitasuna bermatzeko.
7.- Helburu nagusia, izan ere, proposamenen antolamendu xehatua eraginpeko udalerri guztiek batera egitea da.
37. artikulua.- Eremu naturala.
1.- Sare Berdeko Inguru Naturala, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, ingurumen balioak eta antropizazio maila baxua aintzat hartuta Naturaz gozatzeko espazioa den eremua da, eta horri Lurraldearekiko Zati Egitamuak lurraldea egituratzeko eginkizuna ematen dio.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Eremu Naturaleko Sare Berdean integraturiko sistemako elementu hauek identifikatzen ditu («Sare Berdea» izeneko O-01.D Planoan grafiatuta):
a) Gainazalekoak:
- Babesturiko Eremu Naturalak.
- Malda erdiko belardiak.
- Bitarteko Landa Ingurua.
b) Linealak:
- Lurraldean sartzeko ibilbideak.
c) Zehatzak:
- Jolas-eremuak.
- Ohiko eraketa geologikoak.
- Gailur nagusiak.
3.- Eremu Naturalaren antolamenduak errespetatu egingo ditu Lurraldearekiko Zati Egitamuak ezarritako Antolamendu Kategorien eta Gainjarritako Baldintzatzaileen ondoriozko kategoriak.
4.- LZEaren Sare Berdearen sistema integratuko elementuen proposamena, artikulu honetako 2. puntuan aipatutakoa, paisaiari loturiko ibai-eremu honetan, eraginpeko udalerrien udal-planeamenduak garatu ahal izango du, betiere inguru fisikoaren barruko balio naturalen kontserbazioaren eta horien gaineko gutxieneko esku-hartzearen printzipioa mantenduz.
5.- LZEak esku-hartze ahalik eta txikiena egin nahi du Eremu Naturalean; Lurraldean Sartzeko Ibilbideak lehendik dauden bideetan oinarritzen dira eta udal-planeamenduei ekintzak proposatzeko gomendioa egiten zaie, paisaiari hurbiltzeko sare berdeko elementutzat duten balioa sustatzeko eta, aldi berean, euren balio ekologikoa nahiz naturala kontserbatzeko.
6.- Eremu Naturala modu integratuan antolatu beharko dute eraginpeko udalek, jarraitasuna bermatzeko.
7.- Helburu nagusia, izan ere, proposamenen antolamendu xehatua eraginpeko udalerri guztiek batera egitea da.
38. artikulua.- Flora eta fauna.
1.- Beharrezkoa izango da Bisoi europarrarentzako (Dima eta Artekoa kokalekuak) Interes Bereziko Aldeetan egitekoak diren jardunetarako proposamen berrietan, garapenerako planek eta proiektuek Foru Organo eskudunaren aginduzko txostena izatea, Bizkaiko Lurralde Historikoan ur-ipurtatsaren edo bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketarako Plana onartzen duen 118/2006 Foru Aginduan ezartzen denaren arabera.
2.- Arriskuan diren Espezieen Euskal Katalogoko espezientzat emandako agindu eta neurriak betetzeak baldintzatuko ditu LZEek proposatutako jarduerak, bisoi europarraren eta Diphasiastrum alpinum eta Ranunculus amplexicaulis flora espezieen kasuan bezala, Kudeaketa Plan bat baitute onartuta.
III. TITULUA
EZARKUNTZA SISTEMA
39. artikulua.- Ezarkuntza sistemaren definizioa eta zehaztapenak.
1.- Ezarkuntza Sistema, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, Igorreko Eskualde Egituraren barruan hirigintza-ekintzari loturik dagoen lurzoru osoa da, giza ezarkuntzaren euskarri fisikotzat, Egitamuan zehazturiko Lurralde Ereduaren arabera.
2.- Dokumentazio grafikoan, oinarrizko informazioa titulupean, informazio modura, udal-planeamenduaren egoera azaltzen da. Horrek ez du esan nahi LPPk indarreko planeamendua berraztertzen edo aldatzen ez uztea; are gehiago, lurzoru horietan garapen urbanistikoak eransten edo deuseztatzen saiatuko litzateke, proposatutako ereduaren helburuak betetzeko.
3.- Ezarkuntza Sistemako informazio grafikoa «Ezarkuntzen Lurralde Eredua» izeneko O-02.A1 eta O-02.A2 planoetan jasota dago, baita «Ezarkuntza Sistema» izeneko O-02.B1 eta O-02.B2 planoetan ere.
I. KAPITULUA
EGOITZA EZARKUNTZEN SISTEMA
40. artikulua.- Ereduaren helburu orokorrak.
1.- Lurzoruaren (baliabidea) kontsumoa geldiaraztea.
LZEak lurzoruaren kontsumoa geldiaraztea proposatzen du, azken urteotako joera iraulita. LZEaren estrategian, aintzat hartzen da oraingo etxebizitza-parkearen ahalmena, eta eraikitako ondarearen optimizazioa sustatzen da, lehentasunezko esku-hartze modutzat, lurzoru berriak okupatu barik, kontuan hartuta lurraldearen oraingo harrera-gaitasuna. Beste alde batetik, indarreko planeamenduaren optimizazioa sustatu behar da, lurzorurik gehien kontsumitzen duten erabilera-intentsitateak berrikusita eta horiek ingurura egokituta, lurzorua aurreztu ahal izateko.
2.- Espazioan integraturiko jarduera ekonomikoaren eta egoitzaren eredu mistoa sustatzea.
LZEak proposatzen duen ereduak egindako apustuaren arabera, egoitza-erabilera orokorra duten lurzoru berri guztiek gutxienez % 10eko egoitza-eraikigarritasuneko erreserba edukiko dute, jarduera ekonomikoak kokatu ahal izateko; horien artean, beste batzuekin bateragarria den industria-jarduera ez ezik, merkataritzako nahiz bulegoko hirugarren sektoreko jarduerak eta zuzkiduren arloko beste zerbitzu batzuk ere sartzen dira; esate baterako, hezkuntza, osasuna, gizarte-zerbitzuak, kirola nahiz kultura eta horien antzeko beste batzuk.
3.- Biztanleria mantentzea eta lurralde-oreka lortzea. Hirien sistema indartzea.
LZEak Eskualde Egituraren barruko udalerri bakoitzean behar den lurzoru-erabilgarritasuna bermatzearen aldeko apustua egiten du, behintzat bertako biztanleria mantentzeko, udalerri horietako biztanleriaren exodorik ez egoteko, beste leku batzuetarantz, Egitamuaren indarraldian.
Horretarako, udal bakoitzak herri bakoitzak behar dituen etxebizitzak egin behar ditu, kontuan hartuta bertako biztanleria-sektoreen lorpen-gaitasuna; beraz, Babes Ofizialeko Araubidea erabili beharko du.
LAJetan adierazitako Ereduak sustatzen duen Lurralde Orekako Estrategiari erantzunez, Eskualde Egituraren barruko udalerriren batean, biztanleria mantentzeaz gain hazkunde hautakorra ere lortu nahi da; hain zuzen ere, beste eskualde-egitura batzuetatik (batez ere, Bilbo Metropolitarretik) iritsitako biztanleria hartzeko etxebizitza kopurua sortu nahi da.
4.- Inguru naturala errespetatzea.
Lurralde-antolamenduaren helburu nagusietariko bat baliabide naturalak ondo administratzea eta ingurumena babestea da.
LZEak garapen iraunkorrarekin duen konpromisoaren eraginez, ingurumen-balio urriagoko lurzoruen erabilera proposatu da; horretarako, ezarri diren irizpideetan, okupatu beharreko lurzoruak adierazten dira eta lurzoru horiek, horrenbestez, egoitza-ezarkuntzen proposamen berrietatik kanpo geldituko dira; lurzoru horien artean, urak hartzeko moduko eremuak (edozein itzultze-alditan) sartzen dira, balio estrategiko eta edafologiko handikoak baitira; beraz, Ibai eta Erreka Ertzen LESaren eskakizunak ugaritu eta lurzoru gehiago sartzen dira Babes Bereziko edo Gainazaleko Uren Babeseko kategorietarikoren batean.
Inguru naturala ahalik eta gehien babesteko, murriztu egin da horren erabilera; horrela, okupaziorako gehieneko eremuak ezarri dira eta horietatik kanpo ezin daiteke hirigintza-garapen berririk sortu; hortaz, babes oso handia ematen zaio inguru fisikoaren aldaketari, bai balio estrategiko handiko lurzoruei eta bai inguru naturala antolatzen duten gainerako kategoriei dagokienez.
Landare autoktono interesgarrien okupazioaren mugetan proposamenak eginez gero, Arau honek 18.30 artikuluan definitutako irizpideak kontuan hartu beharko dira.
Okupazioaren mugako eremuek ez dute kolonizaziora behartzen, LZEaren indarraldian. Horien okupazioa Planeamenduak zehaztuko du, nahitaez okupatu beharrekoak ez diren eremu malguak baitira; nolanahi ere, aintzat hartu behar dira jardunean dabiltzan nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenak, nekazaritzako nahiz abeltzaintzako eta basoko jardueren lehiakortasuna hobetzeko, eta, horrela, inguru naturalaren eta landa-inguruaren kalitatea bermatzeko.
5.- Garraio publikoari loturiko irisgarritasuna eta aukerako mugikortasun-moduak.
LZEak hiri trinkoaren printzipioak eta erabilera mistoak aplikatzea erabaki du, hiri-garapenaren oraingo joera batzuk zuzentzeko, joera horiek mugikortasun iraunkorraren aurkakoak baitira.
Ibilgailuen bideen arabera (hiriaren berezko egiturari jarraitu barik) sortu diren Jarduera Ekonomikoak irisgarritasunik gabeko uharteak dira orain, ibilgailu partikularretarako izan ezik, eta bideak eurak ere hesiak dira, gainerako irisgarritasun motetarako.
Egoera hori ikusita, egoitza-ezarkuntzetarako eta jarduera ekonomikoen ezarkuntzetarako lurzoru berriak aukeratzeko orduan, LZEak aintzat hartu du eremu horiek hiriaren gainerako zatiarekin artikulatzeko aukera, baita aukerako garraio-moduetarako iragazkortasuna ere (adibidez, oinezkoak eta bizikletak), horiek biztanlerik gehienen esku baitaude. Horrenbestez, halako garraioaren erabilera sustatzeko azpiegiturak garatu behar dira, ibilgailu pribatua bigarren mailan utzita, horren erabilera ez baita beharrezkoa hiriguneen barruko eta ondoko industrialdeetarako joan-etorrietarako.
Hiri-garapenei loturiko alderdi horiek ez ezik, garraio publikoa sustatzea eta ibilgailu pribatua baztertzea ere, izan ere, mugikortasun-arazoari erantzuna emateko zati osagarriak dira.
I. ATALA
EREDUAREN ESPARRU-PROPOSAMENA 16 URTERA
41. artikulua.- Eredua.
1.- Etxebizitza-beharrizanera hurbiltzeko, LZEak proposaturiko kalkulu-metodoaren helburua LZEak aurreikusitako hazkunde-eredurako egokia den egoitza-kuantifikazioa lortzea da.
2.- Kalkuluko metodo hau etxebizitzaren beharrizan endogenoaren zenbatespenean oinarritzen da; beharrizan hori, berriz, biztanleriaren mantenamenduak eta familien batez besteko tamainaren murriztapenak (etxebizitza kopuruaren gorakada eragiten duen murriztapena) sortzen dute.
3.- Gainera, LAJetan zehazturiko Ereduaren eraginezko Lurralde Orekako Estrategiari erantzunez, LZEan ezarritako Lurralde Ereduak Kanpoko Berrorekako faktore bat jaso du kuantifikazioan; hain zuzen ere, Bilbo Metropolitarreko Eskualde Egituratik iritsitako biztanleria hartzen duen etxebizitza kopurua.
42. artikulua.- Esparru-proposamena 16 urtera.
Beharrizanen kalkulua, LZEak ezarritako Ereduaren arabera, 16 urterako egin da, horixe baita erreferentziako esparrua 8 urterako (lege-aldia) beharrizanak Udal Planeamenduan jasotzeko, eta beraz, berori izango da aplikagarria.
43. artikulua.- Ereduaren kalkulua.
Kalkuluko metodoa honako osagai hauen batuketan oinarritzen da:
- Ereduaren hazkunde hautakorra (A).
- Barruko berroreka (B).
- Beharrizan endogenoak (C).
- Bigarren egoitza (D).
44. artikulua.- Ereduaren hazkunde hautakorra. A osagaia.
1.- Adierazitako aldagaien ebaluazioarekin eta azterketarekin bat etorriz, baita Bilbo Metropolitarreko LZEa (LAJak betetzen ditu) hedatzeko estrategien ondorioekin bat etorriz ere, Igorreko Eskualde Egiturari 450 etxebizitza esleitzen zaizkio.
2.- Hazkunde hautakorra (loteslea) edo kanpoko berroreka (aipaturiko osagai exogenoak osatzen duena), bestalde, etxebizitza kopuruan adierazten da, V. eranskinean («16 urterako Esparru-Proposamenaren Ereduko etxebizitzen kuantifikazioa») jasotako taularen osagaitzat.
45. artikulua.- Barruko berroreka. B osagaia.
1.- B osagaia Eskualde Egiturako etxebizitza-beharrizanen Barruko Berrorekari dagokiona da. Barruko berroreka, horri dagokionez, beharrizanak udal mugartearen barruan betetzeko lurzoru nahikorik ez duten udalerrietako etxebizitza-eskariak beste leku batean kokatzearen ondorioz sortzen da, LZEan adierazitako kokaleku-irizpideak aintzat hartuta, eskari hori edukitzeko gaitasuna duten lurzoruen soberakina dutenen kasuan.
2.- Igorreko Eskualde Egituraren kasuan, lurzoru erabilgarriei eta horien ezaugarri naturalei buruz egindako ikerketak kontuan hartuta, esan daiteke udalerri bakoitzak harrera-gaitasun nahikoa duela, bere beharrizanei erantzuna emateko, eta Barruko Berrorekako B osagaiari balio nulua edo zeroren parekoa ematen zaio.
46. artikulua.- Beharrizan endogenoak. C osagaia.
1.- C osagaiak udalerrien beharrizan endogenoak adierazten ditu, eta honako honek eragindako etxebizitza-beharrizanen hazkundearen ondoriozkoa da: familien batez besteko tamainak hurrengo urteotan izango duen apurka-apurkako murriztapena. Horrenbestez, LZEaren hipotesia mantendu arren (Egitamuaren indarraldian biztanleria mantentzea), etxebizitza-eskaria gero eta handiagoa izango da.
2.- C osagaiaren emaitzak honako formula hau aplikatuta lortu dira:
C = P/(TMF-0.48) - P/TMF
Formula horretan P eta TMF udalerriko biztanleria eta familien batez besteko tamaina dira, 2005ean. Biztanleen datua aldakorra denez, osagai horren emaitza ez da loteslea, baina bai da hori kalkulatzeko adierazitako formula. Nolanahi ere, TMF urtean 0,03 murrizten bada, zehaztapen loteslea da.
3.- Adierazitako C osagaiak osaturiko beharrizan endogenoa, etxebizitza kopuruari dagokionez, V. eranskineko taulan adierazita dago: «16 urterako Esparru-Proposamenaren Ereduko etxebizitzen kuantifikazioa».
47. artikulua.- Bigarren egoitza. D osagaia.
1.- Osagai honek, LAJetan bigarren egoitzako hazkundeetarako finkaturiko udalerriei, proposaturiko Lurralde Ereduaren araberako dimentsionamendua eskaintzen die, eskaintzari dagokionez.
2.- Eskualde Egituran, izaera hori eduki dezakeen udalerri bakarra Artea da, Lurraldean Sartzeko Gunetzat eta eremuko gaitasunik handieneko udalerritzat. Beraz, guztira 13 etxebizitza esleitzen zaizkio, bigarren egoitzako osagaitzat, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu Sailetik iritsitako datuen arabera.
3.- Bigarren egoitzaren osagaiak eraturiko hazkunde loteste hori, etxebizitza kopuruaren arabera, V. eranskineko taulan jasota dago: «16 urterako Esparru-Proposamenaren Ereduko etxebizitzen kuantifikazioa».
48. artikulua.- Ereduko etxebizitzen kuantifikazioa, 16 urterako esparru-proposamenean.
1.- Azaldutako osagaien batuketa (A, B, C eta D), izan ere, LZEak 16 urteko aldirako hartu duen Ereduaren arabera aurreikusitako etxebizitza kopuru garbiaren kuantifikazioa da, Igorreko Eskualde Egiturarako.
2.- Aurreikusitako etxebizitza kopuru garbi horri aurre egitean, helburua ez da kopuru hori etxebizitza berria eraikita soilik lortzea; izan ere, kasuan kasuko udal-planeamenduak azaldutako estrategiak erabilita bermatu behar du kopuru hori, eta, estrategia horien artean, aintzat hartzen dira lehendik dagoen etxebizitzaren erabilera eta eraikitako ondarearen optimizazioa.
3.- LZEaren indarraldirako aurreikusitako etxebizitza kopuru garbia V. eranskineko taulan adierazita dago: «16 urterako Esparru-Proposamenaren Ereduko etxebizitzen kuantifikazioa».
II. ATALA
8 URTERAKO UDAL APLIKAZIOAN BAIMENDUTAKO GEHIENEKO ETXEBIZITZA KOPURUA
49. artikulua.- Ereduaren udal aplikazioa.
1.- Bere Planeamendu Orokorra berrikusten duen udalerri bakoitzak kalkulatu egin beharko ditu Lurraldearekiko Zati Egitamuak zortzi urterako baimentzen dizkion etxebizitzak.
2.- Udal Planeamenduari Esparru-Proposamenaren aplikazioa ahalbidetzeko, esparru hori Planeamenduaren aldiari (zortzi urte) egokitu behar zaio.
50. artikulua.- Udal aplikazioan baimendutako gehieneko etxebizitza kopuruaren kalkulua.
1.- Gehieneko etxebizitza kopurua 8 urteko aldirako egoitza-ereduaren arabera kuantifikatzeko, Esparru-Proposameneko taulak aldi horretara egokitzeko aukera ematen duen metodoa behar da.
2.- Udal-aplikazioan baimendutako gehieneko etxebizitza kopurua, Esparru-Proposamenaren kasuan bezala, honako osagai hauek batuta lortuko da:
- Ereduaren hazkunde hautakorra (A).
- Barruko berroreka (B).
- Beharrizan endogenoak (C).
- Bigarren egoitza (D).
51. artikulua.- Ereduaren hazkunde hautakorra. A osagia.
1.- Osagai lotesle honek balio iraunkorra dauka eta hori, 8 urteko aldirako, 16 urterako ezarri den lurralde-orekaren osagaitzat ezarritako etxebizitza-bolumenaren erdia da.
2.- Hazkunde hautakorra (loteslea) edo kanpoko berroreka (adierazitako osagai exogenoak osatzen duena), etxebizitza kopuruari dagokionez, VI. eranskineko taulan adierazita dago: «8 urterako udal-aplikazioan baimendutako gehieneko etxebizitza kopurua kalkulatzeko metodologia».
52. artikulua.- Barruko berroreka. B osagaia.
44. artikuluan adierazitakoaren arabera, B osagaia 0 da udalerri guztietarako.
53. artikulua.- Beharrizan endogenoak. C osagaia.
1.- 8 urteko aldirako C osagaia kalkulatzeko, bere planeamendua berrikusten duen udalerri bakoitzak bertako biztanleria eta TMF (berrikuspenaren urtean) hartuko ditu oinarritzat, eta biztanleria hori mantentzearen hipotesia aplikatuko du; TMFaren murriztapena 0,24 da (aldi horretarako zenbateko loteslea).
2.- Zortzi urterako C osagaia, bestalde, Eskualde Egituraren barruko udalerri bakoitzak zehaztu beharko du, honako formula honen arabera:
C = P/(TMF-0.24) - P/TMF
Formula horretan P eta TMF udalerriko biztanleria eta familien batez besteko tamaina da, kalkulua egiteko urtetik aurrera.
3.- LZEaren arabera, eranskineko taulan adierazitako C osagaitzat agertzen diren zenbatekoak ez dira lotesleak, baina kalkulurako metodoa bai; hain zuzen ere, TMFaren murriztapenean 0,24ko balioa loteslea da 8 urteko aldirako. Formula hori aplikatzeko, aintzat hartu behar da, planeamendu orokorreko tresnak tramitatu baino lehen, informazio erabilgarria datu errealen arabera gaurkotu behar dela (halako daturik egonez gero); beraz, emaitzak berriro kalkulatu beharko dira.
54. artikulua.- Bigarren egoitza. D osagaia.
1.- 16 urterako aurreikusitakoaren erdia izango da.
2.- Bigarren egoitzaren osagaiak osaturiko hezkunde lotesle hau, etxebizitza kopuruari dagokionez, VI. eranskineko taulan agertzen da: «8 urterako udal aplikazioan baimendutako gehieneko etxebizitza kopurua kalkulatzeko metodologia».
55. artikulua.- 8 urteko udal aplikazioan baimendutako gehieneko etxebizitza kopurua.
1.- 8 urterako udal-aplikazioan baimendutako gehieneko etxebizitza kopurua, izan ere, 8 urtera kalkulaturiko A, B, C eta D osagaiak batzearen ondoriozkoa izango da.
2.- A, B eta D osagaiak lotesleak dira; C osagaia, berriz, udalerri bakoitzaren planeamendu orokorra berrikusteko unean kalkulatu behar da berriro, 53. artikuluan adierazitako irizpideen arabera.
3.- Zenbateko oso hori, izan ere, udalerri bakoitzeko gehieneko etxebizitza kopurua izango da, 8 urteko aldian. Kopuru hori agortu ondoren, 8 urteko legezko beste aldi baterako berrikusitako beste Planeamendu Orokor bat erabili beharko da.
4.- Udal Planeamenduak lehentasunen oinarrizko ordena zehaztu eta programazioko baldintzak ezarriko ditu, bidezko eremuetarako; horrela, bete egingo da 8 urteko aldirako udal-aplikazioan baimendutako gehieneko etxebizitza kopuruaren erabilgarritasuna lortzeko helburua.
5.- «8 urterako udal-aplikazioan baimendutako gehieneko etxebizitza kopurua kalkulatzeko metodologia» izeneko VI. eranskinean jasotako taulan, baimendutako gehieneko etxebizitza kopurua lortzeko erabili behar den kalkuluko metodoa adierazten da, aurreko ataletan adierazitakoaren arabera. Zenbatekoak, izatez, lau osagaien batuketa egitearen eraginezkoak dira, eta bertan, C osagaia (aldagarria den bakarra) oraingo aldiari buruzkoa da.
III. ATALA
ESKAINTZAREN MUGAK
56. artikulua.- LZEaren esparru-proposamena.
1.- LZEaren planteamendu metodologikoan, hanpatze-koefizientea aplikagarria da ereduaren arabera aurreikusitako etxebizitza kopuru garbia kalkulatu ondoren, hori egoitzako lurzoru-eskaintza bihurtzeko unean. Helburua ez da aurreikusitako etxebizitza kopurua handitzea, lurzoru-aurreikuspen nahiko lasaiak egitea baizik, beharrezko etxebizitzak eraiki ahal izateko, hiri-garapeneko prozesuak zurrunak izan arren.
2.- 16 urteko denbora-garapena planteatuta, honako hanpatze-koefiziente hauek aplikatu dira:
- Udalerri bakoitzeko eskaintzaren gehieneko balioa, ordenarik gabeko hirigintza-garapenik ez sortzeko, lurzoruaren gehiegizko kalifikazioaren ondorioz.
Horrek ezin du gainditu hamasei urterako etxebizitza kopuru garbia, kopuru hori 2ko koefizientearekin biderkatuta.
- Udalerri bakoitzeko eskaintzaren gutxieneko balioa, kalifikaturiko lurzoruaren urritasunik ez egoteko, planeamenduak gutxieneko bat bermatu beharko baitu.
Horrek hamasei urterako etxebizitza kopuru garbia bete behar du, 1,5eko koefizientearekin biderkatuta.
3.- Ondoriozko laukia «16 urterako Esparru-Proposamenaren Ereduko etxebizitza-eskaintzaren mugak» izeneko VII. eranskinean jasota dago.
57. artikulua.- Udal aplikazioa.
1.- Udal Planeamenduari Esparru-Proposamenaren aplikazioa ahalbidetzeko, esparru hori Planeamenduaren benetako aldira egokitu behar da, hau da, zortzi urteko aldira.
2.- Gehieneko eta gutxieneko balioak aintzat hartuta, udalerri bakoitzak (muga horien barruan) bere muga erabakitzeko, koefiziente horiek honako hauek izango dira:
- Udalerri bakoitzaren eskaintzaren gehieneko balioak ezin du gainditu zortzi urtera baimendutako gehieneko etxebizitza kopurua, kopuru hori 3ko koefizientearekin hanpatuta.
- Udalerri bakoitzaren eskaintzaren gutxieneko balioak zortzi urtera baimendutako gehieneko etxebizitza kopurua bermatu behar du, kopuru hori 2ko koefizientearekin hanpatuta.
3.- «8 urterako udal-aplikaziorako etxebizitza-eskaintzaren mugak kalkulatzeko metodologia» izeneko VIII. eranskinean jasotako laukia, izan ere, faktore horiek lau osagaien batuketari aplikatzearen ondoriozkoa da; bertan, C osagaia (aldagarria den bakarra) oraingo egoerari buruzkoa da.
IV. ATALA
EGOITZA EREDUAREN KUDEAKETA
58. artikulua.- Egoitza ereduaren kudeaketa.
1.- Garatu beharreko etxebizitza kopurua ereduaren arabera baimendutako gehieneko kopurua da (barruko eskaria eta hazkunde hautakorra), eta ez eskainitako kopuru osoa, horren eginkizuna itotzerik ez egotea baita.
2.- LZEaren helburua lurzoru berriaren kontsumoa geldiaraztea da, azken urteotako joera iraulita. Horretarako, detektaturiko beharrizanak, alde batetik, eraikitako nahiz urbanizaturiko ondarea eta indarreko planeamenduaren gaitasuna optimizatuz bete beharko dira, aipatutako gaitasuna berraztertu beharko litzateke Arau hauetako 64. artikuluan xedatutako dentsitate-irizpideekin bat. Bestetik, okupazioaren mugako eremuen barruan lurzoru berria sartuz, hori beharrezkoa izanez gero.
59. artikulua.- Eraikitako eta urbanizaturiko ondarea.
Eraikitako eta urbanizaturiko ondarearen optimizazioa, batez ere, honako jarduketa-ildo hauetan oinarritzen da:
- Hutsik dauden etxebizitzetan esku hartzeko mekanismoak artikulatzea.
- Etxebizitza birgaitzea. Lehendik dauden etxebizitzak kontserbatzea eta hobetzea.
- Tipologiak aldatzea eta oraingo eskarietara gehiago moldatzen diren moduluetara egokitzea.
60. artikulua.- Hutsik dagoen etxebizitzan esku hartzeko mekanismoak.
Okupatzeko moduko etxebizitzen gaitasuna, hutsik dagoen etxebizitzan esku hartzearen ondoriozkoa, berez ez da eskaintza eragilea; izan ere, esku-hartze mekanismoak behar ditu etxebizitza merkatura irteteko eta eskaintza bideragarria izateko.
61. artikulua.- Tipologien aldaketa.
Familien batez besteko tamaina murriztu egin da azken urteotan, eta horrek tamaina txikiagoko etxebizitza-moduluak erabiltzeko aukera ematen du; beraz, kopurua handiagoa izan daiteke, lehendik dauden etxebizitzetan eta etxebizitza berrietan oinarrituz.
62. artikulua.- Planeamenduaren gaitasunaren optimizazioa.
1.- Indarreko planeamenduaren gaitasuna optimizatzeko aukera aztertu behar da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean eta LZEan bertan ezarritako estrategiaren arabera; horri dagokionez, lehentasuna emango zaio lehendik garatuta dauden eremuen erabilerari, lurzoru berriak kolonizatu baino lehen.
2.- Kontuan hartu behar da, 2/2006 Legea indarrean sartu zenetik (bertako bigarren xedapen iragankorrean oinarrituz), gehieneko eta gutxieneko eraikigarritasunak ezartzen dira, eta hirigintza-antolamenduko egitamuek (behin betiko onartuta daudenak ere barne) modu automatikoan bete behar dituzte, baldin eta lege hau indarrean sartzeko egunean antolamendu xehatua behin betiko onetsita ez badago; horrenbestez, oraingo planeamenduaren gaitasuna handitu egin daiteke, gutxieneko eraikigarritasuna aplikatuz.
3.- Gehieneko eraikigarritasunari dagokionez, udal bakoitzak ingurukora egokitu beharko du eraikigarritasun hori, udalerri bakoitzaren nortasuna mantentzeko.
4.- Lurzoru-beharrizanak kontrajarri egiten zaizkio indarreko planeamenduek (Legera egokituta) ematen duten hazkunde gaitasunari; planeamendu horiek LZEak ditu, data horri buruzko informazio mailan, eta berrikusi edo aldatu egin daitezke.
63. artikulua.- Okupazioaren mugako eremuak.
1.- Hirigintza-garapen berrien okupazioaren mugako eremuak izango dira Kokalekuen Lurralde Ereduaren eta Kokalekuen Sistemaren planoetan jasotako lurralde-eremuak, baldin eta udal-planeamenduko agiriek hurrengo 16 urteotarako proposaturiko hazkundeak eduki ahal badute; eremu horietatik kanpo ezin izango da hirigintza-aldaketarik egin.
2.- Okupazioaren mugako eremuetan, mugatu egiten da hurrengo urteetako hazkundea. Halako eremuen ezaugarriak honako hauek dira:
- Ez dira egokitzen eskaintzarako ezarritako gehieneko mugetara, eta udalei aukerako okupazioak egiteko aukera ematen diete, adierazitako eremuen barruan; hau da, lurzoru berriak aukeratzeko orduan ez da zorrotz jokatzen, eta beraz, horiek oso-osorik ere ezin daitezke okupatu. Udal-planeamenduak eremu mugetatik lurzoruen sailkapena aldatu nahi duenean, honakoa kontuan hartu beharko du: lurzoruek polui dezaketen jarduera edo instalazioa izan badute edo eutsi behar badute, 1/2005 Legeak 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, EAEko ingurumen-organoari dagokio lurzoruaren kalitatea aitortzea, Legean araututako prozedurari jarraiki. Eta, era berean, aipatu legeak 17.5 artikuluan xedatutakoarekin bat, lurzoruaren kalitatearen aitorpena Hiru Planeamendua behin betiko berraztertu edo aldatu baino lehen egin beharko da.
- Eremu hauen barruan, espazio askeen edo zuzkiduren sistema orokorrak egon daitezke. Nolanahi ere, horietan espezie autoktonoak erabiltzea gomendatzen da landaretzari dagokionez eta ez da gomendatzen atzerriko landare-espezieak erabiltzea, bereziki, ur-ibilguetatik hurbil dauden zonetan, hori guztia espazio horiek paisaiari moldatu eta integratzen direla bermatzeko eta arriskuaren eskaerak minimizatzeko.
- Eremuak ezarri ondoren, okupazio-aukerei dagokienez, gerta daiteke, eraikitako eta urbanizaturiko egoitza-ondarean egindako jarduketen eraginez (Eskualde Egiturako lurzoru-kontsumoa geldiarazteko) eremu horien barruko azalerarik okupatu behar ez izatea.
- Azalerarik okupatzen ez bada, edo okupazioaren mugako eremuetariko batzuk soilik okupatzen badira, gainerako azaleran «Inguru Fisikoaren Antolamendua» izeneko O-01.A planoan adierazitako kategoriak ezarriko dira, eta horiek «Ezarkuntzen Lurralde Eredua» izeneko O-02.A planoetan ere grafiaturik daude.
3.- Egiten den lurzoru-hautapenak jarraitasuna izango du udal-planeamenduak finkaturiko eremuekin edo garatzeko aurreikusita daudenekin, eta saihestu egingo dira isolatuak diren eta oraingo ereduarekin loturarik ez duten hirigintzak.
Okupazioarekiko eremu mugen proposamenak landaretza autoktono interesgarrien gainean egongo balira, Arau honen 18.3 artikuluan definitutako irizpideak kontuan hartu beharko dira.
4.- Garapeneko udal-plangintzak aldatu egin ditzake ezarkuntza Kokalekuen Lurralde Ereduaren eta Kokalekuen Sistemaren planoetan adierazitako eremuak, eskala aldatzen denean, eta horiek zehatz adieraziko ditu, errealitate fisikoa aintzat hartuta. Berregokitzapenak, berriz, egokitzapenak eragin ditzake LZEan grafikoki mugaturiko azaleretan; horrela, egokitu egingo dira lerrokaduretara, lehengo eraikinetara, lurraldearen topografiara, interes naturaleko edo eraikitako elementuen kontserbaziora, bide-egiturara, etab.
5.- Udal planeamenduek, salbuespen gisa, Okupazioaren mugako eremuetatik kanpoko hirigintza ezarpen berrietarako proposamenak egin ahal izango dituzte, alegia, Plan Partzialean aurreikusi gabeko egoitzako ezarkuntza berriak finkatzeko.
Alabaina, proposamen horiek ondorengo baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Udal proposamenak gizarte intereseko jardueri buruzko justifikazio zorrotza eta Lurralde Plan Partzialak diseinatutako lurralde ereduarekin lotura izan beharko ditu, eta eragin ditzakeen lurralde inpaktuei buruzko azterketa egokia ere aurkeztu beharko du.
- Dena dela, hirigintza ezarpen berriak egiteko proposamen aukera aurretik dauden hiriguneetan eta haiekin zuzenean edo zeharka lotura duten hirigintza hazkundeen aurreikuspenak egitera eta mugatuko da, artikulu honen 6. puntuan zehaztutako irizpideak erabiliz.
- Udal Planeamendu Orokorrak proposatuko dituen egoitzako lurzoru berriek ez dute ezarritako egoitza kopurua handitzerik eragingo ezta Lurralde Plan Partzialak proposatutako egoitzako lurzoruaren okupazioaren hedadura handitzerik ere.
- Jardunean dauden nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenak kontuan hartuko dira, eta horien ordezpenak bermatuta egon behar du.
6.- Okupazioaren egokitasun-irizpide hauek erabili dira, planeamenduak egoitza-lurzorurako erabiltzeko moduko mugako eremuak zehazteko orduan, berrikusi beharreko udal-planeamenduan oinarrituz, iraunkortasuna sustatzeko:
- % 15etik beherako maldak dituzten lurzoruak, batez besteko malda txikiagoko eremu handietan dauden azalera txikiak direnak izan ezik.
- 10, 100 eta 500 urteko hiru itzultze aldietan urak hartzeko modukoak diren eremuen eraginpetik kanpoko lurzoruak; itzultze aldi horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Ibai eta Erreka Ertzen Lurraldearekiko Zati Egitamuan adierazita daude.
Xede horrez, 500 urteko itzulera-denboraldiarengatik eragindako lurzoruak ez dira bakarrik urpetze-irizpideengatik baztertzen, baita lurzoruen edafologia-balio handiarengatik ere. Nagusiki bat datoz Baso eta Nekazaritza LPSk definitutako Balio Estrategiko Altuaren Nekazaritza eta Abeltzaintzaren kategoriarekin.
- Babes Bereziko Lurzoruen eta Gainazaleko Uren Babeseko Lurzoruen kategorietan jasota ez dauden lurzoruak.
64. artikulua.- Etxebizitzaren batez besteko dentsitatea eta azalerak.
1.- Kontuan hartu behar dira Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak ezarritako gutxieneko eraikigarritasunak: 0,4 m²/m² irizpide orokortzat; 0,3 m²/m² % 15etik gorako malda duten lurzoruetan; 0,25 m²/m² babes araubideren baten mendeko etxebizitzarako lurzoru-erreserbarik egin beharrik ez duten udalerrietan (Igorreko Eskualde Egituraren kasuan gehienak).
2.- «Okupazioaren Mugako Eremuak» kalifikazioarekin identifikaturiko mugaketa bakoitzari, dentsitateen urkila bat esleitzen zaio (A, B eta C); hori gehieneko batek eta gutxieneko batek mugatzen du, eta horien artean Planeamenduak egokiena aukeratu ahal izango du:
- A tartearen barruan (dentsitate baxukoa), hektarea bakoitzeko 15 etxebizitzatik gora zehazturiko bitartea sartzen da, hektarea bakoitzeko 30 etxebizitzako gehienekoarekin; tarte hau jarraitasuneko nolabaiteko malda duten lurretako eremuetarako soilik ezarri da; eremu horiek lehendik dute hiri-egitura eta salbuespenezkoak dira. Halako pare bat eremu baino ez daude jasota, eta Igorren eta Zeanurin kokaturik daude.
Tarte honen goiko mugan (hektarea bakoitzeko 30 etxebizitza), eremuari loturiko etxebizitza-azalera eraikiaren batez bestekoa ez da 150 m²-tik gorakoa izango, eta beraz, adierazitako batez bestekotik gorako eta beherako azalera duten etxebizitzak egon daitezke.
Tartearen gainerako zatian, eremuan eraikitako egoitza-azalera osoak ez du gaindituko goiko parametroa aplikatzearen emaitza (eraikitako azalerako 150 m²-ko, hektarea bakoitzeko 30 etxebizitzako dentsitaterako).
Bestalde, eremuko egoitza-azaleraren % 5 etxebizitzarekin edota ekipamendu pribatuekin bateragarriak diren jarduera ekonomikoak kokatzeko erabiliko da.
- B tartean (dentsitate ertainekoa), hektarea bakoitzeko 30 etxebizitzatik gorako bitartea sartzen da, hektarea bakoitzeko 50 etxebizitzako gehienekoarekin; tarte hau okupazioaren mugako eremuei esleitzen zaie sarrien, berori baita egokiena, aintzat hartuta dentsitate hori hobeto egokitzen dela Eskualde Egituraren barruko udalerririk gehienetara.
Tarte horren goiko mugan (hektarea bakoitzeko 50 etxebizitza), kasuan kasuko eremuari loturiko etxebizitza eraikiaren batez besteko azalera ez da 100 m²-tik gorakoa izango; beraz, aurreko atalean gertatu den bezala, batez besteko horretatik gorako edo beherako azalera duten etxebizitzak egon daitezke.
Tartearen gainerako zatian, eremuan eraikitako egoitza-azalerak ezin izango du gainditu aurreko parametroa aplikatzearen ondoriozko emaitza (100 m²-ko azalera eraikia, hektarea bakoitzeko 50 etxebizitzako dentsitaterako).
Bestalde, eremuko egoitza-azaleraren % 10 etxebizitzarekin edo ekipamendu pribatuekin bateragarriak diren jarduera ekonomikoak kokatzeko erreserbatuko da.
- C tartean (dentsitate altukoa), hektarea bakoitzeko 50 etxebizitzatik gorako bitartea sartzen da, hektarea bakoitzeko 75 etxebizitzako gehienekoarekin; tartea dentsitate hauek dituen hiri-egitura finkatuari jarraipena ematen dioten okupazioko mugako eremuetan esleitzen da; edo, aukera-zergatiak kontuan hartuta, neurri batean okupaturik dauden lurzoruetan edo lurzoru-erabilgarritasun urriko kasuetan.
Tarte honen goiko mugan (hektareako 75 etxebizitza), kasuan kasuko eremura loturiko etxebizitzaren azalera eraikiaren batez bestekoa ez da 90 m²-tik gorakoa izango; beraz, lehen esan dugunaren arabera, adierazitako batez bestekotik gorako eta beherako azalera duten etxebizitzak egon daitezke.
Tartearen gainerako zatian, eremuan eraikitako egoitza-azalera osoa ez da izango aurreko parametroa aplikatzearen ondoriozkoa baino handiagoa (90 m²-ko azalera eraikia, hektareako 75 etxebizitzako dentsitaterako).
Bestalde, eremuko egoitza-azaleraren % 10 etxebizitzarekin edota ekipamendu pribatuekin bateragarriak diren jarduera ekonomikoak kokatzeko erreserbatuko da.
3.- Bereziki ulertu behar da ikerketa bezala etxebizitzaren dentsitatearen eta batez besteko tamainaren arteko erlazioa; argi eta garbi uzten du dentsitatea gehitzeak ez du eskatzen eraikigarritasuna gehitzea, udalerriek adostutako eraikigarritasuna eraikitako ingurunearen bolumetrian integratzeko.
65. artikulua.- Egoitza erabilerari lotzeko moduko tipologiak.
1.- Tipologia bi irizpideren arabera aukeratuko da: lehenengo eta behin, zonako eraikuntza tradizionaleko jarraibideak errespetatzea; bigarrenez, trinkoa den eta lurzoru gutxi kontsumitzen duen hirigintza-eredua sustatzea.
2.- Tipologia ahalik eta egokiena izan behar da, aplikatzen den dentsitatearen arabera; irizpide orokortzat, honako hauek gomendatzen dira:
- Dentsitate baxuko zonetan (A tartea): etxebizitza-tipologien erabilerak eraikuntzaren nolabaiteko pilaketa lortu behar du, populatze pilatua sustatzeko.
- Dentsitate ertaineko zonetan (B tartea): taldeko etxebizitza-tipologien erabilera, eta hori, oro har, 3-4 solairuren inguruko altuerekin garatu ahal da. Tipologia inguruaren arkitekturan integratzen saiatu behar da.
- Dentsitate altuko zonetan (C tartea): dentsitate horretarako egokiak diren taldeko etxebizitzaren tipologien erabilera; eraikuntza motak, tartearen batez besteko dentsitatearen arabera, 5 solairuko altuera izan dezake, baina ingurura egokiturik egon behar da beti.
V. ATALA
BABES PUBLIKOKO, BABESEKO ETA TASATURIKO ETXEBIZITZAK IGORREKO ESKUALDE EGITURAN
66. artikulua.- Babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzen erreserba.
1.- Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak ezartzen dituen biztanleria-atarien gainetik, udalerriek babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzetarako erreserba egin behar dute. Horri dagokionez, 82. artikuluan helburu horretarako lurzoru-erreserba arautzen da, 3.000 biztanletik gorako udalerrietarako eta 2.000 biztanletik gorako biztanleria duten hiri-lurzoruko gune jarraituak dituzten udalerrietarako.
2.- Igorreko Eskualde Egituran, Igorreko udalerria lehenengo kasuan dago, hau da, 3.000 biztanletik gorako biztanleria dauka. Lemoa bigarren kasuan dago; izan ere, 3.000 biztanlerik eduki ez arren, biztanleriaren zatirik handiena hiri-lurzoruan bizi da.
3.- Udalerriko hirigintza-planeamenduak, bestalde, babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitzetarako kalifikaturiko lurren erreserba egin behar du; horrek Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeko 80. artikuluan adierazitako kopurua eta estandarrak beteko ditu:
- Finkatu gabeko hiri-lurzoruan, baldin eta horren betearazpena batez ere egoitzakoak diren jarduketa integratuen bidez egingo bada, egitamu orokorren eta, halakorik egonez gero, egitamu berezien hirigintza-antolamenduak babes publikoko araubideren bati lotutakotzat kalifikatuko ditu gutxienez egoitza-erabilerako hirigintza-eraikigarritasunaren % 40ko hazkundea, lehendik gauzatutakoari dagokionez, Ehuneko hori gutxienez % 20an xehatzen da, araubide orokorreko nahiz bereziko babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko, eta gainerako ehunekoa, % 40raino, babes ofizialeko etxebizitza tasatuetarako.
- Gehienbat egoitza-erabilera duen lurzoru urbanizagarrian, egitamu orokorretako eta, halakorik egonez gero, egitamu berezietako hirigintza-antolamenduak babes publikoko araubideren bati lotutakotzat kalifikatuko ditu egoitza-erabilerako hirigintza-eraikigarritasunaren hazkundearen % 75, gutxienez, lehendik gauzaturikoari dagokionez. Ehuneko hori gutxienez % 55ean xehatzen da, araubide orokorreko nahiz bereziko babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko, eta gainerako ehunekoa, % 75eraino, babes ofizialeko etxebizitza tasatuetarako.
- Bi kasuotan, araubide tasatuko babes ofizialeko etxebizitzetarako onarturiko hirigintza-eraikigarritasunaren ordez, udalerriko etxebizitza tasatuak egin daitezke, legeak ezarritakoaren arabera.
4.- Lurzoru bereziaren erabilgarritasuna funtsezko faktorea da etxebizitza-jarduketak garatzeko. Horrela, udalek, udal-planeamenduaren bidez, epeak finkatu behar dituzte garapeneko planeamendua egiteko nahiz onesteko eta lurzorua programatzeko; horrela, erantzuna emango diote babeseko etxebizitzen eskariari (sustapen publikoa edo pribatua duten etxebizitzak), aintzat hartuta ereduaren barruko gehieneko etxebizitza kopurua, eta ez eskaintzaren barruko kopurua.
67. artikulua.- 3.000 biztanletik beherako udalerriak.
1.- 2/2006 Legeko 27.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, bertan arauturiko batez besteko hirigintza-eraikigarritasunaren % 10 lursail eraikigarrian gauzatu behar da. Legeak babes ofizialeko lurzorua erreserbatzera behartzen ez dituen udalerriek, eremuan, sektorean nahiz egikaritza-unitatean (erabilera nagusia egoitzakoa denean) horretarako lurzoru-erreserbarik jasota ez dutenek, babes publikoko etxebizitzara bideratu beharko dituzte horrela lorturiko lursailak.
2.- Indarreko legeriaren aplikazioaren eraginpean ez dauden udalerri hauetan, komenigarria da alokairuko etxebizitzen parkea edukitzea, hori gehienetan salerosketakoa baino malguagoa baita. Helburua, izan ere, horretarako lurzoruaren udal-ondarea sortzea da, eta Babes Publikoko Etxebizitzen parkea egonkor mantentzea, etxebizitza horiek aske ez bihurtzeko, azalera-eskubidea erabiltzeko eta, orokorrean, alokairua sustatzeko (lehengo eta geroko etxebizitzaren alokairua); horrela, egoitza-malgutasun handiagoa lortuko da gazteentzat. Halako udalerrietan, etxebizitza berriak eratzeko lurzoru-eskariak asistematikoak izaten dira, eta antolaturiko eskarian oinarrituz ebazten dira; garatzeko moduko jarduketak, berriz, inplikaturiko administrazio desberdinen arteko hitzarmenaren bidez artikulatu ahal dira.
II. KAPITULUA
JARDUERA EKONOMIKOAK
68. artikulua.- Ereduaren helburu orokorrak.
1.- Eraikitako ondarearen optimizazioa.
Eraikitako ondarearen optimizazioa sustatu behar da, proposaturiko eremuak suspertuta, irudia hobetzeko eta egokitzapen funtzionala, egiturakoa edo bizigarritasunekoa lortzeko, hirigintzaren gabeziaren edo zenbaitetan neurri zuzentzaileak ezartzeko aukeraren eraginez.
Industria-paisaiari dagokionez, arreta berezia jarri behar zaie Industria Aurriei; horiek Eremu Narriatutzat identifikatu eta 94. artikuluan arauturik daude; hala eta guztiz ere, euren egoera bereziaren ondorioz, ez daude suspertzeko esku-hartze moduari lotuta.
2.- Hirugarren sektoreko jarduerak egoitza-eremuetan integratzea.
LZEak proposatzen duen jarduera ekonomikoaren ereduaren helburua, izan ere, A tarteko (15-30 etx./ha.), B tarteko (30-50 etx./ha.) eta C tarteko (50-75 etx./ha.) egoitza-erabilera orokorreko lurzoru berri guztiek, gutxienez, eremuko egoitza-eraikigarritasunaren % 5 eta % 10 edukitzea da, jarduera ekonomikoak kokatzeko; horien artean, gainera, industria-erabilera bateragarria sar daiteke, baita hirugarren sektorekoak ere, adibidez, merkataritza, bulegoa eta zuzkidura pribatuko beste zerbitzu batzuk (hezkuntza, osasuna, gizarte-zerbitzuak, kirola eta kultura, eta horien antzeko beste batzuk).
Horrela, ez dira hiriguneetatik kanpoko eremuetan kokatuko; izan ere, kokaleku horiek instalazio industrialagoak edukitzeko erreserbatzea komeni da, erabilera hori bateragarriagoa baita egoitzako hiri-egiturarekin eta lotura funtzional estuagoa baitauka merkantzien trafiko astunarekin.
3.- Garraio publikoari loturiko irisgarritasuna eta mugikortasunaren aukerako moduak.
LZEak hiri trinkoaren printzipioak aplikatzea eta egoitza-eremuetan jarduera ekonomiko bateragarriak sartzea aukeratu du, mugikortasun iraunkorraren aurkako hiri-garapeneko oraingo joera batzuk zuzentzeko.
Jarduera ekonomikoetara iristeko modu bakarra, kasu batzuetan, ibilgailu pribatua erabiltzea da; gainera, bideak eurak ere beste edozein irisgarritasun motatarako hesiak dira, eta beraz, aukerako garraiobideak proposatzen dira, oinezkoak eta bizikletak, lurralde-piezak, egoitza eta jarduera ekonomikoak lotzen dituzten ardatz jarraituen bidez; ardatz horiek kaleek osatzen dituzte, eraldaturiko lurzoruetan, eta lehengo bideetan oinarrituriko tarte bigunek, urbanizagarria ez den lurzoruan, eta errespetatu eta kontserbatu egiten dute aldatu gabeko inguru fisikoa.
I. ATALA
JARDUERA EKONOMIKOETARAKO LURZORUA
69. artikulua.- Eredu ekonomikoaren oinarriak.
1.- Hazkunde ekonomikoari dagokionez proposatzen den eredua lehen, hirugarren eta bigarren sektoreen garapen konpentsatuan oinarritzen da; lehenengo biei garrantzi berezia ematen zaie, haranean industria-pilaketa handia baitago.
2.- Lehen sektoreari dagokionez, helburua inguru naturala eta, beraz, lehendik dauden belardiak ahalik eta gehien babestea da; beraz, okupazioa murriztu egin da, bai nekazaritza-lurzoruetan eta bai inguru naturala antolatzen duten gainerako kategorietan. Horretarako, LZEak nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenak mantentzearen aldeko apustua egiten du, behintzat kuantitatiboki, babesturiko lurzoruan hirigintza-eraldaketen eraginpean egon daitezkeen nekazaritzako eta abeltzaintzako azalerak suspertzeko aukera emanez.
3.- Bigarren sektoreari dagokionez, oraingo instalazioen zentzuzko hedapena ahalbidetu behar da; izan ere, lurzoru publikoko industrialde handietan birkokatzea ekiditen duten zergatiak egonez gero, egoitza-erabilerari loturiko lurzoruetan kokatu ahal izango dira, okupazioaren mugako eremuetan, udal-planeamenduak erabiliz; dena den, ingurumen-alderdiei alderdi ekonomikoen besteko lehentasuna emango zaie, zonaren berezitasun ekologikoak aintzat hartuta.
EEaren eredua Sprilur-en lurzoruaren sorrera publikorako politikaren baldintzapean dago; hori Artea-Arantzazun industrialdea egiten ari da, eta, gainera, Igorreko industrialdea hedatzen ari da, Dimako udalerritik. Halaber, komenigarria da industrialde horietako erabilera dibertsifikatzeko proposamena egitea, hori lagungarria izango baita eremuko jarduera ekonomikoak dibertsifikatzeko. Hain zuzen ere, nekazaritzako industria-erabilerak interesgarriak izango lirateke; horiek sektorean duten garrantzia handitu eta, bestalde, murriztu egin behar da metalezko transformatuek sektorean duten nagusitasuna.
4.- Hirugarren sektoreari dagokionez, hirugarren sektoreko jardueren sorrera sustatzearen aldeko apustua egiten da, baina ez kanpoko eremuetan, egoitzako guneetan baizik, batez ere Igorren. Hain zuzen ere, A tartean eta B nahiz C tarteetan, hurrenez hurren, egoitza-lurzoru berrien eraikigarritasunaren % 5 eta % 10 erreserbatu nahi da, zerbitzuen sektoreko jarduera ekonomiko jarduera bateragarrietarako (egoitza-erabilerarekin bateragarriak diren jardueretarako); halakotzat hartuko dira hirugarren sektoreko erabilerak, adibidez, merkataritza, bulegoa eta beste zerbitzu batzuk, besteak beste, zuzkidura pribatua, hezkuntza, osasuna, gizarte-zerbitzuak, kirola, kultura eta antzeko beste batzuk. Areatzan, hirugarren sektoreko jardueren eta zerbitzuen garapena, hiri-inguruan, jarduketa nagusienetariko bat da, hirigune historikoa suspertzeko eragiketa estrategiko baten barruan.
70. artikulua.- Eskaintzaren mugak.
1.- Ez da kalifikatuko hurrengo 16 urteetarako jarduera ekonomikoetarako lurzoru gehiagorik; izan ere, udal-planeamenduan orain jasota dagoen lurzoruak gainditu egiten du proposaturiko ereduaren eskaria betetzeko aukera ematen duen gehieneko eskaintza, eta, nolanahi ere, hori murriztu egin daiteke, baldin eta udal-planeamenduak bidezkotzat jotzen badu.
2.- Horrenbestez, ez dira aintzat hartuko jarduera ekonomikoetarako lurzoru berria sortzeko aukerak, Jarduera Ekonomikoetarako Lurzoruaren LESean jasotakoak, bertan ezarritako jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren lehentasunezko kokalekua ezartzeko udal-kategorizazioaren arabera.
3.- Salbuespenez, eta LPP aldatu gabe, jarduera ekonomikoaren ezarpen berriak onartu ahal izango dira, udal-planeamenduak proposatzen badu. Horretarako, jarduera justifikatu beharko da gizarte-interesean oinarrituta eta LPPk diseinatutako lurralde-ereduarekin harremanean.
Jarduera ekonomikoetarako lurzoru berriak artikulu honekin bat udal-planeamendu orokorrean proposatzen badira, bakarrik industria-ehun zaharkituen eraldaketa esku-hartzeei hautabidea emateko mugatu ahal izango dira eta hiria birgaitzearen edo sustapen publikoaren eragiketa integralen esparruan sartuko dira.
4.- «Jarduera Ekonomikoetarako Lurzoru Eskaintza» izeneko IX. eranskinean, Eskualde Egiturako jarduera ekonomikoetarako lurzoru-erabilgarritasunari buruzko informazio-laukia agertzen da, udalerrien arabera.
II. ATALA
JARDUERA EKONOMIKOEN URBANIZATURIKO ETA ERAIKITAKO ONDAREAN ESKU HARTZEKO ESTRATEGIAK
71. artikulua.- Jarduera ekonomikoen eremuak suspertzea.
1.- Oraingo industria-paisaiaren irudia eta egokitzapena hobetzeko, Lurraldearekiko Zati Egitamuak funtsezkotzat hartzen du oraingo industrialde batzuen gaineko esku-hartzeak egitea, udal-planeamenduetan halako proposamenak zabaltzearen kalterik gabe, egokitzapen funtzionala, egiturakoa edo bizigarritasunekoa egiteko, hirigintzaren gabeziaren edo zenbaitetan neurri zuzentzaileak ezartzeko aukeraren eraginez; horretarako, Araudiko 93.1 artikuluan arauturiko «Suspertze Espazioak» zehazten dira.
2.- Industria-paisaiari dagokionez, arreta berezia jarriko zaie Industria Aurriei, eta horiek Narriaturiko Eremutzat identifikatzen dira, 93.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
72. artikulua.- Jarduera ekonomikoen eremuak berritzea.
1.- Udal-planeamenduak, bere udal-mugartearen barruan, «Berrikuntza Espazioak» ezarri ahal ditu; hain zuzen ere, tokiko hirigintza-jarduketak behar dituzten eremuak dira, eta horren helburua euren oraingo egoera hobetzea da; halako eremuetan, ondo justifikatuz gero, baimenduta dago industria-erabileren ordez egoitza-erabilerak sartzea, horiekin bateragarriak izatearen edo lehengo hiri-egiturari jarraipena eman behar izatearen eraginez; horrela, ezabaturiko jarduera ekonomikoak beste leku batzuetan kokatzen dira, batez ere eskualde Egiturako jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren sustapen publikorako industrialdeetan, orain arteko ekonomia-egitura ez apurtzeko.
2.- Nolanahi ere, komenigarria da eremu horietan erabilera orokor mistoak garatzea; hain zuzen ere, jarduera ekonomikoak dituen egoitza-erabilera, sorturiko enplegu-galera nahiz produkzio-egituraren galera orekatzeko, eta, horrela, zonen araberako espezializazio kaltegarria ekiditeko.
III. KAPITULUA
LANDAGUNEAK
73. artikulua.- Landaguneen legezko arauketa.
Landaguneak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean ezarritakoaren arabera arautzen dira, Lurraldearekiko Eskualde Egitamuak hurrengo artikuluak formulatzen dituen irizpideen kalterik gabe.
74. artikulua.- Landaguneak ikuskatzeko irizpide orokorrak.
1.- Eskualde Egiturako landaguneen ikuskapenean, udalek ondoren azaldutako irizpideak erabiliko dituzte:
- Landagune bakoitzaren mugaketa berrikusi egin behar da, horren azalera eta eraikuntza-gaitasuna landagunearen ohikoetara egokituz.
- Euren berezko landa-izaera galdu duten guneak (erabilera-gatazkak sortzen dituzten hiri-lurzoruen -okupazioaren mugako eremuen barrukoak- hurbiltasunak eragindako galera) LZEak eremu horiei loturiko xedapenek arautuko dituzte.
- Euren garapena 5/1998 Legean ezarritakoaren arabera osatu duten landaguneen kasuan, egiaztatu egin beharko da, baserri kopurua 25etik gorakoa izan arren, ea landa-izaerakotzat hartzeko baldintzak betetzen dituzten; hau da, ea bertako etxebizitzak espazio publikoaren inguruan bilduta dauden, edo aldiz, ea eremu sakabanatuak diren.
- Gunea hiri-izaerakoa izan eta finkatu gabeko hiri-lurzoruko eremuak proposatzen badira, horren ondoriozko dentsitatea finkaturiko hiri-lurzoruan integratu eta bertan asimilatu behar da. Aplikagarria izango litzateke 2/2006 Legeak adierazitako gutxieneko eraikigarritasuna, eta beraz, kontrolatu egin behar da etxebizitza kopuruaren hazkundea; hain zuzen ere, ezin daiteke sortu lehengo gunearekin zerikusirik ez duen eta horren nortasuna arriskuan jartzen duen hazkunderik, ezta gunearen kokalekua aintzat hartuta egokia ez den hazkunderik ere, baldin eta horrek inguru fisikoan dauden bide-azpiegituren gaineko esku-hartzeak behar baditu, inguru fisiko hori ondo baloraturik egonez gero, irisgarritasun-baldintza eta azpiegitura egokiak emateko, kontuan hartuta landa-espazioan sortuko lukeen eragina.
- Eraikuntza-tipologia lehengoaren antzekoa izango da, eta mantendu egingo dira landagunearen berezko dentsitateak.
2.- Orokorrean aipaturiko irizpideak Eskualde Egiturako landagune guztiei aplikatzeko modukoak izatearen kalterik gabe, Egitamuak arazo bereziak sortzen dituzten landaguneak identifikatzen ditu, atal honetan azterturiko alderdiei dagokienez, eta horientzat lehentasunezko jarduketa behar da; horiek «Ezarkuntzen Lurralde Eredua» izeneko O-02.A1 nahiz O-02.A2 planoetan eta «Ezarkuntza Sistema» izeneko O-02.B1 zein O-02.B2 planoetan jasota daude.
IV. TITULUA
AZPIEGITUREN LURRALDE EREDUA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
75. artikulua.- Azpiegitura sistemaren helburua eta definizioa, lurralde eredua egituratzeko oinarrizko baldintzat.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak proposaturiko lurralde-ereduaren barruan, azpiegituren arloko ekintzak jasotzen dira, Eskualde Egitura ondo artikulatzeko, lurralde-eredua zehazten duten irizpideak aintzat hartuta.
2.- Lurralde-ereduaren garapenaren barruan sartzen diren proposamenak aurrera eramateko, finkatu eta betearazi egin behar dira Lurraldearekiko Zati Egitamuan ezarritako jarduketak, eta horiek, gehienbat, errepide- nahiz garraio-azpiegituretan dute eragina, zerbitzu-azpiegiturekin osatuta.
3.- Proposamen horiek titulu honetan egituratzen dira, honako eskema honen arabera:
a) Garraio-azpiegiturak.
- Aukerako mugikortasuna: oinezkoen eta bizikleten moduak erabiltzea.
- Bide-sarea.
- Trenbide-sarea.
- Intermodalitatea.
b) Zerbitzu-azpiegiturak.
- Telekomunikazioak.
- Energia.
- Ura.
- Hondakinak.
- Kutsaturiko lurzoruak.
II. KAPITULUA
GARRAIO AZPIEGITURAK
I. ATALA
AUKERAKO MUGIKORTASUNA
76. artikulua.- Aukerako mugikortasunaren eredua.
1.- Garrantzi handikoa eta egitamu honen helburua da (garraioaren arloan) motordun mugikortasunaren aukerako sareak sustatzea, egoitza- eta jarduera-eremu guztietarako irisgarritasuna ahalbidetzeko, oinez eta bizikletaz egindako lekualdatzeekin, erosotasun- eta segurtasun-baldintza egokietan.
2.- Kapitulu honetan aintzat hartu beharreko lekualdatzeak, aisialdiarekin eta lurraldearen gozamenarekin zerikusia dutenak alde batera utzita, hiriguneetan eta industria-ezarkuntzetan sorturiko jarduerari dagozkionak dira; horien kokalekua (haran-hondoetan) eta euren arteko distantzia aintzat hartuta, aukera handia dute motordunak ez diren lekualdatze-moduak sarritan erabiltzeko.
3.- Sare horien garapenaren barruan, LZEak zehazturiko garapen berriei emandako zerbitzua ez ezik, horiek lehendik finkaturiko eremuetan berehala ezartzea ere sartu behar da, batez ere mugikortasun handiena ematen dutenetan eta orain motordun ibilgailuetarako irisgarritasuna baino ez dutenetan.
4.- Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, Aukerako Mugikortasun Sarea izango da oinezkoen edota bizikleten zirkulaziorako (urbanizaturiko eremuen arteko zirkulazioa: egoitzaguneak, industria-jarduerako ereduak edo ekipamendu-eremuak) berariaz erabiltzen dena.
5.- Sare hau, maila funtzionalean, alde batetik, banaketako bide-sareen nahiz sare kapilarraren tarteekin osatzen da; bestetik, lurraldean sartzeko ibilbideekin, eta horietan halako erabilerak lekualdatzeko beste modu batzuekiko modu bateragarrian ahalbidetzen dira. Haran-hondoaren kasuan, tarte batzuetan sare hori bat dator Sare Berdeak osatzen duen Paisaiari loturiko Ibai Ibilbidearekin.
77. artikulua.- Eskemaren eta trazatuaren definizioa.
1.- Aukerako Mugikortasun Sareko azpiegituraren eskema, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, egoitzaren eta hiri-garapeneko eremuetako jardueragune nagusien (lan- edo aisialdi-jarduera) arteko lotura-irizpideen formalizazioa da. Trazatua, berriz, bat dator azpiegituraren kokaleku espazial zehatzarekin. Eskema, kasu guztietan, loteslea da, eta trazatua, berriz, garapeneko planeamenduak zehazturikoari lotuta dago.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Aukerako Mugikortasun Sareko azpiegitura-proposamena ezartzen du; azpiegitura horren eskema O-03.A2 planoan adierazita dago.
3.- Bestalde, 1. atalean ezarritakoaren kalterik gabe, bide-eskema horren garapen xehatua eta kokaleku espaziala, oinarrizko izaera duela aintzat hartuta, egokitu egin daiteke planeamenduko tresna egokien bitartez; betiere, ezarritako lotura-irizpidea errespetatu eta justifikatu egingo da Aukerako Mugikortasun Sarearen edukia (Lurraldearekiko Zati Egitamuak zehaztutakoa) bete egingo dela.
4.- Lurraldearekiko Zati Egitamuan adierazitako Aukerako Mugikortasun Sarea ezartzeko (ohiko garraio-sisteman bizikleta sartuta, garraio-azpiegituren aukerako sistema jarraitua sortuz), hauxe aurreikusi beharko da:
- Sarea ezartzeko eremu bereziak erreserbatu behar dira hiria suspertzeko eta garapen berriko proiektuetan, baita bide-azpiegitura berriak ere.
- Oinezkoentzat eta bizikletentzat hesi-elementuen sorrera eragin dezaketen jarduketetan, beharrezko jarduketa osagarri guztiak sustatuko dira, trazatuaren jarraitasuna bermatzeko, kasuan kasuko ibilbidearen funtzionaltasuna gehiegi zigortu gabe.
- Zenbait bidetan, oinezkoen eta bizikleten erabilera motordun zirkulazioarekin bateratzeko neurriak hartuko dira, baldin eta hori egokia bada, aintzat hartuta bide horietarako ezarritako erabilera-araubidea eta 62.5 laukian finkaturiko ezaugarri tipologikoak.
- Bizikletaren eta garraio publikoaren intermodalitatea sustatzeko neurriak hartuko dira.
- Bizikletetarako aparkalekuak instalatuko dira ekipamenduetan, zerbitzu-zonetan, plazetan, merkataritzako nahiz aisialdiko zentroetan, enpresa-parkeetan eta, oro har, trafikoak erakartzeko zona guztietan.
- Oinezkoen eta bizikleten ibilbideen planifikazioa, LZEan jasota ez dagoena, bai hiri-eremuetan eta bai landa-inguruan, hemen finkaturiko oinarrizko egituraren osagarritasun-irizpidean oinarrituz, udalerriek egingo dute.
- Diseinuari dagokionez, komenigarria da bizikleten ibilbidearen diseinuari buruzko eskuliburuan/gidaliburuan ezarritakoari jarraitzea; eskuliburu hori Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak editatu du, «Bizikleta garraiobidetzat» izenburuarekin.
5.- Bizikleten eta oinezkoen sarearen oinarrizko eskema eta eraketa, O-03.A.2 planoan grafiatutakoak, lotesleak dira planeamendu sektorialeko eta udal-planeamenduko tresnei dagokienez, eremuen arteko lotura-irizpidearen eta sarea osatzen duten bideen jarraitasunaren aldetik.
II. ATALA
BIDE AZPIEGITURAK
78. artikulua.- Bide eredua.
1.- Eskualde Egituran eragina duten errepideen arloko jarduketek, Bilbo-Gasteiz loturaren funtzionaltasuna hobetzeko helburua dutenek, bide-bikoiztasuna sortzen dute ibilbidearen zati handian. LZEak trafikoen bereizketaren eraginez irekitako aukeretan sakondu eta bideen egokitzapena planteatzen du, errepideko garraio publikoa pribatuari dagokionez inplementatu ahal izateko.
2.- Errepide nagusiak hiriguneetatik (bide-sarearen eraldaketan) ez igarotzeko oraingo dinamikan oinarrituz, egitamuaren helburua askaturiko espazioak hiriko bideria bihurtzea da. Horren helburu nagusia, apurka-apurkako eraldaketa horren arabera hiri-errealitate berriak eskatzen duenean, zentralitaterik handieneko zonetan motordun trafikoa mugatzea edo ezabatzea da.
3.- Lerrunik handieneko funtzionaltasuna segurtatu ondoren, LZEak bide-jarduketa garrantzitsuetarako erreserbatzen du Eskualde Egituraren barruko gainerako lurraldea, kontuan hartuta horrek paisaiaren eta ingurumenaren aldetik duen garrantzi handia.
4.- Area Funtzionalaren zenbait eremutan airearen kalitateari eta zarataren ondorioei dagokionez, LPPk hainbat neurri planteatzen ditu garapen berrien ondorioz, Area Funtzionalean trafikoaren hazkuntza minimizatzeko. Hala, garraio-modu kolektiboak eta motorrik gabekoak sustatuko dira, baita garraio-modu guztien intermodaltasuna ere.
Hala ere, inpaktuak sortzen dituzten azpiegituren kudeatzaileei dagokie ebaluatzea, beraz, Errepideei buruzko Plan Sektorialak aztertzeko eta horietan aurrez ikusitako azpiegiturak egiteko orduan, ingurumen-inpaktuaren ebaluaketek zarata eta airearen poluzioren mapak izan behar dituzte alderdi horiek behar bezala ebaluatzeko. Hala, Zaratari buruzko 37/2003 Legeak 14. artikuluan zehaztutakoa beteko da.
79. artikulua.- Bide sareen sailkapena.
1.- Eskualde Egituraren ikuspegitik, bai barruko harremanei eta bai kanpoko eremuekiko loturei dagokienez, lurralde-antolamenduaren ondoreetarako, bide-sarea ikuspegi morfologikotik hierarkizatzeko proposamen orokor bat egiten da, lurralde-egitura egokia eta bertako errepideen izaera nahiz funtzionaltasuna bermatzeko. Sailkapen horri loturiko ezaugarri tipologikoak gainjarri egiten dira eta modu loteslean baldintzatzen dute bide-azpiegituren arloko ekintzen garapena nahiz betearazpena; ekintza horiek lurralde-planeamendu sektorialak eta kasuan kasuko udal-planeamenduak proposatu dituzte.
2.- Honako bide-sare hauek bereizten dira:
a) Egitura-sarea. Autobide-, autobia- eta errepide-sareak osatzen du; horiek Lurralde Historikoari igarobide egokiak ematen dizkiote sartzeko eta igarotzeko mugimenduetarako; halaber, barruko mailari dagokionez, igarobideen eta eskualde-egituretako leku nagusien arteko lotura bermatzen dute.
b) Banaketa-sarea. Honako bide hauek osatzen dute:
- Hiri-eremuetan, gaitasuna eta zentralitatea aintzat hartuta ardatz nagusiak diren hiri-bideak; horiek egokiak dira lekualdatze-modu desberdinek erabiltzeko, eta gainera, garraio publikoko linea nagusietarako euskarri egokiak dira.
- Hirikoak ez diren eremuetan, Eskualde Egiturako udalerrien arteko edo horien eta hurbileko inguruen arteko erlazioen egitura osatzen duten errepideak; horrela, hiri-garapenaren barruko eremu desberdinen arteko lotura ahalbidetzen da.
c) Sare kapilarra. Lurraldean irisgarritasunik handiena sortzen duten bideek osatzen dute.
- Hiri-eremuetan, Sare Kapilarra osatzen duten kaleen berezko luzapena (hiri-eremutik kanpo) LZEan azaldutako sare batzuetako errepideek osatzen dute.
- Hirikoak ez diren eremuetan, Sare Kapilarra toki-irisgarritasuneko errepideen egiturak osatzen du; errepide horiek, berriz, beste sare batzuen zerbitzua ez duten garapeneko eremuetara eta Eskualde Egiturako landagune guztietara hedatzen dira.
3.- Hierarkizazio horretan oinarrituz, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ereduaren helburua (Igorreko Eskualde Egituraren eremuan), izan ere, bertako ereduen ezaugarrietara egokituriko irisgarritasun egokia lortzea da, baita bide-sare desberdinak ondo bereiztea ere, bakoitzaren funtzionaltasuna kontuan hartuta. Planteaturiko helburuak eta horien justifikazioa, berriz, Memoriaren agirian zehatz adierazita daude.
4.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Bide Sareko azpiegitura proposatu eta azpiegitura hori O-03.A.1 planoan adierazita dago.
5.- Funtzionaltasuna, tipologia, lurraldearekiko lotura eta garraio-jarioekiko nahiz motordunak ez diren lekualdatze-moduekiko lotura (Lurraldearekiko Zati Egitamuak adierazitako sare osoan) honako lauki honetan adierazita daude.
Egiturakoa Banaketakoa Kapilarra
Autobideak/Autobiak
Errepide konbentzionalak Hiri-eremua
Hiri Bideak H. kanp. eremua
Errepide konbentzionalak Hiri-eremua
Kaleak H. kanp. eremua
Errepide konbentzionalak
Funtzionaltasuna Eskualde Egiturak kanpoaldearekiko dituen erlazioak, luzera handiko erlazioetan Eskualde Egiturak ondoko eremuekin dituen loturak Eskualde Egiturak barrualdearekiko dituen loturak
Igarotze-trafikoak Oinarrizko sareko jarioen lurralde-banaketa
Gehieneko zentralitatea duten hiri-jarioak Lurraldearekiko erabateko irisgarritasuna
Beste sare batzuekin lotzeko hiri-jarioak
Tipologia Galtzada bikoitza
Bide azkarra (~100 km/h)
Desnibeleko loturak Galtzada bat
Bide azkarra (~90 km/h)
Mailako gurutzaguneak (biribilguneak edo lehentasunekoak) Galtzada bat edo bi
Erdi motela (~50 km/h)
Mailako gurutzaguneak (biribilguneak edo semaforodunak) Galtzada bat
Erdi azkarra (~ 70 km/h)
Mailako gurutzaguneak (biribilguneak edo lehentasunekoa) Galtzada bat
Bide motela (~ 30 km/h)
Mailako gurutzaguneak (semaforodunak edo lehentasunekoa) Galtzada bat
Bide motela (~ 50 km/h)
Mailako gurutzaguneak (biribilguneak edo lehentasunekoa)
Lurraldearekiko lotura Trazatuaren baldintzen eraginez, topografia nahiko independentea da => Inguru-eragin gogorra
Trazatuaren baldintzak => Lurzoru-erabilerak baldintzatzen ditu
Sarbideen kontrol osoa Trazatuaren baldintzek topografiaren nolabaiteko independentzia eragin dezakete => Balizko inguru-eragin gogorra
Zerbitzua lurraldeari => koordinazioa lurzoruaren erabilerarekin
Sarbideen kontrolik gabe Lurraldeari egokitzeko modukoa => Inguru-eragin motela
Zerbitzua lurraldeari => koordinazioa lurzoruaren erabilerarekin
Sarbideen kontrolik gabe Lurraldeari egokitzeko modukoa => inguru-eragin motela
Zerbitzua lurraldeari => koordinazioa lurzoruaren erabilerarekin
Sarbideen kontrolik gabe Erabateko egokitzapena lurraldera
Lurzoruaren erabilerei loturiko trazatua
Sarbideen kontrolik gabe Erabateko egokitzapena lurraldera
Lurzoruaren erabilerei loturiko trazatua
Sarbideen kontrolik gabe
Garraio-jarioekiko lotura Ibilbide luzeko autobusen eta Expres deritzenen lineak. Geraleku barik
Bizikletak: debekatuta
Oinezkoak: debekatuta
Ez da egokia tranbietarako, oinezkoen sarbidea duelako Garraio publikoko lineek geralekuak dituzte horretarako espazioetan; ibilbide luzeko autobusak eta Expres deritzenak.
Bizikletak: errei soilekin edo bazterbide egokiekin
Oinezkoak: pasabideak dituzten espaloiak edo bazterbideak Garraio publikoko lineen bide nagusiek geralekuak dituzte horretarako espazioetan
Bizikletak: errei soilekin
Oinezkoak: espaloiak eta pasabideak
Berebizikoa igarobide soila duten tranbientzat Garraio publikoko lineen bide nagusiek geralekuak dituzte horretarako espazioetan
Bizikletak: errei soilekin edo bazterbide egokiekin
Oinezkoak: pasabideak dituzten espaloiak edo bazterbideak Garraio publikoko lineek geralekuak dituzte
Bizikletak: errei soilekin eta soilak ez direnekin
Oinezkoak: pasabideak dituzten espaloiak, edo beste modu batzuekin batera
Egokia da plataforma soila duten eta ez duten tranbietarako Garraio publikoko lineek geralekuak dituzte
Bizikletak: bazterbideekin edo halakorik gabe
Oinezkoak: pasabideak dituzten espaloiak edo bazterbideak
80. artikulua.- Eskemaren definizioa eta oinarrizko eraketa.
1.- Bide-sareko azpiegituraren eskema, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, eremu desberdinek bide-ardatz edo errepide-sare jakinean duten lotura-irizpideek osatzen dute; trazatua, berriz, eskema horren kokaleku espazial egokia da; eskema, kasu guztietan, loteslea da eta trazatua zehaztu egin behar da eta balizko aldaketak izan ditzake, udal-planeamendu orokorraren edo garapeneko planeamenduaren bitartez.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak bide-sareko azpiegituren proposamena ezartzen du; eskema «Bide eta Trenbide Azpiegiturak» izeneko O-03.A planoan adierazita dago.
3.- 1. atalean ezarritakoaren kalterik gabe, bide-eskema horren kokaleku espaziala eta garapen xehatua, oinarrizkoa denez, egokitu egin daiteke, planeamenduko tresnen bidez; betiere, ezarritako lotura-irizpidea errespetatu eta, edozein kasutan ere, justifikatu egingo da bete egiten dela Lurraldearekiko Zati Egitamuak ezarritako Bide Sarearen sailkapena.
4.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak, ezarritako sareen sailkapenarekin bat etorriz, bideen oinarrizko eraketa ezartzen du, bideen tipifikazio honen arabera:
a) Egitura-sarea.
- Autobia, Bizkaiko Errepideen Foru Arauan zehazturiko ereduaren arabera (8/1999 FAko 3.4 artikulua).
- Galtzada bakarreko bidea, automobilen erabilera soilerako ez dena, mugakideetan sartzeko mugarekin eta maila bereko gurutzaguneekin (biribilguneak edo lehentasunekoak), Bizkaiko Errepideen Foru Arauan errepide konbentzionaletarako ezarritakoaren arabera (8/1999 FAko 3.7 artikulua).
b) Banaketa-sarea (hiri-eremuak).
- Hiriko zeharbidea/tartea, Bizkaiko Errepideen Foru Arauan ezarritakoaren arabera (2/1993 FAko 55-59. artikulua).
- Hiriko bidea, Bizkaiko Errepideen Foru Arauan ezarritakoaren arabera (2/1993 FAko 60. artikulua).
c) Banaketa-sarea (hiritik kanpoko eremuak).
- Galtzada bakarreko bidea, automobilen erabilera soilerako ez dena, mugakideetan sartzeko mugarekin eta maila bereko gurutzaguneekin (biribilguneak edo lehentasunekoak), Bizkaiko Errepideen Foru Arauan errepide konbentzionaletarako ezarritakoaren arabera (8/1999 FAko 3.7 artikulua).
d) Sare kapilarra (hiri-eremuak).
- Hiriko zeharbidea/tartea, Bizkaiko Errepideen Foru Arauan ezarritakoaren arabera (2/1993 FAko 55-59. artikulua).
- Hiriko bidea, Bizkaiko Errepideen Foru Arauan ezarritakoaren arabera (2/1993 FAko 60. artikulua).
e) Sare kapilarra (hiritik kanpoko eremuak).
- Galtzada bakarreko bidea, automobilen erabilera soilerako ez dena, mugakideetan sartzeko mugarekin eta maila bereko gurutzaguneekin (biribilguneak edo lehentasunekoak), Bizkaiko Errepideen Foru Arauan errepide konbentzionaletarako ezarritakoaren arabera (8/1999 FAko 3.7 artikulua).
5.- Ezarritako bide-tipifikazioa Araudiko XII. eranskinean jasotako bideetara hedatzen da.
6.- Bide Sareko azpiegituraren eskema, «Bide eta Trenbide Azpiegiturak» izeneko O-03.A planoan grafiatutakoa, baita tipologia desberdinetarako ezarritako oinarrizko eraketa ere, lotesleak dira planeamendu sektorialeko eta udal-planeamendu orokorreko nahiz garapeneko planeamenduko tresnei dagokienez.
81. artikulua.- Bide sareko jarduketa motak. Proposamenak.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak proposamen orokorrak eta Bide Sarearen gaineko jarduketak ditu jasota, jarduketa mota jakinetan oinarrituz.
a) Bide-azpiegitura berrien ezarkuntza. Halako jarduketetan, azpiegitura berriak egiten dira, lehengo sareak funtzionaltasun hobea edukitzeko, bai aurreikusitako trafiko-jarioek behar dituzten prestazioak aintzat hartuta, bai hirigune desberdinen arteko elkarreraginak ekidin beharra kontuan hartuz. Horri dagokionez, N-240 errepidearen trazatua hobetzeko eta orain zeharkatzen dituen hiriguneetatik independizatzeko, betiere 80. artikuluko 3. puntuan ezarritako ezaugarrien arabera, honako jarduketa hauek daude ezarrita (guztiak Egitura Sarearen barruan):
- Boroa-Lemoa lotura eta Lemoako saihesbidea egitea.
- Igorreko saihesbidea egitea.
- Barazarreko mendatearen igoeran abiadura moteleko erreia egitea.
b) Perimetroko hiri-bide berrien ezarkuntza. Halako jarduketen helburua hiriguneetan aukerako ibilbideak sortzea da, bertako zona batzuetan motordun trafikoa murrizteko edo ekiditeko. Lurraldearekiko Zati Egitamuan zehazturiko sareak eratzeko, honako jarduketa hauek daude ezarrita (guztiak Banaketa Sarearen barruan):
- Ertzeko perimetro-bidea egitea, Bediako biztanleguneko hiri-garapenen iparraldetik (oraingo N-240 autobidearekiko aukera).
- Ertzeko perimetro-bidea egitea, Arteako biztanleguneko hiri-garapenen iparraldetik (oraingo BI-3524 errepidearekiko aukera).
- Ertzeko perimetro-bidea egitea, Dimako biztanlegunearen hegoaldeko hiri-lurzoruetatik (oraingo BI-2543 errepidearekiko aukera).
c) Igarotze-trafikorik gabe utzitako bideen tratamendua. Halako bideetan egin beharreko jarduketak eraginpeko tarteek izan ditzaketen baldintzen araberakoak dira:
c.1.- Hiri-inguruko zonetan. Jarduketa ahalik eta gutxien, ebaketako, mugakideetan sartzeko eta halako arazoak ebazteko. Ez dago jasota bizikletetarako edo oinezkoentzako zerrendarik egitea, eta horien ibilbideen jarraitasuna bermaturik egon behar da eremuotan, Aukerako Mugikortasun Sarearen bitartez. Halako jarduketak honako kasu hauetan daude ezarrita:
- Lemoako BI-635 errepidea, Boroa-Lemoa loturaren eta La Flecha-ko industrialdearen artean (Banaketa Sarea).
- Bediako N-240 autobidea, Bediako hirigunearen eta Usansoloren artean (Banaketa Sarea).
- N-240 autobidea Lemoan, Bediako hirigunearen eta Lemoaren artean (Banaketa Sarea).
- N-240 errepidea Igorren, saihesbidearen iparraldeko loturaren eta Igorreko hirigunearen artean eta horren eta Arantzazukoaren artean (Banaketa Sarea).
- BI-3550 errepidea Artean eta Areatzan, bi hiriguneen artean (Sare Kapilarra).
c.2.- Hiri-zonetan (hiri-tarteak eta zeharbideak). Jarduketek halako eremuen ezaugarriak ematen dizkiote bideari; gainera, hobetu egiten dituzte ibilgailuen trafikoaren eta hiriko bizitzaren arteko bizikidetza-baldintzak, trafikoa moteltzeko neurriak hartuta eta diseinuaren nahiz materialen tratamendu berezia eginez. Bizikleten eta oinezkoen lekualdatzeak, Aukerako Mugikortasun Sarearen trazatua edozein izan arren, bidearen sekzioan helburu horretarako dauden zerrenda berezietatik egiten dira. Zentralitaterik handieneko hiri-zonetan, jarduketek oinezkoen eta bizikleten erabilerak sustatuko dituzte, eta ibilgailuen trafikoa baldintzaturik geldituko da, epeltze-neurrien bidez; gainera, aukerako ibilbideak aurreikusiz gero, trafiko hori garraio publikoetara edo oinezkoen erabilera soilera mugatu beharko da. Halako jarduketak honako kasu hauetan daude aurreikusita:
- N-240, BI-635 eta la BI-3526 errepideetako tarteak, Lemoako hirigunean (Banaketa Sarea).
- N-240 autobideko tartea, Bediako hirigunean (Banaketa Sarea).
- N-240 eta BI-2543 errepideetako tarteak, Igorreko hirigunean (Banaketa Sarea).
- N-240 autobideko tartea, Arantzazuko hirigunean (Banaketa Sarea).
- BI-3550 errepideko tartea, Arteako hirigunean (Sare Kapilarra).
- BI-3550 tartea, Areatzako hirigunean (Sare Kapilarra).
- BI-3524 eta BI-3513 errepideetako tarteak, Arteako hirigunean (Banaketa Sarea).
d) Hiriko tarteen eta zeharbideen egokitzapena. Trafiko-intentsitate txikiko errepideetan, halako jarduketaren helburua ibilgailuen trafikoaren eta eraginpeko biztanleguneko hiri-bizitzaren arteko bizikidetza-baldintzak hobetzea da, trafikoaren intentsitatea motelduta eta bideko diseinuan nahiz materialetan tratamendu berezia erabiliz. Jarduketa hau BI-2543 errepideko (Banaketa Sarea) eta BI-4545 errepideko (Sare Kapilarra) tarteetan dago aurreikusita, Dimako hirigunean.
2.- Azpiegitura horietan garatuko diren jarduketen ezaugarriak, baita «Arretaguneak» deritzenetan aintzat hartu beharreko alderdiak ere (Bide Sarean identifikatuta eta «Bide eta Trenbide Azpiegiturak» izeneko O-03.A planoan grafiatuta), eta planeamendu sektorialeko nahiz udal planeamendu orokorreko tresnetan duten eragina ere bai, Arauotako XII. eranskinetan dauden fitxetan jasota daude; fitxa horietan planeamenduak eratzeko, antolatzeko eta bateratzeko irizpideak ere jasotzen dira.
III. ATALA
TRENBIDE AZPIEGITURA
82. artikulua.- Trenbide eredua.
1.- Lurralde-ereduaren oinarrizko helburua garapen iraunkorrerako neurriak hartzea denez, trenbide-garraioa sustatzea planteatzen da.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamu honek Trenbide Sarearen Lurralde Egitamu Sektorialaren proposamena jasotzen du. Trenbide-lineak Eskualde Egituran presentzia urria duenez, proposamen hori oinarritzat erabiltzen da, lokomozioko beste bide batzuekiko intermodalitatean oinarrituriko garraio publikoko aurreikuspenak ezartzeko.
3.- LZEaren iritziz, bidaiarien trenbide-garraioko lekualdaketak indartu egin daitezke, Eskualde Egituraren eta horren inguruaren artean; izan ere, trenbidearen trazatua eta zerbitzua hobetzeaz gain, Eskualde Egiturara doazen eta bertatik irteten diren bidaiak sortzen dituzten gune nagusiek dagoeneko trenbide-zerbitzua dute.
83. artikulua.- Definizioa eta oinarrizko eraketa.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Trenbide Azpiegitura identifikatzen du Euskotrenen oraingo linearen tartean, Igorreko Eskualde Egituran; gainera, proposaturiko trazatuaren hobekuntza onartu eta «Bide eta Trenbide Azpiegiturak» izeneko O-03.A planoan grafiatzen ditu trazatuak.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak, trenbide-sarearen arloan, honako proposamen orokor eta jarduketa hauek ezartzen ditu:
a) Trenbide-sare osoaren segurtasun-baldintzak hobetzeko:
- Trazatuko kotak aldatzea Lemoan, N-240 errepidea goitik igaro ahal izateko (egiten ari dira).
- Toki-irisgarritasuneko bideetan dauden pasabideak ezabatzea.
b) Eskualde Egituran garraio publikoaren planeamendu orokorra hobetzeko:
- Lemoako geltokiak bertako hirigunearekin duen lotura hobetzea, Ibaizabalen gainean oinezkoentzako pasabide berria eginez.
- Lemoako geltokian, autobusarekin, automobilarekin eta bizikletarekin bidaiari-trukea ahalbidetzen duten elementuak sartzea.
IV. ATALA
INTERMODALITATEA
84. artikulua.- Intermodalitateko gunea.
1.- «Intermodalitateko gunea» izango da, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, ibilgailu partikularren, autobusaren eta gainerako garraiobideen bidezko garraioaren eta trenbide-garraioaren arteko lotura- eta koordinazio-elementua.
2.- «Intermodalitateko gunearen» mugaketa, antolamendua eta esku-hartze araubidea, izan ere, planeamendu orokorreko tresnek edo udalerriko nahiz udalerriz gaindiko planeamendu bereziak ezarritakoak izango dira.
3.- Lurraldearekiko Zati Egitamuan, «Intermodalitateko gunea» izango da Lemoan autobus-geltokia ezarrita sortuko den nodoa, eta hori trenbide-geltokiarekin zuzenean lotuta egongo da. Multzo hori honako irizpide hauetara egokituko da:
- Oinezkoen sarbide azkarra eta eraginkorra ahalbidetzea, Lemoako hirigunearen barruan.
- Automobilen eta autobusen jarioak biltzea, lekualdatze erosoa eta eragingarria ahalbidetuz.
- Aparkaleku nahiko handia edukitzea, tren-geltokiari erantsita.
- Oinezkoen eta bizikleten sarea «Intermodalitateko gunearekin» lotzea.
4.- «Intermodalitateko gunea» albo batera utzita, garraio publikoaren geralekuen baldintzak berrikusi egin beharko dira, oinezkoen irisgarritasunari dagokionez, eta geraleku horietan, euren ezaugarrien arabera, beharrezko elementu guztiak egon beharko dira bizikletaren bidezko intermodalitatea ahalbidetzeko.
5.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak «Bide eta Trenbide Azpiegiturak» izeneko O-03.A planoan grafiaturikoa proposatzen du intermodalitateko gunetzat.
IV. KAPITULUA
ZERBITZU AZPIEGITURAK
85. artikulua.- Zerbitzu azpiegituren politikaren helburuak.
Lurraldearekiko Zati Egitamuak honako helburu hauek lortzearen mende jartzen du zerbitzu-azpiegituren planifikazioa, eta helburuok bat datoz Garapen Iraunkorreko Euskadiko Estrategian planteaturiko Ingurumen Helburuekin:
1.- Aire, ur eta lurzoru garbiak eta osasuntsuak bermatzea.
2.- Baliabide naturalak eta hondakinak zentzuz kudeatzea.
3.- Natura eta Biodibertsitatea babestea.
4.- Lurralde-oreka eta mugikortasuna bermatzea: ikuspegi bateratua.
5.- Klimaren aldaketaren gaineko eragina mugatzea.
86. artikulua.- Lurraldearekiko zati egitamuak zerbitzu azpiegituren arloan egindako proposamenak.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak bost taldetan edo esku-hartze eremutan xehatzen ditu Zerbitzu Azpiegituren arloko proposamenak:
a) Energia.
b) Ur-hornidura.
c) Saneamendua.
d) Hondakinak.
e) Kutsaturiko lurzoruak.
f) Obra hidraulikoak.
2.- Bestalde, a), b), c) eta d) taldeei dagokienez, kasuan kasuko sareen trazatuak eta dokumentazio grafikoan agertzen diren elementuen kokalekua orientagarriak dira.
87. artikulua.- Energia aprobetxamendua.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak energia aurreztu eta aprobetxatu egin nahi du Igorreko Eskualde Egituran; horretarako, honako proposamen hauek egiten ditu:
a) Erabilitako energia-iturriak dibertsifikatzea, energia multzo malgua eta ez hain zaurgarria edukitzeko, hornidura-iturriren batean egon daitezkeen aldaketei dagokienez. Alderdi horretatik, LZEak honako hau proposatzen du:
a.1.- Gas Naturalaren erabilera sustatzea, energia iturritzat.
- ENAGASen gas naturala garraiatzeko gas-bidea, Bartzelonaren, Valentziaren eta Bizkaiaren artekoa, Eskualde Egiturako iparraldetik doa, eta horren deribazioa Boroako (Zornotza) ziklo konbinatuko zentraleraino heltzen da; Bermeoko adarra ere badago.
- Gaur egun, hornidura Bahía Bizkaia Gas izeneko plantatik ere egiten da, eta Arrigorriagara arteko eramatea dago.
- Azkenik, Lemoa-Haro gas-bidea dago aurreikusita, eta horrek Arratiako haran osoa zeharkatuko du.
LZEaren dokumentazioan jasotako Zerbitzuko Oinarrizko Azpiegituren planoan, azpiegituraren eskema dago, lanerako erabilitako eskalaren arabera. Lurzoruaren mugaketaren zehaztapena udal-planeamenduek egin behar dute, eta hori, berriz, arduradunek aurreikusitako etorkizuneko azpiegiturak egiteko proiektuen araberakoa izango da.
a.2.- Eguzki-energia ustiatzea, zenbait jarduketa eginez.
a.3.- Hiriko hondakin solidoen hondakindegietan sorturiko biogasa aprobetxatzea. Energia Igorreko hondakindegiko biogasa erabiliz sortuko duen planta bat eraiki nahi da.
Azpiegitura hau modu sinbolikoan adierazita dago, LZEaren dokumentazio grafikoan, ikono baten bidez; lurrak udal-planeamenduak mugatu beharko ditu, betearazpenerako proiektuaren arabera.
a.4.- Hondakin bizigabeak ustiatzeko aukera ikertzea ere gomendatzen da; horretarako, Lemoako zementuen lantegiko labeen bero-gaitasuna aprobetxatu behar da.
Balizko azpiegitura hori modu sinbolikoan adierazita dago, LZEaren dokumentazio grafikoan, ikono baten bidez; lurrak udal planeamenduak mugatu beharko ditu, betearazpenerako proiektuaren arabera.
b) Iturri sortzaileen eta kontsumoko guneen arteko hurbiltasun handiagoa lortzea, energia-garraioaren kostuak murriztu ahal izateko.
c) Energiari loturiko sareak ibiltzeko bideen aurreikuspena egitea. Igarobide horiek, berriz, udalerriz gaindiko Egitamu Bereziaren bidez egin behar dira, eta horrek zaindu egin beharko ditu LZEak identifikaturiko balio naturaleko eremuak.
d) Udal-planeamenduak energia sortzeko zentro txikien instalazioa ahalbidetu ahal izango du; horretarako, hondakinen tratamendua erabili edo energia berriztagarriak aplikatuko dira; hain zuzen ere, horretarako lurzoru-erreserba egokiak egin eta paisaiaren gaineko eraginaren aurretiazko balorazioa egingo da (energia-sorkuntza horretarako behar diren elementuek sortzeko moduko eraginaren balorazioa). Instalazio horiek industria-instalazioei edo sistema orokorrei lotuta egon daitezke, baldin eta bigarren mailako jarduera bada, jarduera nagusiari dagokionez; betiere, horietarako aukeraturiko kokalekuaren aurretiazko onespena beharko da, eta, beraz, udal-planeamenduak kokaleku horren mugaketa grafikoa egingo du.
2.- Proposamen horiek Egitamuaren Memorian garatuta eta «Zerbitzuko oinarrizko azpiegiturak. Energia elektrikoa, gasa, telekomunikazioak eta hondakinak» izeneko O-03.C planoan identifikaturik daude.
3.- Energia elektrikoa eta gas naturala garraiatzeko sareen trazatuak, LZEaren dokumentazio grafikoan adierazita daudenak, eskematikoak dira, eta udal-planeamenduek aintzat hartu beharko dituzte, lurzoruaren kalifikazio egokia egiteko, sareok betearazteko proiektuen arabera.
88. artikulua.- Hornidura.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak onartu egiten ditu Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren irizpideak, ur-horniduraren arloan; gainera, sarea mantentzeko neurriak hartzeko proposamena egiten du, baliabide hori ez galtzeko, ihesen ondorioz; halaber, honako ohar hauek ere egiten ditu:
- Igorreko Eskualde Egiturako baliabideak optimizatzea.
- Arroen lekualdatzea ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartzea.
2.- Gomendio gehigarri horiek, euren helburuak eta jarduketa-irizpideak Egitamuaren Memorian jasota daude.
3.- Dokumentazio grafikoan modu eskematikoan jasota dago Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak kudeaturiko hornidura-sarearen trazatua; udal-planeamenduek hori kontuan hartu beharko dute, lurzoruaren kalifikazioa egiteko, eta hori azpiegitura betearazteko proiektuen araberakoa izan beharko da.
89. artikulua.- Saneamendua.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak, ur-saneamenduaren arloan, honako ohar hauek egiten ditu:
- Arratia eta Indusi ibaien ibilguetako emaria ez murriztea, euri-uren gehiegizko kanalizazioaren ondorioz.
- Eskualde Egituran erabilitako ur guztiak araztea.
- Ur asko erabiltzen dutenentzat industria-urerako sarea ezartzea, arazitako hondar-uren zati bat berriro ere zuzenean erabilita.
- Euri-uren isurketa kudeatu egin behar da uholdeak ez izateko, baita kalitatea bermatzeko ere. Zona urbanizatuak garbitzen dituzten euri-urak tratatu egin behar dira, batez ere lehenengo garbiketakoak badira. Euri-urak bereizteko sareari dagokionez, egokiena trumoi-tangen bidez ibilgurako isurketa kontrolatua bideratzea litzateke.
2.- Ohar horiek, euren helburuak eta jarduketa-irizpideak Egitamuaren Memorian jasota daude.
3.- Dokumentazio grafikoan modu eskematikoan jasota dago Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak kudeaturiko saneamendu-sarearen trazatua; udal-planeamenduek hori kontuan hartu beharko dute, lurzoruaren kalifikazioa egiteko, eta hori azpiegitura betearazteko proiektuen araberakoa izan beharko da.
90. artikulua.- Hondakin solidoen eta lurzoru kutsatuen kudeaketa.
Lurraldearekiko Zati Egitamuak, Igorreko Eskualde Egituran, hondakin-solidoen kudeaketari loturiko proposamen hauek egiten ditu:
a) Toki mailan murriztapenaren arloko ahalegin handia egitea, Hiriko Hondakin Solidoen (per capita) sorkuntzaren hazkundea ahalik eta gehien mugatzeko.
b) Hondakinen berrerabilera, birziklapena eta ustiapen energetikoa sustatzea, hondakin mota bakoitzerako edukiontzi berezia emanez, udalerri guztietan; gainera, udalerri edo mankomunitate mailako banaketa eraginkorra eta nahikoa egingo da, etxeko hondakinen eta antzekoen (Garbiguneak) bilketa hautakorreko zentroei dagokienez, hiritarrei hondakinak banantzeko lana errazteko.
c) Industrialdeetan eta merkataritzako guneetan bilketa hautakorreko espazioak ezartzea, hirikoei asimilatzeko modukoak diren hondakinen edukiontziak instalatzeko eremuekin, Arauotako artikulu egokian jarduera ekonomikoetarako lurzoruari buruz adierazitakoaren arabera.
d) Igorreko hondakindegiak sorturiko biogasaren ustiapen energetikoa egitea eta horren inguruan, berriz, hondakin bizigabeak eta arriskurik gabeak birziklatzeko nahiz tratatzeko planta bat ezartzea; horretarako, handitu egin behar da hondakinak isurtzeko orain erabiltzen den eremua.
Halako azpiegiturak adierazten dituzten ikonoak sinbolikoak dira, eta udal-planeamenduek euren kokaleku zehatza eta behin betikoa jaso beharko dute, kasuan kasuko betearazte-proiektuetan ezarritakoaren arabera.
e) Hondakinen kontrol eta aurretiazko hautapen handiagoa, honako honen bidez:
- Nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinen kontrola.
- Biztanleak jabearazteko kanpainak.
- Hondakinen bilketa hautakorreko guneen ezarkuntza.
f) Eraikuntzako hondakinak berrerabiltzearen bideragarritasuna ikertzea, zementu-planten arloan oinarrituz, beste material batzuk egiteko.
g) Gure geografiako leku batzuetan lurzoru kutsatuak daudela onartuta, udal-planeamenduak aintzat hartu beharko du lurzoruaren kalitatearen aldagaia, eta arazo horri, berriz, lurzoruaren kutsadura aurreikusteari eta zuzentzeari buruzko 1/2005 Legeko (Eusko Legebiltzarraren Legea) xedapenetan ezarritakoaren arabera egin beharko dio aurre, inbentarioak eguneratzen dituzten iturriak kontsultatuz, industria-eremuak eta zaharkituriko erauzketa-jarduerak suspertzeko edo berritzeko ekintzak ezartzeko orduan.
h) Halaber, irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren arabera, kutsatutako edo aldatutako lurzoru bat egoteak lurzoru horri emango zaion erabilera baldintzatu dezake, eta/edo zuzentzeko neurriak hartu beharra eragin. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako partzelan lurzoruaren erabilera-aldaketa eskakizunak, EAEko ingurumen-organoaren Lurzoruaren Kalitateari buruzko Adierazpena beharko du.
91. artikulua.- Telekomunikazio azpiegiturak.
Telekomunikazio-azpiegiturei dagokienez, Durangoko ibilbideko Zuntz Optikoko Telekomunikazioen Enbor Sarearen tarte batek ematen dio zerbitzua Igorreko Eskualde Egiturari; hori lurpetik doa Bediako eta Lemoako udalerrietan, eta, tarteen arabera, paraleloa da N-240 errepidearekin, Euskotrenen linearekin eta BI-635 errepidearekin.
Urreskoataxa mendian, Telekomunikazio Zentro bat dago.
Gainera, Internet banda zabaletik eramateko proiektua egiten ari dira; izan ere, azpiegitura hori Lemoaren eta Artearen artean zabaldu nahi da, N-240 errepidearekiko modu paraleloan, eta Arteatik Zeanurira, BI-3530 errepidearen ondoan, Dimarako adar bereziarekin.
Telekomunikazio-sare horren trazatua modu eskematikoan adierazita dago LZEaren dokumentazio grafikoan; udal-planeamenduek hori kontuan hartu beharko dute, lurzoruaren kalifikazioa egiteko, eta hori azpiegitura betearazteko proiektuen araberakoa izan beharko da.
V. TITULUA
EKIPAMENDUEN LURRALDE EREDUA
92. Artikulua.- Ekipamenduen lurralde ereduaren oinarrizko eraketa.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak ekipamenduen lurralde-ereduaren oinarrizko eraketa ezarri eta, ekipamenduen arloan, honako beharrizan hauek zehaztu ditu:
- Udalerriz gaindiko ekipamendua Areatzan, bertako hirigune historikoa suspertzeko eta biziberritzeko.
- Haur-liburutegien, hemeroteken eta abarren sarea; horiek eraikin historikoetan egon daitezke.
- Eskaeraren arabera, hezkuntza- eta laguntza-ekipamenduak gehitzea.
- Ibaien ibilguaren ondoko jolas-eremuak, honako leku hauetan: Igorren, Arratiak eta Indusik bat egiteko lekuaren ipar-ekialdean; Artean, Arratiaren eskuineko ertzean, hirigunearen hegoaldean dauden bi meandrotan; eta Zeanurin, Arratiaren ezkerreko ertzean, Zulaibar institutuaren iparraldean.
- Udako igerilekuak, jolas-eremuen ekipamendu osagarritzat.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Igorreko Eskualde Egiturarako ekipamendu-proposamena egin eta hori «Ekipamenduen Kokalekua eta Proposamenak» izeneko O-05 planoan grafiaturik dago.
3.- Aurreko ataletan ezarritakoaren kalterik gabe, proposamen horien garapen xehatua eta kokaleku espaziala aldatu egin daitezke, planeamendu sektorialeko eta udal-planeamenduko tresnen bitartez, betiere ondo arrazoituta eta justifikatuta, eta ekipamenduen lurralde-ereduaren oinarrizko eragiketa eragin duten irizpideak beteta.
VI. TITULUA
ESKU HARTZEKO ESTRATEGIAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
93. artikulua.- Definizioa.
«Esku hartzeko estrategiak», Lurraldearekiko Eskualde Egituraren ondoreetarako, birmoldatu, suspertu edo birgaitu beharreko eremuetan kokatzen dira; horren helburua halako eremuak ez narriatzea eta guztiz edo neurri batean desberdinak diren erabileretarako suspertzea da, Euskadiko Lurralde Antolamenduari buruzko 4/90 Legeko 12.e artikuluan ezarritakoaren arabera.
II. KAPITULUA
SUSPERTZEA, BIRMOLDATZEA ETA BIRGAITZEA
94. artikulua.- Suspertzeko espazioak.
1.- «Suspertzeko espazioak» izango dira, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, jarduera ekonomikoetarako eremu batzuetan egiten diren esku-hartzeak, oraingo industria-paisaiaren irudia hobetzeko eta egokitzeko egiten direnak; horren helburua hauxe da:
- Okupaturiko lurzoru finkatuak hobetzea.
- Barrualdeko egituraturiko ardatz jarraituak sortzea, barruko komunikazioetan hiri-egitura koordinatua eta autonomoa sortzeko.
- Industria-eremu zaharkituak suspertzea.
- Industria-kalifikazioa duten okupaziorik gabeko lurzoruak garatzea, tipologia berriak sartzeko; bertan, lehentasunezko ezaugarriak izango dira ingurumen-eremu atsegina edukitzea, eraikitako espazioak erakargarriak izatea eta faktore kualitatiboei lehentasuna ematea (kuantitatiboei dagokienez).
- Ingurumen-arloko neurri zuzentzaileak ezartzea, beharrezkoa izanez gero.
2.- «Eremu Narriatuak» izango dira, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, Industria Aurriak, horiek eragiten duten narriadura- eta zaharkitzapen-irudiari dagokionez, modu negatiboan baldintzatzen baitute dinamika berrien sorrera. Halako espazioak suspertzeko politikak sustatu behar dira, kudeaketa oztopatzen duten elementuak ezabatuz, batik bat Industria Aurritzat hartzen diren eraikinak.
3.- «Suspertzeko Espazioak» eta «Narriaturiko Eremuak», Lurraldearekiko Zati Egituran jasota daudenak, «Suspertzeko, Birmoldatzeko eta Birgaitzeko Espazioak» izeneko O-04.A planoan identifikaturik daude.
4.- «Suspertzeko Espazioen» eta «Narriaturiko Eremuen» mugaketa, antolamendua eta esku-hartze araubidea, bestalde, udal-planeamendu orokorreko edo bereziko tresna egokiak eremu bakoitzerako ezarritakoak izango dira; betiere, bete egin beharko dira Lurraldearekiko Zati Egitamuak proposaturiko irizpideak.
95. artikulua.- Birmoldatzeko espazioak.
1.- «Birmoldatzeko Espazioak» izango dira, Lurraldearekiko Zati Egitamuan ezarritakoaren ondoreetarako, euren oraingo egoera hobetzeko toki mailako hirigintza-jarduketak behar dituzten zonak; lehentasunezko espazioak, izan ere, hiriguneetan dauden zeharbideak dira, egitamuaren indarraldian kasuan kasuko saihesbideekin ordeztuko direnak.
2.- Saihesbideak zerbitzuan sartuta, hiriguneetako trafiko trinkoa eta astuna murriztu egingo da, N-240 errepidetik dabilena; horrek berebiziko aukera emango du zeharbide zaharra birmoldatzeko eta hiriko erabilera nahiz zirkulazio berrietara egokitzeko; horrenbestez, LZEak halako espazioetan oinezkoen trazatuak eta birmoldaketak egitea gomendatzen da, baita ondoko hiri-egitura osoa berregituratzea ere.
3.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak ezarritako «Birmoldatzeko Espazioak» «Suspertzeko, Birmoldatzeko eta Birgaitzeko Espazioak» izeneko O-04.A planoan identifikaturik daude.
4.- «Birmoldatzeko Espazioen» mugaketa, antolamendua eta esku-hartze araudia, azkenik, udal-planeamendu orokorreko edo bereziko tresna egokian ezarritakoak izango dira, eta, nolanahi ere, bete egin beharko dira Lurraldearekiko Zati Egitamuak proposaturiko irizpideak.
96. artikulua.- Birgaitzeko espazioak.
1.- «Birgaitzeko Espazioak» izango dira, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, eraikuntza osoa (ekipamenduak ere barne) eta hirigintza garatzen dutenak; horietan esku hartzeko modua, berriz, eraikitako eta urbanizaturiko ondarea kontserbatzea, babestean eta hobetzean oinarritzen da, eta espazio eta zuzkidura berriak sor daitezke, baterakoa eta integratzailea den suspertze-ekintzarako elementu dinamizatzailetzat, osagarritzat eta ezinbestekotzat.
2.- Kultura Ondasuntzat kalifikaturiko «Birgaitzeko Espazioak» 97. artikuluan araututa eta «Suspertzeko, Birmoldatzeko eta Birgaitzeko Espazioak» izeneko O-04.A planoan identifikaturik daude.
3.- «Ondarea Birgaitzeko Espazioak» 99. artikuluan araututa eta «Kultura Ondarearen Antolamendua» izeneko O-04.B1 nahiz O-04.B2 planoetan identifikaturik daude.
III. KAPITULUA
KULTURA ONDAREAREN ANTOLAKETA
97. artikulua.- Kultura ondarea (Eukadiko Kultura Ondareari buruz 7/1990 Legea).
Lurraldearekiko Zati Egitamuak jasotzen dituen Kultura Ondasunak 7/1990 Legeak babesten ditu; ondasunok Euskadiko Kultura Ondarea osatzen dute eta halakotzat jaso behar dira udal-planeamenduetan, kultur intereseko elementuen katalogoen barruan. Honako hauek dira:
- Monumentu Multzoaren eta Arkeologia Zonaren kategoria duen Kultura Ondasuna, Areatzako Hirigune Historikoa; «Kultura Ondarearen Antolamendua» izeneko O-04.B1 nahiz O-04.B2 planoetan eta «Suspertzeko, Birmoldatzeko eta Birgaitzeko Espazioak» izeneko planoan identifikaturik dago.
- Euskal Autonomia Erkidegoak (1997ko maiatzaren 5eko eta 1997ko azaroaren 5eko ebazpenaren bidez) Arkeologia Ustezkotasunekotzat hartzen dituen Arkeologia Zonak; zona horiek «Kultura Ondarearen Antolamendua» izeneko O-04.B1 eta O-04.B2 planoetan adierazita daude.
Halaber, lege horrek edo berorren ordezkoren batek etorkizunean babesten dituenak ere halakotzat hartuko dira, baldin eta LZEan jasota ez badaude.
Edozein kasutan, arau hauek hartuko dira kontuan:
- Kalifikatutako kultur ondasunei dagokienez, euren mugak eta babeserako arauak errespetatu beharko dira, dagokion kalifikazio-dekretuan definitutakoak.
- Inbentariatutako ondasunei dagokienez, behar bezala zainduko direla bermatu beharko da, ez daitezen galdu, suntsitu edo hondatu.
- Ustezko arkeologia guneei dagokienez, arkeologia-proiektuak egokitu egin beharko dira beharrezko ebazpenek ezartzen dutenera, 7/1990 Legeko 49. artikuluaren arabera.
98. artikulua.- Beste elementu interesgarri batzuk.
1.- Bisitariak erakartzeko gunetzat duten eginkizuna aintzat hartuta, Lurraldearekiko Zati Egitamuak Eskualde Egiturako paisaia eta izaera osatzen duten elementu asko jasotzen ditu:
- Elizak eta hilerriak.
- Baselizak eta nekropoliak.
- Jauregiak eta dorretxeak.
- Baserriak.
- Burdinolak eta errotak.
Kasuan kasuko babesa udal-planeamenduak erabakiko du.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak aurreko puntuan adierazitako ondare-elementuak identifikatzen ditu, «Kultura Ondarearen Antolamendua» izeneko O-04.B1 eta O-04.B2 planoetan.
99. artikulua.- Ondarea birgaitzeko espazioak.
1.- «Ondarea Birgaitzeko Espazioak» izango dira, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, balio arkitektonikodun eraikinak dituzten ezarkuntzak, herri-kulturan interes orokorrekoak diren multzo guztiak (historia edota kultura-balioak kontserbatzeko nahiz birgaitzeko ezarritakoak) eta bide historikoa-erromatar bidea.
2.- «Ondarea Birgaitzeko Espazioak», Lurraldearekiko Zati Egitamuak ezartzen dituenak, «Kultura Ondarearen Antolamendua» izeneko O-04.B1 eta O-04.B2 planoetan identifikaturik daude.
3.- Balio arkitektoniko handiko ezarkuntzak eta interes orokorreko multzoak udal-planeamenduei egindako gomendioak dira, kasu bakoitzerako bidezko neurriak har ditzaten.
4.- Bide historikoa-erromatar bidea deritzonean, bere trazatuaren azalpen idatzia dago, eta, gainera, gomendatu egiten da bideak zeharkatzen duen udalerri bakoitzak, bidezkotzat hartuz gero, bidearen balioa goratzeko neurri egokiak hartzea.
VI. TITULUA
PLANEAMENDUEN ATERAGARRITASUNA
I. KAPITULUA
PLANEAMENDUAK BATERATZEKO SISTEMA
I. ATALA
KONTZEPTUA, JUSTIFIKAZIOA ETA EREMUAK
100. artikulua.- Kontzeptua eta justifikazioa.
1.- Planeamenduak Bateratzeko Sistema izango da, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, LZEak ezartzen duen prozedura berezia, planeamendu orokorreko xedapenak egokitzeko eta koordinatzeko, honako lurzoru-eremu hauetan: bai kasuan kasuko zehaztapena dutelako edo bai tipologia edo ezaugarri jakinak dituztelako, udalerriz gaindiko eremuren batean eragina duten eremuak, baldin eta eremu horrekiko koordinazioa behar badute.
2.- Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeko 63. artikuluan planeamenduak zein kasutan bateratu behar diren ezartzen da.
101. artikulua.- Planeamendua bateratzeko eremuen sailkapena.
1.- «Bateragarritasun Eremua», Lurraldearekiko Zati Egitamuaren ondoreetarako, egiturako hirigintza-antolamenduko xedapenak bateratu beharra duen azalera da; adibidez, sailkapena, kalifikazioa eta sistema orokorrak, hain zuzen ere, komunikazioak eta espazio askeak.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Planeamenduak Bateratzeko Eremuen sailkapen hauxe egiten du:
a) Bateragarritasun Orokorreko Eremuak: hauen zona mugakideetan, egiturako antolamendua orokorrean koordinatu beharra detektatzen da.
b) Trazatuaren Bateragarritasuneko Eremuak: eremu hauetan, Lurraldearekiko Zati Egitamuaren proposamen berriek egituratzeko sare edo azpiegitura anitzak sartzen dituzte, eta, horrela, trazatua zehatz bateratzea ezinbestekoa da.
102. artikulua.- Bateragarritasun orokorreko eremuak.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Planeamenduen Bateragarritasun Orokorreko Eremu hauek jasotzen ditu:
a) Bedia - Galdakao: bateragarritasun-eremua N-240 autobideko hiri-zeharbidean dago, autobide hori bi udalerriotatik igarotzeko lekuan; hain zuzen ere, oraingoa baino irudi eta hirigintza bigunagoa eman behar zaio.
b) Bedia - Lemoa: bi udalerriak banatzen dituen mugaren bi aldeetan, Bediako Bidekolea eta Lemoako Mendieta eremuetan, izaera anitzeko ezarkuntzak daude elkarren ondoan: landakoa, industriakoa, oinplano berriko egoitzakoa, etab. Eraikinok elkarrekin integratu behar dira; alde batetik, landaguneak birmoldatuta, eta bestetik, eremu osorako irizpide komunak hartuta, forma-antolamenduari eta bide-azpiegiturei dagokienez, ingururako irisgarritasunari soluzioa emateko.
c) Artea-Areatza: Viteriren inguruan, Santo Tomas Apostolua baselizaren ondoan, izaera desberdineko ezarkuntzak daude elkarren ondoan: landakoak, oinplano berriko egoitzakoak, etab. Eraikinok elkarrekin integratu behar dira, eremu osorako irizpide komunak hartuta, inguruaren forma-antolamenduari dagokionez.
2.- Eremu hauen antolamenduaren koordinazioa bermatzeko zehaztu den egitura-antolamenduko tresna Planeamendua Bateratzeko Egitamua da.
103. artikulua.- Trazatua bateratzeko eremuak.
1.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak egindako proposamenen ondorioz, Trazatua Bateratzeko Eremu batzuk ezartzen dira, udalerriz gaindiko sareen, ardatzen edo azpiegituren gurutzagunean; horien eskemak lotesleak dira eta bateratuta daude Egitamuko dokumentazio grafikoan.
2.- Lurraldearekiko Zati Egitamuak Trazatuaren Bateragarritasun Eremu hauek ditu jasota:
a) Zornotza eta Lemoa / Lemoa eta Igorre (N-240 Boroa-Lemoa / N-240 Lemoako saihesbidea): bi azpiegituren eskemak, Boroa-Lemoa lotura eta Lemoako saihesbidea O-03.A1 planoan jasota daude.
b) Igorre eta Arantzazu (N-240 Igorreko saihesbidea): azpiegituraren eskema O-03.A1 planoan jasota. Garakoiko lotunetik (Igorreko udal-mugartea) Olarrako biderako loturara (Arantzazuko udal-mugartea).
c) Aukerako mugikortasuna: Aukerako Mugikortasun Sarearen azpiegituraren eskema O-03.A2 planoan jasota dago.
d) Paisaiari lotutako ibai-igarobidea: paisaiari lotutako ibai-igarobidearen eskema O-01.D planoan jasota dago.
3.- Trazatuetan Egitamuan adierazitako eskema jarraituko dela bermatzeko, eraginpeko udalerriek antolamendu-tresna bateratuak aldi berean edo batera tramitatuta egin beharko dute antolamendu xehatua, azpiegituren trazatuak kasuan kasuko udal-planeamenduetan bateratuta dituzten azpiegituren kasuan izan ezik (horietan antolamendu xehatua jaso ondoren).
II. ATALA
BATERAGARRITASUN EGITAMUA
104. artikulua.- Definizioa.
1.- Bateragarritasun Egitamua egitura-antolamenduko egitamua da; udal mugarte batzuen zona mugakideetako hiri-garapenaren ezaugarrien eta beharrizanen ondorioz eraginpeko egitamu orokorren egitura-antolamendua koordinatu behar denean egin beharko dira halako egitamuak.
2.- Egitamu orokorretarako aurreikusitako agirien antzekoetan formalizatuko da, iraunkortasun-ikerketaren kasuan izan ezik; dena den agiri horiek bateragarritasun-eremuari buruzkoak baino ez dira izango eta horren antolamendu koordinaturako behar diren xedapenak jasoko dituzte.
105. artikulua.- Formulazioa, tramitazioa eta onespena.
1.- Egitamuaren eraginpean udalerri bat baino gehiago dagoenean, formulazioa eta tramitazioa eraginpeko toki erakunde bakarrak egin ditzake, denen artean lorturiko akordioaren arabera.
2.- Akordiorik egon ezean, foru-organoak bi hilabeteko epea emango du akordioa lortzeko. Epe hori igaro ondoren akordiorik ez badago, foru-administrazioak bateragarritasun-egitamu bat formulatu, tramitatu eta onetsiko du, eta horren tramitazioan eraginpeko toki-erakundeen entzunaldia egingo da.
3.- Hasierako onespena jendaurrean azalduko dela eta behin betiko onespena argitaratu egingo dela iragarriko da aldizkari ofizialetan eta eraginpeko lurralde historikoetan gehien saltzen diren egunkarietan.
4.- Egitura-antolamenduko xedapenetan eragiten den neurrian, Euskal Autonomia Erkidegoaren Lurraldeko Antolamendu Batzordearen txostena beharko da.
II. ERANSKINA
INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINARI BURUZKO BATERAKO EBALUAZIO-PROZEDURA ARAUTZEN DUEN UZTAILAREN 22KO 183/2003 DEKRETUAREN 15. ARTIKULUAN XEDATUTAKOAREN ONDORIOETARAKO AITORPENA
Lurralde Plan Partzialek Lurralde Antolamenduko Jarraibideak garatzen dituzte, horiek mugatutako udalaz gaineko eremu edo zonetan, eta, horietako bakoitzarentzat, jarraibideek ezarritako antolamendu-irizpide bereziak zehazten dituzte. Antolamendu-plan eta -programen ingurumenaren ebaluazioak duen garrantzia Europar Batasunak onartu zuen, Europako Parlamentuaren Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren gaineko ebaluazioari buruzko 2001/42EE Zuzentarauaren bidez.
Plan eta programa horien ebaluazioa funtsezkoa da; izan ere, horietan, estrategiairizpideak ezarri dira, udalaz gaineko edo udaleko arloetan, ingurumen-eraginaren arloan, ustez, garrantzi gehien izango duten proiektu eta azpiegitura handiak non kokatu erabakitzeko. Hori guztia, Ingurumen-eraginaren baterako ebaluazioaren prozedura arautu zuen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuak ezarritakoa oinarri hartuta.
Igorreko Funtzio Eremuko Lurralde Plan Partziala prozedura horretan sartu da, eta, bertan, kontsulta publikoen prozesua sartu da, lurraldearen osagarriak kudeatzen dituzten administrazio-agenteen ekarpenekin, bai eta toki-erakundeak eta funtzioeremuko herritarrak ere.
Planaren eredua, 16 urteko denbora-mugan -herri, enplegu, lurraldearen okupazio, garapenaren aurreikuspenekin-, etorkizuneko hipotesia da, borondatezko ariketa.
Proposamenak haranak lanak aurrera egin ahala erakutsi dizkigun bokazioen adierazle dira. Ezagun dira haraneko ondasunak: edertasuna, natura- eta basoaberastasunak, abelazkuntza-ahalmena, ibaiak, kultura-aberastasuna, baserrimotak, esparruak, presak, errotak, ermitak, lehengo aberastasun pertsonala.
Garrantzi handiko lau unitate daude. Horietako bat Arratia harana da: Arantzazutik hegoaldera. Kultura- eta natura-balio handiak mantendu ditu, eta, tipologia urbanizatzaile berrien eraginez, aldaketa handiak jasan ditzake. Planak, planoetan ikusiko den bezala, hegoaldeko haranaren izaera hornidura txikiekin osatzen du. Beste unitateetako bat Indusi harana da, eta Arratiako hegoaldearekin zenbait antzekotasun ditu. Igorre beste unitateetako bat da; planak barneko hiri-artikulazioa lortu nahi du. Lemoa eta Bedia udalerrien ondoren, ingurunearen zaharberrikuntza, suspertzea eta hobekuntza gehien behar duen udalerria da. Azken unitatea Bediak eta Lemoak osatzen dute. Lemoako saihesbideak hobekuntza handiak ekarriko ditu bere azpiegituren egungo itxuran eta horien izaeran. Helburua honakoa da: bizitza-kalitatea eta Lemoako Haitzaren eta Ibaizabalen natura-gaitasuna berreskuratu.
Plana asmo handikoa da, honako alor hauetan: natura-ondarea kontserbatzean, ahalik eta aniztasun handieneko etorkizuneko lanpostuak eskaintzean, kultura ondarea balioztatzean, integratutako azpiegituren irudian, hornidura aberasgarrien utopian eta bere kulturak merezi dituen hiri-eskalako eta -aberastasuneko gune batzuk izateko nahian.
Igorreko funtzio-eremua garatzeko eredua honako helburu orokor hauek lortzeko premisaren gainean proposatu da:
1.- Egungo biztanle-kopurua mantentzea eta hautazko hazkundea.
2.- Lurzoruaren zentzuzko erabilera.
3.- Haranaren barrualdea balioztatzea.
4.- Garraio iraunkorrera hurbiltzea.
5.- Natura-balioak babestea.
6.- Baliabide berriztagarriak erabiltzea.
7.- Ongizatea eta berrikuntza sustatzea.
2009ko martxoaren 23ko Ebazpenaren bidez argitaratutako ingurumen-eraginari buruzko behin betiko txostenak Igorreko Funtzio Eremuko Lurralde Plan Partzialean jaso beharreko ingurumenaren gaineko alderdi batzuk zehaztu ditu. Horiek honako jarraibide hauen arabera sartu dira:
1.- I. taldeko hezeguneak babes handiko taldean sartu dira, eta horren araudia Igorreko LPPren araudiaren 19. artikuluan zehaztu da. III. taldeko hezeguneak udal plangintzari lotuta daude, EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialak (LPS) zehaztutakoaren arabera.
2.- 20.1 artikuluan, gainazaleko urak babesteko kategoriatzat urtegiak eta 200 m zabalerako perimetro-banda sartu dira, EAEko Ibaiertzak eta Erreka Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialari jarraiki.
3.- Araudiaren 26. artikuluan zehaztutako gainjarritako baldintzatzaileak egokiro azaldu dira «Antolamendua: ingurune fisikoaren eta gainjarritako baldintzatzaileen eragin sektorialak» O-01.C planoan.
4.- Planaren memoriak 2.4 puntuan, udal plangintzetarako ingurune fisikoan gainjarritako baldintzatzaile gisa, Igarobide Ekologikoen Sistema Handiaren igarobideak, eskala txikiko igarobideak eta LPPk proposatutako ibaiigarobide ekologikoa sartu ditu.
5.- Proposatutako erabileren onargarritasuna dagokion araudi sektorialaren mende egongo da, araudiaren X. eranskinean zehaztu bezala.
6.- B3 esparrua dela eta, Bedian, Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 13. artikuluaren 2.c atalak zehaztu bezala, hirigintza-eraldatzea dela eta, higatzeko arrisku oro saihestu beharko da, baliabide tekniko edo/eta konpentsazio-neurrien bidez. Alderdi horretaz gain, udalerriarentzat esparru horren hirigintza-garapenak hiri continuuma sortzeko aukera dakar eta, beraz, aurretik jasandako zatiketa zuzentzeko aukera. Horrenbestez, nukleo trinkoak sortzeko eredua eta, horrela, gertuen dauden inguruen egoera babesteko eredua, kasu honetan, gehien balioztatu den parametroa izan da. Higigarritasuna dela eta, Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko LPSk ez du arrisku-eremutzat hartzen, eta malda % 15ekoa baino txikiagoa da; horrenbestez, udal planeamenduak EAEko Lurzoruaren Higaduraren Mapak, informazio gisa, zehaztutako arriskua aztertu beharko du. LPPren memoriak 3.2.2.3.3.1 atalean ezarri bezala, muga-esparruak egokitu ahalko dira, behar bezala justifikatuz gero.
7.- 77. eta 80. artikuluak aldatu egin dira, eta, horrenbestez, mugikortasun alternatiboaren sareak ez du babes-lurzoruan bakarrik egon beharko.
8.- Araudiaren 90. artikuluak berariaz aipatzen du Lurzoruaren kutsaduraren prebentzioari eta zuzenketari buruzko otsailaren 4ko 1/2005 Legean eta Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioaren gaineko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan ezarritakoari buruzko betearazpena.
9.- Cementos Lemona lantegiko bero-gaitasuna aprobetxatuz, hondakin geldoak aprobetxatzeko aukera itxi gabe geratu da; izan ere, gaur egun, Berreskuratutako Erregai Solidoak (BES) zehaztuko dituen araudia garapenfasean dago, birziklapenaren edo konpostaren bidez aprobetxa ezin daitezkeen hiri-hondakin eta hondakin geldoen zatiketa gisa. Beste alde batetik, instalazio honek, dagoeneko, hondakin-kudeatzailearen baimena du; beraz, hondakinen etorkizuneko aprobetxamenduak bideragarriak izan ahalko dira, baldin eta aplikatzekoak diren araudietan zehaztutako emisiomugak errespetatzen badira eta sortutako hondakinen kudeaketa egokia egiten bada. Alderdi hau memoriaren 4.2.5 atalean jaso da.
10.- Zentral hidrauliko txikien aprobetxamenduak kendu dira, dakarten eragin kritikoagatik.
11.- Araudiaren 33. artikuluan jaso da ingurumen-eraginaren adierazpena duten harrobien kasuan, bai harrobien ustiapen-eremuko mugaketa, bai horien berriztapena adierazpen horretan ezarritakoari egokitu beharko zaiela.
12.- Planak, era berean, planaren garapenerako agiriek kontuan hartu beharreko ingurumen-jarraibideak barne hartzen ditu, eta horiek Igorreko Funtzio Eremuko LPPren ingurumen-eraginaren baterako ebaluazioaren prebentziozko neurri, neurri zuzentzaile eta konpentsaziozko neurrien barruan geratu dira. Horiek agirian bertan garatutako neurri zehatzak diseinatzeko oinarritzat har daitezke.
Plana izapidetu bitartean egindako kontsultetatik, instituzio eta erakunde publiko ugarik, bai eta herritar ugarik ere, ekarpenak egin zituzten, eta ekarpen horiek funtsezkoak izan ziren planaren proposamenak lurraldearen errealitatera eta horren etorkizuneko garapenera egokiro egokitzeko. Hasierako onespenaren agiria jendaurrean egoteko tramitearen ondorioz, 87 alegazio-idazki aurkeztu ziren: lau, talde politikoenak; hiru, sozietate publikoenak; bat, sindikatu batena; bi, enpresenak; sei, instituzio publikoenak; eta hirurogeita hamaika, partikularrenak. Era berean, Lurraldeko Herri Administrazioek egindako zortzi alegazio-idazki aurkeztu ziren: bat, Estatuko Administrazioarena eta zazpi, funtzio-eremuko udalenak. Azterketa horretatik, behin-behineko onespenaren gaineko agirian zenbait aldaketa sartu ziren, eta horiek proposatutako lurralde-ereduari eragin zioten; ingurune fisikoaren babeserako araudia, Sare Berdearen diseinua, bizitegietarako lurzoruaren okupazio-mugaren esparruak eta ingurumen-eragineko baterako azterlanaren eta urak har ditzakeen eremuen balorazioengatiko aldaketak, azpiegituren sistema eta zerbitzu-azpiegiturak eta plangintzen bateragarritasuna.
Plana garatu bitartean ebaluatutako alternatibek estrategia-ildo nabarmena izan dute; ildo horrek eremu proportzionalaren ekonomia hazkunde-gaitasunera garatzearen alde lan egitea oinarri izan du. Hori guztia, haraneko natura-balioak arriskuan jarri gabe; izan ere, planak proposatutako zenbait jarduketen bidez sustatzen dira, erabat.
Alternatibak planaren ekintza zehatzen garapenen gainean hausnartzeko garaian aurkeztu dira.
Planaren alderdi zehatzentzat balioztatutako aukera horiek honako estrategiaalderdiak ebaluatu dituzte:
- Funtzio Eremuaren (FE) natura-baliabideak kudeatzeko figurak ezartzea.
Zalantzarik gabe, FEn dauden balio handiko natura-baliabideak sustatzeko beharrizana funtsezkotzat duen ideian, babes-egitura eraikitzeko eta baliabide horien ingurunea kontserbatzeko figurak era askotara aurkezten dira.
Intereseko zonan ekosistemen kudeaketa dela-eta aurretiaz zegoen gaitasunak kontrol-tresnak garatzeko aukera baldintzatu zuen.
Gorbeiako eta Urkiolako parke naturalak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbarekin lotzeko aukera proposatu zen, babes-igarobideen bidez, natura-espazio etengabea lortu ahal izateko, ia-ia gure erkidego osoko ekosistemak barne hartu ahal izateko. Hala ere, proposamen hori ez zela bideragarria uste izan zen; izan ere, horrek eragin handia izango luke azpiegitura eta lurralde-antolamenduaren eredu orokorrean. Horrenbestez, azkenik, planak Sare Berdea izeneko ingurumenaz gozatzeko eta hura babesteko sarea ezartzea erabaki zen, eta, horrela, baso-ustiapenak eta babestutako natura-espazioak kudeatzeko araudien printzipioak errespetatzea.
- Egoitza-hazkundearen banaketa, planaren jarduketa-esparrua osatzen duten zortzi udalerrien inguruan.
Igorreko FEren barruan BOEak garatzeko lurzoruaren banaketa Etxebizitzen Lurzorurako Sustapen Publikoko LPSk zehaztu du aurretiaz; bertan, hazkundeak Igorreko udalerriaren noranzkoa hartzea proposatu da, funtzio-eremuaren buru izan dadila.
Hala ere, plana garatu bitartean, hazkundea beste udalerri batzuetara ere deszentralizatzea proposatu zen; azkenik, honako aukerak balioztatu ziren:
1.- BOEren hazkundea Igorren.
2.- Hazkundea FEko beste udalerri batzuetara deszentralizatzea.
Hazkundea Igorre udalerrian zentralizatzea aukera logikoa zela uste zen; izan ere, etxebizitza-eskaririk gehiena dauka, bai eta funtzio-eremutik kanpokoak diren eta bertan bizi den langile-kopuru gehiena ere. Hala ere, ez litzateke eredu orekatua izango, Igorre udalerriaren kontzentrazioaren eta garapenaren alde egin eta, aldi berean, gainerako udalerriak, pixkanaka-pixkanaka, albo batera uzten joango bailirateke; eta horrek desoreka ekarriko luke, bai prezioan, bai lurzoruaren eskarian.
Nahiz eta Igorre udalerriak funtzio-eremuan (lurralde-ereduaren ondoriozko osagaia) duen hirigunearen funtzioa onartzen den, halaber kontuan hartu zen beste udalerri batzuek habitat alternatibo gisa duten funtzionaltasuna. Eta horren helburua da kanpoko oreka berriro lortzea, bai eta FEren beraren demografiageldotasunagatiko osagai endogenoarena ere. Igorre udalerriaren hiriburutza onartzeak onura gisa ekarriko du egun eskasa den hirugarren sektorearen garapena sustatzea (LAJek hautazko hazkundeko udalerri gisa definitu du).
Eredu horren bidez, FEtik kanpora bizi diren baina lanpostua bertan duten herritarrak bertaratzea lortu nahi da, baina, era berean, Arantzazu, Areatza, Artea, Dima eta Zeanurin habitat alternatiboak eskaintzea ere. Funtzio-eremuan etxebizitzaren hazkundea eskasa izateak eragin du, azken 15 urteotan, Bizkaiaren aldean, herritar gutxiago izatea; horren bidez bultzatu da landa-zonak bazter uztera eta mantendu beharreko kultura-eredua eta tradiziozko garapena galtzera.
- Udalerri bakoitzerako hautatutako harrera-gaitasuneko eremuetan ezarri beharreko eraikuntza-dentsitatea.
Bizitegietarako finkapen zehatz batean eraikiko diren etxebizitzen dentsitatea ezartzeko orduan, kontuan hartu beharreko hainbat alderdi daude; horrela, zenbait aukera daude.
Alde batetik, ingurumen-alderdiak daude, besteak beste: eraikuntza-tipologia bakoitzari lotutako ikus-eragina, zona bakoitzeko eraikuntza-erabilerak, etxebizitzak garatzeko espazioa eta finkapen horietan hartu beharreko herritarrak.
Eraikuntza-dentsitateko hiru taldeen banaketak -A, B edo C-, beraz, jarduketa horrekin lotutako alternatibak zehaztu ditu.
- Eremuak izan ditzakeen energia-iturrien aprobetxamendurako azpiegiturak.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako energia-eraginkortasunaren helburuak lortzea eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea oinarri hartuta, LPPk jarduteko zenbait aukera izan zituen Igorreko FEn:
- Biomasan oinarritutako energia lortzeko azpiegiturak garatzea.
- Ur-jauzian oinarritutako energia lortzeko azpiegiturak garatzea.
- Haizean oinarritutako energia lortzeko azpiegiturak garatzea.
Iturri berriztagarrien aprobetxamenduan eta sorkuntza-ereduan (hau da, sorkuntzazentro txikiak, baina kontsumitzailearengandik hurbilago daudenak) oinarritutako dibertsifikazioa sustatzen duen eredu honen aurrean, argindarra banatzeko sareak handitzea ez da eredu iraunkorra, ingurunea eta paisaia kontserbatzeko ikuspegitik. Eredu hau, gainera, Euskadiko Energia Estrategiarekin (2010) koherentea da.
- Zonak daukan kultura- eta historia-ondarea kontserbatzeko kudeaketa-moduak.
Hirigune askotako eraikuntzek jasan duten degradazioak Igorreko FEko LPPk esku hartzeko beharrizana eragin zuen.
Jarduketa horien mugak ezartzeak zenbait alternatiba gogoan hartzea ekarri zuen, besteak beste:
- Gomendioen eta beste erabilera batzuen antolamendua, eremuko hiriguneetako eraikinentzat.
- Eraikuntza kontrolatzeko legegintza-tresnak garatzea.
Lurraldearen diagnostikoak eta ingurumen-eraginaren baterako ebaluazioari buruzko azterlana garatu bitartean egindako ingurumen-eraginen ebaluazioak ingurune fisikoaren eta naturalaren eta giza ingurunearen oinarrizko osagaiak identifikatu zituzten, bai eta planak proposatutako jarduerak garatzean sor litezkeen eraginak ere. Eragin horiek, bai positiboak, bai negatiboak, neurri zuzentzaileak eta prebentziozko neurriak beharko ditu, bai eta, ingurumena zaintzeko planaren garapenaz, segimendua ere, ingurumen-adierazleak oinarri hartuta eta aipatutako ingurumen-eraginaren baterako ebaluazioari buruzko azterlanean sartuta.
Azterketa horrek hasierako zenbait proposamen bertan behera uztea ekarri zuen; izan ere, eragin kritikotzat eta planaren helburu orokorrekin bateragarria ez zen eragintzat hartu zen, garapen iraunkorraren ikuspuntutik, eta, betiere, Igorreko funtzio-eremuaren testuinguruan:
1.- Merkataritza-zentro baten proposamena izan da hainbat ikuspuntutatik modu negatiboan balioztatu dena.
Igorreko funtzio-eremua bereizgarria da, Euskadiko landa-gunearekin eta ingurunearekin identifikatzen diren natura-balioak eta gizarte- eta kultura-balioak zaintzen dituelako, modu harmoniatsuan. Ikuspegi idiliko hau egungo egoerarekin bateragarria ez bada ere, iraunkortasun-eredura hurbilduko gaituzten urratsak eman daitezke.
Merkataritza-zentro batek -gaur egun, hain modan dagoen hirigintza-garapena- garraio pribatua erabiltzera bultzatzen duen eredua dakar, lurraldearen erabilera intentsiboa bultzatzen duena, eta produkzio-jarduera nagusiak sustatzen dituzten merkataritza txikiaren eta hiri- eta landa-ereduaren kontra doana.
Hala ere, toki-mailan eragin positiboak izan ahal baditu ere, sortzen den enplegua ezegonkorra izaten da eta beste jarduera batzuekiko eragina oso gertuko inguruneetara mugatuta.
Garapen iraunkorreko ereduaren ikuspegitik, jarduketa honek ez du Garapen Iraunkorrerako Euskal Ingurumen Estrategian ezarritako irizpide orokorrak lortzea errazten, eta, azkenik, funtzio-eremuan bereizita egongo liratekeen bi polo sortuko lituzkeen hiri-eredua sortzea eta lurraldeko hegoaldean landatarren diren zonak etengabean bazter uzteko arriskua eragingo luke. Igorre udalerrirako merkataritza-arloko polaritate hau Arratia eskualdeko 21 Agendako Ingurumen Diagnostikoaren gaineko Txostenean jaso da.
Hori dela eta, merkataritza-jarduera eragiteko ekimen orok tokiko produktuak irtetea eragin beharko lukeela erabaki zen (nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza); halaber, eskualdeko azoka-ereduaren alde egin beharko luke, horiek probintzian jendea erakartzeko gaitasun handia dutelako. Eredu horrek funtzio-eremuko balioak eta egungo erakargarritasunak oinarri dituen ekonomia-garapena sustatu ahal duen garapen iraunkorreko eredua bultza dezake.
2.- Zentral hidrauliko txikien proposamena.
Era berean, erabaki zen ez zela bateragarria LPPren eta funtzio-eremurako garapen iraunkorraren ereduaren helburu orokorrekin; izan ere, Mediterraneoko arroa aldatzearen ondoriozko emariak ditu oinarri eta arrain-hazkuntzan eragin garrantzitsuak sortzen ditu, emarien erregulazio osagarria baita. Hori dela eta, ildo horretatik jardueraren bat proposatuz gero, biztanleei eragiten ez diela bermatu beharko da, bai eta ibilguaren zatiketa handituko ez duela ere; halaber, ekonomiabideragarritasuna barne-arroen berezko emarietan oinarritu beharko du, ez, baina, aldatzearen ondoriozko emarietan.
Horrela, identifikatutako ingurumen-eragin negatiboek ez dute eragin kritikoa ekarriko; horiek guztiak neurrizko joko dira kasurik kaltegarrienean. Horrenbestez, aurreikusitako prebentziozko neurriek eta neurri zuzentzaileek sortutako eraginak zuzendu edo arindu ahalko dituzte.
Beste alde batetik, azpimarratu beharra dago garapen berrietako bat bera ere ez dela urak har ditzakeen zonetatik kanpo geratzen, 500 urteko birgertatze-aldira arte, eta ez da kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak dituen kokapenik agertzen.
Planeko ingurumen-eraginaren segimendua egiteko neurri gisa, ingurumeneraginaren baterako ebaluazioari buruzko azterlanak planaren ondorioak ikuskatzeko programa jaso du, ingurumen-adierazleak oinarri hartuta; hori organo eskudunak gauzatu beharko du eta plana ikuskatzeko epeekin koordinatuta egingo da.
Ez da agiri honen laburpen ez-teknikoa sartu, ez baita beharrezkotzat jo; izan ere, uste izan da zehatza dela eta edukia edozein interesdunen eskueran dagoela.