205. zk., 2010eko urriaren 25a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
4907
254/2010 DEKRETUA, urriaren 5ekoa, Bilboko Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko kideak izendatzeko dena.
Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko azaroaren 24ko 27/1992 Legea aldatzen duen abenduaren 26ko 62/1997 Legeak interes orokorrekoen artean sailkatutako portuak arautzen ditu. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Bilboko eta Pasaiako portuak sartzen dira interes orokorrekoen artean.
Estatuaren lurraldea antolatzeko modua eta lurralde horretako interes orokorreko portuek autonomia erkidegoetan duten eragin ekonomiko eta sozial handia kontuan hartuta, aipatutako legeak beharrezko neurriak ezartzen ditu erkidegoek portuetako agintaritzaren antolakuntzako egituretan parte-hartze handiagoa izan dezaten. Izan ere, agintaritza-egitura horiek portuak artezten dituzten organoak dira.
Arestian, interes orokorreko portuen erregimen ekonomikoari eta portuotan zerbitzuak eskaintzeari buruzko azaroaren 26ko 48/2003 Legea aldatu duen abuztuaren 5eko 33/2010 Legea sartu da indarrean. Hori dela-eta, dezenteko aldaketa gertatu da Bilboko eta Pasaiako portu-agintaritzetako lehendakariak eta beren administrazio-kontseiluetako kideak izendatzeko eta kentzeko araubidean.
Izan ere, lege horren azken xedapenetako bigarrenaren 10. paragrafoaren 1. eta 2. zenbakiak Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko azaroaren 24ko 27/1992 Legearen aldaketari buruzkoak dira, eta horietan ondokoa ezartzen da:
«1.- Administrazio Kontseilua...
b) Berezko kide bat; kide hori itsas kapitaina izango da.
c) Kide-kopuru bat, 10 eta 13 artekoa. Kanaria eta Balear uharteetarako, ordea, 16 artekoa izango da. Autonomia-erkidegoei edo Ceuta eta Melilla hiriei dagokie kopuru hori ezartzea, baita kideak izendatzea ere.
2.- Autonomia-erkidegoek edo Ceuta eta Melilla hiriek, c) idatz-zatian aipatu diren bokalak izendatzerakoan, honako irizpideok errespetatuko dituzte:
Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkaritza bokal horietako hiruk eta itsas kapitanak izango dute. Bokaletako bat estatuaren abokatua izango da, eta bestea, Estatuko Portuak erakunde publikokoa.
Autonomia-erkidegoaren ordezkaritza bokal horietako lauk eta lehendakariak izango dute.
Kanaria Uharteetan, kabildo bakoitzak ordezkari bat izango du, eta, Balear Uharteetan ere, kontseilu bakoitzak ordezkari bat izango du.
Portuaren zerbitzugunea kokatuta dagoen udalerriek Kontseiluaren gainerako kideen 100ko 33ko ordezkaritza izango dute. Zerbitzugunea udalerri batean baino gehiagotan kokatuta egonez gero, ordezkaritza, lehenik, Portuko Agintaritzak administratutako portuari edo portuei izena emandako udalerriari edo udalerriei egokituko zaie; ondoren, gainerako udalerriei, zerbitzugunearen eraginpean duten azalerarekiko proportzioan.
Kontseiluko gainerako kideen ehuneko 66a honako hauen ordezkaritzari egokituta izendatuko da: merkataritza-, industria-eta nabigazio-ganberei, enpresa-eta sindikatu-erakundeei, eta portuen arloan garrantzi handia duten sektore ekonomikoei.
Bokalen izendapena, nahitaez, Administrazio Kontseiluan ordezkaritza duten administrazio publikoek, erakundeek eta organismoek proposatuta egingo da. Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, proposamen hori Estatuko Portuak erakunde publikoaren lehendakariak egingo du.
Administrazio Kontseiluko bokalen izendapenak, c) idatz-zatian aipatzen denak, lau urteko indarraldia izango du. Izendapena berritu ahal izango da, hurrengo lerrokadan ezarritakoari kalterik egin gabe.
Kontseiluko bokalak kargutik kentzeko erabakia autonomia-erkidegoko organo eskudunak hartuko du, bokal horiek ordezkatzen dituzten antolakundeek, organismoek eta erakundeek hala proposatuta».
Aipatutako xedapenak betez, eta interes orokorreko portuen araubide ekonomikoari eta portuotan zerbitzuak eskaintzeari buruzko azaroaren 26ko 48/2003 Legea aldatzen duen abuztuaren 5eko 33/2010 Legeak xedapen indargabetzaile bakarrean ezartzen duen arau-indargabetzeari jarraituz, kargutik kendu ondoren ekainaren 22ko 161/2010 Dekretuak, orduan indarrean zen araudiaren arabera, izendatu zituen bokal batzuk, bidezkoa da bokal berriak izendatzea interes orokorreko portuen erregimen ekonomikoari eta portuotan zerbitzuak eskaintzeari buruzko azaroaren 26ko 48/2003 Legea aldatu duen abuztuaren 5eko 33/2010 Legeak ezarritako araudi berriaren arabera.
Horrenbestez, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko urriaren 5ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.- Bilboko Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko kide izendatzea ondorengo zerrendan azaltzen diren pertsonak. Horiek guztiak izango dira aipatzen diren herri-administrazio, entitate eta erakundeen ordezkariak:
1.- Bilboko Udalaren ordezkaria:
Ibon Areso Mendiguren jauna.
2.- Zierbenako Udalaren ordezkaria:
Marcelino Elorza Talledo jauna.
3.- Bizkaiko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren ordezkariak:
Juan Aguirre Aguirrezabal jauna.
José Manuel de la Sen Larrea jauna.
4.- Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren (CEBEK) ordezkaria:
José M.ª Vázquez Eguskiza jauna.
5.- ELA/STV erakunde sindikalaren ordezkaria:
Esteban Pereda Esteban jauna.
6.- Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaria:
Pilar Ardanza Uribarren andrea.
7.- Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren ordezkariak:
Miguel Torres Lorenzo jauna.
Félix Joaquín Asensio Robles jauna.
Ernesto José Gasco Gonzalo jauna.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek, izendatutako ordezkariak nortzuk diren Bilboko Portuaren Agintaritzako Administrazio Kontseiluko lehendakariari jakinarazten zaion egunetik aurrera izango du indarra, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko urriaren 5ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.