Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2010eko urriaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
4902

AGINDUA, 2010eko urriaren 20koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, merkataritza dinamizatzeko bulegoetarako laguntzak ezartzen eta arautzen dituena.

Arestian onartutako EAEko Merkataritza Egokitzeko Plana apustu argia da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailetik merkataritza garatua, eraginkorra eta lehiakorra bultzatzeko, zeinek kontsumitzaileei egokitutako merkataritza formatu ugari izango baititu. Lurralde-banaketaren eta -irismenaren aldetik orekatua izango da plana, eta hiri-kohesioaren alde eta herri zein hirien erakargarritasunaren alde egingo du, enplegua profesionalizatua sendotuz.

Planak, ikuspegi estrategiko hori lortze aldera, elkarren arteko lotura duten helburuak finkatzen ditu, non txertatzen baitira merkataritza sektorearen lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzeko diseinatu eta bideratutako programak, horixe baita «sine qua non» baldintza garapen iraunkorrerako. Horrek, bidenabar, zerbitzuaren kalitatea areagotu eta kontsumitzaileak asebeteko ditu.

EAEko merkataritza dinamizatzeko bulego-sarea da, izan ere, EAEko merkataritza enpresak sorosteko aktiborik nagusienetarikoa. Merkataritzako elkarte eta enpresei lotutako jarduerak eraz betetzeko behar diren aholkularitza eta trebezia eskaintzen ditu. Guzti hori, sektoreak dituen arazoen gertutasun eta ezagutzaren ikuspegitik.

Sareak Planaren barne duen zeregina entitate-esparrua izeneko ardatz estrategikoan kokatzen da, zeinek zuzenean eragiten baitu sektorearen operatiban. Merkataritzako elkarte egiturak sendotzea helburu behinena da merkataritza sektorearen hobekuntzan jauzi kualitatiboa emateko. Merkataritzaren lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko helburuak oinarrizkoak dira merkataritza modu eraginkorrean eta iraunkorrean garatzeko.

Dinamizatze bulegoek garatu behar dituzten zereginak jasotzen dira planean, zeinek funtsezko elementuak baitira helburuak lortze aldera. Eskaini behar dute, besteak beste, aholkularitza espezializatua; berrikuntza, kalitate eta teknologia berriekin lotutako prozesuak bultzatu behar dituzte; eta lankidetza-estrategiak sustatu udal mailan edo banaketa-katean.

Merkataritza arloko aurreneko elkarte mugimenduak XX. mendeko lehenengo berrogeita hamar urteetan errotu ziren. Elkarte mugimendu horiek giltzarri izan ziren, eta asoziazionismoa garatzeko lagungarri izan ziren (erosketa zentralak). Nabarmentzekoak dira zenbait zentral esanguratsu elikaduraren, etxetresnen, burdindegien, botiken edo altzarigintzaren arloetan. Lehenengo integrazio bertikal horiek, zeinek sektorekako lankidetza estrategien ikurrak baitira, baitik bat gremialak diren egitura enpresarialak ekarri dituzte, euren hazkuntza- eta autogestio-ereduagatik erreferenteak direnak. Esparru gremialeko egitura horiek azken hamarkadetan eskualde-esparruko elkarteekin batera jardun dute, zeinen eginkizunik premiazkoena izan baita merkataritzari balioa ematea, EAEko herri eta hirien garapenerako giltzarri izanik, hain zuzen ere. Lehen bai lehen eskuratu beharreko helburuak: merkataritza ikuspegitik kontsumitzaileentzat ingurumen erakargarriak sortzea, eta udalekin akordio publiko-pribatuak lortzea hirugarren sektoreko estrategiak garatze aldera. Eskualde elkarteak maila goragoko egituretan txertatu ohi dira, arian arian.

Elkarte eredu biek elkarrekin dihardute gaur egun, eta dinamizatze bulegoek horrexegatik bideratuko dituzte euren ahaleginak Jaurlaritzatik bi jarduera-esparru horietarako diren politikak sustatu eta bideratzera.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honek merkataritza dinamizatzeko bulegoetarako laguntza-programa ezartzea eta arautzea du xede. Bulego horietan sorospen-zerbitzu doakoa eskainiko du pertsonal kualifikatuak, merkataritza banaketako sektore guztietarako eta horien organizazioetarako izango dena.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan adierazitako xedera zuzendutako baliabide ekonomikoek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-dotazioak. Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aurrekontuetan izendatuta dagoena, ezta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuaren aldaketak onartzen badira, eguneratze horien ondorioz sortzen den zenbatekoa ere.

3. artikulua.- Entitate onuradunak.

1.- Agindu honetan ezarritako laguntzak jaso ditzaketenak:

a) Agindu honetako laguntzetara bildu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten merkatarien elkarteak eta/edo federazioak (soilik merkatariek osatutakoak, nahiz merkatariak eta bestelako profesionalek osatutakoak), eta -orobat- udalak, eta udalek sustatutako garapen-entitateak. Eskualdeko bulegoei dagozkien diru-laguntzak baino ezingo dituzte eskuratu entitate horiek.

Udalerri bateko elkarteren batek diru-laguntzak eskatzen baditu, baztertuta geratuko dira udalerri horretako udala eta udalak sustatutako garapen-entitateak ere.

b) EAEn egoitza duten merkatari-elkarteen federazio edo agrupazioak. Jarduera esparrua lurralde historikoan duten bulegoetarako diru-laguntzez baino ezingo dira baliatu entitate horiek, eta lurralde horretako elkarte gremialei baino ezingo die eman zerbitzua.

2.- Diru-laguntzak eskatu ahal izateko, merkatarien elkarteek nahiz haien ordezkari diren entitateek inskribatuta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan.

3.- Diru-laguntzak eta laguntzak entitate onuradunei esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, baldin eta prozedura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko entitate autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasi bada, eta oraindik ere izapidetzen ari bada.

4.- Administrazio-zehapena edo zehapen penala jasotzearren laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galduta duten pertsonek edo entitateek ezin izango dute egin agindu honetan araututako diru-laguntzak eskuratzeko eskaerarik; halaber, ezin izango dute eskaerarik egin horretarako gaitasunik gabe uzten dituen legezko debekua dutenek, eta legezko debekuaren barruan sartuko da sexuaren inguruko diskriminazioa egiteagatik otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoak, ezarritako debekua ere.

4. artikulua.- Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.- Bulegoek, diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, espezializatuta egon beharko dute merkataritza banaketan, euren zerbitzuak doakoak izango dira; eta honako helburu hauek izan beharko dituzte: berrikuntzarekin lotutako prozesuetan eta kalitatearen eta teknologia berrien prozesuetan sentsibilizatu eta horien zabalkundea; lankidetza horizontaleko (hiri-eremua) eta bertikaleko (banaketa katea) prozesuak bultzatzea; transmisio enpresarialeko eta enpresa-sortzaileko prozesuen jarraipena eta sustapena; ondare, kultura eta ingurunearekiko ekonomia iraunkorrarekin zerikusia duten estrategien garapena; udal- edota eskualde-mailako hirugarren sektoreko estrategiak bultzatzea; eta kontsumitzaileentzat balio erantsia sortzen duten egintzen garapena. Guzti horien helburua xede-herritarraren fideltasuna lortzea izango da.

2.- Jarduera esparrua, agindu honetako I. eranskinaren arabera, eskualde-mailakoa edo gremiala izango da.

3.- Hamabi hilabete iraungo du egitasmoak; eta sei hilabete, gutxienez, deialdia egiten den urtearen hurrengokoak izango dira.

4.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli behar ez diren diru-laguntzatzat joko dira, eta bulegoko arduraduna kontratatzeko gastuak ordaintzeko izango dira soil-soilik.

Gastu horiek diruz laguntzekoak izango dira, betiere kontratatutako pertsonak honako baldintza hauek betetzen baditu:

- Goi-mailako unibertsitate-titulua.

- Lanaldi osorako kontratua.

Kontratuaren kategoria profesionala bat etorriko da eskatutako titulazioarekin eta ordainsaria, gutxienez, aplikatu beharreko hitzarmenean datorrena izango da.

5. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.

Bulegoko zerbitzuaren arduraduna lanaldi osorako urtebetean kontratatuta edukitzeak duen kostuaren % 86,7ra arte iritsi ahal izango da laguntzen zenbatekoa. Nolanahi ere, bulego bakoitzak gehienez jasoko duen diru-laguntza ez da 38.500 eurotik gorakoa izango.

6. artikulua.- Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.- Agindu honen babesean lortutako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuek helburu bera betetzeko emandakoekin.

2.- Diru-laguntzaren zenbatekoak, estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio publiko edo entitate pribatu edo publiko batzuetatik eskuratutako laguntzak edo diru-laguntzak batuta, ezin izango du gainditu entitate onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Gehiegizko finantzaketa gertatzen bada, agindu honen bidez emandako laguntza gehiegizko zenbatekoari dagokion neurrian murriztuko da.

7. artikulua.- Bulegoen jarduna.

Merkataritzako dinamizazio bulegoek, diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, agindu honetako I. eranskinean ezarritako jarduera eremuetarikoak izan beharko dute.

Edozelan ere, zerbitzua emango diete euren eremuko saltoki elkartuei eta elkartu gabeei, hala eskatzen badute.

8. artikulua.- Prozeduraren hasiera.

Agindu honek araututako laguntzak urtero egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira, eta publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez egingo da deialdia, eta bertan zehaztuko da: jarduera eremu bakoitzean diru-laguntza jaso duten bulegoak; ekitaldi horretan eman beharreko diru-laguntzetarako dagoen aurrekontu-izendapena; eta eskabideak noiz eta non aurkeztu.

9. artikulua.- Eskabideak eta agiriak.

1.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzetara biltzeko eskabideak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-ordezkaritzen bidez, Merkataritzako Zuzendaritzara zuzenduko dira, dela zuzenean helarazita, dela 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako bideren bat erabilita.

Entitate eskatzailearen ordezkari izateko lege-gaitasuna duen pertsonak sinatuko du eskabidea, eta diru-laguntza zein motatako bulegorentzat eskatzen den zehaztuko du.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen batez egingo den urteko deialdian ezarritakoa izango da eskabideak aurkezteko epea.

2.- Oro har, hauek dira eskabidearekin batera aurkeztu beharreko argibideak ea agiriak:

a) Jarduera eremua:

b) Diru-laguntza eskuratu ahal izateko aurkeztutako jarduera-proiektua eta lan-plana, barne hartuz emaitzen aurreikuspena, horiei dagozkien adierazleak eta begiz jotako exekuzio egutegia.

c) Hala dagokionetan, gainerako merkatari-elkarteekin edo banaketaren sektorearekin zerikusia duten entitateekin, edo dinamizazio-bulegoaren jardun-eremuko enpresa edo instituzioekin sinatutako akordioa. Jardueraren programa eta egutegia ere aurkeztu beharko dituzte.

d) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak; hartarako, beharrezkoa bada, eraketa-eskrituraren kopia, estatutuena eta erregistroko inskripzioarena ekarrita.

e) Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzetara biltzeko, eskumena duen organoak hartutako erabakiaren ziurtagiria, kasuan kasu.

f) Beharrezkoa izanez gero, entitate eskatzailearen legezko ordezkarien NANaren kopia eta ordezkari horien ahalordetze-agiria.

g) Aurkeztutako proiektua gauzatzeko gastuen aurrekontua, behar bezala banakatua.

h) Elkarte, federazio edo agrupazioek: deialdiaren ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen aurrekontuak -behar bezala banakatuak-, eta deialdiaren aurreko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen kontuak. Udalei edo garapen-agentziei dagokienez, agiri horiek merkataritza arlokoak izango dira.

i) Txostena, honako hauek zehaztuta: dinamizazio-bulegoaren egoitza; 11. artikuluan zehaztutako baremoaren arabera balora daitezkeen alderdi guztiak; eta, gainera, proiektua garatzeko esku artean diren bitarteko materialak, teknikoak eta pertsonalak.

j) Bulegoko arduradunaren curriculum vitaea.

k) Aplikatu beharrekoa den hitzarmenaren kopia.

l) Hala dagokionetan, kasuan kasuko batzorde, korporazio edo aginte-organoko kideen kopurua zehaztuko duen zinpeko aitorpena, sexuaren arabera bereizita eta izendapenak jasotzen dituen agiriaren kopia erantsita duela.

m) Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuetako programen kontura edo beste edozein administrazio edo entitate publiko zein pribatutako programen kontura helburu bererako jasotako diru-laguntzen gaineko zinpeko aitorpena. Aitorpen horretan, gainera, aurreko urtean egindako jardueretarako eskuratu ziren diru-laguntzen zehaztasunak ere jasoko dira.

n) Identifikazio Fiskaleko txartelaren kopia eta, hala badagokio, hirugarrenaren alta-agiria.

ñ) Lekuan lekuko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren ziurtagiri eguneratua, Merkatarien Elkarteen Erroldan agertzen diren eskatzailearen datuei buruzkoa, non JEZen bazkide-kopurua adieraziko baita.

o) Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga-mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoa betetzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, betiere, eskatzailearen berariazko baimenarekin, zuzenean eskatuko dizkiete zerga-arloan eskudunak diren organoei laguntza eta diru-laguntzen onuradunek zerga betebeharrak bete dituztela ziurtatzen duten agiriak ematea; baimen hori espedientean jasota ez balego, eskatzaileek eurek ekarri beharko lukete ziurtagiri hori espedientera.

p) Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari azken bi ekitaldietan diru-laguntzarik eskatu ez dioten entitateek aurkeztu beharko dituzte paragrafo honetako d), f) eta n) idatz-zatietan jasotako agiriak; edo, eskatu arren, agiri horiek aldatuta dituztenek. Hori guztia, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 35. artikuluko f) idatz-zatian xedatutakoari kalterik egin gabe.

Nolanahi ere, entitate eskatzaileari beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango dio, beharrezkotzat jotzen badu, Merkataritza Zuzendaritzak, hark aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, xedatutakoa aplikatuko da.

10. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Aurkeztu den eskabidean hutsik, akatsik edo zehaztasun gabeziarik ikusten badu Lurralde Ordezkaritzak, eskatzailea jakinaren gainean jarriko du eta 10 eguneko epea emango dio, zuzendu dezan. Berariaz adieraziko dio, zuzenketa egin ezean, eskabidean atzera egin duela joko dela. Epe hori igarota, egin beharreko zuzenketak egin ez badira, Merkataritzako zuzendariak atzera egin dela adierazteko ebazpena emango du, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeko 42. eta 71. artikuluetan araututakoari jarraituz.

11. artikulua.- Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.- Lehiaketa izango da laguntzak esleitzeko prozedura, eta horretarako, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan zehaztutako prozedura izango da kontuan; dekretu horrek onetsia da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

2.- Baldintza guztiak betetzen dituzten eskabideak, 100 puntuko guztizko puntuazioari dagokionez, ondoko irizpide eta neurrien arabera baloratuko dira:

a) Aurkeztutako proiektua (70 puntu, goitik jota).

- Kalitatea eta Aginduaren helburu ea betekizunekiko bat etortzea: 30 puntu -gehienez ere- honako atal hauetan:

1) Kalitatearen eta teknologia berrien aldetiko prozesuen gaineko sentsibilizazioa eta zabalkundea: 5 puntu, goitik jota.

2) Lankidetza horizontaleko (hiri-eremuak) prozesuak bultzatzea: 5 puntu, goitik jota.

3) Lankidetza bertikaleko (banaketa katea) prozesuak bultzatzea: 5 puntu, goitik jota.

4) Berrikuntzarekin lotutako prozesuen sentsibilizazioa eta zabalkundea: 3 puntu, goitik jota.

5) Transmisio enpresarialeko eta enpresa-sortzaileko prozesuen jarraipena eta horiek bultzatzea: 3 puntu, goitik jota.

6) Ondare, kultura eta ingurunearekiko ekonomia iraunkorrarekin lotura duten estrategien garapena: 3 puntu, goitik jota.

7) Udal- eta eskualde-mailan hirugarren sektoreko estrategiak bultzatzea: 3 puntu, goitik jota.

8) Kontsumitzaileentzat balio erantsia sortzen duten egintzen garapena, horien helburua izanik xede-herritarraren fideltasuna lortzea: 3 puntu, goitik jota.

- Entitate eskatzaileak merkataritza-sektorean duen errotze-maila eta bere jardun-eremuan duen ordezkaritza: 11 puntu.

- Proposatutako egoitzaren merkataritza dentsitatea: 9 puntu.

- Proiektuaren garapenarekin zerikusia duen ekipamendu materiala eta teknikoa, eta langileak: 8 puntu.

- Jarduera eremuko entitate publikoek proiektuarekin duten konpromisoa: 7 puntu.

- Entitate eskatzailearen gobernu-organoan sexu bietako ordezkariak gutxienez % 40ko proportzioan dituztelako ziurtapena: 5 puntu.

b) 2011tik aurrerako ekitaldietan, eskatzailea onuraduna izan bada aurreko deialdian: diruz lagundutako proiektuaren bidez garatu diren jardueren gauzatze-maila, frogatzeko modukoa (30 puntu).

Gainerakoetan: merkataritzarekin zerikusia duten jardueren gauzatze-maila, frogatzeko modukoa; jarduera horiek deialdiaren aurreko ekitaldian garatutakoak izan behar dute, eta batik bat diru-laguntza jasotakoak (30 puntu).

- Garatutako jardueren kopurua, entitatea eta koherentzia: 15 puntu.

- Bazkideen kuoten bidez burututako gastuari aurre egitea: 15 puntu.

12. artikulua.- Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio-batzorde batek espedienteak aztertuko ditu, prozedura ezartzen duen arauan ezarritako baldintzak bete diren egiaztatuko du, espedienteak 11. artikuluko irizpide eta neurrien arabera ebaluatuko ditu, eta ebazpen-proposamena egingo dio diru-laguntzak emateko eskumena duen organoari. Hona hemen Batzordea osatuko duten kideak:

- Hiru lurralde ordezkariak; horien artean antzinatasunik handienekoa izango da lehendakaria.

- Merkataritza Zuzendaritzako Antolamendu, Sustapen eta Lehiakortasunaren arduraduna.

- Merkataritza Zuzendaritzako teknikari bat. Iritzia eta botoa izango ditu, eta batzordeko idazkari-lana egingo du.

13. artikulua.- Ebazpena.

1.- Merkataritzako zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideei laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena ematea; baita emandako laguntzen zenbatekoa eta jarduera eremua zehaztea ere.

Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.- Laguntza emateko ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei. Horretaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunak eta diru-laguntzaren zenbatekoa zehazten dituen zerrenda, hala agintzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.

3.- Ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortuko eta bere aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako epean eta moduan.

4.- Ebazpena emateko epea amaitu, eta interesdunei halakorik jakinarazi ez bazaie, eskatutako laguntza ezetsi egin dela ulertu beharko da, hala agintzen baitu 44. artikuluan Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, gero 4/1999 Legearen bidez aldatutakoak.

5.- Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, entitate eskatzaileen ordezkariek bermatuta dute Administrazioarekiko harremanak, ahozkoak nahiz idatzikoak, bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan izateko eskubidea.

14. artikulua.- Diru-laguntzak ordaintzea.

1.- Diru-laguntzak bi epetan ordainduko dira: lehenengoa, ebazpena eman ondoren ordainduko da eta diru-laguntzaren % 75a izango da. Aldez aurretik, entitate onuradunak eta merkataritza-dinamizatzaileak izenpetu duten kontratuaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzan. Kontratua, gehienez, diru-laguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean aurkeztuko da, eta indarrean egon beharko du deialdia egin den urtean.

2.- Ebazpenean ezarritako baldintzak bete ondoren egingo da behin betiko likidazioa eta, betiere, agindu honen 15.5 artikuluan jasotako betebeharrak bete ondoren.

15. artikulua.- Entitate onuradunen betebeharrak.

1.- Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Izan ere, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek, beren-beregi eta idatziz, diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.- Izendatutako eskualdean aurkeztutako proiektua burutzea. Nolanahi ere, bete egin beharko dituzte Merkataritzako Zuzendaritzak proiektua hobeto gauzatzeko ematen dituen jarraibideak.

3.- Izendatutako eremuko elkarte eta merkatari guztiei zerbitzua ematea. Alde horretatik ez da beharrezkoa izango merkatariak edota elkarteak entitate onuraduneko kide edo bazkide izatea diru-laguntzaren gai diren zerbitzuak -horiek eskainitakoak- eskuratu ahal izateko.

4.- Hiruhilabeteko bakoitzaren amaieran txosten bat helaraziko diote, hamabost egun naturaleko epean, Merkataritzako Zuzendaritzari, Merkataritza Zuzendaritzari Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzen bidez. Txosten horretan zehaztu beharko dituzte: hilabete horietan dinamizazio-bulegoak egin duen jarduna, jarritako helburuak lortzen egin den aurrerabideaz duten iritzia, eta hurrengo hiruhilabeteetako ekintzei begira egin litekeen norabide-moldaketa.

5.- EAEko gainerako dinamizatzaileekin esperientzia eta jardunbide egokiak trukatzeko Merkataritza Zuzendaritzak deitzen dituen bileretara joan beharko dute, kontratatu den dinamizatzailearen bidez.

6.- Diruz lagundutako kontratua amaitzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean, agindu honen babesean diruz lagundu diren gastuak egin direla frogatzeko agiriak, jatorrizkoak nahiz fotokopiak, bidali beharko dizkiote Merkataritza Zuzendaritzari Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-ordezkaritzen bidez. Agiri horiek eredu ofizialaren araberako nominetan aurkeztuko dira, enpresek Gizarte Segurantzari egindako kotizazioen eta PFEZaren hiruhilerik behingo likidazioaren frogagiriak erantsita dituela.

7.- Entitate onuradunek berariaz adierazi beharko dute bulegoaren jardun guztietan Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren babesa; eta Dinamizazio Bulegoaren presentzia beti eta ondo ikusteko moduan identifikatu beharko dute.

8.- Diru-laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia eman beharko diete.

9.- Merkataritza Zuzendaritza jakinaren gainean jarri beharko dute beste edozein administrazio edo entitate publiko zein pribatutatik helburu bererako baliabiderik jaso badute, eta diru-laguntza ematerakoan kontuan hartu den edozein inguruabar -objektibo zein subjektibo- aldatu bada.

16. artikulua.- Laguntzak kudeatzeko organoa.

Merkataritza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea, agindu honetan bertan beste organo batzuei berariaz izendatzen zaizkien gaietan izan ezik.

17. artikulua.- Jarraipena eta kontrola.

Merkataritza Zuzendaritzak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren zerbitzu teknikoen bitartez, egoki iritzitako egiaztapenak egingo ditu emandako diru-laguntzari dagokionez, eta sarbidea izango du haren frogagiri guztietan.

Merkataritza Zuzendaritzak aldian-aldian aztertuko du aurreikusitako jarduerak agindu honetako helburuei ondo egokitzen zaizkien, beharrezko neurri zuzentzaileak ezarriko ditu, eta egoki iritzitako egiaztapenak ere egin ahal izango ditu, diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko.

18. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.- Diru-laguntzak ematerakoan kontuan izandako baldintzetakoren bat aldatuz gero, laguntza eman zuen ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen badira.

2.- Horretarako, Merkataritza Zuzendaritzak ebazpena emango du, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren zerbitzu teknikoek proposatuta. Ebazpenaren bidez doitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak, baina doitzearen ondorioz ez da gehituko hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

19. artikulua.- Ez betetzea.

1.- Entitate onuradunak betetzen ez badu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan ezarritakoa, honako agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betekizunen bat, edo, hala egokituz gero, ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, orduan, eskumena duen organoak, ez-betetze espedientea bideratu eta interesdunari entzunaldia eskaini ondoren ebazpena emanda, adieraziko du galdu egin duela entitate onuradunak diru-laguntzarako eskubidea eta, hala badagokio, itzuli egin beharko dizkiola Euskadiko Diruzaintza Nagusiari jasota dituen zenbatekoak eta legez dagozkion interesak; hala xedatzen dute, batetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren berme eta sarreren erregimen orokorra arautzen duenak, eta, bestetik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, lehen aipatutako berak; baliatu beharreko gainerako akzioei kalterik egin gabe aplikatu da hori guztia. Aipatutako kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.- Diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emateko prozedurari edo itzulketa-prozedurari hasiera emateko arrazoia administrazioko arau-haustea izan litekeen egitateren bat bada, dagokion arloan eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenengoa.- Ekitaldi bakoitzari dagozkion diru-laguntzetarako deialdietan izendatzen diren zenbateko osoak aldatu ahal izango dira, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gelditu zaizkion aurrekontu-baliabideen arabera, eta laguntzetarako ebazpena eman aurretik. Hala gertatuz gero, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu honek indarra hartzen duenean indargabetu egingo da merkataritza dinamizatzeko bulegoetarako laguntzak ezartzen eta arautzen dituen Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko azaroaren 4ko Agindua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.- Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salan. Hilabete biko epea emango da hori egiteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 20a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza

eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

I. ERANSKINA / ANEXO I

JARDUERA EREMUAK ETA HERRIRIK NAGUSIENAK / ÁMBITOS DE ACTUACION Y PRINCIPALES POBLACIONES

Araba/Álava:

- 1. eskualdea / Zona 1.- Vitoria-Gasteiz.

- 2. eskualdea / Zona 2.- Laudio/Llodio, Amurrio, Urduña/Orduña*

- 3. eskualdea / Zona 3.- Errioxa Arabarra, Salvatierra/Agurain, Arabako Mendialdea

*Municipio perteneciente al Territorio Histórico de Bizkaia / Bizkaia Lurralde Historikoko udalerria

Bizkaia:

- 4. eskualdea / Zona 4.- Bilbao.

- 5. eskualdea / Zona 5.- Santurtzi, Abanto y Ciérvena-Abanto-Zierbena, Muskiz

- 6. eskualdea / Zona 6.- Portugalete, Ortuella, Valle de Trápaga-Trapagaran

- 7. eskualdea / Zona 7.- Barakaldo, Sestao

- 8. eskualdea / Zona 8.- Erandio, Leioa

- 9. eskualdea / Zona 9.- Txoriherri, Mungialdea, Sopela, Plentzia, Gorliz

- 10. eskualdea / Zona 10.- Getxo, Berango

- 11. eskualdea / Zona 11.- Gernika-Lumo, Bermeo, Ondarroa, Lekeitio, Markina-Xemein

- 12. eskualdea / Zona 12.- Basauri, Galdakao, Igorre

- 13. eskualdea / Zona 13.- Durango, Ermua, Amorebieta-Etxano, Elorrio, Berriz

- 14. eskualdea / Zona 14.- Balmaseda, Zalla, Güeñes, Alonsotegi

Gipuzkoa:

- 15. eskualdea / Zona 15.- Donostia-San Sebastián

- 16. eskualdea / Zona 16.- Irun, Hondarribia

- 17. eskualdea / Zona 17.- Errenteria, Oiartzun, Pasaia, Lezo

- 18. eskualdea / Zona 18.- Hernani, Lasarte-Oria, Orio, Usurbil, Astigarraga, Urnieta

- 19. eskualdea / Zona 19.- Tolosa, Ibarra, Villabona, Andoain

- 20. eskualdea / Zona 20.- Zumarraga, Urretxu, Legazpi

- 21. eskualdea / Zona 21.- Zarautz, Deba, Mutriku, Zumaia, Getaria

- 22. eskualdea / Zona 22.- Eibar, Elgoibar, Soraluze-Placencia de las Armas, Mendaro

- 23. eskualdea / Zona 23.- Arrasate/Mondragón, Bergara, Oñati, Aretxabaleta

- 24. eskualdea / Zona 24.- Ordizia, Beasain, Azpeitia, Azkoitia

LURRALDE HISTORIKOAREN JARDUERA EREMUA / ÁMBITO DE ACTUACIÓN DE TERRITORIO HISTÓRICO

- 25. eskualdea / Zona 25.- Araba/Álava

- 26. eskualdea / Zona 26.- Bizkaia

- 27. eskualdea / Zona 27.- Gipuzkoa


Azterketa dokumentala