Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2010eko maiatzaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
2688

EBAZPENA, 2010eko otsailaren 3koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Foruko udalerrian, Uraren Euskal Agentziak sustatzen duen Upeta erreka egokitzeko proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko prozedura ez duela behar erabakitzeko dena.

2009ko abenduaren 2an, URA, Uraren Euskal Agentziak honakoa bidali zion Ingurumen Sailburuordetza honi: Foruko udalerrian, Upeta erreka egokitzeko proiektuaren ingurumenaren gaineko agiria. Bertan, proiektuaren ezaugarriak, kokalekua eta izan ditzakeen eraginak jaso dira, ingurumen-organoak adieraz dezan ea beharrezkoa den proiektu horrek ingurumenean duen eragina ebaluatzea.

Agiri horretan azaldutakoarekin bat etorrita, eremu horretan, Upeta erreka landa bide bateko ertzetik doa harik eta errebuelta handia egin arte, non leizezulo baten bidez sartzen den Forua haitzeko sistema karstikoan. Lur azpian ibili eta gero 500 metroz, erreka azalarazten da eta Olaeta errekara doa, Foruan bertan.

Euri jasa handiak daudenean, lur azpiko sistemak ura jasotzeko duen ahalmena txikia da, beraz, leizeko uretan gora errekako ur lerroaren maila igotzen da eta urak gainezka egiten du lehen aipatutako bihurgunean, lurretan uholdeak sortuz, higadura sortuz, bideak moztuz eta beraz, auzokideen arteko inkomunikazioa.

Proiektuaren xedea gainezka egindako urak batzea eta harri-lubetadun ubide trapezoidal berritik eroatea da. Urok egungo bidearekiko paraleloan joango dira eta Olaeta errekara isuri, Foruko Gordiz Errotaren ingurunean.

Erreka berriaren sekzioa: 2 metro zabal oinarrian eta 3 metro harri-lubetaren gainaldean, metro bat garai eta pikoa, 1H:2V. Harri-lubetaren gainaldearen eta lur naturalaren arteko lotura birlandatutako ezponda (pikoa: 2H:1V) izango da.

Bidegurutzeetan hiru kutxa proiektatu dira: 3 metro zabal eta 1,75 metro garai, libre.

Aipatutako proiektuaren betearazpenak Natura 2000 Europako Ekologi Sareko parte diren espazioei eragiten die, zehazki, Batasunaren Garrantzizko Lekutzat jotakoei (ES2130006 «Urdaibaiko Ibai Sarea»).

Proiektua ez dago zuzenean lotuta aipatutako 2000 Natura lekuaren kudeaketarekin, eta ez da horretarako beharrezkoa.

Ingurumeneko eraginaren ebaluaziorako Legearen testu bat egina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, arau horretako I. eranskinean ez dauden proiektuek 2000 Natura sareko espazioei zuzenean edo zeharka eragin badiezaiekete, ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, baldin eta ingurumen-organoak hori zehazten badu kasu bakoitzean, aipatutako Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, eta proiektuaren ondorioak jasan dituzten administrazioak, pertsonak eta erakundeak kontsultatu ondoren.

2009ko abenduaren 21ean, Ingurumen Sailburuordetzak proiektuaren betearazpenaren ondorioak jasan dituzten administrazioak, pertsonak eta erakundeak kontsultatu zituen, Ingurumeneko eraginaren ebaluaziorako Legearen testu bat egina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 17. artikuluaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Zuzendaritzaen, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren erantzunak jaso dira.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak honakoa ondorioztatu du: Natura 2000 sareari buruzko eragin hautemangarriak ezin daitezke aurreikusi, beraz, ez da beharrezkoa proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioa egitea.

Jasotako gainerako erantzunetatik ez da ondorioztatu ingurumenaren aurkako eragin garrantzitsuak daudenik eta proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatu behar denik.

Aipatutako proiektuaren ezaugarriak, Ingurumeneko eraginaren ebaluaziorako Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideak, eta kontsultetan jasotako erantzunak aztertu ondoren, proiektuak ez du ingurumenean eragin txar nabarmenik izango, betiere, sustatzaileak adierazitako neurri babesleak eta zuzentzaileak eta ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak betetzen badira.

Organo honek ebazpen hau idazteko eskumena du, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aztertu dira Ingurumena babesteko EAEko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, eta horrenbestez, honakoa

EBATZI DUT:

1.- Foruko udalerrian, Uraren Euskal Agentziak sustatzen duen Upeta erreka egokitzeko proiektuak ez duela behar ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorik, baina proiektu hori burutzeko ondorengo baldintzak bete behar dituela:

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren 2010eko urtarrilaren 29ko txostenaren arabera, ubide berria uretan gora baino ezingo da erabili, leizearen funtzionamendua ziurtatzeko. Horretako, beharrezko neurriak hartu behar dira, gainezkabidea jarri esaterako.

Ubide berria ingeniaritza teknika naturalistikak oinarri hartuta, ubide horren naturalizazio handiena lortze aldera. Bideen azpitiko gurutze guneek pasabide lehorra bermatu beharko dute faunarentzat, beraz, hormigoizko kutxak horretarako egokitu behar dira.

0+340 kilometrotik gutxi gorabehera neurri zorrotzak hartu beharko dira ubide berriak artadi kantauriarrean eraginik izan ez dezan.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, ondoko neurriak gauzatuko dira:

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2010eko urtarrilaren 20ko txostenean jasotakoarekin bat etorrita, proiektua gauzatzeko Atxeta kobako arkeologi aztarnategiaren lanak hartuko dira kontuan. Lanek eragina badute kasuan kasuko arkeologi proiektua landu eta izapidetu beharko da aztarnategiaren azterketa eta zaintza bermatzeko.

Dena den, baldin eta lanetan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; gero, beharrezkoa izanez gero, berak erabakiko du zer neurri ezarri.

2.- Ebazpen honen edukia sustatzaileari, Uraren Euskal Agentziari, Foruko Udalari eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuari jakinaraztea.

3.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

4.- Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu andrearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jasotzen duen egunaren biharamunetik hasita. Horrela ezartzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta ondorengoetan; urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 3a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.


Azterketa dokumentala