84. zk., 2010eko maiatzaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Iragarkiak
Fundación Euskadi Kirola Fundazioa
2379
IRAGARKIA, natura-ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektuei eman beharreko laguntzen oinarriak jakinarazteko dena.
Fundación Euskadi Kirola Fundazioa erakundeak araubide juridiko eta pribatua du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeak araututa dago. Erakunde honen helburua goi mailako euskal kirola bultzatu eta sustatzea da; horrela, goi mailako kirolean nazioarteko lehiaketetan erruz parte hartu ahal izango da eta, bereziki, goi mailako kirol ekitaldietan. Halaber, lehiaketa horietan euskal kirolariek goi mailako emaitzak izatea da erakundearen beste helburua.
Goi mailako kirola sustatze aldera, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak urtero ematen ditu «Euskadi Kirola Laguntzak» Euskal Autonomia Erkidegoko goi mailako kirolari eta teknikarientzat. Laguntza horiek goi mailako kirol-lehiaketa ofizialetan onuradunek lortutako kirol emaitzen arabera emango dira. Izan ere, goi mailako kirola eta kirol-lehiaketa erabat lotuta daude.
Aurrekoaren kalterik gabe, ezin da albo batera utzi Euskal Autonomia Erkidegoko beste kirolari batzuek lortu duten kirol-bikaintasuna hainbat diziplinatan, hala nola, mendizaletasuna, eskalada, nabigazio transozeanikoa. Diziplina horietan ez dago lehiaketarik, hitzaren zentzu hertsian, beste kirolari batzuekin; eta horregatik, kirolari horiek ezin dute kirol emaitzarik egiaztatu lehiaketa ofizialetan. Beraz, Euskadi Kirola beketarako deialditik kanpo daude.
Euskal kirolari hauek ez ditugu diskriminatu nahi. Natura-ingurunean egiten dute kirola eta merezimenduz lortu dute kirol-bikaintasuna edo goi kirol-maila. Horregatik, Fundación Euskadi Kirola Fundazioko Patronatuak honako natura-ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektuei laguntzak emateko deialdia egin du 2010. urterako. Oinarri hauek izango dituzte:
OINARRIAK
1. artikulua.- Xedea.
Oinarri hauen xedea Fundación Euskadi Kirola Fundazioak 2010erako natura-ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektuei eman beharreko laguntzak arautzea da.
2. artikulua.- Definizioak.
1.- Oinarri hauen ondorioetarako, «Natura-ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektuak» izenekoa honela definituko dugu: lehiaketa kutsurik ez duten kirol jarduerak, natura-ingurunean egiten direnak, eta Fundación Euskadi Kirola Fundazioak goi mailakotzat jotzen dituenak, betiere oinarri hauen 9. artikuluarekin bat.
2.- Kirol proiektu bat goi mailakoa den ala ez adierazteko, proiektuan zenbait faktore agertzea balietsiko da, hala nola, proposatutako jardueraren zailtasun maila, esposizio maila, ekimenaren berezitasuna eta proposatutako tekniken originaltasuna. Hau guztia oinarri hauen eranskinean ezarritakoekin bat.
3.- Era berean, kontuan hartuko da eskatzailearen kirol-kurrikulua eta, hala badagokio, laguntzaileena; zertarako eta proposatutako proiektuaren zehaztasuna eta fidagarritasuna bermatzeko. Hau guztia oinarri hauen eranskinean ezarritakoarekin bat.
3. artikulua.- Pertsona onuradunak.
Laguntzak hartzeko onuradunak kirol-bikaintasunerako proiektu bat aurkezten duten kirolariak dira, oinarri hauetan ezarritakoari jarraituz eta, gainera, honako baldintza hauek bete behar ditu:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Euskal nortasuna izatea, Autonomia Estatutuan ezarritakoa kontuan hartuz.
c) Euskal Kirol Federazioren batek egindako kirol-lizentziarekin lehiatzea.
d) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak proposatutako kirol auditoretza gainditzea.
e) Fundazioko zerbitzu medikoek egiten duten aurretiko mediku-balorazioa gainditzea.
f) Dopin kontuei dagokienez, diziplina- edo administrazio-zigor irmorik ez izatea.
g) Kirol kontuei dagokienez, diziplina- edo administrazio-zigor irmorik ez izatea.
4. artikulua.- Proiektuetarako laguntzen edukia.
Natura-ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektuetarako Fundación Euskadi Kirola Fundazioak ematen dituen laguntzek honako eduki berezitu hauek izango dituzte:
1.- Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren diru-laguntzak ematea. Honako hauek dira:
a) Oinarrizko laguntza: proposatutako kirol-bikaintasunerako proiektuaren aurrekontua finantzatzeko diru-laguntza. Atal honetan sartuko dira jardueraren eta erabilitako materialaren kostuari dagozkion gastuak, bidaiak eta desplazamenduak, mantenu-gastuak eta kirolarien soldatak, proposatutako jarduerak dirauen bitartean.
b) Helburukako sariak: adostutako kirol-helburuak betetzen diren ala ez.
2.- Fundación Euskadi Kirola Fundazioak onuradunei zerbitzu osagarriak egitea, kirol-prestakuntza optimizatze aldera, besteak beste:
a) Laguntza tekniko espezializatua.
b) Laguntza biomediko espezializatua kirol-errendimenduan.
5. artikulua.- Laguntzak kudeatu eta esleitzeko organo eskudunak.
Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuari dagokio oinarri hauek aipatzen dituzten kirol-proiektuak goi mailakotzat diren ala ez jotzea eta oinarriotan aurreikusten diren laguntzen esleipena ebaztea. Aurrekoa gorabehera, Patronatuak Ordezko Batzorde Tekniko baten esku utziko du eskumen hau. Batzorde horrek ebatziko ditu eskaera guztiak, oinarri hauen 10.3 artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.
Batzorde betearazlea honako hauek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria, Patronatuko idazkaria dena, fundazioko kudeatzailea eta fundazioko ahokulari juridikoa. Batzorde horrek beharrezko diren txosten teknikoak eskatu eta bilduko ditu ebazpenak emateko.
6. artikulua.- Eskabideak tramitatzea.
1.- Interesaturik dauden pertsona eta erakundeek Fundación Euskadi Kirola Fundaziora bidaliko dituzte eskabideak Makaletako etorbidea z.g., Getxo (Fadurako Teknika Hobekuntzarako Zentroa), edo honako e-mail honetara fundacion-ek@euskalnet.net.
2.- Eskabidean argi agertuko da natura-ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektuetarako laguntzak emateko eskabidea, Fundación Euskadi Kirola Fundazioa 2010. urtea, eta hurrengo datu hauek izango ditu:
2.1.- Eskatzailearen identifikazio-datuak eta jakinarazpenak bidali eta jasotzeko helbide bat.
2.2.- Eskatzailearen kirol-kurrikuluaren deskribapen laburra. Bertan bereziki azpimarratuko da antzeko direla hemengo jarduerak eta hurrengo puntuan adierazten den Proiektuko jarduerak. Eskatzaileak proiektua egiteko inoren laguntza badu, laguntzailearen edo laguntzaileen kirol-kurrikulua ere aurkeztuko da.
2.3.- Natura-ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektua. Proiektu horrek zehatz-mehatz deskribatuko du kirol-helburua. Behar diren giza baliabideak eta teknikoak banakatuko dira, baita erabiliko diren teknikak eta baliabideak ere. Halaber, kirol-helburu hori noiz egingo den jakin ahal izateko, 2010eko datak adieraziko dira.
2.4.- Proiektuaren aurrekontu ekonomikoa. Proiektua egiteko kostu ekonomikoa zehaztuko da, eta kontzeptu eta partida bakoitzari dagozkion gastuak adieraziko dira.
2.5.- 2010erako kirol-plangintza. Agiri horretan helburu nagusiak eta bigarren mailako helburuak agertuko dira, non eta noiz egingo diren. Gainera, helburuekin bat datozen entrenamendu saioen deskribapen zehatza egingo da.
3.- Eskabidearekin eta aurreko atalean adierazitako dokumentazioarekin batera, eskatzaileek hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) NANaren edo pasaportearen kopia.
b) Euskadi Autonomia Erkidegoan erroldaren ziurtagiria.
c) Euskal Federazioaren Lizentziaren kopia.
d) Zerga-betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.
4.- Era gehigarrian, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak behar beste agiri eskatu ahal izango ditu laguntzak emateko.
7. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta akatsak zuzentzea.
Eskabideak aurkezteko epea, oinarri hauek Fundazioaren web-orrialdean argitaratzen direnean zabalduko da eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen direnetik hilabetera amaituko da.
Fundación Euskadi Kirola Fundazioak, behin eskabideak eta beharrezko agiriak jasota, banakako espedientea egingo du eskabide bakoitzeko. Espediente hori Batzorde betearazleari bidaliko zaio, oinarri hauetan onartutako irizpideen arabera azter dezan.
Aurkeztu diren eskabidea eta bestelako agiriak aztertuta, akatsik egonez gero edo agiririk falta izanez gero, eskatzaileari jakinarazi eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzendu ahal izateko. Epea bukatuta, eta zuzenketarik ez badago, uko egintzat hartuko da.
8. artikulua.- Laguntzak emateko prozedura.
Batzorde betearazleak espedientea jaso eta oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera aztertu eta balioetsiko du eta, hala badagokio, kirol-auditoretza eta derrigorrezko mediku-azterketa proposatuko ditu. Batzorde betearazleak, egindako balioespena, azterketa eta fundazioak duen finantza eta aurrekontua aintzat hartuta, laguntza emateko edo ukatzeko ebazpen zioduna egingo du eta idatziz jakinaraziko zaio pertsona edo erakunde eskatzaileari.
9. artikulua.- Laguntzak balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideak.
1.- Batzorde betearazleak laguntzak ematea edo ukatzea ebatziko du. Horretarako, oinarri hauen eranskinean ezarritako balioesteko irizpideak aplikatuko ditu.
2.- Deialdi hau meritu-lehiaketa bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, laguntzak emateko aurkezten diren eskabideak alderatuko dira, horrela, euren arteko hurrenkera ezarriko da, oinarri hauetan jasotzen diren balioesteko irizpideei jarraituz.
3.- Laguntza, sari eta laguntzen zenbatekoa zehazteko aipatu meritu-hurrenkera eta fundazioak duen finantza egoera hartuko dira kontuan.
10. artikulua.- Ebazpena.
1.- Batzorde betearazleak gehienez ere hilabeteko (1) epean ebatzi edo ukatuko du laguntzak ematea, eskabideak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita.
2.- Ebazpena, edonola ere zioduna dena, bana-banaka jakinaraziko zaie laguntza eskatzen dutenei.
3.- Batzorde betearazlearen ebazpenaren aurka errekurtsoa jar daiteke Fundación. Kirola Fundazioaren Patronatuko Lehendakariaren aurrean, jakinarazten denetik hasita 15 eguneko epean.
11. artikulua.- Onuradunak onartzea.
Beken onuradun diren pertsona eta kirol-erakundeek, oinarri hauetan arautuak, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren egoitzara agertu beharko dute, laguntza ematea jakinarazten denetik gehienez ere 15 eguneko epean, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzeko.
12. artikulua.- Konpromiso Agiria Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin.
Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin sinatuko den Konpromiso Agiria derrigorrezkoa da beken onuradun diren pertsona eta erakundeentzat. Honetara daude behartuta:
a) Ahal den guztia egitea proiektuan adierazitako kirol helburuak lortze aldera, betiere 2010. urte barruko epean.
b) Erantzukizun zibileko asegurua sinatzea. Aseguru horretan sartuta daude diru-laguntza hauek jasotzen dituen jarduera egiteagatik onuradunek eta gainerakoek izan litzaketen gertakizun eta ezbeharrak. Laguntzaren onuradunak dagokion poliza sinatu duela egiaztatu beharko du, horrela fundazioak hitzemandako laguntza ordainduko dio.
c) Agirian ageri den kirol-planifikazioan ezarritako kontrolak betetzea.
d) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak zehaztuko dituen ikur eta markak kirol jantzietan eramatea, betiere lehiaketen arautegiak uzten badu.
e) Kirol proiektuaren irudi eskubideak Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren alde baino ez direla izango onartzea, hurrengo artikuluak ezarritakoarekin bat.
f) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak antolatzen dituen sustatzeko jardunaldi eta ekitaldietan parte hartzea.
g) Joko garbiaren baloreak erakustea bai proiektua egiten den aldian bai proiektutik kanpo ere.
h) Fundazioari laguntzea enpresa babesleekin dituen publizitate-konpromisoak betetzen.
i) Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin adostu den Konpromiso Agirian ezarritako beste edozein betebehar.
13. artikulua.- Proiektuaren irudi eskubideak gordetzea eta zabalkunde mediatikoa.
Kirol-bikaintasunerako Proiektuaren eskubide irudien titularra Fundación Euskadi Kirola Fundazioa da eta fundazioak baino ez du irudion jabetza. Proiektua oinarri hauetan ezarritako laguntzen pentzuan finantzatu da.
Aurrekoaren ondorioz, beren beregi dagokio Fundación Euskadi Kirola Fundazioari irudi eskubideak ustiatzea eta natura-ingurunean egiteko kirol jarduerak eta protagonisten eskubideak idatzizko, entzunezko edo ikus-entzunezko hedabideen bitartez eta internet bidez zabaltzea, betiere oinarri hauetan ezarritako laguntzen pentzuan finantzatu diren jardueren arloan.
14. artikulua.- Euskadi Kirola Laguntzak ordaintzea.
4. artikuluaren 1.a idatz-zatian aurreikusita dauden oinarrizko laguntza hilero ordainduko dira, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzen denetik hasita eta aurreko 12. artikuluaren b) idatz-zatian adierazitako asegurua sinatu dela egiaztatu ondoren. Hala ere, aurretiaz ordaindu behar diren gastuak Fundazioak ordaindu ahal izango ditu, aldez aurretik, baldin eta eskatzaileak justifikatzen badu ordainketa horren beharra.
4. artikuluaren 1.b idatz-zatian aurreikusita dagoen helburukako sari-ordainketa era bakarrean egingo da, behin helburua bete dela egiaztatuta.
15. artikulua.- Ez betetzeak.
Beken onuradun diren pertsonek edo erakundeek hartutako betebeharrak ez betetzeak kontratua ez betetzea ekarriko du, eta horrela dago jasota 12. artikuluan aurreikusitako Konpromiso Agirian. Fundación Kirola Fundazioari jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzultzea ekar dezake.
Getxo, 2010eko apirilaren 16a.
Idazkaria,
JUAN FRANCISCO MUTILOA ALDAZABAL.
ERANSKINA
ESKABIDEAK BALIOESTEKO IRIZPIDEAK
(oinarrien 9.1 artikuluan adieraziak)
2010ean natura-ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektuetarako Fundación Euskadi Kirola Fundazioari eskatu zaizkion laguntzak honako irizpideei jarraituz balioetsiko dira, eta hurrenez hurren aplikatuko dira:
1. irizpidea.- Eskatzailearen eta gainerako parte hartzaileen kirol-kurrikulua balioestea.
Lehenik eta behin, laguntzak eskatu dituenaren kirol-kurrikulua balioetsiko da baita, hala badagokio, proposatutako kirol jardueran laguntzaile denarena edo direnena.
Hain zuzen ere, eta eskabidean jasotako agiria erreferentzia hartuta, oinarri hauen 6. artikuluaren 2.2 idatz-zatian adierazi bezala, honako faktore hauek balioetsiko dira, eta puntuazioa ere honako hau izango da:
Balioetsi beharreko faktoreak Gehienezko puntuazioa
1.1 Eskatzaileak kirol lorpenak egiaztatu behar ditu proposatutakoaren antzeko jardueretan. 25 puntu
1.2 Laguntzaileak edo laguntzaileek kirol lorpenak egiaztatu behar dituzte proposatutakoaren antzeko jardueretan (kurrikulu-multzoa balioetsiko da, laguntzaile bat baino gehiago izanez gero). Eskatzaileak laguntzailerik ez badu, pertsona horren batez besteko maila balioetsiko da; horrela, ez zaio kalterik egingo bakarrean egiten diren jardueren balioespena alderatzeari. 15 puntu
1.3 Eskatzaileak esperientzia egiaztatu behar du proposatutakoaren antzeko jardueretan. 15 puntu
1.4 Laguntzaileak edo laguntzaileek kirol esperientzia egiaztatu behar dute proposatutakoaren antzeko jardueretan (kurrikulu-multzoa balioetsiko da, laguntzaile bat baino gehiago izanez gero) Eskatzaileak laguntzailerik ez badu, pertsona horren batez besteko maila balioetsiko da; horrela, ez zaio kalterik egingo bakarrean egiten diren jardueren balioespena alderatzeari. 5 puntu
1.5 Kirol-plangintza proposatutako helburuari egokitzea (6. artikuluaren 2.5 idatz-zatian aurreikusia). 10 puntu
Kurrikuluetarako gehienezko puntuazioa. 70 puntu
Kurrikuluak balioetsi eta, 1. irizpidean ezarritakoarekin bat, 45 puntutik gorako puntuazioa lortzen ez bada, ez da eskabidea balioesten jarraituko eta, besterik gabe, ukatu egingo da.
2. irizpidea.- Proiektuaren kirol-bikaintasuna balioestea.
Kirol-kurrikulua balioetsi eta gero, oinarri hauen 6. artikuluko 2.3 idatz-zatian aipatzen den proiektuaren kirol-bikaintasunaren maila balioetsiko da. Honako faktore hauei jarraituz egingo da, eta puntuazioa ere jarraian adierazten dena izango da:
Balioetsi beharreko faktoreak Gehienezko puntuazioa
2.1 Kirol helburuaren berezitasuna (helburuak lortzeko aurrekari historikorik ez). 20 puntu
2.2 Proposatutako kirol helburuaren zailtasun teknikoaren maila. 15 puntu
2.3 Proposatutako kirol helburuaren interes orokorra. 15 puntu
2.4 Baliabide teknikoen ekonomia (sinpletasuna). 10 puntu
2.5 Proiektuan erabiltzen diren ekarpen berritzaileak. 10 puntu
Proiekturako gehienezko puntuazioa 70 puntu
Proiektuaren kirol-bikaintasuna balioetsi eta, 2. irizpidean ezarritakoarekin bat, 45 puntutik gorako puntuazioa lortzen ez bada, ez da eskabidea balioesten jarraituko eta, besterik gabe, ukatu egingo da.
3. irizpidea.- Proiektuaren balioespen ekonomiko eta mediatikoa.
1. eta 2. irizpideetan adierazitako balioespenak gainditu dituzten eskabideak beste irizpide eta puntuazio hauei jarraituz balioetsiko dira:
Balioetsi beharreko faktoreak Gehienezko puntuazioa
3.1 Aurrekontuaren ekonomia; zeharkako eta zuzeneko autofinantzatze maila. 30 puntu
3.2 Jardueraren zabalkunde mediatikoaren bideragarritasun teknikoa. 15 puntu
3.3 Kirol helburua lortzeko berme teknikoak. 10 puntu
3.4 Bigarren mailako kirol helburuak lortzeko aukera. 10 puntu
3.5 Proiektua egitearen ondoriozko aprobetxamenduak. 5 puntu
Proiekturako gehienezko puntuazioa 70 puntu
Azken oharbidea.- Azkenik, irizpide bakoitzeko lortu diren puntuazioak batuko dira, eta batuketa eskabidearen azken puntuazioa izango da.
Lortutako puntuazio handienetik txikienera sailkatuko dira eskabideak.