Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2010eko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
2374

EBAZPENA, 2010eko martxoaren 9koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Basauriko udalerrian, Lapatzan Bilbao Ria 2000k sustatzen duen merkantzien geltoki berriaren proiektuak ingurumenean duen eraginaren Adierazpena egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira eta jardunbide horri amaiera emateko Ingurumenean duen eraginaren Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio erabakiaren aurretik.

Basauriko udalerrian, Bilbao Ria 2000k sustatuta, merkantzien geltoki berriaren proiektuak egiteko baimena substantiboaren prozedura hasita, eta Euskal Herriko ingurumena babesteko den otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta proiektuek ingurumenean duten eraginari buruzko Testu Bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuz, besteak beste, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira:

- Aurre kontsulten izapidea. Sustatzaileak eskatuta, 2007ko azaroaren 29an, Ingurumen Sailburuordetzak proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeari buruzko kontsulten izapideari ekin zion. Izapide hori jasota dago ebaluazioaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 2.3 artikuluan eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioaren gaineko araudia betetzeko erregelamendua onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2008ko uztailaren 21ean sustatzaileari ingurumen-eraginaren gaineko azterlana bidali eta gero, izapidetzea bukatu zen.

- Jendaurrean jartzeko izapidea. Basauriko Udalak jendaurrean jarri zituen proiektu bera eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana (2009ko abuztuaren 13ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 153. zenbakia).

- Espedientea bidaltzea. Basauriko Udalak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, proiektuek ingurumenean duten eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Erreferentziazko proiektuaren espedientean dauden txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketa zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdiei egokitzen zaiela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumenean duen eraginaren Adierazpena emateko eskumena duen organoa izanik eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren arabera, ondokoa

EBATZI DU:

1.- Basauriko udalerrian, Bilbao Ria 2000k sustatuta, Lapatzan merkantzien geltoki berria eraikitzeko proiektuak Ingurumenean duen Eraginari Buruzko aldeko Adierazpena egitea.

2.- Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

2.a.- Proiektua, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera, eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da.

2.b.- Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k epigrafearekin bat. Haren bidez onartu zen, hain zuzen Proiektuek ingurumenean duten eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualek aurreko idatz-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira.

2.c.- Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren aitorpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dituzte.

2.c.1.- Natur ondarea babesteko neurriak.

Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatzearen kaltetan izan gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:

2.c.1.a.- Lurzorua erabiltzea eragiten duten obrak, eta bai obra horien eragiketa osagarri guztiak ere, proiektuaren partzelaren eremuan egingo dira.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, kaltetutako espazioak zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko lirateke.

2.c.1.b.- Tokiko bertako zuhaitz-landaredi naturala ebakitzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira lanak gauzatzeko derrigorrez ebaki behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako 2.c.10 idatz-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak.

2.c.1.c.- Obrarako sarbideak eta kontratistak erabiliko dituen instalazioguneak, makinak gordetzeko guneak eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne, ingurumenean ahalik eta kalte gutxiena sortzeko irizpideak kontuan izanda proiektatuko dira.

Kontratistak erabiliko dituen instalazioguneak egokitu egingo dira, bertan gauzatuko diren jarduera askotarikoen ondorioz ingurumenean sor daitezkeen kalteak ahal dela gutxitzeko.

Obra hasi aurretik xehetasun-kartografia bidez zehatz-mehatz mugatuko dira gune horiek guztiak, eta kontratistak erabiliko dituen guneen ezaugarriak zehaztuko dira. Proposamen horiek Obraren Zuzendaritzak onartu behar ditu, ebazpen honetako 2.c.10 idatz-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

2.c.2.- Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Bete beharreko prozeduretan, uren arloan eskumena duen organoak kasu bakoitzean ezartzen dituen baldintzak baztertu gabe, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartu beharko dira:

2.c.2.a.- Eraikuntza-fasean, minimizatu egingo dira drainatze-sarera isurtzen diren material finak. Horretarako, urak eramateko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak erabiliko dira.

Gailu horien neurriak ezartzean, beharrezko kalkulu hidraulikoak egingo dira, honako hauek bermatzeko: solidoen atxikipen ezin hobea, eta, nolanahi ere, lokalizatutako isurketa, indarrean dagoen araudiaren araberakoa, uraren parametro fisiko-kimikoei dagokienez.

Sistema horien kokalekua eta neurri zehatzak ebazpen honetako 2.c.11 idatz-zatian aipatzen den lan-programan jasoko dira.

2.c.2.b.- Laneko makineriarentzako azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik, eta urak, olioak eta erregaiak biltzeko sistema propio bat jarriko da, ingurunera kontrolik gabe isurtzea saihesteko. Bildutako substantziak, beren ezaugarrien arabera, modu egokian tratatuko dira, eta era berean jokatuko da makineriak-parkeak kaltetu duen lurrarekin, parkeko zerbitzuak ematen amaitzean.

Olio-aldaketak, ibilgailuen eta makineriaren mantentze-jarduera orokorrak eta, hala badagokio, erregaiez hornitzeko lanak, zola iragazgaitza eta isurketak jasotzeko sistema duen aldean egin behar dira, olioek edo erregaiek ura kutsa dezaten saiheste aldera. Aipatutako aldetik kanpo, ezingo da ez erregaia kargatu edo deskargatu, ez olioa aldatu ez eta tailerraren berezko jarduerarik egin ere.

2.c.2.c.- Jarduketa-eremutik gertu dauden ur-masetara zuzeneko isurketarik ez egitea saihestu beharko da.

2.c.2.d.- Euri- eta hondakin-urak drainatzeko sistemaren ezaugarri orokorrek bat etorri behar dute ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko aurkeztu den dokumentazioan jasotakoarekin. Arestian aipatutakoarekin bat, urak husteko sistema gaur egungo sareetatik bereizita jarriko da. Horren harira, bada, bi erregistro-putzu jarriko dira: bata euri-uretarako eta bestea hondakin-uretarako.

Edonola ere, isurketak egiteko hartu den konponbidea ingurumen-organoari jakinaraziko zaio, eta saneamendu-sare horren kudeatzaileak onartu beharko du.

2.c.3.- Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta ateratako zaratari dagokionez, lanetan erabiliko diren makinek, aire librean erabiltzeko makinen zaratari buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoa bete beharko dute. Bereziki, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa beteko dute, hau da, aire librean erabiltzeko zenbait makinek atera dezaketen zarata arautzen duena, eta gainerako arau osagarriak.

Eraikitze-fasean zehar, ingurumen-eraginari buruzko azterlanean jasotako neurriak aplikatuko dira, makineriak, bete behar dituen baldintzei, lan-ordutegiei eta zaratak jatorriak murrizteari dagokienez.

Halaber, geltoki intermodalak funtzionatzen duen bitartean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 24 artikuluan zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta ateratako zaratari buruz aurreikusitakoari jarraituz, jarduerak dagozkion arlo akustikoen kanpoko ingurumenera III. eranskineko B1 taulan ezarritako gehieneko baliok gainditzen ez dituzten zarata-mailak atera ditzan saihesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu. Gehienezko balio horiek, hain zuzen, IV. eranskineko prozedurekin bat etorriz ebaluatu dira.

2.c.4.- Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.4.a.- Lanek iraun bitartean sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplika dakiekeen berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hala badagokio, hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta jomuga egokiena erabakitzeko.

Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki ebaluatzea bideragarria bada, baimendutako hondakinen balioztatzaile batengana eraman behar dira.

Hondakinak deuseztatzera bidali ahal izango dira baldin eta aldez aurretik horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada soilik.

2.c.4.b.- Hondakindegira eraman behar diren hondakinak, hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat.

Jardueraren soberakinak har ditzaketen betegarriek otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

Urbanizazioko lubetak eta lur-beteketak egiteko materialei dagokienez, honako hauek bakarrik erabili ahal izango dira:

- Beste obra batzuetan hondeatutako materialak, betiere, gai kutsatzaileen edukia aipatutako otsailaren 4ko 1/2005 Legearen, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoaren, I. eranskinean jasota dauden EBA-A ebaluazioko adierazleen balioa baino baxuagoarekin.

- Eraikuntza eta eraispenetako hondakinak balioztatu ondoren sortutako bigarren mailako agregakinak.

- Zepa beltzak, arku elektrikoko labeetan altzairua ekoizten sortu eta balioztatze-prozesutik igaro ondoren, otsailaren 18ko 34/2003 Dekretuan ezarritako moduan. Dekretu horretan dago araututa Euskal Autonomia Erkidegoan altzairua arku elektrikoko labean ekoiztean sortzen diren zepak balioztatu eta gerora erabiltzea. Zepa horiek ez dira metatuko beti urpean dauden guneetan; oro har lur-beteketak egiteko erabiliko da, beste material naturalen edo obrako material geldoen estradosean.

- Agregakin naturalak.

2.c.4.c.- Eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan jasotakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraiste-hondakinak. Horri dagokionez, eraikuntza-proiektuak eraikuntza- eta eraiste-hondakinen kudeaketaren azterlana jaso beharko du, aipatutako otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 4.1.a artikuluan ezarritako edukiarekin.

2.c.4.d.- Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa ere izango da.

2.c.4.e.- Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua aplikatuko dira.

Kudeatzaile baimenduari eman arte, olio agortuak estalpeko lekuetan gordeko dira, behar bezala etiketatutako ontzi estankoetan, zolarri iragazgaitzaren gainean eta balizko isurketei edo jarioei eusteko ontzi edo sistemen barruan.

2.c.4.f.- Araudi hau betetzea errazte aldera, zeregin askotan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta haiek berak arduratuko dira beharginek behar bezala bete ditzaten bermatzeaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

Aurrekoa kontuan izanik, ebazpen honetako 2.c.1.c idatz-zatian aipatzen diren espazioetan alde berezi bat egokituko da, instalazio estaliekin. Horietan, hondakin arriskutsuak bilduko dira aldi baterako: olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, horietatik bereiztuta egon behar diren edukiontziak jarriko dira hondakin inerteentzat. Halaber, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak, e.a.). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiztuko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

2.c.4.g.- Obretan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena egingo da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.

2.c.4.h.- Era berean, jarduera aurrera eramaten den bitartean sortutako hondakinak 2.c.4 idatz-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.c.5.- Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Proiektuak ukitutako eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituen kokagune bat identifikatu da.

Proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari eskatu zion dagokion lursailaren zoru-kalitateri buruzko adierazpena emateko prozedura abiaraz zezala, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta konpontzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz. Horiek horrela, Ingurumeneko sailburuordeak ebazpena eman zuen 2008ko abuztuaren 18an. Ebazpen horretan, Basauriko (Bizkaian) Lapatzako auzoan, zehazki, Sidenorren hondakindegiaren, Renferen trenbidearen eta Basauriko Udalak inguru horretan dituen industri-pabilioien artean dagoen lur-zatiko zoruaren kalitateari buruzko adierazpena egin zuen, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta konpontzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeak lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena egiteko prozedura arautzeko xedatu duenari jarraikiz.

Aipatutako ebazpenean adierazi zen lurzorua erabilera industrialerako aldatuta dagoela, betiere, lursail horretan aurreikusitako azpiegiturak (merkantzietarako geltoki intermodala, bulegoak, eta geltokiko zerbitzuak) aintzat hartuta kokagune horretan lurzoruaren kalitatearen gainean egin ziren ikerketan emaitzekin bat.

Kokagune horretan egingo diren lur-mugimenduak, hondeaketa-materialen kudeaketa eta lurzoruaren ondorengo erabilera, aipatutako ebazpenean ezarritako baldintzetara egokituko dira, bai eta aipatutako prozeduraren esparruan ingurumen-organoak eman litzakeen ondorengo ebazpenetan ezarritakoetara ere.

Aurrekoa gorabehera, hondeaketa eta lur-mugimendu garaian lurzoruaren kutsaduraren aztarnaren bat aurkituz gero, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 10.2 artikuluan jasotzen duenaren arabera jokatuko da.

2.c.6.- Airearen kutsadura saihesteko neurriak.

2.c.6.1.- Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

2.c.6.2.- Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.

Aipatutako elementuen kokapen zehatza ebazpen honetako 2.c.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko da.

2.c.7.- Kultura ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoa kaltetu gabe, obran zehar aztarna arkeologikoren bat dakarren aurkikuntzarik eginez gero, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari horren berri emango zaio berehala, eta hark adieraziko du zein neurri hartu behar den.

2.c.8.- Obrak lehengoratu eta integratzeko neurri zuzentzaileak.

Ingurumen eraginari buruzko azterlanean ezarritakoaren kalterik gabe, ondoko neurri babesle eta zuzentzaileak hartuko dira.

2.c.8.a.- Lur-mugimenduak dauden bitartean, landaretza daukaten lur eremuak kendu, metatu eta era bereizian zabalduko dira, aldatutako eremuen birlandatzea eta leheneratzea errazteko. Lanak amaitu ostean erabiltzeko kenduko den lur begetala modu egokian biltegiratuko da, lurra ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko.

2.c.8.b.- Obrak kaltetutako zati guztiak lehengoratuko dira, obrari atxikitako instalazioak barne. Halaber, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean jaso ez, baina obrak amaitzean kaltetutako elementu guztiak lehengoratu behar dira.

Horretarako, obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek aipatutako agirian aurrez ikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

2.c.8.c.- Panpa-lezka (Cortaderia selloan), edo bestelako landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Ildo horretan, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

2.c.8.d.- Ingurua leheneratu ondorengo bi urtean, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

2.c.9.- Garbiketa eta obra bukatzea.

Lanak amaitu ondoren garbiketa kanpaina zorrotza egingo da, proiektuaren eremutik obra-hondar guztiak garbitzeko. Garbitze-lanetan sortutako hondakinak lanen eremutik kendu eta Ebazpen honen 2.c.4 (hondakinak kudeatzeko neurriak) atalean xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.c.10.- Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaingoan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du Obraren Zuzendaritzak, ingurumenaren eraginari buruzko azterlaneko erabakien arabera. Baldintza-agirian Obraren Zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla eta, aipatutako gaiei buruz Obraren Zuzendaritzak erabakiak hartu aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko dute gogoan.

2.c.11.- Lan-programaren diseinua.

Lanak hasi aurretik kontratatzaileak jarraian datozen idatz-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du. Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako 2.c.10 idatz-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Honakoak dira agiriok:

- Zuzeneko okupazioa egingo ez den aldeetan dauden ingurumen-intereseko eremuak balizatzeko plana, ebazpen honetako 2.c.1.b idatz-zatian jasotakoaren arabera.

- Obrarako sarbideen, makinak gordetzeko guneen eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneen kokagunearen eta ezaugarri zehatzen adierazpena, kontratistak egina, ebazpen honetako 2.c.1.c idatz-zatian jasotakoaren arabera.

- Ebazpen honetako 2.c.2.a idatz-zatian urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen xehetasunak.

- 2.c.6.2 idatz-zatian aurreikusitako kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokapena.

- Obretan sortutako eraikuntza- eta eraiste-hondakinak kudeatzeko plana, eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan jasotakoaren arabera.

2.d.- Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

2.d.1.- Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.

2.d.2.- Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuaren aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako azalera baino handiagoa izango.

2.d.3.- Obretan sortutako hondakinen kontrola.

Ingurumena zaintzeko programan, obran sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten ulergarria sartuko da, indarrean dagoen legedian hondakinak, kontrolatu, onartu eta haien jarraipena egiteko beharrezko gisa xedatutako agiriak barne.

2.d.4.- Uren kalitatearen kontrola.

Uren kalitatearen kontrola sustatzaileak ingurumen-eraginaren gaineko azterlanean proposatutakoarekin bat etorriz egingo da.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaz gain, Uren kalitatearen kontrola egingo da, ebazpen honetako 2.c.6.2 idatz-zatian aurreikusitako dekantazioko sistemen irteeran. Hilero analisiak egingo dira parametro hauek neurtzeko: emaria, konduktibitatea, pH-a, solido esekiak, eta olio eta koipeak.

2.d.5.- Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Proiektuak ukitutako espazioak leheneratzeko prozesuaren arrakastaren eta, batez ere, drainatze-erretenen eta lakuaren ertzak birlandatzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da aldian behin.

2.d.6.- Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bategina landu beharko du, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean, eta Ebazpen honetan proposatu diren betebehar guztiak bilduko dituena.

Planoan neurketa-puntu guztiak adierazi beharko dira, bai eta horiek zehatz-mehatz kokatu ahal izateko behar diren krokisak ere. Halaber, dagokion aurrekontua sartu beharko da; aurrera eramango diren eragiketa guztiak bilduko ditu.

2.d.7.- Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta eskudun organora eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.e.- Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Halaber, ingurumen-organoak, bere kabuz edo jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, hala neurri babesle eta zuzentzaileak nola ingurumena zaintzeko programa aldatzea erabaki dezake, ingurumena zaintzeko programaren emaitzak edo neurri babesleak eta zuzentzaileak edo sor daitezkeen ingurumen-kalteak konpontzeko ezarri diren beste neurriak batzuk nahikoa ez direla frogatzen duten bestelako behaketen emaitzak ikusita.

2.f.- Ebazpen honek aurreko idatz-zatietan ezarritakori kalterik egin gabe, proiekturen sustatzaileak jarraian aipatutako agiriak helaraziko dizkio ingurumen-organo honi, espedientean txertatzeko.

2.f.1.- Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina helaraziko dio, Ebazpen honetako 2.d.6 idatz-zatian xedatutako moduan.

2.f.2.- Obrak amaitu eta 2 hilabeteko epean, gehienez, obrak egin direnean sortu diren gorabeheren gaineko erregistroa, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zer neurriraino bete diren adierazten duen agiria ere, Ebazpen honetako 2.d.1 idatz-zatian xedatutakorekin bat.

2.f.3.- Obrak amaitzean, lur-mugimenduen gaineko balantze xehatua.

2.f.4.- Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea bete baino lehen, hondakinen jarraipenaren txostena, 2.c.4.g idatz-zatian adierazitakoaren arabera, espedientean txertatzeko.

2.f.5.- Obrak bukatu ondoren eta urtero jarduera hasten denetik, ebazpen honen 2.d.7 idatz-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua, espedientean txertatzeko.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.3 artikuluaren arabera, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakitera ematea.

4.- Bi urteko epea finkatzea proiektuaren egikaritzari hasiera emateko, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluari jarraituz. Epe hori bukatu ondoren egikaritzari hasiera eman ez bazaio sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango luke, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

5.- Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 9a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.


Azterketa dokumentala