84. zk., 2010eko maiatzaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2370
AGINDUA, 2010eko apirilaren 13koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikerketa-egintza berezietarako laguntzak emateko deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoan zientzia- eta teknologia-ahalmena indartu behar dela ikusi da, eta ikerketa-taldeek egindako ikerketa-proiektuak garatzea bultzatu eta finkatzeko, ikerketa-egintza berezietako laguntzak sustatzeko, ikerketa-ekintza bereziak egiteko laguntzak sustatu behar dira.
Kontuan hartu da Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituena (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).
Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.
Ondorioz, hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.- Xedea.
1.- Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren ikerketa-egintza bereziak finantzatzeko deia egitea eta arautzea.
2.- Europar Batasuneko I+G programa markoaren programa berezietan onartutako proiektu europarrak aurkeztu ahal izateko laguntzak eskaintzen dira deialdi honetan. Horretaz gain, salbuespenez, nazioarteko programen finantzazio partziala jasotzen duten proiektuetarako laguntza osagarriak ere eman daitezke.
2. artikulua.- Laguntzen finantzazioa.
Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 120.000 euro bideratuko dira.
Artikulu honetan esleitutako zenbateko orokorra aldatu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren agortu gabe gerta litezkeen aurrekontuen arabera eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Aldatuz gero, horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.
3. artikulua.- Erakunde onuradunak.
1.- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, duten kategoria gorabehera, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera (221/2002 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituena).
Ezin izango dute onuradun izan zigor administratibo edo penala jasotzeagatik laguntza edo diru-laguntza publikorik eskuratzeko aukera galdu duenek edo do laguntza publikoak eskuratzeko lege-debekurik dutenek, ezta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik debeku horrekin zigortutakoak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean jasotakoaren arabera.
2.- Erakunde onuradunek eskabidearen oroit-idazkian eta deialdiaren ebazpenean beren beregi izendatua agertzen diren jardueretarako eta ikertzaileentzat baino ez dituzte erabiliko laguntzak.
3.- Ekintzaren erantzukizuna duen ikertzaileak doktore-titulua izan behar du.
4. artikulua.- Egintza berezien ezaugarriak.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den ikerketa-jardueraren barruan egintza berezi, aparta eta puntualen bat eskatzen duten helburu zientifikoak lortzeko izango dira egintza hauek.
2.- Besteak beste, honako hauek joko dira egintza berezitzat:
a) Europako programetarako proiektu-proposamenak lantzeko egintzak. Europako egitasmoaren koordinatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko talderen bat izanez gero, lehentasuna izango du bere proposamenak.
b) Presa eta interes berezia duten bestelako egintza zientifiko-teknologikoak.
3.- Egintzek 2010. urtean hasi eta 2011ko abenduaren 31n baino lehen amaitu beharko dute.
5. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.
1.- Eskabidea eta gainerako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa da, Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.- Eskabideak eta gainerako agiriak helbide honetan aurkeztu beharko dira:
Eusko Jaurlaritza
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Zientzia Politikarako Zuzendaritza
Erreferentzia: Ikerketa-egintza bereziak
Donostia kalea 1
01010 Vitoria-Gasteiz
Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideen bitartez ere bidal daitezke (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
3.- Eskabideak egiteko eskatzen diren agiriak. Agiri hauek aurkeztuko dira:
a) 1. agiria: Laguntza-eskabidea.
b) 2. agiria: Egintzaren arduradunaren eta parte hartzen duten bestelako ikerlarien datuak, erakunde, zentro edo sailaren datuak, eskabidearen xedea eta horren apartekotasunaren zergatia.
c) 3. agiria: Eskatzen diren funtsen justifikazio xehatua eta -behar denean- proforma-faktura; halaber, helburu berbererako beste erakunde publiko zein pribatuei eskatutako edo/eta haiengandik jasotako diru-laguntzena.
d) Ikertzaile arduradunaren curriculum vitae-a eta eskatzen den egintzan parte hartzen duten zientzialariena.
e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean sartuta dauden entitate pribatuek dagokien Foru Aldundiaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.
f) Zuzenbidean baliagarri den dokumentazioa, eskaria sinatu duena ikastetxearen legezko ordezkari dela ziurtatzeko. Erakunde berak eskaera bat baino gehiago egiten badu, nahikoa da behin bakarrik ziurtatzea hala dela.
4.- Eskabidea Europako proiektuak egiteko bada, laguntzaren helburu diren proposamenen inguruan aldez aurretik izandako hartu-emanei buruzko agiriak bidali beharko dira.
5.- Ikertzaile arduradunaren entitatearen legezko ordezkariaren oniritzia izan beharko du eskabideak, eta ordezkari horrek bere gain hartu beharko ditu agindu hau aplikatzetik sortzen diren betebeharrak.
6.- Deialdiaren testua eta eskabide-agiriak lortzeko interneteko helbidea: «http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net».
6. artikulua.- Laguntza kudeatzeko organoa.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak, Oinarrizko Ikerketako Zerbitzuaren bitartez.
7. artikulua.- Eskabideetan egin diren hutsak zuzentzea.
Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die, agindutakoa bete ezean, eskaera bertan behera utzi dutela esan nahiko duela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).
8. artikulua.- Ebaluazioa.
1.- Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak: Zientzia Politikarako zuzendariak -buru izango da- eta Unibertsitate zuzendariak osatuko dute, eta Zientzi Politikarako Zuzendaritzako teknikari baten laguntza izango dute; zerbitzuburuak batzordeko idazkaritzaren egitekoak hartuko ditu. Batzordeak laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena egingo dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.
Batzorde horrek, bere lana egiteko, proposamenaren kalitate zientifikoa ebalua dezatela eska diezaieke zientzialari adituei, nori bere arloan.
2.- Irizpide hauek erabiliko dira, pisu berberaz, eskabideak ebaluatzeko:
a) Eskatutako egintzaren ezaugarriak direla eta, beste deialdi publiko batzuen bitartez finantzatu ezin izatea.
b) Proposamenaren zientzia- eta teknika-kalitatea (helburuak, eduki berritzailea, metodologia, lan-egitasmoa, internazionalizazioa...) eta horren bideragarritasuna, taldearen ikerketa-potentzialekin bat etorriko dena. Taldearen tamaina, osaera eta dedikazioa baloratuko dira.
c) Eskabidearen arduradunak lehendik egin dituen ikerketa-lanak.
d) Proiektuaren finantza-baliabideak eta iraupena aproposak izatea lortu nahi diren helburuetarako.
9. artikulua.- Laguntzak esleitzeko prozedura.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lehiaketa bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztutako eta onartutako eskabide guztiak konparatuko dira, eta horien arteko lehentasuna ezarriko da 8. artikuluan aipatu diren irizpideak kontuan hartuta; balorazio altuena lortu dutenei baino ez zaie esleituko laguntza, agindu honen 2. artikuluan finkatzen den aurrekontu-kreditua agortu arte.
10. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.- Laguntza 12.000 eurokoa izango da, gehienez ere; kopuru horrek aurkeztutako gastu-aurrekontuaren % 100 ere estal dezake.
2.- Laguntzek ezin izango dute inoiz aurreikusi erakunde onuradunari atxikitako estatutupeko edo kontratupeko langileei ordaintzea, ezta diru-kopururik ezartzea ikerketa-bekadunentzat edo ikerketan laguntzen duen beste edozein langilerentzat ere.
11. artikulua.- Bateragarritasuna.
1.- Agindu honen babesean emandako laguntzak bateragarriak dira ikerketa-egintza berezi bera finantzatzeko ematen den beste edozein laguntzarekin.
2.- Laguntzen zenbatekoa ezingo da izan sortutako gastuak baino handiagoa; hori gertatuz gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako diru-laguntza proportzioan murriztuko da, aurrekontu hori ez gainditzeko.
3.- Egintzaren ikertzaile arduradunak eta eskaria izenpetzen duten beste zientzialari guztiek eskaera bakarra egin ahal izango dute deialdiko.
12. artikulua.- Ebazpena.
1.- Ebaluatzeko Batzordeak proposatuta, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen bat emango du laguntzak esleitu eta diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, eta interesatuei jakinaraziko die. Ebazpen hori hiru hileko epean hartuko du, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean zenbatzen hasita.
2.- Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesatuei, azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusten den eran. Aurreko atalean ezarritako epean ebazpenik hartzen eta jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsitzat jo beharko dituzte eskatzaileek.
3.- Ebazpen horren aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.
4.- Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, agindu honen babesean eman diren laguntzen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
13. artikulua.- Erakunde onuradunen betekizunak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzaren onuradunek betekizun hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Izan ere, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek, beren-beregi eta idatziz, laguntzari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dutela esan nahiko du.
b) Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.
c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak -deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak gauzatuz- eskatutako informazioa eman beharko dute.
14. artikulua.- Diru-laguntzak ordaintzea.
1.- Laguntza erakunde onuradunari ordainduko zaio, bere aurrekontuetan sar dezan.
2.- Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.
Lehen zatia aurretiaz ordainduko da kontuan, eta emandako laguntzaren % 75ekoa izango da; 13.a artikuluan adierazitako epea amaitzen denean ordainduko da, baldin eta laguntzari ukorik egin ez bazaio.
Bigarren zatia 2011. urtean ordainduko da, jarduera bukatutakoan, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoaz; ordaintzeko, ordea, datorren artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.
3.- Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.4 artikuluan ezartzen denez, diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa edo zehapen prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.
15. artikulua.- Diru-laguntzak justifikatzea eta segimendua.
1.- Diruz lagundutako ekintza gauzatu dela justifikatu beharko dute agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek. Horretarako, ekintza bukatu eta sei hileren buruan, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Zientzia Politikarako Zuzendaritzan:
a) Ikerketa-taldeko arduradunak aurkeztutako txosten labur bat.
b) Erakunde onuradunaren Gerentziaren edo Kontabilitate Zerbitzuaren ziurtagiria, emandako laguntzarekin egindako guztizko gastuari buruzkoa, kontzeptuen araberako banaketa azalduz eta, gerakinik bada, halakorik izatea justifikatuz.
2.- Erakunde onuradunean artxibatu beharko dira jatorrizko fakturak, gehienez bost urtez artxibatu ere, arestian adierazitako justifikazio-epea hasten denetik aurrera. Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku egongo dira fakturok, egiaztapenik egin nahi badute edo.
3.- Norbere ibilgailuarekin egindako joan-etorriak justifikatzen badira, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira.
4.- Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira eta ez-betetzerik ez badago, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.
5.- Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egingo du laguntza jaso duten egintzen segimendu zientifiko-teknikoa. Horretarako, egoki ikusten dituen batzordeak osatu ahal izango ditu.
16. artikulua.- Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.
1.- Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko herriogasuntza nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartu zen (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA). Testu horren 53. artikuluan ezartzen denez, laguntza edo diru-laguntza ordain dadila eskatzerik ez da izango eta, behar izanez gero, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira eta laguntza edo diru-laguntza eman zenetik sortutako legezko interesak ordaindu, baldin eta:
a) Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.
b) Diru-laguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.
c) Egintza proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat etorri gabe garatzen badute, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.
d) Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, gastua proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin bat ez datorrela egiaztatzen badu.
2.- Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-iturri edo baliabide batzuk jasotzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, betiere, diru-laguntzei buruzko arauan entitate onuradun izateko ezarritako gutxienezko betekizunak konplituz gero.
3.- Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak deklaratuko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.
4.- Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
17. artikulua.- Datu Pertsonalak babestea.
1.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, inprimakian jasotako datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan jasoko dira.
2.- Eskabidea sinatu duten pertsona fisikoak ez diren hirugarren pertsonen datu pertsonalak fitxategi automatizatu horretan bertan jasoko dira eta, beraz, haiek halaxe jakinarazi behar diete datuak eskaera-inprimakian adierazi aurretik.
3.- Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak eta indarrean dagoen legeriak pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkien gainerakoak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan erabili ahal izango dira (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.
Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean emango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 13a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.