Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2010eko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
2357

AGINDUA, 2010eko apirilaren 15ekoa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; honen bitartez, turismo-dinamizaziorako laguntzak ezartzen dira.

Aurreko ekitaldietan, turismo-administrazioak, hainbat faktore balioetsiz, besteak beste, Euskadin turismo-baliabideen eskaintza oparoa eta askotarikoa dagoela, baina aldi berean, baliabide horiei balioa eman behar zitzaiela eta turismo-produktu bilakatu behar zirela ulertuz, turismo-garapenerako eredua sortu zuen, Ekonomia Sustatzeko Erakunde arteko 2000-2003ko Planean zehaztua. Adierazitako Plan horrek harrera ona izan zezan eta apurka-apurka turismo-sektorearen barruan egoki zedin, eta Plana sustatzeko eta abian jartzeko prozesuan estrategia pedagogiko bat ezartzeko beharra bere gain hartuz, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2000ko ekainaren 30eko Agindua eman zuen; agindu horren bitartez, turismo-dinamizaziorako lurralde-planetarako laguntzak ezartzen ziren.

Geroago, turismo-administrazioak beharrezkotzat jo zuen hurrengo fasean sartzea eta helmugen turismo-garapena plan estrategikoak sustatuz lortzeko prozesurantz abiatzea. Horretarako, lurraldeko turismoa indar-berritzeko planetarako laguntzak ezartzen dituen 2003ko apirilaren 16ko Aginduaren bitartez lau jardun-ildo ezarri ziren:

1.- Eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeak sortzea, honako eginkizun hauekin: turismo-azpiegituretako inbertsioak epe motz eta ertainerako planifikatzea, turismo-enpresaburuen artean eta turismo-zerbitzu publikoetan kalitate-kultura sustatzea, eta eskualdeko turismo-fenomenoan eraginik duen ekintza gauzatzen duten erakunde publiko eta pribatu guztien ekintza indartzea.

2.- Lurraldeko baliabideetan inbertitzea sustatuko luketen eskualdeko turismo-planak diseinatzea eta abian jartzea, baliabide horiek zerbitzu bilakatzeko helburuarekin, bisitariak eta/edo turistak halakotzat har ditzan.

3.- PERCOTUR planak (Merkataritza eta Turismoa Indarberritzeko Planak), batetik, turismo-profil argikoak diren, eta bestetik, urtarokotasun handiko merkataritza- eta turismo-eskaria duten udalerrietara zuzenduak; plan horiek Merkataritza eta Kontsumo Sailburuordetzaren Merkataritza Zuzendaritzarekin lankidetzan sustatu ziren.

4.- Batetik, turismo-dinamizaziorako tokiko ekimenak gauzatzea, eta bestetik, ondare-, paisaia-, ekonomia-, industria-, arkitektura- edo natura-baliabideak abiapuntutzat hartuz, baliabide horiek turismo-produktu bilakatuko lituzketen turismo-produktuak sortzea, bisitari-fluxuak sortzeko, eskaintza dibertsifikatuz eta eskariaren urtarokotasuna apurtuz.

Prozesu luze horren emaitza gisa, hainbat alderdi nabarmen daitezke, hala nola lehentasunezko segmentuetara zuzendutako turismo-produktu aukera bat sortzeko eta areagotzeko prozesuan aurrera egin dela; izan ere, produktu anitzeko helmuga gisa kokatzearen ildoko hainbat produktu ditu Euskadik gaur egunean: esate baterako, enoturismoko produktuak, natura-turismo aktibokoak (adibidez, Euskadiko Zidor Sarea, Euskadiko Lur Orotako Bizikleten Sarea, Ibilbide Berdeak, Birding Euskadi, edo Surfing Euskadi), edota kultura-turismokoak, esaterako, interpretazio-zentro ugariak, Done Jakue Bidea, eta abar.

Hurrengo egoeraren ezaugarria turismo-politiken zehaztapen formala izango da, batez ere Euskal Turismoaren 2010-2013ko ekitaldirako Marketin Planean eta Plan horretan aurreikusitako garapenetan, eta gaur egun egiten ari den Turismoaren Lehiakortasun Plan berrian; Lehiakortasun Plan horretan, egindako ibilbidea eta prozesu horretan identifikatutako hobekuntza-, garapen-, eta/edo birplanteaketa-alderdiak kontuan hartuz (ondoren adieraziko dira alderdi horiek), administrazio honek sustatutako turismo-garapenerako eredua zehaztuko da:

- Turismo-dinamizaziorako planen plangintza eta kudeaketaren lurralde-eremua malgutzea komenigarritzat jotzen da, lurraldea (ez du zertan eskualdera mugatuta egon) eta produktua turismo-garapenerako ereduaren ardatz egituratzaileak izan daitezen.

- Era berean, dinamizazio-planen eta eskualdeko edota eskualdez gaindiko turismo-produktuen garapenari dagokionez, bere lurralde-jardunaren esparruan sortutako ekimen guztiak sustatu, koordinatu eta kudeatzeaz gain, haren turismo-erreferente eta -solaskide izango den kudeaketa publiko-pribatuko erakunde edo egitura bakar bat egotea beharrezkotzat jotzen da.

- Produktua sortzearen esparruan, sektore publikoak sektore pribatuak baino protagonismo handiagoa izan duela esan daiteke oro har. Horrenbestez, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko adostasuna, bat etortzea, inplikazioa eta erantzukidetasuna erraztu eta sustatuko duten ekintzak areagotu behar dira.

- Kalitatearen kulturaren adiera guztiak turismo-enpresaburuen eta -zerbitzu publiko nahiz pribatuen artean zabaltzeko ekintza areagotu egin behar da, Euskadiko turismo-garapenean jardun-ardatz estrategikoetako bat baita oraindik ere.

- Era berean, lehentasunezko eta trakzio- eta antolakuntza-gaitasun handiko proiektuak -Euskadiko helmuga-eskaintzakoak- selektiboki indartu behar dira oraindik ere.

- Laguntza-programaren kudeaketa-zikloaren itxiera (PDCA) sistematizatzeko beharrak ere badirau, hainbat neurri txertatuz, besteak beste, diruz lagundutako proiektuen helburuen lorpena eta proiektu horien inpaktuaren neurketaren hasiera ebaluatzea.

Beraz, aurrekoa kontuan hartuz, agindu honen jomuga hiru lan-ildori lehentasuna ematea da:

1.- Turismo-kudeaketarako erakundeak eta egitura publiko-pribatuak -eskualdekoak edota eskualdez gaindikoak- sortzea eta mantentzea, eskualde batean baino gehiagotan egiten diren turismo-produktuak kudeatzeko beharrezkoak diren kasuetan.

Ildo horretarako kudeaketa-irizpide espezifiko gisa, esparru berean erantzukizuna duten askotariko hainbat eragile publiko-pribaturen lan koordinatura bideratu nahi da erakunde eta egitura horien lana, sinergiak sortzea eta baliabideak eraginkortasunez kudeatzea faboratuz; hala eta guztiz ere, agindu honen erakunde hartzaileei irizpide hori behar adina denboraz (2010ean) kudeatzeko aukera eman behar zaiela ulertuz, arau hau argitaratzen den egunera arte indarrean dauden turismo-kudeaketako entitateei eta erakundeei ere laguntza ematen jarraituko zaie salbuespen gisa, baita publiko-pribatuak ez direnean ere.

2.- Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integrala garatzea eta ezartzea.

3.- Produktu-planak lantzea eta garatzea, eta aurreko Turismo Dinamizaziorako Planak berrezartzea, Produktu Planak kontuan hartuz.

Orobat, eta hiru ildoetarako komuna den kudeaketa-irizpide gisa, honako hauek lortu nahi dira: batetik, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia Berrietara (IKTB) jotzeko aukera estimulatzea, laguntza kudeatzeko prozesuen izapidetze telematikoa ahalbidetuz, IKTBen erabilera lehentasun-irizpideen barruan sartuz, eta abar, eta bestetik, turismo-dinamizaziorako planen eta lotutako ekintzen helburuen lorpenaren eta inpaktuaren balioespena sartzea, horiek kudeatzeko prozesuaren fase gisa.

Jarraitu beharreko prozesuan, agindu hau trantsizio-agindu gisa ezarri behar da. Alabaina, agindu honen ondorio esklusiborako, Euskadiren irudia (etapa horretako turismo-garapen eta -dinamizazioak irudi horretarako joera izan beharko du) lekuz aldatzea beharrezkotzat jo du Administrazioak: Euskadi esperientzia anitzeko turismo-helmuga gisa, lurralde-oreka duena, urtarokotasun murriztukoa eta kalitate handikoa dena, ingurumen-, ekonomia- eta kultura-iraunkortasunerantz eta irisgarritasunerantz abiatzeko helburua duena, Euskadi pertsona guztientzako turismo-helmuga gisa itxuratuz, eta hori guztia berrikuntzaren aldeko apustu irmoa eginez eta lehiakortasuna indartuz.

Horregatik guztiagatik, sartu nahi diren aldaketak aintzat hartuta, gaur egunera arte indarrean egon den Agindua aldaketak sistematikoki antolatuko dituen beste xedapen batekin ordeztea komenigarritzat hartzen da.

Horrenbestez, honako hau,

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen xedea da turismo-dinamizazio laguntza-programaren esparru orokorra garatzea; horren azken helburua honako hau da: Euskadi esperientzia anitzeko turismo-helmuga gisa, lurralde-oreka duena, urtarokotasun murriztukoa eta kalitate handikoa dena, ingurumen-, ekonomia- eta kultura-iraunkortasunerantz eta irisgarritasunerantz abiatzeko helburua duena, Euskadi pertsona guztientzako turismo-helmuga gisa itxuratuz, eta hori guztia berrikuntzaren aldeko apustu irmoa eginez eta lehiakortasuna indartuz.

2.- Laguntza-programa horren arabera, honako joera hauek izango dituzten jardunak lagunduko dira diruz:

- Turismo-kudeaketarako erakundeak eta egitura publiko-pribatuak sortzea eta mantentzea, eta eskualde batean baino gehiagotan egiten diren turismo-produktuak kudeatzeko beharrezkoak diren kasuetan, baita eskualdez gaindikoak ere.

- Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integrala garatzea eta ezartzea.

- Helmugaren Turismo Dinamizaziorako Planak eta Produktuaren Turismo Dinamizaziorako Planak garatzea, Produktuaren Turismo Dinamizaziorako Planak turismo-produktu estrategikoak garatzera murriztuz.

3.- Agindu honen ondorioetarako, turismo-produktu estrategikotzat hartuko dira Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren Marketin Planean halako gisa definitutakoak, ondoren adierazitako lehentasunekin; horretaz gain, halako produktuen deskribapena Sailburuordetzaren webgunean ere agertzen da: www.euskadi.net/turismo.

«A» lehentasunezko produktuak:

● Touringa:

- Produktu handiak.

- Gaikako Euskadi.

- Helmuga anitzekoa (Euskadi luzeagoa den ibilbide baten zati gisa).

● Gastronomia eta ardoak:

- Gourmeta.

- Herrikoia.

- Enologia.

● City break-ak:

- Aisia eta erosketak.

- Kultura.

- Ekitaldiak.

● Bilerak:

- Korporatiboak.

- Kongresuak.

- Konbentzioak.

«B» lehentasunezko produktuak:

● Landakoa:

- Landako aktiboa.

- Landako bizimodua.

● Natura eta abentura:

- Euskadi naturala.

- Ornitologia.

- Mendi-ibilia.

- Zikloturismoa.

- Surfa.

● Kultura eta ekitaldiak:

- Ondare historiko eta kulturala.

- Euskal usadioak.

- Done Jakue Bidea.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan zehaztutako xedeetarako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du kreditu horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarreko legedian aurreikusitako aurrekontuen aldaketak onartzen diren kasuan, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik, eta kasuak kasu, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan geratzen bada, betiere diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango da horren berri.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Agindu honetan araututako laguntzak jaso ahal izango dituzte EAEn kokatutako udalek, mankomunitateek eta beste hainbat erakunde publikok, garapen-agentziek, turismo-partzuergoek eta berezko izaera juridikoa duten eta turismoa sustatzen duten bestelako eskualde-erakundeek, eta irabazi-asmorik gabeko elkarte edo erakunde pribatuek, betiere horien helburuetako bat turismo-jardueraren garapena bada.

2.- Agindu honen babespean emandako diru-laguntzen erakunde onuradunek, jardunak egiteko 4 hilabetetik gorako luzapenik lortu badute, edota 5.14 artikuluari jarraiki, jardunen egikaritzeak atzerapenen bat izan badu, ezin izango dute proiektu bererako edota proiektu horrekin zuzenean lotuta dauden jardunetarako beste ezein laguntzaren onuradun izan laguntza horiek eman ziren deialdiaren hurrengo deialdian.

3.- Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jardunak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzen izaera diru-laguntza ez-itzulgarriena izango da, eta laguntza horiek honako jardun-ildo hauetako batera ego gehiagotara bideratu beharko dira:

1.- Turismo-kudeaketarako erakundeak eta egiturak sortzera eta mantentzea.

a) Turismo-lankidetzarako erakundeak sortzen eta mantentzen lagunduko da, eta baita turismo-kudeaketarako egiturak edo unitateak ere, betiere 3. artikuluan adierazitako erakunde onuradunek sustatzen badituzte, eta ondoren ezarritakoa betetzen badute:

- Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren Marketin Planean identifikatutako helmugaren eta/edo produktuen turismo-dinamizaziorako planen bitartez turismo-garapena sustatzeko helburua izatea.

- Lankidetza-akordioen edota bestelako formulen bitartez, turismo-sektorearekin zuzenean edo zeharka lotuta dauden eragile publiko eta pribatuak sartzea, betiere eragile horiek eskualde batean edota eskualdez gaindiko tokiren batean badihardute; azken kasu horretan, 1. artikuluan identifikatutako produktu batekin lotuta egon behar dute adierazitako eragileek.

- Gaitasun teknikoa eta kudeaketa-gaitasuna izatea. Horretarako, turismo-alorreko gaitasun frogagarria -espezifikoki turismo-alorrekoa den titulazio akademikoa duelako, edota sektorean gutxienez 3 urtez lan egin duelako- duen kudeatzaile arduradun bat izan behako du, eta kudeatzaile horrek esklusiboki egin beharko du lan helmugaren eta/edo turismo-produktuaren turismo-dinamizaziorako planean (kudeatzaile hori kontratatu izanaren xede den planean, hain zuzen). Honako eginkizun hauek bete beharko ditu: planaren jardun-proposamenak egitea eta sustatzea, plan horren helburuak hedatzea, jardun horiek eragin-eremuaren barruko turismo-tokian egin daitezkeen beste hainbat jardunekin koordinatzen saiatzea, finantzaketa bilatzea, eta abar. Bere jarduera ez da bateragarria izango turismo-bulegoetan jendeari zuzeneko arreta ematearekin, eta ezta helmugako kalitate-programetako langile teknikari kualifikatuek egindako jarduerarekin -4.2 artikuluan zehaztutakoarekin- ere.

Turismo-kudeaketarako egiturak edo unitateak, aurreko baldintzak betetzen badituzte, 3. artikuluan erakunde onuradun gisa jasotako mankomunitateen, garapen-agentzien eta bestelako erakundeen zati izan daitezke.

Adierazitako turismo-kudeaketarako egiturek edo unitateek berezko izaera juridikorik ez badute, erakunde bat izendatu beharko dute beren kideen artean, betiere 3. artikuluan xedatutakoari jarraiki erakunde onuradun izateko baldintzak betez, erakunde hori solaskidea eta ordezkaria bada, laguntzak eskatzeari, kudeatzeari, kobratzeari eta hala badagokio, Agindu honetan araututako laguntzetako bat lortzearen ondoriozko erantzukizunak bere gain hartzeari dagokionez. Izendapen hori behar bezala jaso beharko da horretarako sinatutako lankidetza-dokumentuan.

Turismo-kudeaketarako erakunde edo egitura desberdinak sortzeko edo mantentzeko laguntzarik ez da emango, jardunerako funtsean eremu geografiko edo material bera dutela kontuan hartzen bada. Beraz, zirkunstantzia hori gertatzen bada, honako hauei lagunduko zaie: aurkezten duten dinamizazio-plan turistikoari (helmugarena edo produktuarena) esker Agindu honetako I. eranskineko 1.A idatz-zatian jasotako lehentasun-irizpideetan puntuazio altuena lortzen dutenei.

b) Horri dagokionez, honako jardun hauek lagundu ahal izango dira diruz:

1) Lehen adierazitako erakundeak txertatzeko aurretiko azterlana, erakunde horiek berezko izaera juridikoa izango badute: erakunde horiek xedatzeko, eta hala badagokio, eratzeko laguntza teknikoa (proiektuaren azterketa eta bideragarritasuna, eratze-plana, eta abar).

2) Eratzeagatiko eta lehen ezarpenagatiko gastuak, lehen urteko ekipamendu eta altzariengatiko gastuak, berezko izaera juridikoa duten erakundeak sortzen badira.

3) Turismo-kudeaketarako erakundeen eta egituren eta turismo-dinamizaziorako aurreko aginduaren babespean sortutako turismo-lankidetzarako erakundeen funtzionamenduagatiko eta kudeaketagatiko gastuak, betiere erakunde eta egitura horien berezko lanak -planen bitartez onetsitako jarduera-programen kudeaketari buruzkoak- egiteko beharrezkoak badira, eta enpresak hurbiltzeko jomuga duten (euren artean hurbiltzeko, eta adierazitako erakunde eta egituren esparruan diharduten eragile publikoetara hurbiltzeko) partaidetza-mekanismoak -esaterako, «Turismo Mahaien» antolakuntza eta kudeaketa, eta abar- ezartzearen ondoriozko gastuak.

4) Idatz-zati honetan zehaztutako turismo-kudeaketarako erakundeetan eta egituretan eta turismo-dinamizaziorako aurreko aginduaren babespean sortutako turismo-lankidetzarako erakundeetan lan egiten duten langile kualifikatuengatiko gastuak, zuzenekoak edota laguntza teknikoaren bitartekoak.

5) Sareko lana erraztuko duten plataformak garatzeko eta ezartzeko ekipamendu informatikoa erosteagatiko edota laguntza teknikoagatiko gastuak.

2.- Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integrala txertatzea.

Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia SA erakundearekin (hemendik aurrera, Basquetour) lankidetzan, Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integralaren ereduarekin -«Turismo Kalitatera Hurbiltzeko Eredua» (MACT) metodologia, Espainiako «Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integrala» (SICTED), eta abar- lotutako turismo-helmugen kalitate-programetan parte hartzen duten turismo-erakundeek, zerbitzuek eta enpresek osatutako taldeei kudeaketa, laguntza eta/edo aholkularitza emateko langile teknikari kualifikatuak edota laguntza teknikorako langileak kontratatzeagatiko gastuak lagunduko dira.

Erakunde eskatzaileen antolakuntzan aurreko paragrafoan zehaztutako laguntza emateko prestatuta eta kualifikatuta dauden langileak badaude, adierazitako laguntza-lanetan langile horiek emandako denboraren ehunekoa lagundu ahal izango da diruz, kontuan hartuz talde batek pertsona baten 340 dedikazio-ordu behar dituela.

Kasu guztietan, deialdi bakoitzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integrala txertatzeko programari atxikitzeko protokoloa sinatuta izan behar du erakunde eskatzaileak Basquetour/Turespańa-rekin, laguntza horren onuradun izateko aukera edukitzeko.

3.- Produktuaren Turismo Dinamizaziorako Planak lantzea eta garatzea, eta Helmugaren Turismo Dinamizaziorako Planak berrezartzea eta garatzea.

a) Helmugaren Turismo Dinamizaziorako Plantzat eta Produktuaren Turismo Dinamizaziorako Plantzat (HTDP eta PTDP, hurrenez hurren) hartuko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten planak: batetik, Marketin Planarekiko edo/eta Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak web-orrian (www.euskadi.net/turismo) argitaratutako bestelako turismo-garapenerako planekiko koherentziari eutsiz, 3. artikuluan adierazitako erakundeek plan horiek onartu izana, eta bestetik, eskariaren urtarokotasuna apurtzeko, kalitatea kudeatzeko, enpresa-sarea osatzeko, merkaturatzeko eta ustiaketa berritzaile eta iraunkorra gauzatzeko estrategiak diseinatuz, hainbat jomuga izatea, hala nola baliabideen (naturalak, kulturalak, eta abar) turismo-potentzialtasunak modu orekatuan garatzea, helmuga baten erakargarritasunak errebalorizatzea, edota produktu berriak identifikatzea eta garatzea.

Helmugaren eta Produktuaren Turismo Dinamizaziorako Planak kudeaketa-tresna gisa sortzen dira, eta 4 urteko edota 4 urtetik beherako denbora-esparrua dute, eta egitura, helmuga edota baliabide eta finantza-baliabide jakin batzuekin lotuta daude.

Helmugaren Turismo Dinamizaziorako Planek honako idatz-zatiak bildu behar dituzte gutxienez:

- Planaren justifikazio-diagnostikoa (hala badagokio, turismo-erakargarritasunerako potentzialtasun handiko baliabideak, dagoen turismo-zerbitzuen eskaria, inplikatutako eragileak, indarguneak eta ahulguneak eta abar identifikatuz).

- Helburuak, eta hala badagokio, ardatz estrategikoak.

- Aurreikusitako planak eta ekintzak (kronograma, hala badagokio, marka-irudia, eta abar).

- Jasotako baliabideak eta horien antolakuntza.

- Planaren ekintzei eta urratsei egindako jarraipena.

- Helburuen lorpenaren azken ebaluazioa.

Produktuaren Turismo Dinamizaziorako Planen kasuan, 1. artikuluaren 3. idatz-zatian adierazitako turismo-produktu estrategikoekin lotuta egon behar dute, eta honako idatz-zatiak jaso beharko dituzte gutxienez:

- Planaren justifikazio-diagnostikoa (hala badagokio, eskaintzaren, eskumenaren eta eskariaren analisia eta AMIAren diagnostikoa ere identifikatu beharko dira).

- Turismo-produktua zehaztea eta horren ezaugarriak ezartzea.

- Produktuaren Marketin-plana (sustapena eta merkaturatzea).

- Garapenerako estrategia.

- Helburuen lorpenaren azken ebaluazioa.

b) Diruz lagun daitezkeen jardunak.

Aurreko paragrafoan finkatutako Helmugaren edo Produktuaren Dinamizaziorako Planen barruan identifikatutako proiektuak lagunduko dira diruz, Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak Basquetour Agentziaren bitartez garatu edo garatzen dituen turismo-produktuak ezartzeko eskatutakoak izan ezik; horrelako kasuetan, laguntzak eskatu dituzten erakundeek Basquetour erakundearekin horretarako formalizatutako lankidetza-akordioetan hitzartutakoa bete beharko dute. Halakoa da, esate baterako, honako hauen kasuak: «Euskadiko Zidor Sarea», «Euskadiko Lur Orotako Bizikleten Sarea», «Birding Euskadi», eta «Surfing Euskadi».

Horretarako, honako hauetarako jaso ahal izango dira laguntzak:

1) Eskualdez gaindiko, eskualdeko eta tokiko Produktuen Turismo Dinamizaziorako Planak lantzeko eta/edo eguneratzeko laguntza teknikoa, Turismo-alorreko 2010-2013ko Marketin Planarekin eta Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak turismoa dinamizatzeko garatutako eta web-orrian argitaratutako (www.euskadi.net/turismo) bestelako planekin bat etorraraziz.

2) Eskualdeetako nahiz hiru euskal hiriburuetako Helmugaren Turismo Dinamizaziorako Planak eguneratzeko eta berbideratzeko laguntza teknikoa, Turismo-alorreko 2010-2013ko Marketin Planarekin eta Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak turismoa dinamizatzeko garatutako eta web-orrian argitaratutako (www.euskadi.net/turismo) bestelako planekin bat etorraraziz.

3) Aurreko idatz-zatietan aipatutako planetan identifikatutako eta zehaztutako produktuen edota proiektuen azterlan espezifikoak.

c) Aurreko idatz-zatian xedatutakoaz gain, Helmugaren Turismo Dinamizaziorako Planetan finkatutako eta onetsitako edota Produktuen Turismo Dinamizaziorako Planetan xedatutako jardunak eta Basquetour Agentziarekin horrek sustatutako turismo-produktuen garapenerako sinatutako lankidetza-akordioetan jasotako jardunak ere diruz lagun daitezke, zehazki, honako hauek:

1) Ondare-elementu bereziak turismo-erabilerarako egokitzea, betiere berezitasun hori behar bezala justifikatuta badute, eta ondarea bera birgaitzeko eta zaharberritzeko obrak alde batera utzita. Bisitarako, harrera-azpiegituretarako eta informazio-euskarrietarako egokitzapenean eragina duten inbertsioak ere diruz lagunduko dira.

2) Turismo-baliabideen seinaleztapena, «EAEko Turismoko Seinaleen Eskuliburuan» ezarritako gomendioei jarraiki, eta hala badagokio, Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren webgunean jasotako gomendioei Produktuaren Turismo Dinamizaziorako Planei buruzkoa, EAEko Turismoko Marketin Plana- eta abarri jarraiki. Seinaleak diseinatzeari, egiteari, eta instalatzeari batera eragiten dieten jardunak diruz lagundu ahal izango dira.

3) Zidorren seinaleztapena eta tematizazioa diruz lagunduko dira, betiere zidorrak «Euskadiko Zidorren» sarean edota «Ibilbide Berdeen» sarean identifikatuta badaude edo horien barrukoak badira. Seinaleak diseinatzeari, egiteari, eta instalatzeari batera eragiten dieten jardunak diruz lagundu ahal izango dira.

4) 1. artikuluan identifikatutako turismo-produktu estrategikoekin bat etortzeaz gain, daudenen osagarriak diren eta lurraldeko kultura-nortasunarekiko eta/edo lurralde-eremu horretako turismo-produktuekiko koherentziari eusten dioten turismo-azpiegiturak sortzea.

5) Baliabide edo zona turistikoetara garraiatzeko turismo-zerbitzuak.

6) Batetik, bisitariei arreta ematen dieten profesionalen prestakuntza teknikoa, Itourbask sareko langileei zuzendutakoa izan ezik, eta bestetik, oro har biztanleriari zuzendutako sentsibilizazioa, betiere hori guztia helmugako turismo-produktuei lotuta badago.

7) Sare nazionaletan eta nazioarteko sareetan turismo-baliabideak edo -produktuak txertatzearen ondoriozko gastuak eta inbertsioak.

8) Ebaluazio Batzordearen balioespenaren arabera, Agindu honen 1.3 artikuluan jasotako turismo-produktu estrategikoak sortzeko eta garatzeko beharrezkotzat jotako bestelako jardun oro.

4.- Agindu honen bitartez lagundutako planen eta produktuen turismo-marketineko, -sustapeneko eta -merkaturatzeko jardunak, hala badagokio, laguntza jaso ahal izango dute, Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Laguntzen Programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko maiatzaren 17ko aginduaren esparruan, eta Agindu horretan jasotako baldintzei jarraiki.

5. artikulua.- Laguntzen baldintzak.

1.- Jardunei deialdi-ebazpena argitaratzen den ekitaldiaren barruan eman beharko zaie hasiera, eta emakida-ebazpenaren hurrengo ekitaldiaren uztailaren 1a baino lehen amaitu beharko dira. Salbuespen gisa, eta betiere aldez aurretik eskabidea egiten bada eta erakunde onuradunak justifikatzen badu, laguntzak eman zituen administrazio-organoak gehienez sei hilabeteko atzerapena eman ahal izango du egin beharreko jarduerak egikaritzeko.

2.- Nolanahi ere, gastu edota inbertsio onargarri gisa zenbatuko da gastu edo inbertsio horren balio «garbia», halakotzat hartuz Balio Erantsiaren Zerga kendu ondoren fakturatutako zenbatekoa.

3.- Soilik teknikoki edo ekonomikoki bideragarriak diren proiektuak lagundu ahal izango dira diruz.

4.- Eskabide bakar bat baino ez da onartuko erakunde eskatzaile bakoitzeko.

5.- Halaber, erakunde onuradun eta deialdi bakoitzeko azterlan bakar baterako laguntza teknikoa baino ez da lagunduko diruz.

6.- Oro har, turismo-azpiegituretan inbertitzeko proiektu bat zabalagoa den beste proiektu batean kokatuta badago, horren turismo-ustiaketari buruzko jardunak baino ezin izango dira diruz lagundu. Horren ildotik, proiektua gauzatzeko beharrezkotzat har daitezkeen baina proiektuaren turismo-diseinuarekin, -plangintzarekin, -finantzaketarekin eta -kudeaketarekin lotutako alderdiei buruzkoak ez diren azterlanak ere ez dira lagunduko; hots, ingurumen-inpaktuko azterlanak, azterlan geologikoak, arkeologikoak edota hirigintza-azterlanak eta antzekoak laguntza horietatik kanpo geratuko dira.

7.- Turismo-baliabideetan eta -azpiegituretan edota horien turismo-ustiaketa eta -kudeaketa dakarten elementuetan inbertitzeko azterlanek eta proiektuek ezinbestean hartu beharko dituzte barnean proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlan bat eta lotutako negozio-plana (jardunen xehetasunak, diru-sarrerak eta gastuak, eta abar), eta horretaz gain, baliabidearen titulartasuna edota baliabide horren lagapena (turismo-ustiaketarako) egiaztatu beharko dira.

8.- Agindu honen ondorioetarako, antzekoak izanik osagarriak ez diren proiektuak turismo-helmuga edota -toki berean erakunde desberdinek egiteko laguntza-eskabideak egiten badira, eta betiere proiektu horien garapena alderdi eskatzaileek adostu ez badute, hala badagokio, I. eranskinean jasotako balorazio-irizpideen arabera puntuazio altuena lortzen duen proiektuari lagunduko zaio.

9.- Laguntzen agindu honetan jasotako diru-laguntzen esparrutik kanpo geratuko dira turismo-bulegoetarako inbertsioak.

10.- Seinaleak instalatzea dakarten proiektu guztiek, proiektuaren azalpen-memoriaz gain (trazaduraren deskribapena, ibilbidearen seinaleztapenaren ezaugarri teknikoak eta ibilbidea adieraziko duen mapa jaso beharko ditu memoria horrek), organo eskudunaren instalazio-baimena izan beharko dute laguntza jaso ahal izateko.

Horretaz gain, Done Jakue Bidea seinaleztatzeko proiektuek Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren onespena ere izan beharko dute, eta hiriguneetako seinaleztapena baino ez da lagunduko diruz.

Era berean, eta hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoan mendi-ibiliak antolatu eta normalizatzeko apirilaren 16ko 79/1996 Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute mendi-ibiliek, eta baita foru-aldundiko organo eskudunak emandako mendi-ibilien ibilbideen proiekturako behin-behineko baimena eduki ere, dagokion federazio-entitateak proiektua behin-behingoz homologatu ondoren.

11.- Orokorrean, ondasunak mantentzeko eta berritzeko obrak ez dira diruz lagunduko, eta ezta erakunde eskatzailearen berezko gastuak eta kudeaketa-gastuak ere, Agindu honen 4. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan zehaztutako kasuetan izan ezik.

12.- Diruz lagundu diren ondasunek eskabidean aurreikusitako helburuei eutsi beharko diote eta helburu horietarako erabili beharko dira gutxienez 5 urteko denbora-tartean, abian jarri zireneko egunetik zenbatzen hasita, ekipamendu informatikoei lotutako gastuen kasuan izan ezik, horien gutxieneko denbora-tartea 3 urtekoa izango baita.

13.- Oro har, turismo-baliabideak eskuragarriak izango dira, eta turismo-baliabide horiek «Euskadiko Turismoko Irisgarritasunaren Ereduan» jasota badaude, diruz lagundu ahal izango dira, diagnostikatutako maila «eskuragarria» bada soilik (halako kasuetan, berdez adierazten dira).

14.- Aitzitik, proiektuak ezin izango dira diruz lagundu aurreko urteetan diruz lagundutako proiektuen jarraipenak izanda, Ebaluazio Batzordeak proiektuei dagokien deialdian balioespena emandakoan atzerapenik badute egikaritze-egutegian (11. artikuluan adierazten da hura), eta lurraldeko zerbitzu teknikoek atzerapen hori esanguratsutzat hartzen badute, proiektuaren garapena hainbat deialditan gainjartzen delako.

6. artikulua.- Laguntzen zenbatekoak eta ehunekoak.

1.- Laguntzen zenbatekoak eta ehunekoak honako hauek izango dira:

4. artikuluaren idatz-zatiekiko baliokidetasuna Kontzeptuaren deskribapen laburra ESKUALDEKO ETA ESKUALDEZ GAINDIKO EREMUA TOKI EREMUA

laguntzaren gehieneko ehunekoa, onartutako zenbatekoari aplikatua Laguntzaren gehieneko muga (eurotan) laguntzaren gehieneko ehunekoa, onartutako zenbatekoari aplikatua Laguntzaren gehieneko muga (eurotan)

(1) (2) (3) (1) (2) (3) (4)

1.- TURISMO KUDEAKETARAKO ERAKUNDEAK ETA EGITURAK SORTZEA ETA MANTENTZEA

b.1.- Aurretiko azterlana % 50 18.000 -- --

b..2.- Eraketa-gastuak. % 40 12.000 -- --

b.3.- Funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuak % 15 3.000 -- --

b.4.- Langile kualifikatuengatiko gastuak -- --

Turismo-lankidetzarako erakundeetako langile kualifikatuengatiko gastuak % 50 21.000

Erakunde eta egitura berrietako langileengatiko gastuak (zuzeneko kontratazioa) % 50 21.000

Erakunde eta egitura berrietako langileengatiko gastuak (laguntza teknikoa) % 50 18.0000

b.5.- Ekipamendu informatikoa erostea eta laguntza teknikoa kontratatzea % 50 12.000

2.- HELMUGEN TURISMO KALITATEAREN SISTEMA INTEGRALA TXERTATZEA.

Langile teknikari kualifikatuengatiko gastuak:

Erakunde eskatzaileko langileak % 50 18.000 % 50 18.000

Helburu espezifiko horretarako zuzeneko kontratazioa % 50 18.000 % 50 18.000

Kanpoko laguntza teknikoa % 50 15.000 % 50 15.000

3.- PRODUKTUEN ETA HELMUGAREN TURISMO DINAMIZAZIORAKO PLANAK LANTZEA ETA GARATZEA

b.1.- PTDP bat lantzeko laguntza teknikoa % 70 18.000 % 50 12.000

b.1.- PTDP bat eguneratzeko laguntza teknikoa % 50 15.000 % 50 9.000

b.2.- Eskualdeko eta EAEko hiru hiriburuetarako HTDPak berrezartzeko laguntza teknikoa. % 50 15.000

b.3.- HTDPetan eta PTDPetan zehaztutako produktu eta proiektuei buruzko azterlan espezifikoak. % 50 15.000 % 50 9.000

c HTDPetan eta HTDPetan zehaztu eta onetsitako eta/edo Basquetour-ekin adostutako jardunak. % 50 150.000 % 50 100.000

Laguntza-zenbatekoa jaso ahal izateko, diru-laguntzaren ehunekoa onartutako zenbatekoari aplikatuko zaio, honako kasu hauetan izan ezik:

a) Koadroaren 1. idatz-zatian adierazitako «funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuen» kasuan, koadroan jasotako diru-laguntzaren ehunekoa 4.1 artikuluan onartutako gainerako gastuen guztizko baturari aplikatuz kalkulatuko da diru-laguntzaren ehunekoa.

b) Erakunde onuradunaren berezko langileek emandako denboraren egozpenaren kasuan (koadroaren 2. idatz-zatian adierazten da hori), adierazitako jardueran sartutako denboraren kostuaren zenbatzeari aplikatuko zaio diru-laguntzaren ehunekoa.

c) Laguntza tekniko bidezko kontratazioa izan ez duten langileengatiko gastuen kasuan, soldata gordinari aplikatuko zaio diru-laguntzaren ehunekoa.

d) EAEko hiru hiriburuen turismo-garapenaren ardura duten erakundeen -4.3.b artikuluan zerrendatutakoen- proiektuek eskualdeko proiektuen tratamendu berbera izango dute, diru-laguntzaren ehunekoei eta diruz lagun daitekeen gehienezko zenbatekoari dagokienez.

2.- Tokiko edota tokiz gaindiko proiektuek, betiere Ebaluazio Batzordearen balioespenaren arabera, dagokien eragin-eremuan turismo-garapenerako estrategikotzat hartzeko baldintzak betetzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-erreferente bihurtzeko gaitasuna badute, «lehentasunezko turismo-intereseko proiektutzat» hartuko dira, eta beraz, proiektu horien ondoriozko jardunak, HTDPetan eta PTDPetan zehaztu eta onartutako jarduerei dagozkienak, eta/edo Basquetour erakundearekin adostutakoak, eskualdeko edota eskualdez gaindiko jardunen tratamendu berbera izango dute, gehieneko diru-laguntzei dagokienez. «Lehentasunezko turismo-intereseko proiektutzat» hartzeko, proiektu horien izaera berezia hartuko da kontuan, hots, paregabekoak izan beharko dute edo eremu geografiko berdineko edo izaera berdineko beste produktuekin alderatuta oso desberdinak izan beharko dute, gure Autonomia Erkidegoan erabiltzen ez diren edo kaltetuta dauden zenbait toki turistiko suspertzeko gai.

3.- Erakunde onuradun bakoitzak deialdi bakoitzeko eta Agindu honetan ezarritako kontzeptu guztiengatik jaso dezakeen gehieneko diru-laguntza honako hau izango da, jardun-eremuaren arabera:

a) 120.000 euro tokiko erakundeetarako, EAEko hiru hiriburuei dagozkienen kasuan izan ezik, horietarako gehieneko diru-laguntza 150.000 eurokoa izango baita.

Aurrekoa gorabehera, Ebaluazio Batzordeak tokiko erakunde bat «lehentasunezko turismo-intereseko proiektutzat» hartzen badu, tokiko erakunde horietarako gehieneko diru-laguntza 180.000 eurokoa izan daiteke.

b) 180.000 euro, erakunde onuradunen jardun-eremua eskualdekoa edota eskualdez gaindikoa den kasuetan.

7. artikulua.- Esleitzeko prozedura.

1.- Lehenik eta behin, 4. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako jardun-ildoetara egokitzen diren proiektuak dituzten erakundeen artean banatuko dira deialdi bakoitzean esleitutako baliabide ekonomikoak. Horregatik, aurrekontu-eskuragarritasunak nahikoak ez badira, horietara bideratutako guztizko zenbateko globala hainbanatuko da, hori kalkulatzeko diru-laguntza teorikoaren zenbatekoa oinarritzat hartuz.

2.- Aurrekoa egin ondoren, eta oraindik aurrekontu-erabilgarritasuna geratzen bada, 4. artikuluaren 3. paragrafoan adierazitako jardun-ildoetara egokitzen diren eskabideak aztertuko dira, betiere eskabide horien proiektuak tipologiaren arabera zehaztutako baldintzetara egokitzen badira. Proiektuak Agindu honetako eranskinean bildutako metodologia eta irizpideak jarraituz balioetsi eta puntuatuko dira. Ekintza horietako dirulaguntzak esleitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.4. artikuluan zehaztutako lehiaketa-sistema aplikatuko da.

3.- Batetik, baliabide ekonomikoak ikusirik, eta bestetik, lortutako puntuazioaren arabera ezarritako lehentasun-hurrenkera (proiektuena) kontuan hartuz, Ebaluazio Batzordeak proposatuko du funts soberakindunen banaketa, baita diru-laguntzaren gaitzespena proposatu ere, kreditu-agorpena dela-eta, puntuazio txikiena duten proiektuen kasuan.

8. artikulua.- Beste laguntza batzuekiko aldiberekotasuna.

1.- Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira gainerako entitate eta erakundeek emandako edozein laguntzarekin.

2.- Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, arau honen babespean emandako laguntzaren zenbatekoak ezin izango du inolaz ere gainditu laguntza hau emateko helburuaren kostu garbia, laguntza bakoitzarenak edo beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako bestelako diru-laguntzekin edo laguntzekin batera, eta jardun berberetarako eta/edo diruz lagundutako inbertsio berbetarako bestelako edozein diru-sarrera edo baliabide ere kontuan izanik; zenbateko hori gaindituz gero, soberakinari dagokion kopururaino murriztuko da Agindu honi jarraiki emandako laguntza.

9. artikulua.- Prozeduraren hasiera.

Agindu honek araututako laguntzak urtean behin egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira eta publizitatearen, lehiaren, objektibotasunaren eta berdintasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bidez egingo da deialdia, eta, bertan, ekitaldi honetako diru-laguntzak ematera bideratutako aurrekontu-esleipenaren zenbatekoa zehaztuko da, baita honako hauek ere: agindu honen 6. artikuluan ezarritako laguntzetarako zenbatekoak kontsumoko prezioen indizearen (KPI) araberako eguneratzea (hala badagokio) eta eskabideak aurkezteko epea eta tokiak.

10. artikulua.- Eskabideak eta dokumentazioa.

1.- Agindu honetan inplikatutako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta bestelako kudeaketak baliabide elektronikoen bitartez egin ahal izango dira, batetik, Administrazioaren prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili behar diren arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuari jarraiki (2008ko urtarrilaren 31ko EHAA, 22. zenbakia) eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuari jarraiki (2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zenbakia).

2.- Aukeratutako izapidea telematikoa bada, argibideak, eskabide-eredua eskuratzeko, eskabide hori Administrazioan aurkezteko, espedienterako sarbidea izateko eta beste hainbat izapide egiteko, www.euskadi.net webgunean sartu beharko da, behin Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpenaren bitartez laguntzen deialdia egin ondoren.

Eskabiderekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinadura elektroniko aitortuaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazio guztia erantsi beharko da, Administrazioaren prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili behar diren arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan xedatutakoari jarraiki.

3.- Aurreko aukeraren alternatiba gisa, Turismo Zuzendaritzara zuzendutako eskariaren bitartez ere egin ahal izango da eskabidea; bide hori aukeratuz gero, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko da, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako baliabideen arteko edozeinen bitartez.

Eskabidearen eta formularioen eredu bat Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Ordezkaritzetako edozeinetan lortu ahal izango da, edo bestela www.euskadi.net webgunean ere eskura daiteke eredu hori, behin Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpenaren bitartez laguntzen deialdia egin ondoren.

Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonak sinatuko du eskaria.

4.- Erakunde eskatzaileak proiektuaren datu orokorrak jasoko dituzten eskabidea eta formularioak bete beharko ditu, eta baita eskabide honetan jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko zinpeko aitorpen bat ere, zehazki, honako hauek:

- Aitorpena, erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela adierazten duena, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedaturikoari jarraiki.

- Eskatutako laguntza horien xede diren jardunak egiteko beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako nahiz horien bitartez lortutako laguntzen aitorpena.

- Inbertsio-proiektuen kasuan, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlan bat eta lotutako negozio-plana (jardunen xehetasunak, diru-sarrerak eta gastuak, eta abar) benetan dituela egiaztatzen duen aitorpena.

- Jardunak onartzeko garaian, erakunde eskatzailearen organo eskudunak laguntza-programa honen deialdian aurkezten diren baldintzen arabera egitea erabaki duela dioen deklarazioa, baita diruz lagundu ezin dena finantzatzeko konpromisoa onartzen duela ere.

Pertsona eskatzaileak lehen adierazitako zinpeko aitorpenean gezurrezko daturen bat jartzen badu, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraiki.

5.- Eskabideekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Egingo den proiektuaren azalpen-memoria, proiektuaren hasiera- eta amaiera-datak adieraziz.

b) Eskabidearen xede diren jardunen aurrekontu xehatuak. Deialdian diruz lagun daitekeen aldia baino egikaritze-epeak baino luzeagoak dituzten proiektuen kasuan, laguntza zein fase eta aurrekonturako eskatzen den zehaztu beharko da.

c) Identifikazio Fiskaleko Kodearen kopia.

d) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, edota gaitasun hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

e) Irabazi-asmorik gabeko erakunde edo elkarte pribatuek: Estatutuen fotokopia eta Elkarteen Erregistroko erregistroaren ziurtagiria.

f) Berezko nortasun juridikoa duten Garapen Erakundeek, turismo-partzuergoek, edota turismoa sustatzen duten bestelako erakundeek: erakundea egiaztatzeko dokumentazioa (eratze-eskrituraren, estatutuen eta erregistroan erregistratu izanaren ziurtagiriaren kopiak).

g) Zerga-betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte erakunde onuradunek. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako edo haren ordezko araudiko diru-laguntzen onuradunen zerga-betebeharrak egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritako kasuetan, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazioak, betiere erakunde eskatzailearen esanbidezko baimena badu, laguntzen eta diru-laguntzen erakunde eskatzaileen zerga-betebeharrak bete izanaren egiaztagiria eskatuko die zuzenean zerga-alorreko organo eskudunei. Erakunde interesdunen esanbidezko baimen hori espedientean jasota ez badago, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

h) Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte erakunde onuradunek.

6.- Era berean, eskabideekin batera, ondoren zehaztutako gutxieneko dokumentazioa ere aurkeztu beharko da:

a) Turismo-kudeaketarako egiturak sortzeko eta mantentzeko proiektuetarako:

1) Berezko nortasun juridikorik ez duten kudeaketa-egituren edo -unitateen kasuan, proiektuaren hezurmamitzean parte hartu duten partaide publiko eta pribatuek sinatutako lankidetza- eta kudeaketa-akordioa egiaztatzen duen eta behar bezala formalizatuta egon behar duen dokumentu bat aurkeztu beharko da, 4.1.a artikuluan adierazitakoari jarraiki.

2) Langileak kontratatzearen kasuan, honako hauek jasoko dituen informazioa ere aurkeztu beharko da: kontratu mota, kontratatutako pertsonaren esperientzia eta trebakuntza, bete beharreko eginkizunak.

3) Laguntza teknikoa kontratatzearen kasuan, honako hauei buruzko informazioa ere aurkeztu beharko da: kontratu-kondizioak, lanbide-esperientzia eta -trebakuntza, eta laguntza teknikoaren ardura izango duen pertsonaren eginkizunak.

b) Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integrala txertatzeko proiektuetarako:

1) Helmugaren kalitaterako programetan parte hartzen duten taldeei laguntzen eta aholkularitza ematen emandako denboragatik konpentsatzeko laguntza eskatzearen kasuan, honako informazio hau aurkeztu beharko da: pertsonaren identifikazioa, lan-kontratuaren fotokopia, pertsona hori Helmugen Turismo Kalitatearen Eredu Integrala txertatzeko prozesuan aholkularitza emateko kualifikatuta dagoela egiaztatzen duen prestakuntza eta lanbide-esperientzia, aholkularitza emango zaien taldeen kopurua, pertsona kualifikatuak horretan emango duen denbora eta bere lanaldian horrek izango duen ehunekoa.

2) Langileak kontratatzearen kasuan: kontratu mota, kontratatutako pertsonaren esperientzia eta trebakuntza, bete beharreko eginkizunak.

3) Laguntza teknikoa kontratatzearen kasuan: kontratu-kondizioak, lanbide-esperientzia eta -trebakuntza, eta laguntza teknikoaren ardura izango duen pertsonaren eginkizunak.

c) HTDPak eta PTDPak lantzeari eta garatzeari buruzko proiektuetarako (4.3 artikuluan jasota daude horrelako proiektuak):

1) Planak eta azterlanak lantzeko eta eguneratzeko laguntza-eskabideek plan eta azterlan horiei buruzko azalpen- eta justifikazio-memoria jaso beharko dute, planak lantzeko eta eguneratzeko laguntza eskatzearen kasuan, 4.3.a artikuluan adierazitako egiturei eta planei buruzko idatz-zatira haren edukiak egokituz.

2) Era berean, HTDPetan eta PTDPetan onartutako ekintzak eta Basquetour Agentziarekin adostutako ekintzak gauzatzeko laguntza-eskabideek horiei buruzko azalpen-memoria bat ere erantsi beharko dute. Aipatutako planetan hasiera batean aurreikusi gabeko ekintzen kasuan, berriz, ekintza horiek barnean hartzen dituen Plana aldatu eta onetsi izana justifikatu beharko du erakunde eskatzaileak.

3) Inbertsio-proiektuek: proiektu teknikoa (memoria eta planoak).

4) Baliabide bat turismo-helbururen batekin sortzeko, ustiatzeko edota erabiltzeko xedea duten azterlanen eta/edo proiektuen kasuan, baliabide horren titulartasunaren edota turismo-ustiaketarako lagapenaren justifikazioa aurkeztu beharko da.

5) Seinaleak instalatzea dakarten proiektuen kasuan, udaleko edota foru-aldundiko organo eskudunaren instalazio-baimena aurkeztu beharko da laguntza jaso ahal izateko.

6) Orobat, Done Jakue Bidea seinaleztatzeko proiektuen kasuan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak proiektu hori onartu duela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko da.

7) Zidorren proiektuen kasuan, foru-aldundiko organo eskudunak emandako mendi-ibilien ibilbideen proiekturako behin-behineko baimena aurkeztu beharko da, dagokion federazio-entitateak proiektua behin-behingoz homologatu ondoren (79/1996 Dekretuaren 9. artikulua).

8) Euskadiko Turismoko Irisgarritasunaren Ereduan jasotako tipologia duen baliabideren bat sortzeko laguntza eskatzearen kasuan, adierazitako ereduari jarraiki proiektu horrek duen irisgarritasun-mailaren ebaluazio-diagnostikoa aurkeztu beharko da.

7.- Funtsean jardun-eremu geografiko edo material berekotzat hartutako erakundeak eta egiturak -lehen adierazitakoak- sortzeko eta/edo mantentzeko hainbat laguntza-eskabide aurkezteko kasuan, erakunde eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte: erakundea sortzeko edo etorkizunean sortzeko oinarria izan diren turismo-dinamizazioaren plan edo planak eta oro har, proiektuak balioestea ahalbidetzen duen informazio guztia.

8.- Erakunde interesdunak eta Basquetour erakundeak formalizatutako atxikipen-akordioak eta/edo protokoloak (halakorik badago) aurkeztea ez da derrigorrezkoa izango. Halakorik badago, adierazitako akordioak zein egunetan formalizatu ziren eskabidean adieraztea nahikoa izango da.

9.- Nolanahi ere, aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotako dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dio Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak enpresa eskatzaileari, eta baita arau honetan esanbidez aurreikusita ez dagoenari dagokionez Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoa aplikatuko dela jakinarazi ere.

10.- Erakunde eskatzaileek laguntza jasotzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute horrekin batera aurkezten den dokumentazioarekin, haiek aukeratu duten hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardueretan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.- Aurkeztutako eskabidearen akatsak zuzentzea.

Eskabidea oso-osorik beteta aurkezten ez bada, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan eskatuko diote Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-ordezkariek, eta hori egiten ez badu, eskabideari uko egingo zaiola adieraziko diote, horri buruzko dagokion ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraiki.

12. artikulua.- Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Ordezkaritzari, eta hala badagokio, Basquetour Agentziari dagokio erakunde eskatzaileari eskatzea aurkeztutako eskabide bakoitza behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotako dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia aurkezteko.

2.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Ordezkaritzek ulertzen badute eskabideren bat hobeki datorrela bat Turismo Zuzendaritzak kudeatutako beste laguntza-programaren batekin (erabat edo partzialki), ofizioz igorriko ditu horiek izapidetzen dituen organora, betiere adierazitako laguntza-programetan eskabideak aurkezteko epeek ahalbidetzen badute, eta erakunde eskatzaileari aldaketaren berri emanez.

3.- Lurralde Ordezkaritzek eskabide bakoitzeko txosten bat igorriko dute Ebaluazio Batzordera; agindu honetan jasotako betekizunak betetzen ote diren aztertu ondoren, txosten horretan, Agindu honen 7. artikuluan jasotako lehentasun-irizpideen betetze-maila laburtuko duen puntuazio bat proposatuko baita diru-laguntzarako zenbatekoari buruzko proposamena ere. Hori guztia, Ebaluazio Batzordeari espedienteen balioespen bateratua egitea errazteko.

Era berean, Ebaluazio Batzordeak «lehentasunezko turismo-intereseko proiektutzat» har daitezkeen tokiko proiektuak zehaztuko ditu, Agindu honen 6.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

4.- Aurkeztutako eskabideen baterako ebaluazioa egiteko eta horiei dagozkien ebazpen-proposamenak organo eskudunari aurkezteko (laguntzen zenbatekoa zehaztuz), Batzorde bat eratuko da.

Ebaluazio Batzordeko burua Turismoko zuzendaria edota hark esku emandako pertsona izango da, berdinketarik gertatuz gero, Batzordeko buru horrek erabakiko du bere botoarekin, eta batzordekideak izango dira Gipuzkoako lurralde-ordezkaria, Arabakoa, Bizkaikoa, Basquetour-eko zuzendaria, eta Turismo Zuzendaritzaren hiru teknikari; teknikari horietako batek batzordeko idazkari gisa jokatuko du, eta ezin izango du bozkatu.

5.- Ebaluazio Batzordea burujabea izango da erabakiak hartzerakoan; erabakiak bozketa-prozedura bidez hartuko dira. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio.

13. artikulua.- Diru-laguntzak ematea.

1.- Urteko deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, Turismoko zuzendariak sei hileko epea izango du administrazio-ebazpenak eman eta jakinarazteko, eta ebazpen horien bitartez eskatutako laguntzak eman edo ukatuko dira. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen aurrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraiki.

Epe hori igaro ondoren inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, erakunde interesdunak bere eskabidea ez dela onartu uler dezake, organo eskudunak eskatutako diru-laguntzari dagokionez esanbidezko ebazpena emateko duen betebeharra alde batera utzi gabe.

2.- Laguntzak emateko ebazpena enpresa interesatu bakoitzari jakinarazi beharko zaio banan-banan. Horrez gainera, esleipendunen eta onartutako dirulaguntzen zerrenda ere argitaratuko da urtero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

14. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketa.

1.- Diru-laguntzaren ordainketa egiteko Turismoko zuzendariaren administrazio-ebazpena beharrezkoa izango da, eta bi alditan ordainduko da, ondoren adierazten den bezala: diru-laguntzaren % 70, emandako laguntza onartu ondoren, edo hala badagokio, agindu honen 18.1 artikuluan ezarritako epea igaro ondoren, eta gainerako % 30a, berriz, egindako inbertsioak eta/edo gastuak justifikatu ondoren, aurreko paragrafoan xedatutakoari jarraiki.

2.- Aurrekoa gorabehera, ordainketa bakar batean ordaindu ahal izango da diru-laguntza, betiere Ebaluazio Batzordearen bileran aldez aurretik eta dokumentazio bidez justifikatzen bada eskatutako laguntzaren xede diren jardunak jadanik egin direla.

15. artikulua.- Justifikazioa.

1.- Erakunde onuradunak, jardunak egin ondoren, eta nolanahi ere, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu den urtearen ondorengo urteko abuztuaren 1a baino lehen, jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du, salbu eta luzapenik ematen bada, luzapeneko kasuetan hilabeteko epea izango baitu, inbertsioak egiteko epe luzatua amaitu zenetik zenbatzen hasita:

a) Diruz lagundutako proiektuaren egikaritze-memoria, besteak beste, egindako jarduerak eta horien kostua jaso beharko dituena oro har, egindako gastu bakoitzaren banakapenarekin.

Planak eta azterlanak lantzeko eta eguneratzeko diru-laguntza jasotzen badu, erakunde onuradunak, diru-laguntzaren bigarren ordainketa jaso ahal izateko, hasiera batean Sailburuordetzan aurkeztutako informazioa eguneratu beharko du, eta planak lantzeko eta eguneratzeko laguntza eskatuz gero, 4.3.a artikuluan adierazitako planen egiturei dagozkien idatz-zatiak bete beharko ditu, helburuen lorpenaren azken ebaluazioari buruzko informazioa izan ezik, informazio horren kasuan, ondoren adierazitako moduan aurkeztu beharko baita.

Era berean, diru-laguntza 4.3.c artikuluan jasotako ekintzak egikaritzeko jasotzen bada, Sailburuordetzak diruz lagundutako planaren barnean hartutako azken ekintza egikaritu zen egunetik urtebeteko denbora-tartea igaro ondoren, erakunde onuradunak hasiera batean planean identifikatutako helburuen lorpena jakinarazi beharko du Turismo Zuzendaritzan.

b) Fakturen koadroa; horretan, behar bezala zerrendatu eta diruz lagundutako jardun bakoitzarekin lotu beharko da faktura bakoitza, eta horretaz gain, ondoren adierazitako informazioa xehatu beharko da faktura bakoitzerako: fakturaren data, hornitzailea, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barnean hartu gabe). Behar bezala osatutako fakturak baino ez dira onartuko, eta betiere horien gastu-kontzeptuak laguntzaren xedearekin argi eta garbi eta esanbidez lotuta badaude. www.euskadi.net webgunean ere lortu ahal izango da eredu bat.

c) Behin betiko fakturen edo obra amaitzeagatiko ziurtagirien fotokopia konpultsatuak, eta azken horiek bat etorri beharko dute goian aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Gastuen/inbertsioen egiaztapena ere faktura elektronikoen bidez egin daiteke, betiere zerga-arloan onartuak ahal izateko baldintzak betetzen badituzte.

d) Lan-kontratuaren eta dagozkion nominen fotokopia, pertsona kualifikaturen bat kontratatzeko diru-laguntza jasotzen den kasuetan.

e) Plantillako pertsona baten lan-denboraren barruan, Helmuga Kalitateko programan emandako denbora-zatia finantzatzeko diru-laguntza eskatu duen erakundeko pertsona eskudunaren aitorpena, honako hauek jasoko dituena: taldeen kopurua, talde horien antolaketa, horrelako programetan emandako orduen kopurua guztira, ordu horiek guztizkoan duten ehunekoa, eta kostua.

f) Diruz lagundutako azterlanen eta proiektuen kopiak.

g) Ordainketa izapidetzen den egunean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura diru-laguntzen onuradunek zerga-betebeharrak bete izana egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantzen sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan edo haren ordez ezarritako araudian jasotako kasuak gertatzen direnean, egiaztapen hori Agindu honetako 10. artikuluaren 5. idatz-zatiaren G paragrafoan zehaztutako moduan egingo da.

h) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela adierazten duen egiaztagiria.

2.- Fakturen koadroetan eta/edo obren ziurtagirietan, eskabidea aurkeztu den ekitaldiari dagozkionak onartuko dira, baita eskabidean onetsitako jardunei dagozkienak ere, baldin eta ondorengo urteko uztailaren 1a baino lehenagokoak badira. Luzapena eman bada, aldiz, aldi horretan bildutakoak ere onartuko dira.

3.- Ikuskatzaileek, edota Lurralde Ordezkaritzako langile izendatuek, bestalde, zinpeko aitorpenean, fakturen koadroetan eta ordainketa-fasean emandako gastu-ziurtagirietan jasotako datuen egiazkotasuna egiaztatu ahal izango dute, eta baita diruz lagundutako proiektua ebazpenean ezarritakoari jarraiki benetan hezurmamitu ote den ere, aurkeztutako dokumentazioa aztertuz eta/edo ikuskatze-bisitaldiaren bitartez. Era berean, beharrezkotzat hartutako dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezake. Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Lurralde Ordezkaritzak ziurtagiri bat egingo du, eta ondoren, Turismo Zuzendaritzara igorriko du ziurtagiri hori. Ziurtagiri horretan, dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatuko du, egindako inbertsioaren edo gastuaren arabera.

Horren haritik, diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, erakunde onuradunak benetan egindako eta justifikatutako inbertsioaren edo gastuaren kostuari emakida-ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaio, eta horren zenbatekoak inolaz ere ezin izango du gainditu adierazitako ebazpenean baimendutako kopurua.

Hala eta guztiz ere, Lurralde Ordezkaritzak onetsitako inbertsioa edo gastua emakida-ebazpenean onetsitakoa baino txikiagoa bada, Turismo Zuzendaritzan dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa konpon dezan.

16. artikulua.- Laguntzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontutan hartutako baldintzak aldatzen badira, nolanahi ere, horrekin batera beste administrazio nahiz erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, emakida-ebazpena aldatu ahal izango da, betiere diru-laguntzen onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira. Horretarako, Turismo Zuzendaritzak aldaketa egiteko dagokion Ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

17. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

1.- Emandako diru-laguntza onartzea. Horren haritik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek diru-laguntza horri uko egiten diotela esanbidez adierazten ez badute idazki batean, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.- Emandako diru-laguntza eskatutako helburu zehatza betetzeko erabiltzera behartuta daude erakunde onuradunak, salbu eta aurreko artikuluan ezarritakoa aplikatu behar bada; horretaz gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jardunak bete dituela justifikatu beharko du erakunde onuradunak, Agindu honetan eta laguntzaren emakida-ebazpenean ezarritakoari jarraiki.

3.- 5.12 artikuluan adierazitakoari jarraiki, diruz lagundu diren ondasunak mantentzea eta/edo berritzea.

4.- Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea laguntza eman duen organoari. Horren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori eta, edonola ere, jasotako fondoei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

5.- Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibotan aldaketarik badago, aldaketa hori egin baino lehen horren berri ematea.

6.- Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, eskatzen dioten informazio guztia aurkeztea.

7.- Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako azken justifikazioaren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

8.- Erakunde onuradunak nahitaez aipatu beharko du Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lankidetza, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarriei jarraiki egokiena den moduan, proiektua gauzatzen ari denean nahiz amaitzen denean. Azpiegituretako inbertsioen kasuan, lankidetza horren berri ematen duten informazio-panelak ipini beharko ditu.

9.- Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintza argitaratzeko edo iragartzeko edo ekintza horri publizitatea emateko, bi hizkuntza ofizialak erabiltzea eta hizkuntzaren erabilera ez-sexista zaintzea. Aldi berean, pertsona fisikoek eta juridikoek diru-laguntzaren erakunde onuradunarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.

10.- Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea.

18. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Erakunde onuradunak ez badu betetzen, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan ezarritakoa ez ezik, agindu honetan eta aplika daitezkeen gainerakoetan ezarritako betebeharrak, eta, hala badagokio, Ebazpenean ezarriko diren baldintzak, organo eskudunak ez betetzeagatiko txostena egingo du interesdunaren arrazoiak entzunez. Jarraian, Ebazpena emango du, eta, hartan, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, baita jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta egokitzat joko diren gainerako ekintzak aparte utzi gabe. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.- Ez-betetzearen arrazoien artean, onartutako aurrekontuaren % 25etik gorako desbideratzeak egongo dira, salbu eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak desbideratze hori behar bezala justifikatu dela uste badu.

3.- Turismo Zuzendaritzari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea hastea eta horri buruzko erabakia hartzea.

4.- Itzultzeko prozedura administrazioko arau-haustea eragin duten gertakarien ondorioz hasten bada, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio, dagokion zigor-prozedurari hasiera eman diezaion.

19. artikulua.- Kontrola.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren zerbitzu teknikoek egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egin ahal izango dituzte, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokionez; horrela, erakunde onuradunei adierazitako ondorioetarako eskatutako informazio eta egiaztapen-dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute erakunde onuradun horiek.

ALDI BATERAKO XEDAPENAK

1.- Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen 2003ko apirilaren 16ko Aginduari jarraiki (Agindu honek indargabetu zuen arte, indarrean zegoen Agindu hori, eta lurraldeko turismoa indarberritzeko planetarako laguntzak ezartzen zituen) aurreko urteetan diruz lagundu baziren, eta dagokien Lurralde Ordezkaritzak proposamena egin ondoren 2009an diruz lagundutako fase bati jarraipena emango dion eskabide bat 2010ean aurkeztu bazen, faseka egikaritu beharreko inbertsio-proiektuak 1.3 artikuluan deskribatutako produktuen pareko estrategikotzat har daitezke, betiere Ebaluazio Batzordeak hori xedatzen badu, inbertsioen izaeraren arabera. Horrelako kasuetan, jatorrizko kondizioei eutsiko zaie proiektua amaitzen den arte.

2.- 2010eko ekitaldian, turismo-dinamizaziorako planak garatzeko langile kualifikatuak zuzenean edota laguntza teknikoaren bitartez kontratatzeagatiko gastuak diruz lagunduko dira, laguntzen Agindu honen 4.1 artikuluan jasotako definizioarekin bat ez datozen baina ordura arte indarrean zegoen turismo-dinamizaziorako Aginduaren babespean kontzeptu horrengatik diru-laguntzaren bat jaso zuten eskualdeko erakundeen kasuan.

3.- Aurreko urteetan diruz lagundutako HTDPen barruan kokatutako ekintzetarako diru-laguntza eskatzen bada, eranskinaren 1.A idatz-zatiaren barnean hartutako irizpideen balioespena irizpide horiei dagokien guztizko puntuazio neurgarri posiblearen % 50en araberakoa izango da, salbu eta erakundeak HTDP hori eranskinean deskribatutako prozedurari jarraiki balioesteko behar den informazio guztia aurkezten badu, kasu horretan, eranskinean deskribatutako prozedurari jarraituko baitio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honako agindu hauek indargabetu dira: Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2003ko apirilaren 16ko Agindua, Lurraldeko turismoa indarberritzeko planetarako laguntzak ezartzen dituena eta Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2005eko apirilaren 6ko Agindua, Lurraldeko turismoa indarberritzeko planetarako laguntzak ezartzen zituen Agindua aldatzen duena. Era berean, Agindu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapenak ere indargabetuta geratuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarrean.

Bigarrena.- Agindu honen aurka, Euskadiko Auzitegi Nagusian Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa ezarri ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 15a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza

eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

ERANSKINA

LEHENESPEN IRIZPIDEAK

1.- Planen lehenespena:

1.A.- Helmugaren eta Produktuen Turismo Dinamizaziorako Planak garatu baino lehen balioetsiko dira, eta balioespen horren ondoriozko puntuazioa, berriz, plan horien zati diren jardun bakoitzaren balioespenaren barruan sartuko dira. Irizpideak eta horien deskribapen eragileak honako hauek izango dira.

a) Irisgarritasuna:

Proiektuaren diseinuan jasotako Irisgarritasunaren maila balioetsiko da, premia bereziak dituzten pertsonen kolektiboen beharrei (*) nahiz produktuak ordutegien, garraioaren eta abarren arabera duen eskuragarritasunari dagokionez.

(*) Jardun-planen barruan hartutako baliabideak Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduan jasotako baliabideen tipologiarekin bat badatoz (http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-33325/es/contenidos/informacion /modelo_accesibilidad_turismo/es_mod_acc/mod_acc.html), kasuan kasu, baliabideen irisgarritasunaren diagnosiaren emaitza balioetsiko da.

b) Proiektuaren kalitate metodologikoa: proiektuaren kalitate metodologikoa balioesteko, ondoren adierazitako aldagai bakoitza hartuko da kontuan, eta baita horien elkarrekiko koherentzia ere:

1.- Diagnostikoa: aurkeztutako informazioa laburra eta kalitate handikoa izatea balioetsiko da (proiektuaren ezaugarri nagusiak eta haren indarguneak eta ahulguneak identifikatzea, turismo-erakargarritasun handiko baliabideak eta proiektuaren eta inplikatutako kolektiboen parte-hartzearen esparruan eragina duten beste hainbat turismo-jardun ezagutzen direla nabarmenduz, gutxienez), eta baita proiektu hori eta ez beste bat egitearen arrazoia ere.

2.- Helburuak: batez ere, helburuen justifikazioa eta koherentzia balioetsiko da, bereziki aurkeztutako diagnosiari dagokionez, eta baita egin beharreko lorpenak eta eragina diagnostiko horren adierazpenean identifikatzea ere.

3.- Aurreikusitako ekintzak: horien egingarritasuna balioetsiko da (horien zehaztapen-eta elkarlotura-maila, arriskuen identifikazioa, kronograma eta abar abiapuntutzat hartuz).

4.- Baliabideak: jarduerak egiteko eta helburuak lortzeko mobilizatutako baliabideak nahikoak izateari buruzko nabaritasunak aurkeztea balioetsiko da.

5.- Jarraipena eta Balioespena: emaitzei jarraipena egiteko eta emaitzak kontrolatzeko prozedura koherentearen zehaztapen-maila balioetsiko da, eta baita helburuen lorpenaren eta aurreikusitako inpaktuaren azken balioespena egiteko prozedura ere.

c) Sinergiak eta/edo garapen-estimuluak sortzea: turismo-baliabide ugari produktu bilakatzeko ekintzan Planak eman dezakeen laguntza balioetsiko da, beste hainbat turismo- edota aisia- inbertsio pribatu sustatzeko gaitasunaz gain, eskaintzaren urtarokotasuna murrizten eta/edo toki horretako egonaldia luzatzen laguntzeko gaitasuna duelako.

d) Aldez aurretik diruz lagundutako proiektuen egikaritze-maila: enpresa eskatzailea turismo-dinamizaziorako Aginduaren kargura doan beste laguntzaren baten onuradun izan bada azken 5 urteetan, lortutako egikaritze-maila balioetsiko da.

e) Hitz emandako finantzaketa-maila.

f) Eragileen inplikazio-maila: inplikatutako eragile publikoen eta pribatuen proportzioa balioetsiko da, eta baita EAEren maila bereko edo handiagoko esparruko sareetako eta abarretako partaidetza ere.

g) Turismo-sustapenerako eta -merkaturatzerako planekiko elkarlotura-maila: produktua sustatzeko eta merkaturatzeko plan bat dagoela egiaztatzen duten nabaritasunen maila balioetsiko da.

h) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia Berriak (IKTBak) txertatzea Proiektuaren diseinuan, garapenean eta balioespenean IKTBak txertatu izana egiaztatzen duten nabaritasunen maila balioetsiko da.

i) Proiektuaren lurralde-eremua: «lehentasunezko turismo-intereseko» tokiko proiektuak badira.

j) Iraunkortasuna: proiektua diseinatzean eta egikaritzean jasotako iraunkortasun-maila (ingurumen-alorrekoa, kulturala eta ekonomikoa) balioetsiko da.

Horretaz gain, hala badagokio, proiektuaren geografia-eremua udalerri batekin edo gehiagorekin identifikatzen bada, Agenda 21 tokiko proiektuari atxikitzen zaiola, edota, nolanahi ere, lurralde-plangintza iraunkorrerako baliabideak dituela egiaztatzen duten nabaritasunak ere balioetsiko dira.

1.B.- Aurreko irizpide bakoitzean gehienez lor daitekeen puntuazioa 10 punturainokoa izango da eskualdeko eta eskualdez gaindiko proiektuen kasuan, c eta e irizpideetan izan ezik, horietan 15 punturainokoa izango baita; i irizpidea, aldiz, ez da balioetsiko. Tokiko proiektuen kasuan, gehieneko puntuazioa 8 puntukoa izango da, c eta e irizpideetan (12 punturainokoa da irizpide horietan) eta j irizpidean (20 punturainokoa izango da kasu horretan) izan ezik.

1.C.- Helmugaren Turismo Dinamizaziorako Plan batek guztira lor dezakeen puntuazioa 80 puntukoa izango da, eta Produktuaren Turismo Dinamizaziorako Plan batek lor dezakeena, berriz, 100 puntukoa; horretarako, eranskin honen 1.B idatz-zatian zehazten denaren arabera lortutako puntuazioaren batukaria dagokion koefizientearekin biderkatuko da:

- Helmugaren Turismo Dinamizaziorako Planak: 0,8.

- Produktuaren Turismo Dinamizaziorako Planak eta/edo Basquetour Agentziarekiko lankidetza-akordioaren bitartez kudeatutako produktuak garatzeko planak: 1.

2.- Ekintzen lehenespena:

2.A.- Ekintza bakoitzaren balioespenerako, ekintza mota bakoitzerako espezifikoak diren honako irizpide hauek kontuan hartuko dira (bakoitzari 10 puntu emango zaizkio gehienez):

2.A.1.- Azterlanak eta laguntza teknikoak, 4. artikuluaren 3.b.3 idatz-zatiari dagozkionak, honela balioetsiko dira, hala badagokio:

1) Ekintzak dagokion planarekin duen koherentzia.

2) Marketin Planaren bitartez, eta hala badagokio, Sailburuordetzaren gainerako turismo-planen bitartez gauzatutako ekintzaren lehenespen-maila.

3) Azterlanaren edo laguntza teknikoaren justifikazioa.

4) Aldez aurretik diruz lagundutako proiektuen egikaritze-maila.

2.A.2.- Ondare-elementu berezien egokitzapena, 4. artikuluaren 3.c.1 idatz-zatiari dagokiona, honela balioetsiko da, hala badagokio:

1) Ekintzak dagokion planarekin duen koherentzia.

2) Marketin Planaren bitartez, eta hala badagokio, Sailburuordetzaren gainerako turismo-planen bitartez gauzatutako ekintzaren lehenespen-maila.

3) Aldez aurretik diruz lagundutako ekintza baten jarraipena izatea, ekintza berria izan ordez.

4) Ondare-elementuaren nabarmentasuna (udalekoa, nazioartekoa, eta abar).

5) Ondare-elementuaren irisgarritasuna (horretara iristeko modua: sarbidea, garraiobidea, eta abar, Sailburuordetzaren webgunean deskribatutako Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduaren arabera jasotzen dituen dibertsitate funtzionalen kopurua).

6) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia Berriak (IKTBak) txertatzea.

7) Aldez aurretik diruz lagundutako proiektuen egikaritze-maila.

8) Eragileen inplikazio-maila.

9) Hitz emandako finantzaketa-maila.

2.A.3.- Baliabideen seinaleztapena eta zidorren seinaleztapena/temitizazioa, 4. artikuluaren 3.c.2 eta 3.c.3 idatz-zatiei dagozkienak, honela balioetsiko dira, hala badagokio:

1) Ekintzak dagokion planarekin duen koherentzia.

2) Marketin Planaren bitartez, eta hala badagokio, Sailburuordetzaren gainerako turismo-planen bitartez gauzatutako ekintzaren lehenespen-maila.

3) Aldez aurretik diruz lagundutako ekintza baten jarraipena izatea, ekintza berria izan ordez.

4) Ekintza seinaleztapen-plan espezifiko baten barruan txertatzea.

5) Aldez aurretik diruz lagundutako proiektuen egikaritze-maila.

6) Hitz emandako finantzaketa-maila.

2.A.4.- Turismo-azpiegiturak, 4. artikuluaren 3.c.4 idatz-zatiari dagozkionak, honela balioetsiko dira, hala badagokio:

1) Ekintzak dagokion planarekin duen koherentzia.

2) Marketin Planaren bitartez, eta hala badagokio, Sailburuordetzaren gainerako turismo-planen bitartez gauzatutako ekintzaren lehenespen-maila.

3) Aldez aurretik diruz lagundutako ekintza baten jarraipena izatea, ekintza berria izan ordez.

4) Baliabidearen irisgarritasuna (horretara iristeko modua: sarbidea, garraiobidea, eta abar, Sailburuordetzaren webgunean deskribatutako Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduaren arabera jasotzen dituen dibertsitate funtzionalen kopurua).

5) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia Berriak (IKTBak) txertatzea.

6) Aldez aurretik diruz lagundutako proiektuen egikaritze-maila.

7) Eragileen inplikazio-maila.

8) Hitz emandako finantzaketa-maila.

2.A.5.- Garraioa, 4. artikuluaren 3.c.5 idatz-zatiari dagokiona, honela balioetsiko da, hala badagokio:

1) Ekintzak dagokion planarekin duen koherentzia.

2) Marketin Planaren bitartez, eta hala badagokio, Sailburuordetzaren gainerako turismo-planen bitartez gauzatutako ekintzaren edo hala badagokio, ekintzak elkarlotzen dituen baliabideen lehenespen-maila.

3) Aldez aurretik diruz lagundutako ekintza baten jarraipena izatea.

4) Elkarlotutako turismo-baliabideen kopurua.

5) Eskaintza osoa izan dadin lortzeko, zenbateraino behar den zerbitzua.

6) Aldez aurretik diruz lagundutako proiektuen egikaritze-maila.

7) Eragileen inplikazio-maila.

8) Hitz emandako finantzaketa-maila.

2.A.6.- Prestakuntza, 4. artikuluaren 3.c.6 idatz-zatiari dagokiona, honela balioetsiko da, hala badagokio:

1) Ekintzak dagokion planarekin duen koherentzia.

2) Marketin Planaren bitartez, eta hala badagokio, Sailburuordetzaren gainerako turismo-planen bitartez gauzatutako ekintzaren lehenespen-maila.

3) Aldez aurretik diruz lagundutako ekintza baten jarraipena izatea, ekintza berria izan ordez.

4) Aldez aurretik diruz lagundutako proiektuen egikaritze-maila.

5) Eragileen inplikazio-maila.

6) Hitz emandako finantzaketa-maila.

2.A.7.- Sareetan txertatzea, 4. artikuluaren 3.c.7 idatz-zatiari dagokiona, honela balioetsiko da, hala badagokio:

1) Ekintzak dagokion planarekin duen koherentzia.

2) Marketin Planaren bitartez, eta hala badagokio, Sailburuordetzaren gainerako turismo-planen bitartez gauzatutako ekintzaren lehenespen-maila.

3) Aldez aurretik diruz lagundutako ekintza baten jarraipena izatea, ekintza berria izan ordez.

4) Sarearen zabaltasuna.

5) Aldez aurretik diruz lagundutako proiektuen egikaritze-maila.

6) Eragileen inplikazio-maila.

7) Hitz emandako finantzaketa-maila.

2.B.- eranskin honen 2.A idatz-zatian adierazitako 7 ekintza-mota horietako bakoitzak guztira lor dezakeen puntuazioa 100 puntukoa izango da: horien artean, 50 (gehienez) ekintza horiei dagokien planaren balioespenetik etorriko dira, guztira lortutako puntuazioa 2rekin zatitu ondoren, eta gainerakoa, ostera, eranskin honen 2.A idatz-zatiaren barruan, dagokion idatz-zatian adierazitako irizpide espezifikoen balioespenaren bitartez lortuko da, kontuan hartuz zazpi idatz-zati horietako bakoitzean gehienez lor daitekeen puntuazioa berdina izango dela.


Azterketa dokumentala