Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2010eko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2355

121/2010 DEKRETUA, apirilaren 20koa, Haur Hezkuntzako curriculuma sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko Dekretua aldatzen duena.

Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan (2006ko maiatzaren 3koa) xedatutakoaren arabera, autonomia-erkidegoek Lege horretan araututako irakaspenen curriculuma ezarriko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio irakaskuntzari dagokion guztiaren gaineko eskumena, hau da, mailak eta graduak, modalitateak eta espezialitateak. Eskumen horretaz baliatuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onartu egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako bi zikloetako curriculuma, eta urtarrilaren 20ko 12/2009 Dekretua argitaratu zuen, Haur Hezkuntzako curriculuma sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa (urtarrilaren 30eko EHAA).

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dekretu hori aldatu beharra ikusi du, elebitasun integratzaile bat lortzearren, Euskararen Normalizazioari buruzko 10/1982 Oinarrizko Legearen arabera (azaroaren 24koa), eta Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legearen arabera (otsailaren 19koa). Bi hizkuntza ofizialak ikasi beharra zehazten da bi lege horietan, familien aukera-askatasuna errespetatuz.

Euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta gaztelania ofizialak dira Euskadin, eta horregatik herritar guztiek dute hizkuntza biok ezagutu eta erabiltzeko eskubidea derrigorrezko eskolatze-aldia amaitzean. Euskararen kasuan, irakaskuntza funtsezko ardatza izan da bere ezagutza zabaltzeko, eta ardatz izaten jarraitu behar du. Hortaz, euskarak lehentasuna izan beharko du hezkuntzan; izan ere, hizkuntza ofizial horren ezagutza urriagoa da dekretu honetan jasotako helburuetarako. Lehentasun hori bat etorriko da Euskararen Aholku Batzordearen Euskara 21 txostenak ematen dituen gomendioekin.

Horren arabera, dagokion txostenak igorri ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko apirilaren 20an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- 12/2009 Dekretua aldatzea, urtarrilaren 20koa, Haur Hezkuntzako curriculuma sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa.

12/2009 Dekretua, urtarrilaren 20koa, Haur Hezkuntzaren curriculuma sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa, honela idatzita geratuko da:

Bat.- 8. artikuluaren 3. paragrafoa, curriculumari buruzkoa, honela idatzita geratuko da:

«3.- Haur Hezkuntzaren bigarren zikloko gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen abenduaren 29ko 1630/2006 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren laugarren puntuaren arabera zehaztuko dira erlijio ikasgaiaren curriculumak».

Bi.- 13. artikulua, elebitasuna eta eleaniztasunari buruzkoa, honela idatzita geratuko da:

«1.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hezkuntza-sistema elebiduna sendotzeko neurri egokiak hartuko ditu, Oinarrizko Hezkuntzaren amaieran EAEko hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna lortze aldera. Horretarako, ikastetxeek euskara eta gaztelania sartuko dituzte Haur Hezkuntzan, ikasleek benetan eskura dezaten bi hizkuntzetan ahoz eta idatziz ulertzeko eta adierazteko gaitasuna. Helburua da bi hizkuntzak harreman- eta erabilera-hizkuntza izatea eremu guztietan, direla pertsonalak, sozialak edo akademikoak.

2.- Aurreko idatz-zatiko helburuak lortzeko, dekretu honetan ezarritako curriculum-planteamenduak bere ezaugarrietara moldatu eta egokituko ditu ikastetxe bakoitzak. Halaber, aintzat hartuko dute bere hizkuntza-proiektua, hizkuntzen bidez komunikatzea delakoan biderik egokiena elebitasuna lortzeko eta jakintza-arlo bakoitzeko curriculum-edukiak irakasteko.

3.- Elebitasuna oinarri hartuta, ikasle eleanitzak sortu ahal izateko, ikastetxeek atzerriko hizkuntzak ikasi eta erabiltzeko indartze-neurriak ezarriko dituzte Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik aurrera, eta bermatu egingo dute bete egiten direla bi hizkuntza ofizialetarako xedatutako gaitasun-mailak».

Hiru.- 20. artikulua, ikastetxeen autonomia pedagogikoari buruzkoa, honela idatzita geratuko da:

«1.- Ikastetxeek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritako curriculuma garatuko dute programazio didaktikoen bitartez. Programazio horietan kontuan izango dira hezkuntza-maila honetako ikasleen beharrak eta ezaugarriak. Programazioetan, halaber, haurren jostatzeko, lan egiteko eta atseden hartzeko erritmoak errespetatuko dira.

2.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikastetxeen autonomia sustatuko du eta maisu eta maistren, hezitzaileen eta profesionalen talde-lana bultzatuko du.

3.- Ikastetxeetako irakasleek autonomia izango dute hezkuntza-maila horretan erabili behar den material didaktikoa aukeratzeko, betiere dekretu honen eranskinean ezarritako curriculumera egokitzen bada.

4.- Testuliburuak eta bestelako materialak eskuratu eta argitaratzeko ez da beharko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren baimenik. Nolanahi ere, liburu eta materialon zorroztasun zientifikoa eta hizkuntza egokitu egin beharko zaizkio ikasleen adinari eta dekretu honetan araututako curriculumari. Era berean, gure ordenamendu juridikoaren oinarriak, balioak, askatasunak, eskubideak eta betebeharrak islatu eta sustatu beharko dituzte, bai eta Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legearen (otsailaren 19koa), Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren (maiatzaren 3koa), eta Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integralerako Neurriei buruzko Lege Organikoaren (abenduaren 28koa) oinarriak eta balioak ere, eta horietara moldatu behar du hezkuntza-jarduera osoak.

5.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio ikastetxeek beren pedagogia-autonomia erabiliz aukeratutako testu-liburuak eta gainerako curriculum-materialak ikuskatzea, ikaskuntzako eta irakaskuntzako elementu guztiak ikuskatzeko ohiko prozesuaren baitan».

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko apirilaren 20an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala