Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2010eko otsailaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

SPRI SA
1019

IRAGARKIA, Konekta Zaitez Lankidetza Programari aldaketak egin eta indarraldia luzatzeari buruzkoa. Enpresa edota profesionalen elkarteetan eta informazio- eta komunikazio-teknologiak (IKT) sartzeko proiektu berriztatzaileak dituzten enpresa txiki eta ertainetan bultzatu eta kokatzeko laguntza-neurriak ezartzen dira aipatu programaren bidez.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren Administrazio Kontseiluak, 2009ko abenduaren 16an egindako bileran «Konekta Zaitez Lankidetza» programaren iraunaldia 2010eko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki zuen (2008ko otsailaren 8ko EHAA).

Halaber, programaren arautegiko minimis-laguntzak pilatzeari buruzko 9. artikulua aldatzea erabaki zen, 2010ean indarrean egongo diren erkidegoko arauen esparrura egokitzeko.

Erabakitako aldaketak egin ondoren, 9. artikuluak eta Programaren araudiko azken xedapenetako 1. puntuak idazketa hau izango dute:

9. artikulua.- Minimis-laguntzak pilatzea.

Arautegi honetan bildutako laguntza-araubidea krisi ekonomiko eta finantzarioa dela-eta enpresei kopuru mugatuko laguntzak emateko Esparru Nazional Iragankorrarekin bat eginez onartu da; Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Batzorde Delegatuak onartu zuen esparru hori 2009ko maiatzaren 7an, eta Europako Batzordeak baimendu zuen 2009ko ekainaren 8an (307/2009 espedientea), honako honekin bat etorrita: krisi ekonomiko eta finantzarioaren egungo testuinguruan finantzazioa eskuratzeko erraztasunak ematen dituzten estatuen laguntza-neurriei aplikatzekoa zaien Aldi Baterako Esparrua, Europako Batzordeak 2008ko abenduan emandako Adierazpenaren bidez onartua eta 2009ko otsailean aldatua (2009 C 83/01 EBAO).

Eskatzaile bakoitzari 2008ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31 arteko aldirako emango zaion laguntza ezin da izan 500.000 eurotik gorakoa. Araubide honen babesean emandako laguntzak ezin dira metatu Europako Batzordearen 1998/2006 Arautegiak (EB) kostu aukeragarri berberak estaltzeko emandako laguntzekin (1998/2006 Arautegia (EB), 2006ko abenduaren 15ekoa, Ituneko 87. eta 88. artikuluen -«de minimis» laguntzak- aplikazioari buruzkoa). Araubide hau indarrean jarri aurretik eskatzaileak minimis-laguntzarik jaso badu, lehenago aipatutako aldirako jasotako laguntza guztien batuketa ezin da izan 500.000 eurotik gorakoa.

Laguntza eman aurretik zehaztutako pilaketa-mugak ez direla gainditzen egiaztatzeko, onuradunak aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unekoan jasotako beste edozein «de minimis» laguntzaren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dio idatziz SPRI SAri (Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari).

Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten entitateek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, baldin eta metaketa horren bidez ez badira gainditzen kategorien arabera salbuesteko jarraibideetan edo erregelamenduetan adierazitako gehienezko laguntza-mugak.

Laguntza-mota honetatik kanpo geratzen diren sektoreei buruzko xedapenak, aipatutako erregelamenduetan ezarritakoak, bete beharko dira.

Proiektu bati emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoa, banaka hartuta nahiz beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntza edo laguntzekin batera, edota xede berbererako erabilitako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera hartuta, ezin da izan onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa edo laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa, eta onuradunak laguntza edo diru-laguntza horien berri eman behar dio SPRI SAri nahitaez.

Muga hori, edo programa honek zehazten dituen beste batzuk, gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programa honen arabera emandako zenbatekotik.

AZKEN XEDAPENAK

Konekta Zaitez Lankidetza Programaren laguntzak 2010-12-31ra arte egongo dira indarrean, baina jakinarazten da aurkezten diren eskaerak ekitaldi bakoitzean aztertuko direla hurrenkera kronologikoaren arabera, behar bezala bete direnetik eta urtean helburu horretarako gaitu den kredituaren mugaraino. Kreditua agortu eta gero, ez da eskabiderik aztertuko, nahiz eta jada aurkeztuta egon.

Bilbao, 2009ko abenduaren 16a.

Zuzendari nagusia,

TOMÁS ORBEA CELAYA.


Azterketa dokumentala