38. zk., 2010eko otsailaren 25a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Osasun eta Kontsumo Saila
993
EBAZPENA, 2010eko otsailaren 18koa, Kontsumoko zuzendariarena, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei diru-laguntzak emateko 2010eko deialdia jakinarazten duena.
2010eko otsailaren 17ko Aginduak (2010eko otsailaren 24ko EHAA) toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei diru-laguntzak emateko programa arautzen du, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010erako Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak.
Aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2010eko ekitaldirako deialdia egin behar da, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak eman behar dira. Osasun eta Kontsumo Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 3ko 579/2009 Dekretuaren xedapen iragankorrak ezartzen duenaren arabera, deialdi hau ebaztea Kontsumoko zuzendariari dagokio.
Horiek horrela, aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, hau
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Xedea.
1.- 2010eko otsailaren 17ko Aginduak kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko toki erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei eman beharreko diru-laguntzen programa garatu zuen (2010eko otsailaren 24ko EHAA); hain zuzen ere, 2010eko ekitaldirako deialdia egitea da ebazpen honen xedea.
2.- Helburu hori betetzeko, 1.110.600 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:
a) 888.600 euroko aurrekontu-kreditua egongo da honako hauen gastuak ordaintzeko: kontsumitzaileei informazioa emateko udal bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuen funtzionamendua eta jarduerak; alegia, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak eta gune eta zerbitzuon argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko jarduerak.
b) Kontsumoko ikuskaritza-jardueren gastuak ordaintzeko 100.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da.
c) 122.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da kontsumitzaileei informazioa emateko udal bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuak instalatzeko, eraberritzeko, handitzeko, hornitzeko edo lekuz aldatzeko.
3.- Diru-laguntzetarako jarritako kopurua aldatu egin daiteke -laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik betiere-, kontuan hartuta eskatu diren laguntza guztiak eta Osasun eta Kontsumo Sailak beste laguntza-programa batzuen aurrekontuetan agortu gabe dituen baliabideak. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri eman behar da Kontsumoko zuzendariaren ebazpen bidez.
2. artikulua.- Eskakizunak.
Erakunde eskatzaileek, 2010eko otsailaren 17ko Aginduan iragarritako laguntzak jasotzeko (2010eko otsailaren 24ko EHAA), onuradun izateko baldintzak bete beharko dituzte, agindu horren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3. artikulua.- Eskabideak eta epea.
1.- Eskaera-eredu bat banatuko da Kontsumo Zuzendaritzan eta Interneteko helbide honetan: www. euskadi.net.
2.- Eskaerak eta gainerako agiri guztiak Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Saileko Kontsumo Zuzendaritzan aurkeztu edo hara bidali beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako tokietan.
3.- Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2010eko martxoaren 26an.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bigarrena.- Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 18a.
Kontsumoko zuzendaria,
ANA COLLÍA POSADA.