Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2010eko otsailaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia eta Herri Administrazio Saila
988

AGINDUA, 2009ko abenduaren 14koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Fundación Cristina Enea Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Donostiako (Gipuzkoa) «Fundación Cristina Enea Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

1.- Donostia-San Sebastiángo Udalak (Odón Elorza González jauna ordezkari duela, alkate eta presidente gisa) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak (Carlos Ormazábal Urbizu jauna ordezkari duela, Garapen Iraunkorreko Departamentuko foru diputatu gisa) «Fundación Cristina Enea Fundazioa» eratu dute, eratzeko eskritura publiko bidez. 2008ko urriaren 7an eman zuten eskritura, Donostia-San Sebastiángo Miguel Gutiérrez y García de los Ríos notario jaunaren aurrean, haren protokoloko 804 zenbakiz.

Eskritura hori egun desagertutako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Sailean aurkeztu zen 2008-11-20an, eta hark gorabehera batzuk konpontzeko eskatu zuen 2009-06-12an. Hartara, dokumentazio osagarria aurkeztu zen, fundazioa eratu duten herri erakundeek jarritako helburuak aintzat hartuta, fundazio-erregimena egokia dela argitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordea bildu zen, hartara fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko. Batzorde horrek fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen 2009ko azaroaren 23an.

2009-12-10ean, Fundazioak dokumentazio konpultsatua aurkeztu zuen, 2009-06-12an Fundazioen Erregistroak eskatutako dokumentazio osagarriaren inguruan.

2.- Fundación Cristina Enea Fundazioaren helburua estatutuen 3. artikuluan dago jasota:

Fundación Cristina Enea Fundazioaren xedea Donostiako udalerrian ingurumena babestea da; alegia, lurraldea eta natura-ondarea, eta naturako baliabideak zaintzea, bioaniztasuna eta paisaiak zaintzea, hiriaren garapen iraunkorraz arduratzea, eta mundu guztiko fundazio eta erakunde berdintsuekin sarean lan egitea.

Horretarako, Fundazioak programak eta proiektuak garatuko ditu, Donostia-San Sebastián hiri-eredu iraunkorrago batera hurbiltzeko. Esparru horretan, hainbat gairen inguruko ekimenak bultzatuko ditu, eta haietan parte hartu; hala nola ingurumena, hezkuntza, sentsibilizazioa eta kontsumo arduratsuaren gainean, eta oro har, iraunkortasunera hurbiltzeko jarduerak egingo ditu, hartara, donostiarren artean bizimodu eta ohitura iraunkorragoak bultzatzeko.

Helburu zabal horien barruan, honako ekintza garrantzitsu hauek gauzatuko ditu laster:

- Donostiako Iraunkortasunaren Behatokia jarriko du abian.

- Ingurumenaren gaineko informazioa zabaltzeko jarduerak antolatuko ditu, bai eta gaiaren inguruko Dokumentazio Zentroa ere.

- Ingurumen-hezkuntzako proiektuak garatuko ditu; hala nola Eskolako Agenda 21en inguruko jarduerak, Kontsumo Arduratsurako Ikasgela, Espainiako Hiri Hezitzaileen Sarean iraunkortasunerako hezkuntzaren inguruko tailerra, Aste Berdea, udalekuak...

- Trebakuntza-ikastaroak eta unibertsitateko graduondokoak emango ditu, eta gaiaren inguruko biltzar, jardunaldi eta hitzaldiak antolatuko ditu.

- Gaiaren inguruko erakusketak antolatuko ditu fundazioaren instalazioetan, edo beste erakunde batzuekin elkarlanean.

3.- Fundazioaren egoitza, fundazio-estatutuaren 5. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, Ingurumen Baliabideen Zentroan finkatu da, Cristina Enea Parkeko Duque de Mandas Jauregian (Duque de Mandas kalea, z.g., Donostia-San Sebastián).

4.- Hasierako dotazioa ehun eta hogei mila eurokoa (120.000) da, eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioan, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c artikuluak.

Ondarea egokitzat eta askitzat jotzen da fundazioaren helburuak lortzeko, fundazioei buruzko abenduaren 26ko 50/2002 Legearen 12.1 artikuluaren arabera, lege hori aplikatzekoa baita azken xedapenetatik lehenengoaren indarrez.

5.- Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetako 9. eta 12. artikuluan jartzen duen moduan.

6.- Hasierako Patronatua, Estatutuetako 10. artikuluan ezarritakoaren haritik Fundazioaren eraketa-eskrituran xedatutakoaren arabera, honako hauek osatzen dute:

Donostiako Udala, ondokoek ordezkatua:

- Lehendakaria: Odón Elorza González jauna, Donostia-San Sebastiángo Udaleko alkate eta presidente gisa.

- Denis Itxaso González jauna.

- Victoria Iglesias Vacas andrea.

- Duñike Agirrezabalaga Ugarte andrea.

- Aitziber San Román Abete andrea.

Gipuzkoako Foru Aldundia, ondokoak ordezkatua:

- Javier Zarraonandia Zuloaga jauna.

Guztiek onartu dituzte dagozkien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 40. artikuluan; halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 4. artikuluan; eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 4. artikuluan.

Bigarrena.- Legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako eskakizunak.

Arauak eta oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerako arauak ikusi dira.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak

EBATZI DU:

Lehenengoa.- Gaur, F-252 zenbakiaz, Donostiako (Gipuzkoa) «Fundación Cristina Enea Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren aurrekarian aipatzen dira eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak.

Bigarrena.- Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 14a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala