38. zk., 2010eko otsailaren 25a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Agintariak eta Langileria
Herrizaingo Saila
982
EBAZPENA, 2010eko otsailaren 1ekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten duena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalakoak edo Ikuskapen Eskalakoak diren karrerako funtzionarioentzat soilik; hain zuzen ere, Trafikoko Lurralde Unitateetan Bide Segurtasun espezialitatea duten plazak behin betiko atxikita dituztenentzat edo Trafikoko Lurralde Unitateetan OIKI (I edo II) espezialitatea duten plazak behin behineko atxikita dituztenentzat murriztua, Unitate horietako plazen behin betiko atxikitasunetik kenduak izan diren ondorioz -lehenagoko espezializazio betekizuna Argiketak ikastaroa izandakoa.
Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 7. artikuluan eta, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 7. artikuluan eta ondorengoetan eta 52. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Zuzendaritzak, Bide Segurtasunean Espezializatzeko ikastaroan sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten du, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalakoak edo Ikuskapen Eskalakoak diren karreradun funtzionarioentzat soilik; hain zuzen ere, Trafikoko Lurralde Unitateetan Bide Segurtasuneko espezialitatea duten plazak behin betiko atxikita dituztenentzat edo Trafikoko Lurralde Unitateetan OIKI (I edo II) espezialitatea duten plazak behin behineko atxikita dituztenentzat murriztua, Unitate horietako plazen behin betiko atxikitasunetik kenduak izan diren ondorioz -lehenagoko espezializazio betekizuna Argiketak ikastaroa izandakoa, ondorengoekin bat etorriz:
OINARRIAK
Lehenengoa.- Deialdiaren xedea.
1.- Lehiaketa sistema bidez, Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten da, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalakoak edo Ikuskapen Eskalakoak diren karrerako funtzionarioentzat soilik; hain zuzen ere, Trafikoko Lurralde Unitateetan Bide Segurtasuneko espezialitatea duten plazak behin betiko atxikita dituztenentzat edo Trafikoko Lurralde Unitateetan OIKI (I edo II) espezialitatea duten plazak behin behineko atxikita dituztenentzat murriztua, Unitate horietako plazen behin betiko atxikitasunetik kenduak izan diren ondorioz -lehenagoko espezializazio betekizuna Argiketak ikastaroa izandakoa.
2.- Guztira 99 plaza izango dira. Eta plaza horiek betetzeko 74 izangaik Ertzaintzaren Agente kategoria eduki beharko dute, 22 izangaik Agente Lehena kategoria eta 3 izangaik Ertzaintzaren Ofizialondoko kategoria.
Bigarrena.- Izangaien betekizunak.
1.- Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek, onartuak izateko, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:
a) Eskabidea aldez aurretik egitea.
b) Ertzaintzaren karrerako funtzionario izatea..
c) Ertzaintzaren Ofizialondoko kategorian, Agente Lehena kategorian edo Agente kategorian jarduteko egoera-administratiboa izatea.
d) Trafikoko Lurralde Unitateetan Bide Segurtasuneko espezialitatea duten plazetara behin betikotasunez atxikita izatea edo Trafikoko Lurralde Unitateetan OIKI (I edo II) espezialitatea duten plazetara behin behinekotasunez atxikita izatea, Unitate horietako plazen behin betiko atxikitasunetik kenduak izan diren ondorioz -lehenagoko espezializazio betekizuna Argiketak ikastaroa izandakoa-.
e) BTP gidabaimena izatea.
f) A gidatzeko baimen mota 2 urteko antzinatasunez izatea.
2.- Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko atalean adierazitako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko azken eguna baino lehen.
3.- Onartua izateko eta hautaketa prozeduran esku hartzeko nahikoa izango da izangaiek euren eskaeretan baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adieraztea, betiere, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen. Hori egiaztatzeaz deia egiten duen organoa arduratuko da ofizioz, Giza Baliabideetako Zuzendaritzari egoki deritzon ziurtapena eskatuz.
4.- Aurrekoa hala bada ere, izangairen batek, hautaketa prozedurak eta prestakuntza-aldiak iraun bitartean, eskudun organoak, onartutakoen eta bazter utzitakoen zerrenda onartzeko, deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak ez dituela edo gertaerabidezko inguruabarrengatik ez dituela betetzen jakinez gero, hautaketa prozeduratik kanpo utziko luke, edo hala dagokionean, prestakuntza-alditik kanpo, interesatuari entzun ondoren.
Hirugarrena.- Eskaerak.
1.- Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek eskaera bete beharko dute, Ebazpen honetako I. eranskinean agertzen den eskaera eredua erabiliz.
2.- Eskaerak aurkezteko epea 20 astegunekoa izango da Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
3.- Eskaerak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian aurkeztu beharko dira, Gasteiz-Irun errepidea, z/g.(01192) (Arkaute-Araba), Kartazalean «Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaro murriztuan sartzeko Lehiaketa» adieraziz, edota Ikastegira igorri Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideak erabiliz.
4.- Merezimenduak eskaeran alegatu beharko dituzte. Aurrekoa hala bada ere, aipatutako merezimenduok ez dira egiaztatu beharko Administrazio jardulearen esku egongo baitira eta horrek ofizioz egiaztatuko baititu.
Laugarrena.- Izangaiak onartzea.
1.- Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean jendaurreratuko da.
2.- Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaerak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko 10 asteguneko epea izango dute.
3.- Aurkeztutako erreklamazioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenean onartu eta baztertuko dira eta, horren bitartez, onartutakoen eta bazter utzitakoen zerrenda behin betiko egingo da. Zerrenda hori Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean jendaurreratuko da.
Bosgarrena.- Epaimahai Kalifikatzailea.
1.- Merezimenduen balorazioa egiteko Epaimahai Kalifikatzaile bat izango da uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren eta Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen aurreikuspenen arabera. Epaimahaia mahaiburu batek eta bi bokalek -euretariko bat idazkari lana egingo duena- osatuko dute.
Epaimahai Kalifikatzailea osatuko duten kideen eta ordezkoen izendapena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bitartez jendaurreratuko da Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean.
2.- Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna organo kolegiatuen funtzionamenduaren arau erregulatzaileek arautuko dute.
Epaimahai Kalifikatzailea osatuko duten kideei Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 28. eta 29. artikuluetan bildutako abstentzio eta errefusatze kausak ezarriko zaizkie.
3.- Merezimenduen ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, autonomia osoz jokatuz. Epaimahai hori prozeduraren objetibotasunez arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
4.- Hautaketa prozesua garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta euren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.
5.- Epaimahaiak ezin izango ditu deitutako ikastokiak baino ikasle gehiago hautatu. Horrelakorik gertatuz gero, gehiagoko horiek baliogabetuak izango lirateke eskubide osoz.
6.- Epaimahai Kalifikatzailearen Akordioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki taulan jendaurreratuko dira.
7.- Epaimahai Kalifikatzaile honetan parte hartzeagatik legez ezarritako ordainsariak emango dira.
Seigarrena.- Hautaketa prozedura.
1.- Hautaketa prozedura lehiaketa bitartez gauzatuko da, eta horretan parte hartzen dutenen merezimenduen balorazioa egingo da, dagokion baremoaren arabera, gaitasuna eta haien arteko lehentasun hurrenkera zehaztuz.
2.- Ondorengoak neurtuko dira.
1) Lanbide-historiala.
A) Lanpostuetan betetako lana.
Ertzaintzan burututako lana gehienez 15 punturekin baloratuko da, zerbitzuan izandako hilabete oso bakoitza ondorengo baremo partzialarekin neurtuz.
a) Honako lanpostuetan izatea, egun betetzen duen kategoria lanpostua eta prozesuan parte hartzen duen kategoria lanpostua: 0,10 puntu.
b) Honako lanpostuetan izatea, egun betetzen duen kategoria baino gutxiagoko lanpostua: 0,05 puntu.
B) Polizia lana dela eta jasotako eskerrona.
Atal honetan, polizia lana dela eta, ondorengo eskerronagatiko adierazpenak baloratuko dira:
- Polizia lanagatiko domina: 5 puntu.
- Polizia zerbitzuarengatiko domina: 3 puntu.
- Zorionak ematea: 2 puntu.
Dena den, atal honek 10 puntu izango ditu, gehien jota.
2) Burututako espezializazio ikastaroak.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak egituratutako espezializazio ikastaro bakoitzeko, eta aipatutakoan dauden datuen arabera, 5 puntu emango dira, eta inolaz ere, ezin izango dira gainditu 10 puntuak.
Atal honek aipatzen duen espezializazioen ikastaroen katalogoa ondorengoek osatuko dute:
- Argiketa ikastaroa.
- Txakur-gidarien ikastaroa (Lehergailuetan espezializatua).
- Lehergailuak Indargabetzeko ikastaroa.
- Eskolta Gaikuntzako ikastaroa.
- Esku-Hartzeko Gaikuntzako ikastaroa.
- Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko ikastaroa.
- Brigada Mugikorrean Espezializatzeko ikastaroa.
- Trafikoari buruzko ikastaroa.
3) Lortutako tituluak.
Agente edo Agente Lehena Kategoria duten funtzionarioei, Goi-Batxilergoa edo baliokidea izatea 5 punturekin baloratuko zaie, Diplomatura edo baliokidea izatea 10 punturekin eta Lizentziatura edo baliokidea izatea 15 punturekin.
Ofizialondoko Kategoria duten funtzionarioei, Diplomatura edo baliokidea izatea 10 punturekin baloratuko zaie eta Lizentziatura edo baliokidea izatea 15 punturekin.
Dena den, atal honetan ezin izango dira 15 puntu baino gehiago atera.
4) Antzinatasuna.
Antzinatasun-merezimendua Giza Baliabideetako Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da. Ertzaintzan emandako antzinatasun urte oso bakoitza 4 punturekin baloratuko da (unitatea baino gutxiago diren aldiak konputatu gabe utzirik). Edonola ere, gehiengo puntuazioa ez da 40 puntu baino gehioagokoa izango.
5) Euskararen ezagupen-maila.
Euskararen ezagupen-maila, eskaerak aurkezteko epearen barruan, Ertzaintzaren 1. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei 10 punturekin baloratuko zaie.
3.- Lehiaketa, baztertze izaerakoa, guztira 100 punturekin baloratuko da, eta gainditzeko ezin izango dira 50 puntu baino gutxiago atera.
Zazpigarrena.- Lehiaketaren azken kalifikazioa.
1.- Merezimendu bakoitzetik lortutako puntu gehiketa izango da lehiaketaren azken puntuazioa eta horrek finkatuko du hautaketa prozedurako parte hartzaileen hurrenkera.
2.- Puntuazio berdinketen ebazpena aginduan adierazitako merezimenduetan punturik gehien lortzen dituztenen aldekoa izango da. Berdinketak jarraituz gero, parte hartzen den kategorian karrerako funtzionario sartu zeneko data hartuko da kontuan eta, hala ezin denean, hautaketa prozesuan sartu zenean lortutako lehentasun-hurrenkera.
3.- Hautaketa prozeduraren kalifikazioa amaitu eta gero, Epaimahai Kalifikatzaileak onetsi egingo du eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean argitaratu eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Zuzendaritzari igorriko dizkio ondorengoak:
a) Hautaketa prozedura gainditu dutenen behin betiko zerrenda, hain zuzen, kategoria bakoitzean lortutako puntuazio altuenetik gutxienera adierazten duen zerrenda.
b) Hautatutako izangaien zerrenda, sailkapenean lehentasun hurrenkera jarraituz, hautaketa prozedura gainditu dutenek osaturikoa.
4.- Aurreko atalean ezarritako argitalpen eta Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartu artean hautatutakoen zerrendan inguruabarren batengatik aldaketarik gertatuz gero, aldaketok zehazten dituen Akordioa edo Ebazpena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean jendaurreratuko da.
Zortzigarrena.- Betekizunak egiaztatzea.
Hautatutakoek Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Langileria eta Aholkularitza Juridiko Arloan aurkeztu beharko dituzte deialdian parte hartzeko eskatutako betekizunen konpultsatutako kopien egiaztagiriak edo jatorrizko agiriak, hala eskatzen zaienean.
Bederatzigarrena.- Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa.
1.- Hautatutakoak, 7.3.b Oinarrian xedatutakoaren arabera, Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa egiteko Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak deituko ditu bere Ebazpenaren bitartez.
2.- Hautatutakoak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak banatu ahal izango ditu ondoz-ondoko txandetan Ikastegiko irakasleen eginkizunen eta Ertzaintzaren zerbitzuaren eta bere antolaketaren arabera.
3.- Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bidez, emango die hautatutakoei ikastaroan sartzearen berri.
4.- Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian egingo da edo Ikastegiko zuzendariak erabakitzen duen egoitzan. Ikastaro hau, Ikasketa plangintzan aurreikusitakoaren araberakoa izango da, halaber, bertan adierazten den iraupena izango du.
5.- Ikastaroaren azken kalifikazioa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko da, Ikasketa-planean aurreikusitakoarekin bat etorriz.
6.- Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak ebatziko du prestakuntza-aldia gainditzen ez dutenen baztertzea.
Hamargarrena.- Moduluen konbalidazioa.
1.- Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroaren hainbat modulu konbalidatu ahal izango ditu, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.
2.- Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak trebakuntza ikastaroen eta moduluen konbalidazio taula jendaurreratuko du Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iiragarki-oholean. Prestakuntza-aldia hasi baino lehen konbalidazio eskaerei ebazpena eman beharko die, beharrezko kudeaketak burutu ondoren.
Hamaikagarrena.- Azken xedapenak.
1.- Prestakuntza-aldiak dirauen bitartean, ikasleak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Barne Erregimeneko Erregelamenduaren barne erregimeneko eta diziplinako arauen mende egongo dira eta, gehigarri moduan, ikas denborako hutsegitea ez denetan, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Diziplinazko Erregelamenduaren araudipean.
2.- Deialdi honetan parte hartzea borondatezkoa da.
3.- Ebazpen honen kontra, Administrazio bideari amaiera ematen diona, interesatuek Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa jarri ahal izango diote eskudun Administrazio Auzigaietako Epaitegiari, Administrazio Auzigaietako Jurisdikzioko Lege Arautzailearen 14. artikuluarekin bat etorriz, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta agertzen den hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.
Deialdi honetatik, Epaimahai Kalifikatzailearen jardunetik edo Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko organuetatik sor daitezkeen egintza administratiboak inpugnatu ahal izango dituzte interesatuek administrazio prozedura erkidearen araudi erregulatzailean aurreikusitako kasuetan eta eran.
Arkaute, 2010eko otsailaren 1a.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendaria,
JUAN DE DIOS URIARTE ARCINIEGA.
I. ERANSKINA
ESKAERA
EUSKAL HERRIKO POLIZIA IKASTEGIA
Agiri hau izenpetzen duenak, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren 2010eko otsailaren 1eko Ebazpenaren bitartez deitutako Bide Segurtasunean Espezializatzeko ikastaroan sartzeko hautaketa prozeduran parte hartzea eskatzen du, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalakoak edo Ikuskapen Eskalakoak diren karrerako funtzionarioentzat soilik; hain zuzen ere, Trafikoko Lurralde Unitateetan Bide Segurtasun espezialitatea duten plazak behin betiko atxikita dituztenentzat edo Trafikoko Lurralde Unitateetan OIKI (I edo II) espezialitatea duten plazak behin behineko atxikita dituztenentzat murriztua, Unitate horietako plazen behin betiko atxikitasunetik kenduak izan diren ondorioz -lehenagoko espezializazio betekizuna Argiketak ikastaroa izandakoa-. Ondorio horretarako, honako hau dio:
Izen-abizenak
Lanbide zk. Kategoria
Lehiaketa-aldia: Alegatutako merezimenduak:
1.- Lanbide historiala:
Egun betetzen duen kategoriako lanpostu bakoitzean egindako lanak (hilabete osoen kopurua): Egun betetzen duen kategoriakoa baino kategoria gutxiagoko lanpostu bakoitzean egindako lanak (hilabete osoen kopurua): Polizia lanagatik jasotako eskerronak:
2.- Egindako espezializazio ikastaroak:
3.- Lortutako titulu eta diplomaturak:
4.- Polizia eginkizunarekin zerikusia duten argitaratutako lan zientifikoak edo teknikoak:
5.- Antzinatasuna:
Ertzaintzan emandako antzinatasun urte osoak:
6.- Euskararen ezagupen-mailaren balorazioa
Ertzaintzaren I. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatu du:
Bai (aukeratu egokia dena) Ez
AITORTZEN DU deialdian eskatutako baldintza eta betekizun guztiak badituela eta eskaera honetan adierazitako xehetasun guztiak egia direla.
Arkaute, 2010eko ________________aren ______(a).
Parte hartzailearen izenpea.
EUSKAL HERRIKO POLIZIA IKASTEGIKO ZUZENDARIA.