Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2010eko otsailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
761

EBAZPENA, 2009ko abenduaren 2koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Derioko udalerrian, Derio Proyectos Deportivos SL-k sustatuta, Pitch & Putt golf-zelaia eraikitzeko proiektuak ingurumenean duen eraginaren adierazpena egiteko dena.

Otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira eta jardunbide horri amaiera emateko Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio erabakiaren aurretik.

Derioko udalerrian, Derio Proyectos Deportivos SL-k sustatuta, Pitch & Putt golf-zelaia eraikitzeko baimena substantiboaren prozedura hasita, eta otsailaren 27ko Euskal Herriko ingurumena babesteko den 3/1998 Lege Orokorrean eta proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuz, besteak beste, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira:

" Aurre kontsulten izapidea. Derioko udalak eskatuta, 2008ko urriaren 5ean Ingurumen Sailburuordetzak proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeari buruzko kontsulten izapideari ekin zion. Izapide hori jasota dago, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2009ko otsailaren 27an sustatzaileari ingurumen-eraginaren gaineko azterlana bidali eta gero, izapidetzea bukatu zen.

" Jendaurrean jartzeko izapidea. Derioko Udalak jendaurrean jarri zuen proiektu horrek ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako azterlana (2009ko apirilaren 8ko 67. zenbakiko Bizkaiko Aldizkari ofiziala).

" Espedientea bidaltzea. Derioko Udalak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, proiektuek ingurumenean duten eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoa betez.

2009ko urriaren 23an, ingurumen-organoak formulatutako betekizunekin bat, espedienteko dokumentazioa osatu zen.

Erreferentziazko proiektuaren espedientean dauden txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketa zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdiei egokitzen zaiela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena emateko eskumena duen organoa izanik eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, ondokoa,

EBATZI DU:

1.- Derioko udalerrian, Derio Proyectos Deportivos SL-k sustatuta, Pitch & Putt golf-zelaiaren proiektuak Ingurumenean duen Eraginari Buruzko aldeko Adierazpena egitea.

2.- Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

2.A.- Proiektua, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera, eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da.

2.B.- Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k epigrafearekin bat. Haren bidez onartu zen, hain zuzen Proiektuek ingurumenean duten eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualek aurreko idatz zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira.

2.C.- Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren aitorpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dituzte.

2.c.1.- Lanen faseko neurri zuzentzaileak.

2.c.1.1.- Natur ondarea babesteko neurriak.

Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatzearen kaltetan izan gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:

2.c.1.1.a.- Lurzorua erabiltzea eragiten duten obrak, eta bai obra horien eragiketa osagarri guztiak ere, proiektuaren partzelaren eremuan egingo dira.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, kaltetutako espazioak zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko lirateke.

2.c.1.1.b- Ez kalerik ez ibilbiderik ez eta jardueraren instalazio osagarririk izango ez duten proiektuaren eremuko lur-zatietan ez da eraberritze-lan intentsiborik egin beharko. Ondorioz, lurrak mugitzea eta zoruak eskarifikatzea saihestu beharra dago, eta, aldi berean, lurraren morfologiari eta egungo landare-konposizioari eutsi, eta mantentze-lanak ahal bezain beste murriztu beharko dira.

Bereziki, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan saihestu beharko da bertako landareak kentzea. Obra hasi aurretik, gorde beharreko espezieak edo espezie-multzoak markatu beharko dira.

2.c.1.1.c.- Proiektuaren eragin-eremutik gertu Asua ibaia igarotzen da. Ibaiaren erdiko tartean, arrain hiruarantzarentzat (Gasterosteus aculeatus) interes berezia duen eremua dago. Hartara, xedapen honetan jasotako neurriak aplikatu beharko dira: 86/2008 Foru Dekretua, Bizkaiko Foru Aldundiarena, abenduaren 9koa, Bizkaiko Lurralde Historikoan Arrain hiruarantzaren, Gasterosteus aculeatus Linnæus, 1758, Kudeaketa Plana onetsi duena, espezie kaltebera delako eta bere babesak berariazko neurriak eskatzen dituelako.

2.c.1.1.d.- Ezin izango da laku artifizialean atzerriko arrain-espezierik sartu eta gero ubidean askatu.

2.c.1.1.e.- Golf-zelaiko partzelaren perimetroaren itxituran lurraldea faunarentzat iragazkorra izango dela bermatzeko gailuak jarriko dira, hala nola: sare-begi egokia eta lur-azpiko pasabideak.

2.c.1.2.- Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Bete beharreko prozeduretan, uren arloan eskumena duen organoak kasu bakoitzean ezartzen dituen baldintzak baztertu gabe, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartu beharko dira:

2.c.1.2.a.- Eraikuntza-fasean, minimizatu egingo dira drainatze-sarera isurtzen diren material finak. Horretarako, urak eramateko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak erabiliko dira.

2.c.1.2.b.- Laneko makineriarentzako azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik, eta urak, olioak eta erregaiak biltzeko sistema propio bat jarriko da, ingurunera kontrolik gabe isurtzea saihesteko. Bildutako substantziak, beren ezaugarrien arabera, modu egokian tratatuko dira, eta era berean jokatuko da makineriak eragin duen lurrarekin, parkeko zerbitzuak ematen amaitzean.

Olio-aldaketak, ibilgailuen eta makineriaren mantentze-jarduera orokorrak eta, hala badagokio, erregaiez hornitzeko lanak, zola iragazgaitza eta isurketak jasotzeko sistema duen aldean egin behar dira.

2.c.1.2.c.- Ur-masen hurbileko green-en drainatze-sistemak ura zuzenean ur-masa horietara ez husteko moduan egingo dira.

2.c.1.2.d.- Baltsak egiteko orduan behar den kontrola izango da, ura gal ez dadin lurrean infiltratuta.

2.c.1.2.e.- Ura biltzeko eremuak landaretza higrofito eta hidrofitoz inguratuko dira, iragazki natural gisa jardun dezaten eta, horrela, uretan ale xeheak, nutrienteak eta produktu fitosanitarioak sar ez daitezen.

2.c.1.3.- Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta ateratako zaratari dagokionez, lanetan erabiliko diren makinek, aire librean erabiltzeko makinen zaratari buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoa bete beharko dute. Bereziki, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa beteko dute, hau da, aire librean erabiltzeko zenbait makinek atera dezaketen zarata arautzen duena, eta gainerako arau osagarriak.

2.c.1.4.- Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.1.4.a.- Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplika dakiekeen berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hala badagokio, hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helburu egokiena erabakitzeko.

Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen balioztatzaile batengana eraman behar dira.

Hondakinak deuseztatzera bidali ahal izango dira baldin eta aldez aurretik horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada soilik.

2.c.1.4.b.- Hondakindegira eraman behar diren hondakinak, hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat.

Jardueraren soberakinak har ditzaketen betegarriek otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

2.c.1.4.c.- Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua aplikatuko dira.

Kudeatzaile baimenduari eman arte, olio agortuak estalpeko lekuetan gordeko dira, behar bezala etiketatutako ontzi estankoetan, zolarri iragazgaitzaren gainean eta balizko isurketei edo jarioei eusteko ontzi edo sistemen barruan.

2.c.1.5.- Kultura ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoa kaltetu gabe, obran zehar aztarna arkeologikoren bat dakarren aurkikuntzarik eginez gero, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari horren berri emango zaio berehala, eta hark adieraziko du zein neurri hartu behar den.

2.c.1.6.- Obrak lehengoratu eta integratzeko neurri zuzentzaileak.

Ingurumen eraginari buruzko azterlanean ezarritakoaren kalterik gabe, ondoko neurri babesle eta zuzentzaileak hartuko dira.

2.c.1.6.a.- Lur-mugimenduak dauden bitartean, landaretza daukaten lur eremuak kendu, metatu eta era bereizian zabalduko dira, aldatutako eremuen birlandatzea eta leheneratzea errazteko. Lanak amaitu ostean erabiltzeko kenduko den lur begetala modu egokian biltegiratuko da, lurra ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko.

2.c.1.6.b.- Obrak kaltetutako zati guztiak lehengoratuko dira, obrari atxikitako instalazioak barne, hala nola: aparkalekua, lakua, drainatze-erretenak eta saneamenduko hoditeria. Halaber, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean jaso ez, baina obrak amaitzean kaltetutako elementu guztiak lehengoratu behar dira.

Ur-laminak lehengoratzeko orduan, kanpoko espezieak erabiltzea saihestuko da.

2.c.1.6.c.- Ingurua leheneratu ondorengo bi urtean, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritzeko.

2.c.1.7.- Garbiketa eta obra bukatzea.

Lanak amaitu ondoren garbiketa kanpaina zorrotza egingo da, proiektuaren eremutik obra-hondar guztiak garbitzeko. Garbitze-lanetan sortutako hondakinak lanen eremutik kendu eta Ebazpen honen 2.c.1.4 (hondakinak kudeatzeko neurriak) atalean xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.c.2.- Funtzionamendu-faseko neurri zuzentzaileak.

2.c.2.1.- Uraren kontsumoa eta kudeaketa optimizatzeko neurriak.

2.c.2.1.a.- Bete beharreko prozeduretan, uren arloan eskumena duen organoak kasu bakoitzean ezartzen dituen baldintzak baztertu gabe, eta sustatzaileak ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozeduran zehar aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, golf-zelaia ureztatzeko, proiektuan definitutako laku artifizialean lur-gaineko ura drainatzeko saretik jasotako urak baino ez dira erabiliko. Laku hori, hain zuzen, sustatzaileak ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozeduran zehar aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz eraikiko da.

Ureztatzeko beste urik erabili ahal izateko, eskumena duen organoaren onespena beharko da.

2.c.2.1.b.- Golf-zelaiaren jarduerak irauten duen bitartean uraren kontsumo arrazionala egiteko asmoz, golf-zelaiak ureztatze-beharren kontrolerako sistema automatizatuak izango ditu, golf-zelaian dauden zonetako bakoitzaren beharrak aintzat hartuta.

Hala badagokio, zelaian bertan zenbait gailu instalatuko dira, esate baterako, tentsiometroak, une bakoitzeko ureztatze-beharretara behar bezala egokitzeko.

2.c.2.2.- Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

2.c.2.2.a.- Ongarritzerakoan askapen geldoko ongarriak erabiliko dira. Ongarritzearen dosifikazioa landareak hazteko beharrekin bat egin beharko da, gehiegizko dimentsionatua saihestu behar baita, inguruari beharrezkoak ez diren kutsatzaileak ematea baitakar horrek. Horretarako, erregistro-liburu bat eraman beharko da, eta bertan ongarritze-data, aplikazio-eremua, produktuak eta erabilitako kopuruak azaldu beharko dira. Putzu-ertzetako soropilak ongarritzea saihestu beharko da.

2.c.2.2.b.- Golf-zelaiaren mantentze-lanetan, toxikotasun txikia, degradazio biologiko azkarra eta klororik ez duten landare-osasunarentzako produktuak erabiliko dira. Nolanahi ere, dosiak behar diren txikienak izango dira. Erabilitako produktuen erregistro-liburu bat eraman beharko da, eta bertan data, aplikazio-eremua, espezieen arrisku-kategoria, produktu komertzialaren izena, materia aktiboa eta aplikazio bakoitzean erabilitako dosia azalduko da.

Edonola ere, produktu horiek muturreko egoeratan eta aldian-aldian erabiliko dira, toki zehatzetan, eta sekula ez modu orokorrean. Halaber, segurtasun-epeak, dosiak eta fabrikatzaileak emandako gainerako zehaztapenak errespetatuko dira.

Ahal den neurrien, intsektizidak erabiltzea saihestuko da, toxikotasun-maila handia dute-eta.

2.c.2.2.c.- Aldian behin errodentizidak erabiltzeari dagokionez, aplikagarria izango da aurreko atalean agindutakoa.

2.c.2.2.d.- Lakuaren eta drainatze-erretenen inguruan landaredi-zerrenda bat jarriko da, iragazki natural gisa jardun dadin eta, horrela, uretan ale xeheak, nutrienteak eta produktu fitosanitarioak sar ez daitezen. Uretako organismoak babeste aldera, ezin izango da tratamendu fitosanitoarioak edo ongarritze intentsiborik egin zerrenda horretan.

2.c.2.2.e.- Bildutako uretan eutrofizazio prozesu biziak azalduko balira, neurri zuzentzaile egokiak hartu beharko lirateke, ur-masetan aireztatze osagarria eginez eta nutrienteen ekarpena modu aktiboan mugatuz.

2.c.2.2.f.- Ongarriak eta produktu fitosanitarioak horretarako berariaz prestatutako lokaletan gordeko dira, estalki pean eta forma eta tamaina egokia duen lekuan, kanpoarekiko isolatuak, zoru iragazgaitzekin eta itxiturekin, isuriren bat izanez gero, sakabanatzea saihesteko.

2.c.2.3.- Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Jarduera garatzen den bitartean sortzen diren hondakinak Ebazpen honetako 2.c.1.4 idatz zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, baina jarraian azaltzen diren neurriak ere bete beharko dira.

2.c.2.3.a.- Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du Dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa ere izango da.

2.c.2.3.b.- Putzuen hondoan jarritako lohiak aldian behin atera, analizatu, eta beren ezaugarri fisiko eta kimikoen arabera kudeatuko dira.

2.c.2.3.c.- Proiektuaren sustatzaileak EAEko Hondakin Arriskutsuen Ekoizle Txikien Erregistroan izena eman beharko du. Dena den, sortutako hondakinen kopuruak ekoizle txikien izendapena lortzeko eskatzen den kopurua gainditzen badu, hondakin arriskutsuen ekoizlea izateko baimena eskatu beharko dute.

2.c.2.4.- Zarata-transmisioak mugatzea.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta sortuko den zaratari dagokienez, behar diren neurri guztiak hartuko dira lanen gainean, III. eranskineko B1 taulan ezarritako muga-balioak gainditzen dituzten zarata-mailak isuri ez daitezen eremu akustikoetako kanpo-ingurumenera, betiere, IV. eranskineko prozeduraren arabera ebaluatuta.

2.c.2.5.- Zerbitzuen eraikineko eta aparkalekuko argiztapen-proiektuak egokiro dimentsionatutako argiztapen-sistemak izango ditu, argi-kutsadura gutxitze aldera. Horretarako, bada, itsualdi gutxieneko argi motak eta elementuak, lurrera zuzendutako argi-sortak eta abar erabiliko dira. Halaber, instalazioak mantentzeko eta kontrolatzeko ezarri beharreko gutxienekoei eragin diezaieketen mugak ezarriko dira.

2.D.- Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

2.d.1.- Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jaso ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.

2.d.2.- Uren kalitatearen kontrola.

2.d.2.1.- Golf-zelaia martxan den lehen hiru urteetan gutxienez, sei hilerik behin, drainatze-erretenen eta lakuaren urak analizatu egingo dira, kalitatea aztertzeko.

Horretarako, eta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan jasotakoarekin bat etorriz, hiru kontrolgune jarriko dira, drainatze-erretenaren emarian gora, ureztatzeko bultzada-bonba kokatuta dagoen lakuan eta urak lakutik errekara bideratzen dituen hustubidean, hurrenez hurren. Era berean, honako parametro hauek zehaztu beharko dira: tenperatura, oxigeno disolbatua, pH-a, esekidurako solidoak, uhertasuna, eroankortasuna, DBO5, guztizko fosforoa, nitritoak, nitratoak, fosfatoak, sulfatoak y amonioa.

Soropilak mantentzeko erabilitako produktu kimikoak aintzat hartuta, aurreko idatz zatikoez gain, beste parametro adierazle batzuk ere erabiliko dira, produktu kimiko horiek (bai eta horien metabolitoak ere, inguru urtarrean irauten dutenak badira) uretan azaltzen diren zehazteko. Proiektuaren sustatzaileak proposamena egin beharko du parametro horien kontrola egiteko; proposamen hori golf-zelaia mantentzeko erabilitako konposatu moten arabera egongo da justifikatuta.

2.d.3.- Zoruen kalitatearen kontrola.

Golf-zelaia funtzionamenduan dagoen bitartean, zoruen karakterizazioa egingo da urtean behin, eta horren bidez soropilak mantentzeko erabilitako ongarrien eta produktu fitosanitarioen degradagarritasuna zehaztuko da. Kontrol hori aipatutako tratamenduen aplikazioa intentsitate handiagoarekin egiten den eremuetan egingo da. Kontrolatu beharreko parametroetan sartuko dira lurzoruaren gazitzeari eta metalen bilketari buruzkoak.

Sustatzaileak zoruen kalitatea kontrolatzeko proposamen xehakatua egin beharko du.

2.d.4.- Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Proiektuak ukitutako espazioak leheneratzeko prozesuaren arrakastaren eta, batez ere, drainatze-erretenen eta lakuaren ertzak birlandatzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da aldian behin.

2.d.5.- Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bategina landu beharko du, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean, eta Ebazpen honetan proposatu diren betebehar guztiak bilduko dituena.

Programa horretan uretan eta zoruetan aztertu beharreko parametroen proposamen justifikatua sartuko da. Parametro horiek erabiliko diren ongarri eta produktu fitosanitarioen osaeraren eta parametro bakoitzarentzako erreferentziazko balioen arabera finkatuko dira.

Planoan neurketa-puntu guztiak adierazi beharko dira, bai eta horiek zehatz-mehatz kokatu ahal izateko behar diren krokisak ere. Halaber, dagokion aurrekontua sartu beharko da; aurrera eramango diren eragiketa guztiak bilduko ditu.

2.d.6.- Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta eskudun organora eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.- Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jarduketaren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

2.F.- Ebazpen honek aurreko idatz-zatietan ezarritakori kalterik egin gabe, proiekturen sustatzaileak jarraian aipatutako agiriak helaraziko dizkio ingurumen-organo honi, espedientean txertatzeko.

2.f.1.- Baimen substantiboa eman baino lehen, erabiliko diren produktu bioziden behin betiko zerrenda (besteak beste: fungizidak, nematizidak, herbizidak eta abar). Halaber, produktu horien printzipio aktiboak, dosiak, erabilera-aurreikuspenak, segurtasun-mailak, epeak, maneiua, eta biltegiratze-baldintzak deskribatu eta haien segurtasun-fitxak sartuko dira.

2.f.2.- Era berean, obren lizentzia eman baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bategina, ebazpen honetako 2.d.5 idatz zatian aurreikusitako moduan.

2.f.3.- Obrak bukatu ondoren eta urtero jarduera hasten denetik, ebazpen honen 2.d.6 idatz zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua, espedientean txertatzeko.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.3 artikuluaren arabera, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakitera ematea.

4.- Bi urteko epea finkatzea proiektuaren egikaritzari hasiera emateko, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluari jarraituz. Epe hori bukatu ondoren egikaritzari hasiera eman ez bazaio, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango luke, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

5.- Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 2a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.


Azterketa dokumentala