30. zk., 2010eko otsailaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
759
EBAZPENA, 2010eko urtarrilaren 27koa, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearena; honen bitartez, 2010eko ekitaldirako laguntzak emateko deialdia egiten da, hain zuzen ere, oinarri zientifikoa eta teknologikoa duten enpresak merkaturatzeko proiektuetarako laguntza-programa arautzen duen 2008ko azaroaren 27ko aginduan ezarritako esparruan (Nets programa).
Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko azaroaren 29ko Aginduak (2008ko abenduaren 23ko EHAA), Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko abenduaren 23ko Aginduak aldatu zuenak, oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresak garatzeko proiektuak egiteko laguntza-programa arautzen du (NETs programa).
Agindu horren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bidezko da bertan finkaturiko laguntzetarako deialdia egitea 2010eko ekitaldirako eta horretarako beharrezkoak diren arauak ematea.
Horrenbestez, agindu horren 13. artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Xedea.
1.- Ebazpen honen xedea da oinarri zientifikoa eta teknologikoa duten enpresak merkaturatzeko proiektuak egiteko NETs laguntza-programa arautu zuen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko azaroaren 27ko Aginduan aurreikusitako laguntza-deialdia egitea, 2010. ekitaldirako. Agindu hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko abenduaren 23ko Aginduaz aldatu zen.
2.- Programa hori finantzatzeko 4.000.000 euro daude, 2010eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren kargura.
Deialdi honen kontura emango diren diru-laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko artikulu honetan ezarritako zenbatekoa edo, prozedura ebatzi aurretik, zenbateko hori handitzetik ateratzen dena, indarreko legedian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri eman behar da Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen ebazpen bidez. Bestalde, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (Feder) Nets programa hau finantzatzen lagundu du.
2. artikulua.- Eskakizunak.
Deialdiko laguntzak baliatzeko, Nets programa arautzen duen aginduaren 7. eta 8. artikuluetan ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatu beharko da, proiektu eta onuradunei dagokienez.
3. artikulua.- Eskaerak eta epea.
1.- Eskaerak eta gainerako agiri osagarriak Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietatea SAren (SPRI) bulegoetan aurkeztu behar ira (Urkixo zumarkalea, 36-4. solairua, Bilbao, Bizkaia Plaza Eraikina)-, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako edozein bitarteko erabilita, eta Interneteko www.spri.es/idi/idi/ helbidean ere bete ahalko dira.
2.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen hau argitaratu eta biharamunean irekiko da eskaerak aurkezteko epea, 2010eko ekainaren 2ra arte.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Bigarrena.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko urtarrilaren 27a.
Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordea,
JUAN IGNACIO GOICOLEA RUIGÓMEZ.