30. zk., 2010eko otsailaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Jaurlaritzaren Lehendakaritza
755
EBAZPENA, 2010eko urtarrilaren 20koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2010. urterako, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko hiru beketarako deialdia onartzen duena.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea, benetakoa eta eraginkorra, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Ildo horretan, Emakunde da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan emakume eta gizonen berdintasun-politika bultzatu, aholkatu, planifikatu eta ebaluatzen duen erakundea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen duenaren arabera. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.i) artikuluan erakunde horri izendatzen zaio jarduera-eremuetan egin beharreko politika taiutzeko azterlanak egin daitezen bereziki sustatzea.
Berdintasunaren aldeko politikak garatuko baditugu, aztertu egin behar dugu zer genero-harreman eta -rol dauden gaur egun emakumeen eta gizonen artean arlo guztietan ageri diren ezberdintasunen oinarrian; abian jarri diren edo jarriko diren ekimenek emakumeengan eta gizonengan nola eragiten duten edo nola eragin dezaketen ere aztertu beharra dugu. Azterlan horiek garatu eta zabaltzea funtsezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia politika guztietan txertatu nahi badugu. Europako Kontseiluan sortutako «mainstreaming» delakoaren aditu-taldeak baieztatzen duenez, politikak planifikatu, abiarazi eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenek eskura eduki behar dituzte beharrezkoak diren tresnak, hain justu ere, generoari buruzko alderdiei ekiteko, alderdi horiek aztertzeko eta berdintasunerantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatzeko.
Aurreko deialdietan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak zeukan diru-laguntzen ildoan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen laguntzen zuten ekintza pilotuak edo ikerlanak egitea eta argitaratzea zen xedea. Aurreko ekitaldietako kudeaketa eta emaitzak baloratu ondoren, Erakundeak erabaki du deialdi honetan ikerlanak argitaratzeko diru-laguntzen ildoari eustea soilik, eta beken bitartez, orain arte behar bezala ekin gabeko eremuetan ikerlanak egitea arautzea. Izan ere, aurreko urteetako diru-laguntzen deialdia kudeatu ondoren, organo kudeatzaileak ikusi du ikerketa behar bezala sustatzeko beharrezkoa zela ikerketa aurretik gutxi landutako eremuetara bideratzea. Eta ikerketa helburu horietara bideratzeko modurik onena beketarako deialdia egitea da.
Beken deialdi honetan, hiru mota zehaztu dira; beka bakoitzari ikerlan-mota bat dagokio. Bekak beste laguntza mota bat dira, eta ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta bere Erakunde Autonomoen eremuetan, deialdi mota horiei dagozkien araudia eta ezaugarriak aplikatuko zaizkie, oro har. Bekak lehiaketa-prozeduraz esleituko dira, esleipen-irizpideei eta dagokion baremazioari jarraituz. Beka emateak ez du kontratu, lan edo estatutu bidezko loturarik ezarriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin.
Inguruabar horiek kontuan hartuta, hiru beka emateko deialdi honen bidez, azterlanen eremu horiek dinamizatu nahi dira eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen lagunduko duten ikerlanak egin daitezen ahalbidetu nahi da. Bekak alor horretan espezialista diren pertsonei edo pertsona-taldeei emango zaizkie, ikerlanen kalitatea bermatzeko eta aipatutako helburuak lortzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeak deialdi hau betetzeko behar diren kredituak gaitzen ditu.
Horrenbestez, hau
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Xedea.
Deialdi honen helburua da hiru beka ematea emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen lagunduko duten ikerlanak egiteko 2010. urtean.
2. artikulua.- Beka bakoitzaren edukia eta ezaugarriak.
1.- Beka-mota bakoitzaren edukia ikerketa gai hauei buruzkoa izango da:
a) 1. motako beka: emakumeen lanbide-ibilbidearen analisia eta bilakaera eta horiek jakintza-eremuetan identifikatzea Euskal Autonomia Erkidegoan.
b) 2. motako beka: bereizkeria anizkoitza jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan, eta bereziki, baliabide sozial eta ekonomikoez baliatzerakoan eta segurtasunean dauden egoerak eta desberdintasunak aztertzea.
b) 3. motako beka: une honetan Euskal Autonomia Erkidegoan sektore kultural eta/edo artistikoan, prestakuntza, sorkuntza, ekoizpen, banaketa eta berrikuntzaren eremuetan diharduten emakume edo emakume-taldeen presentzia aztertzea eta horiek identifikatzea.
2.- Beka eskatzen duten pertsonek edo taldeek beka-mota baterako baino gehiagorako proiektuak aurkez ditzakete.
3.- Beka emateak ez du kontratu, lan edo estatutupeko loturarik ezarriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin.
3. artikulua.- Hautaketa eta diru-hornidura.
1.- Deialdi honetako beka-mota guztiak (3) lehiaketa-prozeduraz ebatziko dira. Ondorio hauetarako, lehiaketa izango da bekak emateko prozedura, non aurkezten diren eskaerak alderatzen diren, eskaera horien arteko lehentasuna finkatzeko eta beka bakoitzean balorazio-irizpideen arabera balioespenik onena lortu duten eskaerei soilik emateko.
2.- Erakundearen Aurrekontuetan ondorio horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-hornidura. Zenbatekoa, hasieran behintzat, hirurogeita hamar mila (70.000) eurokoa izango da 2010eko ekitaldian.
4. artikulua.- Eskatzaileak.
1.- Bekak jaso ditzaketen pertsonek edo pertsona-taldeek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Ikerlana Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar da.
b) Argitaratu beharreko ikerlana hizkera ez sexistaz idatzi behar da.
c) Zerga-betebeharrak ordainduta eduki behar dira.
d) Aurrez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura beka berdin edo antzekorik jaso gabeak izan beharko dira.
2.- Eskaera egiten duten pertsonak edo pertsona-taldeak izaera bereko beka, diru-laguntza edo laguntzen esparruan itzulketa edo zehapen prozesuren batean sartuta badaude eta laguntzak esleitzen bazaizkie, itzulketa edo zehapen prozesua amaitu egin beharko da laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Egiaztatu egin beharko dute, halaber, ez dutela administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egitegatik, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen itzalpean ez zaiela horrelako debekurik ezarri.
3.- Baldin eta hainbat eskatzailek ikerlan bakarra aurkezten badute, horien titular-kide direnek euren arteko bat izendatu beharko dute Administrazioaren aurrean ordezkari izan dadin.
5. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.
1.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.- Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariri bidali behar zaizkio (Manuel Iradier kalea, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz); bestela, administrazio-prozeduraren araudian aurreikusitako edozein bidez aurkez daitezke.
6. artikulua.- Eskabideak formalizatzea eta agiriak.
1.- Pertsonak edo pertsona-taldeak I. eranskinean eredu gisa agertzen den eskabidea aurkeztu behar du.
2.- Eskabidean behar bezala adierazi beharko dira datu hauek:
a) Zein beka-motatarako aurkezten den.
b) Eskatzaileen datuak: izena, helbidea edo egoitza (telefono eta fax zenbakiak eta posta elektronikoa jarrita) eta banku-datuak (kontu-zenbakia, sukurtsala, banketxea edo kutxa). Ikerlana hainbat pertsonek aurkezten badute, taldeak arduradun izendatzen duen pertsonaren banku-kontua.
3.- Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira.
a) Ikerlanaren azalpen-memoria, II. eranskinaren arabera.
b) Deialdi honen xede bererako laguntza edo diru-laguntzarik ez jasotzeari buruzko zinpeko adierazpena.
c) «Datuen alta/Hirugarren interesatua» inprimakia (V. eranskina).
d) NANaren fotokopia, banakoarena edo taldeko kideena.
e) Ikerlana egingo duen pertsonaren edo pertsonen Curriculum Vitae: azterlanaren eremuan edo antzekoetan, generoaren alorrean eta eskatutako beka-motaren araberako ikerketaren alorrean duten prestakuntza eta esperientzia adierazi beharko da. Agiri horrekin batera, IV. eranskinean agertzen den idazkia aurkeztu behar da.
f) Ikerketa hainbat lagunen artean egitekoa bada, argi eta garbi zehaztu beharko da pertsona bakoitzak zein eginkizun eta zeregin izango dituen prozesuan eta nor izango den ikertzaile nagusia edo arduraduna.
g) Eskabidea egin duen pertsonaren edo taldeko kideen zinpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, pertsona horrek eta taldeko kideek ez dutela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik; eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen itzalpean ez zaiela debekurik ezarri zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako bekak eskatzeko (VI. eranskina).
h) Zinpeko adierazpena, egiaztatzeko eskabidea egin duen pertsonak edo taldeko kideek ez dutela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dien lege-debekurik ere (VI. eranskina).
i) Pertsonaren edo taldeko kideen zinpeko adierazpena, egiaztatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ez dutela eduki honelako edo antzeko bekarik, ez orain ez lehenago (VI. eranskina).
7. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Bekarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz ebazpena eman beharko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraiki (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
8. artikulua.- Hautaketa Batzordea.
Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko; Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:
Lehendakaria:- Idazkari nagusia.
Batzordekideak:
- Azterlan, Dokumentazio eta Plangintza Arloko arduraduna.
- Aholkularitza Juridiko eta Informazio Arloko arduraduna.
- Administrazio Arloko arduraduna.
Idazkaria: Aholkularitza Juridiko eta Informazio Arloko arduraduna.
9. artikulua.- Hautagaitzak hautatzea eta balorazio-irizpideak.
1.- Hautaketa Batzordeak eskabideak sailkatuko ditu eta beka-mota bakoitza aurkeztutako dokumentazioaren arabera baloratuko du. Baloratzerakoan, bereziki kontuan hartuko da eskatzaileak edo taldeko kideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean, bekaren gaiaren inguruko ikerlanak egiteko dituzten jakintzak, prestakuntza eta esperientzia; zehaztasun eta adierazpenerako gaitasuna; bekaren langaian murgiltzeko dituzten ahalbideak, eta ikerlanaren proposamenaren interesa eta ikuspegia.
2.- Beka-mota bakoitza emateko, Hautaketa Batzordeak balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:
A) Ikerlanaren kalitatea, oro har (70 puntu, gehienez).
a) Ikerlanaren esparru teorikoaren planteamendua (20 puntu, gehienez).
b) Ikerlana argia eta bideragarria izatea, egutegia eta metodologia barne hartuta (20 puntu, gehienez).
c) Ikerlanerako dedikazioa (20 puntu gehienez).
d) Berrikuntzak (10 puntu, gehienez).
B) Pertsonaren edo pertsona-taldearen ibilbidea (20 puntu, gehienez).
- Lana egiten duten pertsonek edo taldeek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean eta bereziki, eskatutako bekaren ikerketa gaiari buruz duten ibilbidea, esperientzia eta prestakuntza.
C) Ikerlanak euskaraz egitea (10 puntu gehienez)
3.- Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.
4.- Lehen aukeraketan hartutako hautagaiei elkarrizketa bat egiteko deia egingo zaie. Han azaldu eta defendatu ahal izango dute beren proposamena. Lehen aukeraketan hiru eskabide baino gehiago hartzen badira, Hautaketa Batzordeak beka bakoitzaren lehenengo hiru hautagaiei soilik egingo die elkarrizketa; proiektua azaldu eta defendatzerakoan behar adinako kalitaterik ez badute, hurrengo hautagaiei egingo die elkarrizketa, dagokion hurrenkerari jarraituz, aurkeztutako dokumentazioaren arabera baloratuta.
5.- Elkarrizketan, pertsona eskatzaileak edo taldearen koordinazioa bere gain hartzen duenak aurkeztutako memoria edo proposamena azaldu eta defendatuko du. Ikerlanaren emaitzen eta ikerlana burutzeko bideragarritasunaren arabera baloratuko da memoria edo proposamenaren kalitatea. Batzordeak galderak egin ditzake azaldutakori buruz, bekaren xedeari buruz eta beketan baloratutako alderdiei buruz.
6.- Hautaketa Batzordeak, egindako balorazioaren arabera, esleipen-proposamena egingo du. Proposamenean jasoko dira beka-mota bakoitzerako hautatutako pertsonak edo taldea, ordezko eskabideen zerrenda -pertsona edo talde onuradun batek uko egiten duenerako-, eta kanpoan utzitako eskabideen zerrenda, kanpoan uzteko arrazoia adierazita. Beka-mota baterako edo guztietarako, deialdia bete gabe uztea ere proposa dezake, baldin eta pertsona edo talde hautagairik ez baldin badago edo proposamena azaldu eta defendatzerakoan behar bezainbateko kalitatezko ikerlanik ez badago.
7.- Deialdi honetako hiru beketakoren bat eman gabe utziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bekaren diru-zenbatekoaz baliatzeko proposa dezake, eta diru-zenbatekoa beste beka bati ematea, hain zuzen ere, beste mota bien artean interesgarriena den bekari.
10. artikulua.- Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako bekak bateraezinak dira beste erakunde publiko edo pribatu batek helburu bererako eman dituen edo eman ditzakeen beste beka, diru-laguntza edo laguntzekin.
11. artikulua.- Ebazpena.
1. Hautaketa Batzordearen esleipen-proposamena Erakundeko zuzendariari helaraziko zaio. Zuzendariak ebazpen adierazia emango du, eta emandako eta ukatutako bekak adieraziko ditu, eta, kasuaren arabera, deialdia bete gabe utzi dela adieraziko du. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie banako zein pertsona-talde onuradunei. Emandako beken zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.
2.- Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan pertsonari edo pertsona-taldeari ebazpenik jakinarazi ezean, bekaren eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
12. artikulua.- Jabetza intelektualaren eskubideak.
1.- Jabetza intelektualaren eskubideari buruzko arauen esparruan eta indarreko legedian jasotakoaren arabera erabiliko dira egindako lanak.
2.- Bereziki, erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko ustiapen-eskubideak, eta, orobat, ekonomikoki ustiatu daitezkeen gainerakoak, hain justu ere, mugarik gabe eta egungo hizkuntza eta prozedura ororen bitartez erabil daitezkeenak, deialdi honetan jabetza intelektualari buruz aplikatu daitekeen araudiaren arabera xedaezinak diren baldintzetara eta mugetara egokitu beharko dira.
13. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan arautzen diren beken onuradunek -pertsona nahiz talde- Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte, eta bereziki, honako hauek:
a) Emandako beka onartu behar dute. Horrela, beka eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek -pertsona nahiz talde- bekari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, beka onartu egin dutela esan nahiko du.
b) Beka zertarako eman den, helburu horretarako erabili behar dute, eta gutxienez hiruhilean behin, horretarako jarritako egutegiaren arabera, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman beharko diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari, oniritzia edo onespena jasotzeko.
c) Emandako beka-motarekin bat datorren ikerlana egin behar dute, euskaraz eta/edo gaztelaniaz.
d) Egindako lanen argitalpen eta publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jaso dutela azaldu behar da, VII. eranskinean xedatutakoaren arabera.
e) Beka jasotzen duten ikerlanen bi ale, behar bezala koadernatuta, eta kopia bat euskarri informatikoan (pdf formatua) eman beharko dizkiote Emakunderi.
14. artikulua.- Bekaren iraupena eta ordainketa.
1.- Bekak hamar hilabete iraungo du, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik aurrera.
2.- Beka bakoitza 23.333 eurokoa izango da eta hiru zatitan ordainduko da: lehenengoa, onartu bezain laster; bigarrena, egindako ikerlanaren hiruhileroko lehen informazioa ontzat ematean; eta hirugarrena, bekaren helburu den azterlana jaso eta baloratutakoan.
3. Beka hartu duen pertsonak edo pertsona-taldeak bekari uko egiten badio, galdu egingo ditu oinarri hauetan adierazitako eskubide guztiak.
15. artikulua.- Ez-betetzeak.
Beka emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira.
16. artikulua.- Itzulketa prozedura.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako beka itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio pertsona edo talde interesatuari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, interesatuak egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko.
b) Alegazioak jaso edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da beka jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
d) Gehienez ere sei hileko epea egongo da aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura -artikulu honetan arautua- ebazteko eta jakinarazteko.
17. artikulua.- Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira, datuen tratamendua egiteko; fitxategi hori Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakora lotuta dago eta Erakundeak sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko. Interesatuek eskubidea dute datuak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko, legearen arabera. Eskubide horiez baliatzeko, idazki bat bidali beharko diote fitxategiaren arduradunari, hau da, Azterlan, Plangintza eta Dokumentazio Arloari: Manuel Iradier kalea, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Ebazpenaren aurka interesatuek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Bigarrena.- Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean emango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko urtarrilaren 20a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA SILVESTRE CABRERA.
ESKABIDE EREDUA (I. ERANSKINA)
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
MEMORIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
AURKEZTEN DIREN AGIRIAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
CURRICULUM VITAE
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA / ANEXO V
HIRUGARRENAREN DATUEN ALTA/ALTA DE DATOS TERCERO INTERESADO (*)
HIRUGARRENAREN EZAGUPENERAKO DATUAK/DATOS IDENTIFICATIVOS DEL TERCERO
(Véase el .PDF)
VI. ERANSKINA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN MARKAREN EZAUGARRIAK
(Ikus .PDF)