Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6804

AGINDUA, 2009ko abenduaren 16koa, Kulturako sailburuarena, Euskadiko kirol-federazioen 2010eko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautzen duena.

2000ko abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren xedea kirol-federazioen finantza-bidea arautzea da, horiei beren urteroko kirol-programetarako diru-laguntza ez itzulgarriak emanez.

287/2000 Dekretuko 3. artikuluan adierazten denez, Kultura sailburuak urtero-urtero emango du agindua, aipatu Dekretuan arautzen diren diru-laguntzak banatzeko. Kultura sailburuaren agindu horretan zehaztuko dira zenbateko diru-laguntzak emango diren, eskabideak aurkezteko leku eta epeak, diru-laguntza eskatu nahi duenak aurkeztu beharreko agiriak, laguntzak kuantifikatzeko irizpideen haztapena eta diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu behar diren epe eta agiriak.

287/2000 Dekretuan xedatzen denarekin bat, agindu honetan zehaztuko dira kontu horiek guztiak, aipatutako arauan ezarritako diru-laguntzetarako deialdia 2010eko ekitaldian aplikatu ahal izateko.

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea.

2000ko abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuak euskal kirol-federazioen kirol-programetarako diru-laguntzak emateko modua arautu zuen. 2010eko ekitaldian Dekretu horren bidez araututako diru-laguntzetarako deialdian parte hartu nahi duenak hilabeteko epea izango du eskabidea aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2. artikulua.- Eskabideak aurkezteko lekua.

Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzenduko zaizkio (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz) eta 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoaren (2008ko maiatzaren 30eko 102. zkidun EHAA)I. eranskinean erlazionatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistro Orokor Nagusian edo bere Erregistro Laguntzaileren batean aurkeztuko dira. Eskabideok zuzenean aurkez daitezke edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean adierazitako bideetarik edozein erabiliz.

3. artikulua.- Diru-laguntza eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Diru-laguntzak jasotzeko eskabideekin batera honako dokumentazioa aurkeztu behar da:

a) Eskabide-inprimakia (I. eranskina).

b) Erakundearen 2010eko ekitaldiko aurrekontua, batzar nagusiak onartua.

Eskabidearen euskarri gisa aurkeztutako aurrekontu hori egitarauka sailkaturik aurkeztuko da, eta oreka bat erakutsiko du gastu eta diru-sarreretan artean. Horrekin batera, aurrekontu berria orekatzeko konpromisoa hartzen duela adierazi behar du entitateak, jasotako diru-laguntza jasotzea espero zenarekin bat ez badator. Hori egiteko, 30 egun balioduneko epea izango du, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

c) Federazioaren IFZren fotokopia.

d) Zerga eta Gizarte Segurantzako kontuetan bere betebehar guztiak ordainduta dituela egiaztatzen duten agiri eguneratuak.

e) Banketxearen egiaztagiri eguneratua, kontu-zenbakia eskaera egin duen entitatearena dela ziurtatzeko.

f) Erakunde onuradunak eskatu dituen edo ustez jasoko dituen beste laguntza batzuen zerrenda, emango duen erakunde publiko zein pribatuaren izena eta diru-laguntzarako eskabideen egoera aipatuta: ezetsia, erantzunaren zain, emana eta diru-kopurua. Horrelakorik egon ezean, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako egitarauetarako beste inongo laguntzarik ez dela eskatu egiaztatzeko jakinarazpena.

g) Kirol-egitasmoa azaltzen duen memoria (II. eranskina). Honako hauek agertuko dira bertan:

- Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak. Lehiaketen gutxi gorabeherako kopurua espezialitate edo azpimotaren eta kategorien arabera. Parte hartuko duten kirolari eta kluben kopurua eta parte hartuko duten kluben portzentajea federazioan afiliatuta dauden klub guztien aldean.

- Kirol-prestakuntzako jarduerak. Egingo diren jardueren zerrenda eta partaideen eta orduen kopurua gutxi gorabehera.

- Zuzendari teknikorik dagoen eta horren titulazioa, dedikazioa ordutan eta federazioarekin duen lotura.

- Parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan federazioak antolatutako jarduerak (jolas, aisia eta osasunerako kirola).

- Kirol-selekzioek burututako jarduerak.

- Kirol-mota bertokoa den.

- Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak baztertzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko federazioak bultzatzen dituen ekintzak.

h) Federazioen estamentu-liburua, Kirol Erakundeen Erregistroak legeztatua, eta Federazioaren idazkariak lehendakariaren oniritziarekin egindako egiaztagiria, 2009ko abenduaren 31n federazioak zituen kirolari federatuen kopurua adierazten duena (III. eranskina).

i) 2009ko abenduaren 31n federazioak afiliatuen artean zituen goi-mailako kirolarien zerrenda.

j) Federazioak euskara zenbateraino erabiltzen duen adierazten duen memoria (IV. eranskina). Honako hauek aipatuko dira:

- Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.

- Euskararen erabilera federazioen dokumentu eta argitalpenetan.

- Euskarazko web orririk duen.

- Jendeari harrera euskaraz egiten zaion.

- Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzen den.

- Federazioko kideekin euskara erabiltzen den.

- Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzen den.

k) Erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik aitortzen duen zinpeko deklarazioa (V. eranskina).

l) Txapelketa ofizial propioen egutegia idazkariak sinatuta, lehendakariaren oneritziarekin eta zein datako Batzar Nagusian onartua izan zen adierazi beharko da.

4. artikulua.- Diru-zuzkidura.

1.- 2010eko ekitaldian, agindu honetan arautzen diren laguntzak finantzatzeko bideratu den aurrekontu-zuzkidura hiru milioi hirurehun eta laurogeita bost mila zazpiehun eta hogeita hamar (3.385.730) eurokoa da.

2.- Artikulu honetan finkatu den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da eskatutako diru-laguntzen kopurua kontuan hartuta, baldin eta Kultura Sailean laguntzak emateko beste egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontua ahitu gabe geratu bada. Aldaketa hori diru-laguntzak ebatzi aurretik egin behar da eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

5. artikulua.- Laguntzak kuantifikatzeko irizpideak.

Segidan zehazten diren irizpideak aplikatuz ateratzen diren zenbatekoen batuketak esango du honako agindu honen deialdian parte hartuko duten federazioei zenbateko diru-laguntza emango zaien:

1.- Federazio bakoitzak 2009. urtean bere kirol-egitarauak finantzatzeko Kultura sailburuaren 2008ko abenduaren 23ko Aginduaren babesean eskuratu zuen diru-laguntzaren erdia (% 50) izango du. Agindu horren bidez ezarri zen Euskal kirol-federazioen kirol-egitasmoetarako araudia.

2.- Federazio eskatzaile bakoitzarentzako diru-kopurua zehaztu ondoren, horien guztien batuketa agindu honetako 4. artikuluan zehaztutako kopuruari kenduko zaio eta gelditzen dena irizpide hauen arabera banatuko da:

a) Kirol-egitasmoa (puntuen % 75).

Ondoko hauek hartuko dira kontuan kirol-egitasmoaren interesa balioesteko:

- Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak.

- Kirol-prestakuntzako jarduerak.

- Zuzendari teknikorik dagoen.

- Parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan federazioak antolatutako jarduerak (jolas, aisia eta osasunerako kirola).

- Kirol-selekzioek burututako jarduerak.

- Kirol-mota bertokoa den.

b) Lizentzia federatua duten kirolarien kopurua (puntuen % 5).

c) Euskara (puntuen % 10).

- Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.

- Euskararen erabilera federazioen dokumentu eta argitalpenetan.

- Euskarazko web orririk duen.

- Jendeari harrera euskaraz egiten zaion.

- Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzen den.

- Federazioko kideekin euskara erabiltzen den.

- Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzen den.

d) Autofinantzaketa-maila (puntuen % 5).

e) Goi-mailako kirolarien kopurua (puntuen % 5).

3.- Aurreko idatz-zatian zehaztutako balorazioa egin ondoren, federazio bakoitzari dagokion gainontzeko diru-kopurua honela kalkulatuko da: federazio bakoitzak lortutako puntuazioak federazio guztien puntuazioarekiko erakusten duen portzentajea aplikatuko zaio artikulu honen 2. puntuan aipatzen den guztirako kopuruari.

6. artikulua.- Diru-laguntzak ordaintzeko prozedura.

1.- Agindu honetako 3. artikuluan eskatzen den dokumentazio guztia eta eskabidea aurkeztu ondoren, Kirol zuzendariak ebazpen bat emango du onuradun bakoitzak jasoko duen aurrerapena zenbatekoa izango den zehazteko eta ordainketa egiteko, 287/2000 Dekretuko 5. artikuluan adierazitako ordainketa-arautegian xedatzen dena betez.

2.- Bigarren ordainketa aurreratua Kirol zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo da, betiere aurreko urtean jasotako diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onartu ondoren. Bigarren zati hori aipatutako urteko diru-laguntzaren % 25 izango da.

3.- Diru-laguntzaren gainerakoa, eskaera egin den urterako onartutako diru-laguntzaren guztia osatu artekoa, alegia, aurreratutako ordainketetan emandako zenbatekoak justifikatu ondoren likidatuko da.

7. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.- Diru-laguntzaren bat jaso duten federazioek diru hori agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako helburuetarako erabili dela erakutsi behar dute 2011ko otsailaren 15a baino lehenago, honako dokumentazio hau aurkeztuz:

a) 2010. urteko balantze ekonomikoa, Batzar Nagusiak onartua.

b) Burututako kirol-proiektuari buruzko memoria zehatza. Horrekin batera, eskabidean zehaztutako jarduerak burutu direla erakusten duen dokumentazioa aurkeztu behar da.

c) Eskabidea aurkezteko momentuan hartuko zituztenik ez jakiteagatik adierazi gabe utzi eta, ondoren, xede berberaz jasotako gainerako laguntza guztien aipamena.

d) Gastuaren justifikazioa.

Gastua justifikatzeko, jatorrizko fakturak edo Kirol Zuzendaritzak zein Kultura Saileko lurralde-zerbitzuek konpultsatutako fotokopiak aurkeztu behar dira. Fakturen zenbatekoa emandako diru-laguntzaren bestekoa izan behar da, ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

Onuradunek gastua justifika dezaten prozedura telematikoren bat ezartzen bada, behin prozedura hori erregulatzen duen araua onartu ondoren, agindu honetako laguntzak horren bitartez izapidetu ahal izango dira. Ezartzen den prozedura telematikoak, berriz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluko baldintzak bete beharko ditu.

e) Eskabidea egiterakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa aurkeztu duten federazioei dagokienez, konpromiso hori betetzen dela erakusten duten agirien aleak.

2.- Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du eta, hala badagokio, ordurako ordainduta dagoen diru-laguntzatik zein diru-kopuru itzuli behar den zehaztuko du itzulketa egiteko, eta, hori gertatuz gero, bi hilabeteko epea emango da, likidazio-ebazpena jasotzen den egunetik hasita.

8. artikulua.- Aurkezteko debekua.

Ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko edo juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

9. artikulua.- Emakume eta Gizonen Berdintasuna.

1.- Betebeharren artean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

2.- Nolanahi ere, ez dute sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira sexu bien arteko trataera-berdintasuna bermatzen ez duten egitasmoak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzak emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010. urterako aurrekontu orokorretan ordaintzeko kreditu egokia eta nahikoa eduki beharko da.

Bigarrena.- Agindu honek administrazio-bidea ixten du. Bere aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian; horretarako, bi hilabeteko epea izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hirugarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 16a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA / ANEXO I

DIRU-LAGUNTZARAKO ESKABIDEA / SOLICITUD DE SUBVENCIÓN

EUSKAL KIROL FEDERAZIOEN 2010EKO KIROL-PROGRAMAK FINANTZATZEKO DIRU-LAGUNTZAK

SUBVENCIONES PARA LOS PROGRAMAS DEPORTIVOS DE LAS FEDERACIONES DEPORTIVAS VASCAS, CORRESPONDIENTES AL AÑO 2010

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

KIROL-PROIEKTUA AZALTZEN DUEN TXOSTENA, DEIALDIA EGITEN DUEN AGINDUAREN 3.g) ART.

MEMORIA EXPLICATIVA DEL PROYECTO DEPORTIVO, ART. 3.g) DE LA ORDEN SUBVENCIONAL

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

2009ko abenduaren 31n federazio-lizentzia duten kirolarien kopurua /

Número de deportistas con licencia federada a 31 de diciembre de 2009

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA / ANEXO IV

EUSKARAREN ERABILERARI BURUZKO AZALPEN-MEMORIA

(DEIALDIA EGITEN DUEN AGINDUAREN 3.J ART.)

MEMORIA EXPLICATIVA DEL RÉGIMEN DE UTILIZACIÓN DEL EUSKARA

(ART. 3.J DE LA ORDEN SUBVENCIONA

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA / ANEXO V

ZINPEKO DEKLARAZIOA / DECLARACIÓN JURADA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala