Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6803

AGINDUA, 2009ko abenduaren 9koa, Kulturako sailburuarena, antzerki-zabalkunderako 2010. urtean diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan, Lehendakariaren uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuak aldatutakoa. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki deritzo, bere eskumenen baitako zeregina den aldetik, izaera profesionala duten antzerki-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Horretarako, diru-laguntzak emango zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako antzerki-talde profesionalei Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo birak egiteko. Neurri horren bitartez, euskal antzerki-taldeen sorkuntza-lana bultzatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, talde horien ahalegina errekonozitzeaz gain, beren lanak beste merkatu batzuetara zabaltzeko aukerak eskaini, beren finantzabideak ugaritu daitezen.

Ondorioz, hau

EBATZI DUT:

I. KAPITULUA

ARAU OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen bitartez, 2010eko ekitaldian antzerki-zabalkunderako diru-laguntzak emateko araubidea ezarriko da.

2. artikulua.- Modalitateak eta diru-baliabideak.

1.- Laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra ehun eta hogeita zortzi mila ehun eta hirurogei eurokoa izango da (128.160) eta gehitu egin ahal izango da xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

2.- Zenbateko globala honela banatuko da deialdi honetako modalitateen artean:

- Ehun eta bat mila euro (101.000) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo birak egiteko.

- Hogeita zazpi mila ehun eta hirurogei euro (27.160) antzerki-denboraldiak sustatzeko.

3. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.- Agindu honetan ezar daitezen bestelako berariazko eskakizunez gain, laguntza hauek eskatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da baldintza hauek betetzea:

- Pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izatea eta profesional gisa aritzea antzerkigintzan.

- Sozietate egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

- Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, altan egotea jarduera ekonomikoen zergako antzerki-jardueretarako epigrafean.

2.- Kultura elkartea edo fundazioaren izaera juridikoa duten eskatzaileek ezingo dituzte jaso dirulaguntza hauek.

3.- Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexudiskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

4.- Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

4. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea 2010eko urriaren 29an amaituko da, lehenengo xedapen gehigarrian egindako salbuespena salbuespen.

2.- Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta, deialdiko eranskinetako dokumentazioarekin batera, Kultura Saileko dagokion lurralde zerbitzuan aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

5. artikulua.- Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

6. artikulua.- Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar eguneko epea emango dio interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio eskatutakoa ez egiteak eskabideari uko egitea ekarriko duela. Uko-egite hori ebazpen baten bidez gauzatuko da.

7. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak emango du, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren proposamenak ikusita, hiru hilabeteko epean eskabideak aurkezten direnetik aurrera.

2.- Ebazpen hori esleipendunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

3.- Ebazteko epea amaituta, interesatuari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea onartutzat jo daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

8. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

9. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango dira.

10. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 75 esleipen-ebazpena eman ondoren eta 9.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.

b) Gainerako % 25a diruz lagundutako jarduera gauzatu dela egiaztatu eta jarduera osoa aurkeztutako aurrekontuaren arabera justifikatu ondoren, ondorengo artikuluan zehaztutako eran gastuen aurrekontuaren arabera.

11. artikulua.- Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

Pertsona/entitate onuradunek diruz lagundutako jarduera bukatutzat emandako egunetik hiru hilabeteren buruan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria deskriptiboa, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.

b) Diruz lagundutako emanaldiak egin direla egiaztatu, kontratatzaileak egindako egiaztagiria, kontratua bera edo leihatilako orria aurkeztuz.

c) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez.

Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

- Entitate onuradunaren behin betiko diru-ekarpena.

- Xede berberaz herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-ekarpenak. Entitate onuradunak Kultura Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

- Kultura Sailak esleitutako diru-laguntza.

d) Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta gastuen egiaztagirien zerrenda ulergarria (nominak, fakturak tiketak, dirua jaso izanarena giriak...), VIII. eranskineko ereduari jarraituta.

e) Diru-laguntza jaso duen jarduerarekin zerikusia duten gastuen justifikagiriak, jatorrizkoak edo kulturako lurralde zerbitzuetan konpultsatutako fotokopiak, aurkeztutako gastu-aurrekontu osoaren pareko zenbatekoari dagozkionak.

Salbuespen gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen kargura emandako diru-laguntzak jardueraren gastuen aurrekontuaren erdia gainditzen ez duenean, emandako laguntza justifikatzeko agiriak baino ez dira aurkeztu behar.

Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak 1. paragrafo honetan ezarritako epearen barruan hala eskatzen badu, pertsona onuradunek konpromisoa hartzen dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko.

f) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinen aleak, Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

12. artikulua.- Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoak doitzeko.

13. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Honelakoak izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.- Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera.

II. KAPITULUA

EAE-TIK KANPO EGINGO DIREN BIRETARAKO LAGUNTZAK

14. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

Ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten antzerki-emankizunetarako dira laguntza hauek:

a) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egingo dira.

b) 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra egingo dira.

c) Aurkezten den proiektua ekonomikoki bideragarria izango da. Bideragarritasun hori gastu eta diru-sarreren aurrekontu orekatu baten bitartez egiaztatuko da.

d) Konpainiak kaxet gisa jasotzen duen diru-kopurua ezingo da izan emankizunaren ohiko kaxetaren erdia baino txikiagoa.

e) Emankizunek bi baldintza hauetako bat bete beharko dute:

- IX. eranskinean zerrendatzen diren jaialdietan antzeztea.

- Atzerrian antzeztu beharreko emankizunetan, Eusko Jaurlaritzak zuzenki edo zeharka babestutako honako erakustaldi-plataforma hauetako batean parte hartu izanaren ondorioz sortuak izatea: Leioako Antzerki Azoka, Donostiako Antzerki Azoka, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, Tarregako Antzerki Azokako Euskal Teatroa espazioa, Valladolideko Antzerki eta Kale Artearen Nazioarteko Jaialdiko Kaleartean programa, Valentziako Contaria Azoka edo Lleidako Txotxongiloen Azoka.

15. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.- Birak egiteko diru-laguntzetarako, ehun eta bat mila euro (101.000) erabiliko dira.

2.- Edozein modutan, laguntzak ez du inoiz gainfinantzaketarik ekarriko eta ez ditu, halaber, honako kopuruak gaindituko:

a) 5.000 km-tik hara egitekoak diren birak:

- Gehienezko zenbatekoa: hamabost mila euro (15.000).

- Gehienezko zenbatekoa biran dooan pertsona bakoitzeko: mila euro (1.000).

- Gehienezko zenbatekoa eszenografiagatik: hiru mila euro (3.000).

b) 1.5000 km-tik hara egitekoak diren birak:

- Gehienezko zenbatekoa: zazpi mila eta bostehun euro (7.500).

- Gehienezko zenbatekoa biran dooan pertsona bakoitzeko: bostehun euro (500).

- Gehienezko zenbatekoa eszenografiagatik: mila eta bostehun euro (1.500).

c) 1.500 km-tik hona egitekoak diren birak:

- Gehienezko zenbatekoa: bost mila euro (5.000).

3.- Aurreko artikuluan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribartu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia.

4.- Diru-laguntza hauek aurrekontuko zuzkidura agortu arte emango dira, beraz, ebazpena emateko, eskabideak zein ordenatan aurkeztu diren hartuko da kontuan zorrotz, dauden funtsak agortu arte. Ondorio horietarako, agindu honen arabera eskabidea behar bezala aurkeztu den eguna hartuko da kontuan.

5.- Kapitulu honetako modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo eskakizunak betetzen ez dituztelako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako diru-laguntzen zenbatekoa handi liteke beste modalitatearen soberakinaren bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago.

16. artikulua.- Kuantifikazio-irizpideak.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Kontuan hartuko dira aktoreen kopurua eta beste hiru pertsona, gehienez, lan teknikoetarako eta ordezkaritza edo zabalkunde lanetarako.

b) Diru-laguntzaren zenbatekoa honako hiru kontzeptur hauen baturaren emaitza izango da:

- Biran doan konpainiaren joan-etorriaren kostua.

- Eszenografiaren garraioa edo emanaldia egingo den tokian erostearen edo egitearen kostua.

- Biran doan ikuskizunaren emanaldi bati, SAREA-ko antzoki batean,dagokion kaxetaren % 50a.

Norberaren ibilgailua erabiliz gero joan etorriari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa honako formula hau erabiliz kalkulatuko da:

D1 = In x (km x 0,29 euro)+(En x Pn x 42 euro) + BG

Non,

D1: Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntza.

In: Erabilitako ibilgailu kopurua.

km: Egindako kilometro kopurua.

Dn: Bidaia-egunak (gehienez bi).

Pn: pertsona kopurua.

BG: Bestelako gastuak: Autopistak, garraio aldaketak...

III KAPITULUA

ANTZERKI-DENBORALDIAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK

17. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

Ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten antzerki-denboraldietarako dira laguntza hauek:

a) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egingo dira.

b) 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra egingo dira.

c) Aurkezten den proiektua ekonomikoki bideragarria izango da. Bideragarritasun hori gastu eta diru-sarreren aurrekontu orekatu baten bitartez egiaztatuko da.

d) Gutxienez plaza berean 18 emanaldi egin beharko dira, eta plaza horrek gutxienez 200 eserleku izan beharko ditu.

e) Eskola umeentzako baimenak baztertu egingo dira.

18. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.- Sustapenerako laguntzen zenbatekoa hogeita hamazazpi mila ehun eta hirurogei eurokoa izango da (27.160).

2.- 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten proiektuek antzerki-denboraldia sustatzeko bideratzen den aurrekontuaren % 50 jasoko dute.

3.- Edonola ere, ez dira hamar mila eurotik (10.000) gorakoak izango.

4.- Diru-laguntza hauek aurrekontuko zuzkidura agortu arte emango dira, beraz, ebazpena emateko, eskabideak zein ordenatan aurkeztu diren hartuko da kontuan zorrotz, dauden funtsak agortu arte. Ondorio horietarako, agindu honen arabera eskabidea behar bezala aurkeztu den eguna hartuko da kontuan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Aurrekontua bukatzen baldin bada agindu honen indarraldia amaitu baino lehen, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzan ebazpen bat argitaratuz, amaitutzat joko du eskabideak aurkezteko epea, horretarako izendaturiko diru-funtsak agortu direla arrazoituta.

Bigarrena.- Modalitate guztiei dagokienez, 2. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Hirugarrena.- Laguntza-programa honek ez du Europako batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3. artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2010. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 9a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERASKINA / ANEXO I

ANTZERKI-ZABALKUNDERAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUBIDEA EZARTZEN DUEN AGINDUA/

ORDEN POR LA QUE SE REGULA EL RÉGIMEN DE CONCESIÓN DE SUBVENCIONES PARA LA DIFUSIÓN TEATRAL

DIRU-LAGUNTZA-ESKABIDEA / SOLICITUD SUBVENCIÓN

(Ikus .PDF)

II. ERASKINA / ANEXO II.

MODALITATEA/MODALIDAD:

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOTIK KANPO BIRAK EGITEKO

REALIZACIÓN DE GIRAS TEATRALES FUERA DE LA CAPV.

(Ikus .PDF)

III. ERASKINA / ANEXO III.

MODALITATEA / MODALIDAD:

PROMOCIÓN DE TEMPORADAS TEATRALES

ANTZERKI-DENBORALDIAK SUSTATZEKO

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA/ANEXO IV

EKARRI BEHARREKO AGIRIEI BURUZKO ARGIBIDEAK.

NOTAS ACLARATORIAS SOBRE LA DOCUMENTACIÓN A APORTAR.

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA / ANEXO V

BIRA PROIEKTUA / PROYECTO DE LA GIRA

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA / ANEXO VI

BIRAREN AURREKONTUA / PRESUPUESTO DE LA GIRA

(Ikus .PDF)

VII. ERANSKINA / ANEXO VII

ANTZERKI DENBORALDIAREN PROIEKTUA / PROYECTO DE LA TEMPORADA TEATRAL

(Ikus .PDF)

VIII. ERANSKINA / ANEXO VIII

GASTUEN EGIAZTAGIRIEN ZERRENDA

LISTADO DE LOS DOCUMENTOS JUSTIFICATIVOS DEL GASTO

(Ikus .PDF)

IX. ERANSKINA. JAIALDIAK / ANEXO IX. FESTIVALES

(Ikus .PDF)

X. ERANSKINA / ANEXO X

HIRUGARRENAREN DATUEN ALTA/ALTA DE DATOS TERCERO INTERESADO (*)

HIRUGARRENAREN EZAGUPENERAKO DATUAK/DATOS IDENTIFICATIVOS DEL TERCERO

(Ikus .PDF)

XI. ERANSKINA / ANEXO XI

HIRUGARRENAREN DATUETAN ALDAKETA(K) SARTZEKO ESKABIDE-ORRIA (*)

SOLICITUD MODIFICACIÓN EN LOS DATOS DEL TERCERO (*)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala