Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6802

AGINDUA, 2009ko abenduaren 9koa, Kulturako sailburuarena, antzerkiko profesionalak prestatzeko egitarau eta jarduerak 2010. urtean garatzeko dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan, Lehendakariaren uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuak aldatutakoa. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki deritzo, bere eskumenen baitako zeregina den aldetik, izaera profesionala duten antzerki-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari, horretarako, honako Agindu honen bidez antzerkiko profesionalak prestatzeko dirulaguntzak emango ditu.

Hori dela eta,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen xedea, 2010 urtean zehar burutuko diren antzerkiko profesionalak prestatzeko egitarau eta jarduerei dirulaguntzak ematea arautzea da.

2.- Ez dira diruz lagunduko, goi mailako hezkuntzaren arloren bateko edozein eremuri atxikitako egitarau erregelatuak aurkezten dituzten proiektuak, zentro publikoetako zein pribatuetakoak izan.

2. artikulua.- Hautapena, Modalitateak eta Baliabide ekonomikoak.

1.- Honako agindu honen kargura emango diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, baina halere, dirulaguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz, hautaturiko proiektuen dimentsioari dagokionez, beren kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatzeko moduko pertsona edo erakunde onuradun kopurua besterik ez da hautatuko, ezarritako irizpideen arabera.

2.- Laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra ehun eta hogeita hamahiru mila eta berrogeita hamazazpi da (133.057) eurokoa; halere, zenbateko hori handitu ahal izango da xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

3.- Laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra era honetan banatuko da deialdi honek dituen bi laguntza-modalitateen artean:

a) Ehun eta hogeita bost mila eta berrogeita hamazazpi (125.057) euro antzerkiko profesionalen prestakuntza integrala lortzera zuzendutako ikastaroak antolatzeko.

b) Zortzi mila (8.000) euro antzerkiko profesionalen prestakuntzarekin lotutako arlo zehatzetako prestakuntza jarduerak antolatzeko.

4.- Modalitate bakoitzean zehaztutako diru-dotazioen kaltetan gabe, eskaera gutxi egin delako edo baldintzak egoki bete ez direlako aipatutako bi modalitateetariko baten diru-zenbatekoa ahituko ez balitz, balorazio batzordeak modalitate batari dagokion zenbatekoa gehitu ahal izango du beste modalitatean soberan geratutako diruarekin edo alderantziz, beti ere, diru-zenbatekoa gehituko zaion modalitatea, artean, ebatsi gabe baldin badago.

5.- Administrazio publiko desberdinetatik jasotako guztizko gehienezkoak ezin gaindituko du honako Aginduan aurreikusitako edozein laguntza-motarako eskatutako jardueraren kostuaren % 70, ezein kasutan.

3. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.- Honako Agindu honetan berariaz ezarritako beste eskakizun guztien kaltetan izan gabe, laguntzak ondoko eskakizunak betetzen dituztenek eskatu ahal izango dituzte:

- Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea.

- Deialdi hau argitara eman aurretik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren baitako antzerki-jarduerei dagokien epigrafean alta emanda egotea eta pertsona juridikoa izanez gero, antzerki-jarduerak gauzatzearekin bat datorren xede edo helburu soziala edukitzea.

2.- Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

3.- Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada, eta oraindik tramiteak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

4. artikulua.- Eskabideen aurkezpena.

1.- Eskaerak aurkezteko epea Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabetekoa izango da.

2.- Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta, deialdiko I. eranskineko dokumentazioarekin batera, Lurralde Historikoetan diren Kulturako Lurralde Zerbitzuetan n aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

5. artikulua.- Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.

6. artikulua.- Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta duela ikusten badu, hamar eguneko epea emango dio interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio eskatutakoa ez egiteak eskabideari uko egitea ekarriko duela. Uko-egite hori ebazpen baten bidez gauzatuko da.

7. artikulua.- Balorazio batzordea.

1.- Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

- Lehendakaria: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

- Batzordekideak: bi teknikari, bata Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak proposaturiko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko teknikaria eta bestea Kultura Sustatzeko zuzendariak proposaturiko Kultura Saileko teknikaria, biak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak.

- Idazkaria: Batzordeko idazkari gisa, hitzez baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik.

2.- Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

8. artikulua.- Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.- Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko eta horien zenbatekoa finkatzeko orduan, balorazio batzordeak irizpide hauek erabiliko ditu:

Antzerkiko profesionalen prestakuntza integrala lortzera zuzendutako egitarauei dirulaguntzak emateko irizpideak.

a) Irakasle-taldearen ibilbide profesionala eta era honetako egitarauak egiten entitate eskatzaileak duen esperientzia (Irizpide honek guztizko puntuazioaren % 35 balioko du).

b) Arte dramatikorako indarrean dauden arauek ezartzen dutenarekiko zentroaren egokitasuna (instalazioak, curriculuma, irakasle-taldea) (Guztizko puntuazioaren % 25. Gehienezko puntuazioa arte dramatikoko titulazio ofiziala lortzeko Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoa betetzen duten zentroek izango dute).

c) Euskararen erabilera. Prestakuntza-egitarauak Lurralde Historiko bakoitzeko egoera soziolinguistikoarekiko duten egokitasuna baloratuko da (% 20).

d) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, bereziki aurrekontuaren egokitasunari eta enpresa-baliabideei begiratuko zaie (% 20).

Antzerkiko profesionalen prestakuntzarekin lotutako arlo zehatzetako prestakuntza jarduerentzako laguntzak emateko irizpideak.

a) Baloratu behar den egitarauaren interes artistikoa eta kalitatea. Irizpide honek guztizko puntuazioaren % 35eko balioa izango du.

b) Irakasle-taldearen ibilbide profesionala eta era honetako egitarauak egiten entitate eskatzaileak duen esperientzia (% 25).

c) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, bereziki aurrekontuaren egokitasunari eta enpresa-baliabideei begiratuko zaie (% 20).

d) Euskararen erabilera. Prestakuntza-egitarauak Lurralde Historiko bakoitzeko egoera soziolinguistikoarekiko duten egokitasuna baloratuko da (% 20).

2.- Baztertu egingo dira eta ez dira aukeraketaren baitan sartuko gutxienez balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak.

9. artikulua.- Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

10. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, balorazio batzordearen proposamena ikusita, bost hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera.

2.- Ebazpen hori esleipendunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

3.- Ebazteko epea amaituta, interesatuari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

11. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa espresuki aipatzea. Material hori guztia euskaraz egingo da, nahiz eta beste hizkuntza batzuk ere erabili.

12. artikulua.- Laguntzaren ordainketa.

Emandako dirulaguntzen ordainketa honako modu honetan gauzatuko da:

a) Dirulaguntzaren zenbatekoaren % 75a Esleipen-ebazpena egin eta 11.a) artikuluan ezarritako epearen ondoren ordainduko da.

b) Gainontzeko % 25 diruz lagundutako jarduera burutu eta jarduera osoa 13. artikuluan aurreikusitako moduan erabat justifikatu ondoren.

13. artikulua.- Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

Dirulaguntzen pertsona/erakunde onuradunek, dirulaguntza hori jaso duen jarduera amaitu ondorengo hiru hilabeteen barruan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Burututako jardueraren memoria zehaztua.

b) Dirulaguntza jaso duen jarduerarekin zerikusia duten sarrera eta gastu guztien justifikagiriak, jatorrizkoak edo Kulturako Lurralde Zerbitzuetan konpultsatutako fotokopiak.

Salbuespen bezala, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen kontura egiten den finantzaketak, aurkeztutako gastuen aurrekontuaren % 50a gainditzen ez duenean, emandako dirulaguntzaren zenbatekoari dagozkion egiaztagiriak aurkeztuko dira.

Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatzen badu eta 1. idatz-zati honetan ezarritako epearen barruan, pertsona onuradunek, aurkeztutako aurrekontu osoari dagozkion egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko konpromisoa hartzen dute.

c) Jarduera burutu denean, guztiari buruzko gastuen eta sarreren balantzearen zinpeko aitorpena.

d) Xede berdina izan eta eskaera aurkezterakoan emanak ote zeuden ala ez ezagutzen ez zen beste edozein laguntzen zerrenda.

e) Katalogo, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinen aleak, Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

14. artikulua.- Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoak doitzeko.

15. artikulua.- Ez betetzeak.

1.- Hauek izango dira ez betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat Agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.- Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da.

Bigarrena.- Agindu honen bidez araututako laguntza-programa, Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da) (2006-12-28ko 379/5 EBAO). Ondorioz, Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, bermatzeko enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez dela izango 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2010. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 9a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA / ANEXO I

ANTZERKIAN PROFESIONALAK PRESTATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO ARAUBIDEA EZARTZEN DUEN AGINDUA

ORDEN POR LA QUE SE REGULA EL RÉGIMEN DE CONCESIÓN DE SUBVENCIONES A LA FORMACIÓN DE PROFESIONALES DEL TEATRO

DIRULAGUNTZA-ESKABIDEA / SOLICITUD SUBVENCIÓN

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOAREN KONTROLA

CONTROL DE LA DOCUMENTACIÓN A PRESENTAR

ANTZERKIKO PROFESIONALEN PRESTAKUNTZA INTEGRALA

FORMACIÓN INTEGRAL DE PROFESIONALES DEL TEATRO

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOAREN KONTROLA

CONTROL DE LA DOCUMENTACIÓN A PRESENTAR

ANTZERKIKO PROFESIONALEN ARLO ZEHATZETAKO PRESTAKUNTZA

FORMACIÓN DE PROFESIONALES DEL TEATRO EN UN ÁREA ESPECÍFICA

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA / ANEXO IV

EKARRI BEHARREKO AGIRIEI BURUZKO ARGIBIDEAK.

NOTAS ACLARATORIAS SOBRE LA DOCUMENTACIÓN A APORTAR.

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA / ANEXO V

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA / ANEXO VI

AURREKONTUA/PRESUPUESTO

(Ikus .PDF)

VII. ERANSKINA / ANEXO VII

(Ikus .PDF)

VIII. ERANSKINA / ANEXO VIII

HIRUGARRENAREN DATUETAN ALDAKETA(K) SARTZEKO ESKABIDE-ORRIA (*)

SOLICITUD MODIFICACIÓN EN LOS DATOS DEL TERCERO (*)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala