Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6791

AGINDUA, 2009ko abenduaren 15ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikastetxeetako Ulibarri programak 2010-2011 ikasturtean izango dituen gehienezko diru-baliabideak, programan sartzeko eta jarraitzeko baldintzak eta ikastetxe bakoitzak programarako izango dituen dedikazio-orduak zehaztuz.

Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuak (abenduaren 31ko EHAA) Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa arautzen du. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako Hizkuntza Normalkuntzako Proiektuen garapenean partaide diren eragileen elkarlanak osatzen du programa: Administrazioa, ikastetxeak eta bestelako instantziak.

Aipatu Dekretuaren 5.2.b) artikuluak zera dio: Ulibarri programan dauden ikastetxe kontzertatuek diru-laguntza jasoko dutela Hizkuntza Normalkuntzako ardura teknikoa hartzen duen irakaslearen dedikazioa estaltzeko.

Bestalde, zera dio Dekretuak 12. artikuluaren lehen pasartean: programan sartzeko eskabideak baloratzeko irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren Agindu bidez ezarriko direla.

Hortaz, Ulibarri programak eta 2010-2011 ikasturtean bertan arituko diren ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira batetik eta, bestetik, programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzat prozedura eta baloratzeko irizpideak ezarri behar dira Agindu bidez.

Horren guztiaren haritik,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Ekitaldi ekonomiko honetan, Ulibarri programan ari diren ikastetxe kontzertatuei diru-laguntzak esleitzeko ondoko zenbatekoak erabiliko ditu gehienez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak:

a) Ikastetxe berriak sartzeko 13.892 euro.

b) Lehendik daudenen jarraipenerako 1.677.141 euro.

Atal honetan zehaztutako gehienezko zenbatekoa gehitu edo gutxitu egin daiteke, guztira eskatutakoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bestelako diru-laguntza programetan agortu gabe geratutako aurrekontuzko baliabideak eta beti ere berauen ebazpenak ebatzi aurretik. Horrelakoetan, jendaurrean agerian jarriko da aldakuntza Hezkuntza sailburuordearen Ebazpenaren bidez.

2. artikulua.- 2010-2011 ikasturterako Ulibarri programan sartu nahi duten ikastetxeek programa hau arautzen duen 323/2003 Dekretuaren 10. artikuluan zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte, eta berariazko eskabidea egin 2010eko martxoaren 1a baino lehen.

3. artikulua.- Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren 13.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, Ulibarri programan ari diren ikastetxeek, non eta programa uzteko berariazko eskaera egiten ez duten, 2010-2011 ikasturterako luzamendua izango dute. Hala ere, aurreko artikuluan zehaztutako epearen barnean, programan jarraitu nahi duten ikastetxe kontzertatuek berariazko diru-laguntza eskabidea aurkeztu beharko dute 2010-2011 ikasturterako.

4. artikulua.- Abenduaren 23ko, 323/2003 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, aholku-emaileek irizpena eman beharko dute proiektu berrien gainean. Horren ondoren irizpen hauek aztertu eta bateratuko ditu, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako Balioespen-batzordeak eta dagokion taula Jarraipen-batzordeari helaraziko dio. Taula honek ondoko irizpideak erabiliz sailkatuko ditu izangaiak:

1.- Normalkuntza proiektua bera. Gehienez 0,60 puntu.

a) Ikastetxearen errealitatera egokitutako proiektua da. Diagnostiko sakonean onarritzen da. Eragin-esparru garrantzitsuenak hartu ditu aintzakotzat, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun nahikoa bermatzen du (0,60).

b) Ez da bete-betean ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa ez da hain sakona. Eragin-esparru gehienak aintzakotzat hartu baditu ere, gabeziak antzematen dira, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun-arazoak ekar ditzake epe luzera (0,40).

c) Aurkeztutako proiektuak zuzendu beharreko gabezia larriak ditu. Ez da ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa eskasa da, eta elaborazioak berak hutsune nabarmenak ditu (0,20).

2.- Proiektuaren garapenaren egoera. Gehienez 0,3 puntu.

a) Diagnostikoa burutu eta proiektua elaboratzeaz eta adosteaz gain, urteko normalkuntza-plana ezarria du ikastetxeak dagoeneko. Normalkuntzako Batzordea eta teknikaria izendatu dituzte eta euren funtzioak erabat eragingarriak dira. Diseinatutako jarduera normaltasunez ari da gauzatzen (0,30).

b) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa egoki burutu baditu ere ikastetxeak, proiektuaren ezarpena hasierako fasean dago. Plana garapenerako abiapuntuan dago (0,20).

c) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa burutu baditu ere ikastetxeak, fase hau ezin dugu amaitutzat eman; dokumentu horiei osatu, berrikusi eta konpondu beharra somatzen zaie oraindik (0,10).

3.- Proiektuak eraginpean dituen ikasleak. Gehienez 0,10 puntu.

Horretarako, ikastetxearen gela-kopurua 0,001 zenbakiaz biderkatuko da. 100 gela edo gehiago dituzten ikastetxeak gehienezko puntuazioarekin sailkatuko dira hortaz.

4.- Aurreko hiru irizpideetan izandako puntuazioaren batura, gutxienez 0,41 puntukoa izan beharko dute Ikastetxeek, Ulibarri programan onartuak izateko.

5.- Puntuazioan bat datozen ikastetxeen kasuan, ikasle-kopuruak finduko du hirugarren balorazio irizpidea. Laugarren dezimal moduan ezarriko da hori, ikastetxeen hurrenkera txikienetik handienera. Gela- eta ikasle-kopurua Sailaren estatistika ofizialean erabaki-proposamena egiteko garaian dauden azken matrikula-datuetan oinarrituko da.

Balioespen-batzordeak igorritako datuetan oinarrituz, dagokion puntuazioa esleituko dio Jarraipen-batzordeak eskabide bakoitzari eta, lortutako puntuazioaren arabera eta beheranzko hurrenkeran, izangaien zerrendak osatu eta onarpen-proposamenak egingo ditu. Honetarako desberdindu egingo dira publikoak direnak eta ez diren ikastetxeak.

Aurrekontuak jarritako bitartekoak kontuan izanik, abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren arabera Hezkuntza sailburuordeak ebatziko ditu eskabideak.

5. artikulua.- 323/2003 Dekretuaren V. eta VI. kapituluetan ezarritakoaren arabera finkatuko da ikastetxe bakoitzari dagokion ordu-dedikazioa. Horretarako, bi izaera desberdin aztertuko dira:

- 323/2003 Dekretuaren 1. xedapen iragankorraren arabera Ulibarri programan jarraitzen duten ikastetxeen kasuan, Dekretuaren 18. artikuluan ezartzen den 2. urteko ebaluazioan oinarritutako ordu-dedikazio esleipena egingo da. Horretarako, Hezkuntza sailburuordearen 2009ko irailaren 22ko ebazpenean ezarritako ebaluazio-irizpideei helduko die batzordeak. ULIBARRI programara 2007-2008 ikasturtera bitartean bildu diren ikastetxeei eragingo die Ebaluazio honek.

- Ulibarri programara sartzeko 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan onartutako ikastetxeen kasuan, behar adina ebaluazio- datu ez dagoenez, ikastetxearen neurrian oinarritutako irizpidea erabiliko da gidari 2010-2011 ikasturtean.

- Agindu honetara bilduz, eta dagokion Ebazpenaren bidez, ikastetxearen neurrian oinarritutako ordu-dedikazioa esleituko zaie Ulibarrin sartzen diren ikastetxeei. Ikastetxearen neurrian oinarritutako irizpidea erabiliko den ikasteetxeen kasuan ondoko tramo hauek erabiliko dira ordu-esleipenerako:

- 3 ordu-liberazio, 1 eta 8 gela arteko ikastetxeentzat.

- 6 ordu-liberazio, 9 eta 19 gela arteko ikastetxeentzat.

- 9 ordu-liberazio, 20 gelatik gorako ikastetxeentzat.

6. artikulua.- 323/2003 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari datak egokitzeko ematen zaion ahalmena erabiliz, Agindu honi dagokion Ebazpena argitaratzeko epe-muga ekainaren 15ean ezartzen da.

Aipaturiko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ez dela aintzakotzat hartu ulertuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiazko izapidetza araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010 urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotearen edo ez egotearen mende geratuko da agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Bide administratiboa agortzen duen Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, dagokion gelan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 15a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala