Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ekonomia eta Ogasun Saila
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
6784

628/2009 Dekretua, abenduaren 22koa, kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-lankidetzakoa etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan.

Etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko jardun babesgarriei dagokienez kreditu-erakundeek emandako mailegu kualifikatuen interes-tasak aldian-aldian erregulatzen dira Eusko Jaurlaritzaren Dekretu bidez. Gaur egun indarrean dagoen araua abenduaren 14ko 250/2004 Dekretua da, 2004ko abenduaren 28ko 247. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaraturikoa. Onartu zen unetik gaurdaino eraldaketa handiak gertatu dira kreditu-merkatuan. Eman dira, halaber, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko Dekretua. Lehenengoak babes publikoko etxebizitzen kategoria sortu du, eta horietan bilduta daude etxebizitza tasatuak, beren bi alderdietan, hots, udal-erregulaziokoak eta erregulazio autonomikokoak. Zuzkidura-alojamenduen figura ere sortu du. Bigarrenak, aldiz, nobedadeak sartu ditu mailegu kualifikatuen erregulazioan. Aldaketa ugari horiek interes-tasen arau erregulatzaile berri bat ematea eskatzen dute.

Horri erantzuten dio egungo xedapenak, hipoteka-erreferentziako aurreko indizearen, erakundeen guztizkoaren edo HMEIaren ordez egungo hipoteka-merkatuan argi eta garbi nagusi den hipoteka-erreferentziako indizea, Euriborra, jartzen baitu; eguneratzeko hiru hilean behingo aldiak mantentzen ditu eta interes-tasen hasierako onarpenei aplika dakiekeen sistema aldatzen du, maximo batetik minimo baterainoko urkila izango baita sistema, eta jardun babesgarriaren arabera finkatuko dira azken horiek. Interes-tasa kalkulatzeko sistema berrietan sei hilean behingo ondorengo berrikuspenetarako tasa berriari egokitu behar zaion tartea ere aldatzen da.

39/2008 Dekretuak ezarririko amortizazio eta interesak bilduko dituzten kuoten aldizkakotasunaren baitan dago, hau da, hileroko aldizkakotasuna sartzen du aurreko sei hilean behingo aldizkakotasunaren ordez, eta horrek erosotasun handiagoa dakar kuotak ordaintzeko eta ahalegin ekonomiko eta finantzario txikiagoa finantza-laguntzen onuradunentzako.

Horrenbestez, jardun babesgarri guztiak biltzen ditu Dekretu honek, eta horretarako, jardun tradizionalez gain, etxebizitza tasatuei eta zuzkidura-alojamenduei buruzkoak ere gaineratzen ditu.

Era berean, lurzorua eskuratzeko eta urbanizatzeko eta lehentasunez babes publikoko etxebizitzak sustatzeko finantzaketa modalitatea berreskuratzen da, gaur egun finantzaketa-arazo handiak dituen merkatu-segmentua biziberritzeko bokazio argiarekin.

II. kapituluan prozedura bat sartzen da ez-ordainketako egoeran dauden etxebizitzak berrerosteko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak zordun jabeari edo finantza-erakundeari etxebizitza erosita, berme handigoa emateko -eta horrenbestez, finantza-arrisku txikiagoa- babes publikoko sistemaren babesean emandako jardun babesgarrien gaineko hipoteka-maileguei.

III. kapitulua etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-lankidetzari buruzkoa da.

Bi arau aldatzen dituzte azken xedapenek. Lehenik, Babes publikoko etxebizitzak sustatzeko laguntzei eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko azaroaren 7ko Agindua, 2008ko azaroaren 19ko 222. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaraturikoa, eta agindu horren akatsak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko abenduaren 9ko eta 2009ko urtarrilaren 28ko Aginduen bidez zuzendu ziren, 2009ko urtarrilaren 21eko 14. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2009ko martxoaren 12ko 50. zenbakiko aldizkari berean argitaraturikoak, hurrenez hurren.

Eta zenbait helburu lortzeko egiten du hori. Horietako bat desfase konstruktiboak betetzea da. Horretarako, zabaldu egiten da gabealdia sustatzaileei emandako mailegu kualifikatuetan, berandutza-egoerak sor ez daitezen ahalbidetuta. Batez ere alokairu sozialean aritzen diren alokairu-operadoreen negozio-dinamikak sortzen dituen egungo altxortegi-tentsioak albait gehien arintzean datza helburuetariko beste bat.

Jardueran hasten direnean diru-sarreren maila eskasa dute operadore horiek, eta finantza-gastuek, aldiz, maila handiagoa dute. Hori horrela, alokairurako etxebizitza eskuratzeko mailegu kualifikatuen gabealdia zabaltzearen alde egin da.

Aldaturiko bigarren araua «Hutsik dagoen Etxebizitzaren Programa» sustatu eta bultzatzen duen, programa horren araubide juridikoa ezartzen duen eta «Vivienda y Suelo de Euskadi S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA» (Visesa) Baltzu Publikoari programa kudeatzeko ardura ematen dion abenduaren 30eko 316/2002 Dekretua da, ondoz ondo ekainaren 1eko 100/2004 Dekretuak (2004ko ekainaren 11ko 110. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen), uztailaren 24ko 126/2007 Dekretuak (2007ko irailaren 14ko 178. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen) eta martxoaren 10eko 61/2009 Dekretuak (2009ko martxoaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen) aldaturikoa.

3. artikuluak egungo idazkuntzan xedatzen duenez, «Hutsik dagoen Etxebizitzaren Programan» sartzeko etxebizitzek bildu beharreko baldintzetako bat etxebizitzaren merkatu-errenta hilabetean gehienez 750 euro izatea da. Krisialdi ekonomikoko egungo koiunturan eta egungo eskari-eskaintzako posizioak kontuan izanda, zifra hori gehiegizkoa da eta jaitsi egin behar da.

Azkenik, adierazi behar da Dekretu honen formulazioa eta izapidetzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 22. artikuluak ezarritakoaren arabera egin dela.

Horren ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko abenduaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

EBATZI DUT:

I. KAPITULUA

INTERES TASAK

1. artikulua.- Dekretu honen 2. artikuluan adierazitako jardun babesgarriak finantzatzeko kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko finantza-lankidetzarako hitzarmenaren esparruan kreditu-erakundeek ematen dituzten maileguen hasierako urteko interes-tasa ondoren aurreikusirikoaren arabera zehaztuko da:

Dekretu hau indarrean hasi denetik eta 2009ko abenduaren 31ra arte onarturiko maileguak: itunduriko mailegu bakoitzaren interes-tasa efektiboa 2009ko abuztuari dagokion Estatuko Aldizkari Ofizialean Espainiako Bankuak argitaraturiko 12 hilabeterako Euriborraren berdina izango da, gehi 2. artikuluko jardun babesgarri bakoitzerako ezartzen den urkilan bilduriko bi hamarreneko diferentziala.

b) 2010eko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitarte onarturiko maileguak, eta ondoz ondoko ekitaldietakoak hitzarmena luzatuz gero: itunduriko mailegu bakoitzaren interes-tasa efektiboa aurreko urteko azaroari dagokion Estatuko Aldizkari Ofizialean Espainiako Bankuak argitaraturiko 12 hilabeterako Euriborraren berdina izango da, gehi 2. artikuluko jardun babesgarri bakoitzerako ezartzen den urkilan bilduriko bi hamarreneko diferentziala.

c) 2010eko apirilaren 1etik ekainaren 30era bitarte onarturiko maileguak, eta ondoz ondoko ekitaldietakoak hitzarmena luzatuz gero: itunduriko mailegu bakoitzaren interes-tasa efektiboa urte bereko otsailari dagokion Estatuko Aldizkari Ofizialean Espainiako Bankuak argitaraturiko 12 hilabeterako Euriborraren berdina izango da, gehi 2. artikuluko jardun babesgarri bakoitzerako ezartzen den urkilan bilduriko bi hamarreneko diferentziala.

d) 2010eko uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte onarturiko maileguak, eta ondoz ondoko ekitaldietakoak hitzarmena luzatuz gero: itunduriko mailegu bakoitzaren interes-tasa efektiboa urte bereko maiatzari dagokion Estatuko Aldizkari Ofizialean Espainiako Bankuak argitaraturiko 12 hilabeterako Euriborraren berdina izango da, gehi 2. artikuluko jardun babesgarri bakoitzerako ezartzen den urkilan bilduriko bi hamarreneko diferentziala.

e) 2010eko urriaren 1etik abenduaren 31ra bitarte onarturiko maileguak, eta ondoz ondoko ekitaldietakoak hitzarmena luzatuz gero: itunduriko mailegu bakoitzaren interes-tasa efektiboa urte bereko abuztuari dagokion Estatuko Aldizkari Ofizialean Espainiako Bankuak argitaraturiko 12 hilabeterako Euriborraren berdina izango da, gehi 2. artikuluko jardun babesgarri bakoitzerako ezartzen den urkilan bilduriko bi hamarreneko diferentziala.

2.- Hileko mugaegunak dituen hasierako interes-tasa nominala eragiketa horien emaitzazko hasierako interes-tasaren baliokidea izango da. Kalkulatutako interes-tasa nominalaren bi hamarren hartuko dira kontuan, hasierako interes-tasa nominal aplikagarria lortzeko.

3.- Ondoz ondoko hamabi mugaegun gainditutakoan, interes-tasa sei hilean behin eguneratzeari ekingo zaio. Aplikagarri den tasaren berrikuspen hori maileguaren iraupenaren seihileko bakoitzean egingo da, ondorioak izaten hasita hurrengo hileko lehenengo likidazioan, mailegua formalizatzen denetik.

Berrikuspenaren aurreko hilean Estatuaren Aldizkari Ofizialean Espainiako Bankuak argitaraturiko 12 hilabeterako Euriborra hartuko da erreferentzia gisa, mailegua onartu zen unean aplikaturiko diferentzialarekin.

Hileko mugaegunak dituen berrikusitako interes-tasa nominala eragiketa horien emaitzazko berrikusitako interes-tasaren baliokidea izango da. Ondoriozko interesaren lehenengo lau hamarrenak hartuko dira kontuan, berrikusitako interes-tasa aplikagarria lortzeko.

4.- Finantza-lankidetzako hitzarmenaren esparruan, izenpetzen duten erakundeek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren babesean emandako maileguetan ez dutela itunduko % 0,20tik gorako inolako komisiorik edo zehapenik, indarreko legeriak horrela eskatzen ez badu.

5.- Euriborrari eginiko aipamen guztiak jotzen dira Espainiako Bankuaren Estatistika Buletinean argitaratzen den Altxor eta Finantza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren 1991ko otsailaren 4ko Ebazpenean definitutako indizeari eginak.

2. artikulua.- Aurreko artikuluan xedaturikoa eraginpean hartzen duten etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko jardun babesgarriak eta horietako bakoitzari aplikatzekoak diren interes-tasak ondoren zerrendaturikoak dira:

1.- Babes publikoko etxebizitza eskuratzea, dagozkion loturiko eranskinekin batera, betiere etxebizitzaren finantzaketak erosketa-prezioaren % 80 gainditzen ez badu: diferentzial aplikagarria gutxienez 25eko eta gehienez 100 oinarrizko puntuko urkila batean bildurikoa izango da.

2.- Babes publikoko etxebizitza eskuratzea, dagozkion loturiko eranskinekin batera, betiere etxebizitzaren finantzaketak erosketa-prezioaren % 80 gainditzen badu: diferentzial aplikagarria gutxienez 50eko eta gehienez 125 oinarrizko puntuko urkila batean bildurikoa izango da.

3.- Ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzea: diferentzial aplikagarria gutxienez 25eko eta gehienez 100 oinarrizko puntuko urkila batean bildurikoa izango da.

4.- Babes publikoko etxebizitza gisa kalifikaturiko eraikuntza berriko etxebizitzak errentan lagatzeko, saltzeko eta norberak erabiltzeko sustapena, eta baita etxebizitza librearen sustapena ere hura babespeko errentan jartzeko, betiere etxebizitzaren finantzaketak balio babesgarriaren % 80 gainditzen ez badu. diferentzial aplikagarria gutxienez 70eko eta gehienez 150 oinarrizko puntuko urkila batean bildurikoa izango da.

5.- Ondoren errentamendurako lagatzeko etxebizitzak sustatzeko birgaitze-jarduerak, betiere etxebizitzaren finantzaketak balio babesgarriaren % 80 gainditzen ez badu: diferentzial aplikagarria gutxienez 70eko eta gehienez 150 oinarrizko puntuko urkila batean bildurikoa izango da.

6.- Etxebizitzak erostea babespeko errentamenduan jartzeko, baita etxebizitzak lagatzea ere babespeko errentamenduan jartzeko: diferentzial aplikagarria gutxienez 100eko eta gehienez 180 oinarrizko puntuko urkila batean bildurikoa izango da.

7.- Zuzkidura-alojamenduak sustatzea eta eraikitzea: diferentzial aplikagarria gutxienez 100eko eta gehienez 180 oinarrizko puntuko urkila batean bildurikoa izango da.

8.- Lurzorua urbanizatzea berehala eraikitzeko, kasuak kasu, hura kostu-bidez eskuratzea barnean hartuta, eta baita lurzorua kostu-bidez eskuratzea ere edozein herri-administrazioren menpeko lurzoru-ondare publikoak eratzeko, betiere lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta: diferentzial aplikagarria gutxienez 120ko eta gehienez 180 oinarrizko puntuko urkila batean bildurikoa izango da.

III. KAPITULUA

BERREROSTEKO BERMEA

3. artikulua.- 1.- Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean izenpeturiko finantza-lankidetzarako hitzarmenaren esparruan finantza-erakunde horiek emandako hipoteka-maileguaren bermea osatzen duten babes publikoko etxebizitzak erostea erabakiko du, etxebizitza eskuratzen duenak horri aurre egin ezin dionean, hurrengo artikuluetan aurreikusiriko termino eta baldintzetan.

2.- Aurreko atalean ezarritako berrerosteko bermea bakarrik geratuko da salbuetsita babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuak 27.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

4. artikulua.- 1.- Sailak ez-ordainketako egoeran dagoen maileguaren bermea osatzen duen etxebizitza eskuratzea erabaki ahalko du, dela etxebizitza jabeari zuzenean erosita, zenbatekoa mailegua osorik edo partzialki kitatzera bideratuta, dela etxebizitza finantza-erakundeari erosita hipoteka-betearazpeneko prozeduran.

2.- Artikulu honen 1. idatz-zatiak aipatzen duen babes publikoko etxebizitzen erosketa, horiekin loturiko eranskinekin batera, babes publikoko etxebizitzen tipologia guztiei, erregimen orokorrekoei, erregimen berezikoei edo sozialei eta prezio tasatukoei zabaltzen zaie, betiere horiek erabili eta edukitzeko erregimena jabetza osokoa edo azalera-eskubideko jabetzakoa bada.

3.- Finantza-erakundeek emandako maileguekin osorik edo partzialki finantzaturiko babes publikoko etxebizitzak soilik eskuratzea adostuko du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, 2009ko finantza-hitzarmena sinatzen denetik eta 2009 abenduaren 31 arte (edo dagozkion iraunaldi-luzapenak luzatzen den eguneraino); edo Dekretu honen babesean izenpetzen diren urteko finantza-hitzarmen berrietarako.

5. artikulua.- 1.- Finantza-erakundeak atzerapenaren berri eman beharko dio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari, hipotekaren egikaritze-prozedura hasi aurretik. Jakinarazpen hori izan zenetik 30 eguneko epea igarotakoan Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak ez badio finantza-erakundeari jakinarazten eskuratzeko asmorik, erakundeak hipoteka-betearazpeneko prozedura eskatu ahalko du, eta hori ere Sailari jakinarazi beharko dio data berean.

2.- Etxebizitza eta horri atxikitako eranskinak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak erabakita, jabeari zuzenean erosita eskuratzen direnean, erosketa-prezioa babes publikoko etxebizitza izateagatik dagokiona izango da, erosketaren unean behar bezala eguneratua.

Etxebizitza eta eranskinak kargarik gabe eskuratuko dira eta erosketa-prezioaren zenbatekoa mailegua osorik edo partzialki kitatzera bideratuko da eta jabeak jasoko du emaitzazko zenbatekoa, hala dagokionean.

3.- Etxebizitza eta haren loturiko eranskinak hipoteka-betearazpeneko prozesuan eskuratzen direnean, erremate-eskubidea lagatzearen zenbatekoaren arabera finkatuko da erosketa-prezioa, hipoteka-betearazpeneko prozeduran erreklamatutako kontzeptu guztiengatiko zorra bestekoa izango dena, gutxienez. Nolanahi ere, erosketa-prezioak ezingo du gainditu babes publikoko etxebizitza izateagatik dagokiona, eskuratzen denean behar bezala egokituta betiere.

4.- Kreditu-erakundeak ez du kobratuko mailegua aldez aurretik kitatzeagatiko komisiorik nahiz hipoteka-mailegu horri atxikitako atzerapen-interesik.

6. artikulua.- 1.- Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak erabakitako erosketaren xede den etxebizitza, Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa SAk erosiko du, dagokion babes publikoko etxebizitza baldintzan. Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoak errentamendu- edo erosketa-erregimenean esleituko ditu etxebizitza eta loturiko eranskinak, indarrean dagoen araudiari jarraiki.

2.- Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak ordaindu gabeko egoeran dauden etxebizitzen erosketa erabakiko du, kreditu-erakunde bakoitzeko ordaindu gabeko guztizko zenbatekoa erakundeak finantzaturiko guztizko zenbatekoaren gutxienez % 0,5 denean eta % 2,5 gainditzen ez duenean.

7. artikulua.- Ordaindu gabeko egoeran dauden etxebizitzen erosketa maileguaren lehen bederatzi urteen barruan gauzatu ahal izango da, mailegua sinatzen denetik zenbatzen hasita.

III. KAPITULUA

FINANTZA LANKIDETZAKO HITZARMENA

8. artikulua.- 1.- Onartu egiten da Finantza Lankidetzako Hitzarmena, Dekretu honen eranskinean jasota dagoena.

2.- Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari dagokie Dekretu honen eranskinean argitaratutako Finantza-lankidetzarako Hitzarmena agindu bidez eguneratzea, hitzarmenaren eta izan ditzakeen luzapenen epea amaitutakoan eta, kasuan kasu, gertatutako arauen aldaketetara egokitzeko.

3.- Finantza Lankidetzarako Hitzarmena sinatu duten kreditu-erakundeek etxebizitza babestuak erosteko konpromisoa hartu dute, eskatzaileak honako hauek betetzen baditu: babes publikoko etxebizitza modalitate bakoitzaren araudi erregulatzailean aurreikusitako baldintzak eta betekizunak, eta kreditu-erakundeek horretarako maileguak emateko ezarritako irizpideak eta baldintzak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu hau indarrean hasi aurretik kreditu-erakundeek formalizaturiko eta, baliabide ekonomikoen faltagatik, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak noiz baimendu zain zeuden mailegu-eragiketak hurrengo ekitaldi ekonomikoan ebatzi ahalko dira, kreditu-erakundeak formalizatu duen unean indarrean dauden baldintzekin. Kasu horretan, dagokion kreditu-erakundeak idazki bat igorri beharko dio Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari, Dekretu hau indarrean hasi eta gehienez hiru hilabeteko epean, eskaerari baldintza beretan eusteko duen asmoa adierazita. Era berean, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak maileguaren esanbidezko onarpen-baimena eman beharko du, dagokion txostenaren bidez, bertan egoera horren berri adierazita.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.- Dekretu hau indarrean hasi baino lehen eskaturiko maileguak abenduaren 14ko 250/2004 Dekretuaren ondoriozko lankidetzarako hitzarmenean finkatzen diren interes-tasen arabera emango dira, hala badagokio.

2.- Dena den, Dekretu hau indarrean hasten denean administrazio-baimenik ez badago aurretik aurkezturiko mailegu-eskaera bati dagokionez, eskatzaileak finantza-erakundeari jakinarazi ahalko dio interes-tasa berrietara biltzeko duen borondatea, eta horrela bada, erakunde horrek administrazioari jakinaraziko dio, eta azken horrek eskaturikoaren arabera eman beharko du bere baimena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan kreditu-erakundeek eman ditzaketen mailegu kualifikatuen interes-tasa ezartzen duen abenduaren 14ko 250/2004 Dekretua, eta Dekretu honetan xedatzen denaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- 1.- Babes publikoko etxebizitzak sustatzeko laguntzei eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko azaroaren 7ko Aginduaren 6. artikuluaren 6. paragrafoa ezabatzen da.

2.- Babes publikoko etxebizitzak sustatzeko laguntzei eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko azaroaren 7ko Aginduaren 10. artikuluaren 2. paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzia geratuko da:

«2.- Amortizazio-epea.

Mailegu kualifikatuaren amortizazio-epea 20 urtekoa izango da, 4 urte gehiagoko aukerako gabealdiarekin, gutxienez 15 urteko errentamendurako sustapen-eragiketetan.

Mailegu kualifikatuaren amortizazio-epea 30 urtekoa izango da, 4 urte gehiagoko aukerako gabealdiarekin, gutxienez 50 urteko errentamendurako sustapen-eragiketetan.»

3.- Babes publikoko etxebizitzak sustatzeko laguntzei eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko azaroaren 7ko Aginduaren 11. artikuluaren 2. paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzia geratuko da:

«2.- Deskontu-linearen gehieneko zenbatekoa hipoteka-maileguei ezarritako gehieneko zenbateko bera izango da eta gehieneko iraupena 4 urtekoa formalizatzen denetik aurrera.»

4.- Babes publikoko etxebizitzak sustatzeko laguntzei eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko azaroaren 7ko Aginduaren 15. artikulua aldatzen da, eta honela idatzia geratuko da:

«15. artikulua.- Mailegu kualifikatua.

1.- Gehieneko zenbatekoa:

Etxebizitza eta eranskinen gehieneko salmenta-prezioari, betiere babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak erregulatzen dituen araudian aurreikusitakoaren arabera, agindu hau aplikatuta lor daitezkeen itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen zenbatekoa deskontatzearen emaitza izango da.

2.- Amortizazio-epea.

Mailegu kualifikatuaren amortizazio-epea 15 urtekoa izango da, 8 urte gehiagoko aukerako gabealdiarekin, gutxienez 15 urteko errentamendurako sustapen-eragiketetan.

Mailegu kualifikatuaren amortizazio-epea 25 urtekoa izango da, 8 urte gehiagoko aukerako gabealdiarekin, gutxienez 50 urteko errentamendurako sustapen-eragiketetan.

Erabiltze-muga % 100erainokoa izan ahalko da.

3.- Bermeak.

Mailegua hipotekarekin bermatu ahalko da, eta, dagokionean, kreditu-establezimenduek mailegu-eskatzaileari eska dakizkiekeen bermeekin.

4.- Onuradunek emandako maileguaren guztizkoaren % 100 ere erabili ahalko dute, inbertsioaren garapenaren eta obren egikaritze-erritmoaren arabera.

5.- Laguntza ekonomiko edo finantzarioak ematea ebatzi denetik gehienez 6 hilabeteko epean formalizatu beharko dute mailegua onuradunek (salbu eta aldez aurretik banku-deskontuaren alde egin bada) eta maileguaren lehen disposizioa egin beharko du formalizatu zenetik zenbatzen hasi eta gehienez 6 hilabeteko epean.

6.- Agindu honen arabera interes-tasaren subsidiazioa ez dagokionean, maileguen amortizazioa administratiboki emanak eta baimenduak izan ziren interes-tasara gauzatuko da kasu bakoitzean, kreditu-erakundeekin sinatutako hitzarmenean ezarritakoari jarraiki.

7.- Amortizazioa eta kreditu-erakundeen interesak bilduko dituzten kuotak konstanteak izango dira eta hilabetean behin sortuko dira, horiek ordaintzeko era edozein delarik ere.»

5.- Dekretu hau indarrean sartzen denetik, babes ofizialeko etxebizitza sustatzeko laguntzei eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko azaroaren 7ko Aginduaren 6., 10. 11. eta 15. artikuluetan egin litezkeen aldaketak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren agindu bidez egingo dira.

Bigarrena.- «Hutsik dagoen Etxebizitzaren Programa» sustatzen eta bultzatzen duen, programa horren araubide juridikoa ezartzen duen eta «Vivienda y Suelo de Euskadi S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA» (VISESA) Baltzu Publikoari programa kudeatzeko ardura ematen dion abenduaren 30eko 316/2020 Dekretuaren 3. artikuluaren 1. paragrafoaren a) letra aldatzen da, eta honela idatzia geratuko da:

«a) Sociedad Pública de Gestión de Viviendas en Alquiler/Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa, SAk tasaturiko merkatu-errenta gehienez hilean 600 euro izatea. Dagokion urteko KPIa gehitu ahalko zaio zenbateko horri.

Merkatu-errenta hori Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren agindu bidez eguneratu ahalko da.»

Hirugarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ERANSKINA. LANKIDETZA HITZARMENAREN EREDUA.

ETXEBIZITZA ETA LURZORUAREN ARLOAN JARDUKETA BABESGARRIEI BURUZ 20 . URTERAKO KREDITU ERAKUNDEEKIN IZENPETUTAKO FINANTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA.

CONVENIO DE COLABORACIÓN FINANCIERA CON LAS ENTIDADES DE CRÉDITO SOBRE ACTUACIONES PROTEGIBLES EN MATERIA DE VIVIENDA Y SUELO PARA EL AÑO 20 .

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

MAILEGU, SUBSIDIO ETA DIRU-LAGUNTZEN ONESPENA

(Ikus .PDF)

III. ERASKINA

MAILEGUEN FORMALIZAZIOA.

(Ikus .PDF)

IV. ERASKINA

BIRGAITZE LANEN EGIAZTAGIRI EREDUAK.

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA

SUBSIDIOEN KITAPENA ETA MAILEGUEN SALDO BIZIEN ALDAKETAK.

(Ikus .PDF)

VI. ERASKINA

HIPOTEKA-BERME ETA MERKATAL POLIZAK DITUZTEN MAILEGUEN ESKRITURETAN DERRIGORREZ SARTU BEHARREKO KLAUSULAK.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala