247. zk., 2009ko abenduaren 24a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Herrizaingo Saila
6720
621/2009 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Ertzaintzako funtzionarioek lan-plangintza arruntetik kanpo emandako zerbitzuengatik ordaindu beharreko aparteko haborokinetara bideratutako kreditua handitzen duena.
Urtero ezarri izan dira, aurreikusitako beharren arabera eta behar horiek aztertu ondoren, Ertzaintzako funtzionarioek zerbitzu eman bitartean dituzten segurtasun-baldintzak sendotzeko neurri ekonomikoak. Lan-plangintza arruntetik kanpo emandako zerbitzuak ordaintzea da neurri horietako bat. Martxoaren 24ko 68/2009 Dekretuko 8. artikuluaren bitartez, 4.808.100 euroko gehieneko kreditua esleitu zen 2009ko ekitaldirako, aparteko haborokinen bitartez ordaintzeko.
Hala eta guztiz ere, aurreikuspen ekonomiko hori azkenean ez da nahikoa izan, eta ekitaldiko lehen seihilekoan agortu da; izan ere, Ertzaintzako funtzionarioek zerbitzua eman behar izan dute, lanaldiz kanpo, hauteskunde-prozesuetan eta egungo gizarte- eta politika-egoeraren ondorioz sortutako beharren aurrean.
Gizarte- eta politika-egoeratik sortutako beharrak areagotu izanaz aparte, gripe-izurriaren eraginez aparteko zerbitzuak nabarmen areagotuko direla aurreikusi da.
Horregatik guztiagatik, eta arestian aipatutako helburua bete eta aurreikusitako beharrak asetzeko asmoz, lan-plangintza arruntetik kanpo emandako aparteko zerbitzuen haborokinak ordaintzeko hasieran esleitutako kredituari 1.500.000 euro gehitu behar zaizkio.
Horretarako, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 103.2 artikuluak aipatzen duen Mahaian negoziazioa eginda, Ertzaintzako Kontseiluari entzun ondoren, Herrizaingoko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2009ko abenduaren 15ean eginiko saioan gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.- 2009ko ekitaldian lan-plangintza arruntetik kanpo emandako zerbitzuen truke ordaintzeko aparteko haborokinetara hasieran bideratutako kreditua handitzea.
2009. ekitaldi honetarako, Herrizaingo Sailak 1.500.000 euro gehituko dizkio, gehienez, hasieran helburu horretarako bideratutako kredituari; hots, Ertzaintzako funtzionarioek zerbitzua ematean dituzten segurtasun-baldintzak sendotzearekin lotutako neurri ekonomikoak ezartzen dituen martxoaren 24ko 68/2009 Dekretuaren 8. artikuluan finkatzen den lan-plangintza arruntetik kanpo ematen diren aparteko haborokinak ordaintzeko hasieran esleitu zen kredituari.
AZKEN XEDAPENA.- Indarrean sartzea.
Dekretu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.
Vitoria-Gasteizen, 2009ko abenduaren 15ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Herrizaingoko sailburua,
RODOLFO ARES TABOADA.