243. zk., 2009ko abenduaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
6649
AGINDUA, 2009ko abenduaren 10ekoa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, langile autonomoentzako ezohiko laguntzak iragartzen dituena.
Gaur egun, krisi-egoera sakonean gaude; egoera hori finantza-krisiaren eraginez sortu zen, eta finantza-krisia, aldiz, likidezia handia eta interes-tasa oso txikiak zeudelako, higiezinen arloko burbuilarengatik eta arrisku handiko hipotekak (subprime) emateagatik; horrekin guztiarekin batera, arriskuen eta finantza-aktiboen kalifikazioaren ebaluazio eskasaren ondorioz, eta negozioen etika behar ez bezalakoa izatearen ondorioz, arduradun guztientzat (politikaren, sindikatuen, ekonomiaren eta gizartearen arlokoak) azken hamarkadetako erronkarik handiena sortu da.
Finantza-sistema ia kolapsatu zen eta horren ondorioz mesfidantza handia, likideziarik eza eta pertsonei nahiz enpresei kredituak emateko garaian murrizketa nabarmena gertatu ziren. Egoera horretan, kontsumoa itotzeko zorian egon zen eta, beraz, finantza-krisiak ekonomia errealari ere eragin zion, 1929. urtetik hona parekorik gabeko atzeraldia sorraraziz.
Euskadin ere sumatu dugu krisiaren eragina. 2008. urteko amaieratik aurrera, gure hazkunde-erritmoa nabarmen uzkurtu da, eta industria-jarduera, kontsumoa eta zerga-bilketa asko murriztu dira; horren guztiaren ondorioz, EREak ugaritu eta langabezia handitu egin dira.
Gobernu guztiek ahaleginak egin dituzte premiazko ekintzak ezartzeko, krisiaren berehalako ondorioak leuntzeko asmoz, finantza-sistemak egonkortuz eta eskariari pizgarriak emanez, eta aldi berean, gehien kaltetutako kolektiboak babesteko ahalegina eginez.
Eusko Jaurlaritzak «+Euskadi 09» plana abian jartzeko erabakia hartu du, Euskadiko egungo krisi ekonomikoa arintzeko hainbat neurri biltzen dituela.
«+Euskadi 09» izeneko plan hori 8 arlo nagusitan antolatzen da; horien artean, Enplegu eta Prestakuntzarako partida nabarmendu behar da, 74,05 milioi eurorekin. Partida horren barruan, krisi honek bereziki zigortutako talde batentzako laguntzak txertatu dira: langile autonomoentzat, alegia.
Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez, arazoaz jabeturik eta txoke-plan honen esparruan, ezohiko hainbat laguntza ezarri ditu Agindu honen bitartez.
Ekintzaile horiek gainditu beharreko hiru egoera motetarako laguntzak finkatu dira. Lehenengoa, produkzio-jarduerari eusteko laguntzak, langile autonomoei gizarte-segurantzarekiko konpromisoa, gutxienez, betetzen laguntzeko, alegaltasunik egin ez dezaten. Bigarrena, kontratazioa sustatzeko; autonomoei langile berriak gutxienez sei hilabeterako kontratatzeko pizgarria emanez. Azkenik, hirugarrena, enpresa-jarduera bertan behera utzi behar izan duten autonomoentzat. Kasu horretarako, programa berezi bat diseinatu da lanbide-kualifikazioa -eta horren ondorioz, baita enplegagarritasuna ere- hobetzeko, lehenbailehen berriz ere lan-merkatuan sartzeko edo beste enpresa-jarduera bati ekiteko.
Laguntza hauek beste edozeinekin bateragarriak dira, guztien artean krisi larri hau gainditzeko ahalmen handiagoa ematearren pertsona horiei.
Agindu hau, diru-laguntza arlokoa izanik, 10.25 artikuluaren eskumen-titulu orokorraren barnean hartzen da, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 9.2, 10.12, 10.39 eta 12.2 artikuluei loturik.
I KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.- Xedea.
Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bidez, langile autonomoei eman ahal izango dizkien laguntzak arautzea. Laguntza horiek honako helburu hauek izango dituzte:
a) Produkzio-jarduerari eustea datozen sei hilabeteotan.
b) Langileak kontratatzea gutxienez sei hilabeterako.
c) Birziklatzea eta lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzea, jarduera bertan behera utzi behar izan dutenen kasuan.
2. artikulua.- Aurrekontua.
Agindu hau garatzera bideratuko diren baliabide ekonomikoak 10.500.000 euro (hamar milioi eta bostehun mila euro) dira.
Zenbateko horretatik, honako hauetara bideratuko dira:
- 4.500.000 euro 1.a) artikuluan aurreikusitako laguntzetarako.
- 1.000.000 euro 1.b) artikuluan aurreikusitako laguntzetarako.
- 5.000.000 euro 1.c) artikuluan aurreikusitako laguntzetarako.
Haurrekontu-zuzkidura hori erakunde laguntzaileari transferituko zaio Agindu hau EHAAn argitaratu ondoren.
Aurreikusitako laguntzen kapituluren batean dirua sobera geratuz gero, diru hori gainerako kapituluetara bideratu ahal izango da.
Laguntzak emango dira baldin eta horretarako aurrekontu-kreditu nahikoa badago. Kreditua zabaltzen ez bada, diru-laguntzen aurrekontua agortutakoan EHAAn argitaratuko da horren berri.
3. artikulua.- Programaren indarraldia.
Programak 12 hilabeteko indarraldia izango du, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta hain justu orduan hasiko da indarrean.
II. KAPITULUA
PRODUKZIO JARDUERARI EUSTEKO LAGUNTZAK
4. artikulua.- Onuradunak.
Kapitulu honetan aipatzen diren laguntzen onuradun langile autonomoak izango dira, baldin eta laguntza-eskaera egiten badute, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa-jardueraren bat burutzen badute eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Laguntza eskatu aurreko 6 hilabeteetan langabezia kapitalizatu ez izana.
b) Besteren konturako langilerik ez izatea.
c) 2009ko lehen hiruhilekoan fakturazioa % 35, gutxienez, murriztu izana aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.
d) Aldi baterako Ezintasuna estalia izatea.
Kooperatiba-sozietateetako eta lan-sozietateetako bazkide diren langile autonomoek ezin izango dituzte jaso Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak.
5. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.
Diru-laguntzaren zenbatekoa 1.125 euro izango da langile autonomo bakoitzeko.
6. artikulua.- Ordaintzeko modua.
Diru-laguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketan diru-laguntzaren guztirakoaren % 50 ordainduko da, diru-laguntza emateko Ebazpena eman ostean eta esanbidezko ukorik izan ez bada.
b) Bigarren ordainketan diru-laguntzaren guztirakoaren % 50 ordainduko da, laguntza zertarako erabili den egiaztatzen denean laguntza eman osteko sei hilabeteetako Gizarte Segurantzaren kuotak ordaindu izanaren agiriak aurkeztuta.
III. KAPITULUA
LANGILEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK
7. artikulua.- Onuradunak.
Kapitulu honetan aipatzen diren laguntzen onuradun langile autonomoak izango dira, baldin eta laguntza-eskaera egiten badute, jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen badute eta besteren konturako langileak kontratatzen badituzte. Horretarako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Diru-laguntzaren xede diren kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izango dira, eta lanaldi partzialekoak izanez gero, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan lanaldi osotzat hartutakoaren erdia, gutxienez, izan beharko du.
b) Enplegu Zerbitzu publiko batean langabe moduan erregistratutako pertsonei egin behar zaizkie kontratuak, betiere gutxienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutela.
c) Indarreko hitzarmenean finkatutako soldatak ordainduko dira.
d) Onuradunek ez dute inor kaleratu behar izan eskaera egin aurreko 12 hilabeteetan.
e) Honako hauek ezin izango dira kontratatu: banakako enpresaburuaren ezkontidea, eta bigarren mailara arteko odolkidetasunagatiko, kidetasunagatiko edo adopzioagatiko aurreko, ondorengo eta/edo zeharkako ahaideak. Sozietate motako enpresetan, edozein bazkideren ahaideak (goian aipatutakoak) ere ezin izango dira kontratatu.
Kooperatiba-sozietateetako eta lan-sozietateetako bazkide diren langile autonomoek ezin izango dituzte jaso Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak.
8. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.
Diru-laguntzaren zenbatekoa honako hau izango da: kontratatutako pertsonei dagokien eta enpresak ordaindu beharreko gizarte-segurantzaren kuotaren % 100, gehienez ere sei hilabetez. Gizarte Segurantzaren 1. kotizazio-taldean barne hartutako kontratazioak badira, laguntzak kuota horren % 50ekoak izango dira.
9. artikulua.- Ordaintzeko modua.
Diru-laguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketan diru-laguntzaren guztirakoaren % 50 ordainduko da, diru-laguntza emateko Ebazpena eman ostean eta esanbidezko ukorik izan ez bada.
b) Bigarren ordainketan diru-laguntzaren guztirakoaren % 50 ordainduko da, laguntza zertarako erabili den egiaztatzen denean, kontratatutako langileei dagokien Gizarte Segurantzaren kotizazio-buletinak (Tc1 eta Tc2 ereduak), laguntza eman osteko sei hilabeteetakoak, aurkeztuta.
IV. KAPITULUA
LANGILE AUTONOMOAK BIRZIKLATZEKO ETA HORIEN LANBIDE KUALIFIKAZIOA ETA ENPLEGAGARRITASUNA HOBETZEKO LAGUNTZAK
10. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
Diruz lagunduko dira honako jarduera hauek: Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak diruz lagundutako prestakuntza-eskaintza osotik, edo Hobetuz Fundación Vasca para la Formación profesional Continua-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak kudeatutako prestakuntza-eskaintzatik aukeratutako prestakuntza-ibilbideetan edo prestakuntza-ekintzen sorta integratuan izena eman eta parte-hartzea, betiere enpresa-jarduera bertan behera utzi behar izan duten langile autonomoen lanbide-kualifikazioa hobetzen badute.
Langile autonomoak prestakuntza-eskaintzarako sarbidea izango dute honako zehaztapen hauei jarraiki:
a) Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Hobetuzek kudeatutako laguntzen onuradun diren prestakuntza-zentro eta erakundeek, ahal den neurrian, ikastaro bakoitzeko plazen % 15 gordeko dute hurrengo artikuluan aipatuko diren langile autonomoentzat.
b) Ikastaro horietarako sarbidea eta aurre-inskripzioa Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Orientabide Zerbitzuen sarearen bidez egingo da. Horretarako, onuradunek zerbitzu horietara jo beharko dute, ikastaro batean edo gehiagotan izena ematea eskatzeko; jarduera bertan behera utzi behar izan dutela egiaztatu beharko dute, arau honen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.
c) Onuradunek goian aipatutako prestakuntza-ekintza batean edo gehiagotan aurreinskripzioa eginez, gutxienez, honako eremu hauetako prestakuntza eta kualifikazioa lortuko da: «Enpresa Plana edo Negozio Plana», «Laneko arriskuen Prebentzioa» eta «Berdintasuna».
Onuradunek ikastaro bat baino gehiago egin ditzakete batera, edo bata bestearen segidan.
d) Onuradun bakoitzari agindutako prestakuntza-ibilbidearen edo prestakuntza-ekintzen sorta integratuaren iraupena, gutxienez, 250 ordu presentzialekoa izango da.
11. artikulua.- Onuradunak.
Langile autonomoak, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta daudenak Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna baino lehen, eta Gizarte Segurantzaren langile autonomoentzako Erregimenetako edozeinetan Alta emanda egon ostean jarduera eten egin behar izatearen ondorioz Gizarte Segurantzan eta EJZn baja hartu dutenak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Enpresa-jardueraren etetea eskaera egin baino sei hilabete lehenago, gutxienez, gertatu izana.
b) Gizarte Segurantzan, gutxienez, 18 hilabetez jarraian kotizatzea, edo bestela, 36 hilabetez txandaka, betiere bost urteko epean.
c) Enpleguko bulego publiko batean erregistratuta egotea.
Kooperatiba-sozietateetako eta lan-sozietateetako bazkide diren langile autonomoek ezin izango dituzte jaso Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak.
12. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.
Prestakuntza-prozesuan (gehienez ere sei hilabete iraungo du), onuradunek 480 euroko laguntza jasoko dute hilero.
13. artikulua.- Ordaintzeko modua.
Emandako diru-laguntza honela ordainduko da: Lanbideren Orientabide Zerbitzuek prestakuntza-prozesuko aurreinskripzioa egin ostean, hilean 480 euro ordainduko dira, gehienez ere sei hilabetez.
Ordainketak hilabetea amaitzen egingo dira, eta hilabetea baino aldi txikiagoei dagozkien ordainketen kasuan, egun kopuruaren arabera proportzioan kalkulatuko da, kalkulu hori egiteko oinarritzat lehen aipatutako 480 euroko zenbateko hori hartuta.
V. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK
14. artikulua.- Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta diru-laguntza publikoei dagozkienak betetzea.
1.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, Ekonomia eta Ogasun Sailak xedatutakoa betez, eskatzaileek beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteta dauzkatela egiaztatu beharko dute.
2.- Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunei laguntzak eman, eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.
3.- Zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden pertsona fisikoek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.
15. artikulua.- Bermeak.
1.- Oro har, eta azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duenak, bere 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, onuradunek diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).
16. artikulua.- Bestelako diru-laguntzekiko bateragarritasuna.
1.- Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein herri-administrazio edo entitate publikok emandakoekin.
2.- Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen zenbatekoak (laguntza bakoitzarenak edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emaniko bestelako diru-laguntza edo laguntzekin batera, eta xede bererako bestelako edozein diru-sarrera edo baliabide ere kontuan izanik) ezin izango du gainditu, inolaz ere, onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua edo laguntzaren edo diru-laguntzaren xedearen kostua.
17. artikulua.- Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.
1.- Agindu honetan araututako laguntzak jaso nahi dituzten interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren Zuzendaritzan, Aginduaren eranskineko eredu ofizialari jarraiki, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko da izapidetzeko, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako edozein baliabide erabiliz ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
2.- Esan bezala, interesdunek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko dituzte eskabideak; hona hemen ordezkaritzen helbideak:
- Arabako Lurralde Ordezkaritza, Samaniego kalea, 2 (01008 Vitoria-Gasteiz).
- Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza, Kale Nagusia 85 (48011 Bilbao).
- Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza, Vitoria-Gasteiz kalea, 3-3.a, 2 (20018 Donostia-San Sebastián).
3.- Agindua indarrean hasiko den egunean irekiko da eskabideak aurkezteko epea, eta etengabe irekita egongo da indarraldia amaitu arte.
4.- Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
1) Oro har:
a) Foru Aldundiekiko zerga-betebeharrak egunean daudela ziurtatzen duen egiaztagiria. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga-mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko ekainaren 19ko Aginduari jarraiki, ez dute horrelakorik egiaztatu beharko urteko eta hartzaileko 3.000 eurotik gorakoak ez diren diru-laguntzak eskatzen dituztenek.
b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren edo dagokion erakundearen ziurtagiri eguneratua, Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela ziurtatzen duena.
c) Eskatzailearen zinpeko aitorpena Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza edo diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz prozedura zehatzaileei buruz, prozedura horiek oraindik izapidealdian badaude.
d) Hirugarren interesdunaren datuen altari buruzko fitxa, eskatzaileak eta dagokion bankuak izenpetu eta zigilatuta.
e) Eskatzailearen zinpeko aitorpena, zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela adierazita; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren (otsailaren 18ko 4/2005) Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
2) Berariaz Agindu honetako 4. artikuluan eskatzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskatzaileek:
a) Estatuko enplegu-zerbitzu publikoaren ziurtagiria, laguntza eskatzen duenak eskaeraren aurreko sei hilabeteetan langabezia ez duela kapitalizatu egiaztatzeko.
b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria, eskatzaileak bere kargurako langilerik ez duela eta Aldi baterako Ezintasuna estalia duela egiaztatzeko.
c) Balio Erantsiaren gaineko Zergaren aitorpenak, 2008ko eta 2009ko lehen bi hiruhilekoei dagozkienak.
d) Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren ordainagiriaren kopia konpultsatua edo, bestela, zerga ordaintzetik salbuetsita dagoela egiaztatzen duen dokumentuarena; horrekin batera, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria ere aurkeztu behar da, enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda dagoela egiaztatzeko.
3) Berariaz Agindu honetako 7. artikuluan eskatzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskatzaileek:
a) Diruz lagunduko diren kontratuen kopia konpultsatua.
b) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ziurtagiria, kontratatutako pertsona langabe zela egiaztatzeko, gutxienez hiru hilabeteko antzinatasunarekin.
c) Zinpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira d) eta e) idatz-zatietan eskatutako betekizunak, aipatutako idatz-zati horietan biltzen diren inguruabarrak ez direla betetzen adieraziz.
d) Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren ordainagiriaren kopia konpultsatua edo, bestela, zerga ordaintzetik salbuetsita dagoela egiaztatzen duen dokumentuarena; horrekin batera, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria ere aurkeztu behar da, enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda dagoela egiaztatzeko.
4) Berariaz Agindu honetako 11. artikuluan eskatzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskatzaileek:
a) Ekonomia Jardueren gaineko Zergako bajaren egiaztagiriaren kopia konpultsatua.
b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria, Gizarte Segurantzan, gutxienez, 18 hilabetez jarraian kotizatu izana egiaztatzeko, edo bestela, 36 hilabetez txandaka, betiere bost urteko epean.
c) Laguntzaren eskatzailea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan eta/edo Lanbiden erregistratuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.
d) Eskatzailearen errolda-ziurtagiria edo -papera, Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion udalerriak egina.
Onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute betebehar guztiak betetzen dituztela.
18. artikulua.- Ebazpena, emateko prozedura, Baliabideak eta publizitatea emateko eskumena duen organoa.
1.- Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren Zuzendaritzak ebatziko ditu eskabideak.
2.- Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren zuzendariak emango du eskabideak onartzeko, edo, hala badagokio, ukatzeko, esanbidezko ebazpena. Diru-laguntza emateko ebazpenean, diru-laguntzaren xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, eta justifikatzeko modua adieraziko dira.
3.- Aurreko idatz-zatian aipatutako ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete horren aurka Enpleguko, Prestakuntzako eta Gizarteratzeko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpenaren biharamunetik zenbatzen hasita.
4.- Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez, hiru hilabeteko epea izango da eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskaera ezetsitzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.
5.- Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren zuzendariaren ebazpenaren bidez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein enpresa eta pertsonak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten.
6.- Orobat, Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik izapidetzen ari badira.
19. artikulua.- Betebeharrak.
Enpresa edo pertsona onuradunaren betebeharrak honako hauek dira:
1.- Jarduera egitea edo diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran izatea.
2.- Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean frogatzea diru-laguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela, baita jarduera egin izana ere.
3.- Diru-laguntza ematen duen erakundeak egin beharreko egiaztatze-jardunak onartzea, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontrol-jardunak ere.
4.- Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntza edo laguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.
5.- Diru-laguntza emateko kontuan izandako gorabehera objektibo edo subjektiboetan aldaketarik izanez gero, laguntza eman duen erakundeari horren berri ematea.
6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura jakinaraztea.
7.- Jasotako laguntza (osoa edo zati bat) itzultzea, baldin eta, Agindu honen betekizunetako bat ez betetzeagatik, halakorik eskatzen badiote.
20. artikulua.- Jarraipena eta kontrola.
1.- Dagokion administrazio-organoak (zuzenean edo organo horrek izendatutako pertsonen bitartez), Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko ikuskapeneko eta kontroleko jardunak onartu behar dituzte laguntzen onuradunek, eta, dagokionean, ikuskapena edo kontrola egin behar duten lokal eta instalazioetarako sarbidea erraztu behar diete ardura hori duten pertsona fisikoei, baita parte-hartzaileekiko eta elkarrizketatu beharreko bestelako pertsonekiko harremanak erraztu ere.
Kontrol-jardunak onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuraduna bereziki behartuta dago diru-laguntza eman duen administrazio-organoaren eskakizuna betetzera, baita jarraipena egiteko eskatzen zaion dokumentazioa betetzera eta igortzera ere; dena dela, 10 eguneko epea izango du eskakizunei erantzuteko.
2.- Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren Zuzendaritzak Kontu Ikuskaritza eta Ikuskapen Plan bat ezarriko du, Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko, baita diruz lagundutako ekintzak betearazteko baldintza errealak egiaztatzeko ere.
Ateratzen diren estatistika-irizpideen arabera, nahiz arriskuei buruz egiten diren azterketen arabera, laguntza eman duen administrazio-organoak aukeratzen dituen espedienteak bilduko dira Plan horretan.
Era berean, Ikuskapen Planean behar bezala identifikatutako pertsonek oinarritutako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jardunak bilduko dira.
21. artikulua.- Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako diru-laguntza aldatu egingo da, betiere laguntzaren onuradun izateko diru-laguntza arauak ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira, diru-laguntza emateko ezarritako irizpide eta mugak aplikatuz.
22. artikulua.- Ez-betetzeak.
1.- Diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo Agindu honetan, edo aplika daitezkeen gainerako arauetan, edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez badu betetzen, Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren zuzendariak, Ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.
23. artikulua.- Itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinaraziko dio erakunde interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasteak, hala badagokio, eten egingo ditu oraindik egin ez diren ordainketak.
b) Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio itzultze-prozedurari. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 6 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela joz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, Ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharra deklaratuko da. Epe hori borondatezko aldiko epetzat joko da.
c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri-Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekiteko.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.-Erakunde laguntzailea izendatzea.
Egailan SA Agindu honetan araututako laguntzak kudeatu eta ordaintzeko erakunde laguntzaile izendatzen da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52. artikuluaren 3. paragrafoan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzulketen erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren III. Tituluan ezarritakoaren arabera, 52. artikulu horren 2. paragrafoan, 698/1991 Dekretuan eta Agindu honetan ezarritako betebeharrak betez. Horretarako dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.
Bigarrena.- Minimis araua.
Europako Batzordeak [1998/2006 zenbakiko arautegia (EE), Batzordearena, 2006ko abenduaren 15ekoa] ezarritako minimis arauari lotzen zaizkio laguntza hauek. Hortaz, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euroko kopurua baino kopuru handiagoa jaso ez dezaten, hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan.
Hirugarrena.- Fakturazio-murrizketaren justifikazioa.
BEZean modulukako zerga-erregimenari atxikita egoteagatik, 4. artikuluan aurreikusitako onuradunek ezin badute egiaztatu, artikulu horretan jasotako irizpidearen arabera, fakturazioa murriztu dela, horren ordez, zinpeko aitorpen bat egin ahal izango dute eta hiru hornitzaile nagusiei denbora-tarte berean egindako erosketak aurkeztu beharko dituzte, betiere hornitzaileei dagokienez fakturazioa murriztu dela frogatzen badute, 4. artikuluaren c) idatz-zatian aipatutako ehunekoan.
Laugarrena.- Datu pertsonalak babestea.
Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez, Agindu honetan araututako laguntza-eskabideak betez lortutako datu pertsonalak bilduko ditu Eusko Jaurlaritzaren fitxategi automatizatuetara.
Halaber, interesdunek datuak baliatzeko, zuzentzeko, indargabetzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, horri buruzko idazkia igorriz Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta aginduaren aurka badago berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epean izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).
Bigarrena.- Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 10a.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
I. ERANSKINA
DIRU-LAGUNTZAREN ESKABIDEA
AGINDUA, 2009ko ABENDUAREN 10ekoa, ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILBURUARENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANGILE AUTONOMOENTZAKO EZOHIKO LAGUNTZAK IRAGARTZEN DITUENA
(Ikus .PDF)