Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2009ko abenduaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6439

AGINDUA, 2009ko azaroaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko eta Hezkuntzako ikuskarien kidegoko irakasle funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketaren deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzeko abenduaren 19ko 15/2008 Legearen 5.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sail honen mendeko ikastetxeetan lanpostu hutsak daudenez; eta,

Era berean, azaldutako guztiaren arabera,

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Deialdia.

1.- Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko eta Hezkuntzako ikuskarien kidegoko irakasle funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketaren deialdia egitea.

2.- Deialdi horretako oinarri-arauak onartu egiten dira, eta Agindu honen eranskinean jasota agertzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Indarrean sartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra Agindu honek.

Bigarrena.- Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzitarako epaitegiri, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 18a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

ERANSKINA

HEZKUNTZA-ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUAN DAUDEN IKUSKARIEN KIDEGOKO ETA HEZKUNTZAKO IKUSKARIEN KIDEGOKO IRAKASLE FUNTZIONARIOEN ARTEKO LEKUALDATZE-LEHIAKETAREN DEIALDIA

OINARRI ARAUAK

Lehenengoa.- Deialdia.

Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko eta Hezkuntzako ikuskarien kidegoko irakasle funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketaren deialdia egiten da.

Bigarrena.- Deitutako lanpostuak.

Lehiaketari behin-behineko ebazpena eman aurretik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da lekualdatze-lehiaketa honetan sartzen diren kidegoei dagozkien lanpostu hutsen zerrenda.

Lekualdatze-lehiaketa honetan sartzen diren lanpostuak hauek dira: bat, deialdia argitaratzerakoan hutsik dauden lanpostuak; bi, 2009ko abenduaren 31 baino lehen sortzen diren hutsak; hiru, lehiaketa ebazterakoan sortzen direnak. Horiez gain, bestalde, derrigorrezko erretiroak direla-eta, 2009-2010 ikasturtea amaitu artean sortzen diren lanpostu hutsak ere gehitu ahal izango dira. Hala ere, lanpostu horiek aurrerantzean ere indarrean jarraituko dutela ohartemanda egon beharko da hezkuntzarako plangintza orokorrean.

Lanpostu hutsak definitzeko akats bat gertatzen bada edo lanpostu horren funtzionamendua eskola-plangintzan aurreikusten ez bada, lanpostu huts horiek ezabatuko dira.

Hirugarrena.- Borondatezko parte hartzea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Saileko funtzionarioek.

Deialdi honetan eskainitako lanpostuetarako, jarraian aipatutako egoeretakoren batean dauden funtzionarioek parte har dezakete, beren borondatez:

a) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuetan behin betiko destinoarekin jarduneko zerbitzuan ari diren funtzionarioek, baldin eta azken behin betiko destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.

b) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuetan zerbitzu berezietako egoeran dauden funtzionarioek, baldin eta azken behin betiko destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.

c) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuetatik borondatezko eszedentzia egoeran dauden funtzionarioek. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 61. artikuluaren 1.b) idatz-zatian ohartemandako moduan, norbanakoaren interesagatik sortutako borondatezko eszedentzia egoeran badago, funtzionarioa eszedentziara pasatu zenetik aurtengo ikasturtea amaitu arte bi urte igaro badira baino ezingo du parte hartu.

d) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko hezkuntza-ikuskaritza lanpostuetan etenaldi egoeran dauden funtzionarioek, baina soilik etenaldirako diziplina zigorraren denbora bukatu zenetik aurtengo ikasturtea amaitu arte bi urte igaro badira.

Deialdi honen bederatzigarren oinarri-arauan zehaztutako organoari zuzendu beharko diote parte hartzeko eskabidea lehiatzaile horiek.

Laugarrena.- Parte-hartze behartua.

1.- Lehiaketa honetan parte hartzera behartuta daude jarraian aipatzen diren egoeretakoren batean dauden funtzionarioak:

a) Eszedentziatik edo funtzioen etenaldi egoeratik etorri, behin betiko destinoa galduta, eta jarduneko zerbitzura itzuli diren funtzionarioak, baldin eta, deialdi hau argitaratzen den eguna baino lehenago, itzuleraren indarrez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren kudeaketa-eremuan behin-behineko destino bat lortu badute.

Baina, lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, egin arren, lanpostu hutsen kopuru nahikoa ez badute eskatzen, ofizioz esleituko zaie behin betiko destinoa zerbitzuak bete zituzten azken lurralde historikoan kokatutako ikastetxeetan, edo hala badagokio, destinoaren zain geratuko dira.

b) Nahitaezko eszedentzian edo, destinoko lanpostua galdu dutelako, funtzioen etenaldian dauden funtzionarioak, zigorra bete eta gero, behin-behinean itzultzerik lortu ez badute eta egoera hori aitortu bazaie Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko ikastetxeren batean.

Aurreko lerroaldian aipatutako funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, egin arren, eskuragarri dituzten lanpostuak eskatzen ez badituzte ere, behin betiko destinorik lortzen ez badute, borondatezko eszedentzia egoeran geldituko dira, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 61. artikuluaren 1.b) idatz-zatian ohartemandako moduan.

c) Sententzia betetzetik edo errekurtsoari emandako ebazpenaren ondorioz edo, behin betiko izaeraz lanpostu bat bete arren, berariaz lanpostu hori ezabatu zaielako, behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioak.

Parte hartu behar izan arren ez badute hori egiten, behin-behinean zerbitzuak ematen dituzten lurralde historikoan ofizioz destinatuko dira, eskatutako baldintzak betetzen dituzten lanpostuetarako. Parte hartzeko beharra bete baina eskatutako destinorik ez badute lortzen sei deialditan, ofizioz emango zaie destinoa, behin betiko destinoa galtzea eragin zuen arrazoia gertatu zen momentuan zerbitzuak ematen zituen lurralde historikoan.

d) Behin betiko zeukaten lanpostua galdu eta administrazioko beste lanpostu batzuetara joan diren funtzionarioak, euren kidegoan jardun aktiboaren egoera gorde dutenean, eta lanpostua utzi eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko lanpostuetan behin-behineko destinoa lortu badute.

Idatz-zati horretan aipatutako funtzionarioek lehiaketan parte hartzen ez badute edo, egin arren, nahiko lanpostu huts eskatzen ez badute, libreki esleituko zaie behin betiko destinoa, parte hartzeko eske-idazkian azaldutako lurralde historikoan edo lurraldeetan kokatutako lanpostuetan, eta bertan jarritako lehentasunen hurrenkeran.

Behin betiko destinorik lortzen ez badute, 2009-2010 ikasturtean zerbitzuak betetzen aritu izandako lurralde historikoan geldituko dira behin-behineko destino egoeran.

Bosgarrena.- Praktiketako funtzionarioen parte hartzea.

1.- Ondorengoek hartu behar dute derrigorrean parte:

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegora sartzeko 2009ko urtarrilaren 20ko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduaren bidez deitutako aukeratze-prozeduran hautatutako izangaiek, ikasturte honetan praktika-fasea egiten ari diren izangaiek.

Hautatutako izangai horiek behartuta daude lehiaketa honetan eta hurrengoetan parte hartzera, euren behin betiko lehen destinoa Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ikuskaritza-zentroetan lortu arte.

2.- Destinoak esleitzeko, praktiketako funtzionario izendatzeko aginduan esleitzen zaien zerrenda-hurrenkerako zenbakia kontuan hartuko da.

3.- Hautatutako izangaiek eskabiderik aurkezten ez badute, edo, aurkeztu arren, nahiko lanpostu eskatzen ez badute, askatasunez esleituko zaie behin betiko destinoa, praktikak egiten ari direneko lurraldean kokatutako ikuskaritza-zentroetan.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa gauzatu ahal izateko, behin betiko destinoa askatasunez esleituko zaie, I. eranskinean ikuskaritza-zentroak argitaratuta azaltzen diren hurrenkera errespetatuz.

Behin betiko destinorik lortzen ez badute, behin-behineko destino egoeran geldituko dira 2009-2010 ikasturtean zerbitzuak eman dituzten lurralde historikoan.

4.- Egoki dakiekeen destinoa, hala bada, praktikaldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatzearen mende egongo da.

Seigarrena.- Hizkuntza-eskakizunak.

Nahitaezkotasun-data iraungita duen hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak eskatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da honako dekretu honetan adierazten den hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea: 343/2001 Dekretua, abenduaren 11koa, Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuek izan beharreko hizkuntza-eskakizun eta derrigorrezkotasunak zehazteko araubide espezifikoa ezartzen duena.

Zazpigarrena.- Eskabideak.

Lehiatzaileek aurkeztu beharreko eske-idazkia, III. eranskina eredutzat hartuta, hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan edukiko dituzte eskuragai. Idazki-eske bakarra aurkeztuko dute.

Eske-idazkiak izenpetzen dituztenek beren-beregi adierazi beharko dute oinarri-arauetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean jasotako edozein ikuskaritza-zentrotarako egingo dira.

Nolanahi ere, lehiatzaileek eskatutako lanpostuak eske-idazkian adierazitako kodeei dagozkienak izango dira. Koderik ez badaukate, edo kodeak osorik ez badaude edo lehiatzaileek eskatu ezin dituzten lanpostuei badagozkie eskaerak deuseztatu egingo dira. Aipatutako arrazoi horietako bat dela medio lehiatzaile baten eskaera guztiak deuseztatuko balira lehiatzaile hori destinoen esleipenetik baztertuta geratuko litzateke. Horrek ez du esan nahi deialdi honetan destinoak ofizioz emateko ezarritako egoeretatik kanpo geratuko denik.

Zortzigarrena.- Dokumentazioa aurkeztea.

Eskatutako baldintzak eta azaldutako merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte lehiatzaileek, oinarri-arau hauen eranskin legez datorren baremoan zehaztutako oharpenekin bat etorriz. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langileek, ordea, ez dituzte 1.1, 2.3. eta 2.4. idatz-zatietan aipatutako merezimenduak egiaztatu behar izango.

Aurkeztutako dokumentazioaren egiatasunaren erantzuleak lehiatzaileak eurak izango dira. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago lehiatzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

Eske-idazkiak aurkezteko epean agertutako merezimendu justifikatuak baino ez dira kontuan hartuko.

Bidalitako fotokopia guztiekin batera, erkaketa izapideak aurkeztu beharko dira, ikastetxeetako zuzendariek, hezkuntzako lurralde ordezkaritzek, Hezkuntza Ministerioko probintzietako zuzendaritzek edo hezkuntza gaietan eskuduntzak dauzkaten autonomia erkidegoetako erakundeek egindakoak. Ez da onartuko erkaketa izapiderik ez daukan fotokopia bakar bate ere.

Administrazioak interesatuak edozein unetan deitzeko eskubidea izango du, zalantzak edo erreklamazioak sortzen dituzten merezimenduak argi ditzaten.

Praktiketako funtzionarioek ez dute merezimenduak egiaztatzeko inolako dokumentaziorik aurkeztu beharko.

Bederatzigarrena.- Eskabideak aurkezteko tokia.

Eske-idazkiak eta aurreko oinarri-arauan aipatutako agiriak honako toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: hezkuntzako lurralde ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatutako beste edozein bulegotan.

Hamargarrena.- Eskabideak aurkezteko epea.

Eske-idazkiak aurkezteko epea 2009ko abenduaren 5ean hasi eta 23an amaituko da, egun biok barne hartuta. Epe hori amaitu ondoren ez da inolako eske-idazkirik onartuko.

Eske-idazkiak aurkezteko epea amaitu eta gero, ez da beste eske-idazki edo aldaketarik onartuko egindako eskarietan edo aurkeztutako merezimenduei buruzko dokumentaziorik. Hala ere, beren borondatez parte hartzen duten lehiatzaileek uko egin ahal izango diote lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari, behin-behineko ebazpenari erreklamazioak aurkezteko jarritako epean, hamahirugarren oinarri-arauaren arabera.

Hamaikagarrena.- Merezimenduen ebaluaketa.

Lehiatzaileek aurkeztutako merezimenduak ebaluatzeko, puntuen baremoko 1.3. eta 2.1 idatz-zatietan aipatutakoei dagokienez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketa zuzendariak izendatuko du batzorde barematzaile bat, non gizon zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkapena izango baitute, horren kontrako oinarri sendoko arrazoirik ez bada adierazten. Batzorde Barematzailea honako kide hauek osatuta egongo da:

Batzordeburua: Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko edo Hezkuntzako ikuskarien kidegoko funtzionario bat.

Kideak: Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko edo Hezkuntzako ikuskarien kidegoko lau funtzionario, jardunean daudenak.

Gorago aipatutako batzorde barematzaileko burua Langileriaren Kudeaketa zuzendariak izendatuko du, eta kideak, aldiz, zozketaz aterako dira. Idazkari lanetan arituko den funtzionarioa ere Langileriaren Kudeaketa zuzendariak izendatuko du, zozketaz aukeratutako kideen artetik batzordeko buruak proposatuta.Ordezkaritzarik gehien daukaten sindikatuek ordezkari bat izendatu dezakete batzorde bakoitzerako, behatzaile izateko.

Batzorde barematzailea izendatzeko irizpide berberei jarraituz, ordezko batzordeburua, kideak eta idazkaria ere izenda daitezke. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritako arrazoibideen menpe egongo dira batzordeetako kideak, beraiek uko egin nahiz besteen ezespena jasotzeko.

Batzorde barematzaileak eskatuta, gai horretako aditu bi gehitu ahal izango dizkio batzordeari Langileriaren Kudeaketa zuzendariak, aholkulari lanetarako.

Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren 6 eta 16. artikuluetan ohartemandako ondorioetarako (26ko EHAA), zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainak eguneratzen dituen otsailaren 121/2006 Dekretuan ezarritakoaren arabera ordainduko dira bidaia-gastuak (28ko EHAA).

Unitate administratibo egokiek zehaztuko dute baremoko gainerako idatz-zatiengatik lehiatzaileei dagokien puntuazioa.

Hamabigarrena.- Behin-behineko ebazpena.

Batzorde barematzaileek lehiatzaileei emandako puntuazioekin egindako aktak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jaso ondoren, eta lehiatzaileek egindako eskarien eta aurkeztutako merezimenduen arabera, destinoak esleitzeari ekingo zaio eta lekualdatze-lehiaketaren behin-behineko ebazpena argitaratuko da.

Puntuazio guztiak gehitu ondoren berdinketak agertzen badira, baremoaren arlo bakoitzean punturik gehien lortu izana kontuan hartuta ebatziko dira, lehenengo agertzen den arlotik hasi eta azkeneraino jarraituz.

Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiarloetan lortutako puntuak aintzat hartuko dira, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.

Bi kasuotan, arlo bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan arlo bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiarloen kasuan, azpiarloak sartuta dauden arloak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiarlo bat edo gehiago sartuta dagoen arloaren puntuaziorik altuenera iristen bada,ez dira kontuan izango gainerako azpiarloetan izandako puntuazioak.

Beharrezkoa izango balitz, berdinketa hausteko irizpidea lehiatzen den kidegoan sartzeko oposizioaren urtea izango da. Zaharrenak lehentasuna izango du, eta, urte berekoen artean, prozesu horretan lortutako puntuaziorik altuenak izango du lehentasuna.

Azkenik, berdinketa bere horretan badirau, emakumeak % 40 baino gutxiago diren kidegoetan, desenpaterako irizpide bezala emakumeen lehentasuna erabiliko da. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean -nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik-; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

Hamahirugarrena.- Erreklamazioak eta uko egiteak.

Behin-behineko ebazpenaren aurkako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte lehiatzaileek, jendaurrean jartzen denetik 5 egun balioduneko epean. Beren borondatezko lehiatzaileek, bestalde, epe horretan bertan, uko egin ahal izango diote lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari, eta uko horrek eske-idazkian agertzen diren eskaera guztietan eragina daukala ulertuko da.

Horretarako agerrarazten da behin behineko ebazpenean destinorik lortu ez izanak ez duela suposatzen ezin dela destinorik lortu behin betiko esleipenean.

Hamalaugarrena.- Behin betiko ebazpena.

Erreklamazioak ikusi eta, hala badagokio, aurreko oinarrian adierazten diren ukoak onartu ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak agindua emango du lekualdatzeko lehiaketa honen behin betiko ebazpenak onartzeko. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta, bertan, lehiaketaren emaitzen zerrendak erakusteko datak eta lekuak iragarriko dira. Zerrenda horietan jasotzen ez diren erreklamazioak ez onartutzat joko dira.

Hamabosgarrena.- Jarduneko zerbitzura itzultzea.

Eszedentzia aldian egon eta gero lehiaketaren ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren ikuskariek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte bakoitzaren lurralde ordezkaritzan:

1.- Eszedentziarako aginduaren kopia.

2.- Medikuaren egiaztagiri ofiziala, irakaskuntzan aritzeko gaixotasunik edo beste akats fisiko nahiz psikikorik ez duela adierazten duena.

3.- Zinpeko aitorpena edo agindua, diziplina espediente bidez ez dutela ez estatu, ez toki edo autonomia erkidegoko administrazioaren kidego edo eskala batetik ere banatu egiaztatzeko eta, era berean, funtzio publikoak betetzeko gaitasunik ez diotela kendu egiaztatzeko.

Dena dela, lehiaketa honen bidez lortutako destinoari dagokion irakaskuntza kidegoa ez den beste irakaskuntza kidegoren batean jarduneko zerbitzuan dauden funtzionarioek ez dituzte agiri horiek aurkeztu behar izango.

Hamaseigarrena.- Lanpostuaz jabetzea.

2010eko irailaren 1ean izango da destino berrien jabetza-hartzea.

Hamazazpigarrena.- Destinoei ezin zaie uko egin.

Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.

Hemezortzigarrena.- Diru-sariak.

Oinarri-arau hauen babespean araututako deialdiaren bidez jatorrizko lanpostuaren kudeaketa eremurako barik beste baterako behin betiko destinoa lortzen duten funtzionarioek, azkenik, lortutako destinoaren eremuari dagozkion ordain-arauen araberako soldatak jasoko dituzte.

Hemeretzigarrena.- Datu pertsonalen trataera.

Interesatuak ematen dituen datuak, bakar-bakarrik erabiliko dira dagokion prozesuan edo egintzan aurreikusitako helburuetarako.

Datu horiek ez dira erabiliko, inolaz ere, tratamendurako edo hirugarren bati lagatzeko, doakionaren zalantzarik gabeko baimenarekin edo Datu Pertsonalen Babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 6.2. eta 11.2 artikuluetan (1999ko abenduaren 14ko 298. zenbakiko BOEa) ezarritakoari jarraituz ez bada.

Aipatutako 15/1999 Lege Organikoaren arabera, datu-lagatzaileak edozein momentutan izango ditu sarbide-, zuzenketa-, ezeztapen- eta aurkaritza-eskubideak, arauz ezartzen denari jarraituz.

Fitxategi horren erabilera eta jarduerari dagokionez, datu pertsonalak dituzten herri titulartasuneko fitxategiak babesteko legeriak zehaztutakoari jarraituko zaio, hots, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari.


Azterketa dokumentala