Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2009ko abuztuaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Euskal Herriko Unibertsitatea
4407

EBAZPENA, 2009ko uztailaren 9koa, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordearena, atzerriko enpresetan praktikak egiteko mugikortasun beken Elkano programa arautzen eta deitzen duena (2009-2010 edizioa).

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) GAIAren (Euskadiko Telekomunikazioen Clusterra) lankidetzarekin UPV/EHUn titulatu berriak direnek atzerriko enpresetan praktikak egiteko mugikortasun beken laugarren edizioa antolatu du; Elkano programa.

UPV/EHUk tituludunen lanbideratzeko aukerak hobetzen laguntzeko gogoa du eta hortik, hain zuzen, sortu da programa hau, tituludunek ikasketak bukatu eta gero lan-munduari berme handiagoz aurre egin diezaioten. Beste alde batetik, ekimen hau Bolognako prozesuari aurre egiteko neurriak finkatu nahi dituen eta, besteak beste, Leonardo da Vinci beken ildotik mugikortasun aukera berriak bultzatzeko helburua duen erakunde-mailako estrategia zabalago batean barruan sartzen da. GAIA elkarteak, bere aldetik, Euskadiko enpresek langile gaituak, motibatuak eta nazioarte mailan behar bezala trebatuak izan ditzaten babesa ematen du.

Horregatik, UPV/EHUko errektoreak 2009ko urtarrilaren 26ko erabaki bidez eskuordetutako eskumenetan oinarrituta (EHAA 38 zk., 2009ko otsailaren 24koa), UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzatik oso garrantzitsutzat hartu da ekimen hau berriro abian jartzea. Honako oinarrien arabera arautzen da:

OINARRIAK

I.- XEDAPEN OROKORRAK.

1.- HELBURUA.

1.1.- Ebazpen honen xedea da Elkano programaren oinarriak arautzea eta 2009-2010 ikasturteko programaren deialdia argitara ematea. Elkano programak UPV/EHUko tituludun berrien mugikortasuna atzerriko enpresetara sustatu nahi du, haien lanbide eta laneko gaitasunak jakintza-alor anitzeko nazioarteko taldeetan hobetu, haien enplegagarritasuna edo ekintzailetza erraztu, eta azken finean, tutorepeko praktiken bidez haien prestakuntza osatzeko asmoz.

1.2.- Programa honetako mugikortasun bekak itzuli beharko ez diren diru-laguntzak izango dira; beken emakida, agerikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioen arabera egingo da, eta bekok lehiaketa banaren bidez esleituko zaizkie eskatzaileei. Hortaz, ebazpen honetan agertzen diren balorazio irizpideak eta hautaketa prozesuan aintzat hartuta, lehiaketa gaindituko duten hautagaiei bakarrik emango zaizkie bekak, denak banatu arte.

2.- BALIABIDE EKONOMIKOAK.

2.1.- Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Lurralde Historikoarekin lotura nabarmena duenak, 2009-2010 ikasturteko Elkano programa UPV/EHUrekin batera finantzatuko du; horregatik, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko tituludunek edo UPV/EHUko Bizkaiko edo Arabako Campuseko tituludunak izanik Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi direnek baino ezin dute parte hartu deialdi honetan.

2.2.- Elkano programaren laugarren edizio honetako helburuak betetzeko aurrekontu-esleipen nahikoa dago, UPV/EHUren Aurrekontuetan gai honetarako zehaztu diren kredituen arabera. Nolanahi ere, kredituen hasierako zenbatekoa gehitu ahal izango da, baldin eta UPV/EHUren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontua sobera egon bada, eta deialdi honen ebazpena baino lehen egiten bada. Halakorik gertatzekotan, UPV/EHUren ebazpen baten bidez jakitera emango da.

3.- BEKA-KOPURUA, IRAUPENA ETA ZENBATEKOA.

3.1.- 2009-2010 ikasturteko Elkano programan gehienez ere 15 beka emango dira; hala ere, baliteke denak ez ematea, GAIAk azkenik baieztatzen dituen atzerriko enpresetako egonaldi kopuruaren arabera, ebazpen honen 3.3 oinarriari jarraiki beka bakoitzari esleituko zaion diru-kopuru jakinaren arabera eta programa antolatzetik erator litezkeen gastuen arabera.

3.2.- Mugikortasun beken iraupena hamabi hilabetekoa izango da gehienez eta bekari esker bekadunak atzerriko enpresa batean praktikak egin ahal izango ditu.

3.3.- UPV/EHUren Elkano programako mugikortasun beka bakoitza 6.000 eta 15.000 euro bitartekoa izango da. Beka bakoitzaren zenbatekoa irizpide hauen araberakoa izango da:

a) Oinarrizko diru-kopurua 6.000 eurokoa izango da, gehienez ere hamabi hilabeteko mugikortasun-aldirako.

b) Horrez gain, gehienez ere 9.000 euroko osagarria finkatuko da bekadunaren herrialdeko bizi-mailaren arabera, zonalde jakinetan bizitzeagatik sortutako gastuak ordaintzeko, joan-etorrietako gastuak ordaintzeko (urrun baldin badago), eta herrialde bakoitzeko baldintza ekonomikoetara ongi moldatzeko kontuan hartu beharreko bestelako gastuak ordaintzeko.

II.- ELKANO PROGRAMAREN EDUKIA.

4.- MUGIKORTASUN PROGRAMAREN ALDIAK.

Programak hiru aldi izango ditu:

1. ALDIA: PRESTAKUNTZA (2009ko urria-azaroa). Lehenengo aldian, ebazpen honen 6tik 10era bitarteko oinarrietan azaldutako prozesuari jarraiki, aurkeztuko direnen artean aurretiko hautaketa egingo da eta prestakuntza emango zaie horiei. Bertan 45 pertsonek parte hartu ahal izango dute gehienez; programaren bigarren eta hirugarren aldiei dagozkien plazak gehienez ere 15 izango dira eta horietako bakoitzean hiruk hartuko dute parte.

Aurretiko hautaketa egin ondoren lagun horiek nazioarteko enpresa-kulturaz, berrikuntzaz, erakundeen arteko nazioarteko lankidetzaz, eta mugikortasun beketan egin beharreko lanetarako beharrezko gaiez eskolak izango dituzte hilabete batez. Prestakuntza-ikastaroaren edukia GAIA elkarteko enpresek eurek egindako azterlanak oinarritzat hartuta prestatu da eta berrikuntza-arloan jarduten duten enpresek eskatzen dituzten ezaguerei erantzutea da asmoa; izan ere, unibertsitateko ikasleek edo tituludun berriek sarritan ezaguera horiek falta dituzte. Prestakuntza ikastaroak 6 ECTS (European Credit Transfer System) kreditu izango ditu.

Bigarren aldira igarotzeko behar-beharrezkoa izango da prestakuntza-ikastaroa gainditzea (bertaratzea nahitaezkoa izango da).

2. ALDIA: PRESTAKUNTZA PRAKTIKAK EAEko ENPRESETAN (2009ko azaroa-abendua). Bigarren aldian Ebazpen honen 11. oinarrian ezarritako hautaketa-prozesuaren arabera hautatuak izango diren pertsonek parte hartuko dute. Bertan, gehienez ere 15 pertsonak hartuko dute parte.

Hautatuak direnek Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean EAE) enpresetan prestakuntza praktikak egingo dituzte, hirutik sei astera artekoak. Praktika horien helburua da etorkizuneko esleipendun potentzialei diziplina anitzeko eta nazioarteko laneko giro batean sartzen laguntzea; eta bestetik, lanerako plana kanpoan nola ezartzen den erakustea.

Prestakuntza-praktika horien funtzioa da hautatuak EAEko enpresetako jardueretan prestatzea. Enpresa horiek Elkano programaren bekadunak hartzen dituzten atzerriko enpresekin aktiboki lan egiten dutenak izango dira. Egonaldi horiek prestakuntza izaera dute eta, beraz, harrerako enpresako pertsona baten tutoretzapean daude, beti ere, Elkano programa antolakuntzaren (UPV/EHU-GAIA) azken ikuskapenarekin kontatuz. EAEko enpresetan prestakuntza praktikak egiteak, gutxienez beste 4 ECTS (European Credit Transfer System) kreditu izango ditu.

3. ALDIA: PRAKTIKAK ATZERRIKO ENPRESETAN (2010ko urtarrila-abendua). Hirugarren aldia hamabi hilabetekoa izango da gehienez ere eta Elkano programako mugikortasun beken esleipendunak, ebazpen honen 12. eta 13. oinarrietan azaldutako prozesuari jarraiki hautatuak izan ondoren, egokituko zaien herrialdera joango dira, tutorepeko praktikak egitera. Bekadun bakoitzak prestakuntza plan berezia izango du, bere profil pertsonalaren araberakoa, eta atzerriko egonaldian egingo dituen lanak zerikusia edukiko dute EAEko enpresak bazkide moduan aktiboki parte hartzen duten nazioarteko lankidetzaren enpresa-proiektuen laguntzarekin.

Aldi hau bigarren aldia bukatu bezain laster hasten bada, honakoaren baitan aldatuko da egonaldia hasteko eguna: a) harrerako enpresa libre egotea, b) destinoko herrialdeko lan egutegia, eta c) Elkano programaren (UPV/EHU - GAIA) antolakuntzatik kanpoko arrazoiak; esate baterako egonaldia burutuko den herrialdeari dagozkion izapideak egitea.

Gainera, atzerrian egin beharreko lanen arabera, agian beharrezkoa litzateke joan aurretik EAEko enpresan prestakuntza osagarria ematea, atzerriko enpresak egiten duen lanaren gainekoa; hori, hirugarren fasearen hasieran.

Edozein modutan, atzerrira joateko azken eguna 2010eko martxoaren 1a izango da, seguru asko, eta Elkano beka jasoko duten guztiek hirugarren fasea 2010eko abenduaren 24an amaituko dute.

Ebazpen honen lehenengo eranskinarekin batera doa Elkano programak bete beharreko prestakuntza-plan orokorra.

5.- AURREHAUTATUEN, HAUTATUEN ETA ESLEIPENDUNEN EBALUAZIOA ETA TUTORIZAZIOA.

5.1.- Aurrehautatuen, hautatuen eta esleipendunen errendimendua eta jarrera ebaluatuko dira Elkano programan zehar.

5.2.- Bigarren aldian EAEn egingo den hilabeteko enpresa praktikaldian eta hirugarren aldiko atzerriko praktiketan, hautatuak edo esleipendunak tutorea izango du enpresan eta tutore horrek, Elkano programako antolatzaileekin (UPV/EHU - GAIA) koordinatuta, eginkizun hauek izango ditu: a) hautatuak edo esleipendunak enpresan dagoen bitartean egingo duen lana antolatu; b) hautatu edo esleipendunaren lanak ikuskatu; c) prestakuntza-plana bete, eta d) praktikaldian gerta litezkeen gorabeheren berri eman. Horrez gain, hautatu eta esleipendun guztiek bai UPV/EHUn bai GAIA elkartean, harremanetarako pertsonak izango dituzte, harrera enpresetan gerta litekeen edozein gorabehera konpontzeko.

5.3.- Halaber, EAEko hilabeteko enpresa praktikaldiko hautatuen tutoreek eta esleipendunen tutoreek txosten bat egingo dute praktikaldiaren bukaeran hautatu edo esleipendunaren errendimenduaz eta prestakuntza-planeko helburuen betetze-mailaz.

III.- BEKA-ONURADUNEN HAUTAKETA.

III. A- LEHENENGO ALDIAN PARTE HARTZEKO AURRETIKO HAUTAKETA.

6.- HAUTAGAIEN BETEBEHARRAK.

6.1.- Mugikortasun bekak emateari buruzko ebazpena argitaratzen den egunerako (aurreikuspenen arabera 2010ko urtarrilean argitaratuko da), hautagaiek honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) 2004-2005 ikasturtean edo ondoren, UPV/EHUko hiru campusetako edozein ikastegitan titulua lortu izana. Gipuzkoako Campuseko tituluduna ez bada, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi behar du, eta 6 hilabete baino gehiagoko antzinatasuna izan.

UPV/EHUko titulazioa izan behar du baina edozein espezialitate eta ezagutza-adarretakoa izan daiteke (baita graduondoko berezko tituluak ere). Hau da, diplomatura, ingeniaritza, lizentziatura, arkitektura eta graduondoko ikasketetako tituludunak izan daitezke baita doktore tituludunak ere.

b) Atzerriko hizkuntzaren bat behintzat jakitea; lehentasunezkoak dira ingelesa eta frantsesa.

c) Aurreko edizioetan Elkano bekarik jaso ez izana.

6.2.- Elkano programak desgaitasunak dituzten pertsonen laneko integrazioa bultzatzea ere du helburu. Horrenbestez, desgaitasunak dituzten pertsonak bereziki ekimen honetan parte hartzera bultzatzen dira. UPV/EHUk desgaitasunak dituzten pertsonentzako zerbitzua jarriko du beraien eskura. Zerbitzu hori programako antolatzaileekin (UPV/EHU - GAIA) elkarlanean arituko da, desgaitasunak dituzten pertsonek dituzten premiei erantzuteko asmoz.

7.- ESKABIDEEN AURKEZPENA.

7.1.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasiko da eskabideak aurkezteko epea; bukatu, berriz, 2009ko irailaren 15ean bukatuko da.

7.2.- Eskabideak, honako ebazpen honen 8. oinarrian aipatzen den batzordeburuari zuzenduta, Araba, Gipuzkoa edo Bizkaiko campusetako edozein erregistro orokorretan, edo UPV/EHUren 2007ko maiatzaren 28ko Ebazpenean (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 149 zk., 2007 abuztuaren 3koa) aipatzen den edozein bulegotan aurkez daitezke; bai eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutakoaren arabera ere.

7.3.- Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) NANaren edo pasaportearen kopia.

b) Karnet tamainako bi argazki, duela gutxikoak eta atzealdean izena jarrita.

c) Bizkaiko edo Arabako Campuseko UPV/EHUko tituludunen kasuan, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi direla egiaztatzen duten agiriak.

d) Curriculum vitae-a.

e) Egindako ikastaroen eta laneko esperientziaren egiaztagirien fotokopia konpultsatua. Eskabidea aurkezterakoan agiri bidez frogatzen ez diren ikastaroak edo esperientzia ez dira kontuan hartuko.

f) Merezimenduak neurtzeko bestelako agiri garrantzitsuak.

7.4.- Eskabidea egiteko eredua Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzan eta http://www.sc.ehu.es/elkano web gunean eskura daiteke. Beste alde batetik, Curriculum Vitae-a eta hizkuntza-gaitasunen egiaztagiria Europass-en ereduari jarraiki egin beharko dira. Aurreko eredu hori Internet helbide honetan eskuragarri dago: http://europass.cedefop.europa.eu.

7.5.- Unibertsitateko titulazioa honako agiri hauetako baten fotokopia konpultsatu edo jatorrizko agiriaren bidez egiaztatu beharko da: a) titulua; b) titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria; edo c) 2009ko irailean aktak izapidetu zain dauden eskatzaileen kasuan bakarrik, matrikulatuta dauden UPV/EHUko Ikastegiaren ziurtagiria, azalduz, dagokion titulua lortzeko eskatzen diren kreditu akademiko guztiak gainditu dituztela.

7.6.- Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta ondorengo astean argitaratuko da jaso diren eskabideen zerrenda, eta hala badagokio, zerrenda horretan jakitera emango dira agiri guztiak erantsi ez dituzten eskabideak eta zein agiri falta zaizkien ere zehatz-mehatz azalduko, 10 egun baliodunen epean akatsak zuzen ditzaten eta behar diren agiriak aurkez ditzaten. Halaber, adieraziko da aipatutako epea amaituta agiriok aurkeztu ezean, interesatuak eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera. Eskabideak deialditik kanpo geratuko dira: a) eskabideak epez kanpo aurkezten badira; eta b) ebazpen honetan adierazitako baldintzak betetzen ez badira.

7.7.- Hamar egun balioduneko epe hori amaitu eta hurrengo astean, hautagaiak aurretik hautatzeko prozesuan parte hartuko duten pertsonen zerrenda argitara emango da eta lagun horiek Elkano programaren lehenengo aldian parte hartuko dute gero.

8.- HAUTAKETA-BATZORDEA.

8.1.- Ondoko hauek osatuko dute Hautaketa Batzordea:

Batzordeburua:

UPV/EHUko Gipuzkoak campuseko errektoreordea

Batzordekideak:

GAIA elkarteko zuzendari nagusia

GAIA elkarteko Nazioarteko Proiektuen zuzendaria

UPV/EHUko Gipuzkoako Campusaren Kanpo Harremanen zuzendaria (idazkari lanak egingo dituena)

8.2.- Hautaketa Batzordea subiranoa izango da bere erabakiak hartzerakoan, eta erabakiok bozketa eginez onartuko dira. Oinarri honetan arautzen ez den guztirako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan xedatutakoa aplikatuko da.

9.- BALORAZIO-IRIZPIDEAK.

9.1.- Hautaketa Batzordeak honako balorazio-irizpide hauek kontuan hartuko ditu:

a) Espediente akademikoa: %40

b) Hizkuntzak jakitea (ingelesa eta beste batzuk): %25

c) Beken inguruko merezimendu bereziak: %20

d) Bestelako merezimenduak: %15

9.2.- Espediente akademikoa baloratzeko, irakasgai guztietan lortutako kalifikazioak batuko dira eta batura hori erabilitako deialdi-kopuruaz zatituko da. Hau da kalifikazio bakoitzari eman behar zaion puntuazioa:

Ohorezko matrikula: 10 puntu

Bikain : 9 puntu

Oso ongi : 8 puntu

Gainditua, baliozkotua, gai: 5,5 puntu

Ez gainditua, ez aurkeztua edo deialdi metaketa : 2,5 puntu

9.3.- Beka hauen ondorioetarako, kalifikazio kualitatiboez gainera, kalifikazio kuantitatiboak agertuko balira, kalifikazio kualitatiboak hartu eta lehen aipatu dugun puntuazioa aplikatuko litzateke.

10.- ELKANO PROGRAMAREN LEHENENGO ALDIAN PARTE HARTUKO DUTEN AURREHAUTATUEN ZERRENDA.

10.1.- Hautaketa Batzordeak eskabideak aztertuko ditu eta onartutako eskabideak argitaratu eta astebeteko epean gehienez ere, ebazpen honen 7.7 oinarriaren arabera, Elkano programaren lehenengo aldira pasatuko diren aurrehautatuen zerrendak egingo ditu. Aurrehautatuak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira. Hautaketa Batzordeak mugikortasun beka bakoitzeko hiru pertsona proposatuko ditu, hain zuzen.

10.2.- Interesatuek 3 egun baliodun izango dituzte, Hautaketa Batzordearen proposamenaren aurka egokitzat jotzen duten edozein erreklamazio jartzeko eta batzordeburuak beroriek ebatziko ditu, batzordekideekin kontsultatu eta gero.

10.3.- Erreklamazioak jartzeko epea bukatu eta 2 egun baliodunera, Hautaketa Batzordeko buruak Elkano programaren lehenengo aldian parte hartuko duten aurrehautatuen behin betiko zerrenda argitara emango du.

10.4.- Hautagaiak aurretik hautatzeko prozesua bukatu eta gero, Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak Elkano programako prestakuntza eta hautaketaren lehenengo aldira igarotzen diren aurrehautatuen ebazpena argitara emango du ebazpen honen 22. oinarrian adierazitako lekuetan. Ebazpen horretan aurrehautatuen zerrenda azalduko da eta aurrehautatuek egin beharreko lanetarako beharrezko azalpen guztiak emango dira.

10.5.- Aurrehautatuek zerrenda argitara eman eta 5 egun balioduneko epean Hautaketa Batzordeko buruari idatziz jakinarazi beharko diote Elkano programako prestakuntzaren lehenengo aldian parte hartzeko prest daudela.

III. B.- BIGARREN ALDIRA PASAKO DIREN HAUTATUAK HAUTATZEKO PROZESUA.

11.- BIGARREN ALDIRAKO HAUTATUEN HAUTAKETARAKO PROZEDURA.

11.1.- Prestakuntzako lehen aldia bukatu eta gero, ebazpen honen 8. oinarrian adierazitako Hautaketa Batzordea Elkano programaren bigarren aldira pasako direnak hautatzeaz arduratuko da. Horretarako kontuan izango ditu ebazpen honen 9. oinarrian azaldutako balorazio irizpideak, bai eta lehenengo aldia bukatu eta gero, segituan, egingo diren elkarrizketa pertsonalen emaitzak ere. Elkarrizketa pertsonalen helburua da atzerrian eskuragarri dauden egonaldietako bakoitzak eskatzen duen profil profesionalarekiko aurrehautatuek duten egokitasuna aztertzea. Elkarrizketa pertsonala ingelesez egingo da (neurri batean edo erabat), baina, egonaldian egin beharreko lanak eskatzen duten hizkuntzan ere egin ahalko da.

Ebaluazio-irizpideak honako neurri hauen arabera aplikatuko dira:

a) 9.1 oinarrian zehaztutako aurreko irizpideak: %60

b) Lehenengo aldia bukatzean egingo den elkarrizketa pertsonala: % 40 (elkarrizketan ezinbestekoa izango da ingelesa menperatzea).

11.2.- Hautaketa batzordeak Elkano programaren bigarren aldian, EAEko enpresetan egin beharreko praktikaldian esleitu beharreko beken arabera gehienez ere hamabost hautatu izango dituen zerrenda prestatuko du. Puntuazio handienetik txikienera ordenatuko du. Puntuazio gehien lortu dutenak bigarren aldira pasako dira.

Zerrenda horretan azalduko da, hautatuak EAEko zein enpresetan egingo dituen praktikak, bai eta, atzerrian bere herrialdea izan daitekeena ere. Hautatuen profil akademiko eta/edo profesionala eta profil horiek enpresen interesekiko duten egokitasuna izango dira irizpide bigarren aldiko praktikak EAEko enpresetan egingo dituzten hautatuak esleitzeko, eta, azkenik esleipendun gertatuz gero, hautatuok joango diren atzerriko enpresarekiko lotura behin-behinekoz ezartzeko.

III. C- ESLEIPENDUNAK HAUTATZEKO PROZESUA (HIRUGARREN ALDIA).

12.- MUGIKORTASUN BEKEN ESLEIPENDUNAK HAUTATZEKO PROZEDURA.

12.1.- Elkano programaren bigarren aldia bukatu eta gero, Hautaketa Batzordeak hirugarren aldira pasako diren Elkano mugikortasun beken esleipendunak hautatuko ditu. Prozedura honetan ebazpen honen 11.2 oinarrian aipatutako bigarren aldian hautatuak izan direnen zerrenda berretsiko da, bigarren aldian esleitutako EAEko enpresaren tutoreak egindako ezezko txostenen bat jasotzen ez badu hautatukoren batek. Bigarren aldian parte hartu duen hautaturen bat azkenik esleipenduna ez den kasuan, esleipendun ezberdinen artean atzerriko herrialdeak berriro esleitu daitezke, beti ere, interesatuak eta harrerako enpresa ados badaude.

12.2.- Berriro ere, Hautaketa Batzordeak atzerriko enpresetan praktikaldira pasako diren Elkano mugikortasun beken esleipendunen zerrenda egingo du. Puntuazio handienetik txikienera ordenatuko du eta Elkano programaren hirugarren fasera pasako dira.

12.3.- Interesatuek 3 egun baliodun izango dituzte mugikortasun beken esleipendunen proposamenaren aurka egokitzat jotzen duten edozein erreklamazio jartzeko eta Hautaketa Batzordeburuak ebatziko ditu beroriek, batzordekideekin kontsultatu eta gero.

13.- EBAZPENA.

13.1.- Aurreko oinarrian adierazitako prozesua bukatu eta gero, Gipuzkoako errektoreordeak Elkano mugikortasun bekak emateko ebazpena argitara emango du Ebazpen honen 22. oinarrian adierazitako lekuetan. Ebazpen horretan bekadunen zerrenda, herrialdea, bekaren zenbatekoa, ordainketa modua eta epeak, frogatzeko modua, beken emakidarako xedapena eta bekadunek egin beharreko lanetarako beharrezko azalpen guztiak zehaztuko dira.

13.2.- Ebazpena Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzaren iragarki-oholean eta ebazpen honen 22. oinarrian adierazitako web gunean argitaratzen denetik hasita indarrean sartuko da eta betearaztekoa izango da. Horri kalterik egin gabe, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitara emango da, jende guztia emandako laguntzen jakinaren gainean egon dadin.

13.3.- Gainera, ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie esleipendunei.

13.4.- Bekak emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat aldatuz gero, bekak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta ebazpen honetan beka onuraduna izateko zehaztu diren nahitaezko baldintzak betetzen badira.

IV.- MUGIKORTASUN BEKEKIN LOTURIKO BESTE GAI BATZUK.

14.- BEKADUNEN BETEKIZUNAK.

Honako hauek dira bekadunen betekizunak:

a) Esleipenaren jakinarazpena jaso eta 5 egun balioduneko epean, beka onartzea, ebazpen honen II. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

b) Beka jasotzeko orduan bateraezintasunik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena sinatzea, Ebazpen honen III. Eranskinean jarritakoaren arabera.

c) Ezarritako epean eta mugikortasun bekaren izaeraren arabera, agintzen zaizkion prestakuntza zereginak burutzea.

d) Bekaren zenbatekoa eman den xede zehatzerako erabiltzea.

e) Elkano programaren antolatzaileek (UPV/EHU-Gaia), Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen xedearen fiskalizazio funtzioak gauzatzean eskatzen dioten beste informazio ematea.

f) Elkano programaren antolatzaileei (UPV/EHU-Gaia) edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektiboren aldaketaren berri ematea, zirkunstantzia hori beka emateko orduan kontuan hartu bada edo bekaren garapen arruntari eragiten badio.

g) Elkano programaren antolatzaileei xede berbererako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetako diru laguntzak edo laguntzak, diru sarrerak edo baliabideak eskuratu diren jakinaraztea.

h) Elkano programaren antolatzaileek (UPV/EHU-Gaia) jakinarazten dizkioten jarraibideak betetzea, bereziki beka jasotzen den bitartean sor daitekeen jabetza intelektual edo industrialari eta konfidentzialtasun eginbeharrari dagokionean.

i) Destinoko enpresan errespetatu beharreko konfidentzialtasun betebeharraren inguruan eska dakizkiokeen beste agiri sinatzea, eta nolanahi ere, praktiketan garatutako jarduerari buruz jakin ditzakeen beste informazio batzuk sekretuan gordetzea.

j) Beka jasotzen den bitartean egiten diren txostenak Elkano programaren antolatzaileek (UPV/EHU-GAIA) argitara ditzaketela onartzea.

k) Haren tutorizazioaren eta prestakuntzaren ardura duten pertsonek jakinarazten dizkioten jarraibideak betetzea.

l) Agindutako lanak ezarritako epeetan aurkeztea, eta bereziki, beka amaitutakoan praktikaldian egindako jardueraren azalpen memoria ematea, garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein alde zehaztuta.

m) Bidezkoa den kasuetan, behar ez bezala jasotako diru kopuruak itzultzea.

15.- BEKAREN ORDAINKETA.

Bekadunei zuzenean ordainduko zaie bekaren zenbatekoa, zenbait ordainketetan:

a) Bekaren lehenengo zatia zenbateko osoaren % 30ekoa izango da, eta bekadunak bekaren onarpena sinatu eta helarazi ondoren, eta dagokion herrialdera joan aurretik ordainduko zaio.

b) Bekaren zenbateko osoaren % 60 kopuru berdineko hilabeteetan zatituko da, eta praktiketako hilabete bakoitzeko lehen astean sartuko da diru hori.

c) Bekaren azken zatia % 10ekoa izango da. Zati hori atzerrian kokaturiko enpresan Elkano praktikak amaitu eta gero egingo da. Aurrez, onuradunak Elkano programaren antolakuntzari (UPV/EHU-GAIA) dagokion txostena eman beharko dio.

Beken ordainketa Espainian helbideraturiko kontu batean egingo da beti.

16.- BEKAREN ZENBATEKOAREN XEDEA.

Bekadunak beka gisa jasoko duen zenbatekoa bekatik ondorioztatutako gastuak ordaintzeko erabili beharko du. Beka betez sortzen diren gastu guztiak (hegazkineko txartelak, bisak, bizileku baimenak, ostatua, mantenua, dietak eta bestelako erantzukizunak barne, besteak beste) bekadunaren kontura izango dira.

17.- ASEGURUAK.

Elkano programaren bigarren aldian EAEko enpresetan daudenean, hautatuek harrerako enpresaren konturako asegurua izango dute.

Bestalde, hirugarren aldiko egonaldiaren aseguruak barruan hartuko ditu honakoak: gaixotasunak, istripuak, ezintasunak, bidaiako asistentzia eta herriratzea. Antolakuntzaren (UPV/EHU - GAIA) ardura izango da kontratatu den asegurua egokia izatea, eta aseguru hori kontratatu eta ordaintzea bere gain hartuko du.

18.- BATERAEZINTASUNAK.

Beka jasotzea ordaindutako edozein lan egitearekin zein beste beka bat jasotzearekin bateraezina dela ulertuko da.

19.- ESTATUTU EDO KONTRATU LOTURARIK EZA.

Elkano mugikortasun beka jasotzeak ez dakar kontratu edo estatutu harremanik onuradunaren eta UPV/EHU, GAIA edota destinoko enpresaren artean.

20.- KONTROLA ETA JARRAIPENA.

Bekadunek egin beharreko lanen kontrola eta jarraipena Elkano programaren antolatzaileei (UPV/EHU - GAIA) dagokie. Antolatzaileek beken garapenaren inguruan egokitzat jotzen dituzten beste egiaztapen egin ahal izango dituzte.

21.- BEKADUNA IZATEARI UZTEA.

21.1.- Bekaduna izateari utziko zaio bekaldia amaitzen denean edo hurrengo arrazoietako batengatik:

a) Beren-beregi edo adierazi gabe uko egiteagatik.

b) Elkano programaren antolatzaileek (UPV/EHU-Gaia) erabakita, bekadunak betebeharrak ez betetzeagatik edo beka emateko garaian kontuan hartu ziren baldintzak aldatzeagatik.

c) Bat-batean etorritako bateraezintasunen batengatik.

21.2.- Bekaldia amaitzen denean izan ezik, bekaduna izateari uzteak bekagatik kobratutako eskubide ekonomikoak itzultzea ekarriko du berekin. Itzuli beharreko zenbatekoa garatu gabe geratu den beka jasotzeko denboraldia kontuan hartuta kalkulatuko da.

21.3.- Diru laguntza emateko aintzat hartu ziren baldintzak ez direla betetzen egiaztatuz gero, UPV/EHUri itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak gehi bidezko legezko interesak.

V.- AZKEN XEDAPENAK.

22.- PUBLIZITATEA.

22.1.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, ebazpenaren 13.2 oinarrian ezarritakoaren kalterik gabe.

22.2.- Deialdi honi dagozkion gainerako ebazpenak eta egintzak UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzaren iragarki- oholean eta http://www.sc.ehu.es/elkano web gunean argitaratuko dira. Programari buruz interesgarria den edozein informazio ere ikusgai egongo da euskarri horietan, besteak beste, mugikortasun beken balizko destinoei buruzkoa.

23.- DATAK.

Ebazpen honetan ezarritako datak, eskabideak aurkezteko azken eguna izan ezik, gutxi gorabeherakoak dira, eta Elkano programaren antolatzaileak (UPV/EHU eta Gaia) zehazten joango dira aurreko oinarrian adierazitako web gunean.

24.- GENEROAREN ERABILERA.

Ebazpen honetako gaztelaniazko bertsioan maskulinoz agertzen diren izenak emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat direla ulertu behar da, titularraren sexua zein den kontuan hartuta.

25.- ARAUBIDE JURIDIKOA.

Honako hauek eraenduko dute Elkano mugikortasun programa: (1) ebazpen honen oinarriek; (2) azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, batez ere «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Laguntza eta Diru-laguntzen Errejimena» izeneko VI. idazpuruak; eta (3) abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duenak.

26.- BEREN-BEREGIKO EBAZPEN EZA.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta handik sei hilabetera dagokion tauletan esleipen ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek haien eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko Legearen 44.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

27.- ERREKURTSOAK.

27.1.- Administrazio bidea amaitzen duten ebazpen honen eta mugikortasun beken behin betiko esleipenari buruzko ebazpenaren (ebazpen honen 13.1 oinarrian adierazitakoa) kontra, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.

Hautazko berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko epea, ebazpen honen kasuan, hilabetekoa izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik, eta mugikortasun beken behin betiko esleipen-ebazpenaren kasuan, ebazpen honen 22. oinarrian adierazten diren lekuetan argitaratzen direnetik.

Hori guztia bat dator Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoarekin. Errekurtso hori beren-beregi erabakitzen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

27.2.- Aurrekoa gorabehera, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Donostiako Epaitegietan. Horretarako, ebazpen honen kasuan bi hilabeteko epea egongo da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik, eta mugikortasun beken behin betiko esleipen-ebazpenaren kasuan (ebazpen honen 13.1 oinarrian adierazten dena), berriz, ebazpen honen 22. oinarrian adierazten diren lekuetan argitaratzen denetik. Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu bada, ezin izango da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu, lehenengoa beren-beregi edo presuntzioz ebatzi arte.

Donostia-San Sebastián, 2009ko uztailaren 9a.

UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA

ELKANO PROGRAMAREN MUGIKORTASUN BEKEN PRESTAKUNTZA PLAN OROKORRA

Prestakuntza xedeak:

Elkano programan garatzen diren prestakuntza aldeak hiru bloke handitan sailka daitezke:

Bloke pedagogikoa: Elkano programa beren ikasketetan beren jarduera profesionalerako eskatutako laneko gaitasunak eskuratu dituzten unibertsitarioei zuzenduta dago. Hori dela eta, ematen den prestakuntza zeharkako gaitasunak edo gaitasun orokorrak eskuratu eta burutzera zuzentzen da, batez ere nazioarteko diziplina anitzeko taldeetako moldagarritasunari eta laneko gaitasunari begira, EAEko enpresen beharrizan berrietara moldatu ahal izateko.

Bloke kulturala: beste kultura batzuetan prestatzeko, gureak ez bezalako ohiturak eta lan egiteko moduak dituzten herrialdeetara bidaiatuko da. GAIAk eta EAEko enpresa parte hartzaileek mota honetako ekimenak burutzeko behar bezalako esperientzia daukate harrera lekuetako enpresekin elkarlanean. Onuradunei destinoko herrialdeetan aurkituko dituzten ingurune motei buruzko prestakuntza emango zaie, aurrez aurre agertuko zaien lehenengo talka kulturala errazteko.

Bloke linguistikoa: Nazioarteko lantaldeetan garatutako zereginek hizkuntza gaitasunak hobetzen laguntzen dute, bizilekuko hizkuntza gaztelania den ala ez alde batera utzita. Hori gertatzen da enpresa askotan ingelesa nagusi delako. Hala ere, atzerriko bigarren hizkuntza batekin harremanetan egoteak onuraduna gero eta maizago EAEko enpresak barne hartzen dituzten nazioarteko inguruneetara moldatzea erraztuko du.

Prestakuntza jarduerak:

Lehenengo aldiko aurrehautatuek prestakuntza-ikastaroa egingo dute, eta bigarren aldiko hautatuek, berriz, praktikaldi bat egingo dute EAEko enpresa batean. Goian zehazturiko prestakuntza aldeak parte-hartzaileek artean garatu beharreko zeharkako beharrizan eta gaitasunak oinarri hartuta garatu dira, eta maila teorikoan garatuko dira lehenengo aldiko prestakuntza ikastaroan.

Elkano programan bigarren eta hirugarren aldietako enpresa-egonaldiak harrerako enpresek tutorizatuko dituzte, eta Elkano programaren antolatzaileek (UPV/EHU - GAIA) zuzenean ikuskatuko dituzte.

Prestakuntza plan orokor honen baitan, hirugarren aldian atzerriko enpresetan praktikak egin beharko dituen bekadun bakoitzarentzat prestakuntza plan berezia gauzatuko da. Hona hemen prestakuntza plan bereziaren xedeak: bekadunei beren ikasketetan eskuratutako gaitasunak finkatzeko aukera ematea, Elkano programaren lehenengo eta bigarren aldian eskuratutako ezagupenak aplikatzea, eta nazioarteko lan ingurune batean esperientzia eskuratzea. Beharbada, eta harrerako herrialde eta enpresaren arabera, ikastaroak antolatu ahal izango dira harrerako elkarteek ondo ezagutzen dituzten arlo teknologikoetan.

Trebetasun eta gaitasunen garapena:

Elkano programaren mugikortasun beken onuradunek, egonaldiaren ondoren, esperientzia eskuratuko dute nazioarteko lan ingurune batean, eta zalantzarik gabe, esperientzia horrek haien gaitasun profesionalak edo espezifikoak hobetuko ditu. Aldi berean, praktika eta laneko esperientziaren bidez eskuratu ohi diren zeharkako gaitasunak garatuko dituzte. Aipatutako gaitasunak destino bakoitzeko izaerari eta esleituriko zereginei lotuta badaude ere, honela defini daitezke oro har:

1.- Bizitzarako gaitasunak (kultur aniztasuna, taldeko lana, komunikazioa, etab.).

2.- Nazioartek proiektuak kudeatzeko gaitasunak.

II. ERANSKINA

ELKANO PROGRAMAREN MUGIKORTASUN BEKAREN BANAKO ONARPENA

jaunak/andreak,

NAN zenbakia duenak,

HONAKOA ADIERAZTEN DU:

Elkano programaren 2009-2010 ikasturterako mugikortasun beka bat esleitu zaiola, 2009ko xxx aren ....(e)ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, ......zk., argitaratutako UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordearen 2009ko xxx aren .....(e)ko Ebazpenaren bidez deitu dena, eta deialdiaren oinarriak ezagutu eta onartzen dituela. Hori dela eta, konpromiso hauek hartu ditu:

1.- Ezarritako epean, eta mugikortasun bekaren izaeraren arabera, agintzen zaizkion prestakuntza zereginak burutzea.

2.- Bekaren zenbatekoa eman den xede zehatzerako erabiltzea.

3.- Elkano programaren antolatzaileek (UPV/EHU-GAIA), Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru laguntzen xedearen fiskalizazio funtzioak gauzatzeko eskatzen dioten beste informazio ematea.

4.- Elkano programaren antolatzaileei (UPV/EHU-GAIA) edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektiboren aldaketaren berri ematea, zirkunstantzia hori beka emateko orduan kontuan hartu bada edo bekaren garapen arruntari eragiten badio.

5.- Elkano programaren antolatzaileei xede bererako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetako diru laguntzak edo laguntzak, diru sarrerak edo baliabideak eskuratu dituen jakinaraztea.

6.- Elkano programaren antolatzaileek (UPV/EHU-GAIA) jakinarazten dizkioten jarraibideak betetzea, bereziki beka jasotzen den bitartean sor daitekeen jabetza intelektual eta industrialari eta konfidentzialtasun eginbeharrari dagokienez.

7.- Destinoko enpresan errespetatu beharreko konfidentzialtasun betebeharraren inguruan eska dakizkiokeen beste agiri sinatzea, eta nolanahi ere, praktiketan garatutako jarduerari buruz jakin ditzakeen informazio guztiak sekretuan gordetzea.

8.- Beka jasotzen duen bitartean egiten dituen txostenak Elkano programaren antolatzaileek (UPV/EHU-GAIA) argitara ditzaketela onartzea.

9.- Haren tutorizazioaren eta prestakuntzaren ardura duten pertsonek jakinarazten dizkioten jarraibideak betetzea.

10.- Agindutako lanak ezarritako epean aurkeztea, eta bereziki beka amaitutakoan praktikaldian egindako jardueraren azalpen memoria ematea, garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein alde zehaztuta.

11.- Bidezkoa den kasuetan, behar ez bezala jasotako zenbatekoak itzultzea.

Lekua eta eguna,

Bekadna

III. ERANSKINA

jaunak/andreak,

NAN zenbakia duenak 2009ko xxx aren ......(e)ko UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordearen Ebazpenaren bidez (2009ko xxxx aren...... (e)ko Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian,...zk. argitaratua) deituriko Elkano 2009-2010 mugikortasun programako bekadun den aldetik

HONAKOA ZIN EGIN EDO AGINTZEN DU, beren-beregi:

- ez duela inolako ordaindutako lanik egiten;

- ez duela beste inolako bekarik jasotzen;

- ez duela zehapenik jaso diziplina akademikoko hutsegiteengatik;

- ez duela galdu beste beka batzuk jasotzeko eskubidea;

- esleipena egiteko ebazpenean ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela.

Eta horrela ager dadin, adierazpen hau sinatu du.............(e)n,...................(e)(a)n (lekua eta eguna),

Bekaduna.


Azterketa dokumentala