Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2009ko abuztuaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
4405

AGINDUA, 2009ko uztailaren 15ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien errepideko garraio arloko elkarte profesional eta enpresarialentzako laguntzak emateko deia egiten duena.

Euskadiko garraio-politikaren helburuetako bat garraio arloko elkartegintza sustatzea izanik, behar-beharrezkoa da elkarte profesional eta enpresarialen jarduerak eta ekimenak bultzatzea, batez ere, elkarteak osatzen dituzten bazkideen interes profesional eta ekonomikoak erkidegoan, erkidegoz gaindi eta Europan ordezkatu, babestu eta koordinatzeko direnak, eta garraiolarien lana garatu eta baldintza hobeagoetan egin ahal izateko bideratzen direnak.

Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistemaren euskarrietako bat, hain zuzen ere, elkarte profesional eta enpresarialak ditugu, garraioen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoen eta garraio arloko ekonomiako eta gizarteko agenteen arteko harreman eraginkorrerako funtsezko direla erakutsi baitute. Elkarte horiek betetzen duten paperaren garrantzia oso nabarmena da, batez ere garraio arloak Euskadin duen egituraketa eskasa kontuan izaten badugu; gogoan izan behar baita gurean enpresa txiki larregi dagoela.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren bidez, errepideko garraioaren arloan elkartegintza bultzatzeko neurriak hartzen jarraitu nahi du, eta horretarako, ezinbestean, ezarritako helburuekin bat etorriko diren laguntzak emateko sistema arautu beharra dago.

Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan errepideko garraioaren arloan elkarte profesional eta enpresarialentzat laguntza ekonomikoak emateko era bat ezartzea da, elkarte horiek, garraio arloak dituen zenbait gabezia neurri batean konpontzeko beharrezko diren ekimenak abiarazi ditzaketela uste baita. Deialdi honetan berariaz jasotzen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari buruzko hainbat aipamen, politika eta ekintza publiko guztietan genero-ikuspegia sartu beharra dagoela, eta sexuaren araberako rolak eta estereotipoak baztertzea zeinen garrantzitsua den azpimarratzeko.

Ondorioz, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 4.1. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea eta onuradunak.

1.- Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren eta jarduera osagarrien arloko elkarte profesional eta enpresarialei, horien federazio eta konfederazioei, eta kooperatiben federazio eta konfederazioei 2009an laguntzak emateko deia egitea.

2.- Agindu honetan jasotako ondorioetarako, garraioko enpresa edo-eta profesionalek osatzen dituzten eta helburu gisa garraio arloaren interesak ordezkatu eta defendatzea duten elkarteak hartuko dira errepideko garraio arloko elkarte profesional eta enpresarialtzat.

3.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko berrehun mila (200.000,00) euroko diru-kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetik hartuta.

Baliteke, eskatutako laguntzen zenbatekoaren arabera, diru-kopuru hori aurrerago handitzea; baina egitekotan diru-laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik egin beharko da, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren beste programa batzuk gauzatzearen ondorioz, kreditu lotetsietan dirua erabiltzeko moduan izatea edo aurrekontuetan aldaketak onartzea. Halakorik izanez gero, Garraioetako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da horren berri.

2. artikulua.- Eskakizunak.

1.- Agindu honetan araututako laguntzak eskatzeko, aurreko artikuluan adierazitako elkarteek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) 2007ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik legez eratuta egotea.

b) Elkartearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) Errepideko garraioaren arloko interes sozio-ekonomikoen defentsa eta ordezkaritzarekin lotuta egotea elkartearen helburua.

d) Irabazteko xederik ez izatea.

e) Jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea eta Erkidegoko hiru lurralde historikoetan egotea, 2007ko urtarrilaren 1aren aurretik hasita.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kentzen dion zigor-bideko edo administrazio-bideko zehapenik ez izatea, eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ez izatea.

h) Erantzukizunpeko adierazpena, Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betetzen dela adierazten duena, batez ere,euskal herri-aginteek emandako laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde pribatuei buruz 2.3 artikuluan ezarritakoari dagokionean, eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalik ez izateari dagokionean.

2.- Aurreko paragrafoan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko batasun, federazio edo bestelako erakundeetan sarturik dauden elkarteek ere eska ditzakete laguntza hauek, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko ordezkaritzak eragindako gastuak ordaintzeko.

3. artikulua.- Laguntzekoak diren gastuak eta gehieneko kopuruak.

1.- 2009 urtean lagundu ahal izango diren gastuak eta laguntzen gehieneko mugak ondoko hauek dira:

a) Garraio-lanean jarduteko baldintzak, eta garraio arloko baldintza sozio-ekonomikoak sustatu eta hobetzeko diren azterlan edo jarduera esperimentalak egiteko direnak.

Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.

b) Garraioei buruzko azoka eta erakustaldietan, erkidego, estatu nahiz atzerrikoetan parte hartu eta horrelakoak antolatzeko direnak.

Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.

c) Elkartearen jarduerak eta garraioarekin zerikusia duten albisteak sustatu eta hedatzeko elementuetarako direnak.

Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.

d) Honako gastu orokor hauek:

- Langile-gastuak, kaleratze eta erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainak izan ezik

- Garraio publikoan egindako bidaia-gastuak

- Errentamenduak eta kanonak

- Entitate eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak

- Aseguruak

- Komunikazioak

- Bulegoko materiala, fotokopiak eta inprenta

- Hornikuntzak

- Beste entitate batzuetako kide izateagatiko kuotak

Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.

2.- Pertsona bakar batek ezin izango du sekula 100.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso.

4. artikulua.- Eskaeren balorazioa.

Agindu honetan araututako laguntzak banaketa proportzionalaren sistemari jarraituz banatuko dira; hau da, 6. artikuluan adierazten diren irizpideen arabera egindako balorazioaren proportzioan banatuko da dirua, betiere gehienez ere zenbat eman daitekeen edo, eskatutakoa gutxiago bada, zenbat eskatu den kontuan hartuta.

5. artikulua.- Balorazio-batzordea.

Eskabideak aztertzeko balorazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko hiru teknikarik osatuko dute, eta Garraio zuzendariak izendatu beharko ditu. Batzordearen lana izango da, batetik, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, Agindu honen 6. artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta Garraio zuzendariari aurkezteko ebazpen-proposamena prestatzea. Proposamen horretan, laguntzarik eman behar bada, onuradun bakoitzari zenbat dagokion adierazi beharko da, eta emandako diru-laguntzak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko Agindu honetan aurreikusitako beste edozein baldintza ere jaso ahal izango da. Balorazio-batzordea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera osatuko da.

6. artikulua.- Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak.

1.- Laguntzaren zenbatekoa zehazteko -betiere hirugarren artikuluan ezarritako mugaren barruan- irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Elkarte eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere puntuazio osoaren % 25).

b) Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoan eta arlo jakin horretan zenbateraino errotu den; horretarako kontuan hartuko dira, besteak beste, bazkide kopurua -batez ere emakumeak zenbat diren- eta guztien artean dituzten ibilgailuak, kide diren enpresen kopurua, dauzkaten lokalen kopurua, edo lanean zenbat jende duten, etab. (gehienez ere puntuazio osoaren % 25).

c) Elkarteak bultzatu edo-eta garatzen dituen ekintzen garrantzia; besteak beste, ikastaro, azterlan, jardunaldi, azoka, lehiaketa, argitalpen eta sustapen-ekintzen kopurua eta horien garrantzia izango dira kontuan. Era berean kontuan izango dira garraio sektorerako berdintasun-plan edo programak, bai eta emakumeen eta gizonen arteko aukera- eta tratu-berdintasuna sustatu eta bermatzeko neurriak (gehienez ere, puntuazio osoaren % 25).

d) Elkartekideei eskaintzen zaizkien zerbitzuak (puntuazio osoaren % 15).

e) Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Euskadin garraio arloa modernizatu eta hobetzeko bultzatu dituen jarduera eta ekimenetan elkarte eskatzaileak zenbateraino jardun duen Sailarekin elkarlanean; horretarako kontuan izango dira, besteak beste, bileretara, jardunaldietara, foroetara joan izana eta parte hartu izana, azterlanak, etab. (gehienez ere puntuazio osoaren % 10).

2.- Edonola ere, eta laguntza kalkulatzeari dagokionez, ez dira kontuan hartuko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren ustez elkartearen funtzionamendu edo ordezkaritzarako beharrezko ez diren gastuak.

7. artikulua.- Eskabideak eta agiriak.

1.- Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak jasotzeko eskabideak, Agindua indarrean jarri eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Garraio Zuzendaritzan. Eskabide-orriaren eredua I. eranskinean dator.

2.- Eskabidea aurkezteko helbidea:

Eusko Jaurlaritza

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila

Garraio Zuzendaritza

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Nahi izanez gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako eran ere aurkeztu ahal izango da.

3.- Eskabidea, elkarte eskatzailearen legezko ordezkariak sinaturik, ondoko agiri hauekin batera aurkeztu beharko da (jatorrizko agiriak nahiz kopiak aurkeztu ahal izango dira, baina kopiak izanez gero, organo aginpidedunak egiaztatu beharko ditu lehenbizi):

a) Elkarteak ekonomia-ekitaldian burutu dituen edo burutu nahi dituen jarduera eta ekimenei buruzko memoria zehatza, hirugarren puntuan aurreikusitakoari jarraituz lagundu daitezkeen gastuak azalduko dituena. Memoria horretan, ondoko zertzelada hauek guztiak jasoko dira: jarduerak burutzeko datak, giza baliabideak (langileak) eta baliabide materialak (lokalak, bulegoak, etab.), elkartekideen edo bazkideen kopuru eta zerrenda, ekitaldirako sarrera eta gastuen aurrekontua, helburu bererako lortutako diru-laguntzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren jarduerekin izandako lankidetza, eta laguntzaren premia eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen gainerako kontu guztiak, II. eta III. eranskinetan datozen ereduen arabera.

b) Eraketa-aktaren kopia eta administrazio-organo eskudunak ikus-onetsitako estatutuen kopia.

c) Estatutuak gordailuan dituen erregistroko arduradunak luzatutako ziurtagiria, inskripzioa indarrean dagoela egiaztatzeko.

d) Elkartea batasun, federazio edo bestelako erakunderen batean sarturik dagoela egiaztatzen duen agiria, hala badago.

e) Zerga-identifikazioko txartelaren fotokopia.

f) Elkartea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela frogatzen duten agiri gaurkotuak.

g) Agindu honetan aurreikusitako laguntzez baliatzeko erakundeak edo elkarteak hartutako erabakiaren ziurtagiria.

h) Eskatzailearen, pertsona nahiz entitatearen, adierazpena, honako hauek jasotzen dituena: ez zaiola diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kendu, zigor-bideko edo administrazio-bideko ezein zehapen bidez, eta ez duela horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik. Adierazpena IV. eranskinean datorren ereduari jarraituz egingo da.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betetzen dela adierazten duena, batez ere, euskal herri-aginteek emandako laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde pribatuei buruz 2.3 artikuluan ezarritakoari dagokionean, eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalik ez izateari dagokionez. (Eredua IV. eranskinean dator).

4.- Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko zaio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1995 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

5.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

8. artikulua.- Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

9. artikulua.- Ematea.

1.- Diru-laguntzak emateko ebazpena urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritakoari jarraikiz jakinaraziko zaie interesdunei. Agindua indarrean jarri eta sei hilabeteko epean egingo da jakinarazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio zuzendariaren ebazpenaren bidez. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lan sailburuordeari.

2.- Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

3.- Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.- Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.

10. artikulua.- Ordainketa.

Diru-laguntzak ondoren zehazten den moduan ordainduko dira:

Diru-laguntzaren % 50, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere, hilabeteko epearen barruan.

Gainerako diru kopurua, diruz laguntzekoak diren gastu guztiak Agindu honen 13 artikuluan ezarritakoaren arabera behar bezala frogatu ondoren.

11. artikulua.- Bateragarritasuna.

1.- Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk ematen duen beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin, agindu honen bidez lagun daitezkeen gastuak estaltzeko bada.

2.- Hala ere, laguntza horiek jasotzen badira, Sailak diru-laguntzarako kontuan hartutako gastuen eta beste erakunde batzuek emandako laguntzen arteko aldeari aplikatuko zaio agindu honen 3. artikuluan adierazitako gehieneko ehunekoa.

12. artikulua.- Jarduerak burutzea.

Laguntza-programan aurreikusitako jarduerak 2009an burutu beharko dira.

13. artikulua.- Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.

1.- Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituzten elkarteek honako betebeharrok izango dituzte:

a) Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.

d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

f) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematekoan, eta garraioaren inguruko albisteetan, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.

2.- 2010eko martxoaren 31 baino lehen ondoko agiri hauek bidali beharko dituzte Garraio Zuzendaritzara elkarte onuradunek:

a) Egindako lanak eta aurrekontutik zenbat gastatu den azaltzen duen txostena, xehetasun guztiekin.

b) Diruz laguntzekoak diren gastuak frogatzen dituzten fakturak edo pareko froga balioa duten bestelako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak badira edo eraginkortasun administratiboa badute.

c) Entitatearen egiaztagiria aurkeztutako diru-sarrerak eta gastuak urteko kontuekin bat datozela egiaztatzen duena, laguntza 45.000 eurotik gorakoa denean.

d) Elkartea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiri gaurkotuak.

3.- Artikulu honen 1.e puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

14. artikulua.- Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

15. artikulua.- Diru-laguntza itzultzea.

Onuradunak agindu honetan, diru-laguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailaren 15a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

I. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

GASTU MOTAK

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

AZALPEN MEMORIA

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala