Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2009ko abuztuaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
4404

AGINDUA, 2009ko uztailaren 15ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidego barruan bidaiari-garraio publikoan diharduten automobiletan lokalizaziorako eta kontrolerako ekipamenduak eta elementuak jartzeko laguntzak arautzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarien garraio publikorako diren automobiletan lokalizazio eta kontrolerako ekipamenduak eta elementuak (satelite bidezkoak edo bestelakoak, hala nola telefonia mugikorrean oinarritutakoak) jarrita, zerbitzu seguruagoa, hobea, gardenagoa eta arinagoa eman nahi da; alde batetik, positiboa da garraiolariarentzat, puntako teknologia erabiliz zerbitzua modernizatzeko aukera emango diolako; eta bestetik, erabiltzailearentzat ere onuragarria da, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoa jasoko duelako.

Teknologian egiten diren aurrerabideei esker kalitate eta segurtasun maila handitu daiteke, merkatuan lokalizazio, kontrol eta komunikazioko punta-puntako teknologia eskuratu baitaiteke, ibilgailuen kudeaketa eta segurtasuna eraginkorragoa egiteko aukera ematen dutenak, ibilgailua noiznahi non dagoen jakiteko modua eskaintzen duten aldetik.

Laguntza-programa Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako helburu, estrategia eta ekintza-lerroekin bat dator, garraioaren modernizazio bultzatzen baitu; eta, hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoak automobiletan egiten den bidaiarien garraio publikoaren modernizazioa, erabiltzaileei eskaintzen zaien kalitatea areagotuz, sustatzeko helburuaren barruan sartzen da. Gainera, kudeatzeko eta merkaturatzeko sistemak ere hobetu nahi dira programa honekin, zerbitzua emateko era gardenago egiteko.

Horiek horrela, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari iruditzen zaio laguntza-programa bat ezarri behar dela, teknologia berri horiek ezartzea garraiolarientzat hain garesti gerta ez dadin.

Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2006ko abenduaren 15ean onartutako 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (EBAO L 379/5 2006-12-28) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.

Ondorioz, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidego barruan hiriko eta hiriarteko bidaiari-garraio publikoan diharduten automobiletan 2009an jartzen diren lokalizaziorako eta kontrolerako ekipamendu eta elementuetarako laguntzak arautzea.

2.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun mila (100.000) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.

Baliteke, eskatutako laguntzen zenbatekoaren arabera, diru-kopuru hori aurrerago handitzea; baina egitekotan diru-laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik egin beharko da, eta ezinbestekoa izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren beste programa batzuk gauzatzearen ondorioz, kreditu lotetsietan dirua erabiltzeko moduan izatea edo aurrekontuetan aldaketak onartzea. Halakorik izanez gero, Garraioetako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da horren berri.

2. artikulua.- Onuradunak eta diruz laguntzeko egintzak.

1.- Agindu honetan jasotako diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte, eskabideak aurkezteko epean Euskal Autonomia Erkidegoan hiriko eta hiriarteko bidaiari-garraio publikoan automobilarekin jarduteko lizentzia edo-eta baimenak dituzten titularrak biltzen dituzten sozietate, federazio, elkarte profesional, kooperatiba, merkaturatzeko sozietate eta, oro har, zuzenbidean onartutako bestelako taldeek, baldin eta enpresa txiki eta ertainen kategorian sartzen badira. Enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

- 250 langile baino gutxiago izatea.

- Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

- Aurreko eskakizunak betetzen ez dituen enpresa batek edo enpresa multzo batek ez izatea, ez zuzenean, ez zeharka, enpresaren % 25 edo gehiagoko partaidetza.

Interpretazio arazorik sortuz gero, enpresa txiki eta ertainak definitzeko Europar Batzordearen maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioa edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartu beharko dira kontuan.

2.- Diruz laguntzekoak diren kontzeptuak.

a) Ibilgailuak lokalizatu eta kontrolatzeko ekipamendu eta elementuak jartzeko talde-proiektuak. Ekipo eta elementu horiek kontrol-zentro batekin lotuta egon beharko dute.

b) Aurreko idatz-zatian aipatutako onuradunek, lehen jarrita duten lokalizazio eta kontrolerako sistemak garraiolari gehiagori jartzeko proiektuak.

3. artikulua.- Eskabideak eta agiriak.

1.- Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratzeko eskabideak idatziz aurkeztu beharko dira, eranskinean datorren eredua hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (01010), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein eratan.

2.- Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta.

3.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira (jatorrizkoa edo jatorrizkoaren kopia bat aurkeztu ahal izango da, baina kopia aurkeztuz gero organo aginpidedunak egiaztatu beharko du):

a) Eskatzailearen nortasuna egiaztatuko duen agiria (eraketa-aktaren eta estatutuen kopia) eta haren izenean diharduen ordezkariarena; sozietate edo taldeen kasuan, gainera, eskaerari buruz estatutuen arabera hartutako akordioak ere aurkeztu beharko dira. Proiektua hainbat erakunde edo enpresa-talderentzat bada, horietako bakoitzaren ordezkarien eta eskabidea sinatzen dutenen nortasuna egiaztatu beharko da, eta eskabidearekin batera, kasuan kasuko sozietateen akordio sozialak aurkeztu beharko dira.

b) Eskatzailearen identifikazio fiskalerako agiria.

c) Eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.

d) Alderdi teknikoak eta finantzen gainekoak azalduko dituen memoria, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

- Entitate eskatzailearen datuak.

- Enpresa interesdunen datuak eta erakunde eskatzaile bakoitzeko edo proiektuan parte hartzen duen erakunde bakoitzeko bazkideen kopurua.

- Proiektuak ukitutako titularren Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia eta lizentzia edo baimenaren zenbakia.

- Diruz laguntzea nahi den proiektuaren faseak eta burutzeko epea; ezaugarriak; helburua; finantzatzeko era edo garatu beharreko jardueraren gastu eta diru-sarreren aurreikuspena; bideragarritasun-azterlana eta gizartean nahiz lanean izango duen eraginari buruzkoa, eta eskabidea balioesteko interesgarri izan daitekeela iritzitako beste edozein alderdi.

e) Aurrekontua edo faktura, proformakoa edo behin betikoa.

f) Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.

g) Eskatzailearen, pertsona nahiz entitatearen, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jasoko dituena: ez zaiola diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kendu, zigor-bideko edo administrazio-bideko ezein zehapen bidez, eta ez duela horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

4. artikulua.- Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

5. artikulua.- Agirien gaineko okerrak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1995 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

6. artikulua.- Zenbatekoa.

1.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak proiektuaren kostu osoaren % 25 ordaintzeko izango dira, eta ez da itzuli beharrik izango.

2.- Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru-kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko du dirua Garraio Zuzendaritzak. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.

3.- Onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso de minimis laguntzetan.

7. artikulua.- Bateragarritasuna.

Agindu honen arabera emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste pertsona fisiko edo-eta juridiko batzuek helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin, baina guztira jasotako diru-kopuruak ezin izango du laguntzekoa den jarduketaren kostua gainditu.

Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz diru-laguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, Agindu honi esker emandako diru-laguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.

8. artikulua.- Ematea.

1.- Diru-laguntzak emateko ebazpena urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritakoari jarraituz jakinaraziko zaie interesdunei. Agindua indarrean jarri eta sei hilabeteko epean egingo da jakinarazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio zuzendariaren ebazpen bidez. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lan sailburuordeari.

2.- Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

3.- Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.- Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legea (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.

9. artikulua.- Ordainketa.

Diru-laguntza ordainketaldi bakar batean emango da, behin Euskal Autonomia Erkidegoko hiriko eta hiriarteko bidaiari-garraio publikoan diharduen automobila lokalizatu eta kontrolatzeko ekipamendu eta elementuak jartzeko lanak burututakoan eta gastu guztiak agiri bidez frogatutakoan, eta horretarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren fakturak edo egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Nolanahi ere, eskabidearekin aurkeztu ez bada behintzat, behin betiko faktura 2009ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da.

10. artikulua.- Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.

1.- Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebeharrak izango dituzte kasu guztietan:

a) Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.

d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

2.- Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

11. artikulua.- Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

12. artikulua.- Diru-laguntza itzultzea.

Onuradunak agindu honetan, diru-laguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailaren 15a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ERANSKINA

I.- Lokalizaziorako eta kontrolerako ekipo eta elementuak jartzeko laguntzak eskuratzeko eskabide-eredua:

Erakundearen izena:

IFZ/IFK:

Lehen abizena:

Bigarren abizena:

Izena:

NANa:

Helbidea:

Udalerria:

Posta-kodea:

Telefonoa:

Telekopia/faxa:

Posta elektronikoa:

Erakundeak, 2009an ibilgailuetan lokalizazio ekipamendu eta elementuak jartzeko laguntza eskatzen du, gastuak guztira ............................................. euro (BEZik gabe) egiten duelarik.

II.- Aurkeztutako agiriak, jatorrizkoak, edo kopiak, konpultsatuta (behar den tokian jarri «x»):

a) Eskatzailearen nortasun agiri nazionala; eskatzailea erakunde bat bada, haren nortasuna egiaztatuko duen agiria (eraketa-aktaren eta estatutuen kopia) eta haren izenean diharduen ordezkariarena; sozietate edo taldeen kasuan, gainera, eskaerari buruz estatutuen arabera hartutako akordioak ere aurkeztu beharko dira. Proiektua hainbat erakunde edo enpresa-talderentzat bada, horietako bakoitzaren ordezkarien eta eskabidea sinatzen dutenen nortasuna egiaztatu beharko da, eta eskabidearekin batera, kasuan kasuko sozietateen akordio sozialak aurkeztu beharko dira.

b) Eskatzailearen identifikazio fiskalerako agiria.

c) Eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.

d) Alderdi teknikoak eta finantzen gainekoak azalduko dituen memoria.

e) Aurrekontua edo faktura, proformakoa edo behin betikoa.

f) Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.

g) Eskatzailearen, pertsona nahiz entitatearen, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jasoko dituena: ez zaiola diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kendu, zigor-bideko edo administrazio-bideko ezein zehapen bidez, eta ez duela horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

Eguna:

Sinadura:


Azterketa dokumentala