148. zk., 2009ko abuztuaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
4403
AGINDUA, 2009ko uztailaren 15ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien errepideko garraio publikoaren arloan enpresa-kontzentraziorako laguntza-programa bat ezartzen duena.
Salgaien errepideko garraioaren arloan enpresa-egitura egokia izatea oso garrantzitsua da ekoizpen indize hobeak lortu ahal izateko.
Hala ere, gaur egun salgaien errepideko garraio arloaren ezaugarrietako bat, hain zuzen ere, gehiegizko atomizazioa dugu; enpresen zati handi bat ibilgailu bat edo bi duten langile-enpresaburuk osatzen baitute.
Horregatik, Sailak enpresa-kontzentrazioko prozesuak bultzatu behar direla iritzi dio, eta horretarako 2009rako laguntza-programa bat ezartzea erabaki du.
Programa hau bat dator Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako helburu, estrategia eta ekintza-lerroekin, enpresa-kontzentrazioa eta langile-enpresaburuak enpresetan sar daitezen erraztuz, garraioaren beraren modernizazioa bultzatzen baita. Eta enpresa-kontzentrazioa ez ezik, «intermodalitate» kontzeptua garraiorako bereganatuko duten enpresa-egitura sendoak sortzea da helburuetako bat. Hau da, trenbidea nagusi izango duen garraio konbinatua bultzatuko da, garraiobideen arteko halako oreka bat lortzeko, eta bide batez, garraio iraunkorra lortzen laguntzeko. Deialdi honetan berariaz jasotzen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari buruzko hainbat aipamen, politika eta ekintza publiko guztietan genero-ikuspegia sartu beharra dagoela, eta sexuaren araberako rolak eta estereotipoak baztertzea zeinen garrantzitsua den azpimarratzeko.
Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2006ko abenduaren 15ean onartutako 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (EBAO L 379 2006-12-28) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.
Ondorioz, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 4.1. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Xedea.
1.- Agindu honen xedea da salgaien errepideko garraio publikoaren arloan enpresa-kontzentrazioa bultzatzeko, 2009. urterako laguntzak arautzea.
2.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak honako helburu hauetarako emango dira:
a) Garraio publikoan ibilgailu astunekin ibiltzeko gehienez ere bi baimen duten pertsona fisikoak mugagabeko kontratuekin sozietateetan edo elkarlaneko kooperatibetan sartzeko. Sozietate eta kooperatiba horiek gainera, ibilgailu astunekin garraio publikoan aritzeko gutxienez hamar baimen izan beharko dute bere izenean, behin bat egitea burututakoan.
b) Garraio publikoan ibilgailu astunekin ibiltzeko gehienez ere bost baimen dituzten pertsona fisikoak 2009ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako garraiolari kooperatibetan bazkide kooperatibista gisa sartzeko.
c) Sozietateak, garraiolarien kooperatibak edo elkarlaneko kooperatibak sortu edo bat egin edo xurgatzeko, edo garraiolari kooperatibak sozietate edo elkarlaneko kooperatiba bihurtzeko. Hain zuen ere diru-laguntzak honako gastu hauek ordaintzeko emango lirateke:
c1) Legelaritza, notaritza eta erregistroko zerbitzu-sariak; memorien, buletinen eta tituluen inprimaketa; estatu, probintzia edo udalari ordaindu beharreko zergak; publizitatea; komisioak; eta tituluen erabilpenerako bestelako gastuak.
c2) Sozietate, garraiolarien kooperatiba edo elkarlaneko kooperatiba berrietan gerente berria kontratatzeko. Laguntza, gehienez ere, urtebeteko soldata eta Gizarte Segurantzako kotizazioa ordaintzeko izango da.
d) Salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin jarduteko gehienez ere bi baimen dituzten pertsona fisikoekin kontratu egonkorrak egiteko. Kontratua Agindu honen I. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izango da, eta derrigorrezkoa izango da kontratua sinatu aurreko hamabi hilabeteetan baimenen titularrak enpresa kontratatzailearekin egindako negozio-bolumena gehienez ere 9.000 eurokoa izatea. Kontratu hori 2009 urtearen barruan egin beharko da, gutxienez 3 urterako eta negozioaren bolumenak urteko 60.000 eurokoa izan beharko du.
e) Enpresen sustaketan eta kudeaketan aditutako erakundeek egindako bideragarritasun-azterlanak ordaintzeko; azterlan horien helburua, enpresa multzo baten kudeaketa alor bat edo gehiago bateratzea; hainbat enpresa, sozietateak edo kooperatibak sortu edo bat-egiteko formulen bidez kontzentratzea; edo-eta garraio intermodala bultzatuko duten kontzentrazio-prozesuak bideragarri diren ala ez ikustea izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzak Agindu honetan xedatutakoari jarraituz homologatutako enpresek egin ahal izango dituzte.
3.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun mila (100.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.
Baliteke, eskatutako laguntzen zenbatekoaren arabera, diru-kopuru hori aurrerago handitzea; baina egitekotan diru-laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik egin beharko da, eta ezinbestekoa izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren beste programa batzuetan gauzatutakoen ondorioz, kreditu lotetsietan dirua erabiltzeko moduan izatea edo aurrekontuetan aldaketak onartzea. Halakorik izanez gero, Garraio zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da horren berri.
2. artikulua.- Aditutako erakundeen homologazioa.
1.- Agindu honetan aurreikusitako azterlanak burutzeko erakunde adituen homologazioa banan bana eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren berariazko ebazpen bidez egingo da.
Homologazioaren indarraldia 2009ko abenduaren 31 artekoa izango da edo, behar izanez gero, Agindu honen arabera emandako diru-laguntzaren gai den azterlana bukatu artekoa.
2.- Erakunde horiek homologatuko badira, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Erakundearen jarduera nagusia ekonomia eta finantza arloko edo kalitatearen inguruko kontsultoretza izatea, eta enpresen sustaketan erreferentzia zerrenden bidez egiaztatu beharko den esperientzia erakustea.
b) Gutxienez hiru langile finko edo hiru bazkide izatea, eta horietatik bik goi mailako titulua eta enpresa-kudeaketaren arloan gutxienez bost urteko esperientzia egiaztatzea.
c) Kasuan kasuko eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (01010) aurkeztea, Agindu hau indarrean jarri eta hilabeteko epean. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
- Enpresaren datuak: sozietatearen egoitza, legezko ordezkaria, lantokiak, lantokien azalera, egitura informatikoa, telefonoa, faxa, etab.
- Ekonomia Jardueren gaineko zergan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria, eta, halakorik behar izanez gero, enpresaren eraketa agiriaren fotokopia, eta aldatu bada, baita ondorengo eskriturarena ere.
- Plantillako langile kopuruaren egiaztagiria, kontratuen edo eskabidea egin aurreko bi hilabeteetako TC2 buletinen fotokopien bidez edo, autonomoen araubide berezia aukeratu duten elkarlaneko kooperatiben kasuan, Gizarte Segurantzako autonomoentzako kotizazioaren epe bereko ordainagiria.
- Enpresaren espezializazio-arloak.
- Enpresako kontsultoreen lanbide mailako nondik norakoen azalpen laburra.
- Bidezkotzat jotzen den beste edozein xehetasun.
3. artikulua.- Onuradunak.
Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu nahi dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoek, eskabideak aurkezteko epean ondorengo zerrendan datozen eskakizunak bete beharko dituzte:
a) Enpresa txiki edo ertaina izatea; halakotzat hartzeko eskakizun hauek bete beharko dituzte:
- 250 langile baino gutxiago izatea.
- Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
- Aurreko eskakizunak betetzen ez dituen enpresa batek edo enpresa multzo batek ez izatea, ez zuzenean, ez zeharka, enpresaren % 25 edo gehiagoko partaidetza.
Interpretazio arazorik sortuz gero, enpresa txiki eta ertainak definitzeko Europar Batzordearen maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioa edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartu beharko dira kontuan.
b) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
c) Salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin aritzeko baimenak gutxienez urtebete lehenagotik izatea; gainera baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Pertsona fisiko eta sozietateek, lan-sozietate anonimoek barne, eta elkarlaneko kooperatibek, bere izenean gutxienez garraio-baimen bat izatea. Laguntza, enpresa berri bat eratzeagatik bada, urtebeteko antzinatasuna egiaztatutzat joko da, baldin eta bazkide guztiek antzinatasun hori egiaztatzen badute.
- Garraiolarien kooperatibek eta merkaturatzeko sozietateen kasuan, akzionistek edo bazkideek, gutxienez hamabost baimen izatea. Urtebeteko antzinatasuna egiaztatutzat joko da, baldin eta baimen horien titular guztiek antzinatasun hori egiaztatzen badute.
d) 2009 urtean sozietate, garraiolarien kooperatiba edo elkarlaneko kooperatiba berri bat sortzea, transformazio, eratze nahiz bat-egite bidez. Bat-egitea xurgapen bidezkoa bada, xurgapena ere 2009 urtean egin beharko da.
e) Sozietateak, garraiolarien kooperatibak edo elkarlaneko kooperatibak, edo halakorik bada, sozietate xurgatzaileak, helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
f) Sozietate berriak edo elkarlaneko kooperatiba berriak, edo halakorik bada, sozietate xurgatzaileak, bere izenean, garraio publikoan ibilgailu astunekin aritzeko gutxienez hamar baimen izan beharko ditu urtebete lehenagotik. Antzinatasuna egiaztatutzat joko da bazkide guztiek hala egiaztatzen badute.
g) Merkaturatzeko sozietate edo garraiolarien kooperatiba berri bat bada, bazkide edo kooperatibistek artikulu honen c) idatz-zatian aipatutako motako hamabost (15) baimen izan beharko dituzte.
h) Agindu honen 1.2.a) artikuluan aipatutako kasuan, 2009 urtean sozietate edo elkarlaneko kooperatiba batean sartzen den pertsona fisikoak titular gisa dituen garraio-baimenak indargabetu, enpresa xurgatzaileari transmititu edo haiei uko egin beharko die. Gainera, lanbide-gaitasuneko titulua izan beharko du.
i) Agindu honen 1.2.b) artikuluan aipatutako kasuan, 2009 urtean garraiolarien kooperatiba batean sartzen den pertsona fisikoak lanbide-gaitasuneko titulua izan beharko du, eta gutxienez hiru urtez egon beharko du bazkide gisa dedikazio esklusiboarekin.
j) Agindu honen 1.2.d) artikuluan aurreikusitako kasuan, enpresa kontratatzaileak, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin jarduteko gutxienez hamar baimen izan beharko ditu, urtebete lehenagotik. Antzinatasuna egiaztatutzat joko da bazkide guztiek hala egiaztatzen badute. Horretaz aparte, garraio-operadoretarako baimen baten titular izan beharko du.
k) Diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan lege-urratzeren bat egiteagatik zehapen tinko bat jarri zaiolako Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko diru-laguntzak lortzea debekaturik ez izatea.
m) Derrigortuta dauden pertsonek, urteko kontuak aurkeztu eta uzteari buruzko merkataritzako betebeharrak betetzea.
n) Erantzukizunpeko adierazpena, Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betetzen dela adierazten duena, batez ere, euskal herri-aginteek emandako laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde pribatuei buruz 2.3 artikuluan ezarritakoari dagokionean, eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalik ez izateari dagokionean.
4. artikulua.- Eskabideak eta agiriak.
1.- Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratzeko eskabideak idatziz aurkeztu beharko dira, II. eranskinean datorren eredua hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (01010), edo administrazio prozeduraren gaineko legean aurreikusitako edozein eratan.
2.- Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta.
3.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko agiriei dagokienean, jatorrizkoa edo jatorrizkoaren kopia bat aurkeztu ahal izango da, baina kopia aurkeztuz gero organo aginpidedunak egiaztatu beharko du. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:
a) Eskabidea, behar bezala beteta (Aginduaren II. eranskinean dator eredua).
b) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFK.
c) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.
d) Sozietatea eratzeko eskritura edo, hori aldatu bada, ondorengoa, eskabidea aurkezteko egunean akzioen banaketa nola dagoen ikusteko eta Merkataritza-Erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzeko.
e) Garraiolarien kooperatiben edo elkarlaneko kooperatiben kasuan, eratzeko eskritura, estatutuak eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.
f) Sozietate bat edo elkarlaneko kooperatiba bat osatzeko bat egindako edo halako bihurtutako kasuetan, horretarako akordioa bi egunkaritan eta Merkataritza-Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratzeko iragarkiak; garraiolarien kooperatiba osatu edo bihurtutako kasuan, akordioa Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko iragarkia. Gainera, akordioa indarrean dagoen legeriari jarraituz dagokion Erregistroko izen-emate agiria.
g) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, TC1 eta TC2, eta langile autonomoen erregimen berezia hautatu duten elkarlaneko kooperatiben kasuan, eskabidea egin den aurreko hileko ordainagiria.
h) Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren azken ordainagiria.
i) Onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.
j) Urteko kontuak aurkeztu eta uzteari buruzko merkataritzako betebeharrak betetzen dituela erakusten duen egiaztagiria (horretara derrigortuta dagoenak).
k) Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.
l) Salgaien garraio publikorako baimenak, gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutenak eta agindu honen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat datozenak.
m) Egin beharreko azterlanetarako aurrekontuak, eta laguntza-gai diren gastuen proformako fakturak edo behin betikoak, eta horien azalpen memoriak.
n) Agindu honen 1.2.a artikuluan jasotako kasuan, sartu behar den pertsona fisikoaren lanbide-gaitasuneko titulua, kontratua eta, baimenak indargabetu, transmititu edo horiei uko egin diela jasotzen duen kasuan kasuko foru aldundiaren ziurtagiria edo eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria.
ñ) Agindu honen 1.2.b artikuluan jasotako kasuan, bazkide berriak hartu dituen garraiolarien kooperatibak kooperatibaren barne-araudia eta bazkide kooperatibisten alta eta bajen egiaztagiria aurkeztu beharko du. Gainera, kooperatiban bazkide gisa sartzen den pertsonaren lanbide-gaitasuneko titulua aurkeztu beharko du.
o) Agindu honen 1.2.d artikuluan adierazitako kasuan, garraio-kontratu egonkorra eta, ez kontratatzaileak, ez kontratatuak, azkeneko urtean 9.000 euro baino gehiago ez dutela fakturatu egiaztatzen duten agiriak.
p) Erantzukizunpeko adierazpena, Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betetzen dela adierazten duena, batez ere,euskal herri-aginteek emandako laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde pribatuei buruz 2.3 artikuluan ezarritakoari dagokionean, eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalik ez izateari dagokionean.
4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
5. artikulua.- Kudeaketa-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
6. artikulua.- Agirien gaineko okerrak zuzentzea.
Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1995 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).
7. artikulua.- Zenbatekoa.
1.- Diru-laguntzen kopurua:
a) Agindu honen 1.2.a) eta 1.2.b) artikuluetan jasotako kasuetan, gehienez ere, 6.000 euroko laguntza emango da enpresaren egituran sartzen den gizon bakoitzeko, eta 6.500 euro emakume bakoitzeko; edonola ere, guztira, ezin izango da 45.000 euro gainditu. Enpresa edo kooperatiba xurgatzailea izango da laguntzaren onuradun eta laguntza jasoko duena.
Enpresa edo kooperatiba xurgatzailearen egituran sartzen den pertsonak 4.100 euroko diru-laguntza izango du.
b) Agindu honen 1.2.c) artikuluan adierazitako kasuetan, honako laguntza hauek emango dira:
1.2.c1) artikuluan jasotako kasuetan, laguntza-gai diren gastuen kostu osoaren % 50 emango zaie, baina inoiz ez 6.000 euro baino gehiago.
1.2.c2) artikuluan jasotako kasuetan, diruz laguntzekoak diren gastuen kostu osoaren % 50 emango zaie, eta laguntza hori % 60koa izango da, baldin eta gerentea emakumezkoa bada, baina inoiz ez 30.000 euro baino gehiago.
c) 1.2.d) artikuluan jasotako kasuetan, gehienez ere 2.000 euroko laguntza emango zaie kontratatutako gizonezko bakoitzeko, eta 2.500 euro emakumezko bakoitzeko, baina inoiz ez 40.000 euro baino gehiago. Enpresa kontratatzailea izango da laguntzaren onuradun eta laguntza jasoko duena.
d) 1.2.e) artikuluan jasotako kasuetan, gehienez ere laguntza-gai diren gastuen kostu osoaren % 50 emango zaie, baina inoiz ez 30.000 euro baino gehiago.
2.- Agindu honetan arautako laguntzak emateko 1.3 artikuluan ezarritako diru-kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen lehenengo atalean ezarritako gehieneko diru-kopuruak ordaintzeko, ondoren zehaztuko den hurrenkera honi jarraituz emango zaie laguntza, baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei:
1.a.- Aginduaren 1.2.a artikuluan jasotako kasuetarako eskabideei emango zaie lehentasuna.
2.- Aurreko idatz-zatiko eskabideei erantzundakoan, dirurik baldin badago, 1.2.b artikuluko kasuetarako aurkeztutakoei erantzungo zaie.
3.- Aurreko idatz-zatiko eskabideei erantzundakoan, dirurik baldin badago, 1.2.c artikuluko kasuetarako aurkeztutakoei erantzungo zaie.
4.- Aurreko idatz-zatiko eskabideei erantzundakoan, dirurik baldin badago, 1.2.d artikuluko kasuetarako aurkeztutakoei erantzungo zaie.
5.- Aurreko idatz-zatiko eskabideei erantzundakoan, dirurik baldin badago, 1.2.e) artikuluko kasuetarako aurkeztutakoei erantzungo zaie.
Hala eta guztiz ere, Agindu honetan araututako laguntzak emateko 1.3 artikuluan ezarritako diru-kopurua, finkatu den hurrenkerari jarraituz banatzen hasi, eta eskabide-mota bateko eskabide guztiei onartutako gehieneko diru-kopurua ordaintzeko iristen ez bada, eskabide-mota horretako guztien artean hainbanatu egingo da gelditzen dena.
8. artikulua.- Bateragarritasuna.
Agindu honen arabera emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste pertsona fisiko edo-eta juridiko batzuek helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin, baina guztira jasotako diru-kopuruak ezin izango du laguntzekoa den jarduketaren kostua gainditu. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso de minimis laguntzetan.
Beste laguntza edo diru-laguntza batzuk jaso eta, ondorioz, jasotakoarekin kostu hori gainditzen bada, Agindu honen babesean emandako laguntza gutxitu egingo da, aurreko artikuluan ezarritako gehieneko mugara iritsi arte.
9. artikulua.- Ematea.
1.- Diru-laguntzak emateko ebazpena urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritakoari jarraituz jakinaraziko zaie interesdunei. Agindua indarrean jarri eta sei hilabeteko epean egingo da jakinarazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio zuzendariaren ebazpen bidez. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lan sailburuordeari.
2.- Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
3.- Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
4.- Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.
10. artikulua.- Ordainketa.
1.- Dirua, diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duten gastuak faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan ordainduko da, dena batera.
Gainera ondoko agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
- Agindu honen 1.2.a) artikuluan aurreikusitako kasuan, enpresa xurgatzaileak garraiolari autonomoarekin enpresan sartzeko egindako kontratua, eta garraiolariak titular gisa zituen baimenak indargabetu, transmititu edo haiei uko egin diela adierazten duten frogagiriak.
- Agindu honen 1.2.b) artikuluan, pertsona fisikoa hori kooperatiban bazkide gisa sartu dela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, bai eta bazkide hori kooperatiban gutxienez hiru urte egongo dela hitz emateko aitorpena.
- 1.2.c2) artiluluan aurreikusitako kasuan, gerentearen kontratua eta ahalordeak indarrean daudela adierazten duen notarioaren agiria.
- 1.2.e) artikuluan aurreikusitako kasuan, egindako azterlanaren kopia bat bidali beharko da.
2.- Diru-laguntza eskuratzeko eskakizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak 2009ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.
3.- Agindu honen 1.2.d artikuluan aurreikusitako kasuan, (lehen hiru urteetan) kontratua indarrean jartzen denetik aurrera urtebete igarotzen den bakoitzean, hurrengo bi hilabeteetan, bi aldeen artean gutxienez 60.000 euroko negozio-bolumena izan dutela erakutsi beharko dute.
11. artikulua.- Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.
1.- Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:
a) Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.
b) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.
c) Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.
d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
2.- Artikulu honen 1.e puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
12. artikulua.- Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
13. artikulua.- Diru-laguntza itzultzea.
Onuradunak agindu honetan, diru-laguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.
Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra Agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailaren 15a.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
I. ERANSKINA
Salgaien errepideko garraiorako kontratu egonkorra
(Ikus .PDF)
II. ERASKINA
(Ikus .PDF)