86. zk., 2009ko maiatzaren 9a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Jaurlaritzaren Lehendakaritza
2469
4/2009 DEKRETUA, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 8.c) artikuluan, honako ahalmen hau egozten zaio Lehendakariari: «Jaurlaritza-sailak sortzea edo ezabatzea dakarten Dekretuak ematea, herri-xahupideak gehitzea ekarri ez dezatenaren baldintzapean, eta bai Sailen aginte-eremuen banaketaren ezein aldaketa ere».
Arestian Lehendakariak Legebiltzarrean azaldu zuen Gobernu-Programa modu eraginkorrean burutu beharrak bidezko egiten duela Administrazioko sailen egitura eta sailek izan dituzten eskumenak egokitzea; orain arte izan dituztenak, izan ere, ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuan ezarritakoak izan baitira. Jaurlaritzaren eginkizun politiko administratiboek bere horretan jarraitu dezaten nahi da, ezelango etenik gabe. Orain arte Administrazioak izan duen eraketa eta dekretu honen bidez sortzen dena moldatu nahi dira.
Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 8.c) artikuluak egozten dizkidan ahalmenen arabera, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.- Xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitura osatzen duten sailak eta beren egiteko eta jardun-arloak finkatzea da dekretu honen xedea.
2. artikulua.- Administrazioaren egitura.
Honako sail hauek izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak:
a) Herrizaingo Saila.
b) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.
c) Ekonomia eta Ogasun Saila.
d) Justizia eta Herri Administrazio Saila.
e) Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila.
f) Industria eta Berrikuntza Saila.
g) Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila.
h) Osasun eta Kontsumo Saila.
i) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila.
j) Kultura Saila.
3. artikulua.- Sailen lehentasun hurrenkera.
Sailen lehentasun hurrenkera aurreko artikuluan ezarritakoaren araberakoa izango da.
4. artikulua.- Jaurlaritzaren Lehendakaritza.
1.- Autonomia Estatutuak, Jaurlaritzaren Legeak eta beste lege-xedapen batzuk lehendakariari ematen dizkioten egitekoak bete ahal izateko, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organoen laguntza izango du Lehendakariak. Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura eta egitekoak Dekretu-bidez zehaztuko dira. Jaurlaritzaren Lehendakaritzak honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Jaurlaritzaren akzioa koordinatzen lehendakariari laguntza ematea.
b) Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste instituzioekiko harremanak eta komunikazioak.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioen arteko lankidetza, koordinazioa, plangintza bateratua eta artikulazioa bultzatzea eta garatzea.
d) Politika publikoen definizio, koordinazio eta exekuzioan euskal gobernantza publikoa diseinatu eta aplikatzea.
e) Autonomiaren garapenerako politika eta, xede horretarako, sailen jarduerak koordinatzea.
f) Jaurlaritzaren Idazkaritza.
g) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
h) Jaurlaritzaren bozeramailetza.
i) Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika komunikabideen aurrean; eta teknologia berriei eta multimedia ekoizpenari buruzko politika.
j) Gizarte- eta erakunde- harremanak.
k) Jaurlaritzaren politika ondorengo gaietan: Europar Batasuna, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza, eta euskal gizataldeak eta euskal etxeak.
l) Euskadiren ordezkaritza- eta proiekzio-politika kanpoan.
m) Generoaren aukera-berdintasunerako politika.
2.- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago, apirilaren 17ko 1/2007 Dekretuan aurreikusitako moduan.
3.- Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea administrazio mailako erakunde autonomoa, Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago.
4.- Jaurlaritzaren Lehendakaritza Sailtzat joko da aurrekontu ondorioetarako.
5. artikulua.- Egitekoak eta jardun-arloak banatzea.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 8. eta 16. artikuluetan Lehendakariari eta Jaurlaritzari egozten zaizkien eskumenez gain, 2. artikuluan aipatzen diren sailek, hurrengo artikuluetan zehazten diren egitekoak burutuko dituzte euren titularren ardurapean eta dagozkien jardun-arloetan.
6. artikulua.- Herrizaingo Saila.
1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Herrizaingo Sailari:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Ertzaintza.
b) Hauteskunde administrazioa.
c) Babes Zibila eta emergentziak.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetatiko gurpilezko trafikoko polizia.
e) Jokoa, posturak eta ikuskizunak.
f) Segurtasun arloko transmisioak eta komunikazioak.
g) Poliziaren ibilgailuak.
h) Terrorismoaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea.
i) Genero indarkeriaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea.
j) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
k) Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.- Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia administrazio mailako erakunde autonomoa sail honi atxikitzen zaio.
7. artikulua.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.
1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari:
a) Autonomia Estatutuan ezartzen diren eskumenak, bai erregimen orokorrekoak eta bai erregimen berezikoak ere, etapak eta mailak barne sartuz; eta goi mailako hezkuntza eta bai bizitzan zehar koalifikazioak eskuratu edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere.
b) Zientzia alorreko politika; teoria eta aplikazio mailako ikerketak sustatzea eta koordinatzea.
c) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
d) Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.- Sail honi atxikita geldituko da Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa.
8. artikulua.- Ekonomia eta Ogasun Saila.
1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ekonomia eta Ogasun Sailari:
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak zuzendu, landu eta horien kudeaketa orokorra egitea; eta bai jarraipena eta arta. Horietaz gain, aurrekontuei buruzko programazioa.
b) Barneko ekonomia kontrola, kontabilitatea eta erantzukizun kontableak.
c) Finantza politika eta finantza erakundeekiko harremanak.
d) Diruzaintza, zorrak egitea eta bermeak ematea.
e) Aseguruen bitartekaritza-jarduera baimentzea eta kontrolatzea.
f) Gizarte aurreikuspeneko entitateak.
g) Ekonomia Ituna, Estatuarentzako kupoak eta lurralde historikoen ekarpenak.
h) Eskualdaketaren gai diren eskumen eta zerbitzuen balorazioa; eta Estatuarekiko finantza-fluxuak finkatzea, Gizarte Segurantzaren finantzaketari dagokionez.
i) Zergen administrazioa eta erreklamazio ekonomiko administratiboak.
j) Ekonomiaren plangintza.
k) Herrialdeetako politika.
l) Azterlan eta metodo ekonomikoak. Ekonomiaren koiuntura eta aurreikuspena.
m) Lehiaren defentsa.
n) Estatistika.
ñ) Ondarea.
o) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
p) Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2. Sailari atxikitzen zaizkionak: Euskal Estatistika Erakundea/Instituto Vasco de Estadística (EEE/IVE), Euskal Finantzen Erakundea eta Lehiaren Babeseko Euskal Auzitegia.
9. artikulua.- Justizia eta Herri Administrazio Saila.
1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Justizia eta Herri Administrazio Sailari:
a) Aginte Judizialarekiko harremanak zaintzea.
b) Justizia Administrazioaren jardunerako baliabideak jartzea.
c) Zigor establezimenduak eta, bereziki, horien antolaera, jarduera eta zigorrei buruzko legeak betetzea, Zigor Administrazioko organo nagusiei legeek ematen dizkieten eskumenak bereganatuz.
d) Notarioak eta jabego erregistratzaileak izendatzea.
e) Elkarte, fundazio eta elkargo profesionalei buruzko erregimen orokorra, sailek, beren eremu barruan, horiekiko izan ditzaten harremanen kaltetan gabe.
f) Giza Eskubideen sustapena.
g) Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak erabili ahal izatea bermatzea Justizia Administrazioan.
h) Kontratazioa.
i) Funtzio publikoa, administrazio antolamendua eta langileen araubidea, juridikoa eta ordainketari buruzkoa.
j) Hainbat sailetarako diren zerbitzuak eta jarduera editoriala.
k) Informazio sistemak eta telekomunikazio korporatiboak.
l) Autonomia Estatutuaren defentsa juridikoa.
m) Legezkotasunaren barne kontroleko eta aholkularitza juridiko orokorreko egitekoak gauzatzea.
n) Eusko Jaurlaritza eta bere organoak auzietan ordezkatu eta defendatzea.
ñ) Administrazioa modernizatzeko prozesua koordinatu, zuzendu eta sustatu, eta bai administrazio eta gobernu elektronikoak ere.
o) Euskadiko Zuzenbide Zibil Foral eta berezi kontserbatu, aldatu eta garatzea.
p) Toki Administrazioaren arloan legeek eta araudiek Jaurlaritzari esleitzen dizkioten egitekoak burutzea.
q) Euskadiko herri-administrazioen antolaketaren eta prozeduraren erregimena.
r) Adingabeko arau-hausleen arloko eskumenez baliatzea, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eskumenak aintzat hartuz.
s) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, Zuzenbide Pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
t) Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.- Honako hauek atxikitzen zaizkio Sailari: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea / Instituto Vasco de la Administración Pública (HAEE / IVAP) administrazio mailako erakunde autonomoa; Itelazpi SA eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea AB / Sociedad Informática del Gobierno Vasco SA (EJIE) sozietate publikoak eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa.
10. artikulua.- Hirigintza, Herri Lan eta Garraio Saila.
1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari:
a) Lurra eta hirigintza.
b) Etxebizitza.
c) Arkitektura, eraikuntza, iraunarazpena eta kalitatea eraikuntzan.
d) Irisgarritasunaren sustapena.
e) Trenbideak.
f) Bide sarea.
g) Lurretikako, itsasotikako, ibaietikako eta kabletikako garraioak.
h) Heliportuak eta aireportuak.
i) Portuak eta itsas arazoak.
j) Metereologia.
k) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, Zuzenbide Pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
l) Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.- Honako hauek atxikitzen zaizkio Sailari: Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoa, Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascos SA (ET/FFVV), Euskotren Participaciones SA, Euskadiko Kirol Portua SA, Zumaiako Kirol Portua SA, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra EA / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi SA (VISESA) eta Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa SA.
11. artikulua.- Industria eta Berrikuntza Saila.
1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Industria eta Berrikuntza Sailari:
a) Industriari buruzko politika.
b) Teknologi berrikuntza.
c) Euskal gizartean, ezagutzaren eta informazioaren aroko gizartea garatu eta sustatzea, beti ere administrazio eta gobernu elektronikoaren arloko jarduerak kaltetu gabe.
d) Meategiak.
e) Energia.
f) Artisautza sustatu eta indartzea.
g) Merkataritza.
h) Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganberak.
i) Prezioen politika.
j) Turismoa.
k) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, Zuzenbide Pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
l) Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.- Sail honi atxikitako erakunde eta sozietateak: Energiaren Euskal Erakundea/ Ente Vasco de la Energía (EEE/EVE) zuzenbide pribatuko ente publikoa eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SA / Sociedad de Promoción y Reconversión Industrial SA (ISEB/SPRI) eta Basquetour, Euskal Turismoaren Agentzia / Agencia Vasca de Turismo SA.
12. artikulua.- Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila.
1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari:
a) Lan arloari buruzko legeek lan harremanei buruz ezartzen dutena burutzea.
b) Enpleguaren eta lanpostuari egokitzearen aldeko politika.
c) Gizarte ekonomia: kooperatibak eta akziokako lan sozietateak.
d) Gizarte bazterkeriaren aurkako borroka.
e) Familia babestea (familiako bizitza eta lana elkarbideratzea).
f) Gizarte Segurantza, Autonomia Estatutuan aurreikusitako moduan.
g) Garapenerako lankidetza.
h) Boluntariotza.
i) Gizarte Ongizatea eta gizarte zerbitzuak.
j) Familia-bitartekotza.
k) Haurtzaroa.
l) Afektu- eta sexu-askatasuna errazteko bideak sustatzea.
m) Inmigrazioa.
n) Drogamenpekotasunak.
ñ) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
o) Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.- Sail honi atxikita geldituko dira: Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales - Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea administrazio mailako erakunde autonomoa eta Trebaketa eta Enplegua Sustatzeko Akziokako Baltzu Publikoa (Egailan SA) eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia.
13. artikulua.- Osasun eta Kontsumo Saila.
1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Osasun eta Kontsumo Sailari:
a) Sanitatearen plangintza eta antolamendua.
b) Osasun publikoa eta elikadura-higienea.
c) Zainketa epidemiologikoa.
d) Farmazien eraketa.
e) Kontsumoa.
f) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, Zuzenbide Pribatupeko ente publikoak eta baltzu publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
g) Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.- Honako hauek atxikitzen zaizkio Sailari: Kontsumobide-Instituto Vasco de Consumo administrazio mailako erakunde autonomoa eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoa.
14. artikulua.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila.
1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari:
a) Lurraldea eta itsasertza antolatzea.
b) Ingurumena.
c) Urak.
d) Ubideak eta ureztaketak.
e) Baliabide naturalak antolatzea eta natura zaintzea.
f) Nekazaritza eta abeltzaintza sustatu eta antolatzea.
g) Landa-garapena eta bere dibersifikazio ekonomikoa sustatzea.
h) Abeltzaintza eta mendiak.
i) Ehiza eta arrantza kontinentala.
j) Arrantza.
k) Nekazaritza, arrantza eta elikagaien industriak eta horiek merkaturatzea.
l) Lehenengo baso-eraldakuntzako industriak.
m) Nekazaritzako elikagai politika: nekazaritza-elikagaiak sustatzea, tipifikatzea, horiei jatorri izena ematea eta kalitatea zaintzea.
n) Mahastizaintza eta enologia.
ñ) Nekazaritzako eta itsas-arrantzako prestakuntza.
o) Nekazaritza- eta ozeano-ikerketa, dekretu honetako 7.1.b) artikuluan ezartzen denari jarraiki.
p) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, Zuzenbide Pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
q) Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.- Honako sozietate publiko hauek atxikitzen zaizkio sail honi: NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea AB sozietate publikoa, Instituto Vasco de Investigación y Desarrollo Agrario / Nekazaritza Garapenerako Institutua AB, ITSASMENDIKOI SA Landa Heziketa, Sustapen eta Garapenerako Zentro Integrala, Ingurugiro Hobekuntza-Mejora del Medio Ambiente Ingurugiro Hobekuntzarako sozietate publikoa (IHOBE SA) eta Uraren Euskal Agentzia.
15. artikulua.- Kultura Saila.
1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Kultura Sailari:
a) Kirolak.
b) Gazteria eta gizarte garapena.
c) Historia- eta arte-ondarearen kudeaketa eta zainketa; museo, liburutegi eta artxibategiak.
d) Hizkuntza politika.
e) Euskararen sustapena.
f) Arte eta kultura mailako jardunak eta horien hedapena.
g) Gizarte komunikabideak; irrati kontzesioak eta frekuentzien esleipena.
h) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, Zuzenbide Pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
i) Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.- Sail honi atxikitakoak: Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea / Instituto de Alfabetización y Reeuskaldunización de Adultos (HABE) administrazio mailako erakunde autonomoa, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) zuzenbide pribatuko ente publikoa; Euskadiko Orkestra AB / Orquesta de Euskadi SA sozietate publikoa eta Insituto Vasco Etxepare Euskal Institutoa / Basque Institute.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- 1.- Ezabatu den Jaurlaritzaren Lehendakariordetzari atxikitako Lehendakariordetzaren Idazkaritza Nagusia -bere organoak eta unitateak barne- dekretu honetako 4. artikuluan aurreikusitako Jaurlaritzaren Lehendakaritzan txertatzen da, " Koordinaziorako Idazkaritza Nagusia" izena hartuz.
2.- Lehendakariaren Kabineteko Zuzendaritza sortzen da Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren barruan.
Bigarrena.- 1.- Ekonomia, Aurrekontu eta Kontrol Ekonomikoko Sailburuordetzako eta Ogasun eta Finantza Sailburuordetzako organo eta unitateek osatzen dute Ekonomia eta Ogasun Saila. Sailburuordetzok ezabatutako Ogasun eta Herri Administrazio Sailari atxikita egon dira.
2.- Kendu egiten da orain ezabatutako Ogasun eta Herri Administrazio Sailari atxikitako Administrazio eta Zerbitzu Sailburuordetzako Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza. Zuzendaritza horren eginkizunak, eta, orobat, giza-baliabideak eta baliabide materialak -Ondare Zerbitzuari dagozkionak— Finantza Zuzendaritzan txertatuko dira.
Hirugarrena.- 1.- Honako organo eta unitateek osatzen dute Justizia eta Herri Administrazio Saila: ezabatutako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Justizia Sailburuordetzakoek, Araubide Juridikoaren Idazkaritza Nagusikoak eta Administrazioa Eraberritzeko eta Administrazio Elektronikorako Idazkaritza Nagusikoek, biak ere Jaurlaritzaren Lehendakariordetzari txertatuta egon direnak; eta ezabatutako Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzako eta Funtzio Publikoaren Sailburuordetzako organoek eta unitateek.
2.- Dekretu honetako bigarren xedapen gehigarriak ezabatutako Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako eginkizunak, giza-baliabideak eta baliabide materialak -Kontratazio Zerbitzuari dagozkionak- Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzako Baliabide Orokorren Zuzendaritzan txertatuko dira.
Laugarrena.- Honako hauek osatzen dute Hirigintza, Herri Lan eta Garraio Saila: ezabatutako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak, eta ezabatutako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitako Etxebizitza Sailburuordetzako eta ezabatutako Garraio eta Herri Lan Saileko Garraio eta Herri Lan Sailburuordetzako organo eta unitateek.
Bosgarrena.- Dekretu honetako 11.1 eta 13.1.e) artikuluetan aurreikusitako arlo-eskumenen arabera, ezabatutako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritza Osasun Sailean txertatzen da, Kontsumo Zuzendaritza izena hartuz. Zuzendaritza horren eginkizunak, eta, orobat, giza-baliabideak eta baliabide materialak -Industria Segurtasuneko Zerbitzuari dagozkionak- Industria Garapeneko Zuzendaritzan txertatuko dira.
Seigarrena.- Honako organo eta unitateek osatzen dute Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila: Kabinetearen Sailburuordetzakoek, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzakoek eta Gizarteratze eta Familia Sailburuordetzakoek, hirurak ere ezabatutako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailekoak; eta, halaber, ezabatutako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Gaietako Sailburuordetzako eta Herritarren Partaidetzarako eta Harreman Instituzionaletarako Sailburuordetzako organo eta unitateek.
Zazpigarrena.- Honako hauek osatzen dute Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila: ezabatutako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak, eta ezabatutako sail horretako Lurralde Antolamendu eta Uren Sailburuordetzako eta Ingurumen Sailburuordetzako organoek eta unitateek; eta, halaber, ezabatutako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Nekazaritzaren eta Arrantza Garapeneko Sailburuordetzako eta Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzako organoek eta unitateek.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 27ko 8/2005 Dekretua indarrik gabe geratu da.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenenngoa.- Dekretu honetako azken xedapenetatik lehenengoan jasotakoa bete arte eutsi egingo zaie Jaurlaritzaren Lehendakaritzako eta Jaurlaritzaren Sailetako egitura eta egitekoak finkatzen dituzten arau organikoei.
Bigarrena.- Harik eta Ekonomia eta Ogasun Sailean txertatutako organoen egitura eta eginkizunei buruz erabaki egokia hartu arte, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak beteko ditu bere eginkizunak, eta behar den administrazio mailako euskarria jarriko du, langileen, kontratazioaren, baliabide materialak eta informatikoak eskuratzearen eta ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketaren arloetan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- 1.- Sailburuek, Jaurlaritzari buruzko Legeko 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, lehendakariari aurkeztuko dizkiote -ahalbait lehenen- euren sailei dagozkien arautegi organikoei buruzko egitasmoak, onarpena eman diezaien. Sailburuei izendatutako jardun-arlo bakoitzarentzat Jaurlaritzaren programan jasotako helburuei eta programa hori argitu duten irizpideei egokituko zaizkie egitasmook.
2.- Arautegi horiek beteko dituzten eraketa irizpideak: zorroztasuna eta murrizketa, hau da, Jaurlaritzak oro har izan behar dituen sailburuordetzak eta zuzendaritzak orain artekoak baino gutxiago izan behar dute; eta gainera, egiturak lautu, eginkizun arloak batu, eduki zabaleko eginkizun arloak eraiki, egiturazkoak ez diren staff eginkizun arloak identifikatu eta informazioko teknologiez ahalik gehien baliatu behar da.
Bigarrena.- Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-eragiketak burutuko ditu Ekonomia eta Ogasun Sailak.
Hirugarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egun beretik izango du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2009ko maiatzaren 8an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.