Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2009ko maiatzaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2414

AGINDUA, 2009ko apirilaren 21ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena. Honen bidez, eman beharreko mailegu eta kredituei dagokienez, gehitu egiten da enpresa txiki eta ertainen finantza-egitura egokitzeko finantza-laguntza emateko programaren deialdiak guztira ezarritako zenbatekoa. Programa hori 230/2008 Dekretuak arautu zuen.

Enpresa txiki eta ertainen (ETE) finantza-egitura egokitzeko finantza-laguntza emateko programa garatu duen abenduaren 30eko 230/2008 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009ko aurrekontu orokorrak onartu dituen abenduaren 29ko 19/2008 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian jasotako finantzaketa jaso ahal izateko bidea arautu da. Izan ere, bertan, jarduteko ildo bi ezarri dira: bata berme-funts berezi bat sortzea -funtsak gehienez ere 100 milioi euro izango ditu eta euskal enpresei finantzaketa bermatzeko erabiliko da-, eta bestea, banako enpresariei, autonomoei, enpresa txiki eta ertainei finantzaketa emateko urte anitzeko lerro bat irekitzea; honek gehienez ere 500 milioi euro izango ditu eta zirkulatzailearen beharrizanak betetzeko erabiliko da.

Dekretuan honakoak arautu dira: kreditua lortzeko baldintzak, onuradunak, baliabideen erabilgarritasuna, kreditu eta maileguen baldintzak, elkarren bermerako sozietateen eta finantza-erakunde laguntzaileen aurrean jarraituko diren izapidetzeko prozedurak. Ondorio horietarako, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak beharrezkoak diren lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu programari atxikita dauden elkarren bermerako sozietateekin eta finantza-erakundeekin.

2008ko urtarrilaren 7ko Aginduak egin zuen enpresa txiki eta ertainetarako finantzaketa-ildoetarako lehenengo deialdia eta, horretarako, beharrezko arauak eman zituen, finantza-erakunde laguntzaileek hasiera batean guztira eman beharreko kreditu eta maileguen muga 120 milioi eurotan ezarri zuela.

Aipatutako aginduan ezarritako mugatik gertu dago lehenengo deialdia; hori dela-eta, eta aginduaren 1. artikuluko bigarren paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, egoki da finantzatzeko ildoetarako zenbatekoak gehitzea. Horretarako, finantza-erakunde laguntzaileek guztira eman beharreko mailegu eta kredituen muga handituko da.

Horregatik guztiagatik, dekretu honetako 8. artikuluan ezarritako ahalmenaren ondorioz, eta aipaturiko aginduko 1. artikuluaren bigarren paragrafoarekin bat etorriz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea da, eman beharreko maileguei eta kredituei dagokienez, 2009ko urtarrilaren 7ko Aginduak guztira ezartzen zuen zenbatekoari 120 milioi euro gehitzea. Aipaturiko 2009ko urtarrilaren 7ko Aginduak argitara eman zuen enpresa txiki eta ertainen finantza-egitura egokitzeko finantza-laguntza emateko programaren deialdia. Programa hori abenduaren 30eko 230/2008 Dekretuak garatu eta arautu zuen.

Horrela, finantza-erakunde laguntzaileek guztira 240 milioi euroko maileguak eta kredituak eman beharko dituzte. Baina kopuru hori handitu liteke, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak geroago emandako aginduen bitartez.

2. artikulua.- Eskabideak eta epea.

Finantza-laguntzaren programa eskuratzeko eskabideei erantzungo zaie, hain zuzen ere, agindu honen 1. artikuluan aipatutako maileguak eta kredituak edo artikulu horretan aurreikusitako eran egin beharreko gehikuntza egin eta gero sortzen den bolumena agortu arte. Behin maileguak eta kredituak agortuz gero, horren berri emango da Ogasun eta Finantza sailburuordearen ebazpen baten bidez (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da).

AZKEN XEDAPENAK

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 21a.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala