Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2009ko martxoaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
1444

55/2009 DEKRETUA, martxoaren 3koa, honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak premiazko okupazioa egin behar duela adierazten baita: Ibarrako biltegiaren proiektuak eragiten dien ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetuko dira.

Garapen Iraunkorreko Departamentuko diputatuak 2008ko irailaren 17an emandako Foru Aginduaren bidez, «Ibarrako biltegiaren proiektua» onartzeko legezko izapideei ekitea erabaki zen; proiektuak eragiten dien ondasun eta eskubideen zerrenda banakatua jendaurrean jartzeko erabakia ere hartu zen, nahitaez desjabetzeko. Ondoren, 2008ko azaroaren 18an Diputatuen Kontseiluak egin zuen bilkuran, ondasun eta eskubide horiek okupatzeko beharra adieraztea erabaki zen, eta Eusko Jaurlaritzari lanen premiazkotasunaren adierazpena eskatzea, desjabetze-dosierrak eragiten dien ondasun eta eskubide horien okupazioa Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluaren arabera egin ahal izateko.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen behar izan zenean, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luzaezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Egun, Ibarrako udalerria biltegi batetik hornitzen da, eta biltegi horren bolumena txikiegia da egungo zein etorkizuneko hornidura-beharretarako.

Lan hori Gipuzkoako Lurralde Historikoko Hornidura eta Saneamenduaren Plan Osoan sartzen da. Plan horretan, Tolosaldeko eskualdea Ibiurgo urtegitik hornitzeko sistemaren diseinua sartzen da, eta urtegi hori aurki hasiko da jardunean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Gobernu Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko martxoaren 3an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, Ibarrako biltegiaren proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzea. Berariaz hasiarazitako dosierrean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko martxoaren 3an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala