41. zk., 2009ko otsailaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Iragarkiak
SPRI SA
1117
IRAGARKIA, industriako edo berari lotutako zerbitzuetako enpresa gazte berritzaile eta hazkunde-gaitasun handia dutenek EAEn gauzatutako enpresa-proiektuetarako «Connect» izeneko laguntza programari buruzkoa.
Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua, SAren Administrazio Kontseiluak, 2008ko abenduaren 17an egin zuen bileran, industriako edo berari lotutako zerbitzuetako enpresa gazte berritzaile eta hazkuntza-gaitasun handia dutenek EAEn gauzatutako enpresa proiektuetarako «Connect» laguntza-programaren araudia onartzea erabaki zuen. Hona araudiaren testu ososa:
ZIOEN ADIERAZPENA
Lisboako Estrategian ezarritako helburuei erantzuteko, Lehiakortasun eta Berrikuntzarako 2007-2013 Esparru-programak (LBE) enpresa espiritua eta berrikuntza behar bezala sustatu beharra azpimarratzen ditu Europar Batasuna munduan ezagupen-ekonomiarik lehiakorrena eta dinamikoena bihur ahal izateko. Hazkuntza-gaitasun handiko enpresak sortu beharra azpimarratzen da bereziki, eta ekonomia aurreratuen gizarte- eta ekonomia-garapenerako funtsezkoak jotzen dira, azken batean kualifikazio handiko enplegua garatu eta sortzeko gaitasun handiena duten enpresak baitira.
Hala ere, «gazela» izena duten enpresa horiek garatzeak gaur egun traba handiak ditu. Finantzazioaren beharrak ez dira ohiko enpresek dituztenak, oro har epe luzeagoak behar dituzte kutxa-fluxu positiboak sortzeko eta hasierako inbertsio handiagoak errentagarritasuna lortzeko. Kapitalaren hasierako iturri komunak, sustatzaileak berak eta beren ingurune hurbilena eta arrisku-kapitaleko fondoak ez dira enpresa horiek behar dituztenak eta, ondorioz, kapitalizatzeko arazo handiak izan ditzakete. Inbertsioari lotutako arriskua handiagoa izan ohi da; baina, bestalde, gazela enpresak merkatu globaletan arin hazteko gaitasuna dute.
Beraz, enpresa horien ezaugarri bereziek tresna bereziak eskatzen dituzte arrakastatsuak izan daitezen. Horrenbestez, bultzada bat behar da, alde batetik EAEn enpresa horien kopurua handitzeko eta, bestetik, enpresa horiei ingurune globalizatuan lehiatzeko laguntza emateko.
Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekintzaileak badu ahulezia nagusi bat, enpresa berriek gaitasun eskasa dute hazteko. Errealitate horretaz jabetuta, Enpresa Lehiakortasun eta Gizarte Berrikuntzarako 2006-2009 Planak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2010 Planak (ZTBP), besteak beste, honako helburua dute: enpresa ekimen berri gehiago baldintza hobeetan garatzea, enpresa sortzeko prozesuan zehar laguntzak integratuz eta hasierako finantzarako hesiak gainditzeko laguntza emanez. Berariaz, nitxo teknologiko eta berritzaileetatik aktibatzea, merkatu-gaitasun handiagoa duten berrikuntzak merkaturatzeko eta EAEko ekonomia- eta gizarte-garapenerako laguntza eman dezaten.
Ildo horretan, ahaleginak honako helburu hauek lortzera bidali beharko dira:
- EAEn izaera berritzailea duten enpresen oinarria handiagotzea eta sendotzea.
- EAEn enpresa berritzaileak nazioartean zabaltzeko bultzada ematea.
- EAEko finantza-hornidura hobetzea, enpresa berritzaile gazteak kapitalizatzeko.
- EAEn presentzia globala izan dezaketen enpresa berritzaileen negozioaren eta berrikuntza-jardueren garapena bizkortu eta areagotzea.
Guzti horren ondorioz eta baliabide publikoak segmentu eta jarduera jakinei aplikatzeko asmoz, hain zuzen ere sustapen-egitekoa era eraginkorrean gauzatzen laguntzeko, Industriaren Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatea SAk (SPRI) beharrezkoa iritzi dio, gainerako erakunde sustatzaile eta laguntzaileekin koordinaturik, ekimen sustatzaile berritzaileen esku laguntza eta finantzaketa tresna integratu bat jartzeari beren enpresa proiektua abian jartzeko. Ondoren zehazten dira proiektu horietarako arauak:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.- Xedea.
Programa honen helburua enpresa-proiektuak finantzatzea du xede, hain zuzen ere industriako edo berari lotutako zerbitzuetako enpresa gazte berritzaile eta hazkuntza-gaitasun handia dutenek EAEn burututakoak eta, aldi berean, programaren erakunde laguntzaile moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentro baten (EBZ) babesa dutenak.
2. artikulua.- Diru-laguntzen izaera.
«Hazkuntza-gaitasun handikotzat» jotako enpresa proiektuak ondu eta garatze-prozesuan laguntza eta tutoretza espezializatua ematean datza. Diru-laguntza horiek itzuli beharrik gabekoak izango dira.
3. artikulua.- Erakunde onuradunak.
1.- Jarraian adierazitako baldintzak betetzen dituzten Enpresa Txikiek eskuratu ahal izango dituzte programa honek arautzen dituen diru-laguntzak:
- 50 langile baino gutxiago izatea.
- Urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 10 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
- Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta badago eta elkartutako horiek akzioen % 25etik gorako eta %50era arteko akzioak badituzte, datu horiek ehuneko berean egotziko zaizkio enpresa-talde osoari. Enpresa beste enpresa batzuekin loturik badago, eta hauek akzioen % 50etik gora badute, datu horiek % 100ean egotziko zaizkio enpresa-talde osoari. Nolanahi ere, horrela sortutako enpresa-taldeak berak bete beharko ditu aurreko betebehar horiek.
Alabaina, puntu honetan zehaztutako baldintzak interpretatzeko, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak definitzeari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan (2003ko maiatzaren 20ko EBAO, L 124) edo hori ordeztu edo aldatuko duten xedapenetan ezarritakoa hartuko da kontuan.
2.- Enpresak ez du 6 urte baino gehiagoko antzinatasuna izango eta, horretarako, kontuan hartuko da diru-laguntzaren eskabidea egiten den unean, betiere enpresa sortu zenetik, 6 urte iragan ez izana.
3.- Arau honetan araututako diru-laguntzak jaso ahal izateko, enpresak izaera berritzailea eta hazkuntza-gaitasun handia izan beharko ditu. Enpresaren I+G gastuek bere ustiapen-gastu guztiaren % 15a izan beharko dute, diru-laguntza eman baino lehenagoko hiru urteetako batean behintzat. I+G gastuei dagokienez, %15a oraingo zerga-aldiko kontu-ikuskaritzarako izango da. Kanpoko auditore batek ziurtatu beharko du enpresak izaera berritzailea duela eta I+G gastuen ehunekoari buruzko baldintzak betetzen dituela.
4.- Enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du egoitza edo, bestela, jarduera-zentro bat gutxienez.
5.- Enpresa eskatzaileek, halaber, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zor mugaeguneraturik ez izatea SPRI taldeko edozein elkarterekin, ez eta erakunde sustatzaile edo kolaboratzaileekin ere. Baldintza horietan egongo dira enpresa onuradunak, enpresa berriaren sustatzaileak edo horiei elkarturik dauden sozietateak.
b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eginda izatea, indarrean dauden legeetan eskatzen diren mugapenen arabera.
6.- Enpresa eskatzaileek onuradun direla egiaztatu behar dute laguntza-eskabidea aurkeztean eta, hartara, eskabide-inprimakian eskatutako agiriak entregatuko dituzte.
7.- Sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, beren organoak, sailak eta menpeko erakundeak bai eta administrazioa partaide nagusitzat duten enpresak edo erakundeak ere ezin izango dira diru-laguntza hauen onuradun.
4. artikulua.- Oinarri teknologikoko enpresatzat edota hazkuntza-gaitasun handiko enpresa berritzailetzat jotzea.
Oinarri teknologikoko enpresatzat edota hazkuntza-gaitasun handiko enpresa berritzailetzat jotzeko honako ebaluazio-irizpideak erabiliko dira:
1. artikulua.- Oinarri teknologikoko enpresatzat eta/edo enpresa berritzailetzat jotzea:
a) Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea.
b) I+Gn inbertsio-maila handiak izatea.
c) I+Gko proiektuak ustiatzea.
d) Enpresa horien industria-jabetza jabetza teknologiko babestua izatea.
e) Teknologia elkartegietan edo enpresa eta berrikuntza zentroetan kokatuta egotea.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko teknologia-eskaintza eskuratzeko moduan izatea.
g) Teknologia-ezagutza merkatuan sartzeko produktu edo prozesu berri bihurtzea.
h) Beren jardueran hasita egotea eta/edo programan honen 16. artikuluan aipatutako erakunde laguntzaile moduan Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta berrikuntza zentro batek babestuta egotea.
i) Nazioartekotzeko plana izatea, honakoak zehaztuta dituena: enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta egin beharreko ekintzak eta interesa duten eremuak eta horien epealdiak.
j) Informazioaren gizartean sartu eta garatzeko estrategia eta ekimena izatea, eta enfasi berezia egitea informazio- eta komunikazio-teknologiak enpresaren jardueraren garapenean eta negozio-ereduan ezartzeko.
k) Agindu honen ondorioetarako, halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat eta/edo enpresa berritzailetzat hartu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia eta Teknologia Planaren edo Gaitek, Innotek eta NETs programen babespean egindako ikerketa eta/edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria duten enpresa sortu berriak.
2.- Negozio aukera.
a) Langile-kopurua eta/edo fakturazioa hazteko gaitasuna.
b) Merkatu objektiboaren gaitasuna eta erakargarritasuna.
c) Zabaltzeko eta nazioartekotzeko estrategia. Bokazio globala.
d) Berrikuntza-maila eta lehiatzeko abantaila.
e) Berrikuntzaren bideragarritasun teknikoa.
f) Lehiakortasun-azterketa. Merkatuaren segmentazioa eta salmenta-estrategia.
g) Jabetza intelektualerako estrategia.
h) Enpresa proiektuaren jasangarritasuna.
3.- Talde kudeatzailea.
a) Talde kudeatzailearen kualifikazioa eta harremanetarako gaitasuna.
b) Talde kudeatzailearen konpromiso pertsonalaren maila.
c) Aldaketaren aurrean erantzuteko gaitasuna.
d) Nazioarteko Garapenaren arloko gaitasuna.
e) Lider izateko gaitasuna.
4.- Finantzaketa.
a) Enpresaren finantza gaitasuna eta kualifikazioa informazio fidagarria eskaintzeko, proiekzioak kontrolatzeko eta enparauen finantzazioa erakartzeko.
b) Enpresaren finantza-historiala eta finantza- eta ekonomia-alorrean estimatutako errentagarritasuna.
c) Proiektuaren inbertsio-planak.
d) Finantzaketa iturriak, ospe handiko diru-ekarpen publikoak egotea eta/edo banku-finantzaketa lortzeko aukerak.
5.- EAEko enpresen garapenerako politikaren alde estrategikoki jarrita egotea.
a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2010 Planaren lehentasunezko esparruetarako eta Enpresa Lehiakortasun eta Gizarte Berrikuntzarako Planaren estrategietarako garrantzia.
b) EAErako interes berezia duten, azaleratzen ari diren edo hazkuntza-gaitasun handia duten jarduerak garatzea.
Artikulu honetan ezarritako parametro ezberdinak baloratzeko Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietateak Enpresa eta Berrikuntza Zentro baten txostena izango du Programa honen erakunde laguntzaile moduan (16. artikulua) eta, hala badagokio, profesional independenteen txostenak, bidezko iritzitakoak, programaren Batzorde Betearazleari proposamena egiteko.
II. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN ARAUBIDEA
5. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoak.
Diru-laguntzen zenbatekoak onartutako gastu garbiaren % 100 jaso ahal izango du, betiere 400.000 euroko mugapenarekin, eta beste 100.000 euro gehiago Connect Programako Batzorde Betearazleak bikain jotako proiektuetarako, hau da, ondoren azaltzen diren egoeretako batean daudenetarako: 1.- Enpresa dagoen sektoreari berrikuntza edota garapen teknologiko argia ekartzen dionean, 2.- Teknologia berriak ezartzeak proiektuei aldaketa kualitatiboa eta enpresaren lehiakortasuna biziki areagotzea ekartzen dienean edo, 3.- Teknologikoki aurreratuak diren proiektuak.
6. artikulua.- Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.- Industria Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak enpresa onuradunei ematen dizkien diru-laguntzak. Baltzuak administratuko ditu ordainketak beroiek egin ahala eta proiektua abian jartzeko gastuak behar bezala egiaztatzen direnean.
2.- Onartutako gastu garbia zenbatzeari dagokionez, honakook onartuko dira:
- Zuzendaritza taldearen lansariak (Intentsitatea lanbide-kategorien arabera ponderatuta).
- I+G pertsonalaren gastuak (ikerlariak, teknikariak eta laguntzaileak).
- Tresna eta ekipamenduen kostuak.
- Enpresa proiektua gauzatzeko beharrezko diren lokalen alokairuaren kostuak.
- Aholkularitza-zerbitzuen eta patenteen kostuak.
- Enpresa heziketa eta heziketa espezifikoa.
- Aholkularitza eta kanpoko laguntza teknikoaren kostuak.
- Prospekzio-azterlanak eta dokumentazioa.
- Azoketara joatea, bidaiak eta abar.
Oro har, enpresa-proiektua abian jartzeko beharrezko diren gastu edo inbertsio guztiek jaso ahal izango dute diru-laguntza, talde ebaluatzaileak aurrekontua onartu ondoren.
7. artikulua.- Gauzatzeko epea.
Programa honen eremuan eman beharreko laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira, diru-laguntza jasotzeko onartutako gastuen gainekoak. Gehienez 36 hileko epean egin beharko dira gastuak proiektua onartzen denetik hasita.
8. artikulua.- Diru-laguntzak pilatu eta beste laguntzekiko bateragarritasuna.
1.- Programa honetan ezarritako diru-laguntzak jaso dituzten onuradunek beste diru-laguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, diru-laguntzen izaera edo beroiek ematen dituen organo edo administrazioa edozein dela. Onuradun bakoitzak jaso behar dituen diru-laguntza guztiak jakin ondoren, programan honetan ezarritakoaren indarrez jaso ditzakeen diru-laguntzak zehazteko honako hauek hartuko dira kontuan: Europar Batasunean indarrean dauden arauak, beren-beregi Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako Estatuek ematen dituzten diru-laguntzei buruz Europar Batasunaren esparruan ezarritakoa eta Batzordearen 800/2008 Erregelamendua, hain zuzen ere zenbait diru-laguntza kategoria merkatu bateratuarekin bateragarriak aitortzen dituena, Itunaren 87. eta 88. artikuluen arabera (kategorien salbuespenen erregelamendu orokorra), EBAO, L 214, 2008ko abuztuaren 9koa, 3. orri. Programa honen bidez jasotako diru-laguntzak ez dira Estatuaren inolako diru-laguntzarekin ez eta diru-laguntza jaso dezaketen gastu berberei dagokien «minimis» neurrirekin batuko baldin eta batuketak Batzordearen 800/2008 Erregelamenduak ezarritako diru-laguntza baino intentsitate handiagokoa bada.
2.- Onuradunek Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren diru-laguntzak jaso ostean Sailari beste administrazio edo erakundeetatik jaso dutela jakinarazten badiote, diru-laguntzak ezin izango dira aurreko zenbakian adierazitako mugapenetik gorakoak izan eta, gorakoak izanez gero, programa honen bidez jasotako diru-laguntzak gutxitu egingo dira mugapen hori lortzeko dagokion zenbatekoan.
III. KAPITULUA
PROZEDURA
9. artikulua.- Laguntza-eskabidea aurkezteko epea eta modua.
1.- Eskabideak aurkezteko epea urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egongo da zabalik, programa indarrean dagoen ekitaldi bakoitzean.
2.- Enpresa onuradunek Enpresa eta Berrikuntza Zentro baten bidez (16. artikulua) aurkeztuko dituzte laguntza-eskabideak eta eskabide-agiriak bertan eskuratu ahal izango dira.
3.- Eskabideak proiektua hasten den ekonomia-ekitaldian aurkeztu beharko dira eta eskabidean ezin izango dira sartu proiektua aurkeztu aurretik egindako gastu edo inbertsioak.
10. artikulua.- Aurkeztu beharreko agiriak.
1.- Enpresa eskatzaileak honakoak aurkeztu beharko ditu:
a) Eskabide-agiria behar bezala beteta eta, horretaz gain, pertsona edo talde eskatzaileak eta, enpresa izanez gero, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonak izenpetuta.
b) Proiektuaren memoria xehatua, barruan honako hauek daramatzala:
● Enpresaren jarduera eta proiektuari buruzko memoria. Bertan egiaztatu beharko da enpresa oinarri teknologikoko enpresa edo enpresa berritzailea dela.
● Proiektuaren memoria teknikoa,
● Proiektuaren ekonomia- eta finantza-memoria.
c) Eratze-eskrituraren fotokopia, identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia eta pertsona eskatzailea edo eskatzaileak ordezkatzeko ahalmenaren kopia fede-emailea.
d) Azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan utzitako urteko kontuen kopia eta dokumentazio osagarria, edo, horien ezean, Sozietateen gaineko Zergaren edo, hala behar izanez gero, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken bi aitorpenak.
e) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eginak dituela egiaztatzen duen agiria.
f) Ondorengo alderdiei buruzko zinpeko aitorpena:
● Eskatzailea enpresa txikia izatea, eta enpresako eta, hala gertatuz gero, berarekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako enpleguaren, negozio-bolumenaren eta balantze orokorraren urteko datuak eta taldearen datu orokorrak, diru-laguntza eskatu aurreko bi ekitaldienak.
● Proiektu berarentzat beste erakunde publiko edo pribatuei eskatu eta/edo hauengandik jasotako laguntzak.
● Enpresa eskatzaileak zehapen administratibo edo penalik ez duela jaso eta diru-laguntza publikoak jasotzea galarazten dion legezko debekurik ez duela.
2.- Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak edota Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak SAk bidezko iritzitako agiriak edo argibideak eskatu ahal izango dizkiote enpresa eskatzaileari hain zuzen ere aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu edo izapidetzeko.
11. artikulua.- Proiektuen azterketa.
1.- Eskabideak akatsak baditu edo jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan aipatutako agirietako bat falta dela atzemanez gero, Enpresa eta Berrikuntza Zentroak edo Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak errekerimendua egingo dio enpresa interesdunari eta 10 eguneko epea emango dio akatsa konpontzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio hala egiten ez badu eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere Programaren Batzorde Betearazleak hala ebatzi ondoren. Eskabidea osorik ez badago, aurkeztu bakotzat joko da harik eta behar bezala bete arte.
2.- Prozeduraren izapideak egiterakoan, ebatzi baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak emandako txosten xehatu bat eta horrekin batera enpresak aurkeztutako agirien zerrenda igorri behar zaizkio Industria Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari. Txosten horrek, alde batetik, enpresak aurkeztutako informazio guztia zehaztu beharko du eta, beste aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroaren balorazioak, bai informazio horri buruzkoak bai zentroak duen jarraipen-eginkizunari atxikiz ikusi dituen eta nabarmentzat jotzen dituen beste alderdiei buruzkoak, hain zuzen ere proiektua programa honen esparruan hautagarria den ala ez zehazteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak, nolanahi ere, espedientea noiz osatu den adierazi beharko du.
3.- Industria Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak honakoak aztertu eta ebaluatu beharko ditu: aurkeztutako eskabideak, dagokion Enpresa eta Berrikuntza Zentroaren txostena eta, gutxienez, baltzuak berak aukeratutako kanpoko txosten independente bat.
12. artikulua.- Ebazpena eta jakinarazpena.
1.- Proiektuei laguntza eraginkorragoa emateko, programa honen bidez ahalik eta eperik laburrena erabili nahi da diru-laguntza eskatzen denetik eman arte; horregatik, espedientea osorik dagoenean esleituko dira, hurrenkera horretan. Ekitaldi bakoitzean programa honetarako izendatutako aurrekontua gainditzen denean ezetsi egingo dira diru-laguntzak ebazpen baten bidez.
2.- Batzorde Betearazlea Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren Administrazio Kontseiluak izendatuko du eta bost kide izango ditu gutxienez eta bederatzi gehienez.
Batzorde honek bilkurak egiteko ahalmena izateko nahikoa izango da bertan batzordeburua eta idazkaria eta beste hiru kide gutxienez izatea.
3.- Eratu beharreko Batzorde Betearazleak eskabideak aztertu eta ebaluatuko ditu eta, era berean, diru-laguntzak ebatziko ditu.
4.- Ebazpena e-mail bidez igorriko zaio enpresari, Industria Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuan eskabidea jaso eta 4 hilabeteko epean gehienez, edo 6 hilabeteko epean Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroan agiri guztiak aurkezten direnetik (10. artikuluan jasotakoak dira agiri guztiak).
13. artikulua.- Gastuen justifikazioa eta ordainketa.
1.- Enpresa onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroaren laguntzarekin, 6 hilabeterik behin, ondoren adierazten diren agiriak aurkeztu beharko ditu Industria Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuan:
- Enpresaren eboluzioari eta proiektuari buruzko memoria eguneratua.
- Aurreikusitako helburuak bete diren eta egindako gastuak, betiere proiektuari lotutakoak.
- Helburu berriaren aurreikuspena, gauzatu beharreko jarduerak eta gastuak.
- Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Idazkaritza Nagusian ordaindu beharrekoa egina izatea.
2.- Aitortutako gastuak Industria Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak ikuskatuko ditu, laginketa-metodoak erabilita eta/edo kanpoko auditorien bitartez. Enpresa onuradunak ikuskaritza-zerbitzuaren eskueran jarriko ditu diru-laguntzaren gai den proiektuarekin zerikusia duten agiri guztiak.
Horrez gain, beharrezkotzat jotzen dituzten informazio eta agiriak eskatu ahal izango dituzte adierazitako erakundeek.
3.- Agirietan jarri beharreko datu guztiak agertzen ez badira, edo lehen aipatutako agirietako bat falta dela atzemanez gero, edo beharrezko informazioa argitu edo zabaltzeko gehigarrizko agiriak aurkeztu behar badira Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak errekerimendua egingo dio enpresa interesdunari eta 10 eguneko epea emango dio akatsa konpontzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio hala egiten ez badu eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela.
4.- Agiriak aztertu ostean Batzordeari jakinaraziko zaio eta honek dei egin ahal izango diro enpresari aurkeztutako agiriekin batera proiektuaren eboluzioari buruzko azalpen zehatza egiteko eta, bidezkoa izanez gero, proiektuari buruzko ordainketa-proposamena egiteko.
5.- Enpresa onuradunak Industria Sutapen eta Eraldaketarako Baltzuan agiri guztiak aurkezten dituenetik ordainketa-ebazpena eman arteko aldia ez da 4 hilabetetik gorakoa izango.
14. artikulua.- Informatu beharra.
1.- Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak eskubidea du programa honen egikaritzea eta aplikazioa bermatze aldera egoki ikusten dituen egiaztapen, ikuskaritza eta gainontzeko kontrol neurriak gauzatzeko eta baliabide publikoak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko.
2.- Enpresa onuradunak fakturen koadroaren arabera aurkeztutako fakturek 5 urtez egon behar dute artxibatuta eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura egongo dira.
3.- Diru-laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea enpresa onuradunen betebeharra da.
15. artikulua.- Ez-betetzeak.
1.- Egiaztatze-lanetan ikusten bada diru-laguntzaren onuradunak edo finantza-erakundeak ez duela programa honetan ezarritako baldintzetakoren bat bete, kobratu dituen diru-kopurua itzul dezala eskatuko dio Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak eta, hala behar izanez gero, itzulketa hori egin dadin behar diren legezko jarduerak martxan jartzeari ekingo dio.
IV. KAPITULUA
ERAKUNDE LAGUNTZAILEA
16. artikulua.- Erakunde laguntzaileak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (EBZ) programa honen erakunde laguntzaileak dira:
- Arrasateko Eraberrikuntza Industrialdea SA (Saiolan).
(Uribarri Auzoa 3, behekoa 1, 20500 Arrasate/Mondragón - Gipuzkoa).
- Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (Berrilan).
(Azitain poli. indus, 3- 2 eraikina, 2. solairua. 20600 Eibar - Gipuzkoa).
- Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (CEIA).
(Arabako Parke Teknologikoa- ACBZ eraikina. 01510 Miñano Mayor - Araba.).
- Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa (CEDEMI)
(Bizkaiko Labe Garaiak etorbidea 33, 48902 Barakaldo - Bizkaia).
- Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).
(Sangróniz errepidea 6, 48159 Sondika - Bizkaia).
Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak, erakunde laguntzaile diren aldetik, honako egitekoak izango dituzte.
a) Sustatzaile edo sustatzaile-taldeari harrera egitea.
b) Enpresa eskatzaileari eskabidea, memoria eta abar gauzatzeko laguntza ematea.
c) Enpresa onuradunak programa honetan jasotako eskakizun guztiak betetzen dituela egiaztatzea.
d) Proiektuaren laguntza-txostena egitea.
e) Helburuen garapenean eta justifikazio-gastuetan eta likidazio-aurkezpenean enpresa onuraduna laguntzea.
AZKEN XEDAPENAK
1.- Programa honen laguntza-neurrien indarraldia EHAAn argitaratu eta biharamunean hasi eta 2010-12-31n amaituko da, baina hala ere adierazten da aurkezten diren eskabideak ekitaldi bakoitzean hurrenkera kronologikoaren arabera aztertuko direla, behar bezala betetzen direnetik, eta urtean helburu horretarako gaitu den kreditua agortu arte. Kreditua agortu eta gero, ez da eskabiderik aztertuko, nahiz eta aurkezturik egon.
2.- Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena. Enpresa onuradunak, dagokien edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitezkeen auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazioak konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.
3.- Eskatzaileak emandako datu pertsonalak Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren fitxategi informatiko batean sartu ahal izango dira, diru-laguntzen programa hau behar bezala kudeatu ahal izateko eta aurkeztutako eskaeren jarraipena egiteko. Orobat jakinarazten da hemen agertzen diren datu pertsonalak Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak erabili ahal izango dituela, baltzuaren beraren jarduerari eta interesgarri izan daitezkeen ekitaldiei buruzko argibideak emateko.
Eskabide- edo likidazio-inprimakietan eskatzaile ez diren pertsona fisikoei buruzko datu pertsonalak sartu behar badira, aurreko paragrafoan esandakoa jakinarazi beharko zaie datu horiek sartu baino lehen.
Eskatzaileak datuak sartzeko, zuzentzeko, deusezteko eta aurkatzeko eskubideak erabil ditzake Industria Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari zuzendutako idatzizko jakinarazpen baten bidez (Urkixo zumarkalea, 36-4., Bizkaia Plaza eraikina, Bilbao 48011), datu pertsonalak babesteko indarrean daude legeen arabera.
4.- Programa honetan aurreikusi ez den guztiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta aplikagarri den Estatuko edota Europar Batasuneko legerian xedatutakoari jarraituko zaio.
Bilbao, 2008ko abenduaren 17a.
Zuzendari nagusia,
MAURICIO LAZCANO BROTONS.