Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2009ko otsailaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1091

EBAZPENA, 2009ko otsailaren 18koa, Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordearena; honen bidez, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak 2009ko ekitaldian «Elkartzen Programa»rako ematen dituen laguntzen deialdia argitaratzen da. Programa horren bidez laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, kanpo sustapeneko ekintzak egin ditzaten.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2005eko martxoaren 15eko Aginduak Elkartzen Programa arautu zuen. Programa horren bidez laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei kanpo sustapeneko jarduerak egin ditzaten.

Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira, abenduaren 29ko 19/2008 Legean ezarritakoaren arabera (abenduaren 31ko EHAA, 250. zenbakia).

Aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak 2009ko ekitaldian emateko deialdia egitea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritako ahalmenaren indarrez, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Ebazpen honen xedea da «Elkartzen Programa»ko laguntzak 2009ko ekitaldian emateko deialdia egitea. «Elkartzen Programa»ren bidez laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, kanpo-sustapeneko jarduerak egiteko. Programa hori, bestalde, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2005eko martxoaren 15eko Aginduaren bidez arautu zen.

Xede horretarako, guztira, 900.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan (abenduaren 29ko 19/2008 Legea) horretarako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz.

Diru-kopuru hori aldatu ahalko da, betiere diru-laguntzei buruz ebazpena eman aurretik, eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren ikusi ondoren, eta, baldin eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak beste programa batzuk burututakoan aurrekontuko diru-kopururik ahitu gabe geratzen bada. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri eman beharko da, Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordearen ebazpen bidez. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (Feder) programa hau finantzatzen lagundu du 2007-2013 eperako.

2. artikulua.- Eskakizunak.

«Elkartzen Programa»ren laguntzak -alegia, kanpo sustapeneko ekintzak egiteko, irabazi-asmorik gabeko erakundeei ematen zaizkien laguntzak- eskuratzeko, programa hori arautzen duen aginduaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dituzte eskatzaileek.

3. artikulua.- Eskabideak eta epea.

1.- Eskabidea egiteko arauzko eredua Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean bertan jaso ahal izango da, baita Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen lurralde-bulegoetan ere; bestela, interneteko helbide honetan ere jaso ahal izango da: www.ej-gv.net.

2.- Eskatzaileek leku hauetan aurkez ditzakete eskabide-orria eta gainerako agiri osagarriak: Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean; Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak lurralde historiko guztietan dituen lurralde-bulegoetan; eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.- Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2009ko apirilaren 3an.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.- Deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Bigarrena.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hara.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 18a.

Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordea,

JOSÉ IGNACIO TELLECHEA FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala