41. zk., 2009ko otsailaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1089
AGINDUA, 2009ko otsailaren 4koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena; horren bidez bigarren aldiz aldatzen da turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programa arautzen duen agindua.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko maiatzaren 17ko Aginduak turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programa arautzen du. Horren ondoren, 2008ko otsailaren 25eko Aginduak aldatu zuen, eta orain, laguntzen programa «Hor Dago» 2009-2012 Euskadiko Turismo Marketing Planean zehazten den Euskadirentzat Sustatzeko eta Merkaturatzeko Planera nahiz turistei informazioa emateko sistema berrietara egokitzeko, Aginduaren artikuluetan hainbat aldaketa egin beharra ikusi da.
Horiek horrela, honako hau
XEDATU DUT:
Lehenengo artikulua.- Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko maiatzaren 17ko Aginduaren 3. artikuluko 2.A idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:
«2.A - " Euskadi ... made in" markakako Turismoa Sustatzeko Programa Orokorrak. Jarraian adierazten diren ataletako bi jarduera gutxienez hartu beharko dituzte barnean programa horiek:
Sustapen-ekintzak egitea eta azoketara, jardunaldietara eta abarretara joatea. Azken horietara joatean, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak parte hartzen badu, sailak berak koordinatu beharko du.
Turismoaren arloko sustapen-materiala sortzea eta argitaratzea (adibidez, azken kontsumitzailearen liburuxkak, produktuen inguruko liburuxkak, DVDa eta abar, sustapen-opariak izan ezik).
Turistei informazioa emateko sistema berritzaileak (web-orriak garatzea, gailu mugikorrak eta abar).»
Bigarren artikulua.- Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko maiatzaren 17ko Aginduaren 3. artikuluko hirugarren paragrafoaren 2.A.1.1 idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:
«- Toki-erakundeak: onartutako gastu garbiaren % 40, eta gehienezko zenbatekoa 15.000 euro izango da».
Hirugarren artikulua.- Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko maiatzaren 17ko Aginduaren 3. artikuluko 2.C idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:
«2.C - «Hor Dago» 2009-2012 Euskadiko Turismo Marketing Planean zehaztutako produktu-lerroetan bilduta dauden turismo-produktu berritzaileak sortu eta merkaturatzea, honako hauek hain zuzen ere: Euskading, hondartza, kultura-turismoa, city break-ak, landa-turismoa, natura, gastronomia eta ardoak eta meetingak.»
Laugarren artikulua.- Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko maiatzaren 17ko Aginduaren 3. artikuluari 10. puntua erantsi zaio eta honela geratu da:
«10.- Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakunde edo pertsona eskatzaileak ezin izango dira agindu honetan araututako laguntzetara bildu, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenak ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumezkoen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.»
Bosgarren artikulua.- Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko maiatzaren 17ko Aginduaren 4. artikuluko 1. puntua aldatu da eta honela geratu da:
«1.- Agindu honetan ezarritako laguntzek 2006ko abenduaren 15eko Batzordearen 1998/2006 zenbakiko Araudian (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei edo Europar Batasunaren esparruan ildo beretik emandako bestelako jarraibide edo xedapenei aplikatzeari dagokio.»
Seigarren artikulua.- Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko maiatzaren 17ko Aginduaren 11. artikuluko f) idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:
«f).- Onuradunak nahitaez aipatu beharko du Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lankidetza, «Euskadi ....made in» turismo-sustapenaren mezua eta sei turismo-markak zabalduta Ikus Identitatearen Eskuliburuan adierazten den moduan. Era berean, proiektua gauzatzeko erabili diren produktuen ale bat emango da, hala nola, azterketak, liburuxkak, programak, DVDa eta abar; baita proiektua egin dela egiaztatzeko eskatzen den beste edozein dokumenturena ere proiektua egin dela justifikatzen den unean.»
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Turismo sailburuordeari eskumena ematen zaio agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak eman ditzan, baita agindu horri dagokionez sortuko diren zalantza zehatzak argi ditzan ere.
Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean Agindu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 4a.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
ANA AGUIRRE ZURUTUZA.