Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2009ko otsailaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1085

38/2009 DEKRETUA, otsailaren 17koa, Irungo «Taupadak, ONG para el Desarrollo» elkartea herri onurakotzat aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Irungo «Taupadak, ONG para el Desarrollo» elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez herri-onurako erakundea dela aitortzea merezi duelako, garapen-bidean dauden herrialdeen arazoen inguruan, euskal gizartean elkartasun-kontzientzia sustatzeko egiten dituen ekintzengatik.

Elkartea 1997ko urtarrilaren 17an eratu zen, eta jardute-eremua Euskal Autonomia Erkidegoan du nagusiki. Elkarteen Erregistroan 1997ko martxoaren 4an inskribatu zen G/06592/97 zenbakiarekin.

Irungo «Taupadak, ONG para el Desarrollo» elkarteak, sortu zenez geroztik, bere helburu nagusia erdiesteko beharrezko diren jarduerak egiten ditu, hau da: garapen-bidean dauden herrialdeen arazoen inguruan, euskal gizartean elkartasun-kontzientzia sustatzen du, miseria eragiten duten faktoreetan eta egoera horrek hirugarren eta lehen munduan dituen ondorioetan sakonduz. Gizarteak, benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan agindutakoarekin bat etorriz, herri-onurako aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek -gaiaren arabera- eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, Irungo «Taupadak, ONG para el Desarrollo» Elkartea onuragarria dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak, bai instituzioak.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, interesaturik dauden erakunde eta entitateek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko otsailaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Irungo «Taupadak, ONG para el Desarrollo» Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean G/06592/97 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, herri-onurakoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2002 Legeko 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko otsailaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala