Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2009ko otsailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
880

AGINDUA, 2009ko urtarrilaren 26koa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, 2009ko ekitaldiko deialdia egin duena azaroaren 21eko 234/2000 Dekretuak aurreikusi dituen laguntzetarako. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren menpe-menpeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzak arautu ditu.

Azaroaren 21eko 234/2000 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren menpe-menpeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzak arautu ditu (EHAA, 226. zk., 2000ko azaroaren 24koa). Hona dekretu horren xedea: dirulaguntzak emateko araubidea bildu eta arautzea; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan arrantzaren menpe-menpean bizi diren eskualdeak, bertako ekoizpen-sarearen dibertsifikazioaren bitartez, berrindartzeko eta eraberritzeko jarduerak eta inbertsioak finantzatzeko.

Dekretu horren 5.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, urtero, Nekazaritza eta Arrantza (orain, Nekazaritza Arrantza eta Elikadura) sailburuaren agindu batek honakook ezarriko ditu, besteak beste: laguntza-eskabideak aurkezteko epeak irekitzea eta eskueran dagoen aurrekontu-kredituaren berri ematea.

Bestalde, aurtengo laguntzetarako deialdia honako arau hauen babesarekin egin da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2009ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 19/2008 Legea.

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.- Eskabideak aurkezteko epea.

Azaroaren 21eko 234/2000 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren menpe-menpeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzak arautzen ditu. Bada, dekretu horrek arautzen dituen laguntzetara biltzeko eskabideak aurkezteko epea, 2009ko ekitaldian, hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.- Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.- Laguntza-eskabideak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako bideetariko edozein erabiliz.

- Eusko Jaurlaritza. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila. Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendaria. Donostia- San Sebastián kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

- Eusko Jaurlaritza. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. Kale Nagusia 81, 48011 Bilbao.

- Eusko Jaurlaritza. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila. Arrantzaren Antolamendurako Zerbitzua. Easo kalea 10 - 20006 Donostia-San Sebastián.

2.- Eskabideak azaroaren 21eko 234/2000 Dekretuaren 5.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera aurkeztuko dira. Halaber, horiekin batera zinpeko aitorpena bidali beharko da, eskatzaileak ez duela diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dituzten zehapen administratiborik edo penalik jaso, eta ez daukala horretarako legezko inolako debekurik egiaztatzeko, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Ekonomia-baliabideak.

1.- Agindu honetan adierazitako laguntzetarako 4.603.144,82 euro erabiliko dira, guztira, 2009ko ekitaldian. Horietatik 903.144,82 euro 2009ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio; 3.700.000 euro berriz, 2010eko ekitaldiko konpromiso-kredituari. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarri den kredituaren arabera.

2.- Deialdi honen kontura eman beharreko laguntzen kopuru osoak ez du esandako aurrekontu-kontsignazioa gaindituko, ezta -indarrean dagoen legeriak kreditu-loturari edo aurrekontu-aldaketari buruz aurreikusi duenaren arabera- aurrekontuetan ezarritako kopuru hori eguneratzearen ondorioz ezartzen den kopurua ere. Horregatik, diru-laguntzen kopurua amaitu ondoren, ezin izango da berririk esleitu, eta une horretatik bertatik galduko du indarra xedapen honek, laguntza berriak esleitzeari dagokionez. Ematekoak diren laguntzen zenbatekoa aldatuz gero edo laguntzen zenbatekoa agortzen bada, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariaren ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

Laugarrena.- Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtso aurkeztu ahal izango diote Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 26a.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala