Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2009ko otsailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
876

AGINDUA, 2009ko otsailaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuarena, Eskolako Agenda 21 programa garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei eman beharreko diru-laguntzak arautzen dituena.

Lurrari buruzko Gailurra egin zenetik (Río de Janeiro-1992), Garapen Iraunkorra ingurumenaren aldetik lurraren etorkizunaren giltzatzat jotzen da. Heziketa ere funtsezko eragiletzat hartzen da, jendearen jarrera aldarazteko, ingurumenaren arazoei eraginkortasunez heltzeko eta, aldi berean, oraingo eta geroko belaunaldien beharrak egoki asetzeko.

Gailur horretan sinatu ziren agiri nagusietako bat Agenda 21 da. Horrela deritzo Nazio Batuek garapen iraunkorraren bidean aurrera egiteko gomendatzen duten ekintza-planari. Bada, 1994an, eta Agenda 21 horrek toki erakundeentzat ezarritako ildoei jarraituz, Aalborgeko gutuna sinatu zen, eta horrela hasi zen Europan kanpaina berezi bat, hain zuzen ere, euren lurraldeen garapen iraunkorraren alde egin nahi duten hiriena.

Euskal Autonomia Erkidegoan garapen iraunkorraren aldeko apustua egin zen, Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren bitartez, eta lehendakariak berretsi egin zuen 2001eko urtarrilaren 22an, Euskal Autonomia Erkidegoko Iraunkortasunaren aldeko Konpromisoa sinatu zuenean. Bestalde, EAEko Garapen Iraunkorraren Ingurumen Estrategiak (2002-2020) Gobernu Kontseiluak 2002ko ekainaren 4ko bilkuran onetsia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programak, hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazioa, besteak beste, beharrezko baldintzatzat jotzen dituzte garapen iraunkorraren bidean aurrera egiteko. 2007-2010 epeari dagokion II. Ingurumeneko Esparru-Programan, 2012rako derrigorrezko irakaskuntza ematen den ikastetxeen % 100etan Eskolako Agenda 21 ezartzeko konpromisoa hartzen da, besteak beste.

Eskolako Agenda 21 programa ikastetxearen kalitate eta iraunkortasunerako hezkuntza programa bat da. Hezkuntza komunitatearen partaidetzan dago oinarrituta, ikaslegoari aparteko protagonismoa emanaz eta udalerriaren garapen iraunkorrean lagunduz. Gainera, Eskolako Agenda 21ek kurrikulua berritzea dakar berarekin. Metodo eta edukiei buruzko alderdiak aztertu eta berritu beharko dira; ikasleak, bere mailan, bere inguruneko ingurumen-arazoak ezagutu eta horietaz jabetu dadin, eta modu arduratsuan gizarte justuago eta ekologikoki iraunkorrago baten alde egiten lagunduko dion hezkuntza-praktika proposatzen du.

Garapen Iraunkorrari buruzko Munduko Goi Bileran (Johannesburg-2002), 2005-2015 bitarteko urteak «Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkada» izendatzea onetsi zen.

Horregatik guztiagatik, hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazio eremuan lehentasuneko helburua da eskola-esparruko esku-hartzea bultzatzea, ingurumen-gaiei buruzko informazioa eta gaikuntza emateko eta, horrela, garapen iraunkorreraino heltzeko beharrezkoa den aldaketa eragiteko balioetan, jarreretan eta jokabideetan.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak ezinbesteko deritze erakundeen diru-laguntzei, ikastetxeetan iraunkortasunerako hezkuntzako berariazko proiektuei ekiteko, ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan hala nola egitarau eta hezkuntza-unitateetan ikuspegi hau sendotzeko asmoz, ikasleek edo hezkuntza-komunitateak garapen iraunkorrean konprometitzeko gaituko dituzten kontzientzia, gaitasuna, ezagupena eta baloreak gara ditzaten.

Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, iraunkortasunerako hezkuntza eskola-egitarauetan sartu beharra dagoela iritzita, egoki deritzo ikastetxeek eta irakasleek ingurumen arloan garatzen duten lana onartzeari.

Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan xedatutakoari atxikiz, hauxe

XEDATU DUGU:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen xedea da: eman beharreko diru-laguntzak arautzea, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak berariaz egindako aurrekontuaren kargura, norgehiagokako prozeduraren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei 2009-2010 ikasturtean Eskolako Agenda 21 programak taxutu eta egin ditzaten.

2.- Xede horretarako, gehienez ere, milioi bat ehun eta berrogeita hamar mila (1.150.000) euro emango dira, agindu honetako lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritakoa kaltetu gabe.

2. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuek zein publikoek esku hartu ahal izango dute deialdian. Eskolako Agenda 21 programa ezarrita dagoen udalerrietako ikastetxeei zuzendurik dago diru-laguntza.

2.- Erakunde onuradunak egunean egon beharko du tributuekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek antzeko beste diru-laguntza batzuk eman ondoren, horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da erakunde onuradunei diru-laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

4.- Erakundea ezin da egon diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten, ezta Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Amaierako Seigarren Xedapenean ezarritakoetan ere.

3. artikulua.- Proiektuaren betebeharrak.

1.- Deialdi honetan, ikastetxeetan garatuko diren jarduera guztiak; ikasgelako jarduerak, EAE barruan eskolaz kanpoko ingurumen-hezkuntzan diharduten ikastetxeetako egonaldiak eta EAEko ingurumen-ondarea ezagutzeko ibilbideak edo bisitaldiak bilduko dituen proiektu bakar batean aurrera eramango dira.

2.- Diru-laguntza honen xede diren ekintzak 2009-2010 ikasturtean garatuko dira.

3.- Eskaera egiterakoan, ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programan parte-hartze konpromisoa sinatu beharko dute. Bertan programa sustatzeko taldearen kideen izendatzea eta diru-laguntza eskatzen duteneko jardueren aurreikuspena zehaztuko dute (A1 eranskina).

4.- Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak eta klaustroak eskaera egin aurretik proiektuaren jakinaren gainean egon eta harekiko adostasuna azaldu beharko du (A6 eranskina).

5.- Egonaldiak egingo diren ingurumen-hezkuntzako eskolaz kanpoko ikastegiak eta ingurumen-ondarea ezagutaraztera zuzendutako ibilbideak edo bisitak, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuak egon beharko dira.

6.- Proiektuak garatzeko, ikastetxeek Ingurugelaren lankidetza, prestakuntza, aholkularitza eta laguntza teknikoa izango dute. Deialdi honen ondorioetarako, proiektu bakoitzari, dagokion Ingurugelako aholkulari bana esleituko zaio gutxienez.

7.- Eskatutako aurrekontua proposatutako jardueretara egokitu beharko da. Era berean, aurkeztutako gastu guztiei aurre egiteko behar adinako diru-sarrerak badaudela egiaztatu beharko da (A4 eranskina).

8.- Ikastetxeak, bere antolamendu-autonomiaren barruan, proiektuko Talde Sustatzailearen kideen ordutegiak egokitzea bermatu beharko du, talde horretan dituzten egitekoekin horiek bateratzeko, eskola-orduei zein horien banaketari dagokienez, eta ikastetxearen ordutegiaren arabera. Ikastetxe Publikoetan, betiere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasturtearen hasieran irakaskuntzako etapa eta modalitate desberdinetarako ematen dituen zirkularretan jasotako arauak beteko dira.

4. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Agindu honen xede diren diru-laguntzak lortu nahi dituzten erakunde eskatzaileek eskaera orria behar bezala beteta eta eranskinean agertzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte.

2.- Eskabide bat baino ez da onartuko ikastetxe bakoitzeko.

3.- Eskabidea aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean hasi eta 2009ko maiatzaren 8an amaituko da, 2009-05-08a barne. Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari zuzendu beharko zaio (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba). Eta sailean, sailaren lurralde-zerbitzuetan nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutakoan, ezarritako lekuetan aurkeztuko da.

4.- Datu pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta gaiarekin lotutako beste edozein administrazio-espediente ere kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza da. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurkatzeko eskubideak sail bereko Zerbitzuen Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).

5. artikulua.- Aurkeztutako eskabidearen akatsak konpontzea.

Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean akats edo zehaztugabetasunen bat aurkituko balu, erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio, eta akatsa edo zehaztugabetasuna konpontzeko hamar eguneko epea emango dio. Jakinarazpenean adierazi egingo da erakundeak konponketa egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan jasotakoari jarraituz.

6. artikulua.- Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen Sailburuordetzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

7. artikulua.- Balioespen-epaimahaia.

1.- Eskabideak balioespen-epaimahaiak aztertuko ditu. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

- Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.

- Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.

- Ingurumen Sailburuordetzako teknikari bat, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendariak izendatua.

2.- Epaimahaiak Ingurugelen aholkularitza izango du.

3.- Balioespen-epaimahai horrek egingo duen balioespen-aktan honakoa jasoko da: onartutako eskaerak, baztertutako eskaerak, eman beharreko gehieneko kopurua eta bakoitzari ematea proposatutakoa.

8. artikulua.- Diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.- Programa garatzeko diru-laguntza eskatzen duten itunpeko ikastetxe pribatu eta publiko guztiek jasoko dute diru-laguntza, Eskolako Agenda 21 proiektuan sartutako udalerrietako batean baldin badaude eta agindu honetan jarritako baldintza guztiak betetzen badituzte.

2.- Diru-laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoak ezingo du bost mila eurotako (5.000) kopurua eta erakundeak eskatutako gainditu.

3.- Ezarritako gehiengoak kontuan harturik, ondorengo irizpideekin egingo da diru-laguntzaren kalkulua:

a) Ikastetxe bakoitzak Eskolako Agenda 21 proiektua garatzeko gutxienez zazpiehun euro (700) jasoko ditu.

b) Horretaz gain, 2007-2008 ikasturtean Eskola Iraunkorraren Ziurtagiria jaso duten ikastetxeek 1.000 euro jasoko dituzte.

c) Horretaz gain ikastetxe bakoitzak, proiektuan inplikatutako ikasle bakoitzaren arabera sei euro (6) jasoko ditu gehiengoz.

4.- Aurreko irizpideak aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua, onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena, 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiago bada, bakoitzaren laguntzen guztizkoa aipatu mugaren arabera egokituko da. Beti ere, artikuluko honetako 3.a) eta b) puntuan agertzen den gutxieneko kopurua errespetatuz.

9. artikulua.- Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak beste diru-laguntza batzuekin bateragarriak izango dira, betiere jasotako kopuru osoak jarduerarako finkatutako aurrekontuaren % 100 gainditzen ez badu. Bestela, gehieneko mugaraino gutxituko litzateke diru-laguntza.

10. artikulua.- Deialdiaren ebazpena.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendariak, horretarako bildutako balioespen-epaimahaiak egindako proposamena kontuan izanik, epaimahaiaren balioespen-aktaren bidez, gehienez ere sei hilabeteko epean ebatziko du, agindu hau indarrean jartzen den egunetik, eta doakien ikastetxeei jakinaraziko die diru-laguntzaren emakida. Ebazpena, ondoren, informazio gisa, EHAAn argitaratuko da. Epea amaitu eta gero aipatutako jakinarazpena egin ez bada, eskatutako diru-laguntza ezetsi egin dela uler daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, lege horrek Administrazioari espresuki ebazteko ezartzen dion betebeharraren kaltetan izan gabe.

11. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak, eta diru-laguntzak jasotzeko beste eskakizun batzuk.

1.- Diru-laguntza eman dela eta zein baldintzapetan eman den jakinarazteko 11.1 artikuluan aipatutako agiria jasotzen denetik 10 eguneko epea igaro ondoren, ikastetxe esleipendunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, hura onartu dutela ulertuko da.

2.- Erakunde onuradunek Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko duten eginkizunen barruan, eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

3.- Diru-laguntza zein xedetarako ematen den, hartarako erabili behar da. Behin diru-laguntza ematea ebazten denean, ikastetxeek ezin izango dituzte aldatu baldintza horiek. Edozein arrazoirengatik aldaketaren bat gertatzen bada, idatziz eta lehenbailehen jakinaraziko zaio Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari, hura onets dezala eskatzeko.

4.- Ikastetxeek, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari, doan eta ez esklusiban, aurkeztutako dokumentazioan jasotako informazio teknikoa eta pedagogikoa erabiltzeko eskubidea lagako diote, dokumentazio hori Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren informazio-sistemetan barne hartzeko, eta edozein baliabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko eta informatikotan, nahiz teknikaren erabilerak ahalbidetzen dituen bestelakoetan hedatu eta/edo argitaratzeko. Betiere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

12. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzea.

Onartutako diru-laguntza ordaintzeko, bi aldi hauetan egingo da:

- Berariaz uko egiten ez bada, agindu honen 11.1 artikuluan aipatutako epea amaitzen denean ordainduko da onartutako kopuruaren % 80.

- Gainerako % 20a ordaintzeko, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzan, Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteizen, 2010eko ekainaren 18a baino lehen, dagozkion eranskinean adierazitako memoria eta dokumentazioa aurkeztu beharko ditu erakunde onuradunak. Dokumentu horien kopia helarazi beharko du dagokion Ingurugelara. Ordainketa hau egin aurretik, Zuzendaritzak Ingurugelari balorazioa eskatu ahal izango dio.

13. artikulua.- Hezkuntza berriztatzeko proiektu gisa irakasleek izandako partaidetzaren ziurtagiria.

1.- Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendariak eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batera eta ofizioz ziurtatuko dute irakasle koordinatzaile eta Talde Sustatzaileak Eskolako Agenda 21 proiektuetan izandako partaidetza. Proiektu horiek balioespen positiboa jaso behar dute eta horietan gutxienez 35 ordu eman direla ziurtatu beharko da.

2.- Ziurtapena ikastetxeko zuzendaritzak bermatutako datuetan oinarrituko da. Datu horiek agindu honen hamahirugarren artikuluan aipatzen den B justifikazio-inprimakian jasoko dira. Bertan, proiektuaren Talde Sustatzailea jasoaraziko da.

3.- Hezkuntza berriztatzeko proiektuaren, Ingurumen-hezkuntza barne hartu edo Indartzeko proiektuaren nahiz Osasuna eta prestakuntza-jarduerak sustatzeko proiektuaren kontzeptuetan, pertsona bati ikasturte berean ezin izango zaio 105 ordu baino gehiago egiaztatu.

14. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzen aldaketa orok, betiere diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen denean, eta, hala dagokionean, beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk aldi berean beste diru-laguntza batzuk lortu izateak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake. Ondorio horietarako, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzaren kopurua doitzeko eta, hala dagokionean, lortutako gehiegizko zenbatekoa itzultzeko.

15. artikulua.- Ez betetzea eta itzultzeko jardunbidea.

Onuradunak Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailarengandik jasotako diru-laguntza eskatu eta eman zeneko xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntza eskatu zeneko jarduera burutzen ez badu, interesatu zeneko helburu zehatzetarako izan dela justifikatzen ez badu edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, agindu honetan edo emakida-erabakian ezarritako betekizunak betetzen ez baditu, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako xedapenak ezarriko dira, eta, ondorioz, itzuli egin beharko ditu bai emandako eta jasotako diru-kopuruak, bai horiei legez ezar dakizkiekeen interesak.

16. artikulua.- Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari edota Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehen artikuluan aipatzen den zenbatekoa aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren aurrekontua gauzatu ondoren aurrekontuan geratzen diren baliabideen arabera, eta haiek ebatzi baino lehen. Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendariaren ebazpenaren bidez aditzera emango da hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan berariaz jasotzen ez den guztirako, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, eta Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan jasotako oharpenak dira ezartzekoak.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 3a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.

A

ESKABIDE ORRIA / IMPRESO DE SOLICITUD

ESKOLAKO AGENDA 21 PROIEKTUA / PROYECTO DE AGENDA 21 ESCOLAR

2009-2010

(Ikus .PDF)

A1

ESKOLAKO AGENDA 21 PROGRAMA GARATZEKO KONPROMISOA

(Ikus .PDF)

A2

PROIEKTUAN PARTE HARTZEN DUTENEN LABURPEN FITXA

FICHA RESUMEN DE PARTICIPANTES EN EL PROYECTO

(Ikus .PDF)

A3

JARDUERA OSAGARRIAK / ACTIVIDADES COMPLEMENTARIAS

(Ikus .PDF)

A4

DATU EKONOMIKOAK (AURREKONTUA) / DATOS ECONÓMICOS (PRESUPUESTO)

(Ikus .PDF)

A5

KLAUSTROAREN AKTA

(Ikus .PDF)

A6

ORDEZKARITZA ORGANO GORENAREN AKTA

(Ikus .PDF)

B

JUSTIFIKAZIO ORRIA / IMPRESO DE JUSTIFICACIÓN

(Ikus .PDF)

B1

PROIEKTUAN PARTE HARTZEN DUTENEN LABURPEN FITXA

FICHA RESUMEN DE PARTICIPANTES EN EL PROYECTO

(Ikus .PDF)

B2

MEMORIA

(Ikus .PDF)

B3

DATU EKONOMIKOAK / DATOS ECONÓMICOS

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala