Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2009ko otsailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Eusko Legebiltzarra
867

ERREGELAMENDUA, Eusko Legebiltzarrarena, 2008ko abenduaren 23an egindako ohiko batzar orokorrean onartua.

I. TITULUA

EUSKO LEGEBILTZARRAREN ANTOLAKETA

1. artikulua.- 1.- Autonomia Erkidegoko herritarren nahiaren ordezkaritza-organoa da Eusko Legebiltzarra. Legegintza-ahala baliatzea, Aurrekontuak onestea eta Jaurlaritzaren ekintza bultzatu eta kontrolatzea dira Legebiltzarraren eginkizunak.

2.- Interpretatzeko eta aplikatzeko orduan, aurretik aipatutako eginkizunak ondoen beteko dituen modura egokituko da Erregelamendua.

2. artikulua.- 1.- Euskara eta gaztelania dira Eusko Legebiltzarreko hizkuntza ofizialak.

2.- Eusko Legebiltzarrak bi hizkuntza ofizialen erabilera normalizatua bermatuko du.

3.- Legebiltzarkideek, Eusko Legebiltzarreko langileek, eta oro har herritarrek ere, bi hizkuntza ofizialak berdin-berdin erabiltzeko eskubidea dute, nola Eusko Legebiltzarrarekiko beren harremanetan hala beren eginkizunak betetzean.

4.- Eusko Legebiltzarreko argitalpen ofizialak elebidunak izango dira.

5.- Eusko Legebiltzarrak beharrezko diren neurriak eta baliabideak jarri eta arautuko ditu bi hizkuntzak jakitea eta erabiltzea bermatzeko.

I. KAPITULUA

ERATZE BILKURA

3. artikulua.- 1.- Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin eta behin emaitzak aldarrikatu ondoren, legebiltzarkide hautetsiek beren izaera egiaztatuko dute, dagokion hauteskunde-batzordeak emandako agiria Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusian aurkeztuta.

2.- Ekitaldi berean, beren ondasunen eta jardueren adierazpena aurkeztuko dute legebiltzarkideek, behar bezala beteta.

3.- Legebiltzarkide-izaera egiaztatzen duen behin-behineko txartela emango du legelari nagusiak.

4. artikulua.- 1.- Behin Legebiltzarra osatzen duten kideen heren batek legebiltzarkide-izaera egiaztatu ondoren, eratze-bilkura egiteko deialdi-dekretua emango du Diputazio Iraunkorreko lehendakariak. Legebiltzarkideen herenaren egiaztatzea burutu eta hurrengo 15 egunen barruan egingo da eratze-bilkura.

2.- Legebiltzarkideren batek Kongresuko diputatu akta eta euskal legebiltzarkide akta batera edukitzen baditu, ezin izango du inola ere parte hartu eratze-bilkuran. Halakorik gertatzen bada, aipatu egoeran dagoen legebiltzarkideak bilkura egin aurretik egiaztatu beharko du diputatu-izaerari uko egin diola.

3.- Legebiltzarkideek bilkura egingo dute, Diputazio Iraunkorraren lehendakaria buru dela, deialdian zehaztutako egunean eta orduan.

4.- Diputazio Iraunkorreko idazkarietako batek egiaztatze-hurrenkeraren arabera dei egingo die legebiltzarkideei, eta zein bere eserlekuan jarriko da. Ondoren, lehendakariak bilkurari hasiera eman zaiola adieraziko du.

5.- Esandako «dei» hori egiten zaienean, bilkuran dauden legebiltzarkideek bertan direla adieraziko dute, banan-banan adierazi ere, eta, lehendakariaren eskariz, dagokien lekuan eseriko dira, Erregelamendu honetan agintzen denaren arabera eskatzen zaizkien egitekoak beteko dituztela baieztatzearen adierazgarri, bai eta Erregelamendu honetan aitortzen zaizkien eskubideen adierazgarri ere, 9. artikuluan ezartzen dena alde batera utzi gabe.

6.- Gero, Diputazio Iraunkorreko idazkarietako batek honako hauek irakurriko ditu: Legebiltzarrari deialdia egiteko erabakia, aretoan dauden legebiltzarkideen zerrenda, egiaztatzea egindako legebiltzarkideen aurka errekurtsoa aurkeztu eta ebatzi gabe daudenak, eta Erregelamenduan ekitaldiari buruz diren artikuluak.

7.- Diputazio Iraunkorreko lehendakariak dei egingo dio aretoan dauden legebiltzarkideetatik zaharrenari, Adineko Mahaiaren buru izateko. Legebiltzarkide horrek dei egingo die, aretoan daudenetatik, bere ondoren zaharrenak diren bi legebiltzarkideei eta bi gazteenei, Adineko Mahaiko lehendakariordeak eta idazkariak izan daitezen. Adineko Mahaiak behin betiko Mahaia hautatu arte jardungo du Legebiltzarreko Mahaiari dagozkion eginkizun eta egiteko guztietan, luzamendurik onartzen ez duten gaiak sortzen direnean.

8.- Adineko Mahaiko lehendakariak eten egingo du bilkura 15 minutuz, legebiltzarkideek hautagaiak aurkez ditzaten Legebiltzarreko Mahaia osatzen duten karguetarako.

9.- Bilkurari berriro ekinda, hautagaien aldarrikapena egingo du Adineko Mahaiko lehendakariak, zein legebiltzarkidek aurkeztu dituzten ere adieraziz.

10.- Jarraian, Legebiltzarreko Mahaia hautatuko da, Erregelamendu honetan aurreikusitako prozedurari lotuz.

5. artikulua.- 1.- Bozketak eginda, hautatutakoek beren tokiak hartuko dituzte. Legebiltzarra eratuta geratu dela aldarrikatuko du lehendakari hautetsiak, hurrengo osoko bilkurarako deialdia jakinaraziko du eta bilkurari amaiera emango dio.

2.- Legebiltzarraren eratzearen berri jarduneko lehendakariari emango dio Legebiltzarreko lehendakariak.

II. KAPITULUA

INBESTIDURAKO OSOKO BILKURAREN ALDEZ AURREKO JARDUNAK

6. artikulua.- 1.- Eratze-bilkura eginda, hurrengo osoko bilkuraren gai-zerrendako puntu bakarra Bateraezintasunen Behin Behineko Batzordeko kideak izendatzea izango da.

2.- Bateraezintasunen Behin Behineko Batzordea osatzeko bina kide proposatuko dituzte legebiltzar-taldeek. Proposamenak idatziz bidaliko zaizkio Mahaiari osoko bilkura hasi baino lehen.

3.- Bidalitako proposamenak irakurriko ditu lehendakariak eta Osoko Bilkurak, berriz, Bateraezintasunen Behin Behineko Batzordeko kideak izendatuko ditu.

7. artikulua.- 1.- Lehendakaria, lehendakariordea eta idazkaria edukiko ditu Bateraezintasunen Behin Behineko Batzordeak. Kargu horiek, hurrenez hurren, legegintzaldiaren hasieran kide gehien dituzten hiru legebiltzar-taldeen ordezkariak izango dira.

2.- Bateraezintasunen Behin Behineko Batzordeak dagokion irizpena aurkeztuko dio Osoko Bilkurari, gehienez ere 20 eguneko epean, eta boto haztatuz hartuko ditu erabakiak.

8. artikulua.- 1.- Lehendakariak osoko bilkurarako deia egingo du, irizpenari buruzko eztabaida eta behin betiko ebazpena egiteko.

2.- Bilkurari amaiera eman baino lehen, lehendakariak inbestidurako osoko bilkurarako eguna eta ordua jakinaraziko ditu.

III. KAPITULUA

LEGEBILTZARKIDEAREN ESTATUTUA

1. ATALA

LEGEBILTZARKIDE IZATERA IRISTEA

9. artikulua.- 1.- Hautetsia izan dela aldarrikatutako legebiltzarkideak beharkizun hauek guztiak bete beharko ditu legebiltzarkide oso izateko:

a) Dagokion hauteskunde-batzordeak emandako hautetsi-agiria Eusko Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusian aurkeztea.

b) Jardueren eta ondasunen adierazpenak betetzea, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legean ezarritako moduan.

c) Legebiltzarra eratzeko osoko bilkurara joatea edo a) eta b) idatz-zatietan adierazitako beharkizunak bete ondoren egingo den lehen osoko bilkurara.

2.- Aurreko paragrafoan zehaztutakoa gorabehera, hautetsia izan dela aldarrikatu den unetik, legebiltzarkideak dagozkion diru kopuruak jasotzeko eskubidea izango du.

3.- Egun baliogabeak egoteagatik edota egutegiko arrazoiak direla medio, Legebiltzarreko Erregistroan hautetsi-agiria aurkeztu eta hurrengo 15 egun naturaletan osoko bilkurarik egitea aurreikusten ez bada, legebiltzarkide hautetsia Eusko Legebiltzarraren Mahaiaren aurrean iritsi ahal izango da legebiltzarkide oso izatera.

2. ATALA

LEGEBILTZARKIDEEN ESKUBIDEAK ETA ABANTAILAK

10. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek eskubidea izango dute Legebiltzarraren osoko bilkuretara eta, kide izanik, batzordeen bilkuretara joateko. Kide ez izanik ere, joan ahal izango dira batzorde iraunkorren bilkuretara, baina ezin izango dute botorik eman.

2.- Legebiltzarkideek eskubidea izango dute gutxienez batzorde iraunkor bateko kide izateko eta Erregelamendu honek ematen dizkien ahalmenak baliatzeko eta eginkizunak betetzeko.

11. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek, beren eginkizunak modurik eraginkorrenean betetzeko, dituzten datuak, txostenak eta dokumentazioa eskatu ahal izango dizkiete Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei, instituzioei, erakunde publikoei eta enpresa publikoei. Eskaera egitean, legebiltzarkidearen taldeak eskaeraren berri baduela adieraziko da.

2.- Eskaera, betiere, lehendakariaren bidez zuzenduko zaio dagokion administrazioari. Administrazioak 20 eguneko epea izango du, gehienez, eskaera betetzeko edo, bete ezin badu, epe berean, horretarako dituen arrazoiak idazki batean azaltzeko.

3.- Eskatutako dokumentazioaren izaeragatik edo indarrean dauden arauengatik ezin baldin bada dokumentazioaren kopiarik bidali, Administrazioak, horren ordez, administrazio-egoitzetara sartzeko aukera eman ahal izango dio legebiltzarkideari. Halakoetan, legebiltzarkideak egoki iritzitako oharrak hartu ahal izango ditu.

Eskatzen diren dokumentuak teknikoki oso konplexuak direnean, aztergaian adituak diren laguntzaileak eraman ahal izango ditu legebiltzarkideak, betiere Legebiltzarrean egiaztatuta badago legebiltzarkidearen legebiltzar-taldearen aholkulari direla.

4.- Bigarren paragrafoan zehaztutako epea igarotakoan, Administrazioak, berariaz adierazita edo adierazi gabe, ukatu egiten baldin badu eskatutako dokumentazioa edo informazioa, edo zati bat bakarrik edo mugatuta ematen baldin badu, ekimena sinatu duen legebiltzarkideak Legebiltzarreko lehendakariarengana jo ahal izango du, Administrazioari artikulu honetan aurreikusitakoa betetzeko eska diezaion. Hori gertatuz gero, lehendakariak, Mahaiarekin ados jarrita eta eskaeraren aurrekariak aztertu ondoren, Jaurlaritzaren erabakiarekin bat datorrela adieraziko dio legebiltzarkideari, horretarako dituen arrazoiak azalduz, edo Jaurlaritzak bidali gabe duen dokumentazioa bidaltzeko eskatuko dio Jaurlaritzari. Jaurlaritzak berriro ukatzen baldin badu, lehendakariak horren berri eman beharko dio Legebiltzarrari hurrengo osoko bilkuran.

5.- Era berean, Euskal Herriari era batera edo bestera eragiten diola uste duten informazio oro eskatu ahal izango diete legebiltzarkideek Estatuko Administrazioari eta autonomia-erkidegoetako gobernu-organoei, bai eta Europar Batasuneko instituzioei ere. Eskaera Legebiltzarreko lehendakariaren bidez eta legeetan aurreikusitakoari jarraituz egingo da.

6.- Legebiltzarkideek orobat, beren egitekoak bete ditzaten, beharrezko informazio eta dokumentazioa jasotzeko eskubidea dute, zuzenean Legebiltzarretik edo haien legebiltzar-taldearen bitartez. Eskatutakoa emateko betebeharra dute kasuan kasuko zerbitzuek.

12. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek diru kopuru bat jasoko dute, beren eginkizuna eraginkortasunez eta duintasunez bete ahal izateko.

2.- Eskubidea izango dute orobat beren eginkizuna betetzeko ezinbestekoak diren laguntzak, frankiziak eta gastuen ordainak jasotzeko, bai eta legegintzaldiaren amaierakoak ere.

3.- Legebiltzarkideek jasotzen dituzten ordainsari guztiak izaera orokorreko zerga-arauei lotuta egongo dira.

13. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek, legebiltzar-lanetan aritu ahal izateko, Gizarte Segurantzan kidetzeko edo mutualitate baten bazkide izateko zio zuten lana utzi baldin badute, Legebiltzarraren aurrekontuaren gain ordainduko zaizkie kidetze- edo bazkide-sariak.

2.- Legebiltzarrak hitzarmenak egin ahal izango ditu Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileekin, aurreko paragrafoan zehaztutakoa betetzeko eta lehenagotik Gizarte Segurantzan alta eman gabe dauden legebiltzarkideak, hala nahi izanez gero, dagokion erregimenean kidetzeko.

3.- Legebiltzar-lanetan aritu ahal izateko zerbitzu berezietan dauden funtzionario publikoen kasuan, klase pasiboen ordainkizunetara ere hedatuko da 1. paragrafoan ezarritakoa.

14. artikulua.- Legebiltzarkideek, agintaldia bukatuta ere, bortxaezintasuna gozatuko dute karguan aritzean azaldutako iritziak, izandako jokaerak eta emandako botoak direla eta.

15. artikulua.- Legebiltzarkide hautetsiek immunitatea gozatuko dute Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 26. artikuluko 6. paragrafoko bigarren lerrokadan zehaztutako eran.

16. artikulua.- Legebiltzarkide bat atxilotu egin dutela edo legebiltzar-lanetan aritzeko oztopo izan lezakeen bestelako epaile- edo gobernu-jarduketa bat izan dela jakindakoan, Legebiltzarraren eta legebiltzarkideen eskubideak eta abantailak babesteko beharrezko iruditzen zaizkion neurri guztiak hartuko ditu Legebiltzarreko lehendakariak.

3. ATALA

LEGEBILTZARKIDEEN BETEBEHARRAK

17. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek betebeharra izango dute Legebiltzarraren osoko bilkuretara eta, kide izanez gero, batzordeen bilkuretara joatea.

2.- Legebiltzarkide batek aurreko paragrafoan zehaztutako bilkuratze-betebeharra behin eta berriro eta arrazoirik gabe hausten baldin badu, lehendakariak, Mahaiarekin ados jarrita, Bozeramailearen Batzordearen iritzia ezagutu eta interesatuari entzun ondoren, legebiltzarkidea ordainsaririk gabe uztea erabakiko du.

18. artikulua.- Legebiltzarkideak derrigortuta daude beren portaeran Erregelamenduari jarraitzera eta legebiltzar-ordena, -adeitasuna eta -diziplina errespetatzera, eta orobat Erregelamenduak hala aginduta salbuespenez isilean gorde beharrekoak diren jarduketak ezagutzera ez ematera.

19. artikulua.- Legebiltzarkideek ezin izango dute beren legebiltzarkide-izaera aipatu edo baliarazi merkataritza- edo lanbide-jardueretan aritzeko, ezta beste batzuei halako jarduerak administrazio publikoen aurrean burutzen laguntzeko

20. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legean adierazitako moduan, honako adierazpen hauek egin beharko dituzte:

a) Bateraezintasun-zio izan daitezkeen jardueren adierazpena, eta orobat, bateragarriak izan arren, diru-sarrerak edo ondare-abantailak ematen dizkieten edo eman diezazkieten jardueren adierazpena ere.

b) Beren ondare-ondasunen adierazpena.

2.- Adierazpen horiek hautetsi-agiria aurkeztu ondoren egin beharko dira. Halaber, aurreko paragrafoko a) idatz-zatian aipatutako aldaketaren bat gertatzen den bakoitzean egin beharko da jardueren adierazpena, aldaketa gertatu eta hilabeteko epean. Ondasunen aldaketei dagozkien adierazpenak, berriz, gehienez ere urtebeteko epean egingo dira. Legebiltzarkide izateari uztean ere egingo da ondasunen adierazpena.

3.- Jardueren nahiz ondasunen adierazpenak Legebiltzarreko zerbitzuek egindako eredu ofizialetan egin beharko dira, legelari nagusiaren aurrean gauzatuko dira eta hark, fede emateko, dagokion egiaztagiria egingo du. Interesen Erregistroa eratuko da Legebiltzarrean, lehendakariaren zuzeneko ardurapean, eta han jasoko dira adierazpenak. Erregistroko datuak publikoak izango dira, ondare-ondasunen adierazpenei dagozkienak izan ezik. Erregistro horretan jasoko dira, orobat, Osoko Bilkurak bateraezintasunei buruz emandako ebazpenak eta Bateraezintasunen Batzordeak igorri eta lehenagotik jaso gabe dagoen datu oro.

21. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek ordenamendu juridikoan bateraezintasunei buruz ezarritako arauak bete beharko dituzte beti.

2.- Bateraezintasunak aztertzeko, jardueren adierazpenen kopia eta horietan izaniko aldaketen kopia bidaliko dio Interesen Erregistroak Bateraezintasunen Batzordeari.

3.- Bateraezintasunen Batzordeak legebiltzarkide bakoitzaren bateragarritasun- edo bateraezintasun-egoerari buruzko proposamenak aurkeztuko dizkio Osoko Bilkurari 20 eguneko epearen barruan, legebiltzarkide batek legebiltzarkide-izaera erabat eskuratzen duenetik edo, bateraezintasunak direla eta, aurreko artikuluan aipatutako adierazpenetan izandako edozein aldaketa nahitaez jakinarazten duenetik kontatzen hasita.

4.- Bateraezintasuna erabaki eta jakinarazi ondoren, legebiltzarkideak zortzi egun naturaleko epea izango du eserlekua ala bateraezina den kargua aukeratzeko, eta epe horretan ezin izango du Legebiltzarreko lanetan eta bilkuretan parte hartu. Jarritako epean aukerarik egiten ez badu, eserlekuari uko egiten diola adituko da.

4. ATALA

LEGEBILTZARKIDE IZAERA KENTZEA ETA GALTZEA

22. artikulua.- Zio hauek direla-eta kenduko zaizkio legebiltzarkideari legebiltzar-eskubideak eta -betebeharrak:

1.- Erregelamendu honetan zehaztutako legebiltzar-diziplinako arauak aplikatzea.

2.- Auzipetze-ebazpena irmoa delarik, Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak, gehiengo osoz, hala erabakitzea, egotzitako egintzen izaera aintzat hartuta.

3.- Kondena-epai irmo batek halako izaera kentzea berekin ekartzea edo kondena-epaia betetzeak legebiltzar-lanetan aritzea ezinezko bihurtzea.

23. artikulua.- Zio hauek direla-eta galduko du legebiltzarkideak legebiltzarkide-izaera:

1.- Epailearen erabaki irmo batek deuseztatzea legebiltzarkidearen hautaketa edo aldarrikapena.

2.- Legebiltzarkidea hiltzea edo ezinduta geratzea; epailearen erabaki irmoz adierazi beharko da ezintasuna.

3.- Agintaldia amaitzea, legegintzaldia bukatzearen edo Legebiltzarra desegitearen ondorioz. Diputazio Iraunkorreko kideek Legebiltzar berria eratu arte jarraitu ahalko dute beren eginkizunak betetzen.

4.- Legebiltzarkideak uko egitea. Ukoa berak egingo du Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean agertuta. Uko egitea idatziz onartzeko, argi eta garbi geratu beharko du idazkia ezin duela legebiltzarkideak berak aurkeztu eta modu sinesgarrian frogatuko da egiazkoak direla idazkiaren data eta sinadura.

5.- Kondena-epai irmo batek zigor modura ezartzea.

6.- Euskal herritarraren izaera politikoa galtzea.

IV. KAPITULUA

LEGEBILTZAR TALDEAK

24. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek legebiltzar-taldeak eratu ahal izango dituzte. Talde bakoitzak gutxienez hiru kide izan beharko ditu.

2.- Alderdi politiko, alderdi-federazio edo hautesle-talde beraren izenean, hauteskundeetara aurkeztu diren legebiltzarkideek ezin izango dute talde bereizirik eratu ez eta taldeetan zatitu ere. Alderdi-koalizio batean aurkeztu diren legebiltzarkideek koalizioa osatzen duten alderdi beste legebiltzar-talde eratu eta taldetan zatitu ahal izango dute, betiere aurreko paragrafoan ezarritako baldintza betetzen bada.

3.- Legebiltzarkide bakoitza ezin izango da legebiltzar-talde bat baino gehiagoko kide izan.

4.- Legebiltzarra eratzeko bilkura egin eta hurrengo bost egunen barruan eratu beharko dute legebiltzar-taldeek. Idazki bat aurkeztuko zaio Legebiltzarreko Mahaiari, taldeko kide izan nahi duten guztiek izenpetuta. Idazkian taldearen izena, taldeko kide guztien izenak, taldeko bozeramailearen eta haren ordezko baten edo gehiagoren izenak jarriko dira, baita Legebiltzar Estatutuaren Batzordeko kide izateko izendatutakoaren izena ere.

25. artikulua.- 1.- Aurreko artikuluetan ezarritakoari jarraiki eta aipatu epeetan legebiltzar-talde batean sartu gabe geratzen diren legebiltzarkideak Talde Mistoan sartuko dira.

Talde Mistoak gainerako taldeek bezalaxe hartuko du parte Legebiltzarreko jardunean.

2.- Talde Mistoak kideen artean lortzen diren barne-akordioak izango ditu jarraibide. Akordioak lortzea ezinezkoa denean edo lortutako akordioak hausten direnean, Taldeak Mistoak, kide batek eskatuz gero, antolatzeko eta jarduteko barne-erregelamendu bat prestatzeari ekingo dio, taldeko kideen gehiengo osoak onetsi dezan.

Barne-erregelamenduak, eta halaber Talde Mistoko kideen kopurua eta osaera aldatuz gero erregelamendu horretan egin beharko diren aldaketek edo egokitzapenek ere, talde barruko aniztasuna adierazi ahal izatea bermatuko dute. Legebiltzarreko Mahaiak begirale-lana beteko du horretarako, ez beste ezertarako, eta erregelamendua eta aldatze-egokitzeak Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Erregelamendua onartzeko beharrezkoa den gehiengoa lortzen ez baldin bada, Legebiltzarreko Mahaiak hartuko ditu taldearen jarduera-arauei buruzko behin betiko erabakiak legegintzaldi osorako.

3.- Eztabaidetan esku hartzean, Talde Mistoko kideek, denen artean, legebiltzar-talde bati dagokion denbora bera izango dute.

4.- Osoko bilkuretan eta batzordeetan, Talde Mistoko kideen esku-hartze denbora berdintasunez banatuko da esku-hartzea eskatu dutenen artean.

5.- Ahal den neurrian, berdintasunezko irizpidea jarraituko da Talde Mistoaren batzordeetako eserlekuak banatzeko orduan. Horretarako, taldeak proposamena aurkeztu ahal izango dio Mahaiari, kide bakoitzak eta guztiek sinatuta, adostasun-adierazgarri. Proposamenik ez baldin badago, Legebiltzarreko Mahaiak erabakiko du banaketa, taldeko kideen iritzia entzun eta gero.

6.- Batzordeetako bilkuretan, ordezkatzeak egin ahal izango dituzte beren artean Talde Mistoko legebiltzarkideek, batzordeko Mahaiari idazkia eginda, titularrak eta ordezkoak sinatutako idazkia.

7.- Talde Mistoko kideek zuzenketak, boto partikularrak, interpelazioak, galderak, mozioak edo bestelako legebiltzar-ekimen oro aurkeztu ahal izango dute beren sinadura hutsez eta beren izenean bakarrik. Horretarako, bozeramaile gaitutzat joko dira Talde Mistoko kide guztiak, nahiz eta titularra bat edo beste izan kasu bakoitzean.

26. artikulua.- 1.- Legebiltzarkide-izaera Legebiltzarraren eratze-bilkura egin eta gero lortzen duten legebiltzarkideek bost eguneko epea izango dute legebiltzar-talde batean sartzeko, legebiltzar-izaera lortu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Legebiltzar-talde batean sartu ahal izateko, atxiki nahi duten legebiltzar-taldeko bozeramailearen onespena jaso beharko dute, Legebiltzarreko Mahaiari bidalitako idatzi batean. Bestela Talde Mistoan geldituko dira.

2.- Legebiltzarkide batek, dena delakoagatik, legebiltzar-talde jakin batekoa izateari uzten badio, zuzenean Talde Mistoan sartuta geratuko da legegintzaldiaren gainerako denboran. Legebiltzarkideak taldetik alde egiten badu, legebiltzarkideak berak jakinaraziko dio Legebiltzarreko Mahaiari. Kidea legebiltzar-taldeak kentzen duenean taldetik, taldeko bozeramaileak jakinaraziko dio Legebiltzarreko Mahaiari idazki baten bidez. Idazkia bozeramaileak berak eta taldeko kide gehienek sinatuta bidali beharko da.

3.- Baldin eta, legebiltzarkide batek bere taldetik alde egiten duelako edo legebiltzar-talde batek bere kide bat taldetik kentzen duelako, legebiltzar-talde bateko kide kopurua hirutik behera jaisten bada, deseginda geratuko da besterik gabe talde hori eta bere kideak Talde Mistoan sartuko dira

27. artikulua.- 1.- Lokal eta baliabide material eta pertsonalak jarriko ditu Legebiltzarrak legebiltzar-taldeen eskura, beren eginkizunetan jardun dezaten. Orobat, bi diru-laguntza izendatuko dizkie Legebiltzarreko aurrekontuaren kargura, bata finkoa eta berdina talde bakoitzarentzat, eta bestea aldakorra, talde bakoitzak duen kide kopuruaren araberakoa. Erregelamendu eta Gobernurako Batzordeak erabakiko ditu diru kopuruak.

Legebiltzarreko Mahaiari eskatu ahal izango diote legebiltzar-taldeek beren eginkizunekin zerikusirik duten gaiei buruzko txosten juridikoak egin ditzatela Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek.

2.- Talde Mistoari dagokion diru-laguntza finkoa legegintzaldi bakoitzaren hasieran ezarriko du Mahaiak. Orobat, taldeko kide kopurua aldatzearen ondorioz beharrezko den guztietan egokituko du zenbatekoa. Mahaiak Talde Mistoaren proposamenak ezagutu ondoren hartuko ditu erabaki horiek.

Legebiltzar-taldeetako teknikari-administrarien kopurua talde bakoitzak Legebiltzarrean duen ordezkaritzaren araberakoa izango da. Mahaiak hartuko du gai horri buruzko erabakia, Bozeramaileen Batzordeak gaia adostu ondoren.

3.- Lehendakariak, Mahairekin ados jarrita eta Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzunda, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritako diru-laguntzak etetea erabaki ahal izango du beren eginbeharrak behin eta berriro betegabe uzten dituzten legebiltzar-taldeei, haien iritzia entzun eta gero.

V. KAPITULUA

LEHENDAKARIA ETA MAHAIA

28. artikulua.- 1.- Legebiltzarreko kide anitzeko organo artezkaria da Mahaia. Bere lehendakariaren agintaritza eta zuzendaritzaren menpe jarduten du eta Legebiltzarraren ordezkaritza du, parte hartzen duen ekitaldietan.

2.- Lehendakariak, bi lehendakariordek eta bi idazkarik osatuko dute Mahaia, eta legelari nagusiak emango dizkio aholkuak.

3.- Mahaian ordezkaririk ez duten taldeek Mahaiaren jardunaren berri izango dute, horretarako ezartzen diren mekanismo eta prozeduren bitartez.

1. ATALA

MAHAIKO KIDEAK HAUTATZEA

29. artikulua.- 1.- Osoko Bilkurak hautatuko ditu Mahaiko kideak Legebiltzarraren eratze-bilkuran.

2.- Mahaiko kideak berriro hautatuko dira baldin eta hauteskundeekiko auzi-errekurtsoetan emandako epaien ondorioz titular-aldaketak gertatzen badira eserlekuen ehuneko hamar baino gehiagotan eta hala egitea eskatzen badu legebiltzar-talde batek.

3.- Ezin izango dira hautagai izan Eusko Jaurlaritzako kide diren legebiltzarkideak.

30. artikulua.- 1.- Lehendabizi, lehendakaria hautatuko da. Proposatutako hautagaien artetik, legebiltzarkide bakoitzak izen bakarra idatziko du txartelean, eta Legebiltzarreko kideen gehiengo osoa lortzen duena hautatuko da lehendakari.

2.- Hautagai batek ere ez badu beharrezko gehiengoa lortzen, beste bozketa bat egingo da boto gehien lortu duten bi hautagaiekin.

Berdinketaren ondorioz hiru edo gehiago badira bi boto kopuru handienak lortu dituzten hautagaiak, horiek guztiak pasako dira bigarren bozketara, salbu eta berariaz adierazten badute ez direla aurkeztuko. Boto gehien lortzen duen hautagaia aukeratuko da lehendakari bigarren bozketan.

3.- Bigarren bozketan berdinketa gertatzen bada, hirugarren bozketa egingo da berdinduta dauden hautagaien artean, eta boto gehien lortzen duena aukeratuko da.

4.- Hirugarren bozketan ere berdinketa gertatzen bada, hauteskundeetan boto gehien lortu duen zerrendako hautagaiaren alde ebatziko da auzia.

31. artikulua.- 1.- Lehendakaria aukeratu ondoren, batera aukeratuko dira bi lehendakariordeak.

2.- Proposatutako hautagaien artetik, legebiltzarkide bakoitzak izen bakarra idatziko du txartel bakoitzean, eta boto gehien lortu duten biak aukeratuko dira hurrenkera korrelatiboan.

3.- Berdinketa gertatuz gero, bigarren bozketa egingo da hautagai berdinduen artean, eta boto gehien lortzen duena aukeratuko da. Berdinketa berriro gertatuz gero, hauteskundeetan boto gehien lortu duen zerrendako hautagaiaren alde ebatziko da auzia.

32. artikulua.- 1.- Lehendakariordeak hautatu ondoren, batera aukeratuko dira bi idazkariak.

2.- Idazkariak hautatzeko, aurreko artikuluan lehendakariordeak hautatzeko ezarritakoa jarraituko da.

33. artikulua.- Mahaia hautatutakoan, Adineko Mahaiko lehendakariak aldarrikatuko ditu kide guztiak eta nork bere eserlekua hartuko du.

34. artikulua.- 1.- Zio hauek direla-eta galduko dituzte beren karguak Mahaiko kideek:

a) Legebiltzarkide-izaera galtzea.

b) Karguari berariaz uko egitea.

c) Bere legebiltzar-taldetik alde egitea.

d) Eusko Jaurlaritzako kide izendatuak izatea.

e) Legebiltzarreko Osoko Bilkurak kideen gehiengo osoaren erabakiz kargutik kentzea.

2.- Aurreko paragrafoko e) idatz-zatian ezarritakoaren ondorioetarako, ondoko prozedurari jarraituko zaio:

1) Gutxienez ere bi legebiltzar-taldek edo Legebiltzarra osatzen duten kideen bosten batek proposatu beharko dute kargu-uztea.

2) Proposamen hori aurkeztu eta zazpi eguneko epean, Legebiltzarreko lehendakariak, Legebiltzarreko Mahaiarekin bat etorrita eta Bozeramaileen Batzordeari entzun ondoren, kargu-uzteari buruz erabakitzeko osoko bilkurara deituko du. Bilkura zazpi eguneko epean egin beharko da gehienez ere.

3) Kargu-uzteko proposamena onesten ez bada, proposamena sinatu dutenek ezin izango dute beste bat aurkeztu bilkura-aldi berean.

4) Kargu-uzteko proposamena onesten bada, bete gabeko kargua edo karguak hautatuko da edo dira bilkura berean, bete beharreko karguari dagozkion artikuluekin bat etorrita.

3.- Legegintzaldian zehar Mahaian hutsik geratzen diren tokiak betetzeko lehen izendapenean bezalaxe jokatuko da.

2. ATALA

MAHAIAREN ETA MAHAIKO KIDEEN EGINKIZUNAK

35. artikulua.- 1.- Hauek izango dira Mahaiaren eginkizunak:

1) Legebiltzar-lanak antolatzeko beharrezko diren erabakiak eta neurriak hartzea.

2) Legebiltzarraren aurrekontu-proiektua prestatzea gero Erregelamendu eta Gobernurako Batzordera bidaltzeko, aurrekontuaren exekuzioa zuzentzea eta, ekitaldi bakoitzaren bukaeran, aurrekontua betetzeari buruzko txostena aurkeztea.

3) Legebiltzarraren gastuak antolatzea. Eskuordetzak egitea ere erabaki dezake alor honetan.

4) Igarotze-ordainaren zenbatekoa zehaztea. Ordain hori Legebiltzarra desegitean legebiltzarkide izateari uzten dieten legebiltzarkideek jasoko dute, ordainketa bakarrean; Diputazio Iraunkorreko kideek, berriz, ez dute ordain hori jasotzeko eskubiderik.

5) Erregelamenduari jarraituz, legebiltzar-idazkiak eta -dokumentuak kalifikatzea, bai eta testu horien onargarritasuna edo onartezintasuna erabakitzea ere.

6) Legebiltzar-izaerako edo beste mota bateko idazki eta agiriak nola tramitatuko diren erabakitzea, Erregelamendu honetan zehaztutako arauen arabera.

7) Legebiltzarraren jardunaren ildo nagusiak programatzea, Osoko Bilkuraren eta batzordeen jarduera-egutegia zehaztea bilkura-aldi bakoitzerako eta legebiltzar-organoen lanak koordinatzea, hori guztia Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzun ondoren.

8) Bozeramaileen Batzordearekin adostuta, batzordeak osatuko dituzten kideen kopurua ezartzea.

9) Erabakiak hartzea edo Osoko Bilkurari proposatzea, Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu ondoren, presazko arrazoiak edo eduki instituzionala dela-eta ohiko moduan tramitatzekoak ez diren idazkien gainean.

10) Erregelamendu honek ematen dion beste edozein eginkizun eta, era berean, organo jakin bati esleituta ez daudenak.

2.- Legebiltzarkideren bat edo legebiltzar-talde bat ados ez badago Mahaiak aurreko paragrafoan adierazitako 5) eta 6) eginkizunetan diharduela hartutako erabakiarekin, erabakia berraztertzeko eskatu ahal izango du erabakia jakinarazi eta bost eguneko epean. Mahaiak, Bozeramaileen Batzordeari entzun ondoren, behin betiko erabakia hartuko du, ebazpen arrazoituaren bidez, 10 eguneko epearen barruan, aparteko inguruabarrik izan ezean.

36. artikulua.- 1.- Legebiltzarraren ordezkari gorena da Legebiltzarreko lehendakaria. Lanak bide onetik joatea bermatzea, eztabaidak zuzentzea, eztabaidetan ordena zaintzea eta ordainketak antolatzea dira lehendakariaren eginkizunak. Eskuordetzak egin ditzake bere egitekoetan.

2.- Lehendakariari dagokio Erregelamendua betetzea eta betearaztea, zalantza-kasuetan interpretatzea eta hutsunetan osatzea, Erregelamendu honetan ezarritako moduan.

Bilkuretan, sortutako arazoa garrantzi handikoa baldin bada, bilkura etetea erabaki ahal izango du Mahaiaren eta/edo Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzuteko.

3.- Erregelamendua interpretatzeko eta osatzeko eginkizunetan diharduela ebazpen orokor bat emateko asmorik baldin badu, Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak beren oniritzia azaldu beharko dute lehenago. Lehendakaritzaren ebazpenak Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta indarrean egongo dira harik eta beste ebazpen batzuen bidez indargabetu arte edo Erregelamenduaren erreformaren bidez hartan jaso arte.

4.- Lehendakariak kalitateko botoa du Mahaiaren erabakietan sor daitezkeen berdinketak ebazteko, hala badagokio, eta, orobat, Autonomia Estatutuak, legeek eta Erregelamendu honek ematen dizkioten bestelako eginkizun guztiak beteko ditu.

37. artikulua.- Lehendakariordeak, hurrenez hurren, lehendakariaren ordezkoak dira eta lehendakaritza-lanetan arituko dira hura ez dagoenean edo ezinduta dagoenean. Lehendakariak edo Mahaiak haien esku uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak beteko dituzte, orobat, lehendakariordeek.

38. artikulua.- Hauek izango dira idazkarien eginkizunak:

1.- Osoko bilkuretako, Mahaiko eta Bozeramaileen Batzordeko aktak baimentzea, lehendakariaren oniritziarekin.

2.- Lehendakaritzaren erabakiak betetzea, legebiltzarkideei, batzordeei eta Osoko Bilkurari, hurrenez hurren, dagozkien jakinarazpenak, espedienteak eta gaiak helaraziz.

3.- Egin beharreko ziurtagiriak egiteko baimena ematea. Egiteko hau legelari nagusiaren esku ere utz daiteke.

4.- Osoko bilkuretan lehendakariari laguntza ematea, eztabaidak ordenan eta bozketak zuzentasunez egiten direla ziurtatzeko.

5.- Bozketen emaitzak zenbatzea.

6.- Lehendakariaren aginduei jarraituz, legebiltzar-lanak behar bezala egin daitezen laguntzea.

7.- Eta, gainera, lehendakariak edo Mahaiak haien esku uzten dituzten bestelako egiteko guztiak betetzea.

39. artikulua.- 1.- Mahaia biltzeko deia lehendakariak egingo du, bere kabuz edo gutxienez bi mahaikidek hala eskatuta. Azken kasuan, eskaria aurkeztu eta gehienez ere bost eguneko epean egingo du lehendakariak bilkurarako deia.

2.- Legelari nagusia edo ordezko legelaria izango da Mahaiaren aholkularia. Bilkura-aktak idatziko ditu eta, lehendakariaren zuzendaritzapean, erabakiak betetzen direla begiratuko du.

VI. KAPITULUA

BOZERAMAILEEN BATZORDEA

40. artikulua.- 1.- Bozeramaileen Batzordea osatuko dute legebiltzar-taldeetako bozeramaileek eta Legebiltzarreko lehendakaria buru dutela bilduko da. Bere kabuz edo bi legebiltzar-taldek nahiz legebiltzarkideen bostenak eskatuta bilduko du lehendakariak batzordea. Batzordea balio osoz bilduta egoteko, beharrezkoa izango da taldeetako erdiak eta bat gehiago bilerara joatea eta talde horiek legebiltzarkideen gehiengo osoa edukitzea.

2.- Mahaiko kideak ere joan ahal izango dira batzordearen bilkuretara, eta edozein kasutan Mahaiko idazkarietako bat, eta parte hartu ahal izango dute eztabaidetan. Legelari nagusia edo ordezko legelaria ere joan ahal izango da eta Erregelamendu honek Mahaiari dagokionez ematen dizkion funtzioak beteko ditu.

3.- Bozeramaileen Batzordea biltzeko deia egiten denean, Jaurlaritzari jakinaraziko zaio, egoki baderitzo ordezkari bat bidali dezan bilkurara.

4.- Talde Mistoaren bozeramailea taldeko kideek izendatuko dute. Askatasunez eta aho batez erabakiko dute hautatzeko modua eta agintaldiaren iraupena, eta idazki bidez jakinaraziko diote Legebiltzarreko Mahaiari. Proposamena berretsi edo aldatu egin beharko da taldeko legebiltzarkide kopurua aldatzen den bakoitzean.

Aho batezko proposamenik ez badago, Talde Mistoko erregelamenduak puntu horri buruz dioena aplikatuko da. Erregelamendurik ez badago, Mahaiak emango ditu auzia konpontzeko behar diren arauak.

5.- Legebiltzar-taldeei dagozkien eserlekuen eta lokalen banaketa proposatuko dio Bozeramaileen Batzordeak Legebiltzarreko Mahaiari. Proposamena Bozeramaileen Batzordeko kideen gehiengoak onartu beharko du.

6.- Erregelamendu honek esleitzen dizkion eginkizunak gorabehera, Bozeramaileen Batzordeari entzun beharko zaio:

- Legebiltzarraren eztabaidak eta egitekoak antolatzen eta errazten lagunduko duten irizpideak ezartzeko;

- legebiltzar-ekimenak bideratu dituen batzorde eskuduna izendatzeko, legebiltzar-talderen bat Mahaiak hartutako erabakiarekin ados ez badago.

7.- Adierazpen instituzionalak aho batez onetsi ahal izango ditu Bozeramaileen Batzordeak.

8.- Boto haztatuaren arabera hartuko ditu Bozeramaileen Batzordeak bere erabakiak.

VII. KAPITULUA

LEGEBILTZAR BATZORDEAK

1. ATALA

ARAU OROKORRAK

41. artikulua.- 1.- Besterik agintzen ez bada, legebiltzar-taldeek izendatzen dituzten kideek osatuko dituzte batzordeak, Bozeramaileen Batzordeak talde bakoitzari buruz zehazten duen kopuruan; batzordeek proportzionalki islatuko dute Legebiltzarraren osaera.

2.- Legebiltzar-talde guztiek eskubidea izango dute batzorde bakoitzean gutxienez ordezkari bat izateko.

3.- Legebiltzar-taldeek batzorde bati atxikirik duten kide bat edo gehiago ordezkatu ahal izango dute, aurretiaz Legebiltzarreko lehendakariari idatziz jakinarazita. Ordezkatzeak iraunkorrak ez baldin badira, nahikoa izango da eztabaida hasi baino lehen dagokion batzordeko lehendakariari idatziz jakinaraztea eta berdin onartuko dira batzordeko kide gisa hala titularrak nola ordezkoak.

4.- Legebiltzarreko Mahaiko kideak ere atxiki ahal izango zaizkie batzordeei, beren legebiltzar-taldeek hala erabakiz gero. Legebiltzarreko lehendakaria, ordea, Erregelamendu honek hala ezartzen duen batzordeetako kide izango da bakarrik.

42. artikulua.- 1.- Batzordeetara joan eta hitz egin ahal izango dute Jaurlaritzako kideek.

2.- Batzordeko kide ez izan arren, batzordeetara joan eta hitz egin ahal izango dute legebiltzarkideek, baina ez botorik eman, aurkeztu dituzten zuzenketei edo legebiltzar-ekimenei buruz. Gainerako kasuetan, joan ahal izango dira, baina ezin izango dute hitz egin ezta botorik eman ere.

43. artikulua.- 1.- Erregelamendu honetan aurreikusitako kasuetan izan ezik, batzordeek beren kideen artetik mahai bat hautatuko dute, lehendakaria, lehendakariordea eta idazkaria izango dituena. Batzordearen eratze-bilkuran hautatuko da mahaia, Legebiltzarreko lehendakariaren zuzendaritzapean.

2.- Hautaketa banako bozketaz egingo da: bat lehendakariarentzat, beste bat lehendakariordearentzat eta beste bat idazkariarentzat. Bozketan, proposatutako hautagaien artetik izen bat idatziko du boto-txartelean legebiltzarkide bakoitzak, eta emandako botoen gehiengoa lortzen dutenak hautatuko dira. Berdinketa gertatuz gero, beste bozketa bat egingo da, baina boto kopuru bera lortu duten hautagaien artean bakarrik. Berdinketak bere horretan irauten badu, hauteskundeetan boto kopuru handiena lortu duen alderdiko edo hauteskunde-koalizio edo hautesle taldeko hautagaiaren alde erabakiko da auzia.

3.- Ezin izango dira hautagai izan Legebiltzarreko Mahaiko kide edo Eusko Jaurlaritzako kide diren batzordekideak.

4.- Galdu egingo da batzordeko mahaikide-izaera Legebiltzarreko Mahaiko kide izatera iritsiz gero, bai eta Erregelamendu honetako 34. artikuluko 1. paragrafoan jasotako zioetako bat gertatuz gero.

44. artikulua.- Erregelamendu honek Legebiltzarreko Mahaiari eta Mahaiko kideei izendatzen dizkien eginkizunak beteko ditu hala batzordeko Mahaiak nola mahaiko kide bakoitzak, batzorde bakoitzari dagokion esparruan.

45. artikulua.- 1.- Batzordeko lehendakariak egingo du bilkuretarako deia. Bilkurako gai-zerrenda lehendakariak ezarriko du, Mahaiaren iritzia entzun ondoren.

2.- Lehendakariak nahitaez bildu beharko du batzordea bi legebiltzar-taldek edo batzordeko kideen bosten batek horrela eskatzen badute.

3.- Aurreko paragrafoan aipatzen den eskaerarekin batera, bilkurako gai-zerrenda aurkeztu beharko da beti. Erregelamendu honetan ezarritakoari jarraituz batzordean eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko moduan dauden gaiak baino ez dira sartuko gai-zerrendan.

4.- Batzordeko mahaiaren iritziz eskaerak aurreko paragrafoan zehaztutakoa betetzen baldin badu, batzordearen bilkura-deia egin beharko du batzordeko lehendakariak, proposatutako gai-zerrendarekin batera, eskaria egin eta hurrengo zazpi egun naturalen barruan. Bilkura-deiei dagokienez, ez da ahaztu behar programazio-, antolaketa- eta koordinazio-ahalmenak dituela Legebiltzarreko Mahaiak.

5.- Gai-zerrendan sartzeko moduko ekimenik egonez gero, Erregelamenduko baldintzak beteta, batzordeetako bilkura-deia hurrengo 15 egun baliodunen barruan egin beharko da. Bilkura-deia eta dagokion dokumentazioa bilkura-eguna baino 48 ordu lehenago banatu beharko da. Horrela egin ezean, ez da bilkura egingo, non eta batzordeko lehendakariak, batzordeko Mahaiak presakotzat joz gero, ez duen epe laburragoan bilkura-deia egiten.

46. artikulua.- 1.- Batzordea balio osoz bildutzat jotzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengoa egotea bilkuran.

2.- Gehiengoz hartuko dituzte batzordeek erabakiak. Berdinketa gertatuz gero, boto haztatua erabiliko da.

47. artikulua.- Batzordeek ezingo dute bilkurarik egin osoko bilkura egiten den denbora berean.

48. artikulua.- 1.- Legebiltzarreko Mahaiak, zeini bere eskumenen arabera, esleitzen dizkien lege-proiektuak, lege-proposamenak edo gaiak aztertu eta erabakiko dituzte batzordeek. Errekurtsoa egin ahal izango da Mahaiaren erabaki horien aurka eta Erregelamendu honetako 35.2 artikuluan ezarritakoa jarraituz ebatziko dira.

2.- Gai, lege-proiektu edo lege-proposamen bat batzorde jakin baten eskumen berezi edo bakarrekoa ez denean edo ekimenaren berezitasunek hala eskatzen dutenean, Legebiltzarreko Mahaiak, bere kabuz edo batzorde interesatu batek eskatuta, zera erabaki ahal izango du:

a) Baterako batzorde bat osatzea.

b) Dagokion gai-zatia aztertzeko eta erabakitzeko ardura ematea eskumena duten batzordeetako bakoitzari.

49. artikulua.- Bi hilabeteko epea izango dute gehienez batzordeek gai ororen tramitazioa bukatzeko, salbu eta, kasu batzuetan izan daitezkeen inguruabar bereziak kontuan izanik, Erregelamendu honek edo Mahaiak epea luzatzea edo laburtzea erabakitzen badu.

50. artikulua.- 1.- Lantaldeak eratzea erabaki ahal izango dute batzordeek, txostena egin dezaten aztertzen ari diren gaiari buruz.

2.- Legebiltzar-talde bakoitzak ordezkari bana izango du lantaldeetan, non eta batzordeak ez duen besterik erabakitzen. Legegintza-prozeduraren kasuan, Talde Mistoko kide orok izango du, lantaldea eratzen bada, lantaldeko partaide izateko eskubidea, baldin eta zuzenketarik aurkeztu badu.

3.- Batzordeko lehendakariak lantaldearen lehen bilkurarako deia egingo du. Lantaldea eratu ondoren, barne-funtzionamendurako arauak eta lan-egitasmoa finkatuko dituzte lantaldeko kideek. Hurrengo bilkurak lantaldeko kideen gehiengoak erabakitako egunetan izango dira.

4.- Lantaldeak batzordeari aurkezten dion txostenean gehiengoaren proposamena jasoko da, bai eta legebiltzarkideek proposamen hori defendatzeko mantendu nahi dituzten zuzenketak edo boto partikularrak ere.

51. artikulua.- 1.- Behar duten informazio eta dokumentazio guztia eskatu ahal izango diete batzordeek, Legebiltzarreko lehendakariaren bidez, Jaurlaritzari, foru-diputazioei eta Euskal Herriko toki-erakundeei, bai eta Autonomia Erkidegoko agintari orori ere, beren funtzioak ahalik ondoen bete ahal izateko. Informazioa eta dokumentazioa, orobat, Estatuko agintariei eskatu ahal izango diete, Autonomia Erkidegoari esleitu zaizkion baina zerbitzuak eskualdatu gabe dituzten eskumenei buruz. Halaber, Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, Europar Batasuneko instituzioei ere eskatu ahal izango diete informazioa eta dokumentazioa. Eskaerak egin zaizkien agintariek gehienez ere 20 eguneko epea izango dute eskatutako informazioa emateko edo, bestela, informazioa ematea eragozten dieten arrazoiak Legebiltzarreko lehendakariari adierazteko. Bigarren kasuan, batzordeari jakinaraziko dizkio lehendakariak ezezkoaren arrazoiak.

2.- Halaber, eta bide bera erabiliz, Jaurlaritzako kideak batzordearen aurrean azaltzea eskatu ahal izango dute batzordeek, bai eta eztabaidatzekoa den gaian eskumena duten agintariak eta funtzionario publikoak ere, galdetzen zaizkien alderdiei buruz informazioa eman dezaten.

Funtzionarioak edo agintariak ez badira batzordearen aurrean azaltzen eta ez badute ez azaltzea justifikatzen batzordeak ezarritako epean eta moduan, edo egindako informazio-eskaerari ez bazaio aurreko paragrafoan ezarritako epean erantzuten, kasuan kasuko goragoko agintariari edo funtzionarioari jakinaraziko dio Legebiltzarreko lehendakariak, erantzukizunik eskatu behar ote zaien azter dezan.

3.- Eztabaidatzen ari den gaian interesa duten sektore eta talde sozialetako ordezkariak edo gai horretan adituak diren pertsonak batzordeetara joatea eskatu ahal izango da, informazioa eta aholkua eman dezaten.

4.- Oro har, agerraldi-egileak fisikoki azaldu beharko du bilkuran. Hala ere, kasuaren inguruabarrak ikusita komenigarritzat edo beharrezkotzat jotzen bada, eta batzordeko Mahaiak hala erabakitzen badu, agerraldi birtualak egin ahal izango dira, batzordekideen eta agerraldi-egilearen arteko komunikazioa ikustez eta entzutez egitea ahalbidetzen duten bitarteko teknikoak erabilita.

5.- Batzordeek beren mahaien esku utzi ahal izango dute aurreko paragrafoetan aipatutako informazio- edo agerraldi-eskaerei buruz erabakiak hartzea. Mahaiak ez badu eskaera onartzen, batzordeari aurkeztuko zaio gaia, behin betiko ebazpena har dezan.

52. artikulua.- Lanak betetzeko beharrezkoa den aholkularitza teknikoa eta juridikoa eskainiko dute legelariek batzordeetan eta batzordeetako mahaiei eta lantaldeei dagokienez, eta batzuen txostenak eta besteen irizpenak idatziko dituzte, hartutako erabakiak jasoz.

2. ATALA

BATZORDE IRAUNKORRAK

53. artikulua.- 1.- Erregelamendu honetan berariaz aurreikusitakoak eta Legebiltzarreko Mahaiak, Bozeramaileen Batzordearekin bat etorrita, legegintzaldiaren hasieran zehazten dituenak izango dira batzorde iraunkorrak.

2.- Mahaiak, Bozeramaileen Batzordearekin bat etorrita, erabaki bat hartuko du legegintzaldiaren hasieran batzorde iraunkorren kopuruari, izenari eta eskumen-esparruari buruz.

3.- Mahaiaren erabakia izan eta hurrengo 10 egunen barruan eratuko dira batzordeak.

4.- Legegintzaldian zehar beste batzorde iraunkor batzuk eratzea edo legegintzaldiaren hasieran sortutakoak batuz edo banatuz aldatzea erabaki ahal izango du Mahaiak, Bozeramaileen Batzordeak proposatuta. Batzorde berriaren eta ukituta gera daitezkeen batzordeen artean eskumenak banatzeko irizpidea jaso beharko du Bozeramaileen Batzordearen proposamenak.

5.- Aurreko paragrafoan azaldutako prozedura berari lotuz, batzorde iraunkorrak desegitea erabaki ahal izango da.

54. artikulua.- 1.- Legebiltzar-talde bakoitzeko kide banak osatuko dute Legebiltzar Estatutuaren Batzordea. Lehendakaria, lehendakariordea eta idazkaria edukiko ditu batzordeak, eta kargu horiek, hurrenez hurren, legegintzaldiaren hasieran kide gehien dituzten hiru legebiltzar-taldeen ordezkariak izango dira.

2.- Legebiltzar Estatutuaren Batzordeak legebiltzarkidearen estatutuari lotutako gai guztiak aztertu eta erabakiko ditu, Bateraezintasunen Batzordeari dagozkion gaiak izan ezik.

3.- Osoko Bilkuraren erabakiak prestatzeko organo gisa jardungo du batzordeak, Osoko Bilkurak, Erregelamenduari jarraituz, legebiltzarkidearen estatutuari lotutako gaietan erabakiak hartu behar dituen kasuetan, salbu eta proposamena egitea lehendakaritzari edo Legebiltzarreko Mahaiari dagokienean.

4.- Osoko Bilkurari aurkeztuko dizkio batzordeak, behar bezala antolatuta eta arrazoituta, bere barruan formalizatu diren proposamenak.

5.- Atea itxita egingo dira Legebiltzar Estatutuaren Batzordearen bilkurak eta haren eztabaidak isilpekoak izango dira.

55. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek aurkeztutako jardueren adierazpenak aztertuko ditu Bateraezintasunen Batzordeak, jarduera horien bateragarritasuna edo bateraezintasuna aldarrikatzeko, eta Legebiltzarrak izendatu behar dituen hautagaiak egokiak diren ala ez erabakiko du.

2.- Osoko Bilkuraren erabakiak prestatzeko organo gisa jardungo du batzordeak, Osoko Bilkurak, Erregelamenduari jarraituz, erabakiak hartu behar dituen kasuetan, eta Osoko Bilkurari aurkeztuko dizkio, behar bezala antolatuta eta arrazoituta, bere barruan formalizatu diren proposamenak.

56. artikulua.- 1.- Erregelamendu eta Gobernurako Batzordeko kideak honako hauek izango dira: Legebiltzarreko lehendakaria, batzordeburu arituko dena, Mahaiko gainerako kideak eta legebiltzar-taldeek batzorde iraunkorretarako ezarritako kide kopurua osatu arte izendatuko dituzten legebiltzarkideak.

2.- Legebiltzarraren gobernuari eta barne-araubideari dagozkien gai guztiak aztertu eta erabakiko ditu batzordeak. Alde horretatik, esku hartuko du Legebiltzarreko Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioko arauak onetsi, aldatu eta indargabetzeko, eta, eginkizun horretan, legegintzarako eskuordetza osoz jardun ahal izango du, hala erabakiz gero.

3.- Batzorde honi dagokio Legebiltzarraren aurrekontu-proiektua aztertzea eta onestea ere, gero Osoko Bilkurari aurkezteko edo, legegintzarako eskuordetza osoz ari bada, behin betiko onesteko. Orobat, eskumena du batzorde honek aurrekontuen exekuzioa kontrolatzeko eta ekitaldi bakoitzaren bukaeran dagokion likidazioa Osoko Bilkurari aurkezteko.

4.- Erregelamendu eta Gobernurako Batzordeak ordainsari finko eta aldizkakoen zenbatekoa finkatuko du urtero, bai eta legebiltzarkideen kalte-ordainak eta kalte-ordainen modalitateak ere, dagozkien aurrekontuko diru-izendapenen barnean.

5.- Legebiltzarraren Erregelamendua aldatzeko proposamenak ere aztertu eta erabakiko ditu batzorde honek.

3. ATALA

BATZORDE BEREZIAK

57. artikulua.- 1.- Lan jakin bat, batzordea sortzeko erabakian zehaztutakoa, egiteko sortzen direnak dira batzorde bereziak. Agindutako lana bukatzean iraungitzen dira eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.

2.- Batzorde bereziak dagokien sortze-erabakia hartu eta hurrengo 15 eguneko epearen barruan eratu beharko dira.

58. artikulua.- 1.- Mahaiak, bi legebiltzar-taldek, legebiltzarkideen bosten batek edo Jaurlaritzak proposatuta, ikerketa bati ekitea erabaki ahal izango du Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, interes publikoko edozein gairi buruz erantzukizun politikorik badagoen miatzeko.

2.- Horretarako, proposamena egin duenak idatziz aurkeztu beharko dio proposamena Mahaiari, ikerketaren xedea zehaztuz eta haren beharra justifikatuz. Erregelamendu honetako IV. tituluko II. kapituluan ezarritako prozedurari lotuz eztabaidatuko da ekimena.

3.- Ikerketa egitea erabakitzen badu Legebiltzarrak, batzordea eratzeari ekingo zaio.

59. artikulua.- 1.- Ikerketa-batzordeek legebiltzar-taldeetako ordezkari bana izango dute eta boto haztatuaz hartuko dituzte erabakiak.

2.- Ikerketa-batzordeek lan-egitasmo bat egingo dute eta, Legebiltzarreko lehendakariaren bidez, edozein partikular, agintari edo funtzionarioren agerraldia eskatu ahal izango dute, deklarazioa egin dezaten.

Batzordean agertzeko eskaria gutxienez zazpi egun natural lehenago egin beharko da, salbu eta premia larriaren ondorioz denbora gutxiagoan egiten bada; edonola ere, epe hori ez da inoiz hiru egunetik beherakoa izango. Eskaria modu sinesgarrian egindako zitazio baten bidez helaraziko da, eta honako hauek zehaztuko dira:

a) zein egunetan hartu den agerraldiari buruzko erabakia eta zein ikerketa-batzordetan egitekoa den;

b) deitutako pertsonaren izen-abizenak;

c) agerraldiaren lekua, eguna eta ordua; era zehatzean ohartarazita geratuko da agertu ezean zeintzuk izan litezkeen erantzukizunak, indarrean dagoen legediaren arabera;

d) deitutako pertsonak zeri buruz eman behar dituen argibideak;

e) deitutako pertsonaren eskubideen aipamen zehatza; agerraldi-egileak, betiere, laguntza emateko izendatu duen pertsonarekin azaldu ahal izango da.

3.- Ikerketa-batzorde batek komenigarritzat jotzen badu bilkura Legebiltzarretik kanpo egitea edo batzordekide batzuk lanera Legebiltzarretik kanpora bidaltzea, lehendakariari jakinaraziko dio.

4.- Beren lanak egitean batzordeek delitu-aztarnarik sumatzen baldin badute, Fiskaltzari jakinaraziko diote.

60. artikulua.- 1.- Ikerketa-batzordeek ez dute nahasiko beren lana auzitegien lanarekin, iristen dituzten ondorioek ez dute lotura-indarrik izango auzitegientzat eta ez diote eragingo epaitutako gauzaren balioari; batzordeek irizpen batean jaso beharko dituzte beren ondorioak eta irizpen hori Legebiltzarreko osoko bilkuran eztabaidatuko da, berariaz irekitako epearen barruan legebiltzar-taldeek aurkezten dituzten boto partikularrekin batera.

2.- Legebiltzarreko lehendakariak, Bozeramaileen Batzordea entzun ondoren, eztabaidak antolatuko ditu eta esku-hartzeen denbora finkatuko.

3.- Legebiltzarraren Osoko Bilkurak onetsitako ondorioak, bai eta onetsi ez diren proposamenak ere, Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

4.- Onetsitako ondorioak Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko zaizkio.

5.- Ikerketa-batzordeek egiten dituzten bilkuren eta eztabaiden edukia isilpekoa izango da.

61. artikulua.- 1.- Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, Mahaiaren proposamenez edo bi legebiltzar-talderen nahiz legebiltzarkideen bostenaren ekimenez, azterketa-batzordeak sortzea erabaki ahal izango du, euskal gizarteari zuzenean eragiten dion edozein gairi buruz.

2.- Batzordea 59 artikuluko lehen paragrafoan xedatutakoari jarraiki eratuko da eta, hala erabakiz gero, azterkizun den gaiaren inguruko adituak hartu ahal izango ditu aholkulari gisa. Adituen gehieneko kopurua ez da batzordekideen erdia baino gehiago izango.

3.- Azterketa-batzordeek irizpen batean jaso beharko dituzte beren ondorioak eta irizpen hori batzordean edo Legebiltzarraren osoko bilkuran eztabaidatuko da, berariaz irekitako epearen barruan legebiltzar-taldeek aurkezten dituzten boto partikularrekin batera.

VIII. KAPITULUA

OSOKO BILKURA

62. artikulua.- 1.- Lehendakariak osoko bilkurarako deia egin ahal izango du. Gai-zerrenda lehendakariak zehaztuko du Bozeramaileen Batzordearekin bat etorrita.

2.- Bi legebiltzar-taldek edo legebiltzarkideen bosten batek eskatuta deitu beharko du lehendakariak, nahitaez, osoko bilkurara.

3.- Aurreko paragrafoan aipatzen den eskaerarekin batera, bilkuraren gai-zerrenda aurkeztu beharko da beti. Erregelamendu honetan ezarritakoari jarraituz Legebiltzarreko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko moduan dauden gaiak baino ez dira sartuko gai-zerrendan.

4.- Mahaiaren iritziz eta Bozeramaileen Batzordea entzunda eskaerak aurreko paragrafoan zehaztutakoa betetzen baldin badu, bilkura-deia egingo du lehendakariak, proposatutako gai-zerrenda aintzat hartuta, eskaera egin eta hurrengo 15 egun naturalen barruan.

5.- Osoko Bilkura balio osoz bildutzat jotzeko beharrezkoa izango da legebiltzarkideen erdiak gehi bat egotea bilkuran.

63. artikulua.- 1.- Legebiltzar-taldeetan bilduta eseriko dira legebiltzarkideak bilkura-aretoan eta eserleku bera izango dute beti. Bozeramaileen Batzordeak erabakiko du legebiltzarkideen arteko eserleku-banaketa.

2.- Eserleku bereziak egongo dira bilkura-aretoan Jaurlaritzako kideentzat, Eusko Legebiltzarrak izendatutako senatarientzat eta, Erregelamendu honetako 149. artikuluan aurreikusitakoa gertatzen baldin bada, lurralde historikoetako instituzioetako ordezkarientzat.

3.- Aipatutakoez gain, Legebiltzarreko langileak, beren eginkizunak betetzeko, eta lehendakariak berariaz baimendutakoak sartu ahal izango dira bilkura-aretoan.

64. artikulua.- Osoko bilkurak bilkura bakartzat joko dira harik eta dagokien gai-zerrenda amaitu arte, zerrendako gaiei buruzko erabakiak hartzeko behar den quorumaz 89. artikuluan agindutakoari kalte egin gabe.

XI. KAPITULUA

DIPUTAZIO IRAUNKORRA

65. artikulua.- 1.- Erregelamendu eta Gobernurako Batzordeak osatuko du Diputazio Iraunkorra.

2.- Diputazio Iraunkorreko Mahaia Eusko Legebiltzarreko Mahaia izango da.

3.- Lehendakariak egingo du Diputazio Iraunkorra biltzeko deia, bere kabuz edo bi legebiltzar-taldek edo Diputazioko kideen bosten batek eskatuta.

4.- Erregelamenduan osoko bilkuraz araututakoa erabiliko da Diputazio Iraunkorraren bilkurak eta jarduna arautzeko ere.

66. artikulua.- Legebiltzarra, bilkura-aldien arteko garaia izateagatik, deseginda egoteagatik edo agintaldia bukatuta egoteagatik, bilduta ez dagoenean Diputazio Iraunkorrari dagokio Legebiltzarraren botereak zaintzea, haren eginkizunak betetzea eta Osoko Bilkurari dagozkion eta luzamendurik onartzen ez duten gaiak erabakitzea.

67. artikulua.- Aztertutako gaien eta hartutako erabakien kontua emango du Diputazio Iraunkorrak, Legebiltzarrak egiten duen hurrengo lehen osoko bilkuran. Hauteskundeak egin eta gero, Legebiltzarreko Mahaiari egingo dio kontu-ematea, behin hautatutakoan, eta Mahaiak Osoko Bilkurari aurkeztuko dio eratze-bilkuraren ondoko lehen bilkuran.

X. KAPITULUA

IDAZKARITZA NAGUSIA

68. artikulua.- 1.- Legebiltzar Administrazioa da Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusia.

2.- Legebiltzarreko organoei laguntzea eta aholkuak ematea da Idazkaritza Nagusiaren eginkizuna.

3.- Idazkaritza Nagusia, legelari nagusiaren buruzagitzapean, zuzendaritzetan antolatuko da, eta zuzendaritzok zerbitzu, atal eta unitateetan.

69. artikulua.- 1.- Legelari nagusiak Idazkaritza Nagusiaren titulartasuna izango du, Mahaiaren zuzendaritzapean, Legebiltzarreko langile eta zerbitzu guztien arduradun nagusia izango da eta laguntza eta aholkularitza emango die Legebiltzarreko organoei.

2.- Mahaiak izendatuko du legelari nagusia Legelarien Kidegoa osatzen dutenen artetik, lehendakariak proposatuta. Mahaiaren aurrean erantzungo du bere egitekoez.

70. artikulua.- 1.- Dagokien izendapenaren indarrez, Legebiltzarrarekin zerbitzu profesionalak emateko harreman-lotura duten eta ordainsariak Legebiltzarraren aurrekontuaren gain jasotzen dituzten langileek osatuko dute Legebiltzarraren zerbitzuan dagoen langileria.

2.- Inpartzialtasun- eta profesionaltasun-irizpideei jarraituz eta dagozkien nagusi hierarkikoek emandako jarraibideei lotuz jokatuko dute, betiere, Legebiltzarreko langileek.

3.- Konfiantzako langileak kontratatzea aurreikusi ahal izango da, Langileen Estatutuan ezarritakoari lotuta, Mahaiaren edo beste organo batzuen zerbitzuan jarduteko.

71. artikulua.- Legebiltzarraren zerbitzuan dauden funtzionarioen eta gainerako langileen eskubideak, betebeharrak, egoerak eta eginkizunak arautuko ditu Langileen Estatutuak.

II. TITULUA

JARDUTEKO XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA

BILKURAK

72. artikulua.- 1.- Legebiltzarrak ohiko bi bilkura-aldi izango ditu urtero, irailetik abendura eta otsailetik ekainera.

2.- Ezohiko bilkura-aldi bat antolatzea edo ezohiko bilkurak egitea erabaki ahal izango du Lehendakaritzak, Bozeramaileen Batzordearekin bat etorrita, Jaurlaritzak, Diputazio Iraunkorrak edo legebiltzarkideen heren batek hala eskatuz gero. Eskaeran berariaz jaso beharko da eskatutako ezohiko bilkurarako proposatzen den gai-zerrenda, eta gai-zerrenda agortutakoan amaiera emango zaio bilkurari.

3.- Hala batzordeen nola Legebiltzar osoaren ezohiko bilkurei dagokienez, Erregelamendu honek ohiko bilkuretarako aurreikusitakoari jarraituko zaio deialdia egiterakoan eta behin betiko gai-zerrenda finkatzerakoan.

4.- Mahaiak, 35. artikuluko 1.1 paragrafoan izendatutako ahalmena baliatuz, eta Bozeramaileen Batzordearekin bat etorrita, egutegi bat ezarri ahal izango du bilkura-aldi osorako edo zati baterako, legebiltzar-lana planifikatzeko.

73. artikulua.- Aste bakoitzeko astelehenetik ostiralera, biak barne, egin ahal izango dira bilkurak.

74. artikulua.- 1.- Legebiltzarraren osoko bilkurak jendaurrekoak izango dira, salbu eta isilpekoak izatea erabakitzen denean, hurrengo artikuluan ezartzen denari lotuz.

2.- Batzordeen bilkurak ateak itxita egingo dira. Hala ere, Jaurlaritzako kideek ahalmena izango dute batzordeen bilkuretara joateko eta bilkuretan hitz egiteko. Gizarte-hedabideetako ordezkariak ere egon ahal izango dira bilkuran, nortasuna behar bezala egiaztatuta.

3.- Legebiltzar-bilkurak jarraitzea posible egiteko beharrezkoak diren neurri teknikoak hartu ahal izango ditu Legebiltzarreko Mahaiak, hurrengo artikuluaren aplikazioak ezartzen dituen mugekin.

75. artikulua.- 1.- Legebiltzar osoaren eta batzordeen bilkurak isilpekoak izango dira:

1) Legebiltzarraren barne-gobernuko gaiak aztertzen direnean.

2) Legebiltzarraren edo legebiltzarkideen izen onari dagozkion gaiak aztertzen direnean eta, betiere, legebiltzarkideei legebiltzar-izaera aldi baterako edo behin betiko kentzeaz eztabaidatzen denean edo legebiltzar-diziplinari dagokion beste edozein gairi buruz eztabaidatzen denean.

3) Legebiltzar Estatutuaren Batzordea biltzen denean.

4) Ikerketa-batzordeen bileren eta eztabaiden kasuan, harik eta irizpena Osoko Bilkurak onartu arte, salbu eta irizpenaren edukia isilpekoa izatea erabakitzen bada.

5) Osoko Bilkurak edo batzordeak, bere kideen gehiengo osoz, hala erabakitzen duenean, dagokion mahaiak, Jaurlaritzak, bi legebiltzar-taldek edo osoko bilkurako edo batzordeko kideen bostenak eskatuta.

2.- Bilkura isilpekoa izatea eskatuta, gaiari buruz eztabaidatzeari ekingo zaio, eta besterik gabe isilpekoa izango da eztabaida hori. Eztabaida amaitutakoan, erabakia hartuko da eta erabaki den izaerarekin jarraituko da bilkura egiten.

76. artikulua.- 1.- Dagokion akta egingo da Legebiltzar osoaren eta batzordeen bilkuretan. Eztabaidatutako gaiak, hizlarien izenak, gertatutako gorabeherak eta, betiere, hartutako erabakiak jasoko dira, laburki, aktan.

2.- Legelariek idatziko dituzte aktak eta idazkariak sinatuko ditu, lehendakariaren oniritziarekin. Osoko bilkuretakoak legebiltzar-taldeetako bozeramaileei banatuko zaizkie, eta batzordeetakoak batzordeko kideei.

3.- Osoko bilkurako akta jakinarazi eta zazpi egunen buruan erreklamaziorik ez baldin badago, onetsitzat joko da. Bestelakoan, hurrengo osoko bilkuran aurkeztuko da erabakitzeko. Batzordeetako aktak batzordearen hurrengo bilkuraren hasieran onetsiko dira.

II. KAPITULUA

GAI ZERRENDA

77. artikulua.- 1.- Legebiltzarreko lehendakariak jarriko du osoko bilkuretako gai-zerrenda, Bozeramaileen Batzordearekin bat etorrita.

2.- Batzorde bakoitzeko lehendakariak jarriko du batzordeko gai-zerrenda, batzordeko mahaiari entzunda eta, hala badagokio, Legebiltzarreko Mahaiak onetsitako lan-egutegiaren arabera.

3.- Osoko Bilkurak eta batzordeek erabaki ahal izango dute jarritako gai-zerrenda aldatzea, beren lehendakariek, bi legebiltzar-taldek edo beren kideen bostenak proposatuta. Taldeek beren jarrera azaltzeko txanda izango dute.

4.- Hala osoko bilkuran nola batzordean beste gai bat sartu nahi denean, beteta eduki beharko ditu gai horrek gai-zerrendan sartu ahal izateko Erregelamenduak ezarritako tramiteak. Dena dela, Erregelamenduarekiko baldintzak bete gabe ere sartu ahal izango da gai berria gai-zerrendan, taldeetako bozeramaileek aho batez hala erabakiz gero.

III. KAPITULUA

EZTABAIDAK

78. artikulua.- Aztertu beharreko gaiari buruzko txostena, irizpena edo dokumentazioa gutxienez 48 ordu lehenago banatu ez baldin bada, ezin izango da aztertu gaia batzordean edo osoko bilkuran, salbu eta aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan.

79. artikulua.- 1.- Osoko bilkuretan, Legebiltzarreko lehendakariak eztabaidak zuzentzen eta antolatzen ditu. Batzordeetako bilkuretan, eginkizun berak izango dituzte batzordeetako lehendakariek.

2.- Erregelamendu honetan eztabaiden gainean ezartzen dena gorabehera, lehendakariak, Bozeramaileen Batzordearekin edo batzordeko bozeramaileekin bat etorrita, ahalmena izango du eztabaidak eta bozketak antolatzeko eta, eztabaiden eta bozketen garrantzia baloraturik, esku-hartzeen kopurua eta denbora gehitzeko edo gutxitzeko, bai eta, taldeen eta gaien inguruabarrak aztertu eta neurtu ondoren, gai jakin batean talde bakoitzari dagozkion txandak batzeko ere.

80. artikulua.- 1.- Legebiltzarkide batek ere ezin izango du hitz egin hitza eskatu eta lehendakariak eman gabe.

2.- Lehendakariak legebiltzarkide bati esku hartzeko dei egin eta legebiltzarkidea aretoan ez baldin badago, hitz egiteari uko egin diola iritziko zaio. Legebiltzarkide horrek berak edo bere taldeak aurkeztu baldin badu eztabaidagai den ekimena, bertan behera gelditutzat joko da. Hala ere, gai jakin batean hitz egiteko den legebiltzarkidea taldeko beste edozein legebiltzarkidek ordezkatu ahal izango du, aurretik lehendakariari jakinarazita.

3.- Txanda orokorretan, kide gutxien duen taldetik hasita esku hartuko dute legebiltzar-taldeek, salbu eta Erregelamendu honek bestelako ordena erabakitzen duenean.

4.- Txanda bera batera erabiliko dutela adierazten duten legebiltzarkideek eta taldeek beren artean erabaki ahal izango dute esku-hartzearen hurrenkera, aurretik lehendakariari jakinarazita.

5.- Lehendakariak, lehendakariordeek edo idazkariek eztabaidetan parte hartu nahi dutenean, utzi egingo dute Mahaiko beren eserlekua eta, gaiaren eztabaida eta bozketa bukatutakoan, lehengo eserlekura itzuliko dira.

6.- Eskatzen duten bakoitzean hitz egin ahal izango dute Jaurlaritzako kideek eztabaidagai den ekimenari buruz, betiere ahaztu gabe Legebiltzarreko lehendakariari dagokiola eztabaida antolatzeko ahalmena.

81. artikulua.- Oro har, hizlariari ezin izango zaio hitzaldia moztu. Lehendakariak moztuko dio bakarrik, denbora agortu zaiola ohartarazteko, gaiari lot dakiola edo portaera alda dezala eskatzeko, hitza kentzeko edo Legebiltzarrari edo legebiltzarkideren bati edo publikoari portaera alda dezala eskatzeko.

82. artikulua.- 1.- Lehendakariak betearazi egingo ditu izendatutako denborak.

2.- Ezarritako denbora bukatutakoan, lehendakariak, hizlariari bere esku-hartzea amaitzeko bi aldiz eskatu ondoren, kenduko dio hitza, eta hizlariak handik aurrera esaten duen ezer ez da jasoko ez aktan ez Bilkura Egunkarian.

83. artikulua.- 1.- Lehendakariaren iritziz, eztabaidan zehar aipamenen bat egiten baldin bada legebiltzarkide batez edo legebiltzarkide baten jokabideaz edo legebiltzar-talde baten izen onaz edo duintasunaz balio-iritziak edo zehazgabetasunak biltzen dituena, hitz egiteko aukera emango zaio aipatutako legebiltzarkideari edo aipatutako taldearen ordezkariari, gehienez ere bost minutuz, eta eztabaidagaiaren muinean sartu gabe, egindako aipamenei ez besteri erantzuteko. Legebiltzarkideak muga horiek gainditzen baditu, lehendakariak berehala kenduko dio hitza.

2.- Bilkura berean erantzungo zaie bakarrik aipamenei. Aipatutakoa aretoan ez badago, taldeko beste legebiltzarkide batek esku hartu ahal izango du haren izenean; bestelakoan, aretoan egon gabe aipatutakoak hurrengo bilkuran esku hartu ahal izango du.

84. artikulua.- 1.- Eztabaida dagoenean dagoela, Erregelamendua betetzea eskatu ahal izango dute legebiltzarkideek. Horretarako, aplikatzeko eskatzen duten artikulua edo artikuluak aipatu beharko dituzte. Ez da inolako eztabaidarik egiterik izango, eta egindako alegazioa ikusirik lehendakariak hartzen duen erabakiari men egingo zaio.

2.- Aztertzen ari den gaia argitzeko egokitzat jotzen dituen arauak edo dokumentuak irakurtzeko eskatu ahal izango du legebiltzarkide orok eztabaidan zehar edo botoa eman baino lehen. Lehendakariak ukatu ahal izango ditu irakurketak, baldin eta eztabaida luzatzekoak, eztabaidagaitik nabarmenki aldenduak edo alferrikakoak direla uste badu.

85. artikulua.- 1.- Erregelamenduan agindu berezirik ez baldin badago, eztabaida orotan taldeek beren jarrera adierazteko txanda bat izango dutela ulertuko da, eta gai ororen gaineko eztabaidan esku-hartzeak gehienez ere 10 minutukoak izango direla. Erantzuteko txandak, berriz, gehienez bost minutukoak izango dira.

2.- Osoko eztabaidetan, aldeko txanda eta aurkako txanda izango dira, 30 minutukoak. Erantzuteko txanda ere egon ahal izango da, 10 minutukoa.

86. artikulua.- Eztabaida orotan, hizlari baten argudioei beste hizlari batzuek kontra egiten badiote, erantzuteko txanda izango du hizlariak, gehienez ere bost minutukoa.

Proposamen baten aurkako txanda erabiltzeko eskubideak iraungo du proposamena erretiratuta egon arren, baldin eta proposamenaren aldeko txanda egin bada.

87. artikulua.- Lehendakariak, Mahaiari entzunda, beti erabaki ahal izango du eztabaidari amaiera ematea gai bat behar adina eztabaidatuta dagoela uste badu. Legebiltzar-talde bateko bozeramaileak eskatuta ere erabaki ahal izango du. Eztabaida amaitzeko eskaera honi dagokionez, amaitzearen aldeko hizlari batek eta kontrako beste batek hitz egin ahal izango dute, gehienez ere bost minutuz bakoitzak.

IV. KAPITULUA

BOZKETAK

88. artikulua.- 1.- Pertsonala eta beste inoren esku ezin utzizkoa da legebiltzarkideen botoa:

a) Emakume legebiltzarkideek amatasuna dela-eta sei asteko atsedenaldia izango dute erditu ondoren. Aldi horretan bozeramailearen edo beste legebiltzarkide baten esku utzi ahal izango dute beren botoa.

b) Amatasun nahiz aitatasun arrazoiengatik osoko bilkuretako eztabaidetan eta bozketetan egoterik ez duten legebiltzarkideek bozeramailearen edo beste legebiltzarkide baten esku utzi ahal izango dute beren botoa.

Boto-eskuordetza Legebiltzarreko Mahaiari zuzendutako idazkiaren bitartez egingo da. Idazkian, boto-eskuordetza egiten duenaren eta jasotzen duenaren izenak adieraziko dira, baita eskuordetza hori zein eztabaida eta bozketatan baliatzekoa den ere edo, hala badagokio, eskuordetzak zenbat iraungo duen. Mahaiak, eskaria tramitatzeko onartzearekin batera, eskuordetzako botoa erabiltzeko prozedura eta gehieneko denbora ezarriko ditu.

2.- Legebiltzarkideek ezin izango dute boto-eskubidea baliatu beren estatutuari lotutako gaietan.

3.- Behin bozketa hasitakoan, ezin izango da bozketa eten eta ezein legebiltzarkide ezin izango da bilkura-aretora sartu edo bilkura-aretotik irten, ezta bozketa bukatu arte lehendakariak hitza eman ere.

89. artikulua.- 1.- Erabakiak hartzeko, Legebiltzarreko organoek Erregelamenduari lotuz eta beren kideen gehiengoa bilkura-aretoan dagoela bildu beharko dute.

2.- Aurreko paragrafoan agindutakoa gorabehera, legebiltzarkideren batek quoruma egiaztatzeko eskatu eta paragrafo horretan adierazitakoa ez baldin badago, atzeratu egingo da bozketa, gehienez ere bi ordu. Denbora hori igarota, balio osokoa izango da bozketa baldin eta aretoan dauden legebiltzarkideak organoa osatzen duten kideen herena baino gehiago badira.

3.- Bozketa bakoitza hasi aurretik bakarrik eskatu ahal izango da quoruma egiaztatzea. Behin bozketa hasitakoan, ezin izango aurkatu erabakiaren baliozkotasuna, boto-emaileen kopurua dena delakoa izan bada ere.

90. artikulua.- 1.- Autonomia Estatutuak, legeek edo Erregelamendu honek gehiengo berezirik eskatzen ez badute, emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak.

2.- Abstentzioak, boto zuriak edo nuloak kontuan izan gabe, aldeko botoak aurkakoak baino gehiago diren kasuan ulertuko da dagoela gehiengo soila.

3.- Legebiltzarreko organoko eskubidezko kideen erdiek baino gehiagok boto bera ematen dutenean ulertuko da dagoela gehiengo osoa.

91. artikulua.- 1.- Berdinketa gertatzen bada bozketaren batean, berriro egingo da. Orduan ere berdinketa gertatzen bada, hurrengo bilkuran botatuko da berriro, eta orduan ere berdinketa gertatzen bada, ezetsitzat joko da delako irizpen, artikulu edo proposamena.

2.- Aurreko arautik kanpo geratuko da batzordeko tramitea; 46. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da tramite horrelakoetan.

92. artikulua.- Prozedura hauetako bati jarraituz hartuko ditu Legebiltzarrak bere erabakiak:

a) Lehendakariak egindako proposamenaren baiespena.

b) Ohiko bozketa.

c) Jendaurreko bozketa, izen-abizenez deituta.

d) Isilpeko bozketa.

e) Bola bidezko bozketa.

93. artikulua.- Lehendakariak egiten dituen proposamenek, behin iragarri eta gero, eragozpenik edo kontrakorik eragiten ez badute, baiespenez onetsita daudela ulertuko da.

94. artikulua.- 1.- Ohiko bozketa, lehendakariak zer erabakitzen duen, modu hauetako bat erabiliz egin ahal izango da, Mahaiarekin bat etorrita:

a) Zutik jarriko dira, lehenik, alde daudenak, gero aurka daudenak eta, azkenik, abstenitzen direnak. Lehendakariak idazkariei aginduko die kontaketa egiteko, baldin eta emaitzaz zalantza badu edo, emaitza aldarrikatu eta gero ere, talderen batek boto-kontaketa egitea eskatzen badu.

b) Prozedura elektronikoa erabiliko da, legebiltzarkide bakoitzak zer boto eman duen eta azken emaitzak egiaztatzen dituena.

2.- Boto elektronikoari dagokionez, legebiltzarkideak adierazitakoa bezalako botoa emateko ezintasunen bat bada, lehendakariak, bilkuran dagoen legebiltzarkideak nahiz bere taldeko bozeramaileak eskatuta, beharrezko neurriak hartuko ditu ezintasunak eragindako legebiltzarkidearen asmoa bozketaren emaitzan ager dadin eta, beharrezkoa izanez gero, prozedura elektronikoz egindako bozketa errepikatzea aginduko du.

95. artikulua.- 1.- Bozketa jendaurrekoa izango da, legebiltzarkideei izen-abizenez deituta, edo isilpekoa izango da honako kasu hauetan:

a) Erregelamenduak hala agintzen duenean.

b) Bi legebiltzar-taldek eskatzen dutenean.

c) Legebiltzar-organoa osatzen duten kideen bostenak eskatzen duenean.

Eskaera desberdinak egiten baldin badira, isilpekoa izango da bozketa.

2.- Dei bidezko jendaurreko bozketan, idazkarietako batek legebiltzarkideen izena esango du, eta «bai» edo «ez» erantzungo dute legebiltzarkideek, edo abstenitu egingo direla adieraziko dute. Osoko bilkuran, alfabeto-ordenan egingo da deia, zozketaz atera den abizena duen legebiltzarkidetik hasita. Azkenean botatuko dute Jaurlaritzako kide diren legebiltzarkideek eta Mahaiko kideek. Batzordeetan, kideen alfabeto-ordena jarraituko da.

3.- Isilpeko bozketa modu hauek erabiliz egin ahal izango da:

a) Boto elektronikoaren bidez edo beste modu batez, hala eskatzen badute bi legebiltzar-taldek. Nork bere botoa inork ikusi gabe emango duela bermatuko da.

b) Txartelen bidez, lehendakariak hala erabakitzen duenean, pertsonak aukeratu behar direnean edo bi legebiltzar-taldek hala egiteko eskatzen dutenean. Izen-abizenez dei egingo zaie legebiltzarkideei, alfabeto-ordenan, Mahaira hurbildu eta boto-ontzian sar dezaten txartela.

96. artikulua.- Lehendakariaren inbestidurarako bozketak, zentsura-mozioari buruzko bozketak eta konfiantza-arazoari buruzko bozketak beti izango dira jendaurrekoak eta legebiltzarkideei izen-abizenez deituta.

97. artikulua.- 1.- Bola bidezko boto-kontaketa norbaiten egintzak edo jokabidea kalifikatzeko egiten den bozketa orotan egin ahal izango da.

2.- Bozketa mota hau egiteko, legebiltzarkide bakoitzak, Mahaira hurbiltzean, bola zuria eta bola beltza jasoko ditu lehendakariaren eskutik, eta jokabidea onesten badu bola zuria eta gaitzesten badu bola beltza sartuko du horretarako jarritako boto-ontzian. Beste boto-ontzi batean sartuko du gelditu zaiona.

3.- Berdinketa gertatuz gero, bola zuriek adierazitakoa garaituko da.

98. artikulua.- 1.- Gai bati buruzko bozketa amaitutakoan eta boto-kontaketa egindakoan, emaitza jendaurrean jakinaraziko du lehendakariak, emandako botoak eta izandako abstentzioa zehaztuta, eta proposamena onetsita edo ezetsita geratu dela adieraziko du edo, hala badagokio, pertsona bat hautatu edo izendatu dela.

2.- Eztabaidatzeko diren ekimenen puntu baten edo gehiagoren bozketa bereiz egitea eskatu ahal izango du legebiltzar-talde batek.

Lehendakariak bozketa bereiz egitea onartuko du baldin eta proposamen-egileak onartzen badu.

3.- Lege-proiektuetan eta lege-proposamenetan, osoko bozketaren ondoren edo azken bozketaren ondoren egin ahal izango da bakarrik boto-azalpena.

4.- Ez da boto-azalpenik egiterik izango bozketa isilpekoa izan bada, edo legebiltzar-talde guztiek aukera izan badute aurreko eztabaidan esku hartzeko. Hala ere, azkeneko kasu horretan, legebiltzar-talde batek eztabaidan esku hartu eta eztabaidaren ondorioz aldatu egin badu bere botoa, eskubidea izango du boto-aldaketa azaltzeko.

5.- Ez da onartuko banakako boto-azalpenik egitea, salbu eta azalpen-txanda eskatzen duenak bere taldeak emandakoaren kontrako botoa eman badu isilpekoa ez den bozketan.

V. KAPITULUA

EPEAK ZENBATZEA ETA DOKUMENTUAK AURKEZTEA

99. artikulua.- 1.- Epeak, betiere, jakinarazpena edo argitalpena egin eta biharamunetik hasiko dira zenbatzen eta, aurkako agindurik ezean, Erregelamendu honetan egunka adierazten diren epeak egun baliodunetan zenbatuko dira, larunbatak, igandeak eta jaiegun izendatutakoak kanpoan utzita.

Hilabeteka adierazten diren epeak, datatik datara zenbatuko dira. Epea amaitzen den hilean ez badago epea zenbatzen hasi den egun berdina, epea hilaren azken egunean amaitzen dela ulertuko da.

Erregelamendu honetako epeak zenbatzerakoan, abuztua hilabete baliogabea izango da.

2.- Eten egingo da zenbaketa bilkura-aldi bat amaitzean, salbu eta gaia ezohiko bilkura bateko gai-zerrendan sartuta badago. Kasu horretan, Legebiltzarreko Mahaiak ezarriko ditu baliodun bihurtu beharreko egunak, bilkura berezia egin ahal izateko tramiteak bete daitezen bakarrik.

3.- Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe, bilkura-aldi baten amaieran ez dira etengo idatziz erantzuteko galderei eta dokumentazio-eskaerei erantzuteko epeak, Mahaiak tramitatzeko onartu baditu ekimen horiek.

100. artikulua.- 1.- Erregelamendu honetan ezarritako epeak luzatu edo laburtu egitea erabaki ahal izango du Legebiltzarreko Mahaiak.

2.- Epeak ez dira beste hainbeste baino gehiago luzatuko, ez eta erdia baino gehiago laburtuko, aparteko kasuetan izan ezik.

101. artikulua.- 1.- Astelehenetik ostiralera aurkeztu ahal izango dira dokumentuak Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusiko Erregistroan. Epe barruan aurkezten diren dokumentuak onartuko dira, legebiltzar-talde batek eskatuta, baldin eta indarrean dauden arauetan horretarako ezarritako baldintzak betetzen badira.

2.- Aurreko erregistroan edo batzordeetako Mahaian aurkezten diren idazkiak zein ekimen mota diren identifikatzeko moduan aurkeztu beharko dira eta erreferentziako izenburua eduki beharko dute goian.

3.- Idazki bat epe jakin batean aurkeztu behar bada, epea amaitzen den egunaren hurrengo egun balioduneko hamabiak arte aurkeztu ahal izango da, Legebiltzarraren Idazkaritza Orokorraren Erregistroan. Aurrekoa ez da aplikatuko Erregelamendu honetako 175 eta 181. artikuluetan ezarritako kasuetan.

4.- Euskarri informatikoan ere aurkeztu ahal izango dira dokumentuak, Legebiltzarreko Mahaiak jartzen dituen arauei lotuta.

VI. KAPITULUA

PRESAKOTZAT JOTZEA

102. artikulua.- 1.- Gai bat presako prozedura erabilita tramitatzea erabaki ahal izango du Legebiltzarreko Mahaiak, Jaurlaritzak edo ekimenaren egileak hala eskatuta, baldin eta presa behar bezala arrazoitzen bada.

2.- Aurreko erabakia hartzearekin batera, epe berriak ezarriko ditu Mahaiak. Ohiko epeen erdia iraungo dute epe horiek, aparteko inguruabarrik izan ezean.

VII. KAPITULUA

LEGEBILTZARREKO LANAK ARGITARATZEA

103. artikulua.- Hauek izango dira Legebiltzarraren argitalpen ofizialak:

1.- Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala.

2.- Eusko Legebiltzarraren Bilkura Egunkaria.

104. artikulua.- 1.- Honako hauek argitaratuko dira Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean: lege-proiektuak eta lege-proposamenak, boto partikularrak eta zuzenketak, lantaldeen txostenak, batzordeen irizpenak, Osoko Bilkuraren erabakiak, legez besteko proposamenak, interpelazioak, mozioak, galderak eta galderen erantzunak isilpean eduki beharrekoak ez direnean, Jaurlaritzaren komunikazioak eta, Erregelamendu honetako xedapenen batek hala ezarri eta Lehendakaritzak agintzen badu, beste edozein testu edo dokumentu.

2.- Legebiltzarreko lehendakariak edo batzorde batekoak presa- edo premia-arrazoiak direla medio agindu ahal izango du aurreko paragrafoan aipatutako dokumentuen jakinarazpena bermatuko duen erreprodukzio telematiko edo mekanikoa egitea, eztabaidatu behar dituen organoko partaide diren legebiltzarkideei banatzeko. Hala ere, Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira gero testu horiek edo, aparteko kasuetan, aurkeztu izanaren berri hutsa.

3.- Argitaratu egingo dira isilpeko bilkuretan hartutako erabakiak, salbu eta Mahaiak isilpeko izaera dutela erabakitzen badu.

105. artikulua.- 1.- Bilkura-egunkarietan oso-osorik jasoko dira jendaurreko bilkuretan izandako esku-hartze guztiak eta hartutako erabaki guztiak, bai eta izandako gorabeheren berri eman ere, 114. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoari kalte egin gabe.

2.- Lehendakaritzan gordeko dira Legebiltzar osoaren eta batzordeen isilpeko bilkuren irudizko, hotsezko edo idatzizko erregistroak.

106. artikulua.- 1.- Beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu Legebiltzarreko Mahaiak hedabideei legebiltzar-organoen jardunari buruzko informazio egokia emateko.

2.- Mahaiak berak arautuko du aurreko paragrafoan aipatutako hedabideetako profesionalei egiaztatze-agiriak ematea, eta araudi bat egingo du egokitu ahal zaizkien lokaletara sar daitezen eta joatea daukaten bilkuretara joan daitezen. Legebiltzarreko Mahaiak baimendu beharko ditu, orobat, irudizko edo hotsezko grabazioak, eta horretarako beharrezkoak iruditzen zaizkion arauak emango ditu.

107. artikulua.- 1.- Eusko Legebiltzarrak bere jardunaren erabateko gardentasuna bermatuko du.

2.- Herritar guztiek izango dute Legebiltzarreko dokumentuak ikusteko eskubidea. Horretarako, Legebiltzarrak legebiltzar-dokumentuen herritarrentzako erregistroa sortuko du. Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Bilkuren Egunkarian argitaratutako dokumentuak, bai eta legebiltzar-agiri eta -ekimenez osatutako datu-baseetan daudenak ere, zuzenean eskuratu ahal izango dira komunikazio-sare informatiko edo elektronikoen bidez. Modu horietan ezin eskura daitezkeen gainerako legebiltzar-dokumentuak idatzizko eskaria egin ondoren emango dira.

108. artikulua.- 1.- Legebiltzarreko Mahaiak beharrezko neurriak hartuko ditu herritarrak, bitarteko telematikoen bidez, Legebiltzarrean tramitatzen diren ekimenen agirietara irits daitezen eta ekimen horiek tramitatzeko prozesuaren jarraipena egin dezaten. Era berean, herritarren eta legebiltzarkideen arteko harremanak errazteko prozedurak ezarriko ditu. Gardentasun-prozesu horri bide emateko:

a) Agirietara iristeko moduari dagokionez, bermatu beharko da ekimenen espedienteei gehitzen zaizkien dokumentu idatziak formalki tramitatzeko onartzen direnetik edo tramitazio-aldiren bat igarotzen dutenetik gehienez ere bi egunera egongo direla erabilgarri. Era berean, bibliografia- edota hots-erregistroak gehienez ere hiru eguneko epean gehitu beharko zaizkie espediente digitalei.

b) Herritarrei informazioa bilatzen lagunduko dieten prozedurak izango dira. Horretarako, espedienteak estatistikoki taldekatuko dira eta katalogatuko edukiaren edota motaren arabera. Era berean, Interneten agertuko dira legebiltzar-jarduerei dagozkien datu-baseetako bilaketa-tresnak.

c) Mekanismo telematikoak ezarriko dira herritarrek interesatzen zaien edozein ekimenen jarraipen zehatza egitea izan dezaten. Interesa duten herritarrek eskubidea izango dute hautatutako ekimen edo gaiaren inguruan sortzen diren berritasunei buruzko informazioa izateko, gutxienez astero.

d) Legebiltzarrean lan egiten duten legebiltzarkideen fitxa eguneratuak argitaratuko dira. Horien bitartez legebiltzarkideek aurkeztutako ekimenetara nahiz egindako esku-hartzeetara iritsi ahal izango da.

e) Osoko bilkurak Internet bidez emateko zuzeneko zerbitzu bat egongo da. Audio-seinalea hizkuntza ofizialetan entzun ahal izango da.

f) Bide elektronikoen bitartez jakitun ipintzeko iragarki-sistema bat ezarriko da, ekimen zehatzetan interesa duten herritarrek ekimen horiek tramitatuko diren egunaz eta organoaz informazioa jaso dezaten. Iragarki horien bidez dagokion ekimenaren espedientera iristeko aukera egongo da.

109. artikulua.- Eusko Legebiltzarreko web-orrian dagoen parte hartzeko gunea ere erabili ahal izango du edozein herritarrek iradokizunak eta ekarpenak jendaurrean egiteko eta horien emaitza jakiteko.

VIII. KAPITULUA

LEGEBILTZARREKO DIZIPLINA

1. ATALA

LEGEBILTZAR ESPARRUKO ORDENA

110. artikulua.- Legebiltzarraren esparruan eta Legebiltzarreko toki guztietan ordena egon dadin zainduko du lehendakariak. Horretarako, egokitzat jotzen dituen neurri guztiak hartu ahal izango ditu, eta, hala badagokio, epaileen esku jarriko ditu ordena hausten dutenak.

111. artikulua.- Pertsona batek Legebiltzarraren barruan, bilkuran edo bilkuratik kanpo, legebiltzarkide izan edo izan gabe, egitez edo hitzez istilu larria sortzen baldin badu, kanporatua izango da berehala.

112. artikulua.- 1.- Tribunetan ordena egon dadin zainduko du lehendakariak jendaurreko bilkuretan.

2.- Tribuna horietan norbaitek ordena hausten badu edo behar bezalako portaera ez badauka, Legebiltzarretik kanporatua izango da berehala lehendakariak aginduta. Horrez gainera, Legebiltzarreko segurtasun-zerbitzuek dagozkion diligentziak egiteko aginduko du, hala baderitzo, lehendakariak, gertatutakoak delitu edo hutsegite izango balira erabiltzeko.

2. ATALA

GAIARI LOTZEKO ETA ORDENA ZAINTZEKO DEIA

113. artikulua.- 1.- Gaiari lotzeko deia egingo zaie hizlariei aztertzen ari den gaitik kanpo jarduten diren bakoitzean, gaiarekin loturarik ez duten zehaztasunetan sartuak direlako, edo lehendik eztabaidatuta eta bozkatuta dagoenera itzuliak direlako.

2.- Hizlari bati gaiari lotzeko deia hirugarren aldiz egin behar badio lehendakariak esku-hartze berean, kendu egingo dio hitza.

114. artikulua.- 1.- Kasu hauetan egingo zaie ordenarako deia legebiltzarkideei eta hizlariei:

1) Legebiltzarraren, legebiltzarkideen, instituzioen edo beste edozein pertsona edo erakunderen izen onarentzat iraingarriak diren hitzak esaten, irudiak edo mezu grafikoak erakusten edo iritziak adierazten dituztenean.

2) Eztabaidak behar bezala joan daitezen ezarritakoa betetzen ez dutenean beren hitzaldietan.

3) Bilkuretako ordena hausten dutenean etenaldiekin edo beste edozein modutara.

4) Hizlari bati hitza kendu eta gero ere hitz egiten jarraitu nahi duenean.

2.- Aurreko paragrafoko 1) puntuan aurreikusitako kasua gertatzen denean, esandako irainak zuzentzeko eskatuko dio lehendakariak legebiltzarkideari edo hizlariari eta Bilkura Egunkarian ez jasotzeko aginduko du. Eskaera horri uko egiten bazaio, ordenarako deiak egin ahal izango ditu lehendakariak bata bestearen atzean, eta hurrengo artikuluan aurreikusitako ondorioak izango dira.

115. artikulua.- 1.- Legebiltzarkide edo hizlari bati bilkura berean hiru aldiz egin baldin bazaio ordenarako deia, kendu egingo zaio, hala badagokio, hitza, eta bilkuraren gainerakoan aretoan ez egoteko zehapena ezarri ahal izango dio lehendakariak eztabaidarik gabe.

2.- Bilkura-aretotik irteteko eskatuta ukatu egiten bada zehatutako legebiltzarkidea, kanporaketa betetzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu lehendakariak. Kasu horretan, gainera, Mahaiarekin bat etorrita, hurrengo bilkurara joateko debekua ezarri ahal izango dio lehendakariak, 117. artikuluan ezarritakoa ahaztu gabe.

3. ATALA

LEGEBILTZARKIDEEN BETEBEHARRAK EZ BETETZEAK DAKARTZAN ARAU HAUSTE ETA ZEHAPENAK

116. artikulua.- Diziplina-zehapena ekar dezaketen arau-hausteak honela sailkatzen dira: oso larriak, larriak eta arinak.

117. artikulua.- Arau-hauste oso larriak egin direla joko da honako hauek gertatzen direnean:

1.- Zehapena ezarri eta bete ondoren, legebiltzarkideak bere jokabideari eusten dionean.

2.- Legebiltzarraren barruan armak eramaten dituenean legebiltzarkideak.

3.- Bilkura-aretotik kanporatua izan ondoren, handik irten nahi ez duenean legebiltzarkideak.

4.- Erregelamendu honetako 19. artikuluan ezarritakoa urratzen duenean legebiltzarkideak.

5.- Jardueren eta ondasunen adierazpenetan garrantzi ekonomikoagatik edo gizartean duten eraginagatik eman beharrekoak diren datuak faltsutu edo ezkutatzen dituenean legebiltzarkideak.

118. artikulua.- Arau-hauste larriak egin direla joko da honako hauek gertatzen direnean:

1.- Nahita, behin eta berriro edo nabarmenki, osoko bilkuretara edo batzordeko bilkuretara joan gabe gelditzen denean legebiltzarkidea.- Ez da ahaztu behar, gainera, Erregelamendu honetako 17.2 eta 27.3 artikuluetan ezarritakoa.

2.- Erregelamendu honetako 18. artikuluan ezarritako sekretu-betebeharra hausten duenean legebiltzarkideak.

3.- Adierazpena aurkezten ez duenean legebiltzarkideak, adierazpena egiteko eskatu eta gero.

4.- Aurkeztutako adierazpenetan ageri diren okerrak edo hutsuneak zuzentzen ez dituenean legebiltzarkideak, okerrak edo hutsuneak konpontzeko eskatu eta gero.

5.- Adierazpenetan azaldu beharrekoak ziren datuak faltsutu edo ezkutatzen direnean.

6.- Legebiltzarraren barruan, bilkuran edo bilkuratik kanpo, legebiltzarkide batek egitez edo hitzez istilu larria sortzen duenean.

119. artikulua.- Arau-hauste arinak egin direla joko da honako hauek gertatzen direnean:

1.- Legebiltzarkideei bilkura berean ordenarako deia hiru aldiz egitea, bilkuretako ordena hausten dutenean etenaldiekin edo beste edozein modutara.

2.- Ezarritako epeetan adierazpena aurkezten ez dutenean legebiltzarkideek.

3.- Legebiltzarraren, legebiltzarkideen, instituzioen edo beste edozein pertsona edo erakunderen izen onarentzat iraingarriak diren hitzak esaten, irudiak edo mezu grafikoak erakusten edo iritziak adierazten dituztenean.

4.- Aurreko artikuluan aipatutako egintzak burutu arren, larritzat jotzeko adinako garrantzirik ez dutenean.

120. artikulua.- 1.- Arau-hauste oso larriengatik ezar daitekeen zehapena Erregelamendu honetako 10. artikulutik 13. artikulura zehaztutako legebiltzarkide-eskubideez aldi baterako gabetzea izango da, hiru hilabetetik sei hilabetera gehienez ere. 117. artikuluko 5) paragrafoan zehaztutako arau-hausteek berekin dakarte behar ez bezala jaso diren diru kopuruak itzultzea.

2.- Arau-hauste larriengatik ezar daitekeen zehapena Erregelamendu honetako 10. artikulutik 13. artikulura zehaztutako legebiltzarkide-eskubideez aldi baterako gabetzea izango da, hiru hilabete baino gehiago izango ez den aldirako. 118. artikuluko 4. eta 5. paragrafoetan zehaztutako arau-hausteek berekin dakarte behar ez bezala jasotako diru kopuruak itzultzea.

3.- Arau-hauste arinengatik honako zehapen hauek ezarri ahalko dira:

a) Kargu-hartze pribatua edo idatzizko ohartarazpena, eginbeharra betetzea agintzen duena.

b) Kanporatzea, Lehendakaritzak bilkura berean hiru aldiz ordenarako deia egin eta gero.

c) Erregelamendu honetako 10. artikulutik 13. artikulura zehaztutako legebiltzarkide-eskubideez aldi baterako gabetzea, hilabete baino gehiago izango ez den aldirako, Legebiltzarraren, legebiltzarkideen, instituzioen edo beste edozein pertsona edo erakunderen izen onarentzat iraingarriak diren hitzak esaten, irudiak edo mezu grafikoak erakusten edo iritziak adierazten dituztenean.

121. artikulua.- 1.- Zehapena eragin duten gertaerak delitu izan daitezkeela uste baldin badu Mahaiak, eskumena duen epaile-organoari jakinaraziko dio lehendakariak.

2.- Betiere Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira ezarritako zehapenak.

4. ATALA

ZEHAPEN PROZEDURAREN TRAMITAZIOA

122. artikulua.- 1.- Zehapen-prozedura Erregelamendu honi egokituko zaio eta, Erregelamendu honek aurreikusten ez dituen kasuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari edo hura ordezten edo aldatzen duten legeei. Lege horren IX. tituluko irizpideak betiere betetzekoak izango dira.

2.- Edozein legebiltzarkidek edo legebiltzar-taldek egindako salaketa-idazki batekin hasiko dira zehapen-prozedurak, 115. artikuluan adierazitakoa izan ezik, eta gutxieneko eduki hau izango du idazkiak:

a) ustez erantzukizuna duen legebiltzarkidearen identifikazioa;

b) prozedura irekitzeko arrazoi diren gertaeren azalpen laburra, gertaera horiek eduki lezaketen kalifikazioa eta legozkiekeen zehapenak, instrukzioan erabakitzen denari kalte egin gabe;

c) espedientean jasotakoa ebazteko eskumena duen organoa eta eskumen hori ematen dion araua.

123. artikulua.- 1.- Legebiltzar Estatutuaren Batzordeak izango du eskumena arau-hauste larrien edo oso larrien kasuetan zehapen-espedienteak ebazteko.

2.- Legebiltzar Estatutuaren Batzordeak bere kideen artetik espedientearen instrukzio-egilea izendatuko du. Instrukzio-egilea ez da inoiz ere izango espedientea ireki zaion pertsonaren legebiltzar-talde berekoa.

3.- Instrukzio-egileak gertaerak zehazteko eta egiaztatzeko behar beste eginbide aginduko ditu, eta gertaerak argitzera eta zehatzeko modukoak diren erantzukizunak zehaztera eraman dezaketen behar beste froga eskatuko ditu.

124. artikulua.- 1.- Instrukzio-egileak dagokion kargu-orria idatzi eta jakinaraziko du.

2.- Kargu-orria modu argi eta zehatzean idatzi beharko da, egotzitako gertaerak jasoko ditu eta ustez egindako arau-haustea eta ezarri daitezkeen zehapenak adieraziko ditu, Erregelamendutik aplikatzekoak diren xedapenen aipu zehatza egitearekin batera. Orobat adierazi beharko da nor den instrukzio-egilea eta zein den zehapena jartzeko eskumena duen organoa.

125. artikulua.- 1.- Kargu-orriak erruduntzat jotakoa nor den adieraziko du eta 10 eguneko epe luzaezina emango dio, egoki iritzitako alegazioekin erantzun dezan.

2.- Erruduntzat jotakoak, kargu-orriari egiten dion erantzunean, beharrezko iritzitako eta zuzenbidean onargarri den edozein frogabide egitea proposatu dezake, eta haren iritziz egoerarekin zerikusia duten dokumentuak ere erants ditzake.

126. artikulua.- 1.- Instrukzio-egileak gehienez ere 15 eguneko epea izango du bidezko iritzitako frogak egiteko, froga horiek gertaerak eta erantzuleak zeintzuk diren zehazteko egokiak direlakoan.

2.- Froga-aldia amaitu ondoren, instrukzio-egileak ebazpen-proposamena idatziko du, non honako hauek adieraziko dituen: gertaeren azalpen zehatza, inputatuak egin bide duen arau-haustea zehaztearren egindako kalifikazio juridikoa eta erruduntzat jotakoak izan litzakeen erantzukizunak, bai eta ezarri beharreko zehapenaren proposamena ere.

127. artikulua.- 1.- Espedientea amaitu ondoren, instrukzio-egileak Legebiltzar Estatutuaren Batzordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena, eta aipatu batzordeak erabakia hartuko du gehiengo soilaz.

2.- Diziplina-prozedurari amaiera emango dion ebazpenak arrazoiak adierazi beharko du, espedientean aipatutako gai guztiak ebatziko ditu eta ezin izango ditu onartu kargu-orriaren eta ebazpen-proposamenaren oinarri izan ez diren gertaerak, horien balorazio desberdina gorabehera.

3.- Ezarri beharreko zehapena oso larria denean, Legebiltzarrak berretsi beharko du, isilpeko bilkuran, espedientearen ebazpena, eta ez da ebazpen horren aurkako errekurtsorik jarri ahal izango. Eztabaidan, legebiltzar-taldeek bozeramaileen bitartez hitz egin ahal izango dute eta Legebiltzarrak bestelako tramiterik gabe emango du ebazpena.

4.- Mahaiak ezarritako zehapenen aurkako errekurtsoa Legebiltzarraren Osoko Bilkuraren aurrean jarri ahal izango da, zehapena jakinarazi eta 15 eguneko epean. Osoko Bilkurak ebatziko du errekurtsoaren gainean, hura aurkeztu eta hurrengo 15 egunen barruan.

128. artikulua.- 119 artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan tipifikatutako arau-hausteak baldin badira, Mahaiko lehendakariak prozedura sinplifikatua erabili ahal izango du; horretarako, aurretik entzungo dio erruduntzat jotako legebiltzarkide inputatuari edo haren deskargua jasoko eta, bukaeran, arrazoitutako ebazpena emango du.

IX. KAPITULUA

LEGEBILTZARREKO TRAMITAZIOEN IRAUNGIPENA

129. artikulua.- Eusko Legebiltzarra desegindakoan edo Legebiltzarraren agintaldia amaitutakoan, iraungi egingo dira tramitazioan dauden gai guztiak, salbu eta Diputazio Iraunkorrak aztertu eta erabaki beharrekoak edo legeak hala aginduta atzeratu beharrekoak.

130. artikulua.- Eusko Legebiltzarrak aurkeztutako lege-proposamen baten tramitazioa Gorte Nagusietan iraungitzen bada edo Eusko Legebiltzarraren legegintzaldia lege-proposamena defenditu aurretik amaitzen bada, ekimena besterik gabe berriro aurkeztea eta ekimenaren aldezpena egingo duten legebiltzarkideak izendatzea edo berrestea erabaki ahal izango du Osoko Bilkurak gehiengo osoz, bi legebiltzar-taldek edo legebiltzarkideen bostenak proposatuta.

III. TITULUA

LEGEGINTZA PROZEDURA

I. KAPITULUA

LEGEGINTZA EKIMENA

131. artikulua.- Hauek izango dute legegintza-ekimena Eusko Legebiltzarraren aurrean:

a) Legebiltzarkideek eta legebiltzar-taldeek, Erregelamendu honetan aurreikusitakoari lotuta.

b) Eusko Jaurlaritzak.

c) Lurralde historikoetako ordezkaritza duten instituzioek.

d) Herritarrek, legegintzarako herri-ekimena bideratzeko arauetan aurreikusitakoari lotuta.

II. KAPITULUA

OHIKO LEGEGINTZA PROZEDURA

1. ATALA

LEGE PROIEKTUAK

132. artikulua.- 1.- Zioen azalpena eta testu artikulatua izan beharko dute Jaurlaritzak bidalitako lege-proiektuek.

2.- Era berean, gutxienez honako hauek erantsi beharko zaizkie lege-proiektuei: memoria orokorra; kontrol ekonomikoari buruzko txostena, aurrekontuari karga dakarkioten proiektuetan; Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena, eta legearen arabera nahitaezko diren txostenak.

133. artikulua.- Legebiltzarreko Mahaiak proiektua tramitatzeko onartuta, argitaratzeko eta dagokion batzordera bidaltzea aginduko du. Legebiltzar-talde batek eskatuta, eta argitaratu eta hurrengo zazpi egunetan, proiektua tramitatu behar duen batzordeak Jaurlaritzako kideen agerraldiak egitea erabaki ahal izango du.

134. artikulua.- 1.- Agerraldirik izan ezean, edo azken agerraldia bukatutakoan, 15 eguneko epea zabalduko da osoko zuzenketak edo artikuluen zuzenketak aurkezteko Legebiltzarreko Mahaiari bidalitako idazkiaren bidez. Idazki horrek, legebiltzarkidea kide den taldeko bozeramailearen sinadura izan beharko du, jakinaren gainean dagoela agertzeko.

2.- Osokoak edo artikuluei egindakoak izan daitezke zuzenketak, eta horiek aurkezteko arrazoiak azaldu beharko dira.

3.- Lege-proiektua Jaurlaritzari itzultzeko eskatzen dutenak edo proiektuaren aurrean ordezko testu bat proposatzen dutenak izango dira osoko zuzenketak.

4.- Artikuluei egindako zuzenketak kentzekoak, aldatzekoak edo gehitzekoak izan daitezke. Azken bi kasuetan, proposatzen den testua jaso beharko du zuzenketak. Zuzengarriak izango dira, orobat, legearen izena, zioen azalpena, zati bakoitzaren izena eta zatien antolaketa sistematikoa, bai eta xedapen gehigarri, iragankor nahiz indargabetzaile bakoitza eta azken xedapenetako bakoitza ere.

135. artikulua.- 1.- Lege-proiektuari egindako zuzenketak aurrekontu-kredituak gehitzea edo aurrekontu-sarrerak gutxitzea planteatzen baldin badu, Jaurlaritzaren adostasuna izan beharko du tramitatzeko. Ez zaio iritziko kreditu-gehitzerik dakarrenik zuzenketak, baldin eta, behin betiko onetsia den kasuan, indarrean jartzea etorkizuneko aurrekontu-ekitaldi baterako atzeratzen bada, edo baldin eta, aurrekontu-kredituen guztizko zenbatekoa gainditzen duen kasuan, sortzen dituen gastuak indarreko zein aurrekontu-partidaren kontura ordaindu beharko diren adierazten badu legebiltzar edo talde proposatzaileak zuzenketa aurkezterakoan.

2.- Horretarako, Jaurlaritzari bidaliko dizkio Legebiltzarreko Mahaiak, Legebiltzarreko lehendakariaren bidez, bere ustez aurreko paragrafoan aurreikusitakoan sarturik egon daitezkeen zuzenketak.

3.- Erantzun arrazoitua eman beharko du Jaurlaritzak 15 eguneko epean. Epe hori igarota, Jaurlaritzaren isiltasunak adostasuna adierazten duela iritziko zaio.

Jaurlaritzaren erantzuna jaso ondoren, Legebiltzarreko Mahaiak kalifikatu egingo ditu zuzenketak eta tramitatzeko onartzen dituen ala ez erabakiko du.

2. ATALA

OSOKO ZUZENKETEN EZTABAIDAK

136. artikulua.- 1.- Osoko bilkuran egingo da, 85.2 artikuluan aurreikusitako osoko eztabaidei loturik, osoko zuzenketa bakoitzaren eztabaida.

2.- Eztabaidaren hasieran, Jaurlaritzako kide batek aurkeztuko du proiektua.

3.- Eztabaida bukatuta, lehendakariak bozketara eramango du Jaurlaritzari itzultzea ala ez proiektua, edo, hala badagokio, ordezko testua onartzea.

4.- Eztabaidan parte hartu ez duten legebiltzar-taldeek botoa azaltzeko txanda erabili ahal izango dute, bost minutuz, bozketa amaitu ondoren.

4.- Osoko Bilkurak proiektua itzultzea erabakitzen badu, ezetsitzat joko da proiektua, eta horren berri emango dio lehendakariak Jaurlaritzari.

5.- Ordezko testua duen osoko zuzenketa batek aurrera egiten badu, Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da ordezko testua, beste epe bat zabalduko da artikuluen zuzenketak aurkezteko eta dagokion batzordeari bidaliko zaio testua.

3. ATALA

BATZORDEEN EZTABAIDA

137. artikulua.- 1.- Zuzenketak aurkezteko epea eta, hala badagokio, osoko eztabaida amaitu ondoren, aurkeztutako zatiko zuzenketak bidaliko dizkio Legebiltzarreko Mahaiak batzorde eskudunari. Batzordeak lantalde bat izendatuko du, lege-proiektua eta aurkeztutako zatiko zuzenketak aztertzeko. Lantaldea, 49. eta 50. artikuluetan ezarritakoa baztertu gabe, hurrengo paragrafoetan zehaztutakoari lotuz ariko da.

2.- Legebiltzar-taldeetatik kide bana bilduta osatuko da lantaldea eta boto haztatuz hartuko dira akordioak.

3.- Txosten arrazoitua aurkeztuko dio batzordeari lantaldeak, egindako zuzenketei dagokienez egokiak iruditu zaizkion proposamenak bilduta. Halaber, aurka azaltzen ez baldin bada talderik, aldaketak iradoki ahal izango ditu zuzenketarik egin ez zaien artikuluei buruz ere, egoki iritziz gero.

138. artikulua.- 1.- Lantaldearen txostena amaituta, batzordeko eztabaidari ekingo zaio. Artikuluz artikulu egingo da eztabaida, eta artikuluaren zuzentzaileak eta batzordeko kideak mintzatu ahal izango dira artikulu bakoitzaren eztabaidan.

2.- Batzordeak erabakitzen badu zioen azalpena legearen atariko gisa jasotzea, artikuluak bukatutakoan eztabaidatuko dira zioen azalpenari aurkeztutako zuzenketak.

3.- Eztabaidaren antolaketa egin ahal izango du lehendakariak, batzordeko Mahaiarekin ados jarrita. Horretarako, artikulu bakoitza eztabaidatzeko gehienezko denbora, hitz egiteko eskaera kopurua kontuan izanik esku-hartze bakoitzari dagokion denbora, eta irizpena bukatzeko guztira izango den denbora jarriko du.

4.- Artikulu bat eztabaidatzen ari dela batzordeko kide batek zuzenketa berririk idatziz aurkeztuz gero, tramitatzeko onartu ahal izango ditu batzordeak, baldin eta lehenago aurkeztutako zuzenketen eta artikuluaren testuaren artean adostasuna bilatzeko eginda badaude. Bakarrik hasierako zuzenketa erretiratzea dakarten erdibideko zuzenketak bozkatu ahal izango dira.

5.- Tramitatzeko onartuko dira, orobat, huts eta akats teknikoak, terminologikoak edo gramatikalak konpontzeko egindako zuzenketak.

139. artikulua.- 1.- Taldeek mantendu egin ahal izango dituzte beren zuzenketak, Osoko Bilkuraren aurrean defenditzeko, baldin eta batzordearen irizpenean jaso gabe geratu badira.

2.- Egoki deritzen boto partikularrak aurkeztu ahal izango dituzte batzordearen irizpenarekin ados ez dauden taldeek, Osoko Bilkuraren aurrean defenditzeko. Proiektuaren testuan zuzendua izan denari buruzkoak izan beharko dute botoek.

3.- Osoko bilkuran eztabaidatzeko mantendutako zuzenketak eta batzordearen irizpenari planteatutako boto partikularrak batzordeko Mahaiari zuzendu beharko zaizkio, idatziz, eztabaidaren edozein unetan edo irizpena amaitu eta hurrengo 48 orduen barruan.

4.- Epe hori igarota, eta ahalik lasterren, Legebiltzarreko Mahaiari bidaliko dio irizpena batzordeko Mahaiak, batzordeko lehendakariak eta idazkariak sinatuta, mantendutako zuzenketekin eta aurkeztutako boto partikularrekin batera, halakorik baldin badago.

4. ATALA

OSOKO BILKURAREN EZTABAIDA

140. artikulua.- 1.- Batzordean proiektu baten irizpena eginda, osoko bilkuraren hasieran, ekimenaren aurkezpena egin ahal izango du Jaurlaritzak, salbu eta osoko zuzenketan egin bada, eta irizpenaren aurkezpena egin ahal izango du batzordeko legebiltzarkide batek, batzordeak hala erabaki badu. Esku-hartze horiek ezin izango dira 15 minutu baino gehiagokoak.

2.- Boto partikularrik aurkeztu ez bazaio irizpenari eta zuzenketarik ere mantendu ez bada, lehendakariak bozketara eramango du osorik irizpena.

141. artikulua.- 1.- Mantendutako zuzenketarik eta aurkeztutako boto partikularrik izanez gero, artikuluz artikulu eztabaidatuko dira.

2.- Artikulu baten eztabaida bukatutakoan, bozketak egingo dira. Lehenengo, boto partikularrak eta zuzenketak bozkatuko dira, lehendakaritzaren iritziz irizpenaren testutik urrutien dagoenetik hasi eta hurbilen dagoenera arteko ordenan. Azkenean, irizpenaren testua botatuko da. Zuzenean eta eztabaidarik gabe bozkatuko dira boto partikularrik edo zuzenketarik mantendu ez zaien artikuluak.

142. artikulua.- 1.- Osoko Bilkurak erdibideko zuzenketak onartu ahal izango ditu, lehendik aurkeztutako zuzenketen eta artikuluaren testuaren artekoak badira, baldin eta hurbildu beharreko zuzenketak erretiratzea badakar horrek.

2.- Tramitatzeko onartu ahal izango dira, orobat, huts eta akats teknikoak, terminologikoak edo gramatikalak konpontzeko egindako zuzenketa teknikoak ere.

143. artikulua.- 141. artikuluan agindutakoa gorabehera, lehendakariak ahalmen hauek edukiko ditu:

1.- Aldez aurretik finkatu ahal izango du proiektu bat eztabaidatzeko gehienezko denbora, Mahaiarekin ados jarrita eta Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzunda. Ondorioz, aurreikusitako esku-hartzeen artean banatuko du denbora hori, eta, behin bukatutakoan, egiteko geratzen diren bozketak egingo dira.

2.- Gaika, artikulu edo zuzenketa multzoka, edo artikulu-lerrokadaka antolatu ahal izango ditu eztabaida eta bozketak, hala egitea komeni baldin bada testua konplexua delako, asmoetan eta zuzenketetan antzekotasunak edo loturak daudelako, edo legebiltzar-taldeen jarreren arteko borroka politikoa argiago geratuko delako.

144. artikulua.- Lege bat onetsita 48 igaro baino lehen, eta boto partikular baten edo zuzenketa baten onespena dela-eta edo artikuluen botazioa dela-eta ateratako testua egokitasunik gabea edo iluna bada punturen batean, batzordera bidali ahal izango du berriro Mahaiak Osoko Bilkurak onetsitako testua, eta batzordeak 15 eguneko epea izango du Osoko Bilkurak hartutako erabakiak salbu utziko dituen idazkera egokitua egiteko. Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio zuzendutako testua azken erabakia hartzeko, eta osorik onetsi edo ezetsi beharko du botazio bakarrean Osoko Bilkurak, salbu eta Bozeramaileen Batzordeak bere egiten badu aho batez zuzenketa.

145. artikulua.- Jaurlaritzak erretiratu egin ahal izango du tramitazioan den lege-proiektu bat, baldin eta batzordeak dagokion irizpena osorik onetsi ez badu.

5. ATALA

LEGE PROPOSAMENAK

146. artikulua.- Artikuluetan antolatuta aurkeztuko dira lege-proposamenak. Artikuluekin batera, zioen azalpena eta egoki iritzitako aurrekariak jasoko dira.

147. artikulua.- 1.- Hauek izango dute lege-proposamenak aurkezteko ahalmena:

a) Legebiltzar-talde batek.

b) Legebiltzarkide batek, Legebiltzarreko beste lau kideren sinadurarekin.

c) Lurralde historikoetako batzar nagusiek.

d) Hautesleek, Legegintzarako Herri Arioari buruzko Legean ezarritakoari jarraiki.

2.- Ekimena aurkeztuta, lege-proposamena argitaratzeko aginduko du Legebiltzarreko Mahaiak, bai eta Jaurlaritzari igortzeko ere, Jaurlaritzak, idazki arrazoituaren bidez, bere iritzia adieraz dezan proposamena aintzat hartzeari buruz, eta, aurrekontu-kredituak gehitzea edo aurrekontu-sarrerak gutxitzea dakarren kasuan, tramitatzearekiko adostasunari edo desadostasunari buruz, 135. artikuluan aurreikusitakoari loturik.

3.- Hamabost egun igarota Jaurlaritzak ez badu idatziz aditzera eman aurkeztutako proposamenarekiko adostasunaz edo desadostasunaz duen iritzia, osoko bilkurako gai-zerrendan sartzeko moduan izango da proposamena, aintzat hartu ala ez erabakitzeko.

148. artikulua.- 1.- Proposamena aintzat hartzeari buruzko osoko bilkurako eztabaida hasi aurretik, Jaurlaritzaren iritzia irakurriko da, halakorik badago. Osoko eztabaidetarako ezarritakoari jarraituta egingo da eztabaida, eta ekimenaren egile eta proposatzaileak osoko bilkuran aurkeztu eta aldeztuko du.

2.- Ondoren, aztergai den lege-proposamena aintzat hartzen duen ala ez galdetuko dio lehendakariak Legebiltzarrari. Aintzat hartzen bada, batzorde eskudunari bidaltzea erabakiko du Legebiltzarreko Mahaiak. Zuzenketak 15 eguneko epearen barruan aurkeztuko dira, eta ezin izango da inoiz osoko zuzenketarik aurkeztu. Epe hori amaitutakoan, lege-proiektuetarako ezarritako tramitea segituko du proposamenak.

149. artikulua.- 1.- Autonomia Estatutuaren 37. artikuluan aipatutako lurralde historikoetako instituzio ordezkariek aurkezten dituzten lege-proposamenak Mahaiak aztertuko ditu, legez eta erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikusteko. Betetzen baldin badituzte, aurreko artikuluetan aurreikusitakoari lotuko zaio lege-proposamenen tramitazioa, ondoko berezitasunak erantsita.

2.- Gehienez hiru ordezkari izendatzeko eskatuko dio instituzio proposatzaileari Legebiltzarreko Lehendakaritzak, lege-proposamenaren aldezpena egin dezaten osoko bilkuran.

3.- Lurralde historikoen instituzioetako ordezkariek, Legebiltzarreko beren jardunean, haiek aurkeztutako lege-proposamenari buruz hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ez botoa ematekoa.

4.- Aurkeztutako ekimenari dagokionez, Erregelamenduaren aginduz eskatu beharrekoak diren jarduketa eta dokumentu guztien berri emango zaio instituzio proposatzaileari.

150. artikulua.- 1.- Herritarren legegintza-ekimenez aurkezten diren lege-proposamenak Legebiltzarreko Mahaiak aztertuko ditu, legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten ala ez erabakitzeko. Beharrezkoak diren sinadurak bilduta badaude, 148. artikuluan ezarritako prozedurari lotuz tramitatuko da herritarren legegintza-ekimena.

2.- Eusko Legebiltzarreko Mahaiari dagokio herritarren legegintza-ekimenek eragindako gastuak ordaintzeko diru-laguntzaren gehieneko kopurua aldatzeko edo mantentzeko proposamena egitea. Mahaiak Legebiltzarraren aurrekontuak prestatzeko lanek dirauten bitartean egingo du proposamena eta Bozeramaileen Batzordeari igorriko zaio, aintzat hartu eta, hala badagokio, onets dezan.

3.- Bozeramaileen Batzordearen erabakia Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta Legebiltzarraren aurrekontuetan dagokion kontu-sailean jasota geratuko da.

4.- Bozeramaileen Batzordeak besterik erabakitzen ez badu, gastuak ordaintzeko gehieneko kopuruaren aldaketak Legebiltzarraren aurrekontuen indarraldi bera izango du.

151. artikulua.- Proposatzaileak lege-proposamena erretiratzea erabakiz gero, indar osokoa izango da erretiratze-ekimena baldin eta aintzat hartzeari buruzko erabakia hartu baino lehen izan bada. Behin erabakia hartuta, beharrezkoa izango da Legebiltzarreko Osoko Bilkurak, gutxienez bi legebiltzar-taldek eskatuta, hala ebaztea, indarrekoa izateko.

III. KAPITULUA

LEGEGINTZA PROZEDURA BEREZIAK

1. ATALA

AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREKONTU OROKORREN LEGE PROIEKTUA

152. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak aztertzeko eta onesteko tramitazioa lege-proiektuetarako aurreikusita dagoen ohiko legegintza-prozedurari jarraiki egingo da, atal honetan jasotako prozedura bereziak kenduta.

153. artikulua.- 1.- Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuak lehentasuna izango du tramitazioan Legebiltzarraren gainerako lanen aldean, eta horrek ez du berez ekarriko tramitatzen ari diren gaiak gelditzea. Horretarako, Mahaiak, Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzun ondoren, tramiteen egutegia zehaztuko du.

2.- Artikuluen testuari buruz eta gastuak baimentzeko eta diru-sarrerak aurreikusteko egoera-orriei buruz izango da Aurrekontu Orokorren lege-proiektuaren eztabaida. Beste dokumentu batzuk ere aztertu ahal izango dira, proiektuarekin batera baldin badoaz.

Eztabaida honetan finantza-orekaren irizpidea zainduko da, Autonomia Erkidegoko sektore publikoan dauden erakundeetako bakoitzari dagokionez, diru-sarrera guztiek gastuen zenbatekoa estal dezaten.

3.- Aurrekontuaren egiturari ondoen egokitzen zaizkion moduan antolatu ahal izango dituzte eztabaidak eta bozketak batzordeko lehendakariak eta Legebiltzarrekoak.

4.- Erakunde publikoen aurrekontuek legearen aginduz Legebiltzarrak onetsiak izan behar dutenean, atal honetako xedapenak aplikatuko dira aurrekontu horiek Legebiltzarrean tramitatzeko eta onesteko.

154. artikulua.- 1.- Lege-proiektua kalifikatu eta tramitatzeko onartu ondoren, legebiltzar-taldeei bidaliko die Mahaiak, gehienez ere 10 eguneko epean azter dezaten.

2.- Epe horretan bertan, agerraldia egingo dute Jaurlaritzaren egitura osatzen duten sailetako buruek Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordearen aurrean, zeinek bere arloetako eta ataletako aurrekontu orokorren aurkezpen ofiziala egin dezaten eta partiden izaerari eta diru kopuruari buruz informazioa emateko eta zalantzak argitzeko egiten zaizkien eskaera guztiei erantzun diezaieten.

3.- Aurreko paragrafoetan aipatutako epea bukatu ondoren, argitaratu egingo da proiektua eta zazpi eguneko epea irekiko da legebiltzar-taldeek, egoki baderitzote, osoko zuzenketak aurkez ditzaten.

4.- Hauek izango dira osoko zuzenketak:

a) Lege-proiektuaren egokitasunari, printzipioei eta espirituari buruz aritu eta proiektu osoa edo proiektuaren egitura osatzen duten aurrekontu-atal osoak Jaurlaritzari itzultzea proposatzen dutenak.

b) Lege-proiektuaren funtsezko zatietan idazkera alternatiboa proposatzen dutenak, printzipioak eta oinarri garrantzitsuak aldatuz proiektuan.

c) Guztizko gastuaren eta sarreraren kopuruetan aldaketa positiboa edo negatiboa proposatzen dutenak.

5.- Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren proiektuari egindako zuzenketak diru-sarrerak gutxitzea baldin badakar, Jaurlaritzaren adostasuna beharko du tramitatzeko. Legebiltzarreko Mahaiari jakinaraziko dio Jaurlaritzak bere iritzia Mahaiak halako zuzenketak igortzen dizkionetik kontatzen hasi eta gehienez ere lau eguneko epean.

155. artikulua.- 1.- Osoko zuzenketak kalifikatu eta tramitatzeko onartu ondoren, Legebiltzarraren Osoko Bilkurak eztabaidatu eta erabakiko ditu. Guztizko sarreren eta gastuen behin betiko kopuruak finkatuta geldituko dira osoko bilkura honetan.

2.- Ondoren, zazpi eguneko epea irekiko da zatiko zuzenketak aurkez ditzaten legebiltzar-taldeek.

3.- Aurreko artikuluko 4. zenbakian sartutakoen artekoak izan gabe, artikuluen testuari eta gastuen edo sarreren baimen-egoeretako programa, kapitulu, kontzeptu edo partidei, testuarekin batera doazenei, egiten zaizkien zuzenketak izango dira zatiko zuzenketak.

4.- Arau hauek izan beharko dira kontuan zatiko zuzenketak kalifikatzeko eta tramitatzeko onartzeko tramitean:

a) Aurkezteko arrazoia aurrekontu-partiden azalpenik eza duten zatiko zuzenketak ez dira tramitatzeko onartuko.

b) Kontzepturen baten kreditu-gehiketa dakarren zatiko zuzenketa tramitatzeko onartu ahal izateko, beharrezkoa izango da, zuzenketak baldintza orokorrak betetzeaz gain, beste aurrekontu-kontzeptu batzuetan kopuru bera gutxiketa egiteko proposatzea zuzenketa berean.

5.- Zatiko zuzenketak kalifikatu eta tramitatzeko onartu ondoren, Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean sartuko dira eztabaidatzeko. Batzorde horrek irizpen bat egingo du legegintza-ahalmen osoz.

156. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onetsita gelditu ondoren, aurrekontu-ekitaldi berari dagozkion gastu publikoak gehitzea edo sarrerak gutxitzea dakarten lege-proiektuak aurkeztu ahal izango ditu Jaurlaritzak.

Proiektu bati egindako zuzenketek eta lege-proposamenek gastua gehitzea edo sarrerak gutxitzea baldin badakarte, Erregelamendu honetako 136. artikuluan aurreikusitakoari loturik tramitatuko dira.

2. ATALA

FORU ALDUNDIEN EKARPENEN LEGE PROIEKTUA

157. artikulua.- 1.- 27/1983 Legearen 29.1 artikuluko 1. lerrokadan aipatzen den lege-proiektua, foru-diputazioen ekarpenei buruzkoa, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren txostenarekin batera, Jaurlaritzak Legebiltzarrari aurkeztu ondoren, eta Legebiltzarreko Mahaiak proiektua eta txostena kalifikatu eta argitaratu eta gero, edo, Erregelamenduaren 104.2 artikuluari loturik, banatu ondoren, 10 egun balioduneko epea irekiko da, alegazio-idazkiak aurkez ditzaten taldeek Mahaiaren aurrean. Eztabaidatze- eta erabakitze- prozedura arau hauetara lotuko da:

a) Osoko bilkuraren deialdia Erregelamenduari lotuz eginda eta gai-zerrendan dagokion puntura iritsita, lege-proiektuaren aurkezpena egingo du Jaurlaritzak. Ondoren, txanda bat irekiko zaie legebiltzar-taldeei, gehienez 30 minutukoa, beren jarrerak adieraz ditzaten. Ezin izango da inolako zuzenketarik tramitatu.

b) Eskatzen duen guztietan esku hartu ahal izango du Jaurlaritzak. Banan-banan erantzuten baldin badie, taldeek 10 minutuko tartea izango dute erantzun-eskubidea erabiltzeko. Jaurlaritzak orokorrean erantzuten baldin badie taldeen ordezkariei, talde bakoitzak 10 minutuko tartea izango du erantzun-eskubidea erabiltzeko.

c) Eztabaida bukatuta, lege-proiektu osoaren bozketa egingo da.

2.- Lege-proiektua Legebiltzarraren Osoko Bilkurak ezetsita geratzen baldin bada, Jaurlaritzari itzuliko dio Legebiltzarreko lehendakariak, gehienez ere bost egun balioduneko epearen barruan, Mahaiari aurkeztutako alegazio-idazkietan jasotako desadostasun-arrazoiekin batera, bai eta eztabaiden hitzez hitzeko transkripzioarekin ere, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 29.1 artikuluan zehaztutako ondorioak gerta daitezen.

158. artikulua.- 1.- Azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 29.2 artikuluan aurreikusitakoa gertatuz gero, eta urte bakoitzeko urriaren 23a baino lehen, Jaurlaritzak lege-proiektu bat aurkeztuko dio Legebiltzarrari, bai eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren dagokion txostena ere, kontseiluko kideen jarrera arrazoitua jasoko duena. Proiektua eta txostena Legebiltzarreko Mahaiak kalifikatu ondoren, arau hauetara lotuko da prozedura:

a) Lege-proiektua eta txostena argitaratuta, edo Erregelamenduaren 104.2 artikulua jarraituz banatuta, 10 egun balioduneko epea irekiko da legebiltzar-taldeek beren zuzenketak Erregelamenduari lotuta aurkez ditzaten. Zuzenketak ezin izango dira osokoak izan eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren desadostasuna duten puntuei buruz izango dira bakarrik.

b) Zuzenketak ordenatuak izan ondoren, Legebiltzarreko lehendakariak, lehenago Mahaiak hala erabakita, baterako batzordea eratuko du, Erakunde eta Herrizaingoko eta Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuetako batzorde iraunkorretako kide guztiek osatuta, eta irizpen bat egingo du baterako batzordeak gehienez ere zazpi egun balioduneko epearen barruan. Ohiko legegintza-prozedura izango da batzordeko jardunbidea. Agerraldia egiteko aukera eman ahal izango die Herri Dirubideen Euskal Kontseiluko kideei batzordeak Legebiltzarreko lehendakariaren bidez, Erregelamenduaren 51.2 artikuluari lotuta.

c) Kontseiluaren adostasuna izan duen txosten-zatiari dagokionez, aurreko artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitakoa izango da aplikatzekoa. Txosten-zati hori Legebiltzarreko Osoko Bilkurak ezetsita gelditzen baldin bada, aipatutako artikuluko 2. paragrafoa izango da aplikatzekoa.

d) Ondoren, osoko bilkura berean, irizpena eta taldeek mantendutako zuzenketak eztabaidatuko dira, eta, horretarako, ohiko legegintza-prozedurako arauei jarraituko zaie.

2.- 27/1983 Legearen 29.1 artikuluko 3. lerrokadan jarritako epea bukatu ondoren, eta hurrengo bost egun baliodunetan Jaurlaritzak Legebiltzarri behin betiko lege-proiektua aurkeztu eta gero, presako legegintza-prozedurako arauak aplikatuko dira, eta 1.b paragrafoan zehaztutakoa izango da batzorde eskuduna.

159. artikulua.- Ekarpenak zehazteko metodologiaren lege-proiektua, 27/1983 Legearen 22. artikuluko 8. lerrokadak eta 29.4 artikuluak aipatzen dutena, aurkeztu ondoren, 157. artikuluan ezarritakoari lotuta tramitatuko da.

3. ATALA

BATZORDEEN LEGEGINTZA AHALMEN OSOA

160. artikulua.- 1.- Garrantzi handiko gaiei buruz ez diren proiektu eta proposamenetan, ekimenaren irizpena egitea izendatu zaion batzordeak bere lana legegintza-ahalmen osoz egin dezala erabaki ahal izango du Mahaiak, Bozeramaileen Batzordearekin ados jarrita, eta ez da beharrezkoa izango ekimena Osoko Bilkurak behin betiko onestea. Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eskuordetze-erabakia.

2.- Hala ere, aipatutako erabakia argitaratu eta hiru eguneko epearen barruan bi legebiltzar-talde edo legebiltzarkideen bostena eskuordetzearen aurka azaltzen baldin badira, Osoko Bilkurak erabakiko du gaia.

3.- Ezin izango da eskuordetze orokorrik edo zehaztugaberik erabaki inoiz.

161. artikulua.- 1.- Halako proiektu eta lege-proposamenak tramitatzeko, ohiko legegintza-prozedura erabiliko da, hurrengo paragrafoetan ezarritako berezitasunekin batera.

2.- Proiektua edo lege-proposamena jaso ondoren, batzordeak lantalde bat osatu ahal izango du, legebiltzar-taldeetako batzordekide banarekin osatua.

3.- Lantaldearen txostenari Erregelamenduaren 137. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio. Ondoren, osoko bilkuran eztabaidatzeko aurreikusitako tramiteari jarraituko dio batzorde osoak.

4. ATALA

IRAKURRALDI BAKARREKO PROZEDURA

162. artikulua.- 1.- Lege-proiektuaren izaerak komenigarri egiten badu edo proiektuaren formulazioaren bakunak horretarako bide ematen badu, lege-proiektua osoko bilkuran edo batzorde batean zuzenean irakurraldi bakarrez tramitatzea erabaki ahal izango du Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, Mahaiak aho batez proposatuta eta Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzun ondoren.

2.- Erabakia hartutakoan, eztabaida egingo da osoko eztabaidetarako ezarritako arauei lotuta, eta ondoren bozketa bakarra izango da proiektu osorako.

3.- Aparteko inguruabarrek eta premia larriak hala eskatzen dutenean, aurretiaz Legebiltzarrari baimena eskatu gabe erabili ahal izango du Jaurlaritzak irakurraldi bakarreko prozedura, baldin eta Autonomia Erkidegoko instituzioen antolamenduan, foru-instituzioen lege-araubidean, hauteskunde-araubidean eta herritarren eskubide, betebehar edo askatasunetan eraginik ez duten lege-proiektuak badira osoko bilkuran edo dagokion batzordean tramitatzekoak.

5. ATALA

AUTONOMIA ESTATUTUAREN ERREFORMA

163. artikulua.- 1.- Ohiko legegintza-prozedurari jarraituko diote Autonomia Estatutua erreformatzeko proiektuek eta proposamenek, hurrengo paragrafoetan ezartzen diren berezitasunekin batera.

2.- Legebiltzarreko kideen bostenak aurkeztu beharko ditu erreformatzeko proposamenak.

3.- Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 47.1 artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa den erabakiko du Mahaiak, Bozeramaileen Batzordearekin ados jarrita.

4.- Osorik bozkatu beharko da proposamenaren behin betiko testua, eta gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da onetsia izan dadin.

5.- Erreforma-proiektua onetsita gelditu ondoren, Gorte Nagusietara bidaliko du Legebiltzarreko lehendakariak, gero han tramitatu dadin.

IV. TITULUA

JAURLARITZA SUSTATZEA ETA KONTROLATZEA

I. KAPITULUA

KONFIANTZA EMATEA ETA ERRETIRATZEA

1. ATALA

LEHENDAKARIA IZENDATZEA

164. artikulua.- 1.- Autonomia Estatutuaren 33.3 artikulua eta aplikatzekoak diren arauak jarraituta, lehendakaria izendatzeko osoko bilkurarako deia egingo du Legebiltzarreko lehendakariak, Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzunda.

2.- Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoek, zeinek bere legebiltzar-taldearen bidez, hautagai-proposamenak aurkeztuko dituzte Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean osoko bilkura hasi baino 72 ordu lehenago gutxienez.

3.- Bilkuraren hasieran, proposatutako hautagaien izenak irakurriko ditu idazkarietako batek. Ondoren, hautagaiek beren gobernu-programa azalduko dute, sostenguen kopuruaren arabera txikienetik hasi eta handieneraino, gehienez ere 90 minutuz. Hautagaien hitzaldien ondoren, lehendakariak bilkura etengo du, gehienez ere 24 orduz.

4.- Bilkurari berriro ekiten zaionean, legebiltzar-taldeen ordezkariek esku hartuko dute, gehienez ere 30 minutuz. Gero, hautagai bakoitzak 30 minutuko txanda erabili ahal izango du, gehienez ere, taldeen ordezkariei erantzuteko, eta taldeen ordezkariek 10 minutuko txanda izango dute erantzuteko. Jarraian eten egingo da bilkura, eta Mahaiak adieraziko du zein ordutan berrekingo zaion bilkurari, bozketa egiteko.

5.- Legebiltzarkideen botoen gehiengo osoa lortzen duen hautagaia geldituko da lehendakari hautatuta.

6.- Hautagai batek ere gehiengo osoa lortzen ez badu, beste bozketa bat egingo da 24 orduko epean, eta hautagaien artetik boto gehien lortzen duena geldituko da lehendakari hautatuta.

7.- Boto gehien lortzen duten hautagaien artean berdinketa gertatzen bada, 24 orduko epean ebatziko da beste bozketa batean. Berdindutako hautagai horien artean izango da bakarrik bozketa, eta boto gehien lortzen duena geldituko da lehendakari hautatuta.

8.- Berriro ere berdinketa gertatzen baldin bada, Legebiltzarrak hurrengo bozketetarako izango duen egutegia jarriko du Legebiltzarreko lehendakariak, Mahaiarekin eta Bozeramaileen Batzordearekin batera.

9.- Izenezkoak izango dira bozketak, aurretik legebiltzarkideei dei eginda.

165. artikulua.- Legebiltzarrak lehendakaria izendatzen ez duen bitartean, ezin izango da gai-zerrendan beste gairik sartu, salbu eta Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak, aparteko arrazoiak edo premia larria ikusirik, hala egitea erabakitzen dutenean.

166. artikulua.- 1.- Lehendakaria karguaz jabetzeko ekitaldia Gernikako Batzar Etxean egingo da, Legebiltzarreko lehendakariak deitutako ezohiko bilkuran.

2.- Lehendakaria hautatzen duen Legebiltzarraren erabakia eta izendapenerako errege-dekretua irakurriko ditu Mahaiko idazkarietako batek.

3.- Lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko Mahaia ondoan duela, zina edo agintza egingo du Gernikako Arbolaren azpian.

4.- Ondoren, lehen idazkariak Autonomia Estatutuko 24 eta 33. artikuluak irakurriko ditu.

5.- Irakurketa egin eta gero, Legebiltzarreko lehendakariak amaiera emango dio ezohiko osoko bilkurari.

2. ATALA

JAURLARITZAREN ERANTZUKIZUN POLITIKOA

167. artikulua.- Gobernu Kontseiluan eztabaidatu ondoren, lehendakariak konfiantza-arazoa aurkez dezake Legebiltzarraren aurrean bere programari buruz edo politika orokorreko adierazpen bati buruz.

168. artikulua.- 1.- Idazki arrazoituaren bidez, eta Gobernu Kontseiluaren ziurtagiriarekin batera, aurkeztuko da konfiantza-arazoa Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean.

Mahaiak idazkia tramitatzeko onartuta, lehendakariak idazkiaren berri emango dio Bozeramaileen Batzordeari eta osoko bilkurarako deia egingo du, gai-zerrendan gai bakar hori dela.

2.- Arau hauei lotuta egingo da konfiantza-arazoaren eztabaida:

a) Osoko Bilkurari erabakitzeko aurkezten dion konfiantza-arazoaren azalpena egingo du, denbora-mugarik gabe, Jaurlaritzako lehendakariak.

b) Lehendakariaren hitzaldia bukatuta, bilkura gehienez ere 24 orduz etetea erabaki ahal izango du Legebiltzarreko lehendakariak. Ondoren, legebiltzar-talde bakoitzeko ordezkari batek esku hartuko du, eta gehienez 30 minutu izango ditu bere hitzaldia egiteko.

c) Eskatzen duten guztietan esku hartu ahal izango dute Jaurlaritzako lehendakariak eta Jaurlaritzako kideek. Taldeen ordezkariei erantzuten baldin badiete, taldeek 10 minutuko tartea izango dute erantzun-eskubidea erabiltzeko.

3.- Eztabaida amaituta, bozketa egingo da. Konfiantza emandakotzat joko da Legebiltzarraren botoen gehiengo soila lortzen denean. Konfiantza ukatzen bada, lehendakariak dimisioa emango du eta beste lehendakari bat izendatzeari ekingo zaio.

4.- Konfiantza-arazoa eztabaidatzen den bitartean ezin izango da zentsura-moziorik planteatu.

169. artikulua.- 1.- Legegintzaldi batean zehar, koalizio-gobernua izanik, aldaketarik baldin bada koalizioaren alderdi-osaeran, lehendakariak, konfiantza-arazorik planteatzen ez baldin badu, agerraldia egingo du Legebiltzarraren aurrean, aldaketaren arrazoiak azaltzeko eta gobernu-programaren aldezpena egiteko.

2.- Arau hauei lotuta egingo da eztabaida:

a) Gobernu-aldaketaren arrazoien azalpena egingo du, denbora-mugarik gabe, Jaurlaritzako lehendakariak Legebiltzarraren aurrean.

b) Lehendakariaren hitzaldia amaituta, legebiltzar-talde bakoitzeko ordezkari batek esku hartuko du, eta gehienez 30 minutu izango ditu bere hitzaldia egiteko.

3.- Bozketarik gabe bukatuko da eztabaida.

170. artikulua.- 1.- Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzaren erantzukizuna eskatu ahal izango du zentsura-mozio baten bitartez.

2.- Gutxienez legebiltzarkideen seirenak proposatu beharko duen zentsura-mozioak lehendakari izateko hautagai bat izan beharko du, bere gobernu-programaren ildo nagusiak aurkeztuko dituena.

3.- Zentsura-mozioa tramitatzeko onartuta, Mahaiak berehala bidaliko die lehendakariari eta legebiltzar-taldeen bozeramaileei.

4.- Zentsura-mozioa aurkeztu eta hurrengo bi egunetan mozio alternatiboak aurkeztu ahal izango dira, aurreko paragrafoan adierazitako baldintza berak bete beharko dituztenak.

5.- Eztabaida-bilkuran, hasteko, zentsura-mozioaren aldezpena egingo du mozioa sinatu duten legebiltzarkideetako batek, eta gehienez 90 minutu izango ditu bere hitzaldia egiteko. Ondoren, mozioan lehendakari izateko proposatutako hautagaiak esku hartuko du, osatzeko asmoa duen Gobernuaren programa politikoa azaltzeko, eta 90 minutu izango ditu gehienez horretarako.

Aurreko esku-hartzeak bukatu ondoren, bilkura hurrengo egunera arte etetea erabaki ahal izango du Legebiltzarreko lehendakariak. Epe hori igarota, berriro ekingo zaio eztabaida-bilkurari, eta, lehenengo, lehendakari gaitzetsiak esku hartuko du, eta gehienez, 90 minutu izango ditu hitz egiteko. Ondoren, eskatzen duen legebiltzar-talde bakoitzeko ordezkari batek esku hartuko du, eta gehienez 30 minutuko tartea izango du bakoitzak. Hamar minutuko erantzun-txandarako eskubidea izango dute hizlari guztiek.

6.- Zentsura-mozio bat baino gehiago aurkezten baldin bada, gai-zerrendan sartutako guztiak batera eztabaidatzea erabaki ahal izango du Legebiltzarreko lehendakariak, Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzunda. Hala ere, banan-banan bozkatuko dira, aurkeztean izandako ordenari jarraitua.

7.- Legebiltzarrak zentsura-mozioa onesten baldin badu, lehendakariak dimisioa aurkeztuko du eta mozioan zegoen hautagaia Legebiltzarrak izendatutzat joko da.

8.- Zentsura-mozioa legebiltzarkideen gehiengo osoak onesten ez badu, mozioaren sinatzaileek ezin izango dute beste moziorik aurkeztu hurrengo bi bilkura-aldietan.

171. artikulua.- Artikulu honetan zehaztutako prozedurari lotuta eztabaidatu eta erabakiko dira Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeei edo sailburuei buruzko zentsura-mozioak ere, aplikatzekoa den legedian aurreikusitako salbuespenekin.

II. KAPITULUA

LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENAK

172. artikulua.- Legez besteko proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte legebiltzar-taldeek, Legebiltzarrak eztabaida egin eta erabakia har dezan gai jakin bati buruz.

173. artikulua.- 1.- Mahaiari idazkia eginez aurkeztu beharko dira legez besteko proposamenak. Argi azalduko dira idazkian gaia, arrazoiak eta Legebiltzarrak aztertzeko aurkezten den testua.

2.- Kalifikatu eta tramitatzeko onartu ondoren, Mahaiak, legez besteko proposamenaren gaiaren garrantzia eta proposatzaileak adierazitakoa kontuan izanik, Osoko Bilkuraren edo dagokion batzordearen aurrean tramitatzeko aginduko du.

3.- Legebiltzar-taldeek legez besteko proposamenaren paragrafoetako bakoitzari egin ahalko dizkiete osoko zuzenketak, horiek argitaratu eta hurrengo zazpi egunetan.

174. artikulua.- 1.- Zuzenketak aurkezteko epea bukatu ondoren, osoko bilkurako edo batzordearen bilkurako gai-zerrendan sartu ahal izango da legez besteko proposamena.

2.- Gai-zerrendan sartutako legez besteko proposamenak bere eztabaida izango du. Lehenik, ekimenaren aurkezpena egingo du talde proposatzaileak, eta 15 minutu izango ditu gehienez horretarako. Gero, zuzenketak aurkeztu dituzten legebiltzar-taldeek esku hartuko dute, eta ondoren, zuzenketarik aurkeztu ez dutenek, eta 10 minutuko txandak izango dituzte. Azkenik, erantzun-txanda izango da, legebiltzar-taldeko bost minutukoa.

3.- Esku-hartze guztiak bukatu ondoren, bozkatu egingo dira bai legez besteko proposamena proposatzaileak onetsi dituen zuzenketak jasota, bai onetsi ez dituen zuzenketak ere. Era honetara egingo dira bozketak:

a) Osoko zuzenketak: lehenengo, jatorrizko testua mantentzea bozkatuko da. Mantentzen baldin bada, bertan behera geldituko dira osoko zuzenketak guztiak eta zatiko zuzenketen bozketari ekingo zaio. Mantentzen ez baldin bada, osoko zuzenketen bozketa egingo da. Osoko zuzenketa bat onetsita geratzen baldin bada, bertan behera geldituko dira gainerako zuzenketak.

b) Zatiko zuzenketak: lehenengo, proposamenaren paragrafo bakoitzari dagozkion kentze-zuzenketak bozkatuko dira. Onesten ez baldin badira eta gehitze-zuzenketarik baldin badago, gehitze-zuzenketak bozkatuko dira testu nagusiaren aurretik. Ordezkatze-zuzenketarik baldin badago, testu nagusia mantentzen den bozkatuko da lehenengo; mantentzen bada, bertan behera geldituko dira zuzenketak, eta kentzen bada, bozkatu egingo dira zuzenketak.

175. artikulua.- Mahaiak, talde proposatzaileak hala eskatuta, presako tramitaziokotzat kalifikatzen dituen legez besteko proposamenak hurrengo osoko bilkurako gai-zerrendan sartuko dira besterik gabe. Osoko bilkura hasi baino 24 ordu lehenago amaituko da zuzenketak aurkezteko epea.

176. artikulua.- 1.- Legez besteko proposamen bat tramitatzeko onartu ondoren, eta tramitean dagoen bitartean, ezin izango da gai berari buruzko beste legez besteko proposamenik tramitatu, salbu eta bi ekimenak pilatzea onartzen baldin badu lehenengo testuaren proposatzaileak.

2.- Mahaiak, Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzunda, legez besteko proposamen batek bilkura-aldi berean tramitatutako beste batek planteatutakoa planteatzen duela uste baldin badu, tramitatzeko ez onartzea erabaki ahal izango du.

177. artikulua.- Erregelamendu honetan ezarritako prozedurei jarraituz onetsita gelditzen diren legez besteko proposamenek zenbakera korrelatiboa izango dute urtero, eta titulu honetako VII. kapituluan aurreikusitakoari loturik egingo da legez besteko proposamen horiek betetzearen kontrola.

III. KAPITULUA

INTERPELAZIOAK ETA GALDERAK

1. ATALA

INTERPELAZIOAK

178. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek, zeinek bere taldearen bidez, interpelazioak egin ahal izango dizkiete Jaurlaritzari eta Jaurlaritzako kide bakoitzari, politika orokorreko gaiei buruz edo gizartean oihartzun handia duten gaiei buruz Jaurlaritzak edo Jaurlaritzaren sail batek duen jokabidearen arrazoiak edo helburuak ezagutzeko.

2.- Interpelazioak Legebiltzarreko Mahaiari aurkeztuko zaizkio idatziz. Osoko bilkura egin aurreko asteleheneko hamabiak arte izango da interpelazioak aurkezteko epea.

3.- Mahaiak, galderen gaiak eta, halakorik dagoenean, galderen justifikazioa edo arrazoiak kontuan izanda, aurkeztutako idazkiak aurreko paragrafoetan aipatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatutako du. Betetzen ez baldin baditu, ez onartzeko erabakiaren berri emango zaio ekimenaren egileari, aldaketak eginda aurkeztu nahi badu aurkezteko. Dena dela, bere oniritzia emango dio Mahaiak forma-akats hutsak zuzentzeari.

4.- Idazkiak interpelazio-kalifikazioa jaso ondoren, Jaurlaritzari eta legebiltzar-taldeei bidaliko zaie Legebiltzarreko lehendakariaren bitartez. Horrez gainera, hala badagokio, argitaratu egin daiteke.

179. artikulua.- Irizpide hauek kontuan izanda sartuko dira interpelazioak osoko bilkurako gai-zerrendan:

a) Osoko bilkura bakoitzean ezin izango dira legebiltzar-talde bakoitzeko bi interpelazio baino gehiago eztabaidatu eta erabaki.

b) Eskuarki, aurkeztu diren ordenan tramitatuko dira interpelazioak. Hala ere, egunerokotasun bereziko gertaerei edo gorabeherei buruzko interpelazioak tramita daitezen proposatu ahal izango dute legebiltzar-taldeen bozeramaileek.

180. artikulua.- Osoko Bilkuran eztabaidatu eta erabakiko dira interpelazioak. Lehenengo, aurkezpen-txanda egingo du interpelaziogileak, gero Jaurlaritzaren erantzuna izango da, eta azkenik erantzun-txanda bana edukiko dute biek. Lehen esku-hartzeak gehienez ere hamar minutukoak izango dira, eta erantzuteko esku-hartzeak gehienez ere bost minutukoak.

181. artikulua.- 1.- Interpelaziogileak, bere taldearen bidez, edo taldeak berak, mozio bat aurkeztu ahal izango du Legebiltzarra eztabaida egitera eta jarrera hartzera bultzatzeko Jaurlaritzak emandako azalpenen eta interpelazioan planteatutako gaien inguruan.

2.- Abiapuntu duen interpelazioa eztabaidatu eta erabaki zuen osoko bilkura amaitu eta hurrengo bi egunen barruan aurkeztuko da mozioa. Mozioaren testua aipatutako interpelazioaren gaiarekin eta interpelazioaren tramitazioan egindako adierazpenekin lotura logikorik duen aztertuko du Mahaiak. Loturarik baldin badu, hurrengo osoko bilkurako gai-zerrendan sartuko da mozioa, eta zuzenketak aurkeztu ahal izango dira osoko bilkura hasi baino sei ordu lehenago arte.

3.- Ohiko mozioen kasurako ezarritakoari lotuz egingo da mozio hauen eztabaida, bozketa eta betekuntzaren kontrola.

2. ATALA

GALDERAK

182. artikulua.- 1.- Legebiltzarkideek galderak egin ahal izango dizkiete Jaurlaritzari eta Jaurlaritzako kide guztiei.

2.- Legebiltzarreko Mahaiari aurkeztu beharko zaizkio, idatziz, galderak.

3.- Ez dira onartuko galdegilearen beraren interes hutsagatik edo beste edozein pertsona jakinaren interes hutsagatik egindako galderak.

4.- Mahaiak idazkia kalifikatu eta, atal honetako baldintzak betetzen baditu, tramitatzeko onartuko du galdera. Galdegileak ezer zehazten ez badu, idatziz erantzutea eskatzen duela ulertuko da; eta organoa zehaztu gabe ahoz erantzutea eskatzen badu, kasuan kasuko batzordean izan beharko duela ulertuko da.

183. artikulua.- 1.- Osoko bilkuran erantzutea nahi diren galderei dagokienez, galdegaia jasotzen duen testua galdera labur eta soil bat izango da, gai jakin baten inguruan Jaurlaritzak duen balorazioa edo irizpidea jakiteko egindakoa.

2.- Legebiltzar-talde bakoitzaren bozeramaileak Legebiltzarreko Mahaiari adieraziko dio, osoko bilkura egitekoa den egunaren aurreko asteleheneko hamabiak baino lehenago, zeintzuk diren osoko bilkura monografikoan erantzutea nahi dituen lau galderak, aurretik egindakoen edo une horretan aurkeztutakoen artetik.

Mahaiak berehala jakinaraziko dio Eusko Jaurlaritzari zeintzuk diren osoko bilkuran eztabaidatzea nahi diren galderak.

3.- Galdera bakoitzaren eztabaida egiteko gehienez ere zortzi minutu izango dira. Esku hartzen duen bakoitzak lau minutu erabili ahal izango ditu eta askatasuna izango du denbora hori txanda hauetan banatzeko: galdetzeko eta erantzuteko lehenengo txandan eta galdetzeko eta erantzuteko bigarren txandan.

Ezarritako denborak zorrotz bete daitezen zainduko du lehendakariak, eta, denbora bakoitza bukatutakoan, berehalaxe emango dio hitza hurrengo esku hartu behar duenari, edo gai-zerrendako hurrengo puntura pasatuko da.

184. artikulua.- 1.- Batzordean ahoz erantzutea nahi diren galderak idatziz egin beharko dira, eta Jaurlaritzari bidali eta zazpi egun igaro ondoren sartuko dira batzordeko gai-zerrendan.

2.- Galdetua izan den Jaurlaritzako kidea bere saileko goi-kargudunekin batera azaldu ahal izango da batzordeko agerraldira.

3.- Mota honetako galderak 183.3 artikuluan ezarritako moduan tramitatuko dira.

4.- Gai berari buruz galdera bat baino gehiago dagoenean, galderaren gaian edo helburuan espezialitate bat baino gehiago dagoenean edo antzeko inguruabarrak gertatzen direnean, prozeduraren egokipena egin ahal izango du batzordeko Mahaiak, aurreko paragrafoan aurreikusitako txandak eta gutxieneko denborak gordeta betiere.

185. artikulua.- 1.- Idatziz erantzutea nahi diren galderak Legebiltzarreko Mahaiari aurkeztuko zaizkio, eta honek tramitatzeko onartuko ditu baldin eta galderen edukiak ez badakar I. tituluaren VI. kapituluan aurreikusitako informazio- edo dokumentazio-eskea egiteko prozedura erabiltzea.

2.- Jaurlaritzari galdera bidali eta hurrengo 15 egunen barruan jaso beharko da erantzuna Erregistroan. Hala ere, aurretiaz ere Legebiltzarrean galdera edo dokumentazio-eske bera egin bazaio, orduan eskainitako erantzunaren erreferentzia edo identifikazioa soilik emanez erantzun ahal izango du.

3.- Erregelamenduan erantzuteko jarritako epea beteta Jaurlaritzak erantzunik eman ez badu eta erantzuna atzeratzearen edo ezin emanaren jakinarazpenik ere aurkeztu ez badu, galdegileak eskatuta lehendakariak hurrengo osoko bilkurako gai-zerrendan sartzea aginduko du, eta ahozko galderekin jokatzen den bezala jokatuko da halako galderarekin ere. Erabaki horren berri Jaurlaritzari emango zaio.

3. ATALA

ARAU KOMUNAK

186. artikulua.- Gutxienez hamabostean behin osoko bilkura monografikoa egingo da kapitulu honetan agintzen denaren arabera gai-zerrendan sartzeko moduan dauden interpelazio eta galderak bideratzeko.

187. artikulua.- Bilkura-aldi bat bukatzen denean, tramitatu gabe dauden interpelazio eta galderak idatziz erantzuteko galdera gisa tramitatuko dira bilkura-aldien arteko denboran, baldin eta ekimen bakoitzaren sinatzaileak ekimenaren izaera berresten ez badu behintzat Mahaiari idazki bat bidaliz bilkura-aldia bukatu eta ondorengo 10 egunen barruan

188. artikulua.- 1.- Legebiltzarreko Mahaiak ahalmena du gai-zerrendan sarturik dauden gai berari buruzko interpelazio edo galderak, nahiz elkarri lotutako gaiei buruzkoak, pilatzeko, bai eta aldi berean eztabaida daitezela agintzeko ere.

2.- Mahaiak, Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzun ondoren, adierazi ahal izango du ezin daitezkeela tramitatzeko onartu bilkura-aldi berean tramitatutako beste interpelazio edo galdera bat errepikatzea liratekeen interpelazio edo galderak.

189. artikulua.- Jaurlaritzak behin bakarrik eskatu ahal izango du interpelazio edo galdera baten erantzuna atzeratzeko, arrazoiak biltzen dituen idazkia Mahaiari dagokion epean bidalita. Dagokion organoak egingo duen hurrengo bilkurarako utziko da ekimena, idatziz erantzun beharreko galderak izan ezik, horiei erantzuteko epea beste 10 egunez luzatuko baita.

190. artikulua.- Interpelazio edo galdera sinatu duena falta bada, haren ordez legebiltzar-talde bereko beste kide batek esku hartu ahal izango du osoko bilkuran edo batzordean, aldez aurretik Lehendakaritzari jakinarazita.

IV. KAPITULUA

LEGEGINTZA ESKUORDETUAREN KONTROLA

191. artikulua.- Jaurlaritzak legegintza-eskuordetzaz egiten duen erabileraren legebiltzar-kontrola Jaurlaritzaren Legean aurreikusitakoaren arabera egingo da, eta 162. artikuluan ezarritako irakurraldi bakarreko prozeduraren bitartez.

V. KAPITULUA

JAURLARITZAREN AGERRALDIAK, KOMUNIKAZIOAK, TXOSTENAK ETA PLANAK

1. ATALA

POLITIKA OROKORRARI BURUZKO EZTABAIDAK

192. artikulua.- Iraileko bilkura-aldiaren hasieran Legebiltzarrak osoko bilkura bat egingo du, eta gai-zerrendako puntu bakarra Eusko Jaurlaritzaren politika orokorraren norabidea eztabaidatzea izango da.

Legegintzaldiaren lehenengo bilkura-aldian ez da egingo aurreko lerrokadan agindutakoa.

193. artikulua.- Eztabaida hasi baino 72 ordu lehenago, gutxienez, lehendakariak idazki bat bidaliko dio Legebiltzarrari. Idazki horretan, Autonomia Erkidegoaren egoerari buruz Jaurlaritzak duen jarreraren ildo nagusiak jasoko dira, bai eta legebiltzar-urtean barna hartu nahi dituen neurriak eta aldi horretarako dauzkan legegintza-aurreikuspenak ere.

194. artikulua.- 1.- Eztabaidaren hasieran lehendakariak esku hartuko du, gehienez ere bi orduz. Ondoren, Legebiltzarreko lehendakariak, Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzun ondoren, bilkura etetea erabakiko du.

2.- Bilkurari berrekinda, legebiltzar-talde bakoitzaren ordezkari batek esku hartuko du, gehienez ere 30 minutuz.

3.- Jaurlaritzak aukera izango du legebiltzar-taldeen ordezkariei banan-banan edo batera erantzuteko, aurkeztu dituzten gaiei buruz. Legebiltzar-taldeek, berriz, egoki deritzeten adierazpenak egin ahal izango dituzte gero, talde bakoitzak 10 minutuz.

4.- Eztabaida bukatuta, eta bozketarik gabe, lehendakariak amaiera emango dio bilkurari.

2. ATALA

EZTABAIDA MONOGRAFIKOAK

195. artikulua.- 1.- Jaurlaritzak, bi legebiltzar-taldek edo legebiltzarkideen bostenak eskatzen dutenean, politika-eta gobernu-jardunari buruzko eztabaida monografikoak egin ahal izango dira.

2.- Jaurlaritzaren komunikazioak edo legebiltzar-ekimenak garbi adierazi beharko du zein gai eta puntu proposatzen diren, eztabaida zeri buruzkoa izango den zehazteko, bai eta eztabaida zein legebiltzar-organotan egitea proposatzen den ere.

3.- Baldin eta Mahaiak, ekimenaren helburua kontuan izanik eta Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzun ondoren, usteko balu eskaeran jarri den legebiltzar-organoa baino egokiagoa dela beste bat ekimen hori tramitatzeko, hala jakinaraziko dio eskatzaileari, zazpi eguneko epean bere iritzia eman dezan. Ados ez badago, eskatu bezala egingo da eztabaida.

4.- Eskatzaileak, eztabaidari ekin aurretik, edozein unetan erretiratu ahal izango du ekimena.

5.- Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eztabaidaren eskaera, aurkeztutako ebazpen-proposamenak eta onetsitakoak.

196. artikulua.- 1.- Eztabaida Jaurlaritzak sorrarazia denean, Gobernuaren ordezkariak esku hartuko du haren hasieran, gehienez ere ordubetez. Ondoren, Legebiltzarreko edo batzordeko lehendakariak, bozeramaileen iritzia entzunda, denbora jakin batez bilkura etetea erabaki ahal izango du.

2.- Bilkurari berrekinda, legebiltzar-talde bakoitzeko ordezkari batek esku hartuko du, legebiltzarkide gutxien duen taldetik hasita, gehienez ere 30 minutuz.

3.- Jaurlaritzak aukera izango du taldeei banan-banan edo batera erantzuteko, aurkeztu dituzten gaiei buruz. Taldeek, berriz, 10na minutuko erantzun-txanda izango dute gero.

4.- Eztabaida bukatuta, legebiltzar-taldeek ebazpen-proposamenak aurkezteko epea irekiko da, gehienez ere bi ordukoa. Proposamen horietatik, eztabaidan aztertu diren gaiekin bat datozenak onartuko ditu dagokion mahaiak, eta onartutakoak taldeei helaraziko dizkie.

5.- Bilkurari jarraitzeko, ebazpen-proposamenak aurkeztu dituzten taldeek esku hartuko dute lehenbizi, gehienez ere 20 minutuz, mozio horiek aldezteko. Ondoren, gainerako taldeek beren jarrera agertuko dute, aipatutako denbora horretan bertan. Erantzun-txanda ere egon daiteke, talde bakoitzarentzat bost minutukoa.

6.- Ebazpen-proposamenen eztabaida eta bozketa aurkezpen-hurrenkeraren arabera egingo da. Erdibideko ebazpen-proposamenei dagokienez, azken erretiratutako proposamenarena joko da haien aurkezpen-unetzat.

7.- Ebazpen-proposamen bat bozkatu eta onetsita geratu bada, gainerakoak bozkatzeko beharrezkoa izango da horiek, Mahaiaren ustez, onetsi denarekin bateragarri izatea eta kontraesanean ez egotea.

8.- Onetsitako ebazpen-proposamenak betetzeari dagokionez, 205. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

197. artikulua.- 1.- Eztabaida Legebiltzarrak eskatuta egiten bada, eztabaida-bilkuran, hasteko, talde proposatzaileen ordezkariek esku hartuko dute, 30 minutuko txandan, eta ondoren, gainerako taldeenek hitz egingo dute, talde txikienetik handienera, beste horrenbeste denboraz.

2.- Ondoren, aurreko artikuluko 3. paragrafotik 7.era bitartean zehaztutakoaren arabera egingo da bilkura.

3. ATALA

PLANAK ETA TXOSTENAK

198. artikulua.- Jaurlaritzak aurkeztuta Legebiltzarrak txosten, plan edo antzeko dokumentu bat jasotzen duenean, Mahaiak halakoaren testua edo, gutxienez, aurkezpenaren berri argitaratzeko aginduko du, eta, Bozeramaileen Batzordearekin ados jarrita, osoko bilkuran eta/edo dagokion batzordean tramitatzeko prozedura onetsiko du, aurreko artikuluak aplikatuko direlarik beste zehaztasunik ez bada.

4. ATALA

JAURLARITZAREN AGERRALDIAK

199. artikulua.- 1.- Jaurlaritzako kideek agerraldiak egingo dituzte osoko bilkuran, bai berek eskatuta eta baita ere, bi legebiltzar-talderen edo legebiltzarkideen bostenaren ekimenez eta Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzun ondoren, Mahaiak erabakita, beren eskumeneko gai jakin bati buruz informatzeko.

2.- Agerraldiaren hasieran, agerraldi hori legebiltzar-ekimenez sortu bada, eskaera sinatu duten taldeen edo legebiltzarkideen ordezkariak edo ordezkariek esku hartuko dute, gehienez ere 10 minutuz. Ondoren, bere azalpena egingo du Jaurlaritzako kideak, eta, hark bukatu ondoren, legebiltzar-taldeen ordezkariek esku hartu ahal izango dute, gehienez ere 10 minutuz, talde txikienetik handienera, hala badagokio agerraldia eskatu duten taldeetatik hasita, agerraldiaren gaiari buruzko zehaztapenak egiteko. Jaurlaritzako kideak banan-banan nahiz batera erantzun ahal izango die zehaztapen horiei.

200. artikulua.- 1.- Legebiltzar-batzordeek Jaurlaritzako kideen eta goi-karguen agerraldiak eskatu ahal izango dituzte beren eskumeneko gaiei buruz informa dezaten. Agerraldi horiek, bestalde, aipatu kide eta karguek berek ere eskatu ahal izango dituzte. Lehenengo kasuan, talde baten eskariz hartuko da batzordearen edo bere Mahaiaren erabakia, eta eskariak Mahai horri idatziz egina beharko du izan.

2.- Agerraldia aurreko artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera tramitatuko da.

201. artikulua.- 1.- Legebiltzarreko Mahaiak, Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzun ondoren, edo batzordeko Mahaiak, aukera izango dute esku-hartze denborak luzatzeko, agerraldiaren gaia zer-nolakoa den kontuan hartuta, baina betiere errespetatu egin beharko dira legebiltzar-taldeen esku-hartzeentzat jarritako gutxieneko denborak.

2.- Agerraldiaren bukaeran ezin izango da inolako bozketarik proposatu. Tramitazioan lehentasuna izango dute, egileek hala adieraziz gero, agerraldian erabilitako gaien gainean aurkeztutako legez besteko proposamenek eta legebiltzar-kontrol eta -informaziorako ekimenek, beste agerraldi batzuk egiteko eskaerek izan ezik.

VI. KAPITULUA

ONDAREARI ETA FINANTZEI BURUZKO BAIMENAK ETA INFORMAZIOAK

202. artikulua.- 1.- Indarrean dagoen legediaren arabera, Legebiltzarrak ondarezkoak eta legegintza-izaerarik ez duten ekintza batzuen baimenak eman behar izanez gero, ondorengo prozeduraren arabera jokatuko da.

2.- Baimenaren eskaera dagokion gobernu-organoak aurkeztu beharko du Mahaiaren aurrean, baimenaren beharra eta egokitasuna justifikatzeko txosten batekin batera. Bertan jaso beharko dira baita ere proposatzen den operazioaren mugak eta bermeak, eta egintza bereizten duten inguruabarren eta alderdien xehetasunak emango dira.

3.- Behin eskaera kalifikatu eta tramitatzeko onartu ondoren, eskaeraren aurkezpenaren berria emango da argitara eta legebiltzar-taldeei eta legebiltzarkideei banatuko zaizkie eskaera eta eskaerarekin batera doan dokumentazioa. Jasotako dokumentazioaren bolumenagatik edo ezaugarriengatik banaketa zaila bada, legebiltzarkideek Legebiltzarraren Idazkaritza Nagusian izango dute beren esku aipatu dokumentazioa.

4.- Argitaratu eta hurrengo 15 eguneko epearen barruan, baldin eta talde edo legebiltzarkideren batek ere ez badu proposamenik aurkeztu eskaeraren baldintzak aldatzeko, orduan onartutzat joko da eta argitaratu egingo da, eta dagokion ziurtagiria bidaliko zaio Jaurlaritzari.

5.- Baldin eta aipatu epean aldaketarako proposamenak egingo balira, Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordera bidaliko dira eskaerarekin batera, eta batzorde horrek erabakiko du bi hilabeteko epean. Batzordearen erabakia argitaratu egingo da eta Jaurlaritzari bidaliko zaio.

6.- Jarritako prozedura jarraitzen ez duten ondare- eta finantza-egintzak baimenik gabekotzat joko dira, horien arabera emandako egintzekiko nahitaezko ondorio juridikoak barne.

203. artikulua.- 1.- Euskal Herriko finantza-arautegiak agintzen badu Jaurlaritzak Legebiltzarrari aldian-aldian arlo horretan edo antzerakoan halako informazio batzuk bidali behar dizkiola, Mahaiak Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari bidaliko dio jasotako dokumentazioa, eta batzorde horren Mahaiak egiaztatuko du legez jarritako epeak bete ote diren.

2.- Dokumentazio hori Kontuen Epaitegiari bidali ahal izango zaio azterketarako eta batzordeari aholkua eman diezaion, lege arautzaileak, Erregelamendu honek eta, hala badagokio, Erregelamendu hau garatzeko erabaki daitekeen arautegiak agintzen dutenaren arabera.

V. TITULUA

LEGEBILTZARRAREN ETA BESTE ORGANO BATZUEN ARTEKO HARREMANAK

I. KAPITULUA

ARARTEKOAREKIKO HARREMANAK

204. artikulua.- 1.- Legebiltzarreko organoen eta Arartekoaren arteko harremanak Legebiltzarreko lehendakariaren bitartez bideratuko dira.

2.- Oro har, eta Legebiltzarraren Osoko Bilkuran edo batzorde berezi batean tramitatu beharreko gaiak izan ezik, Arartekoaren eta Legebiltzarraren arteko harremanak Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordean gauzatuko dira.

205. artikulua.- Arartekoak urtearen lehen hiruhilabetearen barruan bere urteko txostena aurkeztuko du. Behin kalifikatu eta tramitatzeko onartuta, Mahaiak erabakiko du Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeari bidaltzea, eta batzorde horretako lehendakariak gai hori Legebiltzarrean txostena sartu eta betiere hurrengo hilabetearen barruan egingo den bilkuran sartuko du.

206. artikulua.- Urteko txostenaren batzordeko tramitazioa honako hau izango da:

a) Arartekoaren adierazpen orokorra, 30 minutuan gehienera.

b) Legebiltzar-talde bakoitzarentzat 10 minutuko txanda, galderak egin edo azalpenak eskatzeko.

c) Arartekoaren erantzuna.

Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeko Mahaiak txanda berri bati hasiera eman ahal izango dio legebiltzarkideek esku hartzeko, eta arartekoak jarraian erantzuna emango die. Lehendakariak finkatuko ditu, hala badagokio, esku-hartze guztien kopurua eta bakoitzaren gehieneko denbora.

207. artikulua.- Batzordeko tramitea bukatu eta hilabetearen barruan, Legebiltzarreko lehendakariak osoko bilkurarako deialdia egingo du Arartekoaren urteko txostenaren aurkezpena burutu dadin.

Prozedura honako hau izango da:

a) Arartekoaren azalpen orokorra, 40 minutuan gehienera; horren ondoren bilkuratik alde egingo du.

b) Legebiltzar-talde bakoitzarentzat 15 minutuko txanda, jarrerak finkatzeko; txostenaren aurkezpena dela-eta ez da ebazpen-proposamenik egiterik izango, Erregelamenduko ohiko ekimenei kalte egin gabe.

208. artikulua.- Arartekoak txosten berezia bat aurkezten duenean, jarraitu beharreko prozedura urteko txostenarentzat jarritakoa izango da, dagokion batzordean edo osoko bilkuran tramitatzea salbu, Legebiltzarreko Mahaiari berari dagokion erabakiaren arabera, eta Arartekoak horren tramitaziorako organo egokiena zein den gomendatu ahal izango du.

Arartekoak berariaz adierazi beharko du bere idazkian txostena berezia dela eta txosten hori egiteko zer arrazoi egon diren.

209. artikulua.- Legebiltzarreko edozein batzorde edo legebiltzarkidek eskatu ahal izango dio Arartekoari, arrazoiak biltzen dituen idazkiaren bidez, esku har dezala herritar bati edo herritarren talde bati eragiten dioten administrazio publikoetako egintza, ebazpen eta emandako jokabide zehatzak ikertzen eta argitzen.

Hori gertatuz gero, Arartekoa behartuta egongo da bere jardunean lortutako emaitzei buruz eskatzaileari informatzera.

210. artikulua.- 1.- Arartekoak Legebiltzarrera bidali beharko du urte bakoitzeko urriko hilaren barruan instituzioko aurrekontuaren aurreproiektua; Erregelamendu eta Gobernurako Batzordeari dagokio hura aztertzea eta onestea, ondoren Legebiltzarreko aurrekontuan sartzeko.

2.- Aipatu aurreproiektua, egiturari, partiden izenari eta gainerako ezaugarri orokorrei dagokienez, Legebiltzarreko aurrekontua egiteko indarrean diren arauei atxiki beharko zaie.

211. artikulua.- Arartekoak instituzioaren barne-erregelamen­duaren proiektuaren berri emango du Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordearen aurrean, proiektu hori onetsi edo aldatu aurretik.

II. KAPITULUA

HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAREKIKO HARREMANAK

212. artikulua.- Legebiltzarraren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arteko harremanak Legebiltzarreko lehendakariaren bitartez bideratuko dira, eta Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean garatuko dira, kapitulu honetan aurreikusitakoa ezartzeari begira osoko bilkuran tramitatu behar diren gaiak izan ezik.

213. artikulua.- 1.- Legebiltzarraren Osoko Bilkurak Herri Kontuen Euskal Epaitegiko zazpi kideak hautatzeko prozedura Erregelamenduko 95.3.b artikuluan oro har jarritakoa izango da, ondorengo berezitasunekin:

a) Legebiltzarkide bakoitzak, txartelaren bidez, zazpi hautagai gehienera botatu ahal izango ditu legebiltzar-taldeek aurkeztu eta Mahaiak aldarrikatutakoen artean, behin hautagarri direla egiaztatu ondoren.

b) Otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eskatutako gehiengo osoa lortzen duten zazpi hautagaiak izango dira hautatuak.

c) Baldin eta hautagai guztiak ez badira lehen bozketan hautatzen, gainerako hautagaien artean hautatzeko falta diren guztien tokiak bete arte errepikatuko da bozketa.

d) Boto gehien lortutako hautagaien arteko boto-berdinketa bozketa batean edo jarraian egindako bozketetan ebatziko da.

2.- Aurreko paragrafoan aipatutako prozedura aplikagarria izango da epaitegian sortutako hutsuneak hautatzeko kasuan, eta hautatu beharreko hutsuneen kopuruaren arabera osatuko dira hautagai-zerrendak.

3.- Herri Kontuen Euskal Epaitegiko hautatutako kideren baten uko egitea Legebiltzarreko Mahaiari pertsonalki jakitera eman beharko zaio, eta salbuespen gisa idatziz egindakoa onartzeko argi eta garbi geratu beharko du ezin duela legebiltzarkideak berak aurkeztu eta frogaturik geratu beharko du idazkiaren data eta sinadura egiazkoak direla.

214. artikulua.- 1.- Epaitegiak bere fiskalizazio-eginkizuna erabiliz egindako txostenak, bai arruntak bai bereziak, baita euskal sektore publikoaren operazio guztien kontuei buruzko urteko txostena ere, Legebiltzarrari bidaliko zaizkio, egoki iritzitako proposamenekin batera.

2.- Aipatu txostenak, Mahaiak kalifikatu eta argitaratu ondoren, Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordera bidaliko dira eztabaidatzeko.

3.- Batzordeko eztabaidari ekingo zaio epaitegiko lehendakariak, edo epaitegiaren osoko bilkurak eginkizun horietarako izendatutako epaitegikideak, txostena aurkeztuz.

Jarraian legebiltzar-taldeek esku hartzeko txanda irekiko da, 15 minutukoa gehienera, Legebiltzarrari bidalitako txostenaren inguruan sortu eta beharrezkotzat jotako informazioak eta azalpenak eskatu ahal izateko. Epaitegiaren ordezkariak erantzuna eman ondoren, azken txanda irekiko da, 10 minutukoa gehienera, jarrerak finkatzeko.

4.- Taldeek eztabaidaren gai den txostenarekin bat datozen ebazpen-proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, eta epaitegiari berari edo fiskalizazioaren gai diren edozein organori zuzendu ahal izango zaizkio.

5.- Ebazpen-proposamenen aurkezpena, eztabaida eta bozketarako prozedura Erregelamenduko 196. artikuluan jasotako eztabaida orokorren ondorengo ebazpen-proposamenentzat jarritakoaren araberakoa izango da.

6.- Batzordearen ebazpenak Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

215. artikulua.- 1.- Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emango dizkio jakitera Legebiltzarrari, onetsi aurretik, urterako lanaren programa eta instituzioaren kontuak, Legebiltzarrak ager ditzan epaitegiak burutu behar duen fiskalizazio-eginkizuna betetzean egon daitezkeen lehentasunak.

2.- Batzordeko eztabaida Jaurlaritzaren agerraldiak egiteko 200. artikuluan ezarritako prozedurari egokituko zaio.

216. artikulua.- 1.- Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurari dagokio, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari berari ere dagokion bezala, fiskalizazio-eginkizunean ekimena izatea, bai eta ekonomia- eta finantza-gaietan aholkuak eskatzea ere.

2.- Horretarako, legebiltzar-taldeek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean, eta proposamen horiek Osoko Bilkuraren aurrean tramitatuko dira Erregelamendu honetan legez besteko proposamenetarako aurreikusitako prozedurari jarraituz.

III. KAPITULUA

EUSKAL IRRATI TELEBISTA HERRI ERAKUNDEA KONTROLATZEA

217. artikulua.- 1.- Euskal Irrati Telebista herri-erakundeko sozietateen jarduna kontrolatzeko, legebiltzarkideek ahozko galderak egin ditzakete kontrolerako batzordearen aurrean, bai eta idatziz erantzuteko galderak ere.

2.- Galderak herri-erakundeko zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio eta Erregelamendu honetako IV. tituluko III. kapituluan aurreikusitako araubideari lotuz tramitatuko dira.

3.- Halaber, Jaurlaritzako kideei Euskal Irrati-Telebista herri-erakundeari buruzko kontrol-ekimenak aurkeztu ahalko zaizkie.

218. artikulua.- 1.- Kontrolerako batzordeak Erregelamendu honetako 48. artikuluan agerraldi-eskeak egiteko aurreikusitako ekimena erabiltzeari kalte egin gabe, bai Euskal Irrati Telebista herri-erakundeko zuzendari nagusiak, bai administrazio-kontseiluak ere eskatu ahal izango dute batzordearen aurrean agertzea, Legebiltzarrari erakundearekin zerikusia duten eta beren eskumenekoak diren arazoen berri emateko (kontseilua izanez gero, kontseiluko lehendakariak edo horretarako izendatutako kideak).

2.- Kontrolerako batzordeak herri-erakundeko beste kargu edo pertsonak agertzea ere eskatu ahal izango du, egingo zaizkien galderei erantzun diezaieten.

3.- Agerraldi guztiak Erregelamendu honetako 51. artikuluan aurreikusitako araubide orokorrari jarraituz egingo dira.

IV. KAPITULUA

LEGEBILTZARREKO TXOSTENAK ETA AZTERLANAK TRAMITATZEA

219. artikulua.- 1.- Legebiltzar-batzordeek txostenak edo azterlanak egitea erabaki ahal izango dute beren eskumeneko gaiei buruz.

2.- Erabakia, behar bezala arrazoituta, Legebiltzarreko Mahaiari jakinaraziko zaio, aztergaia zer-nolakoa den ikusirik, batzordean ala Osoko Bilkuran tramitatu erabaki dezan.

220. artikulua.- Batzordeek txostenak edo azterlanak egiteko prozedura honako hau izango da:

a) Lantalde bat eratuko da eta txosten bat egingo du gaiari buruz.

b) Lantaldeak, Legebiltzarreko lehendakariaren bitartez, beren aginpideen kariaz egin dakizkiekeen galderei erantzun diezaieketen agintariak, funtzionarioak edo herritarrak agertzea eskatu ahal izango du.

Era berean, Legebiltzarraren egoitzatik kanpo atera ahal izango dira, beren lanak hobeto garatzeko interesgarriak liratekeen arazoen berri izateko.

c) Txostenarekin bat ez datozen legebiltzarkideek batzordeko Mahaiari helarazi ahal izango dizkiote idatziz beren desadostasunak, txostena egin eta zazpi eguneko epearen barruan. Epe hori iraganda, batzordeko lehendakariak bilkurarako deialdia egingo du, txostena aztertu eta onesteko.

d) Eztabaidan, 10 minutuz gehienez ere, zuzenketak egin dituzten taldeek hitz egingo dute lehenik, eta zuzenketarik egin ez duten taldeek ondoren. Lehendakariak bigarren txanda bana eman ahal izango die, hiru minutukoa, zeinek bere jarrera finkatu dezan.

e) Eztabaida amaituta, bozkatu egingo dira txostena eta txostenari egindako zuzenketak eta proposamenak. Onetsitakoak behin betiko testuan sartuko dira, eta desadostasunak txostenaren edo azterlanaren eranskin gisa jasoko dira.

f) Batzordearen irizpena Legebiltzarreko Mahaiari jakinaraziko zaio, Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin eta dagokienei helarazi dakien.

221. artikulua.- Txostenak edo azterlanak Legebiltzarreko Osoko Bilkuraren aurrean eztabaidatzeko, aurreko artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio. Legebiltzarreko Mahaiak ebatziko ditu Osoko Bilkurak aztertzeko aurkeztutako dokumentuaren izaera eta ezaugarriak kontuan izanik jarraitu beharreko prozedurazko berezitasunak.

V. KAPITULUA

AUTONOMÍA ESTATUTUKO 22. ARTIKULUAN AURREIKUSITAKO HITZARMENAK ETA AKORDIOAK

222. artikulua.- 1.- Jaurlaritzak Nafarroako Foru Erkidegoarekin edo beste autonomia-erkidego batzuekin egiten dituen lankidetza-akordioak Eusko Legebiltzarrak berretsi beharko ditu.

2.- Lankidetza-akordioaren testua, akordioari buruz Gobernu Kontseiluan hartutako erabakiarekin batera, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari bidaliko zaio, eta Mahaiak Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eta berehala legebiltzar-taldeei bidaltzeko aginduko du.

3.- Legebiltzar-taldeek zazpi eguneko epea izango dute beren ustez lankidetza-akordioa ez berresteko dauden arrazoiak azaltzen dituzten idazkiak Mahaiaren aurrean aurkezteko.

4.- Behin Jaurlaritzako kide batek lankidetza-akordioa aurkeztu eta gero, osoko bilkuran eztabaidatuko da. Lehenengo txandan, legebiltzar-taldeek beren jarrerak azalduko dituzte, eta bigarrenean, erreplikak egingo dira.

5.- Eztabaida amaituta, bozkatu egingo da lankidetza-akordioaren testua Gobernu Kontseiluaren erabakiaren arabera berresten den ala ez.

6.- Legebiltzarrak bozkatu eta gero lankidetza-akordioaren testuan aldaketak edo baldintzapenak ezarri nahi izanez gero, beste eztabaida bat eta beste bozketa bat egin beharko dira Legebiltzarrean, akordioa indarrean jarri baino lehen.

223. artikulua.- 1.- Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari baimena eskatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren edo beste autonomia-erkidego batzuen artean lankidetza-hitzarmenak egiteko, adostu den hitzarmen-proiektuaren testua bidaliz.

2.- Jaurlaritzak komunikazio bat bidaliko dio Legebiltzarrari lankidetza-hitzarmenaren proiektuarekin eta Legebiltzarrak iritzia emateko beharrezko diren aurrekariekin. Komunikazioa tramitatzeko onartuko du Mahaiak, eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eta berehala legebiltzar-taldeei bidaltzeko aginduko du.

3.- Legebiltzar-taldeek, dokumentazioa jaso eta hurrengo zazpi egunetan, aurkako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, horretarako dituzten arrazoiak idazki batean labur azalduta.

4.- Aurkako proposamenak aurkezteko epea halakorik aurkeztu gabe amaitu bada, Legebiltzarrak lankidetza-hitzarmena egiteko baimena eman duela ulertuko da eta hala jakinaraziko dio Legebiltzarreko lehendakariak Jaurlaritzari.

5.- Aurkako proposamenik aurkezten bada, lehendakariak osoko bilkurarako deia egingo du, Legebiltzarrak, Jaurlaritzaren jakinarazpena jaso eta 20 eguneko epearen barruan, ebatzia har dezan proposamenei buruz. Osoko bilkura Erregelamendu honetan osoko eztabaidetarako ezarritakoari lotuta egingo da.

224. artikulua.- Jaurlaritzak Autonomia Erkidegoko lurralde historikoekin egin nahi dituen lankidetza-hitzarmenen kasuan ere aurreko artikuluan ezarritako baimentze-araubideari lotuko zaio.

VI. KAPITULUA

KONSTITUZIO AUZITEGIAREN AURREKO PROZEDURAK

225. artikulua.- 1.- Euskadiko Autonomia Estatutuaren 28. artikuluko c) idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera, Legebiltzarreko lehendakariak, aldez aurretik bi legebiltzar-taldek edo legebiltzarkideen bostenak proposamen arrazoitua eginik, osoko bilkurarako deia egingo du, Konstituzioaren 161.1.a artikuluan aipatutako konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jartzeko erabakia hartzeko gehiengo soilez.

2.- Proposamenean argiro zehaztuko dira konstituziokontrakotasun edo eskumen-gabezi akatsa duten xedapenaren atalak edo arau edo egintzaren puntuak, bai eta akatsaren sorburu diren lege- edo konstituzio-xedapenak ere.

3.- Errekurtso-proposamenaren tramitazioa legez besteko proposamenetarako aurreikusitakoaren arabera egingo da.

226. artikulua.- 1.- Konstituziokontrakotasun-errekurtsoaren gaia Euskal Autonomia Erkidegoak emandako lege bat edo lege indarreko xedapen bat baldin bada, prozeduran aurkezteko eta egin beharreko alegazioak egiteko erabakia, bai eta, hala behar izanez gero, legelari-ordezkaritza izendatzeko erabakia ere, Legebiltzarreko Mahaiak hartuko du, Bozeramaileen Batzordearekin bat etorriz.

2.- Aurkatuak Legebiltzarraren lege indarrik gabeko erabakiak baldin badira, Mahaiak erabakiko du prozeduran aurkeztea, alegazioak egitea eta legelari-laguntza izendatzea.

227. artikulua.- 1.- Legebiltzarreko Osoko Bilkurak, aldez aurretik deialdia eginda, Legebiltzarrak jarritako konstituziokontrakotasun-errekurtso batean atzera egiteko erabakia hartu ahal izango du.

2.- Atzera egiteko proposamena bi legebiltzar-taldek edo legebiltzarkideen bostenak egin beharko du, Konstituzio Auzitegiak epaia emateko eguna zehaztu baino lehen.

3.- Eztabaida Erregelamendu honetako 225.3 artikuluan ezarritako prozedurari lotuta egingo da.

VII. KAPITULUA

GORTE NAGUSIEN AURREKO LEGEGINTZA EKIMENA

228. artikulua.- Euskadiko Autonomia Estatuaren 28. artikuluko b) idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera, Legebiltzarrak bi aukera ditu:

a) Estatuko Gobernuari gai jakin bati buruzko lege-proiektu bat bere egiteko eskatzea, ala

b) Diputatuen Kongresuko Mahaiari lege-propo­samen bat bidaltzea.

229. artikulua.- 1.- Legebiltzar-taldeei dagokie aurreko artikuluko a) idatz-zatian aipatutako ekimena bultzatzeko legez besteko proposamenak aurkeztea.

Legez besteko proposamen horiek Erregelamenduaren IV. tituluko II. kapituluan aurreikusitako araubide orokorrari lotuz tramitatuko dira.

2.- Aurkeztutako ekimenek proposamen artikulatua jasotzen baldin badute, Erregelamenduaren III. tituluko II. kapituluaren 2. atalean aurreikusitako ohiko legegintza-prozedurari jarraituz tramitatuko dira.

230. artikulua.- 1.- Legebiltzarrak onetsitako lege-proposamenak Diputatuen Kongresuaren aurrean defendituko dituzten legebiltzarkide ordezkariak izendatzeko, legebiltzarkide bakoitzak Osoko Bilkurak aldez aurretik zehaztutako izen kopurua -hiru gehienez-, idatziko du.

Boto gehien lortutako legebiltzarkideak izango dira hautatuak.

Izendapena egiteko ebatzi beharrekoa den berdinketarik gertatuz gero, boto kopuru berdina lortu dutenen artean hurrenez hurren bozketak eginez ebatziko da. Berdinketak bere horretan irauten badu elkarren segidan egindako bi bozketaren ondoren, boto gehien lortu duen zerrendako hautagaiaren alde ebatziko da auzia.

2.- Legebiltzarrak Diputatuen Kongresuaren aurrean lege-proposamen bat defenditzeko izendatu dituen legebiltzarkide ordezkariek beren gestioaren berri eman beharko diote Legebiltzarrari. Horretarako, txosten bat aurkeztuko dute Mahaiaren aurrean, eta Mahaiak legebiltzar-taldeei bidaliko die, ezagutu dezaten.

VIII. KAPITULUA

SENATARIAK ETA BESTE BATZUK IZENDATZEA

I. ATALA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN SENATARI ORDEZKARIAK IZENDATZEA

231. artikulua.- 1.- Legebiltzarreko Mahaia eratuta, Legebiltzarreko lehendakariak 20 epea zabalduko du, legebiltzar-taldeek Euskadiren senatari ordezkari izateko hautagaiak proposatu ditzaten. Hautagai-zerrendarekin batera hautagai bakoitzaren curriculuma jarri beharko da, bai eta Bateraezintasunen Batzordeak bere iritzia emateko beharrezkoa den dokumentazioa ere.

2.- Aurkeztutako hautagai-zerrendak aztertu eta irizpen bat emango du Bateraezintasunen Batzordeak. Ondoren, osoko bilkurarako deia egingo da Bateraezintasunen Batzordearen irizpena eztabaidatzeko eta, hala badagokio, onesteko eta, hartara, proposatutako senatariak izendatzeko.

3.- Osoko bilkuran, Legebiltzarreko lehendakariak txanda bat zabalduko du legebiltzar-taldeek gehienez ere bost minutuz esku hartzeko.

4.- Bozketa bakoitza egin aurretik, bere hautagaia izendatuko du legebiltzar-talde bakoitzak, proposatutako zerrenda Bateraezintasunen Batzordeak aztertu ondoren onartutakoen artetik aukeratuta.

5.- Boto gehien lortu duten hautagaiak izango dira hautatuak, betiere izendatuak, gutxienez, botoa emateko eskubidea duten legebiltzarkideen botoen laurdena lortuz gero.

Euskadiko senatari ordezkari guztiak ezin izango dira legebiltzar-talde bakar batek proposatutakoetatik hautatuak izan.

6.- Baldin eta lehen bozketa eginda ordezkari-posturen bat bete gabe gelditzen bada, bigarren bozketa egingo da, eta balio osoz emandako boto gehien lortzen duten hautagaiak izango dira hautatuak.

Berdinketa gertatuz gero, Legebiltzarrean eserleku gehien duen taldeak edo duten taldeek proposatutako hautagaia izango da hautatua, eta talde proposatzaileek eserleku kopuru bera izanez gero, Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan boto gehien lortu duen alderdi politikoak edo lortu duten alderdi politikoek edo koalizioek proposatutako hautagaia izango da hautatua.

7.- Osoko bilkura horretan, edo hurrengoan, izendatuak izan direla jakinaraziko zaie hautatuei eta Legebiltzarreko lehendakariak izendapena onar dezatela eskatuko die.

Behin baiezkoa emanda, Euskal Autonomia Erkidegoaren senatari ordezkari direla aldarrikatuko da.

8.- Legegintzaldian zehar hutsik geratutako senatari-postuak artikulu honetan aurreikusitako prozedurari lotuta beteko dira, Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean gehienez ere 15 eguneko epean argitaratu eta gero posturen bat hutsik gelditu dela.

232. artikulua.- 1.- Euskadiren senatari ordezkariei eserleku bana gordeko zaie Legebiltzarreko bilkura-aretoan, eta Senatuan dituzten zereginak hobeto betetzeko interesgarriak izan lekizkiekeen gaien berri emango zaie.

2.- Legebiltzarreko Osoko Bilkurak txostenak eskatu ahal izango dizkie senatariei, Legebiltzarreko lehendakariaren bitartez, Senatuan burutu dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoarentzat interesgarriak izan daitezkeen jarduerei buruz. Txosten horiek Legebiltzarreko Mahaiari bidali beharko zaizkio, gero legebiltzar-taldeei helarazteko.

2. ATALA

LEGEBILTZARRAREN IZENDAPENAK

233. artikulua.- 1.- Lege-agindu baten arabera Eusko Legebiltzarrak inor proposatu edo hautatu behar izanez gero, legebiltzar-taldeek beren hautagai-zerrendak aurkeztu beharko dituzte, eta zerrenda osatzen dutenek kasu bakoitzean legeak aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

2.- Legebiltzar-taldeek Legebiltzarreko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dituzte hautagai-zerrendak, Mahaiak horretarako ezarritako epean.

Hautagai-zerrendekin batera, hautagai bakoitzaren curriculuma joango da, bai eta Bateraezintasunen Batzordeak iritzia emateko beharrezko dokumentazioa ere.

3.- Jasotako proposamenak eta erantsitako dokumentazioa Bateraezintasunen Batzordeari bidaliko dizkio Mahaiak, batzordeak azter ditzala hautagaiek legezko egokitasuna duten proposatutako karguetarako.

4.- Batzordearen irizpena Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio eztabaidatzeko eta, hala badagokio, onesteko.

5.- Bateraezintasunen Batzordearen irizpena onetsi ondoren, proposatutako karguak izendatzeari ekingo dio Osoko Bilkurak, batzordeak onartutakoen artetik.

6.- Osoko bilkuran egingo den eztabaidan, legebiltzar-talde bakoitzak bost minutuz esku hartu ahal izango du gehienez.

7.- Aplikatuko den hautatze-sistema kasu bakoitzean dagokion lege-aginduan ezarritakoa izango da. Arau berezirik ez dagoenean, Mahaiari dagokio, Bozeramaileen Batzordearekin ados jarrita, hautatzeko formula erabakitzea, eta formula horrek bete beharreko postuen errealitateari, Legebiltzarraren osaerari eta gainerako lege-baldintzei edo Erregelamendu honen arabera aplikazio orokorrekoak diren baldintzei egokitua izan beharko du.

IX. KAPITULUA

EBAZPEN BATZORDEAREN AURREKO PROZEDURA

234. artikulua.- Kapitulu honen helburua da:

a) Ebazpen Batzordearen aurrean foru-arauen proiektu eta proposamenen kontra eskumen-arazoa ipintzeko legebiltzar-prozedura arautzea.

b) Eusko Legebiltzarrean tramitazioan dagoen lege-proiektu edo proposamen baten kontra eskumen-arazoa ipini denean hartu beharreko neurriak zehaztea.

235. artikulua.- 1.- Foru-arauen proiektu eta proposamenen kontra eskumen-arazoa ipintzeko epea 20 egunekoa izango da, ekimena kasuan kasuko batzar nagusien aldizkari ofizialean argitaratzen denetik kontatzen hasita, edo 15 egunekoa, ekimenaren presako tramitazioa erabaki baldin bada.

2.- Ekimena argitaratu beharrean kasuan kasuko batzar nagusiko kideei jakinarazten zaienean, ekimena Eusko Legebiltzarrari jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen aurreko paragrafoan zehaztutako 20 eta 15 eguneko epeak. Hori dela eta, aipatutako jakinarazpena Eusko Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusian sartzen den egun berean, legelari nagusiak, ofizioz, berehala helaraziko die ekimena legebiltzar-talde guztiei.

3.- Ebazpen Batzordea Arautzen duen Legearen 40.1 artikuluan ezarritakoari lotuz, aurreko paragrafoetan aipatutako 20 eta 15 eguneko epeak egun naturalez osatutzat hartu behar dira.

236. artikulua.- 1.- Legebiltzar-taldeek idazkiak aurkeztu ahal izango dituzte Eusko Legebiltzarrak Ebazpen Batzordearen aurrean foru-arau proiektu edo proposamen jakin baten kontra eskumen-arazoa ipini dezala proposatzeko.

2.- Legebiltzar-taldeek beren idazkiak aurkezteko epea ekimena dagokion lurralde historikoko batzar nagusien aldizkari ofizialean argitaratzen denetik hasi, edo, bestela, ekimen hori jakinarazten zaienetik hasi, eta hurrengo 10 egun naturalen artekoa izango da. Foru-arau proiektua edo proposamena presaz tramitatzea erabaki baldin bada, legebiltzar-taldeek idazkiak aurkezteko epea sei egun naturalekoa izango da.

3.- Ebazpen Batzordearen aurrean eskumen-arazoa ipintzeko proposamen-idazkian legebiltzar-taldeak argi eta garbi zehaztuko du zein den bere ustez dena delako foru-arau proiektuak edo proposamenak egindako eskumen-haustea, eta labur azalduko du zertan oinarritzen duen bere jarrera, bere ustez hautsi diren xedapenak ere aipatuz.

4.- Artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako epeak amaitu eta hurrengo bi egunetan, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak bilera egingo du legebiltzar-taldeen idazkiak kalifikatzeko eta, hala badagokio, tramitatzeko onartzeko. Mahaiak idazkiak ez onartzea erabaki ahal izango du, idazkiok argi eta garbi eskumen-titulartasunari buruzko auzirik planteatzen ez dutenean.

237. artikulua.- 1.- Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurari dagokio Ebazpen Batzordearen aurrean eskumen-arazoak ipintzea erabakitzea, Legebiltzarreko Mahaiak, legebiltzar-jardueren egutegia aintzat hartuta, eskumena Erakunde eta Herrizaingoko Legebiltzar Batzordearen esku utzi badezake ere. Erabakia hartzeko osoko bilkura, edo, hala badagokio, batzordeko bilkura, eskumen-arazoa Ebazpen Batzordearen aurrean aurkezteko epea amaitu baino hiru egun lehenago egin beharko da gutxienez.

Bilkura-aldien arteko denboran, edo Legebiltzarra deseginda dagoenean, gaia Diputazio Iraunkorraren aurrean tramitatuko da.

2.- Legebiltzar-eztabaidako prozedura hauxe izango da:

a) Lehenik, eskumen-arazoa ipintzea bultzatzen duen legebiltzar-taldearen ordezkariak hitz egingo du 10 minutuz. Eskumen-arazoaren bultzatzaileak legebiltzar-talde bat baino gehiago izanez gero, idazkiak Legebiltzarreko Erregistroan aurkeztean izaniko hurrenkera kronologikoaren arabera esku hartuko dute.

b) Ondoren, gainerako legebiltzar-taldeek hitz egingo dute, bakoitzak 10 minutuz, beren jarrerak azaltzeko.

c) Lehen txanda amaituta, eta esku-hartzeen hurrenkera berean, bigarren txanda bana, bost minutukoa, izango dute legebiltzar-taldeek erantzuteko. Horrenbestez, lehendakariak amaitutzat joko du eztabaida eta bozketei ekingo zaie.

3.- Aurkeztean izaniko hurrenkeran bozkatuko dira eskumen-arazoa ipintzeko proposamen guztiak, salbu eta lehenago onetsitakoren batekin kontraesanean daudenean edo haietakoren batean jasota geratu direnean.

4.- Eusko Legebiltzarra alderdi gisa aurkeztu ahal izango da Eusko Jaurlaritzak ipinitako eskumen-arazoei dagokien prozeduran, Ebazpen Batzordeak horretarako emandako epean.

5.- Eusko Legebiltzarrak eskumen-arazo bat ipintzea onetsi eta gero, Legebiltzarreko lehendakariak egun berean jakinaraziko dio dagokien batzar nagusietako Mahaiari, hark tramitazioa eteteko agindu dezan, salbu eta Ebazpen Batzordea Arautzen duen 13/1994 Legearen 52. artikuluan aurreikusitako kasuetan.

238. artikulua.- 1.- Ebazpen Batzordeak Eusko Legebiltzarrak ipinitako eskumen-arazoa ebatzi gabe duen bitartean, legebiltzar-taldeek aukera izango dute atzera egiteko proposamen-idazkiak aurkezteko.

2.- Atzera egiteko proposamen-idazkia Mahaiak kalifikatu eta tramitatzeko onartu ondoren, osoko bilkurako gai-zerrendan sartuko da, eta han eztabaidatuko, 237. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako prozedurari lotuz. Eztabaida amaituta, bozkatu egingo da ea Legebiltzarrak atzera egiten duen ala ez bere garaian ipinitako eskumen-arazoaz.

3.- Atzera egiteko proposamen-idazkia onartzen ez zaien legebiltzar-taldeek ezin izango dute aurkeztu gauza bera eskatzeko beste proposamen-idazkirik.

239. artikulua.- 1.- Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidalitako lege-proiektuei eta Osoko Bilkurak aintzat hartutako lege-proposamenei eskumen-arazoa ipini ahal izango diete lurralde historikoetako batzar nagusiek, bai eta foru-aldundiek ere.

2.- Ebazpen Batzordearen aurrean eskumen-arazoa ipintzeko epea dena delako ekimena Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean hasi eta 20 egunekoa izango da. Mahaiak gaia presaz tramitatzea erabakiz gero, 15 egunekoa izango da eskumen-arazoa ipintzeko epea.

240. artikulua.- 1.- Eskumen-arazoaren bultzatzaileak, egun berean, arazoa ipintzea Eusko Legebiltzarreko Mahaiari jakinarazi ondoren, legebiltzar-tramitazioa eteteko aginduko du Mahaiak, salbu eta Ebazpen Batzordea Arautzen duen Legearen 52. artikuluan aurreikusitako kasuetan.

2.- Eskumen-arazoa tramitatzeko onartu dela jakinarazi eta bost eguneko epean, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, bere kabuz edo Legebiltzarreko gehiengoa osatzen duten legebiltzar-taldeek eskatuta, tramitazioaren etenaldia amaitutzat jotzeko eskatu ahal izango dio Ebazpen Batzordeari.

3.- Etetea erabaki zenean zegoen puntu berean ekingo zaio berriro prozedurari ondorengo kasuotan:

a) Ebazpen Batzordeak eskumen-arazoa onartezintzat jotzen duenean.

b) Ebazpen Batzordeak ekimenaren tramitazioaren etenaldia amaitutzat jotzen duenean.

c) Ekimena ordenamendu juridikoarekin bat datorrela adierazten denean.

d) Eskumen-arazoaren bultzatzaileak atzera egiten duenean.

4.- Ebazpen Batzordeak, proiektuaren edo proposamenaren zati jakin batekikoan mantendu arren, etenaldia zati batean amaitzea erabakitzen baldin badu hala jokatuta ekimenaren adiera-batasuna eta logika hausten ez delakoan, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzunda, egokien deritzon erabakia hartuko du.

241. artikulua.- 1.- Ebazpen Batzordeak lege-proposamen bat Autonomia Estatutuaren kontrakotzat jotzen duenean, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak hurrengo osoko bilkuran jakinaraziko dio erabakia Legebiltzarrari.

2.- Erabakia Legebiltzarrari jakinarazi ondoren, ekimena bertan behera gelditutzat joko da, salbu eta Osoko Bilkurak uste ez baldin badu posible eta egoki dela aurrera jarraitzea, Ebazpen Batzordeak Estatutuaren kontrakotzat jo ez dituen zatietara mugatuta. Hala izanez gero, Mahaiak lege-proposamen galbahetua argitaratzeko aginduko du berriro eta artikuluei zuzenketak aurkezteko epea zabalduko da. Mahaiak ez du tramitatzeko onartuko Ebazpen Batzordeak Estatutuaren kontrakotzat jo dituen puntuak errepikatzen dituzten edo jasotzen saiatzen diren zuzenketak.

242. artikulua.- 1.- Ebazpen Batzordearen iritziz lege-proiektu batek Autonomia Estatutuaz besteko legeetan instituzio komunen eta foru-instituzioen artean ezarrita dagoen eskumen-mugaketa aldatzea baldin badakar, Eusko Legebiltzarrak etenda edukiko du tramitazioa harik eta Jaurlaritzak arazoari buruzko bere erabakia jakinarazi arte.

2.- Ebazpen Batzordearen iritziz lege-proposamen batek Autonomia Estatutuaz besteko legeetan instituzio komunen eta foru-instituzioen artean ezarrita dagoen eskumen-mugaketa aldatzea baldin badakar, Legebiltzarreko Mahaiak Legebiltzarrari jakinaraziko dio erabakia, osoko bilkuran erabaki dezan ekimena mantendu ala ez.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Erregelamenduaren erreforma.

Erregelamendu honen erreforma lege-proposamenetarako ezarritako prozedurari jarraiki tramitatuko da, baina Jaurlaritzaren esku-hartzea izan gabe. Erregelamendua gehiengo osoz onetsi beharko da azken bozketa osoko batean.

Bigarrena.- 1.- Erregelamendu eta Gobernurako Batzordearen lantalde batek txosten bat aurkeztuko dio urtero batzordeari Erregelamendu honen aplikazioari buruz, eta, hala badagokio, beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak proposatuko dizkio.

2.- Zerbitzu juridikoek legebiltzar-aurrekarien fitxategi bat egin eta eguneratuko dute.

Hirugarrena.- 1.- Herritarren legegintza-ekimen batek eragindako gastuak ekitaldi bakoitzean zehaztuko den gehieneko kopururaino ordaintzeko, beharrezkoa izango da: a) lege-proposamena Legebiltzarrak aintzat hartua izatea eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuta egotea; b) batzorde sustatzaileak gastuak behar bezala justifikatzea Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean.

2.- Eusko Legebiltzarrak herri-ekimeneko lege-proposamen bat aintzat hartzea onesten duen eguna hartuko da kontuan kasu bakoitzari aplikatuko zaion diru-laguntzen gehieneko kopurua zehazteko.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Erregelamendu hau indarrean sartzean abian diren gaiak Erregelamendu honetan xedatutakoari egokituko zaizkio.

Bigarrena.- Erregelamendu hau indarrean sartu eta urtebetera ezarriko ditu Mahaiak 101.4 artikuluan aipatzen diren arauak. Arau horietan, Legebiltzarreko Administrazioak sinadura elektronikoa erabiltzeko nondik norakoak ezarriko dira, legebiltzarkideei, administrazio publikoei eta herritarrei dagokienez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta gelditzen da 1983ko otsailaren 11n onetsitako Eusko Legebiltzarraren Araudia, bai eta Lehendakaritzak araudi hori garatzeko emandako ebazpenak ere.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu hau Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Mahaiko Lehen idazkaria

CARMELO BARRIO BAROJA

Ontzat emana

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria

IZASKUN BILBAO BARANDICA


Azterketa dokumentala